From Wikipedia, the free encyclopedia
Hizkuntza bat da giza komunitate baten berezko komunikazio sistema bat (hitzezkoa edo zeinu bidezkoa). Ez da berdina hizkuntza eta mintzaira, azken hori kontzeptu askoz orokorragoa baita, hizkuntzak eta beste adierazpen eta komunikazio bide batzuk barne hartzen dituena.[1]
Hizkuntza oro saiatzen da mundua irudikatzen hitzen bidez, esaldietan konbinatuz. Konbinazio arauak, hitz berrien eraketa eta esanahiarena dira hizkuntzalaritzaren aztergai. Hizkuntza naturalek anbiguotasunak izaten dituzte maiz, artifizialek edo hizkuntza formalek ez bezala, hiztun talde baten mundu ikuskera bat islatzen baitute
Guztira, sei bat mila hizkuntza daude, baina kalkulatzen da erdiak, gutxi gorabehera, desagertu egingo direla XXI. mendean, ama hizkuntzaren belaunaldien arteko transmisio ezagatik eta beste hizkuntza batzuen presio sozial, ekonomiko edo politikoagatik.[2] Hizkuntza guztiak ahozko hizkuntzak dira; batzuk, hizketaz gain, idatziak izan daitezke.
Eboluzioaren teoriarekin gizakien eta beste espezie batzuen arbaso komunei buruzko eztabaida hasi baino lehen ere, ohikoa izan zen historian zehar hizkuntzaren erabilera zalantzan jartzen duen espekulazio filosofiko eta zientifikoa. Mendebaldeko filosofia modernoan, Thomas Hobbesen eta, geroago, Jean-Jacques Rousseauren espekulazioek agerian utzi zuten Frantses Akademiak gaia lantzeko zuen gaitasuna.
Hizkuntzaren jatorria interes handikoa da filosofoentzat, hizkuntza baita giza bizitzaren funtsezko ezaugarria. Antzinako greziar filosofian, gauzen izatasunaren ezaugarri bat balitz bezala aztertu zuten hizkuntza. Aristotelesek, adibidez, gizakiak beren berezko izaeratik abiatuta arrazoitzeko eta hitz egiteko gaitasuna zuten izaki gisa tratatzen zituen, hau da, «izaki politiko» izateko joera naturalari dagokiona, hiri estatuko biztanle gisa.[3]
Hobbesek, eta haren jarraitzaile John Lockek eta bestek, uste zuen hizkuntza gizakiek beren baitan duten «diskurtsoaren» luzapen bat dela; ideia klasiko batean oinarritzen zen: arrazoia giza naturaren ezaugarri nagusietako bat da. Beste batzuek kontrakoa argudiatu zuten: arrazoia komunikazio mota konplexuagoen beharretik abiatuta garatu zen. Rousseauk ere iritzi bera ukan zuen, Charles Robert Darwinen eboluzioaren teoria argitaratu baino lehen idatzi arren.[4]
Darwinek eboluzioaren teoriak zabaldu zituenetik, gaia maizago jorratu izan dute zientzialariek filosofoek baino. Neurologo batzuek argudiatu izan dute arrazoia eta hizkuntza batera eboluzionatu direla, modu paraleloan.[5] Beste batzuek, aldiz, geroko garapen bat bezala ikusten dute hizkuntza, kultura mimetikoari dagokion horretan oinarrituta, eta azpimarratzen dute eboluzio paralelo hori gizaki askoren elkarrekintzaren mende zegoela.[6]
Ez dago hizkuntza bat (eta aldaera edo dialekto bat) zer den eta zer ez den erabakitzeko unibertsalki onartutako definiziorik. Horregatik da maiz gatazkatsua eta polemikoa hizkuntzen taxonomia. Taxonomia zalantzatsuen adibide izan daitezke hizkuntza desberdintzat hartzea daniera eta norvegiera, galiziera eta portugesa, edo katalana eta valentziera.[7]
Euskarari dagokionez, hizkuntzalarien artean onartuta dago euskalkiak hizkuntza bakar baten dialektoak direla.[8]
Oro har, 6.000 hizkuntza inguru daudela onartzen da hizkuntzalarien artean, nahiz eta gaur egun hitz egiten diren hizkuntzen kopurua zehaztea zaila den zenbait faktoreren ondorioz:[9]
Hizkuntza gehienak familia linguistiko bati atxikitzen zaizkio. Zerrenda horretan sartzen dira akademikoen artean gehien onartzen diren taldeak.
