Zesar Augusto
From Wikipedia, the free encyclopedia
Zesar Augusto (latinez: Gaius Iulius Caesar Octavianus; Erroma, K.a. 63ko irailaren 23a - Nola, K.o. 14ko abuztuaren 19a) lehendabiziko enperadore erromatarra izan zen, eta, askoren ustez, baita garrantzitsuena ere. Hala ere, hark princeps (printzipe) titulua (Senatarien lehenak hartu ohi zuen titulu hori) hobesten zuen, Errepublikaren ohiturei eutsi nahi baitzien. 40 urtez (K.a. 27. urtetik K.o. 14an hil zen arte[Oh 1]) Erromako botere osoa izan zuen. Augustoren erresumak gurtza inperiala hasi zuen, baita bake inperialari lotutako aroa ere, Pax Romana edo Pax Augusta; garai horretan, erromatar mundua, neurri handi batean, gatazka armatuetatik libre egon zen, hedatze-gerrez eta lau enperadoreen urteez at. Augustok ezarritako Printzerriko gobernu inperialaren sistemak III. mendeko krisialdira arte iraun zuen.
Zesar Augusto | |||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
![]() | |||||||||||||||||
ezezaguna - ezezaguna
K.a. 43 - K.a. 36
K.a. 43 - K.a. 33
K.a. 33 - K.a. 33
K.a. 27ko urtarrila - 14ko abuztuaren 19a ← baliorik ez - Tiberio →
K.a. 13 - ← Marko Emilio Lepido
| |||||||||||||||||
Bizitza | |||||||||||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | C. Octavius C.f. | ||||||||||||||||
Jaiotza | Erroma, K.a. 63ko irailaren 23a | ||||||||||||||||
Herrialdea | ![]() | ||||||||||||||||
Heriotza | Nola, 14ko abuztuaren 19a (75 urte) | ||||||||||||||||
Hobiratze lekua | Augustoren Mausoleoa | ||||||||||||||||
Heriotza modua | berezko heriotza | ||||||||||||||||
Familia | |||||||||||||||||
Aita | Gaius Octavius, Julio Zesar | ||||||||||||||||
Ama | Atia | ||||||||||||||||
Ezkontidea(k) | Livia Drusila (K.a. 37 - 14ko abuztuaren 19a) Scribonia (K.a. 40 - K.a. 38) Claudia (K.a. 42 - K.a. 40) | ||||||||||||||||
Bikotekidea(k) | |||||||||||||||||
Seme-alabak | |||||||||||||||||
Haurrideak | ikusi
| ||||||||||||||||
Familia | ikusi
| ||||||||||||||||
Leinua | Julio-Klaudiar leinu Julii Caesares (en) Octavii Rufi (en) | ||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||
Hizkuntzak | latina | ||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||
Jarduerak | Antzinako Erromako politikaria, Antzinako Erromako militarra eta agintaria | ||||||||||||||||
Gradua | imperator | ||||||||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||||||||
Erlijioa | Antzinako Erromako erlijioa | ||||||||||||||||
Gaio Octavio (Gaius Octavius) izenarekin jaioa, Augusto «gens Octavia» plebeioko zalditeria-adar zahar eta aberats bateko kide zen. Bere amaren aldeko osaba, Julio Zesar, K.a. 44. urtean erail zuten, eta, bere testamentuan, Oktavio bere seme kuttun eta oinordeko izan zen izendatua, eta, ondorioz, bere izena, ondarea eta haren legioen leialtasuna heredatu zituen. K.a. 27an, Senatuak Oktabiori Augusto cognomena erabiltzea onartu zion, eta, ondorioz, Zesar Augusto enperadore bihurtu zen (Imperator Caesar Augustus). Izan zituen izen ezberdinengatik, Oktavio deitu ohi zaio K.a. 63 eta 44 bitartean gertatutakoak izendatzeko eta Augusto K.a. 27aren ondoren gertatutakoez hitz egitean. Greziar iturrietan, Augusto Ὀκταβίος gisa ezagutzen da (erromanizatuta, «Oktavio», Oktavio euskaratua), Αὔγουστος (erromanizatuta, Kaisar, Zesar euskaratua) edo Σεβαστός (erromanizatua, Sebastós, euskaratua, errespetatua, Augustus-en itzulpen literala) testuinguruaren arabera.
