From Wikipedia, the free encyclopedia
Argien Garaia edo Ilustrazioa[oh 1] Europa osoan zehar hedatu zen XVII. eta XVIII. mendeetako mugimendu kultural, intelektual eta filosofikoa izan zen, mundu osoan eragina izan zuena[1][2]. Ilustrazioak giza zoriontasunaren balioan, arrazoiaren bidez lortutako ezagutzaren bilaketan eta zentzumenen ebidentzian oinarritutako ideia batzuk biltzen zituen, eta idealak, hala nola lege naturala, askatasuna, aurrerapena, tolerantzia, anaitasuna, gobernu konstituzionala eta Elizaren eta Estatuaren banaketa[3][4]. Ingalaterran hasi zen eta Frantzian, Alemanian eta Espainian ere mamitu zen. Eragin politikoa, zientifikoa, ekonomikoa eta soziala izan zuen. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena[5].
Ilustrazioaren aurretik Iraultza Zientifikoa eta Francis Bacon, John Locke eta beste batzuen lana egon ziren. Batzuek René Descartesen 1637ko Metodoaren diskurtsoaren argitalpenari egozten diote Ilustrazioaren hasiera, non bere Cogito, ergo sum ("Pentsatzen dut, beraz banaiz") epai ospetsua agertzen den. Beste batzuek Isaac Newtonen Principia Mathematica (1687) argitalpena aipatzen dute, Iraultza Zientifikoaren amaiera eta Ilustrazioaren hasiera bezala. Historialari europarrak, tradizioz, Luis XIV.a Frantziakoa 1715ean hil zenean ezarri ohi dute eta 1789an Frantziako Iraultza piztu zenean bere amaiera. Gaur egun, historialari askok XIX. mendearen hasieran kokatzen dute Ilustrazioaren amaiera, eta Immanuel Kanten heriotza proposatu da azken urte gisa, 1804an. Beste autore batzuen arabera, XIX. mendearen hasiera Ilustrazioaren amaiera baino bere jarraipen kritikoa litzateke. Horrela, ilustrazioaren lehen kritikoa Kant ilustratua izan bazen, ondoren, XIX. mendeko Alemanian, ilustrazioko gai klasikoak lantzen jarraituko dute Herder bezalako autoreek[6].
Garaiko filosofo eta zientzialariek beren ideiak zabal zabaldu zituzten akademia zientifikoetan, logia masonikoetan, areto literarioetan, kafetegietan eta liburu inprimatuetan, aldizkarietan eta panfletoetan. Argien Garaian sortu eta egin ziren Europako lehen entziklopediak, adibidez Denis Diderotek eta Jean le Rond d'Alembertek garatutako Encyclopédie ospetsua[7]. Ilustrazioaren ideiek monarkiaren eta Eliza Katolikoaren autoritatea ahuldu zuten eta XVIII. eta XIX. mendeetako iraultza politikoetarako bidea erraztu zuten. XIX. mendeko hainbat mugimenduk, hala nola liberalismoak, komunismoak eta neoklasizismoak, Ilustrazioaren oinordetza intelektuala ekarri zuten[8].
Ilustrazioaren doktrina nagusiak askatasun indibiduala eta tolerantzia erlijiosoa ziren, monarkia absolutu baten eta Elizaren dogma finkoen aurka. Gizartekoitasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioek ere zeregin garrantzitsua izan zuten gizartea oro har hobetzeko ezagutza erabilgarrien zabalkundean. Ilustrazioaren ezaugarria izan zen gogamenaren eta munduko eguneroko baliabideen arteko harremanaren kontzientzia gero eta handiagoa izatea[9], eta metodo zientifikoa eta erredukzionismoa azpimarratzea, baita ortodoxia erlijiosoa gehiago zalantzan jartzea ere. Kanten saiakeran islatutako jarrera, Zer da Ilustrazioa? galderari erantzunez, non Sapere aude den bere erantzuna (Ausartu zaitez jakitera)[10].
« | “Ilustrazioa da gizakia bere erruzko adingabetasunetik irtetea. Adingabetasuna, berriz, besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da. Norberaren erruzkoa da, adingabetasunaren zergatia ez baitatza adimenik ezean, nork bere buruaz besteren gidaritzarik gabe erabakitzeko gaitasun eta kuraiarik ezean baizik. Sapere aude! "Ausart zaitez zure adimenaz baliatzen!" Horra hor ilustrazioaren goiburua”. | » |
—Kant. |
Argien Mendea Iraultza Zientifikoaren ondotik etorri zen garaia da, eta lotura estua izan zuen harekin. Ilustrazioan eragina izan zuten filosofoen artean Francis Bacon eta René Descartes daude. Ilustrazioko pertsona garrantzitsuenetako batzuk Cesare Beccaria, Denis Diderot, David Hume, Immanuel Kant, Gottfried Wilhelm Leibniz, John Locke, Montesquieu, Jean-Jacques Rousseau, Adam Smith, Hugo Grotius, Baruch Spinoza, Herder eta Voltaire izan ziren[11].
Ilustrazioan eragin handia izan zuen argitalpen bat Encyclopédie (Entziklopedia) izan zen. 1751 eta 1772 artean argitaratu zen hogeita hamabost liburukitan, eta Denis Diderot, Jean le Rond d'Alembert eta beste 150 intelektualek osatu zuten. Encyclopédiek Ilustrazioaren ideiak Europa osoan eta bere mugetatik haratago zabaltzen lagundu zuen[12].
