From Wikipedia, the free encyclopedia
Wolfgang Amadeus Mozart (Salzburgo, 1756ko urtarrilaren 27a- Viena, 1791ko abenduaren 5a) aro klasikoko austriar konpositore handi eta emankorra izan zen. 600 obra baino gehiago konposatu zituen; haietako asko, musikagintzaren gailurtzat aitortuak hainbat arlotan: opera, musika sakratua, ganbera-musika, orkestrarakoa, sinfoniak eta abar. Konpositore klasikoen artean ezagunenetarikoa da.
Wolfgang Amadeus Mozart | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Joannes Chrysostomus Wolfgangus Theophilus Mozart |
Jaiotza | Salzburgo, 1756ko urtarrilaren 27a |
Herrialdea | Prince-Archbishopric of Salzburg Austriako artxidukerria Germaniako Erromatar Inperio Santua |
Bizilekua | Mozarten jaiotetxea |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Viena eta Rauhensteingasse (en) , 1791ko abenduaren 5a (35 urte) |
Hobiratze lekua | St. Marx Cemetery (en) |
Heriotza modua | : ezezaguna |
Familia | |
Aita | Leopold Mozart |
Ama | Anna Maria Mozart |
Ezkontidea(k) | Constanze Mozart (1782ko abuztuaren 4a - 1791ko abenduaren 5a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Leinua | Mozart family (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana italiera ingelesa frantsesa latina |
Irakaslea(k) | Johann Schobert Johann Christian Bach Leopold Mozart Giovanni Battista Martini |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, musika-irakaslea, piano-jotzailea, musikaria, organista eta biolin-jotzailea |
Altuera | 1,63 metro |
Lantokia(k) | Salzburgo Viena eta Olomouc |
Enplegatzailea(k) | Count Hieronymus von Colloredo (en) Josef II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Influentziak | Johan Joseph Fux eta Johann Sebastian Bach |
Mugimendua | klasizismoa |
Genero artistikoa | klasizismoa sardana ganbera-musika opera sinfonia |
Musika instrumentua | organoa klabikordioa Klabizenbaloa fortepiano (en) biolina biola pianoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
| |
Leopold eta Anna Maria Mozarten jaiotako zazpi haurretatik, laugarrena bakarrik, Maria Anna (Nannerl), 1751ko uztailaren 31n jaioa, eta gazteena, Wolfgang, 1756ko urtarrilaren 27an jaioa, irten ziren haurtzarotik bizirik.[1] Haurrak etxean hezi zituzten, Leopold-en zuzendaritzapean, irakurketan, idazketan, marrazketan eta aritmetikan oinarrizko trebetasunak ikasiz, historia eta geografiaren batekin batera.[2] Leopoldek eta haren kide musikariek etengabe entseatzen eta jolasten aritzeak lagundu zion musika-hezkuntzari
Wolfgang Theophilus edo, esaten zioten bezala, Wolferl tixkia, lau edo bost urte zituela dagoeneko musika idazten eta jotzen hasi zen.
1762an Leopold aitak Munichera eraman zituen haurrak, Maximiliano Bavariako hauteslearen aurrean jo zezaten.[3] Urte berean, Leopoldek familia osoa eraman zuen Vienara, hiru hilabete iraun zuen bidaia batean.[4] Hainbat nobleren gonbitak jaso zituen, eta iritsi eta hiru egunen buiruan, haurrak Collalto kondearen jauregian jotzen aritu ziren. Bildutakoen artean, Karl von Zinzendorf lehen ministroa zegoen. Bere egunkarian adierazi zuenez, "haur batek bost urte eta erdi besterik ez zituela esan zuen [Wolfgang-ek ia zazpi zituen], ederto jo zuen".[4] Kantziler-orde Inperialaren aurrean agertu ondoren, Mozarttarrak gortera gonbidatu zituzten. Maria Theresa enperatrizak Wolfgangen abileziak probatu zituen, teklatu estaliarekin jolasteko eskatuz.[4] Gortera egindako bisita horretan, Wolfgang Maria Antonia artxidukesarekin bildu zen, Frantziako Marie Antoinette erregina izango zenarekin, bere adinekoa zena.[5]
Mozarten familiak 1763tik 1766ra Mendebaldeko Europan zehar bidaiatu zuen, Leopold Mozart eta Anna Maria emazteak beren seme-aba Maria Anna (Nannerl) eta Wolfgang erabili zituztelarik erakusteko zelako musikarako talentua zuten. Biraren hasieran, neskak hamaika eta mutikoak zazpi urte zituzten.
Bidaia edo biran, haurren Wunderkinden egoera baieztatu egin zen, haien emanaldi goiztiarrek harritu eta poztu baitzituzten ikusleak.
