gaur egungo Euskal Herrian eta inguruko lurretan agindu zuen herrialdea, ardatza Iruñean zuena eta Nafarroako erregearen mendekoa izan zena From Wikipedia, the free encyclopedia
Nafarroako Erresuma (latinez: Regnum Navarrae, gaztelaniaz: Reino de Navarra, frantsesez: Royaume de Navarre) Euskal Herriko egitura politiko independentea izan zen, IX. mendean sortu eta, formalki, XIX. mendera arte iraun zuena. Hasierako garaian Iruñeko Erresuma izena hartu zuen, hiri hartatik hasi baitzen hedatzen.
Nafarroako Erresuma Regnum Navarrae | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1158 – 1789 | |||||||||
Oinordetzako monarkia | |||||||||
| |||||||||
Iruñeko Erresuma (laranjaz) 1030ean | |||||||||
Geografia | |||||||||
Hiriburua | Iruñea (824-1522) Donapaleu[1] (1522-1789) | ||||||||
Azalera | 1234–1463: 12.100 km² | ||||||||
Kultura | |||||||||
Hizkuntza(k) | euskara, nafar-aragoiera, latina eta gaskoia | ||||||||
Erlijioa | gehiengo katolikoa gutxiengo juduak, musulman sunitak eta higanotak | ||||||||
Historia | |||||||||
Iruñeko Erresumaren ezarpena | 824 | ||||||||
Nafarroa Garaiaren inbasioa eta konkista | 1522 | ||||||||
Paueko ediktua | 1620 | ||||||||
Frantziako Iraultzaht | 1789 | ||||||||
Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legea | 1841 | ||||||||
|
“Nafar” hitza VIII. mendearen amaieran agertu zen lehenengoz, frankoen agirietan. IX. mendean, Iruñeko Erresuma sortu zen. Hedadurarik handiena Antso III.a errege zela lortu zuen, egungo Euskal Herriko lurralde guztiak batzeaz gain, mendebalderantz eta Ebro ibaitik hegoalderantz ere zabaldu baitzen. XII. mendetik aurrera, lurraldeak galduz joan zen.
1512tik aurrera, Nafarroa Garaia Gaztelako Erresumaren mende geratu zen, eta 1620an Frantziako Koroak Nafarroa Beherea, Biarnorekin batera, Frantziako Erresumari lotu zion. Erresuma izena 1789. urtean galdu zuen Nafarroa Behereak, Frantziako Iraultzarekin batera, eta 1841ean, berriz, Nafarroa Garaiak, Lehen Karlistaldia amaitu ondoren eta Foruak Eraldatzeko Legearen bidez.
Iruñeko Erresuma baskoien lurraldean sortu zen. Izan ere, Iruñea, Erdi Aroko erresumaren hiriburua, Ponpeio jeneral erromatarrak gotortutako hiria zen (Pompaelus latinez). Erromatarrek guztiz menperatuta zeukaten lurraldea K. a. 74rako. Beti ere, erromatartzea, erromatarren kultura elementu material eta espiritualen onartze eta beretzea den aldetik, sakonagoa izan zen agerean saltusean baino, biziagoa klase aberatsen artean nekazarien artean baino.[2] IV. mende amaieran hasitako migrazio mugimenduen ondorioz, eten egin ziren administrazio loturak Erromarekiko. Badirudi antzinako germaniarrek Pirinioak gurutzatu nahi izan zituztenean, bertako noble multzo batek aurre egin ziela. Urte batzuk geroago, bagauda izeneko jendetza matxinatu zen baskoien lurraldean.
Edonola ere, erromatarren agintea desagertuta, bisigodoak bilakatu ziren Iberiar penintsulako botere nagusia. Hainbat errege godok baskoien aurka egin zuten borroka. Geroagoko zenbait kroniketan irakur daiteke errege horietako askok baskoiak menderatu zituztela (domuit vascones), baina behin eta berriro menderatu beharrak esan nahi du, ziurrenez, ez zituztela inoiz menderatzen. Datuak urriak izanda, ez dago garbi noraino menderatu zuten bisigodoek baskoien lurraldea. Iruñean bisigodoen hilerria agertu da, eta Iruñeko hainbat apezpiku izan ziren Toledoko kontzilioetan. Iparraldeari dagokionez, datu gutxi ditugu. VII. mendean errege frankoek gaskoien (iparraldeko baskoien) lurraldea okupatu nahi izan zuten. Badirudi frankoek agintea galdu ahala nagusitu zirela bertakoak, eta Akitanian zehar hedatu.