Ilustrazioko beste argitalpen aipagarri batzuk izan ziren Voltaire-en Lettres philosophiques (1733) eta Dictionnaire philosophique (1764); Hume-n Giza ezagutzari buruzko ikerketa (1740); Montesquieu-ren Legeen espirituaz (1748); Rousseau-ren Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia (1754) eta Gizarte-Hitzarmena (1762); Adam Smith-en Sentimendu moralen diskurtsoa (1759) eta Nazioen aberastasuna (1776); eta Kant-en Arrazoimen hutsaren kritika (1781).
Entsegua izan zen Ilustrazio garaiko literatura genero nagusietako bat baina aldi berean egon ziren Europan beste prosagile batzuk, esaterako, frantsesez, Madame de La Fayette (1634-1692), nobelagilea, François Prevost (1697-1763), Bernardine de Saint-Pierre (1737-1814) eta Pierre Choderlos de Laclos (741-1803) Harreman arriskutsuak eleberriaren egilea; eta ingelesez Daniel Defoe (1660-1731), Robinson Crusoe (1719) eta Moll Flanders (1722) eleberrien egilea, Jonathan Swift (1667-1745), Gulliverren bidaiak eleberriaren egilea, Samuel Richardson (1689-1761) Pamela (1740) eta Clarisa (1749) eleberrien egilea, Henry Fielding (1707-1754) Joseph Joseph Andrews eta Tom Jones nobelen egilea, Laurence Sterne (1713-1768), Tristam Shandy.
XVIII. mendean zehar Argien Garaiaren ideietako batzuek Frantziako, Amerikako eta Haitiko Iraultzetan garatu ziren. Esklabotza bortitzaren eta giza-trafiko globalaren aroa izan zen. Pobrezia eta aberastasunaren arteko aldea handitzen joan zen mende osoan zehar[14]. Monarkia eta aristokraziaren boterearen aurkako erreakzioak hainbat erantzun iraultzaile eta matxinada sortu zituen mende osoan zehar. Antzinako Erregimenaren eta sortzen ari zen burgesia berriaren arteko talka areagotu zen urte hauetan[15]. Mendearen hasieran 600 milioi pertsona inguru bizi ziren Lurrean, eta amaitzerakoan 970 edo 980 milioi[16][17][18].
Europa kontinentalean filosofoek mundu berri bat amesten zuten, eta batzuen ametsa Frantziako Iraultzan egia bilakatu zen 1789an, nahiz eta beranduago Maximilien Robespierrek Izu Garaia piztu zuen 1793-1794 tartean[19]. Hasiera batean, Europako monarkia ugarik Argien Garaiko idealak bereganatu zituzten, baina Frantziako Iraultzaren garaipenarekin euren boterea galtzeko arriskua ikusi zuten eta koalizio kontrairaultzaileak sortu zituzten. Otomandar Inperioak inoiz ez bezalako bake eta hedapen ekonomiko garaia bizi zuen, eta ez zuen Europan gerra batean ere parte hartu 1740 eta 1768 artean. Ondorioz, inperioak ez zituen bizi izan Zazpi Urteko Gerran (1756-1763) emandako garapen militar guztiak, eta Errusiar Inperioaren aurka galdu zituzten hainbat gudu mendearen bigarren erdian[20]. Mende honetan ere Polonia eta Lituaniaren arteko Bi Nazioen Errepublika amaitu zen; behinola erresuma handi eta boteretsua izan zena, Mosku eta otomandarrak garaitu zituena, inbasioen ondorioz erori zen. Bere gobernu erdi-demokratikoa ez zen nahikoa izan inguruan zituen monarkiekin lehiatzeko, izan ere Prusiako Erresumak, Errusiar Inperioak eta Habsburgotar monarkiak lurraldea zatitu eta bereganatu zuten, hurrengo ehun urteetako Europa erdialdeko mapa eraldatuz.
Ameriketako europar kolonizazioak eta munduko beste hainbat lekuetakoak aurrera jarraitu zuen, migrazio masiboak ugaritu eta tamainaz handitu ziren eta Nabigazioaren Aroak jarraitu zuen. Erresuma Batua mundu mailako potentzia bilakatu zen, Frantsesen eta Indiarren Gerraren ostean 1760eko hamarkadan, eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren agintearekin Indiaren gaineko agintea eskuratu zuen. Hala ere, laster galdu zituen kolonietako batzuk Amerikako Iraultzaren ondorioz: Ameriketako Estatu Batuak sortu ziren. Industria Iraultza ere hasi zen Britainia Handian 1770eko hamarkadan, lurrun-makinaren asmakuntzaren ondorioz[21]. XVIII. mendean oraindik industria txikia bazen ere, mundua eta ingurumena erradikalki eraldatuko zen prozesua hasi zen. Txinak hedatzen jarraitu zuen, 1759an bere hedadurarik handiena lortu zuen arte. Inperio erraldoi honek egoera ekonomiko ona izan zuen eta demografia hazkuntza oso handia. Japoniak isolamendua praktikatzen jarraitu zuen mende osoan zehar, eta Asiako hego-ekialdeko estatuek independentzia defendatu zuten Europaren kolonialismoaren eta Txinaren hazkuntzaren aurrean.
XVIII. mendeak aldaketa izan zuen ere artean. Musikan barrokoa, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händelekin, eta musika klasikoa garatu ziren, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozartekin. Margolaritzan rokoko estiloa egon zen modan mende hasieran, eta neoklasizismoa amaieran. Erretratua izan zen margolaritzan gehien garatu zen estiloa, patrono aberatsen enkarguz sortutako artelanak.
