Garagar
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Garagarra (Hordeum vulgare) gramineoen familiako urteko landarea da. Gizaki zein animalientzako zereal balio ekonomiko handiko zereala da. Munduan landatutako lehen zerealetako bat izan zen, Eurasian, orain dela 10.000 urte[1]. Animaliak elikatzeko erabili da, eta, hartzidura bidez, garagardoa, whiskia eta gina egiteko zein bakarrik jateko erabiltzen da. Zopa eta erregosi askotan erabiltzen da, munduko ogia askoren oinarri da. Garagarra, normalki, malta gisa erabiltzen da.

Munduan laboratzen den laugarren zereala da, artoa, arroza eta gariaren ostean. Urtero, 144 milioi tona sortzen dira[2][3].
Garagarraren lepos makurtu da, makulua, bakulua egiten du; moztu eta jasotzeko prest dagoela dio. Euskal Herrian, isuri Mediterraneoko paisaiakoa da.[4]
Remove ads
Deskribapena
Garagarra neguko zereal gisa ezagutzen denetako zereala da, udaberriaren amaieran biltzen da (Ipar hemisferioan, ekaina edo uztailean) eta, oro har, eremu-banaketa gariaren antzekoa da. Bi garagar mota daude: neguko garagarra edo tremesina, eta Gaztelako garagarra. Tremesina da garagardogintzarako propietate onenak dituena aleen tamainan homogeneotasun handiagoa duelako. Lurzoru emankor eta drainatuetan ondo hazten da.
Landarearen sustraia faszikulatua da eta lehen eta bigarren mailako sustraiak identifikatu daitezke. Lehen mailako sustraiak erradikuluaren hazkuntzan sortzen dira, eta, landare helduan, desagertu egiten dira; orduan, bigarren mailako sustraiak garatzen dira zurtoinaren oinarritik adarkadura desberdinekin. Garagar zurtoina kanabera hutsa da, zazpi edo zortzi adabetarte dituena, diafragma nodularrak bereizita. Adabesoak luzeagoak bihurtzen dira zurtoina oin-eskualdetik hazten den heinean. Landare bakoitzaren zurtoin kopurua aldatu egiten da, eta bakoitzak arantza bat du.
Agertzen den lehenengo zurtoinari zurtoin nagusia edo lehen mailakoa deitzen zaio; eta horrek, aldi berean, galburu handiena sortzen du. Hurrengo zurtoinei, bigarren mailako, hirugarren mailako, etab. deritze.
Hostoak zorro basalez eta laminaz osatuta daude; horiek ligulaz elkartuta daude, eta bi gingil luzapen minzdun dituztenak. Hostoak zurtoinaren adabesoari lotuta daude lepoko edo pulvinus baten bidez, hostoaren oinarrian dagoen irtengune bat dena.
Landarearen infloreszentzia galburuaren formakoa da, lehen begiratuan garitik bereizten duten bizar luzeekin. Beste landare gramineoen antzekoa da, eta periantoaren murrizketa erakusten du. Babes-funtzioa glumek eta paleak egiten dute, zeinak alea estaltzen duten.
Alea ardazkara da, erdian lodiagoa eta muturretara mehetzen doana. Azalak (babestuta daudenetan) harraparietatik babesten du, eta erabilgarria da malta eta garagardogintza prozesuetan; Alearen pisuaren % 13 da, gutxi gorabehera, ale motaren, barietatearen eta landaketa-latitudearen arabera aldatuz. Babes-estaldura galtzen duten aleak ale kaltetutzat hartzen dira malta-industrian.
Garagarra bi espezie landatutakoek ordezkatzen dute batez ere: Hordeum distichum, garagardoa egiteko erabiltzen dena, eta Hordeum hexastichum, animalien pentsu gisa erabiltzen dena; Bi espezieak Hordeum vulgare sp. vulgare izenaren pean multzoka daitezke.
