From Wikipedia, the free encyclopedia
Thomas Hobbes (Westport, Malmesburytik hurbil, 1588ko apirilaren 5a — Derbyshire, 1679ko abenduaren 4a) filosofo ingelesa, filosofia modernoaren sortzaileetako bat izan zen.[1][2] Bere lanik ezagunena Leviathan (1650) da: bertan teoria kontratualistaren oinarriak ezarri zituen; oinarri horiek izugarrizko garrantzia izan zuten mendebaldeko filosofia politikoaren garapenean.[3] Filosofia ez ezik, etika, historia, teologia, geometria eta fisika jorratu zituen, besteak beste.
Thomas Hobbes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Westport (en) , 1588ko apirilaren 5a |
Herrialdea | Ingalaterrako Erresuma |
Heriotza | Hardwick Hall (en) eta Derbyshire, 1679ko abenduaren 4a (91 urte) |
Hobiratze lekua | Church of St John the Baptist, Ault Hucknall (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Magdalen College 1608) Artean graduatu Oxfordeko Unibertsitatea (1603 - 1608) : logika, fisika |
Hizkuntzak | latina ingelesa |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | politologoa, matematikaria, filosofoa, ekonomialaria, politikaria, historialaria, itzultzailea, idazlea, in-home tutor (en) eta philosopher of law (en) |
Enplegatzailea(k) | William Cavendish, 1st Duke of Newcastle (en) (1608 - 1628) Sir Gervase Clifton, 1st Baronet (en) (1628 - 1631) William Cavendish, 3rd Earl of Devonshire (en) (1631 - 1642) William Cavendish, 3rd Earl of Devonshire (en) (1653 - 1679) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Platon, Aristoteles, Hugo Grotius eta Francis Bacon |
Mugimendua | enpirismoa determinismoa legal positivism (en) |
Absolutismo politikoaren autore garrantzitsuenetakotzat jotzen da, eta bere pentsamendua liberalismoaren funtsezko zenbait kontzeptuk osatzen dute, hala nola: norbanakoaren eskubidea, pertsonen berdintasun naturala eta estatuaren izaera konbentzionala. Bere gizakiarekiko ikuspegiak egun ere arrakasta handia du, interes pertsonalean oinarritzen den giza elkarlan edo kooperazioaren ideiak, esaterako. Ingalaterrako oso garai gatazkatsuan bizi izan zen eta horrek eragin nabarmena du bere planteamendu politikoan, bere proposamen politikoaren helburua estatu baketsua lortzea baita.
Thomas Hobbes orain Malmesburyko parte den Westporten jaio zen, Wiltshiren, 1588ko apirilaren 5ean. Amak espainiar Itsas Armada Garaiezina Britainia Handiarantz zetorrela jakitean, aurreratu egin omen zitzaion haurraren jaiotza. Horrela esan zuen gero Hobbesek:
« | Nire amak bikiak erditu zituen: ni eta beldurra.[4] | » |
Ez dakigu ezer Hobbesen haurtzaroaz eta ama ezezaguna du.[5] Bere aita Thomas Hobbes zen, semea bezala, eta Charlton eta Westporteko bikarioa zen. Osaba, berriz, Francis Hobbes izeneko merkatari aberatsa zen. Bi anai-arreba ere bazituen: bi urte zaharragoko anaia, Edmun eta arreba gazteagoa. Horiez gain, ez dugu beste inongo familia kideren berririk. Eliza bereko apaiz batekin izandako ika-mika zela eta, aitak, emaztea eta seme-alabak utzita, alde egin zuen Londrestik. Ordutik aurrera, osaba Francisek hartu zuen beraien ardura, ez zuen eta familiarik.
Lehen heziketa Westporteko elizan jaso zuen; gero, Malmesburyko eskolara joan zen. Ikasle ona omen zen. 1603 inguruan, Magdalen Hallera joan zen, gerora Hertford College izango zen unibertsitatera. John Wilkinson zuzendari puritanoak eragina izan zuen Hobbesengan.