Francis Baconen enpirismoak eta René Descartesen filosofia arrazionalistak pentsamendu ilustratuaren oinarriak ezarri zituzten[22]. Descartesek zientziak oinarri metafisiko seguruan eraikitzeko egin zuen saiakerak ez zuen hainbesteko arrakastarik izan; izan ere, eremu filosofikoetan aplikatutako zalantzaren metodoak adimenaren eta materiaren doktrina dualista ekarri zuen. Bere eszeptizismoa, John Lockeren Giza adimenari buruzko saiakerak (1690) eta David Humeren idazkiek findu zuten 1740ko hamarkadan. Bere dualismoa, Spinozaren Tractatus (1670) eta bere Etika (1677) lanetan materiaren batasunaren baieztapen zurrunak zalantzan jarri zuen.
Jonathan Israelen arabera, lan horiek pentsamendu ilustratuaren bi ildo desberdin ezarri zituzten: lehenik eta behin, barietate moderatua, Descartes, Locke eta Christian Wolffen ondoren, erreformaren eta botere eta fede sistema tradizionalen arteko egokitzapena bilatzen zuena, eta, bigarrenik, Ilustrazio erradikala, Spinozaren filosofian inspiratua, demokraziaren, askatasun indibidualaren, adierazpen askatasunaren eta erlijio autoritatea desagerraraztearen alde egiten zuena[23][24]. Barietate moderatuak deista izateko joera zuen, joera erradikalak moralaren eta teologiaren funtsa erabat bereizten zituen bitartean. Bi pentsamendu-lerroek, azkenean, Kontrailustrazio kontserbadore bati egin behar izan zioten aurre, sinesmenera itzultzea bilatzen zuena.
XVIII. mendearen erdialdean, Paris doktrina eta dogma tradizionalei aurre egiten zien jarduera filosofiko eta zientifikoaren erdigune bihurtu zen. Voltairek eta Jean-Jacques Rousseauk gidatu zuten mugimendu filosofikoa, arrazoian oinarritutako gizarte baten alde egiten zutenak, Antzinako Grezian bezala, fedearen eta doktrina katolikoaren ordez, lege naturalean oinarritutako ordena zibil berri baten alde eta esperimentuetan eta behaketan oinarritutako zientzia baten alde[25]. Montesquieu filosofo politikoak botere-banaketaren ideia sartu zuen gobernu batean, eta kontzeptu hori gogo biziz hartu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren egileek. Ilustrazio frantseseko filosofoak iraultzaileak ez izan arren eta asko nobleziakoak izan arren, haien ideiek zeregin garrantzitsua izan zuten Antzinako Erregimenaren zilegitasuna ahultzeko eta Frantziako Iraultzari forma emateko[26].
Francis Hutchesonek, filosofo moralak eta Eskoziako Ilustrazioaren fundazio-figurak, printzipio utilitarista eta kontsekuentzialista deskribatu zuen, zeinaren arabera bertutea baita, bere hitzetan, "zorionik handiena" ematen duena. Metodo zientifikoaren zati handi bat (ezagutzaren izaera, ebidentzia, esperientzia eta kausalitatea) eta zientziaren eta erlijioaren arteko harremanarekiko jarrera moderno batzuk Hutchesonen babesleek garatu zituzten Edinburgon, Eskozian, David Humen eta Adam Smithen[27][28]. Hume filosofiaren tradizio filosofiko eszeptiko eta enpiristen figura garrantzitsu bihurtu zen.
Mary Wollstonecraft filosofo feminista ingelesetako bat izan zen. Arrazoian oinarritutako gizartea defendatzen zuen, eta emakumeak eta gizonak izaki arrazional gisa tratatu behar zirela. Bere lanik ezagunena A Vindication of the Rights of Woman (1791) da[29].
Immanuel Kant (1724-1804) arrazionalismoa eta sinesmen erlijiosoak, askatasun indibiduala eta autoritate politikoa uztartzen saiatu zen, baita esfera publikoaren ikuspegi bat marrazten ere, arrazoi pribatu eta publikoaren bidez[30]. Kanten lanak alemaniar pentsamendua eta, izatez, europar filosofia osatzen jarraitu zuen, XX. mendea ondo sartu arte. Bere Sapere aude latindar esamoldea mendearen laburpen gisa hartu da.
Sapere aude latindar esamoldea era honetan itzul daiteke: ausartu zaitez pentsatzera. Honela ere interpreta daiteke: izan adore zure kabuz arrazoia erabiltzeko. Horretarako ezinbestekoa zaigu askatasuna eta autonomia (eta, jakina, arrazoiaren erabilera). Autonomiak bereizten ditu gizakiak. Era autonomoan jarduteak heteronomia atzean uzten dela esan nahi du. Heteronomia zera litzateke, besteen iritziei jarraituz jardutea, norberak iritzi horiek barneratu barik (iritzi horiek ideologia, erlijio, boteretik... etor litezke). Horren arabera, jende gehienak koldarkeria edota erosotasunagatik adingabetasunean jarraitzen du, tutoretza politiko zein erlijiosoaren mende. Kant filosofo ilustratuarentzat, adingabetasuna atzean uzteko garaia da, gizakia bere kabuz pentsatzeko garaia heldu delako.