Remove ads
Historia
Garagarra izan zen Ilgora Emankorran etxekotuta lehen zerealetako bat, Mendebaldeko Asian ur kopuru erlatiboki handia duen eremua. Nilo ibaiaren arroan ere etxekotu zen, Egiptoko inguruetan[5]. Garagarra eta garia aldi berean etxekotu ziren[6]. Garagar basatia (H. vulgare sssp. spontaneum) Ipar Afrikatik Kretara aurki daiteke mendebaldean eta Tibeteraino ekialdean[1]. Ikerlari batzuen arabera, garagar basatiaren lehen aurkikuntza arkeologikoa Ohalo IIko Epipaleolitotik dator, Galileako itsasoan. Aztarna horiek K.a. 8500. urtekoak dira[1]. Beste batzuen ustez, ebidentziarik zaharrena gaur egungo Irakeko Jarmo gune kurdutik letorke. Hordeum vulgareren lehen aldeak erdialdeko Asiatik sartuko ziren India, Persia, Mesopotamia, Siria eta Egiptora[7]. Garagar etxekoturik zaharrena zeramika aurreko Neolitoko guneetan aurkitu dira, Tell Abu Hureyrako sedimentuetan, gaur egungo Sirian. K.a. 4200. urtean jada garagarra landatzen zen Finlandiako ekialdean[8], eta Grezia eta Italiara iritsi zen K.a. IV. mendean[7]. Koreako penintsulara Mumun Zeramika Aro goiztiarrean heldu zen, K.a. 1500 eta 850 artean, artatxikia, garia eta lekaleekin batera[9].
Garagarra hainbat aldiz aipatzen da Rigvedan (Yava izena zuen sanskrito klasikoan eta vedikoan) eta bestelako Indiako idazkietan, bertako labore nagusien artean[10]. Brontze Aroko Indus haraneko zibilizazioak ere erein zuela uste da, orain dela 5.700 eta 3.300 urte artean.
Jared Diamondek egindako teoriaren arabera, garagarra eta beste zereal eta animaliak Eurasian etxekotu izanak garrantzia berezia izan du hurrengo 13.000 urteetan; zibilizazio horiek abantaila izan zuten, eta beste batzuk konkistatzeko aukera gehiago izan zituzten[11].
Garagarrarekin egindako garagardoa izan zen, ziurrenik, Neolitoan gizakiek sortutako lehenengo[12] edari alkoholduna. Gainera, denbora luzez, txanpon gisa erabili zen[12]. Garagar esateko sumerrerazko antzinako hitza še-eštub zen (sumerreraz: 𒊺𒄞) eta akkadieraz arsuppu[13]. Mesopotamian, garagar erramu bat zen Shala jainkosaren sinboloa[14]. Gariarekin batera, antzinako Egiptoko zereal garrantzitsuena zen, eta ogia zein garagardoa egiteko erabiltzen zen. Garagarra deitzeko jt hitz erabiltzen zuten (hipotetikoki "it" ahoskatua); šma (hipotetiko "XI-ma" ahoskatua) Egipto garaiko garagarraren izena zen, eta herrialdeko sinboloa zen.
Deuteronomioaren arabera[15], garagarra da Kanaaneko agindutako lurraldearen emankortasuna ezartzen duen «Zazpi Espezie»etako bat, eta, Pentateukoan[16], paper garrantzitsua ematen zaio israeliten sakrifizioetan. Garrantzi erlijioso hori Erdi Aroan zehar hedatu zen Europan, eta garagarra justiziarekin lotu zen alfitomantziaren bidez.
Linear Bko oholtxoetan agertzen da langileei garagarrean ordaintzen zitzaiela Knosos eta Pilosen. Grezian, Eleusiniar Mesterioen hasierako basean, garagarrari garrantzia handia ematen zitzaion. Kykeon edo iniziatuentzako edariak, izan ere, garagarra eta hainbat belar zituen. Praktika horretan, garagarra prestatzen zen malta sortu eta alkohol pixka bat sortzeko edarian. Pliniok aipatu zuen gladiadoreei hordearii izeneko janaria ematen zitzaiela, «garagar-jaleak». Hala ere, Erroman, garia erabiltzen zela aipatu zuen[17].
Tibeten, garagarra oinarrizko elikagai bat da V. mendetik. Klima epelak gordetzea ahalbidetzen du, eta, horren ondorioz, armada handiak sortzeko aukera izan zuten[18]. Bertan, tsampa izeneko irina sortzen da, oinarrizkoa Tibeteko gastronomian. Irin hori gurinarekin nahasten da bola txikietan kontsumitzen den masa bat sortuz[19].
