Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Espainiako historia egungo estatu horretako lurraldeak eta herriek denboran izan duten bilakaeraren azalpena eta narrazioa da. Egungo lehen gizakiak Iberiar penintsulara iritsi zirenean hasten da, Historiaurrean. Espainiako estatua, baina, Erdi Aroaren amaieran hasi zen eratzen, Gaztelako Isabel erreginaren eta Aragoiko Fernando II.aren erregealditik aurrera. Epe horretan, zenbait erresuma elkartu (Gaztelako Koroa eta Aragoiko Koroa) eta beste batzuk inbaditu ziren: Nafarroako Erresuma (1512) eta Granadako Erresuma (1491).
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Espainiako historia |
Historiaurrea eta Antzin Aroa |
|
Erdi Aroa |
Aroa Modernoa |
|
Aro Garaikidea |
Diktadura |
Oraina |
|
Gizakiaren arbasoak lehen aldiz duela gutxienez 1.200.000 urte agertu ziren Iberiar penintsulan, Burgosko Atapuerca aztarnategian aurkitu diren arrastoen arabera. Gizaki honi Homo antecessor izena eman diote[1]. Geroago, duela 60.000 urte, Neanderthal gizakia agertu zen, lehen aztarnak Gibraltar inguruan. Lehen Homo Sapiens gizakiak duela 40.000 urte agertu ziren, herri aurre-indoeuroparren arbasoak direnak, beste gizaki espezieak iraungi baitziren.
Goi Paleolitoan, duela 16.000 urte, Madeleine kultura garatu zen Bizkaiko Golkoaren inguruan Euskal Herrian, Asturiasen eta Kantabrian, Dordoinarekin batera. Labar-arte ezagunena Altamira leizea da (K.a. 12.000 inguru).
Neolitoan, K.a. 5.500 inguruan, Kanpai Erako Koparen kultura agertu zen. Mende hauetan metalgintza eta nekazaritza garatu egin ziren, eta monumentu megalitikoak (trikuharriak, zutarriak, harrespilak) eraikitzen hasi, Europa mendebaldeko kulturarekin bat.
K. a. 1000 urte inguruan Tartessosen itsasoko kultura garatu zen; itsasoko merkataritzak garrantzi handia izan zuen. K. a. 900. eta K. a. 800. urteetan herri zeltikoak hasi ziren Europako erdialdetik, Pirinioak gurutzatuz, Iberiar penintsulan sartzen[2].
Hispania antzinako erromatarrek Iberiar penintsulari eman zioten izena da. Bigarren Gerra Punikoarekin hasita, K. a. 218. urtean, Erroma piskanaka nagusi egin zen penintsulan hurrengo bi mendeetan zehar[3]. Bertan bi probintzia sortu zituzten Errepublika garaian, Hispania Citerior eta Hispania Ulterior. Zesar Augustok Hispania Ulterior bitan banandu zen Betika eta Lusitania, eta Hispania Citeriorri beste izen bat eman zioten, Hispania Tarraconensis. Geroago, probintzia honen mendebaldea bereiztu zen, Gallaecia izenarekin. Dioklezianok Tarraconensis berriro banandu zuen, Carthaginensis probintzia sortuz. Probintzia horiek guztiek Mauretania Tingitanarekin batera, diocesis Hispaniarum osatzen zuten, Galiako prefekturapean.
Honorio mendebaldeko erromatar enperadorearen garaian, bisigodoak Galia (412) eta Hispania (415) aldera eraman zituen Ataulfo buruzagiak, eta azken horretan sueboak, alanoak eta bandaloak uxatu zituzten sartaldera eta Ipar Afrika aldera. Erromatar Inperioaren babesarekin, bisigodoak Galia eta Hispania bitartean egokitu ziren, egungo Proventza eta Katalunian nagusiki, baina porrota izan zuten Akitaniaz eta Euskal Herriaz jabetzen saiatu zirenean.
Frankoen errege Klovisek menderatu zituen Vouilléko guduan (507). Orduan, iparralderako zerabiltzaten asmo guztiak utzi, eta Septimania nahiz Kataluniari eutsiz, Hispania barnera jo zuten, eta hiriburua Bartzelonatik Meridara eraman zuten.
Justiniano I.aren garaian, bizantziarren erasoari ezin aurre eginik, Atanagildo errege bisigodoak Andaluzia eman zien bizantziarrei (554), eta hiriburua Toledon jarri zuen (555).
Euskaldunentzat lehen zailtasun handiak Arrioren aldeko azken errege Leovigildorekin etorri ziren, 574. eta 581. urte bitartean erromatarren garaiko Hispania osoa bere mendean hartu nahi baitzuen. Galizian babesturiko sueboak garaitu zituen 585. urtean, eta bizantziarrak egotzi zituen Andaluziatik. 589an Rekaredo haren seme eta oinordeko zena katolizismora aldatu zen, eta era horretan amaiera eman zien erlijio-gatazkei.
Rezeswinto erregearen garaian (653-672), godoen eta hispano-erromatarren arteko legezko batasuna gauzatu zen, eta handik aurrera errege godo guztiak euskaldunen aurka borrokatu ziren. Pirinioez haraindiko euskaldunei esker, bisigodoek ez zuten behin ere euskaldunak beren mende edukitzea lortu, dirudienez.
711. urtean, Tarikek zuzenduta, berbereen armadak Gibraltarko itsasartea igaro zuen, oinordetza-arazoengandik bisigodoen artean sortutako gerra zibilean esku hartzeko. Beraz, VIII. mendearen hasieran musulmanak Espainia hegoaldean sartu ziren; musulmanei aurre egin ezinik, Rodrigo erregeak Guadaleteko gudua galdu zuen (711), eta urte bereko urrian Tarik ibn Ziyad arabiar buruzagia Toledon sartu zen jaun eta jabe. Lau urte geroago, arabiarrek Zaragoza hartu zuten, eta hala galdu zen betiko Hispaniako erresuma bisigodoa.