Zientziak zeregin garrantzitsua izan zuen Ilustrazioaren diskurtsoan eta pentsamenduan. Ilustrazioko idazle eta pentsalari askok zientziei buruzko prestakuntza zuten, eta aurrerapen zientifikoa erlijioa eta autoritate tradizionala boteretik kentzearekin lotzen zuten, adierazpen- eta pentsamendu-askatasuna garatzearen alde. Ilustrazioaren garaiko aurrerapen zientifikoak Joseph Black kimikariak karbono dioxidoa (aire finkoa) aurkitu izana, James Hutton geologoaren denbora sakonaren argumentua eta James Wattek kondentsazio lurrunezko makina asmatu izana barne hartu zituen. Antoine Lavoisierren esperimentuek Parisen lehen planta kimiko modernoak sortzeko balio izan zuten, eta Montgolfier anaien esperimentuek ahalbidetu zieten globo aerostatikoan tripulatutako lehen hegaldia jaurtitzea 1783ko azaroaren 21ean Muette gaztelutik, Bois de Boulognetik gertu.
Leonhard Euler (1707-1783) espektro zabaleko matematikaria izan zen, eta emaitza garrantzitsuak izan zituen analisian, zenbakien teorian, topologian, konbinatorian, grafoen teorian, aljebran eta geometrian (besteak beste). Matematika aplikatuetan, funtsezko ekarpenak egin zituen mekanikan, hidraulikan, akustikan, optikan eta astronomian. San Petersburgoko Zientzien Akademia Inperialean (1727-1741) lan egin zuen, gero Berlinen, Prusiako Zientzien eta Letra Ederren Errege Akademian (1741-1766) eta, azkenik, San Petersburgon, Akademia Inperialean (1766-1783)[31].
Oro har, Ilustrazioaren zientziak enpirismoa eta pentsamendu arrazionala asko balioesten zituen, eta aurrerapenaren eta aurrerapenaren ideal ilustratuan sartuta zegoen. Zientziaren azterketa, filosofia naturala izenburupean, fisikan eta kimika eta historia naturaleko multzo batean banatzen zen, anatomia, biologia, geologia, mineralogia eta zoologia barne. Ilustrazioaren ikuspuntu gehienekin gertatzen den bezala, zientziaren onurak ez ziren unibertsalki hautematen: Rousseauk zientziak kritikatu zituen gizakia naturatik aldentzeagatik eta pertsonen zorionean ez laguntzeagatik.[32]
Ilustrazioan, gizarteak eta akademia zientifikoak ziren nagusi zientzian, eta unibertsitateak ordezkatu zituzten ikerketa eta garapen zientifikoko zentro gisa. Gizarteak eta akademiak lanbide zientifikoaren heltzearen bizkarrezurra ere izan ziren. Akademiak eta elkarte zientifikoak Iraultza Zientifikotik sortu ziren ezagutza zientifikoaren sortzaile gisa, unibertsitatearen eskolastizismoarekin kontrastean. Ilustrazioan zehar, gizarte batzuek unibertsitateekin loturak sortu edo mantendu zituzten, baina iturri garaikideek unibertsitateak eta elkarte zientifikoak bereizi zituzten, unibertsitatearen erabilgarritasuna ezagutzaren transmisioan zetzala baieztatzean, gizarteek ezagutza sortzeko funtzionatzen zuten bitartean[33]. Unibertsitateen zeregina instituzionalizatutako zientzian gutxitzen hasi zen heinean, elkarte zientifikoak zientzia antolatuaren giltzarri bihurtu ziren. Elkarte zientifiko ofizialak Estatuak sortu zituen ezagutza teknikoak emateko[34]. Euskal Herrian Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen helburu horrekin. Sozietate gehienei baimena eman zitzaien beren argitalpenak ikuskatzeko, kide berrien aukeraketa eta sozietatearen administrazioa kontrolatzeko. 1700etik aurrera, akademia eta elkarte ofizial ugari sortu zen Europan, eta 1789an hirurogeita hamar elkarte zientifiko ofizial baino gehiago zeuden. Hazkunde horri dagokionez, Bernard de Fontenellek "Akademien Aroa" terminoa sortu zuen XVIII. mendea deskribatzeko.
Beste gertakari garrantzitsu bat zientzia gero eta alfabetatuagoa dagoen populazioaren artean zabaltzea izan zen. Filosofoek teoria zientifiko asko eman zituzten ezagutzera, batez ere Encyclopédieren bidez eta newtonianismoa Voltaire eta Émilie du Châteleten bidez ezagutaraziz. Historialari batzuek XVIII. mendea garai monotonotzat jo dute zientziaren historian. Hezkuntza-erreformek, Prusian eta Austrian adibidez, gazteei eskola-hezkuntza emateko eskatu zieten udalerriei Estatuak gero eta gehiago hartu zuen eskola-hezkuntzaren ardura, eta atzera egin zuten elizako hezkuntza-erakunde independenteek. Askotan, hezkuntza hau orden erlijiosoen menpe egon zen. Europako hezkuntza-ahaleginek alfabetatzearen gorakada handia ekarri zuten. 1750ean, Britainia Handiko gizonen ehuneko 60k eta emakumeen ehuneko 40k zituzten trebetasun horiek. Hala ere, Europako herrialde askotan analfetismoa oraindik nagusi zen[35].
Mende horretan aurrerapen garrantzitsuak egin ziren medikuntzan, matematikan eta fisikan; taxonomia biologikoa garatu zen; magnetismoaren eta elektrizitatearen ulermen berria lortu zen; eta kimika diziplina gisa heldu zen, kimika modernoaren oinarriak ezarri zituena.