714tik aurrera, gudaroste musulmanak bertan izateak, ageriagoan jarri zituen iparraldeko (saltus) eta hegoaldeko (ager) baskoien arteko kultura ezberdintasunak. Ebroko haraneko jaun handiki batek, Cassius kondeak, kalifarekin elkar hartu eta bere aginpidea sendotu zuen, eta hurrengo lau mendeetan Erribera gobernatu zuen banukasitar dinastiaren buru bilakatu zen. Mendekotasun politikoarekin batera, kulturaren islamizatzea etorri zen.[2]
VIII. mendean eta hurrengoaren lehen laurdenean, printze kristauen eta musulmanen arteko adiskidetasunezko hitzarmena izan zen Nafarroan politikaren ezaugarria, odol loturak eta interes ekonomiko berak baitzituzten. Ama berberaren semeak izan ziren, adibidez, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, banukasitarren buruzagi ospetsua. Kidetasun horrek, eta Nafarroa Pirinioen hegoaldeko muturrean kokatua egoteak eragin berezia izan zuten Iruñeko Erresuma sortu eta finkatzekoan. Baskoiek hitzarmenak hautsi ondoren, ordea, Iruñea eraso zuten Uqba eta Yusuf valiek.[2]
Iruñeko ahaideen eta banukasitarren arteko harreman on horiek VIII. mendearen azken herenean ere eman zituzten beren emaitzak. Karlomagnok akordio bat egin zuen Zaragozako buruzagi musulmanarekin, hark hiria eman ziezaion, baina gudaroste frankoa hirira iristean, iruzur egin ziotela konturatu zen. Horren ondoren, Karlomagnoren tropek Iruñea suntsitu zuten, baina baskoiek mendeku hartu zuten Pirinioetan, Orreagan zehazki, 778ko abuztuaren 15ean armada frankoa ustekabean harrapatu baitzuten segada batean. Errolan, Karlomagnoren lotinanta, hil zen gudu hartan. Gertakari haietan oinarriturik, frankoek Errolanen kantua idatzi zuten, lehen gesta kanta. Kanta horrek frankoen ikuspuntua adierazi zuen: frankoen aurkari baskoiak armada musulman gisa agertu ziren, eta Errolan printzea borroka eginez hil zen heroi moduan gudu odoltsu batean, eta ez segada batean harrapatua.
781ean, Abd ar-Rahman I.ak erasoaldi bat egin zuen Iruñeko lurraldeetan. 799an Mutarrif ibn Musa Iruñeko valia hil zutenean, aliatuek Tuterako gotorlekuari eraso, Yusuf ibn Amrus hango valia atxilotu eta preso eraman zuten Qaysko Harkaitzera (803). Gero, bata bestearen ondotik etorri ziren gudaldiak: Iruñea menderatzeko Ludovico Piorenak (812), karolingiarren aldeko Belaskoren aurka emirrak egin zituenak (816) eta Akitaniako erregeak Eblo eta Aznar kondeen gidaritzapean antolatua (824); bi buruzagiok arras zori desberdina izan zuten preso hartu zituztelarik. Eulogio Kordobakoak bisita egin zuen Iruñera eta Leireko, Igariko, Urdaspalgo eta Siresako monasterioetara. 851an Wilesindo apezpikuari bidalitako gutunean, agerian ipintzen du Pirinioetako komentu horietan erlijioak eta literaturak zuten indarra.[2]
Karolingiarren eta kordobarren erasoen aurrean Nafarroako lurrak eta interesak zaintzeko, indarrak koordinatuko zituen buruzagi militar baten pean jarri ziren bertako handikiak. 842-850 bitartean, Abd ar-Rahman II.ak Musa ibn Musaren aurka burutu zituen zigor gudaldiak, eta baita haren sabelkide eta aliatua zen Eneko Aristaren aurka ere. Haren seme Gartzia Enekoitz, aitaren politika aldaturik, bere ahaide musulmanengandik aldendu eta Asturietako Ordoño erregearekin elkartu zen.[2]
