From Wikipedia, the free encyclopedia
Homero[1] (antzinako grezieraz: Ὅμηρος, Hómēros; «bahitua» edo «jarraitzera behartuta dagoena»)[2] K.a. VIII. mende amaierako aedo edo olerkari bat izan zen. Garai zaharretakoek «Poeta» (antzinako grezieraz: ὁ Ποιητής, ho Poiētḗs) ezizena eman zioten. Berak idatziak izango ziren mendebaldeko literaturako lehen bi lanak, Iliada eta Odisea.
Homero | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Ὅμηρος |
Jaiotza | ezezaguna, K.a. IX. mendea |
Herrialdea | Ionian League |
Talde etnikoa | greziarra |
Lehen hizkuntza | antzinako greziera |
Heriotza | Ios, K.a. IX. mendea ( urte) |
Familia | |
Ama | Kretheis |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, autorea eta idazlea |
Lan nabarmenak | |
Genero artistikoa | epopeia |
|
Zaila da esatea Homero pertsonaia historiko bat edo eraikitako identitate bat ote den, pertsonaia kontzeptual bat, alegia, eta mendebaldeko literaturaren oinarri diren bi epopeien egilea ote den. Hortik datoz Homeroren auziari buruzko eztabaidak, nahiz eta aditu modernoen joera nagusia den asmatutako pertsonaia bat dela. Hala ere, Ioniako zenbait hiri (Kios, Esmirna edo Kolofon, besteak beste) aedoaren jaioterri aldarrikatzeko eztabaidan lehiatu ziren, eta tradizioak nortasuna eman zion, esanez behin eta berriro Homero itsua zela.
Homerok lehentasunezko leku bat dauka greziar literaturan, berak bakarrik irudikatzen baitu garai hartako genero epikoa: berari egozten zaizkio K.a. VI. mendeko Iliada eta Odisea, baita bi poema satiriko ere, Batrachomyomachia (antzinako grezieraz: Βατραχομυομαχία, «igelen eta arratoien borroka») eta le Margites (antzinako grezieraz: μάργος, «eroa»). Baita ere, Himno homerikoak ezagutzen dira, baina aditu askok zalantza egiten dute Homero ote den egilea.
K.a. VIII. mendean jada arkaikoa zen hizkuntza batean idazten du ―greziera joniarraren aldaera zahar batean― are eta arkaikoagoa testua behin betiko finkatu zenean, K.a. VI. mendean: hexametro daktilikoaren erabilerarekin lotzen da.
Ioniako zenbait hirik (Kios, Esmirna edo Kolofon, besteak beste) beretzat aldarrikatu izan dute Homeroren jatorria. Apolo Deliakoaren Himno homerikoak[3] Kios aipatzen du, eta Simonide Zeoskoak «Kioseko gizonari» egozten dio Iliada obraren bertso ezagunenetako bat, «gizakien sorkuntza hostoena bezalakoa da»,[4] garai klasikoan esaera bihurtu zena. Luziano Samosatakoak Babiloniako biztanletzat hartu zuen Homero, greziarrei bahitu (antzinako grezieraz: ὅμηρος, homêros) gisa bidalia, hortik letorkioke izena.[5] Delfosko orakuluak, Hadriano enperadoreak 128. urtean horretaz galdekatu zuelarik, erantzun zion Homero Itakakoa zela eta Telemakoren eta Polikastaren seme.[6]