Musulmanen garaipena urte gutxitan eman zen. Guadaleteko gudua eta gero, zenbait kanpaina militar egin zituen Tarikek penintsulako hegoaldean. Bertan ez zuen aurkari askorik aurkitu. Hori ikusita, Tarikek pentsatu zuen erraz konkistatuko zuela penintsula, et Afrikako iparraldetik iritsitako errefortsuak erabiliz -arabiar gudariz osatutako errefortsuak-, armada handiago sortu zuen; Tarikek berak zuzendu zuen, Afrikako iparraldeko arabiar gobernadorearekin -Musarekin- batera.
Armada hori Toledora joan zen, monarkia bisigodoaren hiriburura, eta erraz konkistatu zuen hiria, ez baitzioten gogor aurre egin. Handik Zaragozara joan zen eta aurkari gutxi aurkitu zuen bidean. Hori 711. urtetik 716. urtera, musulmanek penintsula osoa menderatu zuten, Bizkaiko golkoko eremua eta Pirinioetako mendebaldea izan ezik.
Gudari musulmanek ez zituzten lurralde osoko eremu guztiak okupatu, oso tropa gutxi baitzituzten hori egiteko, baizik eta hiri nagusiak eta gune estrategikoak kontrolatu zituzten, eta hiri eta gune horietan ezarri zituzten tropak.
Arrazoi asko egon izan zuten zerikusia musulmanen konkista azkarrean. Hainbat eskualde gobernatzen zituzten aristokrata bisigodoek -Teodomiro (penintsulako hego-ekialdea), Casius (Zaragoza) eta abar -ituna egin zuten musulmanekin, eta haien agintepean jarri eta zergak ordaintzen hasi ziren, jauntasuna ez galtzeko eta lehenengo erlijioari eusteko. Gauza bera egin zuten juduek. Horrez gain, herritar batzuek ez zuten atsegin monarkia bisigodoa, eta inbaditzaile musulmanen alde egin zuten.
Aristokrata nagusi honek, itun honekin, musulmanen eskuetan utzi zituen momentu horretararte bisigotuenak ziren lurralde zabalak.
« | Jainko errukior eta bihozberaren izenean. Abd-al-Aziz ben Musak Teodomiro ben Cobduxi egindako idatzia.
Allahren nagusitasuna onartzen duela eta haren profetari men egiten diola kapitulatzen du, baldin eta inork ez baditu menderatzen ezta bera, ez bere senideak; inork ez dio kenduko bere jauntasuna; inork ezingo ditu hil, gatibu hartu, ez eta seme-alabengandik banandu ere; inork ez ditu behartuko erlijioz aldatzera, eta inork ez ditu erreko haien elizak; ez zaio jauntasuna kenduko, baldin eta zintzo eta leial jokatzen badu eta berarekin hitzartutakoa betetzen badu. Bere kapitulazioa zazpi hiri hauetara zabalduko da: Orihuela, Valéntila, Alacant, Mula, Begastro, Eyyo eta Lorca. Hitz ematen du ez diela babesik emango ez desertoreei, ez etsaiei; ez dituela beldurtuko gure babespean bizi direnak, eta ez dituela ezkutatuko etsaiei buruzko berriak. Berak eta senideek dinar bat, lau modio gari, lau modio garagar, lau pegar muztio egosi, lau pegar ozpin, bi pegar olio ordainduko dituzte urtean. Baina mirabeek erdia baino ez dute ordainduko. |
» |
713ko apirilaren 5a |
Granadako Erresuma lehendabizi erresuma "andalustar"ra izan zen eta, geroago, kristaua. Hiriburua Granadako hirian zuen eta erresumako azken erregea Boabdil izan zen, 1492ko urtarrilaren 2an Errege-erregina Katolikoek garaitu zuten arte.
Arabiar eta berbereak iberiar penintsulara iristean, kokaleku judu bi zeuden, Iliberis (Elvira) eta Granata izenekoak. Arabiarrek lekuari Garnat Al-Yahud (اليهود) (juduen granada) izena eman zioten.
1238. urtean Mohamed-ben-Nasr, Al-Hamar Gorria (الحمر) ezizenez ezaguna, Granadara iritsi zen eta Haizearen Oilarraren Jauregia (ondoren Alhambra izanen zena) okupatu. Bera izan zen Nazarien dinastiaren fundatzailea (horregatik Erresumari Granadako Nazari Erresuma ere baderitzo). Dinastia honek hogei sultan izan zituen. Hasieran erresuma hau Gaztelako errege-erreginen adiskidea izan zen, nahiz eta denborak aurrera egin ahala, eta Granadako Erresumaren ahuleziaren ondorioz, tributuak ordaindu behar izan zizkion independentziaren truke.
Nazarien dinastiako azken erregea Abu Abd Allah (Boabdil) izan zen. 1492an Errege-erregina Katolikoen armada Granadako ateetara iritsi zen, gaurko Santa Fe herrira. Boabdilek Errege-erregina Katolikoekin negoziatu eta Erresumaren errendizioa onartu zuen: hiria entregatu zuen bertako biztanle musulmanen ohitura eta usadioak errespetatzearen truke. Boabdilek eta bere gorteak, herritar ugarirekin batera, Granadatik alde egin zuten Afrika iparraldeko lurralde islamiarretara. Handik gutxira, Errege-erregina katolikoek akordioa urratu eta musulmanen aurkako errepresioari ekin zioten.
Errege-erregina Katolikoak Granadara sartzearekin batera, erresuma Gaztelako Koroaren erresuma bilakatu zen.
Kanariar Uharteetako konkista, 1402-1496 artean Gaztelako Koroak burututako Kanariar Uharteen konskista izan zen. Prozesu honetan bi aldi bereiztu daitezke: Jauntxoen Konkista, basailu akordio baten truk nobleziak burutua, eta Errege Konkista, jada Errege-erregina Katolikoen garaian Koroak berak zuzenean burututakoa.