Antso I.a Gartzeitzekin (905-925) erresumaren barne egituraketa finkatu eta lurraldez hedatu zen. Ordura arte Iruñeko agintariek izan zuten ia defentsa hutsezko jarrera alde batera utzirik, inguruko lurraldeez jabetzeari ekin zion, hasi Deierritik eta Calahorra, Arnedo, Viguera eta Naiararaino. Abd ar-Rahman III.a bere gudarosteekin etorri zen Iruñea aldera; Iruñea eta Oviedoko erregeak garaitu zituen Valdejunquerako guduan (Muetz, 921), eta 924ko Iruñeko gudaldian berriro azpiratu zuen Antso erregea, hurrengo urtean hil zena. X. mendean, Antso erregearen ondorengoak Kordobako kalifen aurrean mendekotasunaren eta etengabeko jazarraldien artean ibili izan ziren eta, egoera horren eraginez, sarritan egin zituen Iruñea aldera udako ibilaldi militarrak (“azeifak”) Almanzorrek, Hixam II.aren lehen ministro ahaltsuak; hari eman zion Antso Abarkak bere alabetako bat, geroago Abderraman Antsoren ama izan zena.[2]
Antso Nagusia (1004-1035) garrantzi handikoa izan zen Nafarroako, Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako politikaren historian. Haren agintaldian barne kohesio eta ospe handiak lortu zituen Iruñeko Erresumak, eta errege eta handiki kristauek eta musulmanek haren agintaritza eta handitasuna aitortu zuten. Besteak beste, Islamarekiko hegoaldeko muga finkatu, Sobrarbe eta Ribagorzako lurraldeak bereganatu, Bartzelonako Berenger Erramun eta Gaskoiniako Antso Gilen kondeekin hitzarmenak izenpetu, Gartzea infantea hil ostean Gaztelako Konderria bere gain hartu, eta Leongo Erresuma gobernatu zuen. Politikoki hain desberdinak ziren lurraldeetan agintzeak ez zuen berekin ekarri erresuma bateratu bat sortzeko proiekturik; Antso erregeak zaindu eta errespetatu egin zituen erreinu eta jaurerri bakoitzeko estatus juridikoak eta politikoak. Erregealdi horren alde aipagarrienetako bat izan zen Leire, Donemiliaga Kukula, San Juan de la Peña eta Oñako San Salvador monasterioei emaniko bultzada.[2]
Erregeak ez zituen bere mendeko lurrak semeen artean banatu; Gartzea legezko seme nagusiaren esku utzi zituen ondare lurrak, eta Ramiro, Ontzalu eta Errando haren anaien gaineko aginpide nagusia ere bai; Ramiro Aragoiko erregea zen, Ontzalu Sobrarbe eta Ribagorzako kondea (hura hiltzean, bi lurralde horiek Ramiroren eskura aldatu ziren), eta Errando, berriz, Gaztelako erregea. Laster sortu ziren liskarrak eta gatazkak anaien artean. 1043an, Ramiro I.a garaitu zuten Tafallako erasoaldian. Gaztelako Errandok, aldiz, Bermudo erregea hiltzean (1037) Leongo Erresuma oinordetu zuen, eta 1054an Burgosko Atapuercako zelaietan aurre egin zion bere anaia Gartziari; Gaztelako armada nagusitu zen gudu horretan, eta Gartzia erregea hil zen. Seme nagusiaren heriotzak galarazi egin zuen Antso Nagusiak erreinu kristauen indarrak Iruñeko erregearen gidaritzapean batzeko zituen asmoak betetzea. Aitzitik, Nafarroako lurraldearen alboetan Aragoiko eta Gaztela-Leongo erresumak sortu ziren mehatxagarri, behin eta berriro Antso IV.a Peñalengoaren eta haren oinordekoen lurrak erdibanatzeko prest.[2]
