From Wikipedia, the free encyclopedia
Oin Berriko Dekretuak (gaztelaniaz: Decretos de Nueva Planta, katalanez: Decrets de Nova Planta) 1707-1716 urteen artean aldarrikatu ziren dekretu multzoak dira. Filipe V.a Espainiakoak Ondorengotza Gerraren (1701-1715) ostean aldarrikatu zituen. Dekretu horien bidez, Ondorengotza Gerraren garaileak (Filipe V.a Espainiakoak) Karlos Austriako artxidukearen alde jarritako erreinuen lege zein instituzio propioak deuseztatu zituen, Monarkia Hispaniko zentralistagoa sortzeko helburuarekin, Frantzian borboitarrek egiten zuten bezala.
Monarkia Hispanikoaren baitan Karlos Austriako artxidukearen alde egondako lurraldea Aragoiko Koroa izan zen, hori zela eta, Valentziako zein Aragoiko Erresumak 1707ko ekainaren 29an, Mallorcakoak 1715eko azaroaren 28an eta Kataluniako Printzerriak 1716ko urtarrilaren 16an, foru eta erakundeak galdu zituzten. Horrela, Koroa horrek independentzia galdu zuen, Gaztelako egitura juridiko-politikoaren menpe geratuz.
Formalki, dekretuak Aragoiko eta Gaztelako Koroaren lurraldeetako Errege Auzitegien «oin berria» ezartzen zuten errege-zedula batzuk ziren.
Monarkia Hispanikoaren antolaketa Filipe V.ak ezagutzen zuenaren guztiz ezberdina zen. Berak, Frantziatik etorritako pertsona, oso zentralista zen koroa ezagutzen zuen, izan ere, Frantziak Luis XIV. erregealdian Europa gainerako monarkia konposatuek baino batasun handiagoa baitzegoen. John H. Elliotten arabera, Eguzki Erregeak halako egoera «probintzietako» eliteen gaineko patronatu-politika trebe bati eta politika- zein kultura-"frantses"-politika bati esker lortu zuen. Luis XIV. ak bere memorietan idatzi zuen bezala: «Nire lorpenek jadanik dauden lurraldekiko lotura estuagoa sendotzearren, horietan Frantziako ohiturak ezartzen saiatu nintzen». Horrek guztiak eragina izan zuen erresumaren botere absolutuan.[1]
1700ean, Austriarren Monarkia Hispanikoa, ofizialki Monarkia Katolikoa bezala ezagutzen zena, «Erresuma, Estatu eta Jaurerrietako» konglomeratu dinastikoa izaten jarraitzen zuen, aeque principaliter formularen arabera elkartuta. Formula horren azpian, erresumak elkartu ondoren, erakunde desberdintzat hartzen ziren, euren lege eta foru propioak gordetzen zituztelarik. Hau da, erregea erresuma guzti horietan bera bazen ere, modu indibidualean gobernatu behar zituen, tokain tokiko legeak eta ohiturak errespetatuz.[1]
Egoera horren ondorio nagusia errege katolikoek lurraldearen arabera botere ezberdina zeukala zen. Hori dela eta, Gaztelako Koroan ekintza-askatasun handia zuen bitartean (Komuneroen matxinada zapaldu ostean), Aragoiko Koroako printzerri zein erresumetan (baita Portugalen ere, kontuan hartu 1580 eta 1668 tartean Monarkia Hispanikoari lotuta egon zela) bere autoritatea oso mugatua zegoen, tokian tokiko lege eta instituzioen ondorioz. Horren ondorioz, Gaztelak monarkiaren gastu karga handiena bereganatzen zuen. Hala ere, monarkiaren erdigunea izateak ere onurak ekarri zizkion Gaztelari, adibidez, Indietako Inperioa atxikitua geratu zitzaion eta beste erresumek bertatik ezingo zuten etekinik lortu.[1]
XVII. mendearen hasiera, Gaztelako egoera ez zen aurreko mendekoaren berdina. Gaztelak mende osoan zehar Monarkia Hispanikoaren zama militar zein ekonomiko gehiena eutsi ostean, Monarkia Hispanikoa, Joseph Pérezek dioen bezala, "jota, diru gabe eta larrituta zegoen, mende osoan zehar egondako gerra iraunkorren ondorioz"[2]. Egoera honi Indietatik etorritako metal bitxien kantitatearen jaitsiera gehitu zitzaion eta Erregearen Ogasunean krisialdia sortu zuen, Hogeita Hamar Urteko Gerrarekin (1618-1648) nabarmenago egin zena.[2]