1492ko urriaren 12 an Europar kolono talde batek, Kristobal Kolon buru zutela, Asiara iritsi zirela pentsatuz, Karibeko itsasoko Guanahani uhartera iristeari, Espainiako Errege Katolikoen agindupean. Historia unibertsaleko momentu gorenetariko bat dela esan ohi da, aurkikuntza hark, bortitza izan zen arren, bi giza mundu oso desberdinen topaketa ekarri zuen, ordura arte bakoitzak bere bidea jarraitu zuen bestea existitzen zela ere jakin gabe.
Kristobal Kolonek uste zuen Asiara -garai hartan Indiak- iritsi zela, eta uste horrekin utzi zuen mundua, Europarrentzat ezezaguna zen kontinente bat aurkitu zuela jakin gabe.
Amerikaren aurkikuntza hitza ez dute egokitzat jotzen Amerikar gehienek. Kolon Amerikara iritsi zenererako Amerika ia oso populatuta baitzegoen eta Amerikako bertakoek esploratuta baitzuten lurralde guztia Kolon iritsi zenerako.
Historialari batzuk Kolon Ameriketara iritsi edo espainiolak Amerikara heldu izenaz deitzea gomendatzen dute.
Aurkikuntzaren ondoren Amerikaren Kolonizazio prozesu bat eman zen Europar estatu batzuen eskutik. Europarrak teknologikoki aurreratuagoak zirela aprobetxatuz, Espainiak, Portugalek, Holandak, Ingalaterrak eta Frantziak Amerikar lurrak kolonizatu zituzten.
Karlos II.a Espainiakoak ez zuen utzi ondorengorik, beraz bere lehengusu bigarrena zen Filipe V.a Espainiakoak eskuratu zuen Espainiako koroa, 1700ean; Filipe Frantziako printzea zen. Luis Frantziakoaren eta Maria Ana Viktoria Bavariakoaren semea eta Luis XIV.a Frantziakoaren biloba zen. 1700ean errege egitean, Ondorengotzaren Gerra piztu zen, Europako beste potentziek ez zutelako ondo ikusten Borboi etxeak Espainia eta Frantzian, aldi berean, boterea izatea, eta Filipe V.a Frantziako errege izan zitekeelako ere etorkizunean. Ingalaterra, Probintzia Batuak eta Inperio Santua Karlos artxidukearen alde jarri ziren. Madrildik birritan bota zuten arren, Utrechteko bakean (1713) bere eskubideak onartu zitzaizkion. Baina gerra horren ondorioz, Espainiak Napoli, Sardinia, Toskanako Presondegiak, Espainiar Herbehereak eta Milanerria galdu zituen, eta Gibraltar eta Menorca Ingalaterraren esku geratu ziren.[4]
Aragoiko Koroaren lurraldeek bat egin zuten Karlos VI.arekin eta, zigor gisa, Filipe V.ak Oin Berriko Dekretuak sinatu zituen 1715ean. Dekretu berri honek Aragoiko Erresuma, Valentziako Erresuma, Mallorcako Erresuma eta Kataluniako Printzerriaren eskumenak eta foruak deuseztatu zituen, guztiak Gaztelaren legeen pean jarriz.[5] Aragoiko Koroaren desagertu zen, baina Nafarroak, euskal lurraldeek eta Arango haranak foruak mantendu zituzten,[6] Espainiak Frantziaren absolutismoa hartu zuen eredutzat. Espainia eta Frantziaren arteko interes gatazkak zeudenean, Filipe V.a Frantziaren alde jarri zen.[7]
Elisabet Parmakoak, Filipe V.aren emazteak, eragin handia izan zuen kanpo politikan. Bere helburu nagusia Italian galdutako lurraldeak berreskuratzea zen. 1717an Filipe V.ak Sardinia inbaditu zuen, Utrechteko Itunean Austriari eman zitzaiona. Ondoren, Sizilia inbaditu zuten. Erasoaren ondorioz Germaniako Erromatar Inperio Santuak Aliantza Hirukoitzarekin akordioa egin zuen, 1718ko Aliantza Laukoitza sortuz. Kide guztiek Espainiari eskatu zioten Sardinia eta Sizilia uzteko, eta gerran sartu ziren 1718ko abenduan. Gerrak bi urte iraun zituen, Espainiaren porrotarekin. Hagako Itunarekin amaitu ziren erasoak, eta Espainiak Italiaren gaineko aldarrikapenak egiteari uko egin zion[8]. Hala ere, Poloniako Ondorengotza Gerran Espainiak Napoli eta Siziliako Erresumak konkistatu zituen. 1748an, Austriako Ondorengotza Gerraren ondoren, Espainiaren esku geratu ziren Parmako Dukerria, Piacenza eta Guastalla[9].
Borboien botereak jarraitu zuen Fernando VI.a Espainiakoa eta Karlos III.a Espainiakoarekin. Azken honek Ilustrazioaren defendatzaile ziren ministroak hartu zituen: Leopoldo Esquilache eta Floridablancako Kondea, ekonomia nabarmen hobetuz. Britainia Handiak Frantzia Zazpi Urteko Gerran (1756-63) garaituko zuenaren beldur, Espainia Frantziarekin aliatu zen eta Portugal inbaditu zuten, Britainiar aliatua. Porrot militar segida baten ostean Parisko Ituna (1763) sinatu zuten, Florida britainiarrei emanez eta Louisiana eskuratuz Frantziatik. 1783ko Parisko Itunaren ondorioz Espainiak berriro eskuratu zuen Florida, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerraren amaieran. Tarte honetan hainbat altxamendu eta matxinada izan ziren, nabarmena Esquilacheren aurkako matxinada. Karlos IV.aren erregetzan ez ziren egon aldaketa nabarmenak, eta askok uste zuten ez zela agintzeko gai ere. Bere emaztearen maitalea zein Manuel de Godoyren eraginpean Karlos III.aren erreforma asko ezeztatu zituen. Frantziako Iraultzaren aurka Frantziako Iraultzako Gerratan parte hartu ustean, aliantza zaila egin zuen ondoren Frantziarekin, Britainiar blokeoa lortuz. Gertakari hauek Iberiar Penintsulako Gerran amaitu zuten XIX. mendearen hasieran.