Goi Erdi Aroan, ekonomia nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen zen batez ere. Maizterrek edo jopuek lantzen zizkieten lurrak ekoiztutakotik eta nekazari lurjabeek urtero ordaintzen zituzten petxa eta beste zergetatik eskuratzen zituzten irabazi gehienak erregeek, elizak eta handikiek. Garai hartan diru iturri garrantzitsua zen erregeen ondasunetarako mairuei kobratzen zitzaizkien paria edo printze sariak. Ez dirudi merkataritza oso garatua zegoenik, nahiz eta jakin badakigun Europatik larruak, metala, ehunak eta bolia inportatu izan zirela, eta Andaluziatik, berriz, oihalak, espeziak eta artelanak.[2]
Antso IV.a Raimundo anaiak hil zuen 1076an, Peñalengo amildegian, Funesen. Harrezkero, Nafarroako politikak une latzak bizi zituen, Gaztelaren eta Aragoiren hedapen nahiak mehatxatzen baitzuen. Iruñeko handikiek, gobernua Antso Ramiritz Aragoiko erregearen esku uztea aukeratu zuten. Lope Enekoitzek, Bizkaiko jaunak, Alfontso VI.a Gaztelakoarekin bat egin zuen, eta Araba, Bizkaia, Durangaldea eta Gipuzkoako zati bat Gaztelaren eraginpean geratu ziren. Horrezaz gainera, Lope Enekoitzen laguntzarekin, gaztelarrak Burebaz eta Errioxaz jabetu ziren.[3] Ondorioz, Ega ibaia bilakatu zen Iruñeko Erresumaren hego-mendebaldeko muga. Antso Ramiritzek bultzada handia eman zion Islamaren mendean zeuden lurrak berreskuratzeari; Ayerbe (1083), Arguedas (1084) eta beste leku asko atzeman zituen, eta Huescako setioan hil zen 1094an.
Petri I.a (1094-1104) eta Alfontso I.a (1104-1134) izan ziren Antso Ramiritzen ondorengoak, eta aurrera jarraitu zuten musulmanen aurkako gudaldiekin. Alfontsok eman zien buru Ebroko harana bereganaturik: Zaragoza 1118an, Tutera eta inguruko lurrak 1119an. Konkista horiek ez zuten ekarri komunitate musulmanen eta juduen desagerpena; aitzitik, horien osotasuna, nortasuna eta araudi sozial eta erlijiosoak foru berezien bidez zaindurik eta babesturik jarraitu zuten, nahiz eta auzo eta aljametan bazterturik bizi, kristauengandik bereizirik. Nafarroako judu jakintsuenetako bat Benjamin Tuterakoa izan zen, 1166 aldera Asia Txikian zehar egin zuen bidaiaren berri ematen duen Séfer Masaot liburuaren egilea.[2]
Hiribilduen sorrerak ondorio sakonak izan zituen erresumaren egitura sozio-ekonomikoan; horietako asko Donejakue bidean sortu ziren, garai haietan gero eta ugariago baitziren Europako herrialde guztietatik Konpostelarantz zihoazen erromesak. Antso Ramiritz hasi zen horretan, Jaka jendeztatzera joanak zirenei foruak eskainiz. Horrek arrakasta izan zuenez, hiriak sortzeko kanpaina bati ekin zion, jendeztatzaileei frankizia, salbuespen eta abantailak emanez, eta Pirinioez bestaldeko hainbat jende erakarri zuen. Era horretan sortu ziren Lizarra (1090), Zangoza-Berria, Rocaforte edo Zangoza-Zaharretik gertu, Gares, Murugarren hiri zaharraren ondoan, eta San Zernin eta San Nikolas hiriak, gerora Nabarreria deitu den Iruñea zaharretik hurbil. Hiri hauetako biztanleak, Iruñeko San Zerningoak esate baterako, Pirinioen iparraldetik zetozen batik bat. Dena dela, “franko” kalifikatzaileak ez du adiera etnikorik, juridiko-ekonomikoa baizik, “aske” izatearena, alegia.[2][4]