Oktavio gaztea Julio Zesarren oinordeko bihurtu zen K.a. 44an, Zesar hil ondoren. Urte bat geroago, K.a. 43. urtean, Marko Antonio eta Lepidorekin batera, Bigarren Triunbiratu izenez ezagutzen zen diktadura militar bat ezarri zuen. Triunbiratu gisa, Oktaviok Erroma eta bere probintzia gehienak gobernatu zituen autokrata bat bezala[Oh 2], Aulo Hircio eta Kaio Vibio Pansa kontsulen heriotzen ondoren kontsul-boterea eskuratuz eta bere burua urtero berrautatuz. Handik denbora batera, triunbiratua apurtzen joan zen bere sortzaileen handinahiengatik: Lepido erbesteratzera behartua izan zen, Marko Antoniok, berriz, bere buruaz beste egin zuen Aktiumeko itsas guduan Oktabioren ontzidiaren (Agripak K.a. 31n zuzendua) aurka galdu ondoren.
Bigarren Triunbiratua desagertu zenean, Oktaviok Errepublikaren printzipioak berrezarri zituen, eta, ondorioz, gobernu-boterea Senatuaren mende geratu zen, nahiz eta hark, praktikan, botere autokratikoari eutsi. Urte batzuk igaro ziren erakunde errepublikano bat gobernari bakar batek nola zuzen zatekeen egitura zehatza aurkitu arte; emaitza Printzerria izenez ezagutu zen. Titulu inperiala ez zen inoiz Errepublikako diktadura erromatarraren antzeko kargutzat hartu, lehenago Zesarrek eta Silak izan zutena; Augustok, formalki, uko egin zion kargu horri erromatar gizarteak «diktadura bere gain har zezan eskatu ondoren»[1]. Legearen arabera, Augustok Senatuak emandako botere betierekoen bilduma oso bat zeukan, plebearen tribunoari eta zentsoreari zegozkionak barne. Kontsulatua K.a. 23ra arte okupatu zuen[2].
Bestalde, botere erreala handituz joan zen bere botere ekonomikoari eta konkistetatik lortutako baliabideei esker, Erromatar Inperioaren luze-zabalean bezero harremanak sortuz[Oh 3], soldadu eta militar beterano askoren leialtasuna irabaziz, Senatuak ematen zizkion ohore eta titulu ugarien autoritate inplizitua[3] eta jendearen begirunea bereganatuz. Augustok Erromako legio gehienen gaineko zuen kontrola Senatuaren aurka erabil zitekeen mehatxu armatua zen, eta, modu horretan, Senatuaren erabakiak hertsatzea lortzen zuen. Armen erabileraren bidez senatarien oposizioa ezabatzeko botereaz, Senatua, zuen estatus subiranoarenganako, profil otzana hartzera pasa zen. Klientelismoaren, botere militarraren eta desagertutako Errepublikako karguen pilaketaren bidez, bere erregealdia hurrengo agintarientzat jarraitu beharreko eredu bihurtu zen.
Augustoren agintaldiak Pax Romana edo Pax Augusta (bere omenez) izenez ezagutzen den bake erlatiboaren aroa hasi zuen. Etengabeko muga-gerrengatik eta urtebete iraun zuen ondorengotza inperialeko gerra zibilarengatik izan ezik, Mediterraneoko gizarteak giro baketsua izan zuen bi mende baino gehiagoz. Era berean, Augustok Erromatar Inperioa izugarri hedatu zuen, Egipto, Dalmazia, Panonia, Norika eta Retia anexionatuz, bere jabetzak Afrikan hedatuz eta Hispaniaren konkista osatuz, Hala ere, Germanian zartako latza jasan zuen. Ibilbidean, bere mugak segurtatu zituen inguruko eskualdeak Erromaren mende jarriz. Gainera, Partiar Inperioarekin —auzokiderik boteretsuena— bake akordioa egin zuen bide diplomatikotik; erromatar zerga sistema eraberritu zuen; mezularitza sistema ofiziala zuten bide sareak garatu zituen; armada iraunkor bat ezarri zuen (baita itsas armada txiki bat ere), eta guardia pretoriarra sortu zuen segurtasun indar polizialekin batera, bai ordena mantentzeko, bai Erromako suteei aurre egiteko. Aipagarria da hiriaren zati handi bat bere erregealdian berreraiki zela.
Augusto K.o. 14. urtean hil zen 75 urte zituela, ziur aski arrazoi naturalengatik. Zurrumurru batzuek (neurri batean, familia inperialeko heriotzek eragindakoak) diote Livia emazteak pozoitu zuela. Oinordekoaren inguruko arazoak konpontzeko prozesu luze baten ostean, Zesar Augustoren oinordekoa Tiberio semeordea izan zen, Liviaren semea eta Juliaren (Augustoren alaba biologiko bakarraren) aurreko senarra.