Gerra hauek guztiek eta erreforma ekonomikorik eza Espainia atzean utzi zuten Industria Iraultzaren esparruan. Argien Garaia berandu eta leun iritsi zen Espainiara, 1750 inguruan. Medikuntza eta fisikan aurrerapausoak eman ziren, eta gutxi batzuk filosofian. Katolizismoak pisu handia zuen gizartean eta zaila zen bere boterea zalantzan jartzea. Benito Feijóo bezalako monjeek paper garrantzitsua izan zuten mito eta superstizioen deseraikuntzan. 1770eko hamarkadan Inkisizioa martxan jarri zuten kontserbadoreek Argien Garaiaren ideiak deusezteko[10].
1808tik 1814 arte Napoleon Bonaparteren inperioaren aurka espainiarrek egindako guda izan zen.
Cadizeko konstituzioa sortu zuten 1812.urtean.
Karlistaldiak edo Gerra Karlistak XIX. mendean Espainian gertatutako guda zibilak izan ziren. Espainiako historiografiak, oro har, hiru karlistaldi bereizi izan ditu, bigarrena deitutakoak, Matinerren Gerra, eragin, iraupen eta hedadura txikikoa izan arren.
Euskal Herrian eragin handia eduki zuten, herritar gehienek Carlos erregegaiaren alde egin baitzuten, eta Hego Euskal Herria izan zuten erdigune. Euskal Herrian, baina, bakarrik bi karlistaldiren oroitzapena gorde da, Matinerren Gerra eraginik gabea izan baitzen. Matinerren Gerra Katalunian nabarmendu zen.
1843ko azaroan Espartero erbesteratu ondoren Elisabet II.a Espainiakoari adin nagusitasuna eman zioten, hamahiru urte baino ez zituen arren. Erregealdi honetan izaera zentralista zuen estatu liberala finkatuko zen behin betiko, alderdi moderatuak izan baitzuen boterera erregealdi osoan, bi urteko progresistan izan ezik. Hego Euskal Herrian foru sistema erregimen konstituzional berrira egokitzeko negoziazioek aurrera jarraitu zuten.
1855 eta 1856an, liberalizaziorako eta atzerriko inbertsioa onartzeko lege erabakigarriak eman ziren, tartean zela Burdinbidearen Lege Orokorra. Burdinbide sarearen lehiaren abiapuntua izan zen, eta hura sustatzeko konpainia berri handiak sortu ziren: MZA eta Crédito Mobiliario (Norteko Konpainia). 1857an, Banco de Bilbao sortu zen. Finantzen kapitalismoaren garapen handiaren aldia izan zen. Ordutik eta 1936 arte, orduko espainiar elite politiko eta ekonomikoek Rothschild Etxearen eragin handia izan zuten.[11]
1868ko irailean, La Gloriosa izeneko iraultza gertatu zen, Cadizen itsas armadako Topete amiralak zuzendutako altxamenduarekin. Horri progresistak, demokratak, errepublikarrak, unionistak eta zenbait jeneral (Prim eta Francisco Serrano) lotu zitzaizkiolarik. Bai progresistek zein demokratek batzorde iraultzaileak antolatu zituzten hirietan honako eskakizunak egiteko:
Behin behineko gobernua Serrano unionistak zuzen zuen, Prim izan zuelarik gerra ministro eta errepublikarrak kanpoan geratuz. Lehen hauteskundeak gizonezkoien sufragio unibertsalaren bidez egin ziren eta progresistek, unionistek eta monarkiaren aldeko demokraten sektoreek irabazi zuten. Hego Euskal Herrian kontserbadorismoaren aldeko joera areagotu egin zen hautesle karlistek gehiengoa lortu zutenean hauteskundeetan. Garai horretan karlistak printzipio iraultzaileen aurka agertu ziren eta, bereziki, iraultzaileen antiklerikalismoaren aurka eta batasun erlijiosoaren alde.
Eratu zen gobernua berriak 1869ko Konstituzioa eman zuen, subiranotasun nazionala, botereen zatiketa, biltzeko eta elkartzeko askatasuna eta gizonen sufragio unibertsala bezalako printzipioak jaso zirelarik. Erregearen boterea legegilera uzten zuen mugaturik eta eskumen gutxiago eskaintzen zizkion. Gorteetako bi ganbarak sufragio unibertsalez aukeratuko zirela erabaki zen eta gobernuari betoa ezartzeko eskubidea eman zitzaien.
Espainiako Lehen Errepublika 1873ko otsailaren 11tik 1874ko abenduaren 29a arte Espainian izandako erregimen politikoa izan zen.
Espainiako Historiako lehen errepublika saio laburra izan zen oso, ezegonkortasun politikoa eta bortizkeria izan zituen ezaugarri. Errepublikak lau presidente izan zituen eta aldarrikatu zenetik hamaika hilabetera Pavía jeneralak estatu kolpea egin eta Errepublika unitarioa ezarri zuen, De la Torre dukearen menpean. Borboitarren berrezartzearekin amaitu zen.
Espainiako Borboien lehenengo berrezarkuntzak 1874 eta 1931 artean iraun zuen berrezarkuntza da, hots, Arsenio Martínez-Campos militarra buru zuen estatu kolpetik hasita Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu artekoa. 1874ko Borboi berrezarkuntzak Alfontso XII eta XIII.a eraman zituen erregetzara, hurrenez hurren. 1876ko Konstituzioaren jite liberaleko erregimen berriak, Canovas del Castillok diseinatu eta zuzenduak, Gobernuan txandakatzen ziren bi alderdiko sistema bat ezarri zuen, axalez bakarrik itxura demokratikoa zuen sistema klientelista. Probintzia Baskongadoetako foruak bertan behera utzi zituzten 1876an bertan, Hego Euskal Herria militarki okupatuta zegoela.