Zientziaren eragina ere maizago agertzen hasi zen poesian eta literaturan Ilustrazioan. Poema batzuk metaforaz eta irudi zientifikoz busti ziren, eta beste batzuk, berriz, zuzenean gai zientifikoei buruz idatzi ziren. Sir Richard Blackmorek Newtonen sistema bertsotan islatu zuen Creation, Philosophical Poem in Seven Booksen (1712). 1727an Newton hil ondoren, hainbat hamarkadatan haren omenezko poemak konposatu ziren. James Thomsonek (1700-1748) bere "Poem to the memory of Newton" idatzi zuen, non Newtonen galera deitoratzen zuen, baina bere zientzia eta ondarea ere goraipatzen zituen.
Humek eta Ilustrazioko beste pentsalari eskoziar batzuek "gizakiaren zientzia" garatu zuten[36], historikoki James Burnett, Adam Ferguson, John Millar eta William Robertson bezalako idazleen lanetan azaldu zena. Horiek guztiek ikerketa zientifiko bat egin zuten gizakiek antzinako eta jatorrizko kulturetan nola jokatzen zuten jakiteko, modernitatearen indar erabakigarrien kontzientzia sendoarekin. Soziologia modernoa, neurri handi batean, mugimendu honetan eta Humeren kontzeptu filosofikoetan sortu zen[37], James Madisonengan (eta, beraz, Estatu Batuetako Konstituzioan) eragin zuzena izan zutenak eta, Dugald Stewartek ezagututa, liberalismo klasikoaren oinarria izango zirenak[38].
1776an, Adam Smithek Nazioen aberastasuna argitaratu zuen, askotan ekonomia modernoko lehen lantzat hartzen dena, berehalako eragina izan baitzuen XXI. mendera arte luzatzen den politika ekonomiko britainiarrean. Anne Robert Jacques Turgot, l’Aulneko baroia, izan zuen aitzindari eta eragin, aberastasunaren sorrera eta banaketari buruz 1766an idatzi zuen lanean. Smithek bere burua zordun aitortu zuen, eta beharbada ingelesezko jatorrizko itzultzailea izango zen[39].
Cesare Beccaria, legelari, kriminologo, filosofo eta politikaria eta Ilustrazioaren idazle handienetako bat, Of Crimes and Punishments (1764) maisulanagatik egin zen ezagun. Gerora, 22 hizkuntzatara itzuli zen[40], tortura eta heriotza-zigorra gaitzesten zituen, eta penologiaren eta kriminologia-eskola klasikoaren arloko fundazio-lana izan zen, zigor-arloko justizia sustatuz. Beste intelektual aipagarri bat Francesco Mario Pagano izan zen, Napoliko Ilustrazioaren lan nagusietako bat den Saggi politici (1783) eta Considerazioni sul processo criminale (1787) bezalako ikerketa garrantzitsuen egilea, zuzenbide penalean nazioarteko autoritate izendatu zutena[41].
Ilustrazioa Mendebalde modernoaren kultura politiko eta intelektualaren oinarri izan da luzaroan. Ilustrazioak modernizazio politikoa ekarri zuen Mendebaldera, balio eta erakunde demokratikoak sartzeari eta demokrazia moderno eta liberalak sortzeari dagokionez. Tesi hau bereziki hedatua dago aditu anglofonoen artean, adibidez Robert Darnton, Roy Porter eta, oraintsuago, Jonathan Israelen lan marduletan[42].
Ilustrazioaren pentsamenduak eragin handia izan zuen politikaren eremuan. Europako agintariak, hala nola Errusiako Katalina II.a, Austriako Josef II.a eta Prusiako Frederiko II.a, pentsamendu ilustratua tolerantzia erlijioso eta politikoan aplikatzen saiatu ziren, absolutismo ilustratu bezala ezagutu zena. Estatu Batuetako Iraultza bultzatu zuten figura politiko eta intelektual nagusietako asko Ilustrazioarekin estu lotu ziren: Benjamin Franklinek behin eta berriz bisitatu zuen Europa, bertan egiten ziren eztabaida zientifiko eta politikoetan aktiboki lagundu zuen, eta ideiarik berritzaileenak ekarri zituen Filadelfiara; Thomas Jeffersonek Europako ideiak gertutik jarraitu zituen eta, geroago, Ilustrazioaren idealetako batzuk Independentzia Adierazpenean txertatu zituen; eta James Madisonek ideal horiek Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioan txertatu zituen 1787an idatzi zenean[43].
John Lockek, Ilustrazioko pentsalari garrantzitsuenetako batek[44], kontratu sozialaren teorian oinarritu zuen bere gobernu-filosofia, Ilustrazioaren pentsamendu politikoa busti zuen gaia. Thomas Hobbes filosofo ingelesak Leviathan lanarekin inauguratu zuen eztabaida berri hau 1651n. Hobbesek Europako pentsamendu liberalaren oinarrietako batzuk ere garatu zituen: gizabanakoaren eskubidea, gizon guztien berdintasun naturala, ordena politikoaren izaera artifiziala (gerora gizarte zibilaren eta Estatuaren arteko bereizketa eragin zuena), botere politiko legitimo orok "ordezkatzailea" izan behar duela eta herriaren adostasunean oinarritu behar duela dioen iritzia, eta legearen interpretazio liberala, legeak esplizituki debekatzen ez duen guztia egiteko aske uzten dituena pertsonak[45].