Testuinguru horretan murgildurik, Olivares konde-dukearen, Espainiako Filipe IV.aren balidoaren, proiektua aurki daiteke. Haren helburua monarkiaren batasun handiagoa eskuratzea zen. Proiektua ondo definitzen zuen esaldia hau zen: Multa regna, sed una lex (Erreinu asko, baina lege bakarra). Lege bakar horrek Gaztelakoari egiten zion erreferentzia noski. Horrek Austriarrek mendeetan zehar antolatutako monarkia konposatuaren eredu politikoaren berrantolaketa esan nahi zuen, erresuma ezberdinen legeak eta erakundeak bateratuz eta, modu horretan, erregearen agintea indartuz, Gaztelakoarekin batera. Proiektu hau Olivaresek Filipe IV.ari idatzitako memorial sekretu ospetsuan islatu zion, honela zioenak:[3]
Tenga Vuestra Majestad por el negocio más importante de su Monarquía, el hacerse Rey de España: quiero decir, Señor, que no se contente Vuestra Majestad con ser Rey de Portugal, de Aragón, de Valencia, Conde de Barcelona, sino que trabaje y piense, con consejo mudado y secreto, por reducir estas reinos de que se compone España al estilo y leyes de Castilla, sin ninguna diferencia, que si Vuestra Majestad lo alcanza será el Príncipe más poderoso del mundo.
Proiektu hori aurrera eramateko denbora asko behar zenez eta gerrarako dirua eta gizonak beharrezkoak zirenez, Olivaresek asmo gutxiagoko proposamen berritzaile bat aurkeztu zuen hurrengo urtean, Armen Batasuna deritzona. Monarkia hispanikoko "Erresuma, Estatu ean eta Jaurerri" guztiek, biztanleriaren eta aberastasunaren arabera, 140 000 gizoneko erreserba-armada bat eratzen lagunduko zuten. Proiektua Valentziako Erresumako Gorteek eta Aragoiko Erresumako Gorteek onartu zuten, gogorik eta beherapenik gabe, baina ez Kataluniako Gorteek. Azkenik, Katalunia eta Portugal matxinadek (1640an) Armen Batasunaren proiektuarekin amaitu zuten, eta Filipe IV.ak Olivares hiru urtez boteretik urrundu zuen. Harrezkero ez zen berriro hitz egin Monarkia Hispanikoa "bateratzeaz", batez ere Austriarrek 1668an Portugalen independentzia onartzeak ekarri zuen kolpe latzaren ostean.
Karlos II.ak testamentuan garrantzi handiko bi arau ezarri zituen, gerora Filipe V.ak ez zituenak beteko. Lehenengoa Monarkiaren «auzitegi eta gobernu modu berak» gordetzeko agindua zen, eta «bereziki gorde ditzala nire (Karlosen) erresumen legeak eta foruak, beren gobernu guztia beren kabuz administra dezaten, inongo arrazoirengatik eman gabe; izan ere, erreinu berberek horretarako duten eskubideaz gain, horren aurka jotzeko desabantaila handiak aurkitu baitira». Gainera, Filipe de Anjou «nire erresumak eta jaurerriak» bereganatzeko eta «nire menpekoek zein basailuek hura errege eta jaun natural [bezala]» onartzeko, aitorpena «nire erreinuen eta jaurerrietako legeak, foruak eta ohituren onarpenaren» ostean egin behar zen. Ez hori bakarrik, testamentuan Karlos II.ak «lege, foru, konstituzio eta ohituren» errespetuari aipamenak egiten zizkion. Joaquim Albaredaren arabera, horrek guztiak adierazten du Karlos II.aren nahia «monarkiaren planta politiko zaharraren kontserbazioa bermatzea [zela], Filipe V.aren eskutik gerta litezkeen mutazioen aurrean». Bigarren araua zen Filipek uko egin behar ziola Frantziako ondorengotzari, Espainia eta Frantziako monarkiak desberdinduak egon zitezen.[4]