Hizkuntza familia ez osatu arren, helburu praktikoetarako multzokatzen diren hizkuntzen taldeak:
Hizkuntza batzuk gizakiak helburu askorentzat sortuta daude; «hizkuntza eraiki» deritze horiei.
Hizkuntzalaritzari erreparatuz gero, eta ez hizkuntzaren jatorriari, hau da, begiratzen bazaio haren egiturari, munduko hizkuntzak sailka daitezke jatorri familien irizpideaz beste. Adibidez, munduko hizkuntzak bi multzo handitan bana daitezke perpaus bakunen elementuen ohiko ordenaren arabera: alde batetik, SVO (ingelesez: Subject Verb Object, subjektua aditza objektua); bestetik, OVS (objektua, aditza subjektua). Era berean, kontuan har daiteke lerrokatze morfosintaktikoa, aditzen osagarriak diren segundoak. Euskarari dagokionez. oro har, esan daiteke SOV hurrenkerako hizkuntza dela.[10]
Morfologiaren ikuspuntutik begiratuta, hitzak nola eratzen diren erreparatuz gero, beste bi multzotan banatzen ahal dira hizkuntzak; alde batetik, hizkuntza analitikoak (morfemak bata bestearen atzetik gehitzen dira, eta pisu handiagoa du sintaxiak) edo hizkuntza sintetikoak (horien artean, flexio hizkuntzak, euskara bezala).[11]
Fonetika hartzen bada kontuan, orduan hizkuntzak multzo ugaritan bana daitezke, besteak beste, hizkuntza tonalak edo txistu hizkuntzak.
Ahozko hizketa dago, noski, hizkuntza guztien jatorrian, testu idatziak baino lehenago; izan ere, idazketa errealitate sozial baten irudikapen grafiko mota bat den heinean. Hiztun guztiek dute ahozko hizketaren gaitasuna, baina ez nahitaez idazketa menderatzeko gaitasuna. Beste era batera esanda, badira hitz egiten diren eta idazten ez diren hizkuntzak, baina idatzizko hizkuntza oro hitz egiten da.[12] Soziologikoki, analfabetismo handia dago munduko biztanlerian, eta idazketa ia erabiltzen ez dutenen proportzioa handia. UNESCOk 2024an zabaldutako datuen arabera, munduan 763 milioi heldu analfabeto daudela kalkulatzen da; horietatik bi heren inguru emakumeak dira.[13]
Ahozko hizketaren nagusitasuna begien bistakoa bada ere, bada «bizitzaren irudi grafozentriko» bat:[14] irakurtzen eta idazten jakitea goi mailako «kultura» gisa interpretatzen da; idazten jakitea, historikoki, hiztunen erudizioaren isla izan da.
Era berean, nahiz eta idazketa ahozko hizketaren errepresentazio bat izan, sistema desberdinak dira. Douglas Biber hizkuntzalariaren hitzetan, «hizketa eta idazketa ia edozein komunikazio beharretarako erabil daitezkeen arren, berez, ez ditugu modu trukagarrian erabiltzen».[15]
Idazketara jo ohi da aldentze fisikoa edo denborazkoa dagoenean solaskideen artean, informazioa jasota edo gordeta geratu behar denean, jarraibide edo informazio konplexuak eman behar direnean, eta abar. Idazketari dagokionez, ideia zabaldu bat dago, zeinaren arabera egitate zehatzak ez baitira ondo gogoan hartzen ahoz bakarrik aurkezten badira, bereziki, egitate horiek epe luze baten ondoren gogoratu behar badira.[16] Beste batzuetan, izaera juridikoak edo ofizialak hala eskatzen du, idatzita jasotzea, alegia. Tresna teknologikoek erabateko eragin bat izan dute hiztunen arteko harremanetan, bereziki idazketaren hazkuntza eragin baitu.[17]
Hizketaren ezaugarriak
|
Idazketaren ezaugarriak
|
Neurolinguistikak ikuspuntu biologiko eta psikikotik aztertzen du hizkuntzaren eta burmuinaren arteko erlazioa; hizkuntzaren filosofia, berriz, adimenaren eta hizkuntzaren arteko harremanaz arduratzen da, kontzeptu gisa edo pentsamendurako bitartekaritza gisa. Burmuinaren ezker hemisferioak hizkuntzaz arduratzen diren areak kontzentratzen ditu, nahiz eta zenbait funtzio lekuz aldatuak egon daitezkeen ezkertien kasuan.
