Baztan
Nafarroa Garaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Nafarroa Garaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Baztan[4] ([bas̻tan]) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri eta haran bat da, izen bereko ibaiaren arroan dagoena, Lapurdi eta Nafarroa Beherearekiko mugan. Iruñeko merindadean dago eta hamabost herrik osatzen dute; Elizondo da herri nagusia, udalerriaren erdigunean. Urdazubi eta Zugarramurdi udalerriekin batera, Baztanaldea eskualdea osatzen du. 7.848 biztanle ditu; eta, 376,8 km² dituelarik, azaleraz Euskal Herriko udalerri handiena da. Hango euskalkia tarteko hizkera da, nafar-lapurteraren eta nafarreraren artekoa.
Baztan | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Iruñea | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Baztan | ||
Alkatea | Joseba Otondo Bikondoa (EH Bildu) | ||
Posta kodea | 31700 | ||
INE kodea | 31050 | ||
Herritarra | baztandar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 43°08′48″N 1°31′02″W | ||
Azalera | 373,55 km² | ||
Garaiera | 432 metro | ||
Distantzia | 58 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 7.831 (2023: −20) | ||
Dentsitatea | 0,21 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 26,73 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 38,19 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 79,86 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 7,09 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 7,11 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 74,90 (2018: %-2,21) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.baztan.eus/ |
Baztan izenaren jatorria eta esanahi zehatza ezezagunak dira. Etimologia mitologiko eta fantastiko baten arabera, bat han esamoldetik omen dator, haraneko biztanleen arteko elkartasunari erreferentzia eginez.[5] Baztan abizena badago, ziurrenik haran hartan jatorria duena. Bearnon ere bada Bastanès izeneko udalerria.
Udalerriak Nuevo Baztán herriari (Madrilgo Erkidegoa, Espainia) eman zion izena XVIII. mendearen hasieran, Juan Goienetxe Gaston baztandar negozio-gizonak herri berria eraiki zuenean Madrildik gertu. Haren helburua herriko lantegietan Madrilgo goi-mailako gizarte-klaseentzat produktuak ekoiztea izan zen.[6]
Ibai nagusia Baztan izenekoa da, haranetik ateratakoan Bidasoa deitzen dena. Ipar-mendebaldeko urak Orabidea errekak biltzen ditu, aurrerago Ugarana deitua eta Donibane Lohizunen itsasoratzen dena. Aritzakun eta Uritzate errekek, Urbakuran elkartuta, Errobi ibaiaren adar Baztan erreka osatzen dute.
Udalerri eta lurralde hauek ditu mugakide: mendebaldean, Donamaria, Bertizarana, Etxalar eta Sara; hegoaldean, Erroibar, Esteribar, Lantz, Anue eta Ultzama; ekialdean, Baigorri, Banka, Aldude eta Urepele; eta iparraldean, Sara, Zugarramurdi, Urdazubi, Senpere, Ainhoa, Ezpeleta, Itsasu eta Bidarrai.[7]
Baztango klima ozeaniko epela da, Cfb Köppen klima sailkapenaren arabera. Ezaugarri nagusia urte osoko prezipitazio ugariak izatea da. Batez beste 1.500 eta 2.200 mm bitartean izaten dira, nahiz eta udalerriko gunerik menditsuenetan ugariagoak diren. Euri egunak 180 inguru izaten dira. Bestalde, aldaketa termikoa nahiko txikia da eta uda garaian ez da hilabete idorrik izaten. Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 15 gradu artekoa izaten da.