Hasiera batean, Filipe V.ak testamentuaren lehen baldintza bete zuen —ez, ordea, bigarrena, Luis XIV.ak bere eskubideak Frantziako tronuari aitortu zizkionean—. 1701eko maiatzaren 8an San Jeroniako Errege Monasterioan bildurik, Gaztelako Gorteek errege aldarrikatu zuten[4]. Ondoren, irailaren 17an Aragoiko Erresumako foruak zin egiten zituen eta 1701eko urriaren 4an Katalanuniako lege nagusiak. Handik gutxira, Kataluniako Gorteak inauguratu eta kontzesio garrantzitsuak eman zituen —hala nola Uzkurtzen Auzitegia sortzea—. Modu honetan, subiranoaren eta bere menpekoen arteko harremanena indartu zen. Kataluniako erakundeek aurkeztutako memorialak gogoratu zuen bezala, «Katalunian, legeak egiten dituena erregea da gortearekin» eta «Gorteetan lege justuak ezartzen dira, erregeen justizia eta basailuen obedientzia ziurtatzeko». Bestalde, Aragoiko Erresumako Gorteak ezin izan ziren itxi, errege-erreginen presentzia ezaren ondorioz. Azkenik, Valentziako Erresumako Gorteak ez ziren ezta deitu ere egin.[4]
Filipe V.ak sartu zuen lehen erreforma Madrilgo gortean izan zen. Harcourt-eko Markes enbaxadore frantsesaren jarraibideei jarraituz, «Bulego Kontseilua» eratu zuen —Monarkiaren gobernu-organo gorena, Austriarrek ezarritako Kontseiluen gainetik—, non Luis XIV.aren aginduz, enbaxadore frantsesa ezarri zuten. Gertakari honek ikusgai utzi zuen Luis XIV. nahia: Espainiako benetako jabe bezala jardutea.[2]
Aragoiko Koroaren eta Karlos artxidukearen arteko lerrokatzeak Filipe V.aren (eta Luis XIV.aren) aholkularien artean Austriarrek osatutako monarkiaren egitura politikoaren aldaketari buruzko eztabaida ireki zuen. Testuinguru honetan Filipe V.aren aholkulari batek, Jean-Michael Amelot-ek, Aragoiko Koroako lurraldeen foru eta erakundeen abolizioa denfendatu zuen. Aragoiko Batzordeak, aldiz, honen kontra jo zuen eta halako aldaketak gerra ostean egin behar zirela defendatzen zuen, beti eta aldaketa horiek lurralde ezberdinen foruak, askatasunak eta pribilegioak mantentzen zirelarik.[4]
1705eko irailean, Bartzelona Karlos artxidukearen alde aldarrikatu zenean, Tobias de Bourk irlandarrak, Berwickeko dukearen laguntzaileak, Frantziako estatuko idazkariari idatzi zion Filipe V.ak matxinadaz baliatu behar zela esanez, "probintzietako jaun absolutuan" bilakatzeko eta lurraldeak zituen eskubideak ezabatzeko. Hura ez zen bakarra halakorik defendatzen zuena. Pertsonaia gehiago zeuden, Antonio Ibañez de la Riva, Zaragozako apezpikua, besteak beste.
1707ko apirilaren 25ean, Almansako gudan borboitarrek izandako garaipenak eta ondorengoko Valentzia eta Aragoiko erresumen konkistak erabakia azkartu zuten. Halaber, maiatzak 11ean, Berwick-eko dukea Valentziako hirian sartu zenean, hiriari Borboien boterearen inguruan lehen ohartarazpena egin zion[5]:
Este Reyno [sic] ha sido rebelde a Su Magestad [Felipe V] y ha sido conquistado, haviendo [sic] cometido contra Su Magestad una grande alevosía, y assí [sic] no tiene más privilegios ni fueros que aquellos que su Magestad quisiere conceder en adelante.
Bitartean Melchor Rafael de Macanaz-ek Olivares konde-dukeak 75 urte lehenago egindako proiektua berrartu zuen eta Madrilgo Gorteari informe bat eskaini zion, zeinaren helburua foruen abolizia lortzea zen[4]:
Con las armas en la mano todo se consigue... Si al tiempo de sujetar a los pueblos rebeldes no se les desarma y da la ley, se necesitará después de nuevas fuerzas para conseguirlo.
Maiatzako hilabete horretan bilera batean foruak errespetetatzen ez zituzten legeen aldarrikapenak adostu ziren. Gainera, maiatzaren 16ean, Luis XIV.ak foruen inguruko eztabaida honetan eskua hartu eta Ameloten postura defendatu zuen, foruak deuseztatu egin behar ziren Filipe V.aren botere absolutua finkatzeko[4]:
Una de las primeras ventajas que el rey mi nieto obtendrá sin duda de su sumisión [de los estados de la Corona de Aragón] será la de establecer allí su autoridad de manera absoluta y aniquilar todos los privilegios que sirven de pretexto a estas provincias para ser exentas a la hora de contribuir a las necesidades del Estado.
