From Wikipedia, the free encyclopedia
Zazpi Urteko Gerra 1756 eta 1763 artean gertatutako gerra izan zen. Bertan, garai hartako Europako botere handi guztiek hartu zuten parte, bai kontinentean, bai kolonietako gudu-zelaietan eta 900.000-1.400.000 lagun bitartean hil ziren. Guda horrek bat egin zuen Pomeraniako gudarekin eta Frantziar eta indioen aurkako gudarekin (1754-1763).[1][2]
Zazpi Urteko Gerra | |||
---|---|---|---|
Kunersdorffeko gudua (Alexander Kotzebue, 1848) | |||
Data | 1756–1763 | ||
Lekua | Europa, Afrika, India, Amerika, Filipinak | ||
Emaitza |
| ||
Lurralde-aldaketak | Europako status quo mantendu zuten. Erresuma Batuak, Frantziak eta Espainiak koloniak elkartrukatu zituzten munduan zehar. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Prusia, Brunswick-Lüneburgeko hautesle-lurraldea eta Britainia Handiko Erresumak (Ipar Ameriketako britainiar lurraldeak, Britainiar Ekialdeko Indietako Konpainia eta Irlanda barne) bat egin zuten Austriaren, Frantziaren (Frantzia Berria, Ipar Ameriketako kolonia eta Frantziar Ekialdeko Indietako Konpainia barne), Errusiar Inperioaren, Suediaren eta Saxoniaren aurka. Portugal eta Espainia geroago sartu ziren borrokan, lehenengoa Britainia Handiaren alde, eta bigarrena Frantziaren alde. Horrez gain, Herbehereetako indar neutral bati eraso zioten Indian.
Gudan, Frantziak Ameriketan izan zuen botere kolonial osoa galdu zuen, Guyana Frantsesa, Guadalupe, Martinika, Saint-Domingue eta Saint-Pierre eta Mikelune izan ezik, eta baita Europan izan zuen botere nagusiaren maila ere, Frantses iraultzaren garaiak arte. Britainia Handia, beste alde batetik, munduko kolonia-botere nagusia bilakatu zen. Frantziar itsas armada hondatu zuten eta asmo handiko zaharberritze programa batez eta Espainiako itsas armadarekin batera besterik ez zion aurre egin berriro Britainia Handikoari. Munduaz beste aldean, Britainiar Ekialdeko Indietako Konpainia gailendu zen Indian: aurrerantzean, “Inperioaren koroako bitxia” bilakatu zen. Munduan zehar borrokatu zenez, Winston Churchillek “Lehen Mundu Gerra” izan zela esan zuen; hala ere, borrokalari gehienak europarrak ziren edo itsasoz bestaldeko kolonietakoak. Guda Prusiako Frederiko II.a Handia Saxonian sartu zenean hasi zen.
Kanadan eta Britainia Handian Europako, Asiako eta baita Ipar Ameriketako borrokei ere “Zazpi Urteko Gerra” izena ematen diete. Frantziar Kanadan, alabaina, normalean “konkistako guda” erabiltzen da. Indian “Hirugarren Guda Karnatikoa” esaten zaio eta Prusia eta Austriaren artekoari “Hirugarren Guda Silesiarra”. AEBetan Ingalaterratik independizatu arren, Zazpi Urteko Gerra esaten jarraitzen dute eta Ipar Ameriketako borrokaldiari Frantsesen eta Indiarren Gerra esaten diote, baina ez Britainia Handian, Kanadan, edo Frantzian; hauetan guzietan, guda handiago baten zati bat besterik ez dela uste baitute.
Askotan borroka hau Austriako Ondorengotza gerraren (1740-1748) jarraipena izan zela esan da. Guda hartan Federiko II.a Prusiako erregeak Silesia probintzia aberatsa irabazi zuen. Austriako Maria Teresa artxidukesak Aix-la-Chapelleko ituna sinatu zuen, aliantza berriak egitearren eta haren armada berregiteko, eta ondo egin zuen ere. Europako mapa politikoa urte gutxitan erabat aldatu zuten. 1756ko Iraultza diplomatikoa gertatu zenean, Frantziak, Austriak eta Errusiak, ehun urteko etsaiek, bat egin zuten aliantza batean Prusiaren aurka. Prusiak babes bakarra Britainia Handitik jaso zuen, hango dinastiak Hannoverko haren lurraldeak Frantziak mehatxatzen zituela uste baitzuen. Aliantza hartan herrialde biek ezin hobeto laguntzen zioten. Britainiarrek Europako itsas armadarik handiena zeukaten , eta Prusiarrek lurreko armadarik indartsuena, hala, Britainia Handiak haren soldaduak kolonietan erabil zitzakeen. Austriar armadan Prusiar erarako zaharberritze bat egin zuten. Izan ere, militar aferei buruz askotan jeneralek baino gehiago jakiten zuen Maria Teresak behin eta berriz egin zuen erreforma horren alde. Agertu zuen soldaduen ongizatearen gaineko interesak guzien begirunea ekarri zion.