Antzinako zortzi biografia daude, Plutarkori eta Herodotori faltsuki egotziak. Ziurrenik, halakoak soretu izan ziren Greziako biografoek «hutsaren ikara» nabarmena baitzuten.[7] Testu horiek garai helenistikoko zaharrenetakoak dira, eta xehetasunez josita daude, horietako batzuk garai klasikokoak. Horien arabera, Homero Esmirnan jaioa izango zen, Kiosen bizi izango zen eta Iosen hila izango zen. Haren benetako izena «Melesigenes» izango zen, aita Meles ibaia jainkoa izango zen eta ama Kreteis ninfa.[8] Aristotelesen ustez, Homero Iosen jaioa zen, Ziklade uhartean.[9]
Tradizioaren arabera, Homero itsua izan zen. Hasteko, itsua da Odisea-n agertzen den Demodoko (antzinako grezieraz: Δημόδοκος, Dēmódokos) aedo, Troiako gerrako pasarteak abesten: Musak «ikusmena kendu zion, baina kantuaren gozotasuna eman».[10] Gero, Apolo Deliakoaren Himno homerikoak azaltzen du: «Itsu bat da, Kios harkaiztsuan bizi dena». Pasarte hori Tuzididesek jaso zuen, Homerok bere buruaz hitz egingo balu bezala.[11]
«Bardo itsuaren» irudia greziar literaturako topiko bat bihurtu zen. Dion Krisostomo erretorikoaren diskurtso batean, pertsonaia batek dioenez, «poeta horiek guztiak itsuak dira, eta uste dute ezinezkoa litzatekeela beste modu batera poeta bihurtzea»; Dionek erantzuten du poetek berezitasuntzat transmititzen dutela begien gaixotasun moduko bat.[12] Izan ere, Lokreseko Xenokrito (antzinako grezieraz: Ξενόκριτος, Xenókritos) poeta lirikoa jaiotzez itsu omen zen; Akaios Eretriakoa (antzinako grezieraz: Ἀχαιός, Akhaios) itsu bihurtu zen, Musen ikur erleek ziztatu ondoren; Estesikorok ikusmena galdu zuen Helena Troiakoaren aurka gaizki esaka aritzeagatik,[13] eta Demokritok ikusmena kentzen dio bere buruari, «hobeki ikusteko».[14]
Greziar poeta greko guztiak ez ziren itsuak, jakina, baina itsutasuna poesiarekin hainbestetan lotzea bada galderak egiteko modukoa. Eskualde eslaviar batzuetan bardoak berez «itsutzat» jotzen dira:[15] Aristotelesek zioen bezala, ikusmena galtzen denean oroimena suspertzen da.[16] Gainera, greziar pentsamenduak sarritan itsutasuna eta botere jainkotiarra lotu izan ditu: Tiresia, Ofione Messinakoa, Ebenio Apoloniakoa edo Fineo aztiak, guztiak ikusmenik gabeak ziren. Are gehiago, aedoen lanbidea da itsu batek eskura zezakeen gutxietako bat, antzinako Greziako gizartean.[17]
Aditu anglosaxoiek formulatutako tesi baten arabera, Odisea K.a. VII. mendeko emakume siziliar batek idatzi zuen, eta Nausikaa pertsonaia beraren autorretratu moduko bat litzateke. Ideia plazaratzen lehena Samuel Butler britainiar idazlea izan zen, The Authoress of the Odyssey obran, 1897an.[18] Raymond Ruyer frantziar filosofoa zentzu berean joan zen Homère au féminin : la jeune femme auteur de l'Odyssée lanean.[19] Ikuspegi horri heldu zion berriro Robert Graves poetak Homer's Daughter obran, 2005ean,[20] eta 2006an, Andrew Dalby ikerlariak, Rediscovering Homer entseguan.[21]
