From Wikipedia, the free encyclopedia
Prusia (alemanez: Preuße; latinez: Borussia, Prutenia; letonieraz: Prūsija; lituanieraz: Prūsija; polonieraz: Prusy; antzinako prusieraz: Prūsa) Erdialdeko eta Ekialdeko Europako estatu bat izan zen, 1525ean sortua eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran (1947) desegina. Eragin handia izan zuen Alemaniako eta Europako historian. Hasieran Königsberg izan zuen hiriburu, eta gero Berlin.
Prusia Preußen | |||
---|---|---|---|
1525 – 1947 | |||
Monarkia (1918 arte), errepublika | |||
| |||
Goiburua Suum cuique (Bakoitzari berea) | |||
Prusiako Erresumaren lurraldeak, urdinez, Alemaniar Inperioan (1871 – 1918). | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Königsberg, gero Berlin | ||
Biztanleria | 10.349.000 (1816) 41.915.040 (1939) | ||
Kultura | |||
Hizkuntza(k) | alemana | ||
Erlijioa | protestantea, erromatar katolikoa | ||
Historia | |||
Prusiako dukerriaren sorrera | 1525 | ||
Prusiako Erresumaren sorrera | 1701 | ||
Prusiako Estatu Askearen sorrera | 1918 | ||
Ezeztatzea (De iure) | 1947 | ||
Antzinako prusiarrak Baltiko itsaso ondoan bizi ziren, Oder eta Niemen ibaien artean. Baltikoko herrietako hizkuntza bat hitz egiten zuten, prusiera zaharra deritzana. XIII. mendean germaniarrek (Ordena Teutonikoak) prusiarrak kristautu eta menderatu zituzten. Aitonen seme germaniarrek gazteluak eraiki zituzten Prusian eta nekazari germaniar asko iritsi ziren lurra lantzera. XIV. menderako, Prusiako biztanle gehienek alemanez hitz egiten zuten, antzinako prusiar hizkuntzak XVII. mendea arte iraun bazuen ere.
1525ean, Prusia Hohenzollern familiaren mendeko dukerri bilakatu zen; 1618an, Hohenzollern-Brandenburg etxea iritsi zen aginpidera; Brandenburgoko margraverria eta Prusiako dukerria batzean Europako lurralde indartsuenetako bat eratu zen: Brandeburgo-Prusia. Frederiko Gilen Handiak (1640-1688) Prusiako gudaroste ahaltsua eratu zuen; Frederiko I.a (1688-1713) Prusiako errege izendatu zuten. Frederiko II.ak (1740-1786) Silesia eta Poloniako mendebaldeko lurraldeak bereganatu zituen, eta Prusia Europako botere nagusietakoa bilakatu zen.
1807an, Napoleonen kontrako borroken ondoren, Prusiak lurralde batzuk galdu zituen, baina 1815eko Vienako Batzarrean horietako asko berreskuratu zituen. Handik aurrera, Austriarekin lehian egon zen germaniar elkartearen buru nor izango. 1871n, Otto von Bismarck kantzilerrari esker, Bigarren Reicheko lurralde nagusia bihurtu zen politika, ekonomia eta populazioari zegokienez.
Lehen Mundu Gerra bukatu zenean, Hohenzollern dinastiaren amaierarekin batera, Silesia, Posen, Mendebaldeko Prusia, Danzig, Memel, Schleswigeko iparraldea, Belgikako mugako lurraldeak eta Sarre eskualdea galduta, Prusia inoiz izandako lurralderik txikienera mugatua zegoen, eta, egoera ahul horretan, Weimarko Errepublikako land bihurtu zen (Prusiako Estatu Askea). 1933an, Hitlerrek Prusiako konstituzioa eta hango legeak indargabetu zituen. Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemania aliatuen mende geratu zen eta, horrenbestez, Prusiari geratzen zitzaizkion lurralde urriak ere bai; izan ere, Sobietar Batasunak hartu zuen ipar-ekialdeko Prusia eta Poloniak, berriz, Prusiako ekialdeko zenbait lurralde.
Prusia lurraldetzat desegin zenetik, Prusia izena historian, kulturan edo geografian baino ez da erabili. Esaterako, etikaren arloan, prusiar bertuteak aipatzen dira: Prusiako Erresumari lotutako bertuteak dira; bereziki, erresuma historiko horren militarismoa eta prusiar armadaren kode etikoa, baina baita burges balioak (nagusiki kalbinismoaren eragina jaso dutenak).[1]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.