Nazioarteko sare finantzarioek estutu egin zituzten elite politiko eta ekonomikoekin zituzten harremanak, industria garapen handia gertatu ahala, burdinbidegintzaren epelean. Crédito Mobiliariok eta, bereziki, SEMIk hauspotuta, industria dinamika garrantzitsuak sortu ziren, hala nola Société Minière et Metallurgique Peñarroya, Río Tinto Company Limited konpainia indartsuak, eta Almadengo meatzeak (azken horien bidez, jabeek, Rothshild Etxeak, munduko merkurio monopolioa eskuratu zuten). Urte hauetan, egonkortasun politiko nahiko handia lortu zen.
1897ko abuztuan, Canovas del Castillo hil zuten Arrasaten, Bartzelonako langile protesten zapalkuntza latzaren ondoren. 1898an, Espainiak bere azken koloniak galdu zituen, oihartzun psikologiko handiko gertaerak. Larritu egin ziren protesta egiten zuten langileen eta Kataluniako zein Euskal Herriko mugimendu nazionalisten kontrako neurriak, aldi berean espainiar nazionalismoa harrotuz. Gobernuko txandakatze sistema bertan behera geratu zen, eta desegonkortasun aldi berri bat hasi zen. Krisi horren aurrean, espainiar nazionalismoak gora egin zuen, kutsu militarista eta autoritariokoa. Aldi berean, euskal eta kataluniar mugimendu nazionalistek indarra hartzen jarraitu zuten. Erregimenak hartu zuen joera militarista hori Afrika iparraldeko interbentzionismo politika batean gauzatu zen. 1909an, langileak Afrikako kolonietara bidaltzeko gobernuaren ahaleginak protestak astindu zituen, eta Aste Tragikoa gertatu zen Bartzelonan.
I. Mundu Gerran, Espainia neutrala izan zen, eta horrek Europako potentziak behar zituzten materialez hornitzeko modua eman zion, industria garapena sendotuz. Haren bukaeran, baina, prezio igoerek eta langileen baldintza kaskarrek protestak zirikatu zituzten, bereziki Bartzelonan, Marokoko gerrak herritarren artean eragindako haserrearen erdian. Protesta horien eraginez, Espainian zortzi orduko laneguna onartu zen legez. Langile mugimenduaren goraldiak ugazaben eta militarren erreakzio gogorra eragin zuen. Desegonkortasunak 1923ko Miguel Primo de Riveraren diktadura ekarri zuen. Espainiar militarrek areagotu egin zuten Rifeko ahalegin militarra; bertako taktika bereziki ankerrek espainiar militarismo zakarra elikatu zuten. Primo de Rivera, baina, babesak galtzen joan zen, eta Alfontso XIII.ak 1930eko urtarrilaren 28an kargugabetu egin zuen. Hurrengo urtean, ordea, errege horren beraren amaiera ekarri zuen, eta Espainiako Bigarren Errepublikaren hasiera.
Espainiako Bigarren Errepublika 1931tik 1939 arte iraun zuen erregimen politikoa izan zen, Errepublikan oinarritua. Espainiako Gerra Zibilak markatu zuen Espainiako Bigarren Errepublikaren amaiera eta Francisco Francoren diktaduraren hasiera.
Gerra haren sorburua izan zen Espainiako eskuindarrek ez zutela onartu ezker alderdien Fronte Popularrak 1936ko otsailaren 16ko hauteskunde orokorren bidez Espainiako agintea eskuratu izana. Uztailaren 17an eta 18an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka, eta Espainia bitan zatitu zen berehala. Hurrengo hiru urtean, milioi erdi bat gizabanako hil ziren: guda zelaian 300.000, eta errepresioaren ondorioz 200.000. Guda zelaietatik at egindako hilketa horietatik, 50.000 errepublikarren kontrolpeko eremuan izan ziren (faxisten estatu kolpearen ondorengo bost hilabeteko kaos hartan, ia guztiak), eta gainerako den-denak frankistek eragin zituzten. Errepublikar agintariek, beren kontrolpeko eremuan, hilketa horiek gerarazi zituzten berehala; agintari frankistek, berriz, hilketa horiek egiten lagundu zuten, aurkariak eta aurkari izan zitezkeenak hiltzea frankistek beren gobernua sendotzeko nahita erabilitako estrategia izan zen.[12]
Gerraren ondoren, Francisco Franco jeneralak bereganatu zituen estatuko aginpide guztiak, Caudillo titulua hartuta.
Gerra hark Hego Euskal Herria ere zatitu zuen. Alde batetik, eusko abertzaleak eta ezkerreko alderdiak errepublikaren alde agertu ziren. Bestetik, Euskal Herriko zenbait lekutan oso indartsu zen alderdi karlistak eskuindarren alde jo zuen, eta berehala Nafarroa eta Araba eskuindarren ondoan lerrokatu ziren. Bizkai-Gipuzkoetan Eusko Jaurlaritza eratu zen, baina urtebete geroago Mola jeneralaren indarrek militarki okupatu zuten Hego Euskal Herri osoa. Euskal Herrian, gerra hartako gertaera ezagunena Gernikako bonbardaketa izan zen. Gernika foruen ikur garrantzitsua izateak eta Picassoren Gernika margolanak eman diote ospea bonbardaketa hari.
Gerraren ondoren Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidoreak" (provincias traidoras) izendatu zituen Francok, eta ordu arte izan zuten ekonomia ituna ezeztatu zien (Arabak eta Nafarroak mantendu zuten).