Bigarren kausa Britainiar Handiaren eta Frantziaren arteko kolonietako borroketan zetzan, elkarren aurka jotzen baitzuten bi kontinentetan hazten ari ziren bitartean.
Ia XVIII. mende osoan Frantziak berdin jokatu zuen borrokatu zen guda guzietan: koloniok haren kabuz defendatzen utzi zituen, armada txikiak haietara bidaliz -edo agian eskarmenturik gabeko soldaduak-, edonola ere, kolonietako borrokak galduko zituela uste baitzuen. Armada nagusia Europan gordeko zuen, etxetik gertu halako indar batek arrakastatsua izango zelakoan. Asmoa gudaren amaiera arte borroka egitea zen eta orduan, itunaren negoziazioetan Europan irabazitako lurraldeak itsasoz bestaldeko galdutakoen truke emango zituen; alabaina, guda horretan, Europan etekin oso txikiak atera zituzten eta asmoak porrot egin zuen.
Britainiarrek, beste alde batetik, kolonietako gudak bultzatzen zituzten. Horretarako, itsasoan zeukaten indarra erabiltzen zuten: itsas blokeoa ezarri eta etsaien portuen bonbardaketak ez ezik, uretatik mugi zitzaketen tropak ere baliatu zituzten. Itsasontzi etsaiei eta koloniei etengabe erasotzen zieten, normalean, alboko kolonietako britainiar kolonoak erabiliz. Europan berez zeukaten ahultasunari aurre egiteko aliantzak egiten zituzten, batez ere, haren etsaien etsaiekin. Zazpi Urteko Gerran garai haietako estrategarik handienarekin egin zuten aliantza, alegia, Federiko Handiarekin. Haren erresumaren, Prusiaren, indarra Europa erdian hazten ari zen eta britainiarrek diru-laguntza handiak eman zizkioten bere kanpainak bultzatzeko.
Europako borrokak hasi aurretik, Ipar Amerikan zegoeneko britainiar kolonien mendebalderanzko hedapenak eta 1740ko eta 1750ko hamarkadako Mississippi ibarraren gaineko frantziarren erreklamazioek talka egin zuten. Frantziarrek Virginiaren eta Pennsylvaniaren hedapena oztopatzeko, batez ere, oraingo mendebaldeko Pennsylvanian gotorleku kate bat eraiki zuten. Haiek gotorlekuotatik egozteko britainiar ahaleginek Frantsesen eta Indiarren Gerra sortu zuten (Ipar Amerikan Zazpi Urteko Gerra).
Europan, Federikok Saxoniako muga zeharkatu zuenean guda hasi zen. Estatu hori Alemaniako txikienetako bat zen eta Austriarekin aliatuta zegoen. Horrek ustekabean harrapatu zituen Saxoniako eta Austriako armadak eta prusiarrek Lobositzeko batailan Browne kondeak gidatutako Austriar armadari eragotzi zioten inguratutako Saxoniar armadari laguntzea. Galdu arren, Saxoniar armada arrakastatsua izan zen, Prusiar kanpaina luzatu baitzuen.
Mediterraneoan frantziarrek borroka hasi zuten Menorcaren aurkako eraso batez. Britainiar laguntza kontraeraso batek huts egin zuen Menorcako batailan eta frantsesek uhartea konkistatu zuten (porrot horregatik Byng almirantea epaitu eta hil egin zuten).
1757ko udaberrian, Federikok Pragarantz abiatuz aurrea hartu zuen. Pragako bataila odoltsuaren ostean, prusiarrak hiria setiatzen hasi ziren, baina setioa altxatu behar izan zuten Kolingo batailan Federikok lehenengo aldiz galdu eta gero. Udan, errusiarrak Ekialdeko Prusian sartu ziren eta prusiar indar txikia garaitu zuten Gross-Jägersdorf borroka latzetan.