Hiritarren oinarrizko jarduera merkataritza zenez, San Zerningo kasuan gainera eta erromesei zegokienez jarduera hori monopolistikoa izanik, hautsi egin zen ekonomiaren ohiko eskema soziala; ordura arte ia nekazaritzan eta abeltzaintzan soilik oinarritzen baitzen ekonomia, eta jarduera horiek izan baitziren ordura arte oinarrizko irabazpideak erregerentzat, elizarentzat eta handikientzat. Burgesek erdietsi zuten botere ekonomikoak gatazkak eragin zituen burges horien eta aitoren semeen artean. Beti ere, nekazaritza eta abeltzaintza aberatseko herriak zituenez, Ebroko haraneko Erriberaz jabetzeak eta, horrekin batera, hiribilduetako frankoen lanak, Konpostelarako erromesaldien goraldiak eta merkataritzaren garapenak, hedapen ekonomikoa bultzatu zuten.[2]
Bai orduan, bai gerora, erresuman eragin handia izan zuen pertsonetako bat Petri Rodezkoa izan zen, Iruñeko apezpiku izendatu zuten fraide frantsesa; elizbarrutia eraberritzeko aginduz etorririk, katedraleko apaizetatik hasi zuen eraberritze hori. Leireko monasterio zaharraren eskubideak baztertu eta zapaldu zituen bitartean, Frantziako monasterioei eta Aragoiko Montearagongoari eskaini zizkien Nafarroako hainbat errenta eta eliza, eta musulmanei atzemandako Erriberako herrietako elizak, berriz, Tarazonako elizbarrutiari atxiki zizkion.[2]
1134an Alfontso Borrokalariak bere hilburukoan adierazitakoak nahasmena sortu zuen nafarren artean, erresuma Tenpluko Ordenaren, Maltako Ordenaren eta Hilobi Santuaren Ordenaren esku uztea nahi baitzuen. Baina testamentua ez zen onartua izan. Aragoiko aitoren semeek Ramiro Monjea, errege zendu berriaren anaia, hautatu zuten errege,[5] eta Nafarroako handikiek eta elizburuek, eta Ladron Enekoitz kondeak, Bizkaiko eta Gipuzkoako jaunak, Gartzea Remiritzen alde egin zuten; izan ere, Gartzea Remiritz sasi-jatorriz Gartzea III.aren ondorengoa zen. Berrezarlea ezizena eman zitzaion, Nafarroako Koroa Aragoikotik bereizi zelako.[2] Aita Santuak ez zuen izendapen hori ontzat hartu eta ukatu egin zion errege titulua Gartzea Remiritzi. 1196 arte ez zen egoera hori zuzendu, eta Nafarroan bitarte horretan agindu zuten erregeek dux Pampilonensium edo dux Navarrorum (“Iruñeko edo Nafarroako duke”) titulua jaso zuten Erromatik.[5][6]
Erresuma oso egoera zailean zegoen, Gaztelak eta Aragoik mendean hartzeko asmoa baitzuten. Gaztelarrek erasoa jo zuten, eta Errioxa osoa hartu zuten kontrolpean, Logroño izan ezik. 1135eko urtarrilean, Vadoluengoko Ituna sinatu zuten Gartzea Remiritzek eta Ramiro Monjeak. Aragoiko Erresuma gutiziatuz, Gartzeak aitortu zuen Aragoiko erregearenganako basailutza, hura hil ondoan erresuma bere eskuetara igaroko zelakoan.[6] Baina akordioak oso iraupen laburra izan zuen, eta urte bereko maiatzean nafar erregeak basailu zina egin zion Alfontso VII.a Gaztelakoari; honek Zaragozako Erresuma eman zion Gartziari enkomiendan.[5] Aliantza hori 1136an hautsi zen, Alfontso VII.a Ramiro Monjearengana gerturatu baitzen; horren ondoren Ramirok Zaragoza berreskuratu zuen[5]
