Ameriketako Estatu Batuetako estatua From Wikipedia, the free encyclopedia
Pennsylvania[1] Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatu bat da. Hiriburua Harrisburg du, baina hiri nagusia Filadelfia da. Guztira, 12,5 milioi biztanle dituenez (2007), Estatu Batuetako estatu jendetsuenen artean seigarrena da. 119.283 km2 ditu.
Mugakide hauek ditu: iparraldean, Erie aintzira eta New Yorkeko estatua; ekialdean, New York eta New Jerseyko estatuak; hegoaldean Delaware, Maryland eta Mendebaldeko Virginia; eta mendebaldean Mendebaldeko Virginia eta Ohio.
Pennsylvanian algonkin herriak bizi ziren europarrak hara iritsi zirenean. Suediarrek (1643) eta alemaniarrek (1647) ezarri zituzten lehen kolonia europarrak, baina 1664an ingelesak nagusitu ziren lurralde honetan. 1681ean, William Penn kolonoaren jabego bihurtu zen.
XVIII. mendean borroka latzak izan ziren jatorrizko biztanleen —alegia, indiarren— eta europarren artean (1754-1763, frantses eta indiarren arteko gerra). Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerraren atarirako, Pennsylvania gune nagusia zen ekonomian, politikan eta arlo militarrean, eta han egin ziren Kontinenteko Biltzarraren lehenengo eta bigarren bilkuraldiak (1774 eta 1775-1776). Filadelfian izenpetu zuten, halaber, Estatu Batuen Independentziaren Aldarrikapena eta Konfederazioko hiriburu bihurtu zen (1783-1789).
Sezesio Gerra hasi zenean (1861), gune militar garrantzitsua egin zuten Pennsylvania, eta Gettysburg hirian eskuratu zuten batasunaren aldekoek gerrako garaipen sonatuenetako bat. Gerra amaitutakoan, lehen mailako industria, merkataritza eta finantzagune bilakatu zen Pennsylvaniako estatua.
Ekonomia jarduera nagusiak dira nekazaritza (garia, garagarra, barazkiak, artoa, fruitu arbolak, behi eta ardi azienda) eta, batez ere, industria (Pittsburgh da Estatu Batuek izan duten altzairugintzako lehen gunea). Lurpeko aberastasunen ustiakuntza (ikatz, petrolio eta gas hobiak) urritu egin zen Lehen Mundu Gerraz geroztik, baina industria mota asko garatu da hiri nagusien inguruan (Filadelfia, Pittsburgh, Bethlehem, Harrisburg): janari industria, kimika industria, tresneria elektrikoa, altzairugintza, ehungintza, automobilgintza. Filadelfia, Pittsburgh eta Erie dira estatuko portu nagusiak, eta lehen bi hirietan daude, halaber, bi aireportu garrantzitsuenak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.