Europako Erdi Aroan, garagarra edo zekalearekin egindako ogia nekazarien janaria zen, eta garizko ogia klase dominanteak erabiltzen zuen. XIX. mendean, patatak garrantzia kendu zion garagarrari ekialdeko Europan[20].
Remove ads
Garagar motak
Landatzen diren moten artean daude:
- Neguko garagarrak, -15 °C-erainoko hotzarekiko erresistentea, bi ale ilara dituzten galburu lauak izan ditzaketenak (galburu horiei ilara deritze), edo sei ale ilara izan ditzaketen galburu zilindrikoak. Neguko garagar motak irailaren amaieran edo urriaren hasieran ereiten dira, negua hasi baino lehen ondo finkatuta egon behar baitira.
- Udaberriko garagarrak, izozteekiko sentikorrak eta hazkuntza-ziklo laburragoa dutenak, otsailean-martxoan ereiten dira.
Ale biribildua eta luzerako marra batez markatua «azalik gabe» (osorik) edo «perlatan» (leundua eta findua) aurkezten da.
Europan hazten diren mota batzuk dira:
- Negukoak eta 2 ilarakoak: Amillis, Augusta, Campanile, Fuga, KWS Cassia...
- Negukoak eta 2 ilarakoak garagardotarako: Arcadia, Astrid, Malicorne, Vanessa...
- Negukoak eta 6 ilarakoak garagardotarako: Amistar, Atencion, Etincelle, Isocel KWS Tonic, Passerel, Touareg...
- Udaberrikoak eta 2 ilarakoak: Bérénice, Galaxis, KWS Dante, Marigold, Yvette...
- Udaberrikoak eta 2 ilarakoak garagardotarako: Arcadia, Astoria, Béatrix, Brennus, Danielle, Explorer, KWS Fabienne, Névada...
- Neguko hibridoak eta 6 ilarakoak: Bagoo, Hobbit, Smooth...
1.300 garagar mota baino gehiago daude erregistratuta Europako katalogoan[21].
Espainian, Espainiako Laborantza Estentsiboen Aldaera Berrien Ebaluazio Taldeak[22] zereal mota desberdinekin ikerketak egiten ditu, eta, horien artean, garagar mota berri ugari daude. Zentzu honetan, Aula Dei Estazio Esperimentalak egindako aitzindari lana azpimarratzea merezi du, non 1970eko hamarkadan asko landu zen Albacete garagarra mota garatu baitzen[23].
Era berean, Latinoamerikako zenbait herrialdetan, hala nola Mexikon (ainoarekiko erresistentea den «Esmeralda»[24] motarekin), Argentinan (non Q. Carisma[25]) izeneko mota aipatzen den) eta Bolivian[26], eskualde bakoitzeko lurzoru eta klima-baldintzetara egokitutako garagar mota lokalak garatzen ari dira.
Garagarra hazten den munduko beste herrialde batzuetan, egoera antzekoa da, estatuko erakunde publikoek zein hautatutako haziak merkaturatzera dedikatzen diren enpresek sustatutako mota ugarirekin, berezitasun batekin, batzuetan garagardotegiek ere esku hartzen dutela beren jarduerarako barietate egokienak garatzen. Horrela, mota hauek aipa ditzakegu: Bere (Eskozian whiskia ekoizteko garatua; Betzes (Poloniatik ekarritakoa, eta, 1958an, AEBra sartua)[27]; Centennial (Albertako Unibertsitateak garatutako Kanadako mota); Cyclon (Errusian landutako mota, Errusiako eta Alemaniako neguko moten hibridoa)[28]; Diamant (X izpiak erabiliz sortutako errendimendu handiko Txekiako mota mutantea); Drummond (2000. urtean, AEBn garatutako mota oso gogorra); Golden Promise (gamma izpiak erabiliz, Britainia Handian garatutako mota mutantea, garagardoa eta whiskia ekoizteko egokia); Highland barley (Tibeteko goi-lautadan hazten dena); Lux (Danimarkan hautatua)[29]; Maris Otter (Britainia Handiakoa, artisau garagardo ekoizleek oso estimatua); Nordal (Carlsberg[30][31] garagardotegi suediarrak 1971n garatutako mota); Pinnacle (2006an, Ipar Dakotako Nekazaritza Esperimentu Estazioak garatutako Amerikako mota); Windich (jatorriz, Australiakoa), eta Yagan (australiarra baita ere).