Espainiako Gerra Zibila nazionalistek irabazita, Franco estatu buru izatera pasa zen, Italia eta Alemaniaren babesaz. Hasierako urteetan, miseria gorria eta disidentziaren errepresio gogorra nagusitu ziren. Errepublika garaiko hezkuntza eta administrazioko koadroak goitik behera aldatu ziren, eta erregimenarekin bat ez zetozen pertsonak baztertuak izan ziren gizartean. Erregimena gizarteko maila guztietara heldu zen, ideologia eta obedientzia estu bat ezarriz. Gerraoste latz horretan, erregimenak kartilla ezarri zuen herritarrek gutxienezko elikadura izan zezaten eta biztanleriaren kontrol mekanismo gisa. Ekonomian, autarkia politika bati ekin zion, II. Mundu Gerra amaituta nazioartean bakartuta geratu zenean. Gizarteko maila guztietan, erregimenak Espainiaren irudi estereotipatu bat ezarri zuen, oinarritzat hartuz espainiera hizkuntzaren inposizioa eta kultura desberdinen zapalketa, kontzientzia politiko bat zutenena bereziki: euskaldunak eta katalanak. Ideologikoki, II. Mundu Gerra garaiko falangismoari, Italia eta Alemaniako faxisten ildokoari, Eliza katolikoaren goraldiak hartu zion txanda frankismoaren egituretan 1945etik aurrera, eta ordu arteko nazional-katolizismoa guztiz gailendu. Elizaren eta estatuaren arteko identifikazioa ia erabatekoa zen. Etsipenak jotako gizartean, erregimenak nabarmen sustatu zituen zezenketa eta loteria nazionala, lehendabizikoa espainiartasunaren irudietako bat bihurtua.
Falangismoaren nagusigotik Elizarenera igarotzeak frankismoaren irudia zertxobait samurtu zuen nazioartera begira. Munduan Gerra Hotza sortzen ari zen unean, Espainiari rol bat egokitu zioten Estatu Batuek komunismoaren kontrako borrokan. Frankismoak komunismoaren kontrako gotorlekutzat aurkezten zuen bere burua. Aldiz, Espainian herritar ugarik, eta bereziki Hego Euskal Herriko eta Kataluniako disidentziak berehalako eraldaketak espero zituzten. Maki gerrillak artean aktibo zeuden, eta nazioarteko interbentzio militar baten zain ziren. Ardatzeko potentzien porrotarekin, herrialde aliatuak Espainian sartu edo Francoren diktadura botako zutelako oposizioko indarren esperantza hamarkada amaitzean zapuztu zen. Hala ere, Ángel Viñas historialariaren arabera, aliatuek Espainian ez esku hartzeko erabakia 1944an hartu zen, Winston Churchillek Roosevelt konbentzitu ondoren.[13] Grebak antolatu ziren 1947an eta geroago, gogor erreprimituak, baina oposizioak ez zuen lortu behar zuen indarrik Franco agintetik botatzeko. 1949an, erregimenak bere burua justifikatzeko erreferendum bat antolatu zuen, nahitaezko parte-hartzeaz eta baiezko handi batez, eta masa manifestazioak antolatu zituen erregimenaren alde. AEBko agintariak limurtzeko, agintari frankistek dirutza handiak baliatu zituzten, mesedeak erosiz. 1950ean, Espainia Nazio Batuen Erakundean onartua izan zen. 1953rako Estatu Batuak akordioak lotu zituen Espainiarekin bertan base militarrak izateko. Kartillak amaitu ziren, baina biztanleria ataka batean bizi zen, kontrabandoa (estraperloa) nagusi zen. Muga irekiera baliatuz, herritar ugarik Europara jo zuen lan bila, baina haietako asko Madrilen, Katalunian eta Euskal Herrian geratu ziren, industriaguneetan. Berezko nazio ezaugarriak zituzten lurraldeetan, emigrazio hori estatuko lurraldearen uniformizazio prozesua sustatzeko baliatu zuen erregimenak. Errepresioa latza izaten jarraitu zuen langile mugimenduaren eta nazionalismo periferikoen kontra.
Hala ere, 1957an, Estatu Batuetako presidente Eisenhowerrek Espainia bisitatu zuen, eta finkatu egin zuen Espainiako diktadurarekiko aliantza. Atzerrira irtendako herritarren dibisek dirua eraman zuten Espainiara, eta haien egoera ekonomikoa hobetu. Aldi berean, turismoa heltzen hasi zen Europatik, bereziki Mediterraneo ingurura, prezio merkeek eta eguzkiak erakarrita. Espainia atzerriko inbertsioari irekitzen hasi zitzaion. 1956an, gerra garaitik zekarren zinemetako No-Do propaganda dokumentalei, agintari frankistek RTVEren sorrera gehitu zioten: telebista. RTVEren sorreraren irudiak, baina, beste kezka larriago bat ezkutatzen zuen: ekonomiak hondoa jotzeko arriskua. Ondorioz, diktadurako aginte zirkuluetara teknokratak heldu ziren, gora ari zen zirkulu katoliko batekoak: OPUS, pragmatismoaren aldekoa. Estatuaren buruzagitzara Luis Carrero Blanco heldu zen, Francoren konfiantzazko gizona. Lehen supermerkatuak ireki ziren Madrilen eta Donostian (1957 eta 1958). Desarrollismoaren epelean, presak eraiki ziren, behin baino gehiagotan ondorio ikaragarriekin, pitzatu eta hondoratzean, adibidez, Ribadelagoko hondamendia (1959). Turismoa erabat itxuraldatzen ari zen Mediterraneoko eta bestelako ingurune batzuen fisionomia eta izaera. Europako turistek ohitura aldaketa nabarmenak eraman zituzten, erregimenaren printzipio estuekin bat ez zetozenak. Belaunaldi gazteek jarrera ausartagoak agertu zituzten erregimenaren kontra. TOP sortu zen: Tribunal de Orden Público, oposizioaren jazarpenerako eta errepresiorako. Aldi berean, bestetik, Bigarren Vatikanoko Kontzilioa urrundu egin zen Espainiako Elizaren hierarkiaren posizioetatik. 50eko hamarkada diktaduraren kontrako maki gerrillaren azken urteak izan ziren.