Egoera ilun-ilun zegoen Prusiarentzat une hartan; austriarrak armada mobilizatzen ari ziren Prusiak kontrolatzen zituen lurraldeetan sartzeko eta Soubisek gidatzen zuen frantziar armada bat mendebaletik gerturatzen ari zen. Napoleonek deituko zuen “kemen eta mugimenduko maisu-lan” batekin Federikok hilabete epe batean, lehendabizi frantziarrak garaitu zituen Rossbach batailan eta segidan austriarrak Leuthengo borrokan. Garaipen handi horiekin, Federiko berriro bilakatu zen Europako jeneralik onena eta haren gizonak Europako soldadurik onenak. Petri III.a (Federiko miresten zuen) Errusiako tronora igo zenean, Federikok Lehen Mundu Gerrara arte iraungo zuen aliantza egin ahal izan zuen.
Britainia Handiak Rocheforten jaitsiera anfibio bat (ur-lehorreko eraso bat) egiteko planak egin zituen. Hiria itsasoko eta lehorreko armadek elkar hartuta indarrez hartzeko eta Charenteko departamentuko itsasontziak erretzeko ekintza bat, hain zuzen ere. Espedizioa 1757ko irailaren 8an abiatu zen; Sir John Mordauntek lehorreko armada eta Sir Edward Hawkek itsasokoak agintzen zituztelarik. Irailaren 23an Île-d´Aix hartu zuten, baina militarren ezbaien zirela eta, Rochefort gotortu zuten, beraz, espedizioak urriaren 1ean Île-d´Aixetik Britainia Handira itzuli behar izan zuen. Espedizioren huts egiteak eta estrategia horren arrakastaren gaineko eztabaidak gorabehera, Pittek horrelako operazioak egiten jarraitu nahi zuen. Charles Spencer, Malboroughko 3. dukearen agintepeko beste armada bat prestatzen hasi ziren. Itsas-armadaren eskoltaren agintariak Anson, Hawke eta Howe izango ziren eta dukearen laguntzaile Lord George Sackville joango zen.
Armada 1758ko ekainaren 5ean lehorreratu zen Cancalle badian; Saint-Malora abiatu zen eta portuko itsasontziak erre zituzten. Britainiarrek ezin zuten setioa ezarri, frantziarrek laguntza armada bat bidali baitzuten eta berriro ontziratu ziren. Havre de Gracerako eraso bat ere bertan behera utzi behar izan zuten eta itsas-armada Cherbourgera abiatu zen. Han ere, eguraldi eskasa eta hornidurak gutxi zirela eta ez zuten erasorik egin eta espedizioa itzuli zen. Operazioak frantziar itsaslapurretari kalte handia egin zion eta, aldi berean, erakustaldi militar arrakastatsua egin zuen frantses itsasoaren hegian.
Pitt, orduan, Alemaniara tropak bidaltzeko prestatu zen; Malborough eta Sackville atsekabetu ziren “jaitsierek” huts egin zutela pentsatu baitzuten, beraz, Alemaniarako armadan karguak hartu zituzten. Hortaz, Bligh jeneral zaharrari eman zioten itsas armadaren ardura eta Howeri eskoltarena. Operazioa ezin hobeto hasi zen: itsas armadaren Cherbourgheko bonbardaketaz eta babesaz lehorreratzean, haren aurka bidali zuten frantziar indarra sakabanatu zuten; Cherbourgh hartu; hango gotorlekuak eta kaiak eraitsi eta itsasontziak erre zituzten. Tropak berriro ontziratu ziren eta itsas armada Saint Lunairera mugitu zen, Britainian. Han lehorreratu ziren, irailaren 3an, Saint-Malon eraso egiteko; hala ere, ezin izan zuten ekintza egin. Eguraldia txarrera egiten zuenez, armada biak banandu ziren: itsasontziak Saint Casten babestu ziren eta armada lehorreratu zen. Bligh atzeratu zenean 10.000 soldaduko frantziar tropa batek hauek harrapatu zituen itsasoratzen ari zirela. Dury jeneralak gidatutako 1.400 soldaduk aurre egin zion frantziar armada horri gainerakoak ontziratzen ziren bitartean. Hauetan, 750 hil egin zituzten, Dury barne, eta gainerakoak atxilotu.