Jatorrizko landaredia pagadiek osatzen zuten gune menditsuetan, hariztiak udalerriko haranetan zeuden, eta, gaztainondoak tarteko guneetan. Gizakiaren eragina dela eta, ordea, asko eraldatu da jatorrizko landaredi hori eta gaur egun 7.500 hektarea pagadi baino ez dira geratzen. Pagadiak hegoaldeko gune menditsuenetan hedatzen dira batez ere. Hariztiek, berriz, gizakiaren eragina gehien jasan zuten espezieak dira, asko bota dira eta, bai zura lortzeko bai nekazaritzarako larreak lortzeko. Birlandatutako zuhaitzek 2.100 hektarea hartzen dituzte (batez ere Otsondo-Alkurruntz eta Orabideko guneetan), Nafarroa Garaiko azalerarik handienetakoa. Intsinis pinua, haritz gorria eta japoniar laritzak erabili ziren birlandaketetarako.[8]
Datu klimatikoak (Amaiur, Baztan 1974-2009) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 22.5 | 25.0 | 28.0 | 30.0 | 34.0 | 38.0 | 40.0 | 41.0 | 38.0 | 31.5 | 26.0 | 21.0 | 41.0 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 10.7 | 11.8 | 14.3 | 15.4 | 19.4 | 22.2 | 24.2 | 24.8 | 23.0 | 19.2 | 14.0 | 11.5 | 17.6 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 6.4 | 7.3 | 9.5 | 10.6 | 14.3 | 17.2 | 19.1 | 19.5 | 17.3 | 14.3 | 9.5 | 7.3 | 12.7 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 2.0 | 2.7 | 4.6 | 5.7 | 9.1 | 12.1 | 13.9 | 14.2 | 11.6 | 9.3 | 4.9 | 3.1 | 7.8 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -16.0 | -12.0 | -5.0 | -3.0 | 0.0 | 3.0 | 5.0 | 5.0 | 1.0 | -2.0 | -8.0 | -9.0 | -16.0 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 200.0 | 178.4 | 192.2 | 204.2 | 167.2 | 98.5 | 93.0 | 100.7 | 136.3 | 176.6 | 223.0 | 218.5 | 1988.5 |
Iturria: meteo.navarra.es[9] |
Haraneko tontor nagusia Saioa (1.418 m) dugu, Belate eta Artesiaga mendateen artean dagoena; Irurita du herririk hurbilena. Saioa mendilerroan aipatzekoak dira, bertzeak bertze, Loiketa, Abartan, Elorregi, Aizkoa, Urlegi, Urdintz, Bagolegiko Kaskoa, Basaburuko Kaskoa, Ezkorlako Kaskoa eta Auzkue.
Hauza (1.306 m) Izpegiko mendatetik gertu dago, Erratzu eta Baigorri (Nafarroa Beherea) artean. Mugan dago Iparla (1.049 m) ere, bertze magalean Bidarrai (NB) duena.
Baztan | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima-diagrama | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Gorramendi mendiaren tontorrean, lehen militarren radar kokagunea izandakoan, itsasoaren mailatik 1.071 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak jarritako estazio meteorologiko bat dago.[10]
Iruritako hiltegiaren ondoan, bestalde, Espainiako Meteorologia Agentziaren (AEMET) beste estazio meteorologiko bat dago.[11]
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Ikusi edo aldatu datu gordinak.
Baztango herrien zerrenda | |||||
---|---|---|---|---|---|
Herria | Biztanleria[12] | Argazkia | Herria | Biztanleria | Argazkia |
Almandoz | 211 biztanle (2010) | Elbete | 271 biztanle (2010) | ||
Amaiur | 284 biztanle (2010) | Erratzu | 490 biztanle (2010) | ||
Aniz | 73 biztanle (2010) | Gartzain | 219 biztanle (2010) | ||
Arizkun | 610 biztanle (2010) | Irurita | 848 biztanle (2010) | ||
Arraioz | 239 biztanle (2010) | Lekaroz | 341 biztanle (2010) | ||
Azpilkueta | 176 biztanle (2010) | Oronoz-Mugairi | 457 biztanle (2010) | ||
Berroeta | 123 biztanle (2010) | Ziga | 196 biztanle (2010) | ||
Elizondo | 3.543 biztanle (2010) | Denera (Baztan): | 8.081 biztanle (2010) |
Baztandik hurbil, Urdazubiko Alkerdi eta Berroberrian, Goi Paleolitoko aztarna ugari aurkitu dira. Haranean 600 monumentu megalitiko (trikuharri, harrespil eta zutarri) baino gehiago katalogatu dira.[13][14]
Erromatarrek Novenpopulania probintzian sartu zutela uste da. XI. mendetik behintzat Iruñeko Erresumaren barnean zegoen. Elizaz, berriz, Baionako elizbarrutian egon zen, 1567an Iruñekoan sartu zuten arte.