Bere gradua ez zuen 1608ra arte burutu, baina Sir James Husseyk, bere Magdaleneko maisuak, William Cavendishen semearen tutore lanak egiteko bera gomendatu zuen. Horrela hasi zen familia harekin bizi osoan mantenduko zuen harremana.[6]
William gaztearekin Europan zehar bira egin zuen 1610ean, eta bidaia honetan Hobbesek europar metodo zientifiko eta kritikoak ezagutu zituen, Oxforden ikasi zuen filosofia eskolastikoari kontrajartzen zitzaizkionak. Izurri bubonikoa zela eta, Cavendish, orduan Devonshireko kondea zena, hil zenean, haren alargunak ez zuek Hobbesek haientzat lanean jarraitzerik nahi izan. Erraz aurkitu zuen, ordea, beste lan bat: Sir Gervase Cliftonen seme Gervase Cliftonen tutorea izan zen. Lan hori, gehienbat, Parisen egin zuen, eta 1631an amaitu zuen, Cavendish familiarekin, berriz ere, lana topatu zuenean: Williamen tutorea izan zen, bere aurreko ikaslearen seme zaharrenarena. Ondorengo zazpi urteetan, tutoretza lanak egiteaz gain, bere ezagutza filosofikoa handitu zuen, eztabaida filosofiko garrantzitsuenen inguruko jakin-mina piztu baizitzaion. 1636 an Florentziara bixitan joan zen, eta, gero, Parisko talde filosofikoetan polemista moduan jardun zuen.
Parisetik Ingalaterrara itzuli zenean (1637) herrialde zatitu batekin egin zuen topo. Garai gatazkatsu haietan zenbait arazo egon ziren; azkenean, desadostasunak zirela eta, Parisera joan zen (1640) eta han igaro zituen ondorengo hamaika urteak. Zenbait lan argitaratu zituen urte horietan eta ospea hartzen joan zen.
Ingalaterrako Gerra Zibila 1642an lehertu zen eta 1644an erregearen aldeko zenbait Europara joan ziren ihesi. Asko Parisera joan ziren eta Hobbesek ezagutzen zituen. Horrek bere interes politikoak berpiztu zituen eta De Cive bigarren aldiz argitaratu zen. Oraingoan, modu zabalagoan banatu zen.
1647an, Galesko Charles printze gaztearen matematikako irakasle lanetan hasi zen. Charles Holandara joan arte (1648) jardun zuen horretan.[6]
Errealista exiliatuak hurbil izateak bultzatu zuen Hobbes Leviathan sortzera. Obra horretan gobernu zibilaren bere teoria gerraren krisi politikoarekin loturan ageri zen. Hobbesek estatua munstro batekin parekatu zuen: leviathan. Lanaren amaieran gerraren inguruko berrazterketa egin eta ondorioak eman zituen; horretarako galdera honi erantzun zion: subjektu bat babesten zuen subirauaren boterea betiko galdu denean, subjektu horrek ba al du leialtasuna aldatzeko eskubidea?
Leviathan osatu zuen urteetan, Hobbes Paris edo Paris ingurutik ibili zen. 1647an, ia-ia bizia kendu zion gaixotasun bat zela eta, sei hilabetez, ezertarako gai ez zela egon zen. Sendatu zenean lan literarioarekin jarraitu zuen eta 1650erako amaitu zuen. Bitarte horretan De Civeren itzulpen bat egiten ari zen norbait, baina adituen artean eztabaida dago Hobbes izan ote zen itzulpena egin zuena.
1650ean, The Elements of Law, Natural and Politicen edizio pirateatua argitaratu zen. Bi liburuki txikitan banatu zen. 1651n, De Civesen itzulpena Philosophicall Rudiments izenpean argitaratu zen. Bitartean obra handienaren inprimatzea egin zen, eta, azkenean, 1651. urtearen erdialdean agertu zen Leviathan edo Aberastasun komun, eliztar eta zibil baten Materia, Forma eta Boterea izenarekin.
Lanak berehalako eragina izan zuen. Laster izango zen bere garaiko beste edozein pentsalari baino autore laudatu eta zentsuratuagoa. Lanaren lehen eragina exiliatu errealistekin zuen harremana moztea izan zen. Bestalde, bere liburuaren espiritu sekularistak anglikanoak zein frantsez katolikoak haserretu zituen. 1651ko neguan, gobernu ingeles iraultzaileari babesa eskatu eta Londresera ihesi joan zen. Gerora Fetter Lane-era joan zen, eta bertan bizitza pribatuan murgildu zen.