Landa eremuak, hala ere, pobrezia handian jarraitzen zuen, eta Espainiako hirietara lekualdatzeko mugimendua bizkortu egin zen. Industriaguneetara heldutako herritarrak txaboletan metatzen ziren eta, horren aurrean, frankismoak etxebizitzen eraikuntza programa bat jarri zuen abian. Errepideak ibilgailuz betetzen hasi ziren, artean gutxi baziren ere. 600 autoa izan zen ibilgailu izarra. Bitartean, klase ertain bat sortzen ari zen, eta horrek modua eman zuen kontsumoaren gizartea sortzeko. Ikuspegi ideologikoen eta gizartearen aldaketek agerian utzi zituen erregimen barneko mugimenduen arteko borroka, eta sistemaren barneko ustelkeria publiko egin zen zenbait kasutan. Franco diktadorea ere zahartzen ari zen, ehiza istripu bat izan zuen 1961ean, eta ondorengotzaren inguruko eztabaida piztu zen. Orduan hasi zen diktadorea errepikatzen "Dena lotuta geratu da, eta ondo lotuta" sonatua ("Todo queda atado y bien atado"). Oposizioko indarrak, Europan Espainiaren irudia samurtzen ari zela ikusita, kezkatzen hasi ziren, eta Municheko Europar Mugimenduaren IV. Biltzarrean baldintza batzuk ezarri zituzten Espainia Europar Erkidegoko erakundeetan onartzeko, 1962ko ekainean: Espainia demokrazia bat izatea. Erregimenak guztiz gaitzetsi zuen, bilkura horri "elkar hartze makurra" deituz (contubernio) eta Espainiaren izaera desberdina nabarmenduz. Ordurako, unibertsitatean, sindikatu falangistak galdu egin zuen bere indar osoa, eta desegin egin zen erakunde horietan, eta nabarmen geratu zen protesta giroa. Horien kontra ere, baina, erregimenak errepresioa latza baliatu zuen, eta tortura gogorreko kasuak eta hilketak azaleratzen hasi ziren.
1966ko urtarrilean, estatu batuar hegazkinen karga nuklearrez betetako lau bonba termonuklear erori ziren Palomaresera, Almerian; istripu larria izan zen, baina Fraga Iribarne ministroak, irudi operazio bat muntatu zuen arriskuri ez zegoela aditzera emateko. 1966an bertan, Fraga Iribarnek prentsan eta kulturan aldez aurreko zentsura kentzeko lege bat aurkeztu zuen, Prentsa Legea deitua, baina laster ikusi zen hertsapen hori itxuraldatu baizik ez zela egin. 1969rako, Espainiako etxeen bi herenek bazuten telebista bat. Irratian eta telebistan toki berezia zuten zezenketak eta futbolak, herriaren entretenigarri, marka nazionalista handi batez. Gizartean eta munduan, baina, gauzak aztoratzen ari ziren, eta errebolta giroan eta greba deialdien artean, erregimenak salbuespen egoera ezarri zuen 1968an, bereziki Hego Euskal Herria astinduz. ETAk Meliton Manzanas torturatzaile ezaguna hil zuen, eta ekinbide armatu bati ekin zion. Urtebete geroago, Francok Juan Carlos I.a printze borboia aurkeztu zuen bera hildakoan estatuburu izan zedin. 1970eko abenduan, oihartzun handia hartu zuen Burgosko Epaiketa, eta agintari frankistak koloka batean jarri zituen, nazioarteko protestak eta Erromako Elizaren distantzia zirela eta batez ere. Espainiak, bestalde, utzi egin zituen Ifni eta Ginea koloniak, eta ordurako Mendebaldeko Sahara, Ceuta eta Melilla besterik ez zituen. Erregimenak astindu gogorra hartu zuen ETAk Carrera Blanco atentatuz hil zuenean, Henry Kissingerrekin elkarrizketatu eta hurrengo egunean (1973ko abendua). Une horretan, 1973ko petrolioaren krisia hasi zen, eta inflazioa nabarmen areagotu. Irekitzen ari zela zirudien erregimenean, nabarmendu egin zen Bunker deitu izan zen talde erradikalena. Ordurako, Egoitza Santuarekin arrakala handi bat ireki zen, eta Paulo VI.a erregimena bera eskumikatzeko zorian izan zen, 1974ko neguko Añoveros auzia zela eta. Francoren azken hilabeteetan, erregimenak bere aurpegi latzena agertu zuen, eta Europako kale protestak protesta, Francok bere azken bost exekuzioak sinatu zituen 1975eko urrian.
Espainiako Trantsizioa deritzo Francoren diktaduraren amaieratik hasi eta mendebaldeko herriek demokratikotzat onartutako estatu bat izatera pasa zen arteko denbora tarteari. Espainiaren historialariek bi data jarri ohi dituzte mugarritzat: hasierakoa, 1975eko azaroaren 20a, Francisco Franco diktadorearen heriotza da, Espainiako Borboien bigarren berrezarkuntza; eta amaiera, berriz, 1982ko urriaren 28a, PSOEk Espainiako hauteskunde orokorra irabazi zuen eguna. Erregimena ez zen aldatu, itxuraldatzen joan zen pixkanaka. 1974an, Arias Navarro hasi zen Espainiako gobernu buru Carreroren ordez, baina ez zituen hasierako irekiera aurreikuspenak bete. Juan Carlos printze borboia Espainiako errege izendatu zuten, Mugimenduaren printzipioak bete eta babestea zin egin ondoren. Diktadura erregimenak Elkarte Politikoen Lege multzoa onartu zuen operazio bihurri batean, sakoneko aldaketarik gabe hauteskunde batzuen bidez demokrazia formal batera igarotzeko. Arias Navarrori Adolfo Suarezek hartu zion errelebua Espainiako gobernuan, erreformak bizkortuz. 1977ko apirilaren 9an, Alderdi Komunista (PCE) legeztatu zen, armadaren oposizio gogorraz bada ere. Horrek 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeen bidea zelaitu zuen. Bertan, Espainian hurrengo urteetan izango ziren alderdi hegemonikoak agertu ziren: UCD, erregimenaren erreformaren aldekoa, eta PSOE, ezkerretik PCE komunistari nabarmen gailenduz eta ezkerraren lidergoa hartuz. EAJk eta CIUk ere ordezkaritza nabarmena lortu zuten haien lurraldeetan.