Harrezkero, Gartzea Remiritzek diplomazia eta gerra-aldiak tartekatu behar izan zituen Nafarroa osorik atxikitzeko. 1136an bertan, mendebaldeko Euskal Herriko lurraldeak bereganatzeko asmoz, Alfontso VII.ak gatibu hartu zuen Ladron Enekoitz, eta honek basailutza aitortu behar izan zion.[7] Haren seme Beila Ladron, berriz, beti izan zen Gartzearen aldekoa. 1137ko urrian sinatu zen Gaztelaren eta Nafarroaren arteko bakea, baina Nafarroaren eta Aragoiren arteko liskarrek ez zuten etenik izan (Jakako setioak 1137 eta 1141ean, Malón, Pedrola eta Sauseren okupazioak 1137-1138an).[8] 1140an, Carrióngo Ituna sinatu zuten Erramun Berenger IV.ak, Ramiro Monjearen suhi eta Bartzelonako kondeak, eta Alfontso VII.a Gaztelakoak Iruñeko Erresuma inbaditzeko eta banatzeko.[5] Arrisku horren aurrean, Gartzea Remiritz Gaztelako monarkarengana hurbildu, eta bien arteko loturak ezkontzen bitartez sendotu zituzten: batetik, Gartzearen alaba Zuria eta Alfontsoren seme Antsoren arteko ezkontza hitzartu zuten eta, bestetik, Gartzea bera Alfontsoren sasiko alaba Urrakarekin ezkondu zen 1144an.[9] Nafarroak eta Aragoik, aldiz, 1146ko azaroan sinatu zuten bakea San Esteban de Gormazen.[10]
Antso VI.a Jakitunak 1150ean jaso zuen Nafarroako koroa, 15 urte zituela. Erregealdiaren hasiera zaila izan zuen, 1151ko urtarrilaren 27an, Alfontso VII.a Gaztelakoak eta Erramun Berenger IV.a Bartzelonako kondeak Tudejengo Ituna sinatu baitzuten Iberiar penintsulako lurrak banatzeko, Nafarroakoak barne. 1153an, ostera, Antso Jakituna eta Alfontso VII.a Gaztelakoa Sorian batzartu ziren, eta nafar erregearen eta Antsa Gaztelakoaren arteko ezkontza hitzartu. Bakearen truke, nafar erregeak onartu zuen Alfontsoren basailu izatea eta lurralde batzuk (Artaxona, Larraga eta Zebror) Antso Gaztelako oinordekoari ematea (Antso Gaztelakoa Zuria Nafarroakoarekin ezkondurik zegoen, alegia Antso Jakitunaren arrebarekin). 1157an, Alfontso VII.a hil zenean, Antso III.a egin zuten Leon eta Gaztelako errege, eta Antso Jakitunak mendekotasuna aitortu bazion ere, Artaxona, Larraga eta Zebror berreskuratu zituen.[11][12]
Antso III.aren erregealdiak urtebete inguru iraun zuen, 1158ko abuztuan hil baitzen; beraz, haren seme Alfontsok, hiru urte besterik ez zuenak, oinordetu zuen Gaztelako Erresuma (Alfontso Zuria Nafarroakoaren semea eta Antso Jakitunaren iloba zen). Horren ondorioz, Nafarroako erregeak utzi zion Gaztelakoaren mendeko izateari,[11] eta Nafarroako errege (rex Navarre) titulua erabiltzen hasi zen (1162), lehengo Pampilonensium rex bazterturik.[13] Aragoiri dagokionez, 1162an hil zen Erramun Berenger IV.a, eta Alfontso Kastoa, artean bost urte zituena, jarri zen Aragoiko tronuan. Urte bereko abenduaren 19an, Nafarroak eta Aragoik bake akordioa sinatu zuten Vadoluengon, hamahiru urteko bakealdia ekarri zuena,[13] eta Valentziako erregeari kenduriko lurralde guztiak banatzea erabaki zuten.[12]
Alfontso Gaztelakoaren adin txikiaz baliaturik, 1162-1163 bitartean Logroño, Nafarrate, Cerezo, Briviesca, Miranda Ebro eta Añana hartu zituen Antso Jakitunak, eta Montes de Ocako antzinako muga gainditu; Naiarak eta Calahorrak, aldiz, erasoari eutsi zioten. Beila leinua nafar erregeari izan zitzaion leial, eta Haro leinua gaztelarrari. 