Ekainaren 15ean, Amelotek Luis XIV.ari konkistatu berriak izan ziren Aragoi eta Valentzian Gaztelako legeak ezartzeko ideia gogoratu zion, proposamenean valentziarrek eta aragoitarrek foruen galeragatik jasoko zituzten onurak azaltzen zituelarik. Ekainaren 27an Luis XIV.ak foruen kontrako jarrerarekin jarraitzen zuela adierazi zuen. Azkenean, ekainaren 29an Felipe V.ak Aragoi eta Valentziako erresumen foruak deuseztatzen zuen Oin Berriko dekretua aldarrikatu zuen. Hiru aste beranduago, hartutako erabakiarengatik zoriondu zion Luis XIV.ak[4].
1707ko ekainaren 29an Felipe V.ak Aragoi eta Valentziako erresumetako foruak eta erakundeak deuseztatzen zituen Oin Berriko Dekretua aldarrikatu zuen. Honen ondorioz, artikuluan zehar azaltzen joan den bezala, bi erresuma hauek Gaztelako legeen menpe geratu ziren. Deuseztapen prozesua uztailaren 15ean amaitu zen, Felipe V.ak Aragoiko Batzordea ezabatu zuenean, eta erabaki honen ondorioz «nire basailuen arteko desberdintasunari amaiera [eman zitzaion]»[4].
Dekretuaren aldarrikapena gerraren egoeratik sortutako neurri berritzailea baino, Olivares Konde-Dukearen proiektuaren bilakaera izan zen[6].
Valentzia eta Aroigoiko erresumen foru, eskubide eta ohituren deuseztapenak funtsezko hiru arrazoi izan zituen:
Historialari batzuen usteetan, erabilitako lehenengo eta hirugarren arrazoiak feliperen bandoaren ikuspuntutik egiazkoak ziren —ez ordea austriarren bandoaren aldetik—, aitzitik, bigarrena eztabaidagarria zen «Aragoiko Koroaren paktuak egiteko joerak erregearen subiranotasuna baldintzatzen zuen bide ezberdinak erabiliz»[4]. Hala eta guztiz ere, Oin Berriko dekretuak Valentzia eta Aragoiko erresumentzat azkeneko kolpea izan zen.
Oin Berriko dekretuak «Espainiako nire erresuma guztiak lege, usadio, tradizio eta auzitegi berberen uniformetasuna» lortzeko nahiari erantzuna eman zion. Hala, antolaketa politiko-administratibo berri bat sortu zen, Gaztelako antolaketa oinarri gisa erabilita, Frantziako monarkia absolutistaren eredu zentralista jarraitzen zuena.
1711ko apirilaren 3an, Aragoiko Erresumarako beste dekretu bat aldarrikatu zen non Aragoiko zuzenbidearen zati bat berrezartzen zen eta, honen bidez, Aragoiko Audientziari beste antolaketa edo instalazio bat ematen zitzaion, Zaragozan egoitza zuena. Bestalde, Aragoiko erresuman gaztelaniaren harrera administrazioan oso traumatikoa izan ez bazen ere, herri xehean inpaktu nabarmena izan zuen.[7]
1715eko azaroaren 28an Mallorcako Erresumako Oin Berriko Dekretua aldarrikatu zen, adeitsuagoa zena, jarrera onberoago baten ondorioz.
Kataluniako Printzerriari erreferentzia egiten ziona 1715eko urriaren 9an aldarrikatu zen lehen aldiz, eta 1716ko urtarrilaren 16ko Errege Zedulak behin-betiko egoera ezarri zuen:
Dekretuak zuzenbide zibil, penal eta prozesala Itsasoko Kontsulatuaren menpe mantendu zuen, hark betetzen zuen jurisdikzioarekin batera. Halaber, Arango haranako erregimen politiko-administratiboari ez zion eragin; hori dela eta, Kataluniako Printzerria banatu zen korregimentu berrietan ez zen sartu.
Hizkuntzari dagokionez, katalana hizkuntza ofiziala izateari uzti bazion eta erakundeetako dokumentuak nahita nahiez gaztelaniaz idatzi behar baziren ere, XVIII. mendea katalanaren defentsaren aldetik mende oso emankorra izan zen. Gramatika liburuak eta hiztegiak argitaratu ziren. Gainera, katalana beste esparruetatik ez zen baztertu, hala nola, notario-dokumentazioa zein literatura ez-ofizialean[8].