Artean, baina, kalean handia zen erregimena irauli edo sakon aldatzearen aldeko mugimendu eta alderdien indarra. Ezkerreko erakunde armatuak agertu ziren: Euskal Herriaren eskubideen aldeko ETAz gain, Espainian GRAPOk erasoak egin zituen polizien kontra, baina gainera erregimenaren estatu segurtasun indarrek arauzkoaren mugan jokatzen zuten, eta estatuaren barnetik edo hark babestuta talde armatuak agertu ziren, bereziki Hego Euskal Herrian: ATE, BVE, Triple A eta abar. Atotxako abokatuen hilketak mugarri bat ezarri zuen Espainian, kale mobilizazio masibo batez Madrilen. Rodolfo Martín Villa zen orduan Gobernazioko ministroa. Oposizioko hainbat ordezkarik, baina ez denak, erregimenarekin izandako harremanetatik, 1978ko Espainiako Konstituzioa sortu zen, Moncloako Itunak eta gero. Hura diseinatu ondoren, onartua izan zen berrespen erreferendum bidez (bai ala ez formulaz). Ordena Publikoko Auzitegiak (TOP) Auzitegi Nazionalera aldatu zuen izena. Diktadurako jurisprudentziak balio osoa mantendu zuen. Hala ere, aurrekoarekiko haustura bat adierazteko, funtzionarioen eta delitu politikoen barkamen orokor bat eman zen, 1977ko Amnistia Legea deitu izan dena, urriaren 15ekoa. Hala ere, ETAren bi adarrek areagotu egin zituzten erregimenaren kontrako erasoak, militarrei, goi funtzionarioei zein poliziei (ETA m), baita enpresaburuei ere (ETA pm), zuzenduta. Tortura sistematikoki erabili zen Lege Antiterroristaren pean.
Urte horietako auzi nagusietako bat erregimen demokratiko berrian katalan, galiziar eta euskal herritarren estatus politiko-administratibo berria izan zen ("lurralde historikoak"). EAJk ez zuen Konstituziorako elkarrizketetan parte hartu, baina Suarezekiko harremanetan Gernikako Estatutua sortu zen, Nafarroa bazter utzita. Estatuaren deszentralizazio asimetrikoko eskema bat ondu zen. 1979ko martxoko hauteskundeetan, UCDko Adolfo Suarez hautatu zen gobernuko presidente, bere posizio politikoa sendotuz. Hala ere, Suarezek 1979ko petrolioaren bigarren krisiari aurre egin behar izan zion, ordu arteko industria astunaren egitura guztia kolokan utziz. Katalunian, CIU alderdia igo zen aginte postuetara 1980ko Kataluniako hauteskundeetan, Jordi Pujol buru zuela. Urte grisak izan ziren. ETAk erronka bota zion estatuari, astero zeuden atentatuak eta indarkeria ekintzak. Horrek eta armadako zirkulu garrantzitsutan deszentralizazioaren kontra zegoen tentsioak 1980ko otsailera eramango zuen. Otsailaren 23an, Tejerok estatu kolpe ahalegina egin zuen, armadako zirkulu batzuek babestua eta guztiz argitu gabeko Juan Carlos erregearen partaidetzaz. Kolpea ez zen aurrera atera, baina diktadurara itzultzearen beldurra zabaldu zuen; Espainiako erregea sendotuta irten zen, kolpea itzaltzen jokatu bide zuen rola zela eta. Suarezek, berriz, koloka batean ikusi zuen bere burua, eta dimisioa eman zuen. Aldi berean, deszentralizazio prozesua guztiz moteldu zen, LOAPA legearen bidez. Aldi berean, Espainiako lurralde guztiak autonomia erkidego bihurtu ziren, café para todos deitu izan den formulan: "denontzat berdina".
Leopoldo Calvo-Sotelok hartu zion errelebua. 1981eko maiatzean, olio toxikoaren pozoitze zabal bat hasi zen, Espainian krisi larri bat piztuz: 5.000 pertsona hil ziren eta askoz gehiago geratu ziren gaixo, olio industriala giza kontsumorako bideratu zenean.[14] 1982an, Munduko Futbol Txapelketa egin zen, eta horrek mundu osora zabaldu zuen Espainiaren irudia, turismoari oso lotua. UCD, baina, larri zaurituta zegoen, eta 1982ko urrian PSOE atera zen garaile hauteskunde orokorretan. Bost hilabete lehenago, baina, maiatzaren 30ean, UCDk NATO nazioarteko erakunde militarrera sartu zuen Espainia, herritar askoren oposizio aktiboaz.[15] PSOEk Europara sartzeko bidea zelaitu nahi zuen, baina bere jarrera batzuk aldatzen hasi zen gobernura heldu eta gutxira: NATOn ez sartzeko bere jarrera orain baiezkoa bihurtu zen. Lemoizko zentral nuklearraren egitasmoa bertan behera geratu zen urtetako borrokaren ondoren. RTVEn programazioak kutsu progresistagoa hartu zuen, eta 1985eko Abortuaren Legerako bidea zelaitu zen. Urte horietan, Gonzalezek Espainia Europar Ekonomia Erkidegoan sartzea negoziatu zuen. Euskal gatazkan, ETAko zati txiki batek, Euskadiko Ezkerra alderdiari lotua, armak utzi zituen, baina ETAk ekinbide armatuan jarraitu zuen. PSOEk ez zituen Guardia Zibil eta Poliziaren sakoneko egitura eta arduradun frankistak aldatu, eta buruzagi politiko berriak haiengana hurbildu zen. Ordu arte estatuari lotutako erakunde armatuek utzi egin zioten erasoak egiteari, baina trukean GAL talde armatua agertu zen 1984an.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.