Hil ondoren, Senatuak jainkotu egin zuen, ondoren erromatar herriak gurtzen zuelarik[4]. Ondare gisa, bere «Zesar» eta «Augusto» izenak ondorengo enperadore guztiek hartuko zituzten, eta, Sextilis hilari, Augusto (Abuztu) izena jarri zioten haren omenez. Era berean, lorpenak Res Gestae Divi Augusti izenez ezagutzen den dokumentu batean kontatzen dira, eta, Augustok berak eskatuta, brontzezko pilare pare batean grabatu, eta bere mausoleoaren aurrean jarri zen. Geroago, eraikin askotan zizelkatu zen, eta horietako askok zutik diraute. Hala ere, historikoki, material hori ez da oso objektibotzat hartzen, eta publizitate-idazki gisa erabiltzen da gehiago, zeinaren helburua Augustoren printzerriaren ikuspegi idilikoa eskaintzea den.
Lehenbiziko urteak

Erroman jaio zen Gaius Octavius Thurinus izenarekin. Haren aita, bera bezala Gaio Oktavio izenekoa, familia errespetagarri batekoa, baina osperik gabekoa zen. Haren ama Atia, halere, Julio Zesarren iloba zen.
Zesarrek Afrikako kanpainarako hartu nahi zuen, baina gazteegia zen. Hurrengo urtean, K.a. 46an, Hispaniako frontera joaten utzi zitzaion. Hara zihoazela, itsasontzia hondoratu zen. Kide batzuekin, bazterreratu ahal izan zuen, baina etsaien eremuan. Zesarrengana iristea lortzeak harritu zuen Erromako diktadorea. Itzultzerakoan, gurdi berean joan ziren biak. Bitartean, Zesarrek testamentua isilean aldatu zuen.
Boterearen eskuratzea
Zesar hil zutenean, Oktavio Apolonia hirian (gaurko Albanian) zegoen. Testamentuan, Zesarrek bere seme eta oinordeko izendatu zuen Oktavio. Hori zela eta, Gaio Julio Zesar izena hartu zuen Oktaviok. Oktaviano ere erantsi zuen izenaren bukaeran, haren familia naturala zein zen adierazteko. Izen hori da historialariek erabiltzen dutena. Urte batzuk geroago, Marko Antoniok egotzi zion Oktavianok sexuaren truke lortu zuela oinordekoren izendapena. Suetoniok, ordea, ukatzen du akusazio hori.
K.a. 44an 18 urte baino ez zituen Oktavianok. Hori zela eta, etsaiek gutxiesten zuten. Laguntza eske, Zesarren beteranoen artean armada bat osatu zuen. Erroman, Marko Antonio eta Lepidorekin, Zesarren lagun minekin, itun bat sinatu zuen: Bigarren Triunbiratua. Bost urteko iraunarazpena izango zuen akordio honen bitartez, osatzaileek Erromako botere osoa bereganatzen zuten.
Triunbiroek Zesarren hiltzaile eta haien laguntzaileen kontrako proskripzioak hasi zituzten. 300 senatarik lurrak eta ondare guztiak galdu zituzten. Ihes egin ez zutenek, bizitza ere bai. Hasieran justizia zentzuak bultzatzen zuena, bukaeran dirua eskuratzeko era erraza eta azkarra bihurtu zen.
Marko Antoniok eta Oktavianok Bruto eta Kasioren kontra jo zuten orduan. K.a. 42an, Filipo guduan garaituta, Marko Brutok eta Kasiok haien buruaz beste egin zuten. Oktavio Erromara bueltatu zen. Marko Antonio, berriz, Egiptora. Han Kleopatra azken faraoiarekin bizitzen jarri zen, ofizialki , Oktavianoren arrebarekin ezkonduta bazen ere.
Marko Antonio ekialdeko mugan borroketan aritu zen, eta Oktavianok bere boterea bermatzen zuen Erroman. Oktavianok Marko Antonioren kontrako propaganda zabaltzeari ekin zion: egiptoar bihurtzen ari zela leporatzen baitzion. Azkenean, K.a. 32an, Marko Antoniok gerra piztu zuen. Azkar erabaki zen: Aktiumgo kostan,[5] Greziako mendebaldean, Oktavianoren itsas-armadak erabat suntsitu zituen aurkariak. Egiptora ihes eginda eta beste porrot baten ondoren, Marko Antonio eta Kleopatrak bere buruaz beste egin zuten.[6] Oktaviano Erromako buru bakarra bilakatu zen.
Oktaviano princeps bihurtzea

Aktiumgo gudua baino lehen, Inperioaren mendebaldeak fidelitate zina egin zion Oktavianori. Aktium ondoren, ekialdeak bere bidea hartu zuen. Barruko borrokek Erromako mundua ia-ia bururik gabe utzi zuen. Dagoeneko inor ez zegoen prest botere osoa edukitzeko. Oktavianok, beraz, agintea mantendu ahal izateko, zuhur jokatu behar zuen.
Haren armada pertsonala deseginda, Oktavianok kontsul postua eskuratu zuen. Horrela, legalki Erromaren buruan, armadarenean ere segi zezakeen.