Brocaren area ulermenaz arduratzen da, baina, batez ere, hizkuntza bakoitzaren arauen arabera esaldiak eratzen ditu; esan liteke, beraz, soinuak eta letrak hitz bihurtzeko eta gramatikaren arauak erabiltzeko gai den eremua dela. Era berean, hitzezkoa ez den komunikazioaren zentzua indartu edo ñabartu dezaketen keinuei zentzua emateaz arduratzen da.[18]
Beste eremu garrantzitsu bat Wernickeren area da, entzumen sistemarekin loturik dagoena, deskodetu ahal izateko hotsak, esaldien intonazioa eta diskurtsoaren esanahia ezartzen laguntzen duten ereduak. Ikasitako hitzak oroimenean finkatzeko ere parte hartzen du, hitz bakoitzaren adierazia eta adierazlea elkar loturik egon daitezen.[19]
Giza oroimenak hizkuntza bakoitzaren unitateak biltzen ditu, hau da, hizkuntza artikulatu edo zehazteko nahitaezko diren zeinuak. Eleaniztasun egoeretan, hizkuntzen sarrerak batu egin daitezke, kontzeptu berari zenbait forma egokitzeko, hizkuntza bakoitzean bat. Forma horien hurbiltasuna, eta ez sarrera lexiko desberdinen kodeketa adierazia bakarra denean, esperimentutan frogatu izan da, lapsus linguae edo hizketa akatsak landuta.[20]
Eleaniztasunak gaitasun orokorrari eragiten dio, izan ere, burmuina moldatzen du, hizkuntzarekin zerikusia duten eragin berrietara iragazkorrago bihurtuz: hizkuntza gehiago jakinda, beste batzuk azkarrago ikasten dira, ez soilik hizkuntzen arteko konparazioengatik, baita burmuinaren plastikotasun horrengatik ere.[21]
Ikuspegi psikologikotik, funtzionamendu intelektuala egituratzeko eta garatzeko tresna potentziala da hizkuntza. Hizkuntzaren psikologiak kontzeptu linguistikoen irudikapen mentala aztertzen du, bai eta hizkuntza erabiltzeko beharrezkoak diren mekanismo kognitiboak ere, galdera sortetatik edo kontrolatutako hizkuntza estimuluetatik abiatuta.
Esate baterako, aztertzen ditu lexikoaren eta perpausak eratzeko arauen egitura mentala, hizkuntzaren ikaskuntza, hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanak, edo hizkuntzei buruzko ikusmolde sozial eta indibidualak.[22]
Zer ote da hizkuntza, pentsamenduaren mendeko gisa sortzen da ala, alderantziz, haren sortzaile da? Hizkuntzaren eta adimenaren arteko binomio hori da, hain zuzen, hizkuntzaren filosofiaren aztergai nagusietako bat. Horrez gain, zer lotura du hizkuntza eskuratze horrek gizakiaren gainerako funtzio kognitiboekin eta burmuinak duen zereginarekin?
Ahozko hizkuntzari buruzko galdera irekiak edo ebatzi gabeko arazoak daude, eta horiek dira hizkuntzaren filosofiaren ikerketa eta eztabaida eremu nagusiak. Galderen artean daude hizkuntzaren jatorriari buruzkoak, jakiteko ea hizkuntza bakar bat sortu ote zen eta hortik gainerako guztiak edo, aitzitik, poligenesi bat izan ote zen, hau da, hizkuntzak aldi berean hainbat lekutan agertu ote ziren, espeziearen ezaugarri ebolutibo gisa. Gai horri dagokionez, galdera sortzen da zein den lehen hizkuntza edo hizkuntzak eta nola sailkatzen diren hizkuntza jakin batzuk (hizkuntza bakartuak). Era berean, oraindik deszifratu gabeko antzinako idazketa sistema batzuk ere konpondu gabeko arazo gisa jarraitzen dute.[23][24]
Beste eztabaida gune bat da hizkuntzaren unibertsaltasuna, kode bakartzat hartuta, egitura edo kontzeptu generikorik ez dagoela, hau da, egitura eta kontzeptuak hizkuntza bakoitzaren arauen mende daudela uste dutenen aurka. Beraz, esparru honetan planteatzen diren galderak dira ea unibertsal gramatikalik (kategoriak edo kontzeptuak) eta lexikorik ote dagoen, hala nola hitzaren definizio bakarra ote dagoen edo hitz jakin batzuk hizkuntza guztietan ote dauden.[25]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.