Lockek eta Rousseauk kontratu sozialaren teoriak garatu zituzten Two Treatises of Government eta Discourse on Inequality, hurrenez hurren. Obra nahiko desberdinak diren arren, Locke, Hobbes eta Rousseau bat etorri ziren kontratu sozial bat, non gobernuaren autoritatea gobernatuen baimenean datzan, beharrezkoa dela gizakia gizarte zibilean bizi dadin. Lockek naturazko egoera definitzen du gizakiak arrazoizkoak diren eta lege naturalari jarraitzen dioten baldintza gisa, non gizaki guztiak berdinak eta bizitzeko, askatasunerako eta jabetzarako eskubidearekin jaiotzen diren. Hala ere, herritar batek Lege Naturala hausten duenean, urratzailea eta biktima gerra egoeran sartzen dira, eta ia ezinezkoa da hortik askatzea. Horregatik, Lockek baieztatzen zuen gizabanakoak gizarte zibilean sartzen direla beren eskubide naturalak babesteko, "epaile inpartzial" baten bidez edo apelatu beharreko agintaritza komun baten bidez, auzitegiak bezala. Rousseauren kontzepzioa, aldiz, "gizaki zibila" ustelduta dagoen kasuan oinarritzen da, eta "gizaki naturalak" ez du bere kabuz ase ezin duen premiarik. Gizaki naturala jabetza pribatuari lotutako desberdintasuna ezartzen denean bakarrik ateratzen da naturazko egoeratik[46]. Rousseauren arabera, gizakiak gizarte zibilarekin bat egiten du kontratu sozialaren bidez, norbanakoaren askatasuna zainduz batasuna lortzeko. Hori borondate orokorraren subiranotasunean gauzatzen da, herritarrek osatutako organo legegile moral eta kolektiboan.
Locke ezaguna da gizabanakoek "bizitza, askatasuna eta jabetza" izateko eskubidea dutela baieztatzeagatik eta jabetzarako eskubide naturala lanetik datorrela uste izateagatik. Locke, Anthony Ashley Cooper (Shaftesburyko III. kondea) tutoretzapean, 1706an idatzi zuen: "Argi boteretsu bat dago munduan zehar hedatzen dena, bereziki Ingalaterrako eta Holandako bi Nazio aske horietan; eta horien inguruan ari dira orain Europako Gaiak"[47]. Lockeren eskubide naturalen teoriak eragina izan du dokumentu politiko askotan, hala nola Estatu Batuetako Independentzia Adierazpenean eta Frantziako Asanblea Nazional Konstituziogilearen Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Deklarazioan.
Frantziar philosophesen arabera, eskubideen kontratu-oinarria ezartzeak merkatu-mekanismora eta kapitalismora, metodo zientifikora, erlijio-tolerantziara eta estatuak errepublika autonomoetan bitarteko demokratikoen bidez antolatzera eramango zituen. Ikuspegi honetatik, filosofoek bereziki arazo guztiei arrazionaltasuna aplikatzeko duten joera funtsezko aldaketatzat jotzen da[48].
Ilustrazioaren pentsamendu politikoaren zati handi batean kontratu sozialeko teorikoak nagusi izan baziren ere, David Humek eta Adam Fergusonek bando hori kritikatu zuten. Humeren Of the Original Contract saiakerak dio oso gutxitan ikusten direla onespenetik eratorritako gobernuak, eta gobernu zibila gobernariaren ohiko autoritatean eta indarrean oinarritzen dela. Hain zuzen ere, gobernariak menekoaren gainean eta haren aurka duen aginpideagatik onartzen du menekoak isilbidez, eta Humek dio menekoek "ez zutela inoiz pentsatuko bere adostasunak subirano egiten zuenik", baizik eta autoritateak. Era berean, Fergusonek ez zuen uste herritarrek Estatua eraikitzen zutenik, politikak garapen sozialetik sortzen zirela baizik. 1767ko bere An Essay on the History of Civil Society (Gizarte zibilaren historiari buruzko saiakera) lanean, Fergusonek aurrerapenaren lau etapak erabiltzen ditu, garai hartan Eskozian oso ezaguna zen teoria bat, gizakiak gizarte ehiztari eta biltzaile batetik gizarte komertzial eta zibil bateraino nola aurrera egiten duten azaltzeko, kontratu sozialik adostu gabe.
Rousseauren eta Lockeren kontratu sozialaren teoriak eskubide naturalen aurrekontuan oinarritzen dira, eta horiek ez dira legearen eta ohituraren emaitza, baizik eta gizaki guztiek dituzten gauzak dira gizarte aurrepolitikoetan, eta, beraz, unibertsalak eta besterenezinak. Zuzenbide naturalaren formulaziorik ospetsuena John Lockek egin zuen bere Bigarren Tratatuan, naturazko egoera sartu zuenean. Lockeren ustez, lege naturala elkarrekiko segurtasunean oinarritzen da, edo batek beste baten eskubide naturalak hautsi ezin dituelako ideian, gizaki guztiak berdinak direlako eta eskubide berberak dituztelako besterenezinak. Eskubide natural horiek berdintasun eta askatasun perfektua barne hartzen dute, baita bizitza eta jabetza zaintzeko eskubidea ere. Locke ere esklabotzaren aurka dago, esklabotza lege naturalaren aurka doalako, norberak ezin dielako uko egin bere eskubideei: askatasuna erabatekoa da eta inork ezin dio kendu. Gainera, Lockek dio pertsona batek ezin duela beste bat esklabo bihurtu moralki gaitzesgarria delako, nahiz eta salbuespen bat sartzen duen preso legitimo baten esklabizazioa gerra garaian ez litzatekeela eskubide naturalen aurka joango esatean.