Bidaiaren lehen etapan, familia, Munich eta Frankfurt zeharkatuz, Bruselara eta, gero, Parisa joan zen, bost hilabetez. Londresera joan ziren gero eta han, urtebetez baino gehiagoz, Wolfgang-ek eguneko musikari nagusietako batzuk ezagutu zituen, musika asko entzun zuen eta lehen sinfoniak konposatu zituen. Ondoren, familia Herbehereetara joan zen, eta emanaldien ordutegia eten egin zen bi haurren gaixotasunengatik, nahiz eta Wolfgang-ek oparo konposatzen jarraitu zuen. Etxera itzultzeko bidean, bigarren geldialdi bat egin zuten Parisen eta bidaia bat Suitzan zehar, familia Salzburgora itzuli aurretik 1766ko azaroan.
Jaioterrian, Haydn irakasle zuela, musika ikasketak osatu ondoren 1773. urtean Vienara itzuli zen. Harizko tresnetarako kuartetoak eta sinfoniak idatzi zituen bertan; Haydnen musikaren eragina sumatzen zaie lan haiei.
Garai hartan Salzburgoko Colloredo artzapezpikuarekin zituen harreman txarren ondorioz, Mozart eta bere ama Parisera joan ziren. Ama hil zitzaionean Salzburgora itzuli zen eta gorteko eta katedraleko organista postua hartu zuen.
Aldi hartan idatzi zituen Mozartek lehen lan nagusiak. 1781. urtean Vienan hasi zen bizitzen eta opera zuzendaria zen Antonio Salierirekin lehen gatazkak izan zituen. Constanze Weberekin ezkondu zen eta Jose II.a enperadorearen gorteko musikagile postua eman zioten.
Pianista eta inprobisatzaile gisa gogotik lan egin bazuen ere, Mozarten diru egoera ez zen inoiz oso ona izan, eta okerragotu egin zen 1785-1791 urteetan. Nolanahi ere, bizitzako azken hamar urteetan idatzi zituen lanik bikainenetako batzuk. Opera handiak idazteaz gainera, Mozartek sinfonia ere landu zuen eta genero horren adibide ederrak utzi zituen. Eliz musikan ere gailendu zen, eta aipagarria da ganbera musikaren eremuan lortu zuen malenkoniaren eta sormen indarraren arteko oreka.
1791. urteko udan, Requiem bat idazteko enkargua jaso zuenean, oso gaixo zegoen.[6] Urte hartako abenduan hil zen, pozoitua izan zenaren mitoa zabaldu zen, baina egia bere heriotzaren jatorria ezezaguna dela da, lurperatutako lekua ere ezezaguna da.[7]
Mozarten musikak mugak gainditzen ditu, italiar, frantses, alemaniar eta austriar musikaren elementuak biltzen baititu. Sortu zuen musikaren nagusitasunaz, sinfonia, piano kontzertu, harizko kuarteto, sonata formen ibilbidea aldatu zituen. Mozarten musikaren azalean alaitasuna eta distira dira nagusi, baina barrualdean tristura eta malenkoniaren itzal iluna nagusitzen dira; bi alderdi hauen baturak etengabe liluratu ditu musikazaleak. garaiari dagokionez klasizismoaren aldikoa bada ere, aditu askok erromantizismoaren aitzindari garbitzat jotzen dute. 600 obra inguru idatzi zituen.
4 kantata eta aria ugari osatu zituen, Laudate Dominum (1780) nagusia; Ave verum corpus, lau ahots eta orkestrarako (1791); 18 meza, Koroatze meza (1779) eta Do minor meza (1782-83) azpimarratzekoak; bukatu gabeko Requiem-a (1791).
Orkestrarako 52 sinfonia egin zituen: re maior sinfonia (1774), re maior sinfonia, Praga (1786), do maior sinfonia, Jupiter (1788), famatuenak. Ariak, liederrak, ganberako musika, biolin, piano eta orkestrarako kontzertuak ere idatzi zituen.
35 sonata biolin eta klabezinerako osatu zituen.
Musikaren historian Mozarten lanak izan duen eragin argiaz gain, beste kultura adierazpide batzuetan ere oroitua izan da haren figura.
Salzburgo jaioterrian Mozarteum izena du hiriko musika eskola, orkestra, fundazioa eta kontzertu aretoak jasotzen dituen erakundea, 1841ean sortua.[8] Salzburgon halaber ezagunak dira Mozartkugel izeneko gozokiak, 1890an bertako gozogile batek sortuak, eta harrezkero jaki tradizional bilakatuak.[9]
Aleksandr Puxkin idazleak 1830ean bertsozko drama idatzi zuen historialariek gezurtzat jotzen duten kondaira batean oinarrituta,[10] zeinaren arabera Antonio Salieri gorteko beste konposagile ezagunak, Mozarten arrakasta ikusita eta inbidiaz jota, gaztea pozoindu zuen. Puxkinen lan hori Nikolai Rimski-Korsakoven opera lan labur baten oinarri bihurtu zen, 1897ko Mozart eta Salieri.[11]
1984an Miloš Forman zuzendariak egindako Amadeus filma musikagileari buruzko ezagunena da eta honetan ere Salieri da Mozarten nemesisa, bien arteko etsaigoa istorioaren ardatza; eta narratzailearen paperean Salieri bera agertzen da, zahartua iragana gogoratzen.[12]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.