1658an, bere sistema filosofikoaren azken atala argitaratu zuen, eta horrela 20 urte lehenago eratu zuen eskema osatu zuen. De Homine, ikuspegiaren inguruko teoria landu bat zen gehienbat. Tratatuaren gainontzekoa Human Nature eta Leviathaneko gai batzuen ingurukoa zen. Matematika eta fisikako testu polemiko batzuk argitaratzeaz gain, lan filosofikoak argitaratzen ere jarraitu zuen Hobbesek. Modu horretan, “hobbismoa” gizarte eredugarri orok gaitzetsi beharreko zerbaiten sinonimoa bihurtu zen. Egoera iskanbilatsu hartan, errege gaztea, Hobbesen ikasle gaztea, ordurako Carlos II.a zena, Hobbesez oroitu zen, eta gortera joan zedin esan zion 100 £ko pentsio puska emateko.
Erregea oso garrantzitsua izan zen Hobbes babesteko 1666an Komunen Kamarak ateismoaren eta profanazioaren aurkako lege-proiektua aurkeztu zuenean. Hobbesi izugarrizko izua sortzen zion hereje gisa etiketatu zezaketelako ideiak, eta bere zenbait dokumentu konprometitu erre egin zituen. Leviathan ezin zitekeela herejiatzat hartu ere defendatu zuen herejiaren legearen egoera erreala aztertu ondoren.
Honakoa izan zen lege-proiektuaren ondorio bakarra: Hobbesek ezingo zuela inoiz gehiago giza jokabidearekin lotutako libururik argitaratu Ingalaterran. 1668ko bere obren edizioa Amsterdamen inprimatu zen, Ingalaterran argitaratzeko lizentzia eskuratu ezin izan zuelako. Beste idatzi batzuk bera hil ostera arte ez ziren argitaratu, Behemoth: Ingalaterrako Gerra Zibilen eta 1640tik 1662ra horiek burutzeko erabilitako Kontseilu zein artifizioen Historia esaterako. Ingalaterratik kanpo, hala ere, izen ona zuen, eta bertara joaten ziren kanpotar noble edo ezagutza handikoek begirunez tratatzen zuten.
Bere azken lanak bertso latindarreko autobiografia bat (1672) eta Odiseako lau libururen errima ingelesezko itzulpena (gerora Iliadaren (1673) eta Odisearen (1675) oso bat egitera eraman zuena) izan ziren.
1679ko urrian, maskuriko gaitz bat izan zuen, eta, ondoren, paralisi-krisi bat. Bigarren horrekin hil zen 1679ko abenduaren 4an, 91 urterekin. Diotenez, hauek izan ziren bere azken hitzak: “Iluntasunean jauzi haundi bat”.[7] Bere gorpua San Juan Bautista elizan lurperatu zuten, Ault Hucknall, Derbyshir-en.
· Berpizkundearen hastapenetan, Nicolas Maquiavelo italiarrak bere Printzea obra garrantzitsuenean honako ideia azaldu zuen: gobernariak ez dituela bere ekintzak arau moral edo eskubide naturalen arabera zuzendu behar, Estatuaren ongia helburu izanda soilik, baizik.
· Jean Bodin-ek aldarrikatu zuen Estatuak herriaren gaineko erabateko burujabetza bere gain hartu behar duela.
· Aurrekoek formulatu zituzten Estatu-arrazoiaren kontzeptuaren aurka, Althusiusek teoria kontratualistak aldarrikatu zituen: horien arabera burujabetza herriarena da; Hugo Grociok, berriz, iusnaturalismoa: injustizia izaki sentsibleen komunitatearen aurkakotzat definitu zuen.
· Samuel von Pufendorfek zuzenbideari zientzia matematikoen metodo deduktiboa aplikatu zion.