Lehen urratsa
K.a. 27an, ofizialki Senatuari bueltatu zion boterea, eta Egipto ere emateko prest agertu zen. Hori jakinda, plebeioak matxinatu egin ziren. Senatariak eta Oktavianoren sustatzaileak akordio batera iritsi ziren: Oktavianok mendebaldeko erdian eta Sirian prokontsul baten boterea izango zukeen. Probintzia horietan, legioen % 70 zeuden. Senatuak Augustus eta Princeps tituluak ere eman zizkion. Augustus titulu erlijiosoa zen. Garaikideentzat, gizaki osoaren gaineko boterea adierazten zuen. Horrela Oktavianoren gerra garaia eta Augustoren bake garaia bereizten ziren. Princeps tituluak lehen hiritarra esan nahi du. Errepublikan, Estatuaren alde ongi lan egiten zutenek jasotzen zuten.
Berrikuntza arriskutsuena, ereinotzezko eta harizko koroa eramateko eskubidea izan zen. Koroa jeneral garaile bati jartzen zitzaion, garaipen horren jaia ospatzen zen bitartean. Koroa eusten zionak zera esan behar zion etengabe: «Gogoratu, hilkorra zara eta». Titulu horiek zein koroek ez zioten Augustori aparteko botererik eman. Ofizialki, Augusto ohore handiko hiritarra baino ez zen, eta bere aginte bakarra kontsulatua zen.
Senatariak beti horren zelatan zeuden. Hala ere, Marko Antoniok eta Oktaviok senatari asko proskripzio zerrendetan jarri zituzten, eta euren aldeko pertsonaiez bete zuten. Ondorioz, Senatuak ez zuen Augustoren asmoa oztopatu.
Bigarren urratsa
K.a. 23an, Augustok uko egin zion kontsulatuari. Hala ere, kontsulen imperium-a gorde zuen. Augustok eta Senatuak, orduan, bigarren hitzarmen bat egin zuten. Tribuno eta zentsoreen botereak eman zizkioten Augustori, baina ez tituluak,.Horretaz gain, moral publikoa ikuskatzeko, legeak interes publikoaren aldekoak zirela erabakitzeko, eta senatariak izendatzeko ahalmenak bereganatu zituen Augustok. Erroma hiriaren gaineko imperium bakarra ere Augustoren eskuetan zegoen. Horrek esan nahi du hiriko indar armatu guztiek men egin behar ziotela. Imperium proconsulate maius, hau da, probintzietan edozein lege aldatzeko eskubidea ere eman zioten.
K.a. 22an, Augustok ezin izan zuen kontsul postua erdietsi. K.a. 22an, 21ean eta 20an, jendea matxinatu zen, eta kontsul bakar baten izendapena baino ez zuen ahalbidetu, Augusto «herriaren defendatzailea» senatari aristokratek boteretik at utzi zutelako. Azkenean, K.a. 19an, Senatuak kontsulen ikurrak janztea baimendu zion. Horrela, kontsula izan ala ez, herriaren begien aurrean, kontsul gisa agertzen zen.
Nolanahi ere, Augustok ez zuen bere burua erregetzat aurkeztu. Jendea zuzentzen zitzaionean, princeps titulua baino ez zuen onartzen. Ohiz kanpoko boterea zeukan, baina ofizialki Senatuak eta herriak emana, eta, beraz, ofizialki, haien agintepean zegoen. Lepido hil zenean (K.a. 13an), Pontifex Maximus kargua ere hartu zuen Augustok.
Hurrengo erromatar enperadoreek Augustori eskainitako tituluak baino ez zuten hartzen. Inperioak aurrera egin ahala, ordea, titulu eta ohore guztiak bereganatu zituzten, Senatuak emandakoak izan ala ez kontuan hartu gabe. Koroa zibikoa, kontsulen ikurrak eta jeneral garaileen toga morea enperadoreen ikur bihurtu ziren, eta Bizantziar Inperioan zein mendebaldea inbaditu zuten errege germanikoek erabiliak ziren.
Agintaldia
Agintea pixkanaka legitimatuta, Augustok zuhur gobernatu zuen. Botere horren truke, 40 urteko bakea eta oparotasuna eman zuen, Pax Romana, alegia. Erromako lehen armada iraunkorra sortu zuen, eta mugetan kokatu zuen politikan parte-hartzea ekiditeko. Unitate berezi batek, Pretoriar Guardiak, hiria eta enperadorea babesten zuen.