Beste batzuek zalantzan jartzen dute Homero historiko bat izan zenik. Izenak berak arazo bat sortzen du: ez da beste inor ezagutzen izen hori duenik garai helenistikoa baino lehenago, eta oso bakana da erromatarren garaia baino lehenago, esklabo askatuek baino ez baitziren hala deitzen.[22] Izenak «bahitua» esan duenez, zenbait kontakizunetan azaltzen da zergatik hartu zuen Homerok izen hori, hiri batek edo besteak bahitu gisa eman ondoren. Aurkaratu izan ohi da terminoa genero neutro pluralean aurkitu ohi zela (antzinako grezieraz: ὅμηρα, homêra), eta ez maskulinoan. Eforo K.a. IV. mendeko idazleak azaltzen du bere hiriko dialektoan izenak «itsu» esan nahi duela, eta bere itsutasunagatik eman zitzaiola izena poetari; helburua zen, itxura guztien arabera, Homero herrikidea zela frogatzea.[23] Hala ere, hitzaren adiera hori ez dago frogatuta eta «itsu» hitza, cognomen gisa agertuz gero, ez zen inoiz bakarrik erabiltzen.[24] Argudiatu izan da, halaber, epopeietan anonimotasuna zela araua, eta egile izena, salbuespen.[25]
Beraz, Homeroren «asmakizunaz» hitz egin ahal izan da. Ikerlari batzuen ustez, pertsonaia K.a. VI. mendean irudikatu zuten atenastar jakintsuek. Rapsodesen elkarteen aldarrikapenetatik abiatuta egingo zuketen, Kiosko homeridoak bezala, Homeroren beraren ondorengo zirela sinetsarazi nahi zutenak. Kantatzen zituzten poemak egozten zizkioten, eta ustezko arbasoaren bizitzaren pasarteak azaltzen zituzten.[26] Beste aditu batzuen aburuz, mugimendu panhelenikoa da, Grezia osoko rapsoden irudikapenei lotua: Homero bat benetan izan edo ez, izena ospetsu bihurtu zen Grezia osoan, eta rapsodek haren aipamena egin zezaketen jendetza erakartzeko beren irakurketa publikoetan.[27]
Iliada eta Odisea Homerori egotzi zitzaizkion K.a. VI. mendeaz geroztik. Batrachomyomachia (hitzez hitz, «igelen eta arratoien borroka», Iliada obraren parodia bat), eta Margites izeneko poema komiko bat zein Himno homerikoak biltzen dituen bilduma bat ere badaude.[28] Egia esateko, lan horien data ezartzea oso zaila izan arren, geroago konposatuak izan ziren: Batrachomyomachia K.a. V. mendean konposatu ahal izan zen edo garai helenistikoan; Margites poemaren data zehatza ez da ezagutzen, baina aski zaharra izan daiteke; Himno homerikoak K.a. VII.-VI. mendeetan konposatu ziren.
Gehiago ere, Homero izena poesia epiko osoaren ia sinonimoa izan zen Antzinatean, Hesiodo izenak poesia didaktikoaren edozein forma izendatzen zuen bezala. Beraz, maiz aurkitzen da Homoeroren izena Troiar Zikloaren garaietako epopeien izenburuekin lotuta. Herodotok azaltzen zuen «poesia homerikoa» debekatu egin zuela Klistenes Sizioneko tiranoak, Argosi egiten zizkion aipamenen ondorioz;[29] horrek iradokitzen du homerikotzat hartzen zirela Tebastar Zikloa. Herodotok berak zalantzak agertu zituen Homero ote zen Epigonoak[30] eta Zipria[30] poemen egilea. Batzuek Oekaliaren harrapaketa ere egozten diote. Azkenik, antzinako autore askok, Simonide Zeoskoak[31] edo Pindarok[32] besteak beste, Homerori egozten dizkioten bertsoak daude, ez Iliada-n ez Odisea-n agertzen ez direnak.