Bere tratatu ezagunenean, Leviathan (1651), Hobbesek modu formalean aipatu zuen eskubide naturalen doktrinatik eskubidea kontratu sozial gisa ulertzen duen teoriarako jauzia. Filosofo honen arabera, egoera naturalean gizaki guztiak askeak dira, baina askeak izan arren, guztiak guztien aurkako gerra baten (Bellum omnium contra omnes) etengabeko arriskuan bizi dira. Dio herri batek subirau baten botereari borondatez eta tratu bidez men egiteak bakearen aukera zabaltzen duela, eta bakea ziurtatzen duen autoritatea eskubidearen oinarria izango dela.[8]
Thomas Hobbes, pentsamenduaren historian zehar, pertsona iluntzat hartu izan da. 1666an, Ingalaterran, ateotzat jo eta bere liburuak erre zituzten. Bere heriotzaren ostean ere bere zenbait obra publikoki erre zituzten berriz.
Bizitzan zehar bi etsai nagusi izan zituen Hobbesek: Ingalaterrako Eliza eta Oxfordeko Unibertsitatea. Biekin tentsio handiak izan zituen.
Hala eta guztiz ere, bere obra Erdi Aroaren haria hausteko eta Modernitatearen hasierarako obra garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Ikaragarriak dira garai hartako errealitatearen inguruko bere deskribapenak.
Horrela zioen: “Nire amak bikiak erditu zituen”. Bere amari, Espaiñiako Armada garaitezina Britaniako kostara hurbiltzen ari zela jakin zuenean, erditzea aurreratu baitzitzaion.
Batez ere bere filosofia politikoagatik bada ere ezaguna, hamaika arlo desberdinen inguruan idatzi zuen, hala nola, historia, geometria, teologia, etika, filosofia orokorra eta zientzia politikoak.[9]
Bere zenbait iritzik eztabaida sortzen dute, bere fisikalismoaren edo materialismo mekanizistaren teoriak esaterako. Teoria horren arabera, munduan den guztiaren izaera fisikoa soilik da, eta ez dago arima eta gogamena bezalako beste entitate naturalik. Hobbesen aburuz, animalia guztiak, gizakia barne, ez dira hezur-haragizko makinak besterik.
XVII. mendearen erdialdera, Hobbesek idazten zuen garaian, teoria metafisiko hau oso onartua zegoen. Zientzia fisikoen inguruko ezagutza abiadura bizian zioan handitzen, eta lehen nahasiak edo gaizki interpretatutakoak ziren fenomenoen inguruko gero eta azalpen argiagoak eskaintzen zituzten.
Hobbes beti egon zen kontaktuan Londresko Errege Elkartearekin (Royal Society), 1660. urtean sortutako elkarte zientifikoarekin, eta Marin Mersenne, Pierre Gassendi, Descartes bezalako pentsalari frantsesak ezagutu zituen, baita Galileo Galilei astronomo italiarra ere, zientzia modernoaren aitatzat hartzen dena, eta lotura estua zuen Francis Baconekin, bere pentsamendua funtsezkoa izan zen praktika zientifikoaren iraultzarako. Matematikaren eta zientzien alorrean, zientziaren eta fedearen itxurazko kontraesanak ezabatu nahian zebilen Erdi Aroko filosofia eskolastikoaren aurkako argudio interesgarriak aurkitu zituen. Garaiko pentsalari askok bezala, uste zuen zientziak ez duela inolako mugarik eta berari eskerrak naturako edozein fenomenorentzako azalpen zientifikoa eman daitekeela.[10]
“ Izatez, zer da bihotza bitarteko bat ez bada; eta zer dira nerbioak fibra anitzak ez badira; eta zer dira artikulazioak gorputz osoari mugimendua ematen dioten gurpilak ez badira?"
Leviathanen dio, unibertsoa, hau da, gauzen masa osoa, gozpuzduna dela. Bere arabera, gorputz horietako bakoitzak luzera, gogortasuna eta sakontasuna ditu, eta gorputzik ez duena (ezaugarri horiek ez dituena) ez da unibertsoaren parte.