Erromak mederatzen zituen lurrak gehitu egin ziren Augustoren agintaldian. K.a. 26tik K.a. 19 arte, Kantabriar Gerrak burutu zituen, eta Hispania osoa menderatu zuen. Iparraldean, Alpeetan sortzen ziren matxinadak kontrolatuta, muga Danubio ibairaino eraman zuen. Germaniarrak menderatzen saiatu zen, baina, Teutoburgoko oihaneko guduan izandako porrotaren ondoren (k.a. 9an), Augustok eta hurrengo enperadoreek muga Rhin ibaian kokatu zuten. Ekialdean, Armenia mendean edukita, ez zuen Partiar Inperioa eraso, eta elkarren arteko hartu-emanak adeitsuak izan ziren.
Inperio osoko aberastasuna eta armada, Erromako hiritarrak pozik mantentzeko erabili zuen. Soldaduei soldata oparoa ematen zien, eta, hiria, izugarrizko jokoak ospatzeaz gain, monumentuz bete zuen. Adreiluzko hiria marmolezko bihurtu zuen. Etxe berri bat (Curia izenekoa) eraiki zuen Senatuarentzat; eta Apolori eta Julio Zesarri tenpluak eraikin zizkion. Inperio osoan zehar bide sarea sustatu zuen Garraio Ministerioa sortzearekin. Munduko lehen suhiltzaile taldea ere osatu zuen.
Ekonomiaren aldetik, enperadore guztiek bezala, Augustok zergez bete zuen nekazaritza armadak, tenpluak eta jokoak ordaindu ahal izateko. Gerra beteranoei lurrak eman zizkien laborantza berpiztu nahian, baina Egiptotik zetorren gariaren mende zegoen Erroma. Inperioren hazkundea bukatutakoan, gerrak ekartzen zuen aberastasuna ere amaitu zen, eta ekonomiak behera egin zuen.
Erromako jainkoen gurtza biziki sustatu zuen, bereziki Apolorena. Egiptoren gaineko garaipena jainko erromatarren garaipen (egiptoarren gainean) bihurtu nahi zuen. Virgiliori, Eneida idaztea eskatu zion jatorrizko Erroma goraipatzeko. Moral publikoa ere zaindu zuen, familia, ezkontzak eta umeen jaiotzak bultzatuz. Aldi berean, prostituzioa, homosexualitatea eta adulterioa arbuiatu zituen. Horretan ez zuen arrakastarik lortu. Hori zela eta, arreba bera erbesteratu zuen.
Artea ere sustatu zuen. Literaturaren aldetik, haren babespean Horazio, Tito Livio, Ovidio eta Virgilio agertu ziren. Horren truke, Augustoren gustuek eutsi eta goraipatu behar izan zuten. Ovidio kode moralak hausteagatik erbesteratu zuen.
Baten batek Errepublikaren alde jotzen zuen sekretuan. Augustok jokoak erabili zituen bera eta bere familia goraipatzeko, eta ia-ia Erroma osoko onespena lortu zuen. Hil zenerako, Errepublikako sistemara itzultzea irudiezina zen. Galdera bakarra oinordekoren izena zen.
Ondorengotza
Augustoren boterea hain zen handia, non oinordeko izendatu ahal izan zuen, Errepublika sortu zenetik ahaztutako ohitura. Hasiera batean, haren iloba Martzelo izango zela ematen zuen. Hala ere, Martzelo pozoiturik hil zen K.a. 23an. Pozoitze hori (eta beste batzuk) Livia Drusila Augustoren emazteari leporatzeak ez dauka oinarri sendo nahikorik.
Martzeloren alaba Agriparekin, bere eskuineko eskuarekin, ezkondu zuen Augustok orduan. Bost seme-alaba izan zituzten: Gaio Zesar, Luzio Zesar, Vipsania Julia, Agripina, eta Postumo Agripa. Augustok lehenengo biak, oinordekoak egin nahian, semetzat hartu zituen. Haren semeordearen alde ere, (Livia Drusilaren lehen ezkontzako semeak, Druso eta Tiberio) jokatu zuen Augustok, biek Germaniako zati handiak menderatu ostean.
Agripa, K.a. 12an hil zenean, Tiberio bere emazteaz dibortziatu zen, eta Agriparen alargunarekin ezkondu zen. Tribunoren botereak partekatu zituen Augustorekin, baina erretiroa hartu zuen. Agriparen bi seme zaharren (K.o. 2 eta 4an) eta bere anaia Drusoren (K.a. 9an) heriotzen ondoren, Tiberio Erromara bueltatu zen, eta Augustok semetzat hartu zuen.
K.o. 14ko abuztuaren 19an, Augusto hil zenerako, Postumo Agripa eta Tiberio oinordekoak ziren. Dena den, handik laster Postumo hil zen. Ez da ezagutzen hilketa hori nork agindu zuen. Kontua da Tiberiok ez zuela inolako arazorik bere ugazaitaren botere berberak eskuratzeko.