Platonen eta Aristotelesen garaietatik hasita, Iliada eta Odisea soilik egozten hasi zitzaizkion Homerori. XVI. mendean oraindik, ordea, Erasmo Rotterdamgoakk uste zuen Batrachomyomachia Homeroren lana zela.[33]
Homerori buruz dagoen informazio benetan urriak eraman izan ditu ikerlari batzuk auzitan jartzera haren existentzia bera. Antzinatik dator arazo hori: Senekaren esanetara, greziarren gaixotasuna izan zen etengabe bila ibiltzea, zenbat ote ziren Ulisesen arraunlariak, Iliada lehenago idatzia ote zen Odisea baino, edo bi poema horiek egile berarenak ote ziren.[34]
Homeroren auzia, aro modernoan deitu izan den bezala, ziurrenik François Hédelin Aubignaceko abadearekin sortu zen, Conjectures académiques sur l'Iliade (1715)[35] obrarekin hain zuzen.[36] Bere garaikideek Homerorekiko zuten begirune gehiegizkoari aurre egin nahirik, obra homerikoa zorrozki kritikatzeaz gain, poetaren existentzia bera zalantzan jarri zuen. Haren ustez, Iliada eta Odisea aurreko testu rapsodikoen bilduma bat baizik ez dira.[36] Garai bertsuan, gutxi gorabehera, Richard Bentley ingeles teologoak Remarques sur le Discours de la liberté de penser obra kritikoan adierazi zuen Homero existitu zela, baina gehienez ere abestien eta rapsodien egilea baino ez dela, geroago forma epiko batean berrantolatu zirenak.[37] Giambattista Vicok (1668-1744) berriz, uste zuen Homero ez zela inoiz existitu, eta Iliada eta Odisea Greziako herri osoaren lan koralak direla.[38]
Friedrich August Wolfek, Prolegomena ad Homerum (1795) lanean, Homero analfabeto baten hipotesia plazaratu zuen. Haren ustez, olerkariak K.a. 950aren inguruan osatu zituen bere bi lanak, Grezian oraindik idazkera ezagutzen ez zen garaian. Kantuak, beren jatorrizko forman, ahoz transmitituko ziren, eta bide horretatik eboluzionatu eta garatu egingo ziren, Pisistratok K.a. VI. mendean finkatu zituen arte.[39]. Horietan oinarrituta, bi eskola bereizten dira: analistak eta unitaristak.
Analistak, Karl Lachmann kasu, jatorrizko poema bat isolatzen saiatu izan ziren, Homeroren beraren lana izango zena, eta geroago gehikuntzak edo interpolazioak jasoko zituena. Testuaren inkoherentziak eta konposizio akatsak nabarmenak dira: adibidez, Pilemens troiar heroia V. kantuan hiltzen da,[40] baina kantu batzuk geroago berriro agertzen da.[41] Edo, are, Akilesek XI. kantuan enbaxada bat itxaroten du, beidali berri duena.[42] Egia da, halaber, hizkuntza homerikoa, hartaz besterik ez hitz egiteagatik, dialekto ezberdinak (batez ere joniera eta eolikoa) garai ezberdinetako giroekin konbinatzen dituen multzo konposatu bat dela. Ikuspegi hori zuten testua prestatu eta finkatu zuten alexandriarrek.
Unitaristek, aldiz, poemen konposizio eta estilo batasuna nabarmendu izan dute, nahiz eta oso luzeak izan (15.337 bertso Iliada-k eta 12.109 Odisea-k). Autore bakarraren ―hori da, Homeroren― tesia aldeztu izan dute beti, nahiz gaur ezagutzen ditugun poemak konposatu zituen bere garaiko hainbat iturritatik abiatuta. Bi poemen arteko ezberdintasunak, beraz, uler daitezke batean autorea gaztea zelako eta bestean adindua, edota Homeroren beraren eta bere eskolako jarraitzaileren baten arteko aldaketak izan daitezke.[43] Horrela, Paul Claudelek «langile eskuaren bakartasunaz» idatzi zuen:
« | Gertakizun guztiek, tokiko gai guztiek hartu dute norabidea, harremana, oreka, ondorengo guztiak esnatu eta justifikatu egiten dira, dena batera kantatzen hasten da, eremu poetiko guztiak bere muga gorenetaraino jasaten du ahots biluzi horren xarma, silaba azkarren kateaketan, amaierarantz eramaten duena.[44] | » |
Aro garaikidean, ikerlari gehienek uste dute poema homerikoak aurreko elementuak berrerabiliz konposatuak izan zirela, trantsizio aro batean. Aro hura izan zen ahozko kultura batetik ―mende ilunen ezaugarria― idazketaren kultura berrira igarotzeko unean. Autore baten edo biren esku hartzea ziurtzat jotzen da, baina ez da zalantzazkoa, ezta ere, aurrez antzeko poemarik egon zela eta haietakoren bat edo gehiago obra homerikoan sartu zirela. Beste poema aspaldiko batzuk ez ziren jaso, Troiako Zaldiaren[45] pasartea xehetasunez kontatzen zituztenak, adibidez, Odisea-n bide batez baino aipatzen ez baitira.[46] Iliada lehenago izan zen idatzia, K.a. VIII. mendearen lehen erdian, eta Odisea geroago, K.a. VII. mende amaieran.