Den guztiaren izatea erabat fisikoa dela bazioen ere, ez zuen uste gizakiak fisikoa den guztia pertzibitu dezakeenik. Zioenez, gorputz eta objektu batzuk, berak espiritu deitzen zienak, ezin dira pertzibitu espazioa okupatu eta dimentsio fisikoak badituzte ere. Horietako batzuk animalia-espirituak dira eta animalia-ekintza gehienen eragileak dira, gizakien ekintzena batez ere. Animalia-espiritu horiek gorputzaren inguruan mugitzen dira eta informazioa helarazten dute.[10]
Hobbesen arabera, gizakiok erabat fisikoak gara eta, beraz, unibertsoko legeen menpean bizi gara. Bi kontzeptu horiei dagokienez, bere pentsamendua Spinozarenaren antzekoa da. Hala ere, Hobbesek gizakia makina biologikoa baino gehiago dela esaten du. Gogoaren zerizana ikuspegi orokor eta nahiko eskematikoan interpretatatu zuen, zientziak lehenago edo beranduago agerian utziko zuela uste zuen moduan. Honetan datza Spinozarekiko desberdintasuna. Baina, modu honetan ere, apetitua eta borondatezko motrizitatea bezalako ekintza mentalak soilik azaltzen ditu, ikuspuntu mekanizistatik bakarrik azaldu daitezkeen fenomenoak soilik. Hobbesen aburuz, gizakia etengabe mugitzen da bere desirak gauzatzeko. Mugimendu hori bitan sailkatzen da: gerturatzeko mugimendua, pertsona desio dituen gauzetara hurbiltzen denean; eta urruntzeko mugimendua, pertsona bere bizia arriskuan jartzen duten gauzetatik aldentzen denean. Dio modu honetan gizartea beti mugimenduan dagoela.
Leviathanerako sarreran, abiapuntu gisa mandatu delfikoa darabil “ Ezagutu ezazu zeure burua!”, eta hortik aurrera Hobbesek irakurketa ezohikoa eskaintzen du. Gai hau modu esplizituan lantzen du De Corpore kapituluan, bertan dio giza gogamena metodo sintetikoez gain bere gogamena soilik aztertuko duen edozein gizakiren esperientziaren bidez ere ezagutu daitekeela, hau da, introspekzioaren bidez giza izatea ezagutu dezakegula.[11][12]
Hobbesek, Jainkoari eta aingeruak bezalako beste entitate enlijioso batzuei, animalia-espiritua kontzeptua ezarri nahi die. Hala ere, Jainkoa soilik ezin omen daiteke gorpuzgabe gisa determinatu beste inongo espiritu fisikotan. Hobbesen aburuz, giza adimenak ezin du modu erabatekoan ulertu Jainkoaren atributuen jainkozko izatea, horregatik omen da “gozpuzgabe” terminoa Jainkoaren substantzia ezagutezina gurtzeko eta aitortzeko gai den bakarra.[10]
Askok jo dute Hobbes ateotzat, bai bere bizitzan zehar eta baita oraintsu ere. “Ateo” hitzak, ordea, ez zuen esanahi bera XVII. mendean. Hala eta guztiz ere, garbi uzten du entitate erlijioso guztien existentzia eta izatea fede kontua direla uste duela, eta ez zientzia kontua, eta Jainkoa beti egongo dela gure ulermenetik kanpo. Gizakiak Jainkoaz jakin dezakeen gauza bakarra existitzen dela eta unibertsoaren lehen kausa dela omen da.[13]
Hobbesen garaia ongi bereizitako bi bandok eta zatiketa politiko handiak ezaugarritzen dute. Alde batetik monarkikoak zeuden, horiek monarkia absolutua defendatzen zuten eta botere horren zilegitasuna zuzenean Jainkoarengandik zetorrela; bestetik, berriz, parlamentarioak, horien arabera burujabetzak herriaren eta erregearen artean banatuta egon behar du.
Hobbesek bi bandoen arteko jarrera neutroa hartu zuen; erregearen burujabetza aldarrikatzen bazuen bere boterea ez datorrela Jainkoarengandik esaten ariko baitzen.
John Lockeren Gobernu zibilari buruzko bi tratatu eta Rousseauren Kontratu sozialarekin batera, Leviathan da giza izateaz, gizartearen jatorriaz eta gizartearen antolatzeko moduaz diharduen lehenengotako obra.
