From Wikipedia, the free encyclopedia
Marie-Madeleine Pioche de La Vergne, La Fayetteko kondesa [1] (Paris, 1634ko martxoaren 18a -1693ko maiatzaren 25a), Madame de La Fayette moduan ezagunagoa den idazle frantsesa. Berak idatzi zuen Frantziako lehenengo eleberri historikoa: Clèvesko Printzesa.
Madame de La Fayette | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Paris, 1634ko martxoaren 18a |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Paris, 1693ko maiatzaren 25a (59 urte) |
Hobiratze lekua | Church of Saint-Sulpice (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, salonnièrea, eleberrigilea, historialaria, gutun idazlea eta lagun egiteko andrea |
Parte-hartzailea
| |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | Klarinetea Précieuses (en) klasizismoa |
Izengoitia(k) | Madame de la Fayette |
Marie-Madeleine Pioche de La Vergne Parisen jaio zen, nobleziako familia aberats batean, Richelieu kardinalaren oso gertukoa.
Gazte denboran, garai hartako idazle asko ezagutu zituen (Voiture, Chapelain...), sarri joaten baitziren beraien etxera, amaren adimenaren eta edertasunaren bila. Aita, bitartean, ingeniari militarra zenez lanbidez, gerran zebilen Richelieuren armadarekin. 1649an hil zitzaien, berak hamabost urte zituela, eta bere heriotzak aldaketa handiak ekarri zizkion familiari[2]. 1650ean ama berriro ezkondu zen Renaud de Sévignérekin, Marie de Sévignéren osaba. Handik aurrera eta bizitza osoan lagun minak izan ziren Madame de La Fayette eta Marie de Sévigné.
1651ean Austriako Ana erreginaren ohorezko dama izendatu zuten. Orduan hasi zen literatura ikasten Gilles Ménage irakaslearekin, italiera eta latina irakatsi zizkionarekin. Garai hartako literatur aretorik garrantzitsuenetan ibili zen, hala nola, Rambouillet eta Plessis-Balliére-ko markesenetan eta Madeleine de Scudéryrenean.
1655ean, François Motier Lafayetteko kondearekin ezkondu zen, eta Auverniara joan zen bizitzera, senarrak zuen jauregira. Lafayetteko kondearekin bi ume izan zituen. Senarrarekin zuen harremana hoztu eta Marie-Madeleine Parisera itzuli. Han bere literatur aretoa sortu zuen, arrakasta handia izan zuelarik. 1659an Parisen bizitzen geratzea erabaki zuen, eta 1662an La Princesse de Montpensier argitaratu zuen, bere izena zehaztu gabe. 1655etik 1680ra La Rochefoucauld-en lagun mina izan zen, eta haren bidez orduko idazlerik onenak ezagutu zituen, Racine eta Boileau, besteak beste. 1669an Zaïde lanaren lehen liburukia argitaratu zuen, Segrais ezizenarekin. Hamar liburukiz osatutako obra hori 1671n amaitu zuen. Zaïdek halako arrakasta izan zuen, ezen argitalpen ugari izan zituen eta hizkuntza askotara itzuli zen.
Bera hil ondoren argitaratu ziren bere lan batzuk: La Comtesse de Tende (1718), Histoire d'Henriette d'Angleterre (1720) eta Memoires de la Cour de France (1731).
Clèvesko printzesa da La Fayetteren eleberririk ezagunena, 1672an idatzi zuen arren 1678an argitaratu zena egilearen izenik gabe (ez zuen bere izenik aipatu nahi izan, beldur zelako izenak liburuaren arrakasta murriztearekin; baina adierazi zuen historiak irakurleen onespena eta merezimendua jasotzen bazuen, esango zuela nor zen egilea[2]).
Ez da bere lehen lana, ez eta bere lehen eleberria ere. Lehendik badauzka bi narrazio idatziak: La Princesse de Montpensier (1662) eta Zaïde (1669).
Clèvesko printzesak arrakasta handia lortu zuen eta frantsesez idatzitako lehen eleberri historikotzat hartzen da, eta baita lehendabiziko eleberri psikologikoen eredutzat ere. Bere garaiko narrazio estiloetan oinarrituta badago ere, geroagoko eleberri errealistaren antza dauka, egiturari dagokionez batez ere.
Clèvesko printzesa maitasun istorio bat da, eta, halaber, maitasun istorio baten inguruan sortzen diren beste hainbat maitasun istorioena. Senar-emazteen arteko ezkontza-hitzarmenean lekurik ez duen sentimendu bat bezala agertzen zaigu maitasuna; eta ezkontza, berriz, aberastasun batzuk edo familiaren izen ona segurtatzeko itun bat besterik ez da. Maitasunaren alderdi on eta txar guztiak azaltzen zaizkigu, baina maitasuna, batez ere, oinaze eta atsekabeen iturri da, jelosia sortzaile eta mendeku eragile, amodioak eragiten dizkigun sentimenduak, sentimendu ez ziurrak eta zalantzakorrak baitira, kontraesanez beteak, gure arrazoiak gauza bat esaten digulako gure sentimenduek beste zerbait egitera bultzatzen gaituzten bitartean. Pertsonaren baitan arrazoiaren eta sentimenduen artean gertatzen den barne borroka saihestezinean datza eleberri honetako pertsonaien bizitzaren garraztasuna.
Baina bestetik, nobela historikoa ere bada. Henry II.a Frantziakoaren eta Frantzisko II.aren erregealdi bitarteko garaian kokatzen da historia, eta Madame de La Fayettek, orduko gertaerak eta pertsonaiak ez ezik, pertsonaia horien bizimoduak eta gorteko jaialdiak eta festak, dantzak eta zaldun-guduak ere, ongi baino hobeto azaltzen dizkigu. Letra handiz idatziriko historia handi horren hariari jarraituz, printze eta printzesa haien eguneroko bizitzako xehetasunetan ere barneratzen da, kontakizunari bizitasuna eta edertasuna emanez.
Euskaraz ere irakur daiteke lan hau, Mikel Hoyos Seinek euskaratu eta Ibaizabal argitaletxeak 1998an argitaratu baitzuen. Susak, gainera, irakurgailu elektronikoetara egokitu du eta Armiarma webguneko Euskarari ekarriak atalean jarri du, edozein gailutara dohainik jaisteko moduan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.