Ilustrazioaren ondorioz, sekularrak ez ziren sinismenak sortu ziren, lehenik kuakeroek adierazitakoak eta, ondoren, Britainia Handiko eta Estatu Batuetako ebanjeliko protestanteek adierazitakoak. Talde hauentzat esklabotza "nazkagarria zen [euren] erlijioarentzat" eta "krimen bat Jainkoaren begietara"[49]. Ideia horiek Ilustrazioko pentsalariek adierazitakoekin bat egin zuten, eta Britainia Handian askok uste izan zuten esklabotza "moralki okerra eta ekonomikoki eraginkorra ez izateaz gain, politikoki zentzugabea ere bazela". Ideal hauek, azkenik, esklabotza abolitzera eraman zuten Britainia Handian eta Estatu Batuetan[50].
Ilustrazioko liderrak ez ziren bereziki demokratikoak, errege absolutuetan bilatzen baitzuten intelektualek diseinatutako erreformak inposatzeko gakoa. Voltairek demokrazia arbuiatzen zuen eta errege absolutuak ilustratua izan behar zuela eta arrazoimenak eta justiziak agindutakoaren arabera jokatu behar zuela esaten zuen, hau da, "errege filosofoa" izan behar zuela[51].
Zenbait naziotan, gobernariek gorteko Ilustrazioko buruzagiak hartu zituzten eta sistema erreformatzeko legeak eta programak diseinatzen laguntzeko eskatu zieten, normalean estatu indartsuagoak eraikitzeko[52]. Historialariek "despota ilustratuak" deitzen diete agintari hauei. Haien artean, Prusiako Frederiko Handia, Errusiako Katalina Handia, Toskanako Leopoldo II.a eta Austriako Jose II.a zeuden. Josef sutsuegi agertu zen, laguntza gutxi zuten erreforma asko iragarriz, eta, ondorioz, matxinadak piztu ziren eta bere erregimena akatsen komedia bihurtu zen, ia programa guztiak zuzenduz; matxinaden logika Europa osoan zehar barreiatu zen[14], logika ilustratuz hartutako neurri batzuek usadioekin talka egiten baitzuten. Euskal Herrian, adibidez, 1766ko matxinadak fisiokraziaren ereduari erantzun zion[53], besteak beste[54]. Pombal Portugalen eta Johann Friedrich Struensee Danimarkan ministroek ere Ilustrazioaren idealen arabera gobernatu zuten. Polonian, 1791ko konstituzio ereduak Ilustrazioaren idealak adierazten zituen, baina nazioa bere bizilagunen artean banatu baino urtebete lehenago baino ez zen indarrean egon. Lorpen kulturalak iraunkorragoak izan ziren, Polonian espiritu nazionalista sortu zutenak[55].
Frederiko Handiak, 1740tik 1786ra Prusiako erregeak, bere burua Ilustrazioaren buruzagitzat ikusten zuen, eta filosofo eta zientzialariak babesten zituen Berlingo gortean. Voltairek, frantses gobernuak espetxeratu eta gaizki tratatu baitzuen, pozarren onartu zuen Frederikoren gonbidapena bere jauregian bizitzeko. Frederikok azaldu zion: "Nire zeregin nagusia ezjakintasunari eta aurreiritziei aurre egitea da... gogoak argitzea, moraltasuna lantzea eta jendea giza izaerari komeni zaion bezain zoriontsu bihurtzea, eta eskura ditudan bitartekoek ahalbidetzea"[56].
Ilustrazioa 1776ko Amerikar Iraultzarekin eta 1789ko Frantziako Iraultzarekin lotu izan da askotan[57]; biek izan zuten Thomas Jeffersonen nolabaiteko eragin intelektuala[58][59]. Ilustrazioan zehar gertatu ziren aldaketa politikoen ikuspegi bat da "gobernatuen adostasunaren" filosofia, Lockek Two Treatises of Government (1689) lanean definitu zuen bezala, paradigma aldaketa bat izan zela antzinako erregimenaren paradigmarekiko, "erregeen eskubide jainkotiarra" bezala ezagutzen zen feudalismoaren pean. Ikuspuntu horretatik, XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako iraultzen arrazoia izan zen gobernu-paradigmaren aldaketa hori askotan ezin zela modu baketsuan konpondu, eta, beraz, emaitza indarkeriazko iraultza izan zela. Erregeak inoiz huts egingo ez lukeen gobernu-filosofia bat zuzeneko gatazkan sartuko litzateke beste batekin, non hiritarrek, lege naturalez, gobernuaren egintzak eta irizpenak onartu beharko lituzketen.
Ilustrazioaren ideiek ere paper garrantzitsua izan zuten 1789an hasi zen Frantziako Iraultzaren inspirazioan. Alexis de Tocquevillek Frantziako Iraultza planteatu zuen monarkiaren eta Ilustrazioko letra-gizonen artean XVIII. mendean sortutako oposizio erradikalaren emaitza saihestezin gisa. Letretako gizon hauek "ordezkatutako aristokrazia" moduko bat osatzen zuten, aldi berean ahalguztiduna eta botere errealik gabea zena. Ilusio-botere hori "iritzi publikoaren" gorakadatik zetorren, zentralizazio absolutistak noblezia eta burgesia esparru politikotik aldendu zituenean sortua. Ondoriozko "literatura-politikak" berdintasun-diskurtsoa sustatzen zuen, eta, beraz, funtsean erregimen monarkikoaren aurka zegoen.