Augustoren ondarea

Augustoren erregealdiak, Erromatar Inperioa sendotzeko balio izan zuen, ehunka urte iraungo zuen erregimena bere gainbehera eta erortzeraino. bere adopzio-izena, Zesar, zein Augusto titulua, lau mendez erromatar inperioa gobernatu zutenen titulu bihurtu ziren, bai mendebaldean, bai ekialdean, eta XV. mendean ere erabiltzen ziren Konstantinoplan. Zesar, hizkuntza askotan, enperadorearen sinonimo bihurtu zen. Tsar titulua (errusieraz, «Царь» —Tsar'— «Цесарь» edo Zesar-etik eratorria) edo Kaiser (alemanez, Kaiser) Zesar izenetik eratorriak dira, eta XX. mendera arte jarraitu ziren erabiltzen. Augusto hil, 14ko irailaren 19an, eta denbora gutxira, jainkotu egin zuten (consecratio) eta jainkotzat gurtua izan zen. Augusto jainkozkoaren gurtzak jarraitu zuen Erromatar Inperioko erlijio ofiziala Teodosio I.ak kristautasunera aldatu zuen arte, IV. mendean. Bere ondarearen garrantzia da bere omenez eraikitako estatua eta busto kopuru handia, baita mausoleoa ere, zeinak, jatorrian, Augustoren bizitzarekin Res Gestae Divi Augusti izeneko brontzezko zutabeak zituen[7]. Testu horren kopia asko, Erromatar Inperio zabalean inskribatu ziren hil ondoren[8], grezierarako itzulpenekin leku askotan eta eraikin publikoetan, adibidez, Ankarako tenpluan[9].
Hala ere, Augustok idatzitako lan gutxik iraun dute. Gure egunetara iritsi direnen artean daude Sizilia, Epifanio eta Ajax poemak, 13 tomotako autobiografia bat, tratatu filosofiko bat eta Marko Junio Brutoren Katonen Gorazarreari buru egiten dion testu bat[10]. Historialariek Augustok idatzitako eta beste pertsona batzuei zuzendutako gutun batzuk ere erabili dituzte bere bizitza pertsonalari buruzko datu gehigarri batzuk lortzeko[11][12].
Askok Erromako enperadorerik handientzat jotzen dute Augusto; haren politikek Erromatar Inperioaren bizitza hedatu zuten, eta Pax Augusta izenez ere ezagutzen den Pax Romana hasi zuten. Bizkorra zen, erabakigarria, eta politikari argia, baina, agian, ez Julio Zesar bezain karismatikoa, eta, batzuetan, bere hirugarren emaztearen, Liviaren, eraginpean hartu zituen erabakiak. Ondorioz, Augustok ez du bere aurrekoak adina izen onik, eta, sarritan, lehenengoarekin nahasten da. Hala ere, bere ondareak, denboran, gehiago iraun zuela erakutsi zuen. Adibide gisa, Erroma hiria erabat eraldatu zela Augustoren agintepean aipa daiteke.

Lehen indar polizial eta suhiltzaile instituzionalizatuak sortu ziren udal prefeta kargu iraunkor gisa ezarriz[13]. Polizia-indarra bostehun gizoneko multzotan banatu zen, eta suhiltzaile-indarrak bostehun eta mila arteko gizonekoak izatera iritsi ziren, hiriko hamalau sektoreri esleitutako zazpi unitaterekin[13]. Erromako poliziaren eta suteen aurkako zaintzako kidegoen agintari zuzen gisa praefectus vigilum (zaintzako prefektua) bat izendatu zen[14]. Gainera, Erromako gerra zibilak amaitu ondoren, Augustok armada profesional bat sortu ahal izan zuen Erromatar Inperioarentzat, hogeita zortzi legioz osatua ehun eta hirurogeita hamar mila soldadu ingururekin[15]. Armada bostehun soldaduko tropa laguntzaileen unitate ugarik babesten zuten, sarritan konkistatu berri ziren eremuetan errekrutatuak[16]. 6. urtean, Augustok aerarium militare ezarri zuen, ehun eta hirurogeita hamar milioi sestertzio emanez altxor militar berriari, bai soldadu aktiboei, bai erretiratuei ordaintzeko[17]. Azkenik, erromatar erakundeen artean gehien iraungo zuen izaera politiko-militarreko ondaretako bat K.a. 27an sortu zuen, pretoriar guardia izango zena. Jatorriz, gudu-zelaiko guardia pertsonala zen, eta, pixkanaka, guardia inperial eta Erromako gorputz politiko garrantzitsu bihurtu zen[18]. Augustoren ondoren, pretoriar guardiak Senatua beldurtzeko eta enperadoreak kendu eta aukeratzeko adina botere izan zuen. Maxentzio enperadorea izan zen zerbitzatu zuten azkena, eta Konstantino I.a gorpua desegin zuena IV. mendearen hasieran, bere barrakoiak, Castra Praetoriak, suntsituz[19].