Federikok Austria inbaditu zuen 1758ko udaberrian, baina ezin izan zuen garaipen erabakigarri bat lortu. Mendebaldean, Fernando, Brunswickeko printzeak frantziarrak garaitu zituen Riechenbergeko eta Krefeldeko batailan. Ekialdean, Federikoren 35.000 soldaduko armada eta Fermor kondearen 43.000koak borrokatu ziren, baina berdinketa batera heldu ziren. Errusiarrek atzera egin zuten gudu zelaitik. Erabakirik gabeko Tornoweko batailan, irailaren 25ean, suediar armada batek seitan egin zion prusiar bati atzera egin gabe. Urriaren 14an Daun mariskalaren austriarrek ustekabez harrapatu zuen prusiar armada nagusia Hochkircheko batailan. Federikok ia artilleria osoa galdu zuen, baina ordenan erretiratu zen baso trinkoak lagunduta.
1759ko urtean prusiarrek porrot itzelak izan zituzten. Kayko edo Paltzigeko batailan, Saltykov kondeak agindutako 47.000 errusiarrek Von Wedel jeneralak agindutako 26.000 prusiarrak garaitu zituzten. Hannovertarrek 60.000 frantziar Mindenen garaitu arren, Daun austriar jeneralak Maxengo batailan 13.000 soldaduko prusiar armada oso bat garaitu zuen. Federikok berak, Kunersdorfeko batailan armada erdia galdu zuen, haren karrerako porrotik handiena. Hori zela eta, erregetza uzteko eta bere buruaz beste egiteko zorian egon zen. Porrotaren arrazoi nagusia haren errusiarrei buruzko kalkulu okerrean zetzan. Haiek beren indarra zegoeneko erakutsi zuten Zorndorf eta Gross-Jagersdorfen.
1759an frantziarrek Britainia Handia inbaditzeko planak egin zituzten, Loireko ahoan tropak eta Brest eta Touloneko itsas armadak batuz. Hala ere, bi porrotek hau ekidin zuten. Abuztuan, Lagoseko batailan Edward Boscawenek gidatzen zuen itsas armada handiago batek Jean François de La Clue-Sabranek gidatutakoa sakabanatu zuen. Azaroaren 20an, Quiberon badiako borrokan Edward Hawke britainiar almirantearen 23 ontziek Bresteko itsas armadako Conflans mariskalaren 21 ontziak harrapatu zituzten eta ia guztiak hondoratu, atzeman edo lehorrarazi zituzten. Horrela, britainiarrek frantziarren planak desegin zituzten.
1760. urteak porrot gehiago ekarri zien prusiarrei. Fouqué jeneral prusiarra garaitu zuten Landshuteko batailan. Frantziarrek Marburg atzeman zuten, eta suediarrek Pomeraniako zati bat. Hannoverkoek frantziarrak garaitu zituzten Warburgeko batailan, baina Charles Flynn jeneralak gidatutako austriarrek Silesiako Glatzen sartu ziren. Liegnitzeko batailan etsaien armada berarena halako hiru izan arren, Federikok garaipen handia lortu zuen.Saltykov jeneralaren errusiarrek eta Lacy jeneralaren austriarrek, urrian, denbora labur batez Berlin okupatu zuten. Hala ere, urtearen amaieran Federikok garaipen batzuk lortu zituen; Daun trebea menderatu zuen Torgauko batailan , baina hildako asko izan zuen eta austriarrek orden onean egin zuten atzera.
1761n beste herrialde bat sartu zen gerran. Espainiak gerra deklaratu zion Britainia Handiari, urtarrilaren 4an. Villinghausen batailan Brunswickeko Fernando printzeak 92.000 soldaduko frantziar armada bat garaitu zuen. Zahkhar Chernyshev eta Pyotr Rumyantseven errusiar armadak Pomeraniako Kolberg hiria hartu zuten eta austriarrak, beste alde batetik, Schweidnitzen sartu ziren.