Koroak, Antso VII.a Azkarraren erregealditik (1154-1234) bederen, zergak jasotzen zituen Amaiurko eta Ainhoako postuetan. Ez ordea laborarien petxak, Arizkunen eta Almandozen izan ezik. Hori dela eta, biztanle askok kapareen pribilegioen antzekoak zeuzkatela uste da.
XII. mendean Lapurdiko mugan Salbatore monasterioa kokatu zen, inguru hurbilean eragin handia izan zuena. Monasterioaren menpeko izan ziren Urdazubi eta Zugarramurdi herriek, auzi luzeen ondoren, bai Baztandik, bai mojengandik askatzea erdietsi zuten. Zugarramurdi 1667an bihurtu zen udalerri eta Urdazubi 1774an.
1393an Karlos III.ak elizondarren kaparetasuna onartu zuen. Haren ondoregoek, Blanka eta Joanes II.ak, zerriak mendian bazkatzeagatik petxak kobratu nahi izan zituzten. Horren aurka Haranak Kontuen Ganbarara jo eta auzia irabazi zuen. Horren ondoren Vianako Printzeak baztandarren kaparetasuna onartu zuen.
XIV. mendetik aurrera populazioa azkarki emendatu zen. Bi arrazoi izan ziren horretarako: baliabide naturalen ustiapen handiagoa eta, batez ere, kapare izateak baztandarrentzat zekarren onura.
1522an, Amaiurko gazteluan, Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek Gaztelako Erresumaren aurkako azken erresistentzia borroka egin zuten.
1665ean, Amaiur Baztandik bereizi zen eta hala segitu zuen, 1969an itzuli zen arte.
Mugatik hurbil egonik, Espainiaren eta Frantziaren arteko gerren ondorioak pairatu zituen, latzenak Hogeita Hamar Urteko Gerrakoak eta Frantziako Iraultzako Gerretakoak.
Lehen Gerra Karlistan Elizondoko Arizkunenea jauregia Karlos Maria Isidroren egoitza izan zen (1834). 1835ean, Ziga eta Elizondoko gatazken ostean, Espoz Mina jeneralak Lekaroz herriari su eman eta herritar andana fusilatu zuen. Hiru etxe eta eliza baino ez ziren erre gabe geratu. Bigarren Gerra Karlistan Arsenio Martínez-Campos buru zuten liberalak Arxuriko guduan nagusitu ziren eta gerrari amaiera eman.[15]
1913an eskualdean inoiz izandako hondamendi larriena izan zen, Autza mendian izandako bat-bateko euri-jasa izugarri batek eragindako oldeak Elizondo eta Erratzu herriak suntsitu eta bi emakume eraman zituelako. Uholdeak 18 zubi hondatu zituen Bidasoa ibaiaren ibilbidean. Egun, ura heldu zen maila erakusten duen plaka dago Elizondoko Jaime Urrutia kalean.[16]
Francoren heriotzak (1975) ez zuen ageriko aldaketarik ekarri haranera, ordu arteko diktaduraren aldean. 1978an, udalak eratu ziren, eta ordutik hurrengo bi hamarkadetan erregimenari lotutako agintariek babesa jasotzen jarraitu zuten, eta udal gobernu organoetan agintzen. 1983an, orduko udal agintarien eta zenbait herritarren oposizio gogor batez, ikastola sortu ahal izan zen.[17][oh 1]
Nekazaritzak (zuhainak, fruta-arbolak) ez du garrantzi handirik; abeltzaintza (behiak eta ardiak), zerbitzu sektorea (administrazioa, irakaskuntza, osasuna, merkataritza, ostalaritza) eta industria (zurgintza, elektrizitatea, harrobi eta marmol-hobiak, elikagaiak) eta eraikuntza dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak.