Laburbilduz, dekretuen ondorio gisa Aragoi Koroako erresumek erakunde politiko-administratiboak galdu zituzten, Valentziak izan ezik, eskubide pribatu propioa kontserbatu zuelako. Hala ere, erresumek ez zituzten lege guztiak barneratu eta, gainera, zerga-sistema ezberdin bat erabiltzen jarraitzen zuten. Hori dela eta, Kataluniak bostena ez zuen ordaindu behar.[6]
Ikusi den bezala, salbuespen batzuk egon baziren ere, Felipe V.aren nahi gorenak aurrera egin zuen eta absolutismoa ezarri zen. Lurralde ezberdinetako gorteak desegin ziren eta eskualde batzuei Gaztelako Gorteetara bertaratzeko aukera eskaini zitzaien. 1709an Gorteetan Valentzia eta Aragoiko ordezkariak aurkeztu ziren. 1724ean Kataluniakoek berdina egin zuten.
Honekin batera, udal-gobernuak hautatzeko mekanismoak aldatu egin ziren, Gaztelako arauetara egokituz[6]. Gainera, udalerri garrantzitsuak korregidore batek gobernatu beharko zituen, eta tokian-tokiko kabildoak errejidore batek[6]. Azkeneko kargu hura Aragoiko lurraldean hereditario bihurtu zen eta, beraz, XVIII. mendearen amaierarako ia kargu guztiak nobleziako kideek osatzen zituzten[6]. Tokiko battle-ak, errejidoreak laguntzen zituztenak, Auzitegiak aukeratzen zituen.
Dekretuen aldarrikapenaren ondorioz, Gaztelako Koroan berrantolaketa gauzatu zen. Errege Entzunaldiak eta Errege Kantzelaritza berrantolatu ziren eta orain probintzietan zein intendentzioetan banatu ziren, baita betiko erresuma tradizionalak desagertu ziren ere. Dekretu honen bidez polisinodia hispanikoari, Koroa osatzen zuten lurralde bakoitzeko ohitura juridikoaren errespetuan oinarritzen zen sistemari, heriotza-ukaldia eman zitzaion, nahiz eta 1812ra arte iraun zuen.
1713ko azaroaren 10ean Kontseiluaren eta bere Auzitegiaren plantari buruzko Errege Dekretua argitaratu zen, Estatuko, Gaztelako, Ogasuneko eta Indietako kontseiluak erreformatzea helburua zuena, eta 1714ean antzeko beste bat aplikatu zitzaion Gerra Kontseiluari. Oin Berriko dekretu horien ondorioz, Gaztelako Kontseilua erreformatu zen, gobernu kontseilu gisa egitura monarkikoaren organo nagusian bihurtzeko, eta gainerako kontseiluen (Gerra, Indiak, Ogasuna, Inkisizioa) eginkizunak nabarmen murriztu ziren. Hala, Gaztelako Kontseiluak lurralde-izaera espezifikoa galdu zuen, goreneko organoan bilakatuz.
1715eko ekainaren 9an Oin Berriak nahasmena sortu zuela onartu zen, eta, beraz, Gaztelako Errege Kontseilurako eta Kontseilu Gorenerako eredu tradizionala berrezarri zen, Administrazio Publikoan betidanik izan zuen zeregin nagusia izaten jarraitzen zuelarik. Lehendakaria, Gaztelako lehendakaria den aldetik, Erregearen ondorengo bigarren magistratua izango zen, Gorteetako eta Aginduen Kontseiluko buru, eta Karlos III.a arte kargua biziartekoa zen.
Bestalde, Aragoiko Koroako lurraldeetako Gorteen indargabetzearen ondorioz, Gaztelako Koroako lurralde guztiak Gorte bakar batean bildu behar ziren, Nafarroa izan ezik. Beraz, Gaztelako Gorteetan ordezkari gehiago bildu ziren.
Gaztelako erresumentzat lege horiek herrietako berezko idiosinkrasia, foru eta askatasunen baliogabetzea zekarren, baita Gaztelako Koroako lurralde guztietarako lege doktrina-corpus bakarra sortzeko aukera ere, Nafarroan eragina izango ez zuena. Are gehiago, Gaztelako Kontseilua Gaztelako Koroako (gaur egungo Espainiako) gobernu eraginkorrean bihurtu zen, Nafarroan izan ezik, 1841era arte Erresuma izateagatik eratorritako pribilegioak mantentzen zituelako.