Haitiko Iraultza 1791n hasi eta 1894an amaitu zen, eta Ilustrazioaren ideiak "fluxu transkultural konplexuen parte" izan zirela erakusten du. Pariseko ideia erradikalak Frantziako Iraultzaren garaian eta ondoren Haitin mobilizatu ziren, adibidez Toussaint L'Ouverture. Toussaintek europar kolonialismoaren kritika irakurria zuen Guillaume Thomas Raynalen Histoire des deux Indes liburuan, eta "bereziki hunkitu zuen Raynalek 'Espartako beltz' baten etorrera iragarri izanak".Iraultzak Ilustrazioaren ideiak Haitiko esklaboen esperientziekin konbinatu zituen, hauen bi herenak Afrikan jaioak zirelarik eta "mendebaldeko eta erdialdeko Afrikako erreinu eta gobernu justuaren nozio espezifikoetan inspiratu zitezkeelarik, komunitate iraultzaileak eratzeko voodooa bezalako praktika erlijiosoak erabiliz." Iraultzak Frantziari ere eragin zion eta "Frantziako Konbentzio Nazionala esklabotza abolitzera behartu zuen 1794an"[60].
Erlijioan deismoa (jainko pertsonalaren existentzia dago, unibertsoko sortzailea), ateismoa (jainkoen existentzia ukatu). Laizismoa (erlijioaren eragin soziala mugatzea, erlijioarekiko gizartearen autonomia aldarrikatuz) ere instalatu egiten da Europako gobernuetan.
Europako XVIII. mendeari Argien mendea edo Ilustrazioaren mendea deitu diote askotan; baina Zientziaren mendea ere dei diezaiokegu, zientzia esperimentalak eta teknikoak asko garatu baitziren mundu hobea lortzeko asmoz. Honek Euskal Herrian ere izan zuen eragina.
Gure ingurunean, unibertsitateak gehienetan Elizaren esku zeuden —Oñatiko Unibertsitatea horren adibide da—, eta, horregatik agian, ez zituzten prestatzen Estatuak eta Gizarteak eskatzen zituzten profesionalak nekazaritza, industria edo merkataritza arloetan aritzeko. Gabezia hori gainditzeko, ekonomia-elkarteak sortu ziren, eta horietan, askotariko jarduerak egin ziren: atzerriko irakasleak eta profesionalak kontratatzea, bekadunak atzerrira bidaltzea, ikastetxeak fundatzea, edo ikastetxeak diruz laguntzea garapenerako beharrezkoak ziren ezaguerak eman zitzaten.
Garai hartako Samaniego idazle arabarraren biografoak honako hau dio: “Garai hartan, hezkuntza oso atzeratua zegoen Espainian, eta Erresumako barnealdearekin komunikatzea zaila zen, bideak ez baitziren egokiak. Hori dela eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaldunek, Frantziako mugatik hurbil bizi zirenez gero, errazago bidaltzen zituzten beren semeak Baionara edo Tolosara heztera Madrilera baino.”
Hori izan zen biderik errazena gure herriko burgesak eta handikiak entziklopedista frantziarrekin kontaktuan egoteko eta haien ideiak Euskal Herrian barrena zabaltzeko.
Euskal kontestuan, Argien Garaiko gertaera bakan inportanteena Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea izan zen. Espainiar estatuko lehen ekonomia-elkartea izan zen hau Peñafloridako kondeak (Xabier Mª de Munibe e Idiakez) sortu zuen 1765ean gaztelerazko izen honekin; Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais. Elkarteak, tradizioarekin hautsi gabe (foralismoa eta katolizismoa) berrikuntzak planteatzen zituen, nekazal interesek garrantzia izanik. Horrela, lau komisiotan banatu zen[61]:
Guzti hau bultzatzeko Bergarako Errege Mintegia sortu zen, ikasketa zientifikoen euskal zentru garrantzitsuena XIX. mendera arte. Seminarioan eman zen lorpenik aipagarriena wolframioaren isolatzea izan zen Elhuyar anaien eskutik, 1783. urtean.
Erakunde honen arrakasta horren nabarmena izanik Adiskideen Elkarte gehiago sortzen joan ziren Espainiar Estatuan zehar zehar EHAE eredutzat hartuta.
Autore batzuek gogorarazi dute Ilustrazioa garai anbibalentea izan zela eta garai hori sakralizatzearen arriskuaz ohartarazi dute. Arrisku hori Modernitatea etapa pribilejiatutzat hartu eta horri, dogmatikoki, balio normatiboa aitortzetik letorke[62]. XX. mendean Ilustrazioko hainbat aspektu kritikatu dutenen artean ezagunak dira Horkheimer eta Adornoren kritika arrazionaltasun ilustratuari edo, aurretik, Walter Benjaminen kritika aurrerakoitasunari. Euskal Herrian Joxe Azurmendi aipatu behar da Argien Garaiko kontzeptuak eta autoreak argitu eta, Euskal Herriko testuinguruan, horien erabilera interesatua salatzen egindako lanagatik[63]. Ikuspegi feministatik ere egin zaizkio kritikak Ilustrazioari. Carole Patemanek, adibidez, kritika egin dio Argien Garain eraiki zen Gizarte-kontratuaren ideiari.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.