Remove ads
Laborantza
Garagarra oso ondo egokitzen den laborea da. Klima epeletan, oso ohikoa da udako labore gisa, eta, klima tropikaletan, neguko labore gisa. Bat eta hiru egunen artean behar ditu ernamuintzeko. Garagarra ondo hazten da klima hotzetan, baina ez da partikularki neguko laborea.
Lurzoruaren gazitasunari, tolerantzia handiagoa dio gariak baino, eta, horregatik, Mesopotamian, gehiago landatu zen K.a. 2. milurtekotik hona. Hala ere, ez du Triticum aestivum, Secale cereale eta Tritiosecale bezain ondo jasaten negua. Hazkuntza fase laburra du, eta, ur eskasiaren aurrean, ondo mantentzen da.
Remove ads
Munduko ekoizpena
Remove ads
Erabilera




Ekialde Hurbileko, ipar Europako (Finlandia, adibidez) eta Hego Amerikako (Kolonbia, Peru eta Ekuador, adibidez) herrialde batzuetan, oraindik ere, gizakien kontsumorako elikagai gisa erabiltzen da txigortze eta ehotze prozesu baten bidez, eta matxika da azken produktua. Hala ere, askoz ohikoagoa da maltatzea eta muztioa ekoiztea garagardoa egiteko, baita eskoziar whiskia eta herbeheretar ginebra ekoizteko destilatzea ere. Badago, halaber, zerealekin egiten den ogi mota bat: garagar ogia (batzuetan, ogi beltza ere deitzen zaio). Beste multzo txiki bat animalien pentsurako erabiltzen da, batez ere txerrientzat. Edari alkoholgabeak edo alkohol gutxikoak ere ekoizten dira, hala nola Kvas eta garagar ura.
Sendagaia
Hazia sendagai gisa ere erabiltzen da[32][33]
.
Elikagarria izateaz gain, bere propietate nagusiak hauek dira: antiespasmodikoa, apur bat astringentea, digestiboa, antipiretikoa.
Eztula narritagarria, digestio astuna, digestio-zukuen jariapenean dauden gabeziak, digestio-narritadurak eta sukar-gaixotasunak tratatzeko erabiltzen da. Zuntz edukiari esker, orokorrean, aurre egiten dio idorreriari, batez ere ale osoa erabiltzen bada.
Garagar hortxata, garagarra egostetik geratzen den ura baino ez dena, eta almidoia duena, erabilgarria da oka eta beherakoa duten pertsonen hidratazio-tratamenduan.
Bere erabilera egokia da fluidoen atxikipena duten pertsonentzat, bada, garagarrak, freskagarria izateaz gain, pixa eginarazten baitu.
Desegozketa gargarak egiteko erabiltzen da eztarriko hantura murrizteko; kataplasma gisa erabiltzen da lunbalgia, kondiloma, hantura eta tumoreak tratatzeko.[34].
Kanpoko erabilera: Garagar irina beste belar batzuekin nahasteko erabiltzen da kolpeek eragindako hantura arintzeko kataplasmak prestatzeko.
Kontraindikazioak: Saihestu garagar-irinarekiko edo garagardoarekiko alergia edo hipersentikortasun ezagunak daudenean. Zeliakoek ere saihestu beharko lukete, glutena baitu (zekalea edo garia baino kantitate txikiagoan bada ere).
Kimika
H. vulgarek ditu: fenolikoak, azido kafeikoa eta p-kumarikoa, azido ferulikoa eta 8,5'-diferulikoa; flabonoideak, katekina-7-O-glukosidoa[35], saponarina[36], katekina, prozianidina B3, prozianidina C2 eta prodelfinidina B3 eta hordenina alkaloidea.
Remove ads
Ikus, gainera
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