Metodo garaikideak erabilita, ikerlari batzuk saiatu izan dira auzia argitzen. Informatika eta estatistikak uztartuz, estilometriak aukera ematen du hizkuntza unitateak aztertzeko: hitzak, gramatika kategoriak, fonemak… Greziar letren maiztasunetan oinarrituta, Iliada-ren eta Odisea-ren barne kohesioa egiaztatu ahal izan dira.[47]
Testu homerikoak denbora luzez ahoz transmititu izan ziren. Milman Parry adituak erakutsi zuen izen «propioa + epitetoa» formula ugariak, adibidez «Akiles hanka arina» edo «Hera beso zuridun jainkosa» kasu, erritmo eskema zehatzei erantzuten dietela, egilearen lana errazteko xedez: hemistikio bat aise osa daiteke guztiz eratutako hemistikio batez. Sistema hori, Homeroren poesian bakarrik aurkitzen dena, ahozko poesiaren ezaugarria da.[48]
Parryk eta bere jarraitzaileek Novi Pazar eskualdeko serbiar bardoen eredua jartzen zuten adibidetzat. Analfabetoak izanik, bikain tolestutako poema luzeak errezitatzeko gai ziren, horrelako formula erritmikoak erabilita. Garai hartako poema luze batzuk grabatu ondoren, ohartu ziren urte batzuk geroago itzulita, bardo haiek egindako aldaketak oso urriak zirela. Ahozko kultura batean, bertsogintza testuen transmisio hobea bermatzeko bidea da.[49]
K.a. VI. mendean, Pisistrato tiranoak lehen liburutegi publikoa sortu zuen. Zizeronek azaldu zuenez, bi istorio epikoak lehen aldiz idatziz emanak izan ziren, tiranoaren aginduz.[50] Lege bat eman zuen, gainera, agintzen zuena Atenasetik pasatzen zen edozein kantarik edo rapsodak Homeroren inguruan zekien guztia errezitatu behar zuela atenastar eskribauentzat, bertsio bakoitza erregistra zezaten eta orduz geroztik Iliada eta Odisea deitu ziren haietan bil zitzaten. Solon eta beste zientzialari batzuek ―nahiz eta Pisistratoren aurka egin hauteskunde kanpainan― lan hartan parte hartu zuten. Tiranoaren seme Hiparkok eskuizkribua urtero Panateneak festan errezitatzeko agindu zuen, Platoni egotzitako Hiparko elkarrizketaren arabera.[51]
Testu homerikoak pergaminozko edo papirozko biribilkietan idazten eta irakurtzen ziren, hau da, volumina izeneko bilkaritan. Zoritxarrez, halako bilkari bat bera ere ez da guztiz kontserbatu. Egipton aurkitutako zatiak baino ez dira geratzen, eta horietako batzuk K.a. III. mendekoak baino ez dira. Horietako batek, IX. eta X. kantuak dituena, erakusten du, ordura arte uste zenaren aurkara:[52]
Berehala, testu homerikoen edizio kritiko batean lan egiten lehenak Alexandriako gramatikariak izan ziren. Zenodoto (antzinako grezieraz: Ζηνόδοτος, Zênódotos) Alexandriako Liburutegiko lehen liburuzainak deszifratze lanari ekin zion, eta bere ondorengo Aristofanes Bizantziokoak testuaren puntuazioa ezarri zuen. Aristarko Samotraziakoak, berriz, Iliada-ren eta Odisea-ren iruzkinak idatzi zituen, eta ongi bereizten saiatu zen zein ziren, alde batetik, Pisistratoren mendeko garaian ezarritako testu atikoa; eta, bestetik, gehikuntza helenistikoak.[53]