Indiek ere dekretuen ondorioak pairatu zituzten. Lehenengo hiru dekretuek (1717 eta 1718) Granada Berriko Erregeordetza sortu, enkomienda indargabetu eta erregeordetzen, gorbernazioen zein kapitaintza orokorren barne-antolamendua aldatu zituzten.
1719an, Indietako Kontseilua aldatu zen, haren jarduna arlo judizialera murriztuz, eta Indietako Legeen ia indargabetzea ekarri zuen. Gaztelako amankomuneko zuzenbidearen lehentasuna aplikatuz, indiarren pribilegio juridikoak desagerraraziz. Horrek komunitate indigenea eragin oso kaltegarria zen izan zuen, babesgabe uzten zituelako kreoleen presioaren aurrean.
Azkenik, baliogabetu berri zen Aragoiko Koroako partaideek Amerikako merkataritzan partu hartu zezaketen. Kontuan izan behar da momentu honetara arte Amerikako merkataritza Gaztelako Koroako biztanleek bakarrik burutu zezaketela eta Kataluniako batek, adibidez, merkataritza horretan parte hartu nahi bazuen Gaztelako biztanle baten laguntza behar zuela. Dekretuen ondorioz baldintza hori desagertu zen, Katalunia Gaztelako Koroaren partea zelako.
Ondorengotza Gerraren amaierak dinastia borbonikoaren tronurapena ekarri zuen, Italia, Gibraltar, Menorca eta Herbehereetan ondasunak eta Indietako Inperioarekin merkataritzaren guztiko kontrola galtzearen truke (Utrecheko ituna). Horregatik guztiagatik, Joaquim Albaredaren aburuz, momentu honetan "espainiar gainbehera politikoak hondo jo zuen". Gainera, Filipe V.ak Karlos II.ak bere ondorengo hautatzeko ezarritako misioari huts egin zion: monarkiaren lurraldeak bere osotasunean mantentzea.[4]
Barne politikari dagokionez, Filipe V.ak Aragoiko Koroari amaiera eman zion bide militarra erabiliz, eta hura osatzen zuten eskualdeen foru eta erakunde propiak indargabetu zituen. Horren ordez, monarkia absolutista, zentralista eta uniformista ezarri zuen, Luis XIV.aren monarkia absolutuan oinarrituta. Hala, esan daiteke gailtzaile nagusiak Habsburgotarren alde zeudenak izan zirela, Austriarren dinastia eta Monarkia Hispaniko "federala" defendatzen zuten horiek.[4]
Ricardo Garcia Cárcel historialariaren aburuz, borboitarren garaipenak eta Oin Berriko Dekretuen aldarrikapenak "Espainia bertikalaren garaipena" ekarri zuen, zeinaren ardatz nagusia Gaztela zen. Erabaki honen inguruan eraikiko zen Espainiako identitate nazionala mende bat beranduago. Modu honetan, Borboitarrak Gaztelako Koroara iristeak erabateko aldaketa ekarri zuen Monarkia Hispanikoaren ikusmoldean. Errege Katolikoek Gisandoko Zezenen bigarren Ituna sinatu zutenetik, Monarkia Hispanikoko errege guztiek beren erresuma zein printzerriekin in persona regis bildu behar ziren, tokian-tokiko berezitasun juridiko eta gobernu berezitasunak errespetatuko zituztela esanez. Bereizitasun horiek, aldaketekin bada ere, Austriako Etxeak gorde zituen, baina Filipe V.ak gerra irabazterakoan horien kendu zituen, Nafarroako Erresuman eta euskal Probintzia Historikoetan izan ezik, zeinek foruan eta erakundeak mantendu zituzten, Borboien kausari leial eutsi baitzitzaioten.
Filipe V.ak gerra ostean gobernatzen zuen lurraldeko eskualdeen estatus juridiko eta administratiboaren aldaketari ekin zion, esan bezala, Luis XIV. antolaketa absolutista eta zentralista buruan zeukalarik. Halako programa politikoa garatzeko hurrengo helburuak ezarri zituen:
Erreforma plan hau, gainera, hurrengo irizpideek baldintzatzen zuten:
Programa asbolutista eta zentralista honen ondorioak hurrengo puntuetan argi ikus daitezke:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.