Nekazaritzari lotutako udalerria izanik, Baztanek egonkor mantendu zuen populazioa XX. mendearen lehen erdialdean. Bigarren erdialdean, berriz, biztanle kopurua beheraka hasi zen eta mende amaierarako populazioaren % 20 galdua zuen.
XXI. mendearen hasieran, komunikazioak hobetzearekin batera, populazioa igotzen hasi zen.
Baztango biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 455 etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 5,80 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
2007ko udal hauteskundeetan, Baztango alkatea Nafarroa Bai koalizioko Virginia Aleman Arraztio atera zen. Baztango udaleko hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen eta, hortaz, gehiengo osoa udalean. Ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen. Baliogabeko botoak 780 izan ziren (emandako guztien % 16,80) eta 147 boto zuri izan ziren (botoen % 3,81). Abstentzioa % 37,02koa izan zen.
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan, UPN eta Bilduk bosna zinegotzi atera zituzten. Lehena zerrendarik bozkatuena izan bazen ere, Baztango Ezkerrak (I-Etik hurbil,[18] 2 zinegotzi) Bilduko Garbiñe Elizegiri eman zioten botoa eta hark eskuratu zuen alkatetza.[19] NaBai 2011k abstentziora jo zuen. PSNk ez zuen hautetsirik lortu.
2015eko udal hauteskundeetan, Euskal Herria Bilduk (Bilduren ondorengoak) zinegotzi bat galdu zuen eta bostekin geratu zen, baina lehena izan zen botoen kopuruan; UPN alderdiak, berriz, zinegotzi bat galduta, bosti eutsi zien; Nafarroa Bai koalizioaren ondorengoa Geroa Baik zinegotzi bat gehiago eskuratu zuen; Baztango Ezkerrak biak mantendu zituen; eta Baztan Auzolanean herri plataformak bat lortu zuen. Euskal Herria Bilduren hautagai Joseba Otondo hautatu zuten alkate, haren zinegotzien eta Baztango Ezkerraren bi zinegotzien botoei esker.
Baztango udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu | 4 / 13 |
5 / 13 |
|||
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | 4 / 13 |
5 / 13 |
|||
Geroa Bai (2015) / Nafarroa Bai (NaBai) (2011) | 2 / 13 |
1 / 13 |
|||
Baztango Ezkerra | 2 / 13 |
2 / 13 |
|||
Baztan Auzolanean | 1 / 13 |
||||
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean |
1979-1983 | Timoteo Plaza Mendiburu | EAJ |
1983-1987 | Julio Iturralde Agorreta | Unión Baztanesa |
1987-1991 | Francisco Javier Elizalde Apeztegia | Unión Baztanesa |
1991-2003 | Patxi Oiarzabal Irigoien | EA |
2003-2007 | Virginia Aleman Arraztio | EA |
2007-2011 | Virginia Aleman Arraztio | Nafarroa Bai |
2011-2015 | Garbiñe Elizegi Narbarte | Bildu |
2015-2020 | Joseba Otondo Bikondoa | Euskal Herria Bildu |
2020- | Joseba Otondo Bikondoa | Euskal Herria Bildu |
Gaur egun udaletxea ezartzen den gunea Urdazubiko monasterioaren jabetza izan zen XVII. mendearen amaierara arte. Eraikinak estilo barroko-klasikoa du eta inguruko harri gorri ilunezko fatxada. 1986 eta 1987. urteen artean erabat zaharberritu zen, bai barrutik bai kanpotik, eta bertan 63 milioi pezeta inbertitu ziren. Udala alkateak eta hamalau zinegotzik osatzen dute.
Baztan osatzen duten 15 herriek zinpeko-alkate bana dute. Zinpeko alkateak eguberri aurreko igandean hautatzen dira bi urteko agintaldirako.