III. mendean, erromatarrek kodex izeneko liburua zabaldu zuten Mediterraneoko arroan, hau da, gaur egun ezagutzen den liburu josia. Forma horretan ezagutzen diren eskuizkribu homeriko zaharrenak X. mendekoak dira eta bizantziar lantegiek eginak dira. Hori da Venetus 454A eskuizkribuaren kasua,[54] gaur egun dagoen eskuizkribu onenetarikoa, aukera eman ziona, 1788an Jean-Baptiste-Gaspard de Ansse de Villoison frantses helenistari Iliada-ren edizio onenetarikoa ezartzeko.[55] XII. mendean, Eustazio Tesalonikako jakintsuak alexandriarren iruzkin guztiak bildu zituen.[56] Aristarko Samotraziakoak ezarritako 874 zuzenketetatik, 80 baino ez zituen gorde. 1488an, bi obra homerikoen princeps bertsioa Florentzian inprimatu zen.[57]
Homeroren hizkuntza epikoa da, K.a. VIII. mendean jada arkaikoa zena, are eta zaharkituagoa testua finkatu zenean, K.a. VI. mendean. Bestalde, une hori baino lehenago, arkaismo batzuk ordezkatu zituzten, molde atikoak erabiliz.[58][59]
Hexametro daktilikoaren metrikak aukera ematen du batzuetan hasierako formak berreskuratzeko eta zenbait molde azaltzeko. Horixe da vau letraren kasua (Ϝ, ϝ ), K.a. 1. milurtekoan dialekto gehienetan desagertutako fonema. Homerok eskantsio arrazoiengatik erabiltzen zuen oraindik, nahiz eta ez bazen ez idazten ez ahoskatzen. Horrelakoa da Iliada-ren I. kantuko 108. bertsoaren kasua:
« | ἐσθλὸν δ’ οὔτέ τί πω [Ϝ]εἶπες [Ϝ]έπος οὔτ’ ἐτέλεσσας | » |
Bi genitibo (arkaikoa -οιο eta modernoa -ου) edo bi datibo pluralen (-οισι eta -οις) aldi berean erabiltzeak erakusten du aedoak forma arkaiko eta modernoak txandakatzen zituela: «hizkuntza homerikoa garai ezberdinetako formen nahasketa bat da, inoiz elkarrekin erabili ez direnak eta haien konbinazioa askatasun huts baten mende dagoena».[60]
Are gehiago, hizkuntza homerikoak dialekto ezberdinak uztartzen ditu. Ukitu atikoak bazter daitezke, testua finkatzean egindako eraldaketak. Bi dialekto handi geratzen dira, joniera eta eolikoa, ezaugarri batzuk nabariak baitira irakurlearentzat: adibidez, jonierak êta (η) bat erabiltzen du, jonierak eta atikoak alfa luze bat (ᾱ) erabiltzen duten lekuan; hortik datoz «Atene» edo «Here» izenak, «Atena» eta Hera klasikoen ordez. Bi dialektoen bizikidetza hori zenbait arrazoiren bitartez azal daiteke:
Izan ere, Homeroren dialektoa hizkuntza konposatua da, poetentzat bakarrik existitu dena eta inoiz benetan hitz egin ez dena, eta horrek areagotu egiten du epopeiak eguneroko errealitatearekin sortutako haustura. Geroago, Homero baino askoz geroago, autore greziarrek homerismo horiek imitatu zituzten, hain zuzen ere espiritu literario baten itxurak egiteko.[61]
