From Wikipedia, the free encyclopedia
Gizona[1] gizaki arra da. Oro har, gizon hitza gizaki ar heldua izendatzeko erabiltzen da, nahiz eta heldugabeez aritzeko mutil erabili ohi den.
Gizaki hitza bera gizon hitzarekin erlazionatuta dago. Gizontasun terminoa gizonak dituen zenbait ezaugarri eta nolakotasun adierazteko erabiltzen da batzuetan, esaterako indarra edo kemena. Gizonari dagokiona adierazteko, azkenik, maskulino izenondoa erabiltzen da.
Ugaztun gehienak bezala, gizon batek, bere genoman, amaren X kromosoma eta aitaren Y kromosoma jasotzen ditu. Umeki arraren sexu-bereizketa SRY geneak egiten du, Y kromosoman dagoena. Nerabezaroan, hormonek androgenoen produkzioa bultzatzen dute, eta horrek ezaugarri sexual sekundarioen garapena dakartza. Horrek, sexuen arteko ezberdintasun gehiago sortzen ditu. Oro har, gizonezkoek masa muskular handiagoa dute; ilea izan ohi dute aurpegian, eta, gorputzean, gantz gutxiago.
Arren anatomia, izan ere, emeen anatomiatik bereizten da ugalketa aparatuaren anatomiarengatik. Zakila, barrabilak, hodi deferenteak, prostata eta epididimioa dira arrek dituzten guruinak.
Gizakiaren historian zehar, genero-rol tradizionalek sarritan definitu eta mugatu dituzte gizonen jarduerak eta aukerak. Gizonak, sarritan, soldadutzarako behartuta daude, edo heriotza-tasa handiak dituzten lanbideetara bideratzen dira. Erlijio-doktrina askok arau batzuk zehazten dituzte gizonentzat, hala nola erdainkuntza erlijiosoa.
Gizon hitzaren etimologiari dagokionez, ikus Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200)[2].
Giza ar baten kariograma Giemsa tindaketa erabiliz. Giza arrek, normalean, sexuaren determinazio eta bereizketa (giza) XY konbinazioa izaten dute.
Gizakietan, espermatozoideek X edo Y sexu kromosoma bat daramate. Y kromosoma daraman espermatozoide batek emearen obulua ernaltzen badu, ondorengoek kariotipo maskulinoa (XY) izango dute. SRY genea, normalean, Y kromosoman aurkitzen da, eta barrabilen garapena eragiten du, eta, aldi berean, gizonezkoen sexu-bereizketaren beste alderdi batzuk gobernatzen ditu. Gizonezkoen sexu-bereizkuntza barrabilen mendekoa da; emakumezkoen bereizketa, ordea, ez da gonaden mendekoa[4].
Lehen mailako sexu-ezaugarriak (edo sexu-organoak) jaiotzean dauden eta ugalketa-prozesuan parte hartzen duten ezaugarriak dira. Gizonen sexu-ezaugarri nagusiak zakila eta barrabilak dira.
Gizakiak dimorfismo sexuala dauka hainbat ezaugarritan, eta nahiz eta horietako askok ez eduki lotura zuzenik ugaltzeko gaitasunarekin, badaukate zerikusirik erakarpen sexualarekin. Desberdintasun nagusiak altueran, pisuan, eta gorputzaren egituran daude, nahiz eta beti ez den eredua betetzen. Esaterako, gizonak oro har emakumeak baino altuagoak dira, baina bi sexuetako jende askok altuera ertaina daukate[5].
Gizakiengan, bigarren mailako sexu-ezaugarriak, izan ere, pubertaroan agertzen diren ezaugarriak dira[6][7]. Ezaugarri horiek bereziki nabarmenak dira sexuak bereizten dituzten ezaugarri sexu dimorfiko karaktereetan, baina, sexu-ezaugarri nagusietan ez bezala, ez dira zuzenean ugaltze-sistemaren parte[8][9][10]. Gizonei dagozkien sexu-ezaugarri sekundarioak honako hauek dira:
Gizonek emakumeek baino pisu handiagoa dute[12].Gizonak, batez beste, emakumeak baino altuagoak dira, % 10 inguru[12]. Gizonek, batez beste, emakumeek baino gerri handiagoa dute, aldakarekin alderatuta. Emakumezkoetan, hatz erakusleak eta eraztunak tamainaz antzekok izan ohi dira, edo hatz erakuslea eraztun-hatza baino apur bat luzeagoa da, eta gizonezkoen eraztun-hatza luzeagoa izan ohi da[13].