Britainia Handiak diru laguntzak erretiratzeko mehatxua egin zuen eta prusiar armada 60.000 soldadutara gutxitu zenean, Federikoren biziraupena kolokan geratu zen. Orduan, 1762ko urtarrilaren 5ean, Elizabeth Errusiako tsarina hil egin zen. Petri III.a, haren ondorengoa, Prusia zalea izan zen eta, berehala, deitu zituen atzera Berlinen zeuden errusiar armadak (ikus ezazu 1762ko San Petersburgoko ituna) eta Suediarekiko itunean bitartekaritza lanak egin zituen. Azkenean, Federikok Austriarrak Silesiatik egotzi zituen Freibergeko batailan (1762ko urriaren 29an) eta Brunswickeko aliatuak Göttingen hiri garrantzitsuan sartu ziren.
Ipar Amerikako gertaerei buruz gehiago jakiteko: Frantsesen eta Indiarren Gerra Borrokak Indian, Ipar Amerikan, Europan, Karibeko uharteetan, Filipinetan eta Afrikako itsasertzean gertatu ziren. 1750eko hamarkadatik 1763ra Britainia Handiak lurralde eskergak irabazi zituen frantziarren lepotik. Robert Clivek franziarrak Indiatik egotzi zituen eta Wolfe jeneralak Montcalm jeneral frantziarraren armadak garaitu zituen Abraham lautadetako batailan; bertan, britainiarrek Quebec hiria eskuratu zuten.
Britainia Handiak Menorca uhartea galdu zuen 1756. urtean frantziarrek hartu zutenean, baina, azken hauen Afrikako Senegalgo koloniak inbaditu zituen 1758an. Britainiar itsas armadak Guadeloupeko,1759an, eta Martinikako kolonia azukre ekoizleak 1762an hartu zituen, eta horiekin batera, Kubako Habana eta Filipinetako Manila espainiar hiri garrantzitsuak.
1757an britainiarrek Frantzia Berriari eraso zioten itsaso zein lurretik. Frantziar indarrek britainiar erasoei aurre egin zieten Hudson bailaran, eta Frantziako itsaso armadak Louisbourgeko hiria eta Quebeceko inguruak defendatu ahal izan zituen. Hala ere, 1758an, britainiarrek beste eraso batean Louisbourgeko eta Cape Bretongo gotorlekuak hartu zituzten, eta 1759ko irailaren 13an, James Wolfe jeneralak Quebeceko frantziar indarrak garaitu zituen. 1760ko udazkenerako, Ameriketako frantziar kolonia guztiak britainiar eskuetan zeuden.
1762an, gudaren amaieran, frantziar indarrek Ternuako St. Johngo koloniari eraso zioten. Arrakasta izatekotan, negoziatzeko orduan Frantzia indartsuagoa izango zen. St. John hartu eta inguruetako herrixkak arpilatu arren, britainiarrek frantziar indarrak guziz garaitu zituzten Signal Hilleko batailan. Horixe izan zen Ipar Ameriketako azken bataila eta frantsesak errenditu behar izan zitzaizkion William Amherst teniente-koronelari. Britainiarrek garaipen osoa lortu zuten kolonietan, baina bakea galduko zuten gerraren ostean Ipar Ameriketako haren koloniek iraultza egin zutenean.
1763an britainiarren eta frantziarren arteko borrokak amaitu ziren Parisko Itunarekin.[3] Itun horretan lurralde aldaketa konplexu batzuk ezarri ziren, garrantzitsuena izan zen Frantziak Espainiari Louisianako ematea[4] eta Britainia Handiari Frantzia Berriaren ematea, Saint Pierre eta Mikelune izan ezik. Frantziari Karibeko Guadalupe uhartea ala Frantzia Berria gordetzeko aukera eman zioten, eta Frantziak Karibeko irla hautatu zuen, Frantzia Berriari basamortu izoztua iritzi baitzion. Aukera hori britainiarren gustukoa ere izan zen, Karibeko haien uharteek behar besteko azukre ematen baitzioten, eta, bide batez, Frantzia Berria eskuratuta Mississippi ibaiaren ekialdeko lurralde guztiak izango zituzten menpe, New Orleans salbu. Hala ere, Frantzia Berriaren mehatxua bukatu zenean Ameriketako britainiar koloniak berrantolatu ziren eta hori izango zen iraultzaren eragileetako bat. Espainiak Florida eman behar izan zion Britainia Handiari, baina frantziarrek New Orleans eta Louisianako lurraldea eman zizkioten truke. Frantziak britainiarrei Menorca uhartea ere itzuli behar izan zien.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.