Obra homerikoaren interpretazio edo azalpen bat da Homeroren exegesi alegorikoa. Ideia batean oinarritzen da: poetak ez zuen bere pentsamendua esplizituki adierazi, baizik kontakizun mitologikoen atzean ezkutatu zuen, hizkuntza enigmatiko edo alusibo bat erabiliz.[62]
Exegesi alegorikoaren formarik zaharrenak (ἄλλος / állos, «beste», eta ἀγοράομαι / agoráomai, «jendaurrean hitz egin», poetak argi eta garbi adierazten ez duena beste hitz batzuetan esatea) eta, aldi berean, Homeroren testuan konstanteenak nahi du Homeroren testuetatik ikaspen fisiko bat ateratzea, hau da, naturari (φύσις / phúsis) lotua eta bertan gertatzen diren fenomeno guztiei. Maizenik maila fisikoko irakaspen bat da, eta Proklok, interpretazio alegorikoa definituz, azaldu zuen: «fenomeno fisikoak bihurtzen dira mitoetan ezkutatutako esanahien azken objektu».[63]
Exegesi alegoriko teologiko edo mistiko bat ere defini daiteke, jainkoei eta misterio erlijiosoei buruzkoa. Baina askotan exegesi fisikoarekin estuki lotuta dago, jainkoak entitate naturalekin parekatzen baitira, edo naturan eragiten baitute.[63] Azkenik, bada exegesi alegoriko historiko eta etiko (edo moralizatzaile) bat ere, geroago eta gutxiagotan azaldu izan dena.
Homeroren interpretazio alegorikoak, ia filosofo guztiek egindakoa izan denez Antzinarotik, azkenean 2.500 urteko aldia hartzen du gutxienez. Exegesi fisikoa, Iliada-ren eta Odisea-ren egileari ez ezik, antzinako greziar eta latindar poeta handiei ere aplikatu bazaie ere ―Hesiodo, Virgilio eta Ovidio, besteak beste― baina Homerorena da, luzaz, testigantza idatziei dagokienez ugariena.
Aedoa era alegorikoan aipatu zuten rapsodek, filosofo presokratikoek (Tales, Anaxagoras, Xenofanes, Heraklito, Enpedokles, Demokrito eta abar), pitagoriko eta neo-pitagorikoek (Porifrio), platonikoek (Plutarko) eta neoplatonikoek (Platon, Janbliko, Proklo eta Hermias Alexandriakoa), Epikurok eta haren jarraitzaileek, estoikoek (Kleantes), eta Antzinaroko beste greziar eta latindar egile askok, aipatutako uhin filosofikoen parte izan gabe, Homeroren exegesi fisiko-teologikoaren laginak ematen dituztenak (Aristoteles, Zizeron, Makrobio, Heraklito), bizantziarrak (Psellos, Eustato Tesalonikakoa, Gemistos Pleton), baita antzinako kristau autoreak (Klemente Alexandriakoa, Hipolito Erromakoa), musulmanak (Muhammad al-Shahrastani), humanistak (Rabelais, Jean Dorat), alkimista edo filosofo hermetikoak XIV. mendeaz geroztik (Petrus Bonus, Blaise de Vigenère, Giovanni Bracesco, Michael Maier), eta, azkenik, modernoak XVIII. mendeaz geroztik gaur egunera arte (Fabre du Bosquet, Antoine-Joseph Pernety, E. d'Hooghvorst).