Baztango administrazio-erakunde gorena da. Haren eginkizun nagusia herri-lurrak (azaleraren % 84) zaindu eta gobernatzea da. Batzar Nagusia honako hauek osatzen dute: Udaleko alkateak, hamabi zinegotziek, hamabost herrietako alkateek eta lau junteroek (Baztango Unibertsitateko kuartel bakoitzetik bat). Kuartelak hauek dira: Baztangoiza (Amaiur, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu), Elizondo (Elbete, Elizondo, Lekaroz), Erberea (Arraioz, Gartzain, Irurita, Oronoz-Mugairi) eta Basaburua (Almandoz, Aniz, Berroeta, Ziga). Urtean lau ohiko bilkura egiten ditu.
Erdi Arotik Baztango gobernuaren oinarria izan dira. Bertan arautzen dira, besteak beste, herri-lurren erabilera, batzarrak, herrietako alkateen izendapena eta eskumenak, auzolanak eta Batzar Nagusiaren antolakuntza.
Auzokoen bilera da, haraneko 15 herrietako bakoitzean egiten dena. Bertan aztertzen dira herrian zein Baztan osoan interes publikoa duten gaiak.
La Burundesa autobus konpainiaren Donostia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia du Baztango Almandoz herrian. Maiztasunak aldakorrak dira, baina gutxinez bi zerbitzu izaten dira norabi bakoitzean egunero. Lineak honako ibilbidea egiten du:
La Baztanesa autobus konpainiak Erratzu-Iruñea, Erratzu-Donostia eta Iruñea-Hondarribia-Donostia lineak betetzen ditu.
Baztango bertako hizkuntza euskara da (eskuara, hango hizkeran). Koldo Zuazo, Koldo Mitxelena, Salaburu eta bertze hainbat euskalarik adierazi dutenez, nafar-lapurteraren eta nafarreraren arteko mintzaira bat egiten da Baztango herri guztietan, Oronoz-Mugairin izan ezik, han nafarrera hutsean egiten baitute. Euskararen Nafar Institutuak baztanera izendatzen du hango euskalkia.[23] Baztango hizkera Mariano Izetak eta, berrikiago, Pello Salaburuk aztertu dute.[24][25] 2008an, biztanleen % 77,22 ziren euskaldunak.
Dolores Redondo (1969-) donostiar idazlearen Baztan Trilogia (Zaindari ikusezina, Hezurren ondarea eta Ekaitzari eskaintza) Baztanen girotuak daude.
Urtarrilan, bestetik, 2015etatik, (H)ilbeltza edo Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen da.
Udalerri eta haran hartan film hauek filmatu edo girotu dira:
Laxoa pilota jokoaren aldaera bat da, gaur egun jokatzen direnen artean aldaerarik zaharrena. XX. mendean erabat galdu zen, baina, gaur egun, Baztanen eta Malerrekan jokatzen da, 1960ko hamarkadan egindako berreskuratze ahaleginari esker; berreskuratze horretan, erabakigarria izan zen Jesus Jaimerena iruritar apaizaren lana.[26][27] Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua laxoa kultura ondasun izendatzea aztertzen ari da.[28]
Pirinioetako hegoaldeko isurialdea aldenik zeharkatzen duen GR 11 ibilbidea udalerri horretatik igarotzen da.
Jorge Oteiza - Baztango Museo Etnografikoa Elizondoko herrigunean kokatuta dago, Puriosenea izeneko hiru solairuko etxetzar batean. Landa edo baserri mundua eta XIX. mendeko folklorea, jantziak eta musika erakusten ditu.
Bailaran sorturiko musika proiektu azken artean, azken urteotan, Kaskezur taldea eta Pottoka eta Olaia Inziarte abeslariak daude.
Mutil-dantza, irri-dantzak edo jostaketakoak eta sagar-dantza hango adierazgarrienak dira.
1963tik urtero eta Done Jakue Egunaren, uztailaren 25a, aurreko edo ondorengo iganean Baztandarren Biltzarra ospatzen da, Baztango 15 herrien anaikidetza jaialdia. Hamabost herriek beren karrozak eramaten dituzte Elizondoko karriketan, jantzi tradizionalak eta abar erakutsiz. Bazkaldu baino lehen, plazan mutil-dantza jendetsua egiten dute.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.