Gizonezkoen ugaltze-aparatuak kanpoko eta barneko genitalak ditu. Gizonezkoen kanpoko genitalak dira: zakila, gizonezkoen uretra eta barrabil-zorroa; gizonezkoen barruko genitalak, berriz, barrabilak, prostata, epididimoa, Semen-besikula, hodi deferenteak, hodi-isurlea eta guruin bulbouretrala[14].
Ugaltze-sistema maskulinoaren funtzioa ernal-hazia ekoiztea da, espermatozoideak daramana eta, beraz, emakume baten barruan obulu batekin lot daitekeen informazio genetikoa. Emakume baten umetokian sartzen den espermatozoidea eta gero Falopioren tronpetara, obulu bat ernaltzen du, eta obulu hori Umeki bihurtzen da; ugaltze-aparatu maskulinoak ez du inolako funtziorik betetzen haurdunaldian. Gizonezkoen ugalketaren eta hari lotutako organoen azterketari, andrologia deritzo[15].
Testosteronak Wolffen-en hodien garapena, zakila eta, eskrotoan, eskroto-izurrak ixtea sustatzen du. Sexu-bereizketan garrantzitsua den beste hormona bat Müllerren hodien aurkako hormona da, Müllerren hodiaren garapena inhibitzen duena. Gizonengan, pubertaroan, testosteronak, hipofisiak askatutako gonadotropinekin batera, espermatogenesia estimulatzen du[16].
Munduan, osasunari buruzko genero ezberdintasun gehienak emakumeei eragiten dien arren, batzuetan, egoerak gizonezkoen aurka jokatzen du. Horietako bat gatazka armatuak dira, non gizonak izaten diren berehalako biktimak. 1955etik 2002ra arteko 13 herrialdetako gatazka-ikerketa batek aurkitu zuenez, gerrak eragindako heriotza bortitz guztien % 81 gizonak ziren[17]. Gatazka armatuez gain, indarkeria-eragin handia duten eremuek, hala nola droga-kartelek kontrolatutako eskualdeak, gizonak dira heriotza-tasa handienak pairatzen dituztenak[18]. Hori dator maskulinotasun-idealak jokabide oldarkor eta norgehiagokakoekin lotzen dituzten gizarte-sinesmenetatik[19]. Azkenik, ikusi izan da ingurune ekonomikoetako bat-bateko aldaketa bortitzak eta gizarte-segurantzako sareak galtzea, batez ere gizarte-laguntzak eta janari-kupoiak, gizonen artean alkohol-kontsumoaren eta estres psikologikoaren maila handiagoekin ere zerikusia dutela, eta, horren ondorioz, gizonezkoen heriotza-tasa handitu egin da. Izan ere, egoera horiek, askotan, zaildu egiten dute gizonek familia mantentzea, eta zeregin hori «maskulinotasunaren esentziatzat» hartu izan da denbora askoan[20]. Hotzeria arruntarekin kutsatutako pertsonen atzera begirako azterketa batek aurkitu zuen medikuek gutxietsi egiten dituztela gizonen sintomak, eta prestuago daudela sintomak eta gaixotasuna emakumeei egozteko gizonei baino[21]. Emakumeak gizonak baino gehiago bizi dira herrialde guztietan eta adin-talde guztietan, horien erregistro fidagarriak baitaude[22]. Estatu Batuetan, gizonezkoak emakumeak baino osasuntsuagoak dira gizarte-klase guztietan. Zuriak ez diren gizonak bereziki eriak dira. Gizon sobera dago lan arriskutsuetan, eta lan-heriotza gehien pairatzen dutenak dira. Gainera, medikuek zerbitzu gutxiago ematen dizkiete gizonei; aholku gutxiago ematen dituzte, eta gizonekin emakumeekin baino denbora gutxiago pasatzen dute kontsultan[23].
Sexualitatea eta erakarpen maskulinoa aldatu egiten dira gizabanakoen artean, eta gizonen sexu-portaerari faktore askok eragin diezaiokete, hala nola eboluzio-iragarpenak, pertsonalitateak, hazkuntzak eta kulturak. Gizon gehienak heterosexualak dira, baina badira gutxiengo esanguratsuak homosexualak edo bisexualak direnak[24].
Kultura gehienek genero bitarra erabiltzen dute, non gizona bi generoetako bat den eta bestea emakumea[25][26][27].