Estatuaren finantzak Italia zeharkatzen zuten errepideen mantenuaren oinarri izanik, Augustok posta sistema ofizial bat ere sortu zuen, praefectus vehiculorumek kudeatutako posta multzo bat sortuz[20]. Erromatar Inperioko hiritarren komunikazioak hobetzeaz gain, bide-sarea hobetu eta zabaltzeak erromatar armadaren aurrekaririk gabeko mugikortasuna ahalbidetu zuen Inperioaren luze-zabalean[21] .

Erromatar Inperio sortu berriko pertsonaiarik boteretsuena izatera iritsi bazen ere, Augustok bertutearen espiritua eta Errepublikako legeak ordezkatu nahi izan zituen. Plebearekin eta herritar behartsuekin ere harremana eta lotura izan nahi izan zuen. Horretarako, eskuzabaltasun handia erakutsi zuen, eta luxuei gutxi emandako pertsona baten irudia eskaini zuen. K.a. 29. urtean, Augustok laurehun sestertzio ordaindu zizkien pertsonako berrehun eta berrogeita hamar mila herritarri, mila sestertzio kolonietako ehun eta hogei mila beterano bakoitzari eta zazpiehun milioi sestertzio erabili zituen lurrak erosteko eta beteranoak bertan kokatu ahal izateko[22]. Era berean, erromatar jainkoekiko kezka erakusteko[22], laurogeita bi tenplu zaharberritu zituen, eta K.a. 28an, bere eta bere ohoretan eraikitako zilarrezko laurogei estatua urtzeko agindu zuen izaera apal baten itxura emateko[22].
Augustoren erregealdiaren eta hark mundu erromatarrari utzitako ondarearen atzera begirako ikuspegi batean, haren bizitza luzea ezin da alde batera utzi arrakastaren funtsezko faktore gisa[23]. Tazitok dioenez, 14. urtean bizirik zeuden belaunaldi gazteenek ez zuten printzerria beste gobernu-modurik ezagutu. Augusto gazteago hil izan balitz, istorioa beste era batera gara zatekeen. Oligarkia errepublikano zaharrean gerra zibilek eragin zuten higadura eta Augustoren bizitza luzea, beraz, garrantzi handiko faktore gisa ikusi behar da urte horietan erromatar estatua de facto monarkia bihurtzeko. Augustoren esperientziak, pazientziak, ukimenak eta zorroztasun politikoak funtsezko zeregina izan zuten bere agintaldian. Erromatar Inperioa izango zenaren lehen harriak jarri zituen, mugetan ezarri zuen armada profesional baten sorreratik oinordekotza inperialerako hain maiz erabili zen printzipio dinastikora eta enperadoreak finantzatutako lanen bidez hiriburua edertzetik pasatuz. Erromatar Inperioak, berak hasitako sistema politikoaren mendean, hurrengo bi mendeetan bakea eta oparotasuna izan zuen; haren azken ondarea izan zen. Inperioaren garaian, bere oroimena enperadore onaren paradigma bihurtu zen. Geroagoko enperadore guztiek Zesar Augusto izena hartu zuten, eta pixkanaka izen propioaren izaera galdu, eta titulu bihurtu zen[4]. Poeta garaikideek, hala nola Virgilio edo Horazio, Erromaren eta justiziaren eta moralaren defendatzaile gisa goraipatu zuten Augusto, Erromatar Inperioari eusteko erantzukizuna bere gain hartu zuen[24]. Hala ere, urteetan zehar, Augustori ere kritikak egin dizkiote bere Erromaren gaineko gobernuagatik eta printzerria sortzeagatik. Esate baterako, Marko Antistio Labeon legelari erromatar garaikideak, Augustoren aroaren aurreko garaiez harro zeinetan jaioa baitzen, printzerriaren erregimena kritikatu zuen argi eta garbi[25]. Tazitok (K.o. 56-117), bestalde, bere Annalesen hasieran idatzi zuen Augustok Erromako Errepublika esklabotza-erregimen batean azpiratu zuela maltzurkeriaz[25]. Jarraitzen zuen esaten ezen, Augusto hiltzean eta Tiberiori leialtasuna zin egitean, erromatar herriak, besterik gabe, ugazaba bat beste batengatik trukatu zuela[25]. Hala ere, Tazitok Augustoren bi ikuspegi kontraesankor, komunak hala ere, jasotzen ditu bere obran:

« | Pertsona argiek era askotara goraipatu edo kritikatu zuten. Hona hemen iritzi bat: Betebehar filialak eta nazio-larrialdiak, zeinetan ez baitzen legearekiko errespetuzko jokabiderik, gerra zibilera eraman zuten —eta hori ezin da sustatu eta zaindu metodo zuzenekin—. Emakidak aitortu zien Antoniori eta Lepidori, aitaren hiltzaileenganako mendeku hartzeko. Lepido zahar eta nagi eta Antonio autobihotzberatasun bihurtu zenean, distraitutako herrialde baterako sendabide posible bakarra gizon bakar batek gobernatzea zen. Hala ere, Augustok herrialdea ordenatu zuen, ez errege edo diktadore gisa altxatuz, printzerria sortuz baizik. Erromatar Inperioaren mugak ozeanoan edo ibai urrunetan zeuden. Armadak, probintziak, flotak, sistema osoa elkarrekin erlazionaturik zegoen. Erromatar hiritarrak legeak babesten zituen. Probintziakoak behar bezala tratatzen zituzten. Erroma bera ere oparo edertua zen. Indarra neurriz erabilia izan zen gehiengoaren bakea gordetzeko. | » |
Tazito[26] |
Bestalde, eta kontrako bertsioaren arabera:
« | Betebehar filiala eta larrialdi nazionala aitzakia hutsak izan ziren. Egia esan, Oktavianoren arrazoia, gero Augusto, botere-irrika izan zen (...) Egia da bakea egon zela, baina hondamendien eta hilketen odolez estalitako bakea izan zen. | » |
Tazito[27] |
Tazitok uste zuen Nerva enperadorea (96-98) izango zela bi kontzeptu kontrajarri nahasteko gauza izango zen bakarra: printzerria eta askatasuna[28]. Dion Kasio historialariak, III. mendekoak, gobernari onbera eta moderatutzat zeukan Augusto, nahiz eta, Augustoren heriotzaren ondorengo historialari askok bezala, autokratatzat zeukan[25]. Marko Anneo Lucano poetak (K.o. 39-65) uste zuen Zesarrek Ponpeio garaitzea eta Katon gaztearen erorketak (K.a. 95-46) markatu zutela askatasunaren amaiera Erroman. Horri buruz, Chester G. Starr, Jr. historialariak idatzi zuen balitekeela horrekin, espresuki, zuzenean Augusto kritikatzea saihestea[28].
Oraintsuagoko garaietan, Jonathan Swift idazleak (1667-1745), Discourse on the Respons and Dissentions in Athens and Rome lanean, Augusto kritikatu zuen Erroman tirania ezartzeagatik, eta Erresuma Batuko monarkia konstituzionalaren eta K.a. II. mendeko errepublika erromatarraren arteko konparaketa egiten zuen[29]. Thomas Gordon almirante eta historialariak (1658-1741) Oliver Cromwell[29] (1599-1658) tirano puritanoarekin alderatu zuen Augusto, eta, Montesquieuk egin zuen bezala, Augusto borroketan koldarki jokatu zuela azpimarratu zuen[30]. Halaber, Thomas Blackwell historialariak gobernari makiaveliko, odol-egarriz dagoen usurpatzaile, gaizto eta mespretxagarri eta tirano gisa izendatu zuen Augusto[30].
Oharrak
- Data garaikideak dira hauek; Augusto bi egutegiren menpe bizi izan zen, erromatarrena K.a. 45 arte, eta Juliotarra K.a. 45. ondoren. Julio Zesarren jatorrizko asmoekiko desadostasunak zirela eta, Augustok Juliotar egutegia berreskuratu zuen K.a. 8an; beraz, Juliotar egutegi proleptikoaren eta egungo erromatar egutegiaren arteko korrespondentzia zalantzazkoa da K.a. 8a baino lehen (Blackburn eta Holford-Strevens, 2003: 670-1)
- Probintzia batzuk, zuzenean, Erromako Senatuak gobernatzen jarraitu zuen.
- Estatu bezero nazioarteko gaietan estatu baten menpekotasuna deskribatzeko erabiltzen diren terminoetako bat da. Termino horietatik espezifizidade txikien duena da, eta beste kontzeptu batzuk barne hartzen dituen kategoria zabal gisa tratatu liteke, hala nola satelite-egoera, estatu elkartua, txotxongilo-egoera, neokolonia, protektoratua eta basailu-egoera (estatua tributario gisa ere ezagutzen dena). Klientelismo mota horren erabiltzailerik emankorrenetako bat Erromatar Errepublika izan zen, zeinak, inperio bat osatzeko lurraldeak konkistatu eta xurgatu beharrean, garaitu zituen lurralde haiek estatu bezero bihurtzearen aldeko apustua egin zuen, K.o I. mendera arte gutxi gorabehera nagusituko zen politika, Erroman inperio agintea gauzatzen hasi zenean.
Erreferentziak
Bibliografia
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.