Antzinaroko autoreek uste izan zuten Homerok gertaera historikoetan oinarrituta egin zituela bere konposizioak, eta Troiako Gerra benetan gertatu zela. aintzat hartzen zuten Ulisesek Demodoko aedoari egindako oharkizuna:
« | Artez abesten duzu greziarren zoria, Argostarrek egin, pairatu eta izandako neke guztiak, |
» |
Berehala, zibilizazio horri buruzko aurkikuntzek (lehenik, B lineala idazketa sistema deszifratzeak) zalantzan jarri zuten tesi hori: gizarte akaiarrak antz handiagoa zuen zibilizazio mesopotamikoekin ―jaidura administratibo eta burokratiko sakonekoa―, estaturik gabeko gerlarien aristokrazia batekin baino. Jacqueline de Romilly frantses helenistak honela azaltzen zuen: «bat-batean argitara ateratako dokumentuen eta poema homerikoen edukiaren artean, ez dago lotura askoz estuagorik Errolanen kantua-ren eta garai hartako agiri notarialen artean baino».[72]
Moses Finley estatubatuar historialariak aldezten zuen hipotesia da obra homerikoan agertzen den gizartea, anakronismo batzuk kenduta, benetan existitu zela: «aro iluna» izan zen, K.a. X-IX. mendeetan, Mizenasko zibilizazioaren eta greziar hirien aroaren (K.a. VIII. mendea) hasieraren artean kokatua. Finleyk honela idatzi zuen:
« | Dena gertatzen da, beraz, bardoen jokabide arkaikoak neurri batean arrakasta lortu izan balu bezala: mizenastar gizartearen oroimen ia oro galdua zuten arren, nahiko atzeratuta zeuden beren garaian, aro iluna zehaztasunez margotu ahal izateko, hastapenetan amaieretan baino gehiago, betiere anakronismoak tartekatuz, dela mizenastar garaiko gauzak, dela ezaugarri garaikideen artean, irauten utziz.[73] | » |
Geroztik, Finleyren iritzia zalantzan jarri izan da, neurri handi batean anakronismoengatik, K.a. VIII. edo VII. mendeko ezaugarriak erakusten baitituzte. Lehenik, Iliada-k falange bat dirudienaren hiru deskribapen biltzen ditu, besteak beste:
« | Horrela egokitzen zituzten kaskoak eta ezkutu sabeldunak. Armarriak, kaskoak eta gizonak estuki ziren elkartzen, |
» |
Falangea noiz sortu ote zen eztabaidapean den arren, historialari gehienek K.a. 670eko hamarkadan kokatzen dute.[74]
Gurdiak modu inkoherentean erabiltzen dira: heroiak gurdian irteten dira, baina bertatik jaisten dira, oinez borrokatzeko. Poetak badaki mizenastarrek gurdiak erabiltzen zituztela, baina une hartan ez zuen haien erabilera ezagutzen (gurdien arteko borroka, ezten hagak...). Gurdien erabilera aurkezten du zaldienetatik kopiatuta (zaldiz gudu lekuraino, gero, borroka oinez).
Brontze Aro betean gertatzen da kontakizuna, eta heroien armak metal horretakoak eginak dira. Baina Homerok «burdinazko bihotza» ematen die bere heroiei, eta Odisea-n burdinazko aizkora batek forjan egindako zarataz hitz egiten du.[75]
Garai ezberdinetatik sortutako usadio horiek erakusten dute, Homeroren hizkuntzak bezala, mundu homerikoa ez zela inoiz existitu deskribatzen den bezala. Mundu konposatu eta poetiko bat da, Ulisesen bidaiaren geografia den bezala.
William Shakespeare entseguan, Victor Hugok idatzi zuen: Mundua sortzen da, Homerok kantatu egiten du. Egunsenti horren txoria da.[76]
Poeta itsuaren irudiaren jatorrian dago Homero, zalantza gabe, itsutasunaren gaitza jenio poetikoak berdintzen baitu. Hori dela eta, zenbait poeta eta idazle ospetsu hurbildu izan dira Homerorengana, itsutasuna dela medio. Hala izan ziren, besteak beste, John Milton, Paradise Lost epopeiaren egilea, edo Jorge Luis Borges argentinar idazle eta poeta.
Luziano Samosatakoak Homero agertu zuen bere elkarrizketa askotan. Adibidez, Benetako Istorioak (II, 20) elkarrizketako fikziozko bidaian, Homerorekin agertzen da Fortunata Insulae uharte mitologikoetan.[77] Elkarrizketa auzi homerikoaren parodia bat da, Luzianoren garaian jada eztabaidan baitzegoen.
H dosierra eleberrian (1981), Ismail Kadarek azaltzen du Albaniara rapsoden ahozko garaiak erregistratzera iritsitako bi homerozaleren istorioa, horrela auzi homerikoa argituko zutelakoan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.