Leviathanen, Hobbesek, estatu eta gobernu legitimoen doktrina jaso zuen eta moraltasunaren zientzia objektiboa sortu zuen. Horrek kontratu sozialaren teoriari bide egin zion. Obra hau Ingalaterrako Gerra Zibila bitartean idatzi zuen, eta horrek eragin handia du, liburuaren zati handienaren helburua desadostasunen gaitza eta gerra zibila ekiditeko autoritate zentral indartsu baten beharra dagoela erakustea baita.
Gizakiaren definizio eta ezaugarrietatik abiatuta, eskubidearen agerpena eta gizartean bizikidetza izateko beharrezkoak diren gobernu mota desberdinak azaltzen ditu. Estatuaren jatorria pertsonek beraien artean egiten duten ituna da, eta itun horren bidez momentu horretatik gobernari baten menpean jartzen dira. Gobernariak bere menpeko guztien ongia bilatzen du, eta, horren bidez, baita berea ere. Pertsona horiek beraien askatasunari uko egin eta gobernari baten menpean jartzen dira, haren babesaren trukean, elkarren arteko mesfidantzaz bizi direlako. Modu horretan osatzen da erakunde soziala.
Gizakiaren eta bere pasioen inguruko ikuspegi mekanizistatik abiatuta, Hobbesek, bizitza gobernurik gabe nolakoa izango litzatekeen irudikatzen du, egoera horri egoera naturala deitzen dio. Egoera horretan, pertsona bakoitzak edozertarako eskubidea edo lasaikeria izango luke eta Hobbesen aburuz, horrek “guztiok guztion aurkako” gerrara eramango gintuzke. Deskripzio horretan filosofia ingeleseko pasarte ezagunenetakoa dugu, komunitate politikoagatik ez balitz gizateriak biziko lukeen egoera naturala deskribatzen duena.[14]
Egoera horretan ez dago industriarentzako lekurik, industriak ematen duen fruitua ez delako ziurra, eta, ondorioz, ez dago kulturarik lurrean; ez dago eraikin erosorik; ez dago haiek mugitzeko indar handia behar den gauzak jarri eta kentzeko instrumenturik; lurraren inguruko inongo ezagutzarik; denboraren kontaketarik; arterik ez; letrarik ez; inongo gizarterik ez; eta guztietan gauzarik okerrena, etengabeko bildurra eta bortsazko heriotzerako arriskua; eta gizakiaren bizitza bakarti, txiro, desatsegin, basati eta apala.[15]
Egoera horretan, gizakiak heriotzaren beldur dira eta ez dute ez bizitza eroso baterako beharrezko gauzak eta ezta horiek lortzeko lana egin ahal izatearen esperatza ere. Horregatik, egoera hori ekiditeko, gizakiek kontratu soziala egiten dute eta gizarte zibila ezartzen dute. Eskubide naturalaz hitz egiten du; norberak duen boterea norberaren autokontserbaziorako erabiltzeko eskubideaz, alegia. Pertsona bat ohartzen denean ezin duela etengabeko gerra zibil horretan bizi, lege naturala sortzen da: lege horrek gizakiak bere bizitzaren edo besteen bizitzaren aurka ez jokatzeko mugak jartzen ditu. Horretatik dator bigarren lege naturala, bigarren honen arabera gizaki bakoitzak, itun baten bidez, bere eskubidea ukatu edo besterendu egiten du; bake egoera ziurtatuko dion botere absolutu baten eskuetan uzten du.
Hobbesen arabera, gizartea autoritate burujabe baten menpeko biztanleria da, non gizarte horretako norbanako bakoitzak babesaren trukean eskubide batzuk ematen dituen. Autoritate horren botere modua, edozein dela ere, ezin da erasotua izan, babeslearen botere burujabea herritarrek beraien botere burujabea babesaren trukean ematetik baitator. Norbanakoak dira, ondorioz, subirauak hartzen dituen erabaki guztien egileak.[15] Hobbesen eztabaidan ez dago botere banaketaren doktrinarik,[16] bere arabera subirauak kontrolatu behar ditu botere zibilak, militarrak, judizialak, eliztarrak eta baita hitzak ere.[8]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.