Gizon gehienak zisgenero dira, eta haien genero-identitatea bat dator jaiotzean gizonei ematen zaien sexu-banaketarekin. Gizon trans horiek, jaiotzean, beren sexu-esleipen femeninoarekin bat ez datorren genero-identitate maskulinoa dute, eta, horren ondorioz, gizonezkoen hormona-ordezteko terapia eta/edo birresleitze sexualeko kirurgia erabil dezakete[28]. Gizon intersexualek ohiko biologia maskulinoarekin bat ez datozen ezaugarri sexualak izan ditzakete. 2016ko berrikuspen sistemiko baten arabera, % 0,256 da emakumetik gizonerako transgenero gisa identifikatuta dauden pertsonak[29]. 2017an, Minnesotako 80.929 ikasleren artean egindako inkesta baten arabera, gutxi gorabehera, bi aldiz gehiago dira beren burua transgenerotzat jotzen duten emakume nerabeak gizonezko nerabeekin alderatuta[30].
Maskulinotasuna (batzuetan, gizontasuna ere esaten zaio) haurrekin eta gizonekin lotutako nortasunaren ezaugarri multzoa da. Maskulinotasuna sozialki eraikitzen bada ere[31], ikerketa batzuek adierazten dute gizonezkotzat jotzen diren portaera batzuek biologikoki eraginda daudela[32] Maskulinotasuna biologikoki edo sozialki zenbateraino duen eragina eztabaidagai da. Sexu biologiko maskulinoaren definizioaren desberdina da, gizonek zein emakumeek ezaugarri maskulinoak izan baititzakete[33]. Gizonek, oro har, aurre egin behar izaten diote estigma sozialari emakumeen rola hartzeagatik, emakumezkoak baino gehiago[34]. Homofobia gisa ere ager daiteke hori[35].
Gizontasun- edo maskulinotasun-estandarrak aldatu egiten dira kultura eta garai historiko batetik bestera[36]. Kultura desberdinetan, kanpoko maskulinotasun-zeinuak desberdinak badira ere, kultura horien definizioan, badira zenbait alderdi berdinak direnak. Iraganeko kultura guztietan, baita kultura tradizionalen eta mendebaldekoak ez diren kulturen artean ere, ezkontzea da haurtzaroaren eta maskulinotasunaren arteko bereizketarik arruntena eta behin betikoena[37]. XX. mendearen amaieran, tradizioz ezkontzarekin lotuta zeuden zenbait ezaugarri, maskulinotasuna lortu izanaren zantzutzat hartzen ziren[37][38].
Harreman platonikoak ez dira oso desberdinak gizonen eta emakumeen artean, baina badute alde batzuk. Gizonek parte hartzen duten adiskidetzak jarduera partekatuetan oinarritu ohi dira autodibulgazioan eta konexio pertsonalean baino gehiago. Gizonen adiskidetasun pertzepzioak aldatu egiten dira kulturen eta denbora-aldien artean[39]. Harreman heterosexual erromantikoetan espero ohi da gizonek hartzea rol proaktiboa, harremanak hastea, datak planifikatzea eta ezkontza proposatzea[40].
Antropologiak frogatu du maskulinotasunak berezko gizarte-estatusa duela, baita aberastasunak, arrazak eta gizarte-klaseak ere. Mendebaldeko kulturan, adibidez, maskulinotasun handiagoak estatus sozial handiagoa darama[41]. Kultura gehienetan, gizonezkoen pribilegioak emakumeei baino eskubide eta pribilegio gehiago ematen dizkie gizonei. Gizonei pribilegio juridiko bereziak ematen ez zaizkien gizarteetan, hala ere, botere-postu gehiago hartzen dituzte, eta uste da gizonak onartuago direla gizartean[41]. Hori genero-tentsioaren rolarekin lotzen da, non gizonek presio sozial handiago baten aurrean aurkitzen diren genero-roletara egokitzeko[42].
Idatzizko gizon baten izen ezagunena Kushim izan daiteke, itxuraz K.a. 3400 eta 3000 urteen artean bizi izan zena Uruk hiri sumerrean; nahiz eta izena errege izena izan zitekeen berea baino gehiago[43]. Baieztatutako lehen izenak dira Gal-Sal eta En-pap X eta Sukkalgir bere esklaboenak dira, K.a. 3100. urtean[44].
Gizarte gehienetan, gizonek emakumeek baino eskubide legal eta kultural gehiago dituzte[41], eta, gizartean, misoginia askoz ere ohikoagoa da misandria baino[45][46]. Erdainkuntzaren aurkakoek giza eskubideen urraketa gisa deskribatzen dute[47]. Aiten eskubideen aldeko mugimenduak banandutako aiten alde jokatzen du haien seme-alabak zaintzeko eskubide berberak jaso dezaten[48]. Gizonezkoen mugimendua da gizonek Mendebaldeko herrialdeetan dituzten arazoen erantzuna, eta barne hartzen ditu feministen aldeko taldeak, hala nola gizonen askapen mugimendua, edo talde antifeministak, hala nola manosfera.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.