1167an, Gaztelako erregearen tutoreek hamar urteko su-etena eskatu zuten, baina 1173an, Alfontso VIII.a Gudulariak, errege harrezkero, eraso gogorra jo zuen eta, hamar urte lehenago galdutako lurraldeak berreskuratzeaz gain, Artaxonaraino iritsi zen. 1174ko udaberrian, Nafarroan egindako beste sarraldi batean, osaba setiatu zuen Legingo gotorlekuan (Urrotzetik hurbil) eta Iruñeraino eraso zion. 1175ean, gaztelarrak Bizkaian sartu, Enkarterrietan zehar, eta Nerbioiko ibarraz, Ibaizabal Barrenaz eta kostaldeaz jabetu ziren.[14] 1176ko uztailean, Gaztelako tropak berriz barneratu ziren Nafarroako lurretan, eta Legineraino iritsi.[11] Antso Jakitunak hala eskaturik, negoziazioa eta Henrike II.a Ingalaterrako erregearen bitartekaritza onartu zituen gaztelar erregeak. 1177ko martxoan emandako laudoan, Errioxa eta Bureba Gaztelako Koroari zegozkiola erabaki zuen Ingalaterrako erregeak, baina erabakiak ez zuen inor gogobete: Nafarroak ez zuen Errioxa galdu nahi, eta Gaztela mendebaldeko Euskal Herria eskuratzeko irrikaz zegoen. Nafar erregea hertsatzeko asmoz, Alfontso Gaztelakoak Cazolako Ituna izenpetu zuen Aragoiko erregearekin. Azkenik, 1179ko apirilaren 15ean Nafarroak eta Gaztelak bakea adostu zuten: Bizkaiko Jaurerria, mendebaldeko Arabako eskualde batzuk, Errioxa eta Bureba Gaztelarentzat izanen ziren; Arabako gainerako eskualdeak, Durangaldea eta Gipuzkoa Nafarroarentzat.[14]
Antso Jakitunak, bestalde, berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herri barnean, hiribilduen jendeztatze eta forutze berriak bultzatu baitzituen Nafarroan (Atarrabia), Gipuzkoan (Donostia) eta Araban (Biasteri, Gasteiz, Antoñana, Bernedo).[2] 1170ean, Tuterako juduen forua berretsi zuen, eta 1171n Funeseko juduena onartu.[11] 1190eko irailaren 7an, Antso Jakitunak eta Alfontso Kastoak Gaztelako erregearen aurkako aliantza erabaki zuten. Alfontso IX.a Leongoak eta Antso I.a Portugalgoak ere itun hori onartu zuten.[11][12] 1191ko maiatzean, berriz, Antsoren alaba Berengela Rikardo Lehoi Bihotzarekin ezkondu zen; Rikardo, Ingalaterrako erregea izateaz gain, Akitaniako dukea ere zen. Urte haietan Antso Jakitunak Donibane Garaziko gazteluzaintza sortu zuen, eta handik harat Baigorri-Ortzaize, Arberoa eta Garazi Nafarroako Erresumaren eraginpean sartu ziren, Rikardo Lehoi Bihotzaren onespenarekin.[15][16]
1194an, Antso Jakituna hil zelarik, haren ondorengoa, Antso Azkarra, Lochestik hurbil zebilen (Indre eta Loira) Rikardo Lehoi Bihotzaren alde borrokatzen. Beraz, Iruñera itzuli behar izan zuen errege izendatua izateko. Nafarroren eta Gaztelaren arteko egoera oso tirabiratsua zen, eta 1195eko neguan nafarrek arrazoirik gabeko erasoak egin zituztela salatu zuten gaztelarrek. Zelestino III.a aita santua saiatu zen Iberiar penintsulako erresuma kristau guztiak elkartzen musulmanen kontra borrokatzeko. Alabaina, 1195eko udan almohadeak penintsula hegoaldetik aurrera egin ahala, Alfontso VIII.a Gaztelakoak aurrea hartu zien bere kabuz nafar eta leondarrei, beharbada garaipenaren loria guztia bereganatzeko; aldiz, garaitua izan zen Alarcosko guduan. Horrezaz gain, Nafarroak eta Leonek hitzarmenak sinatu zituzten almohadeekin, eta Antso Azkarrak eraso baten aurrean neutral jokatuko zuela agindu zien almohadeei. 1196ko otsailean edo martxoan, Antso Nafarroakoa, Alfontso VII.a Gaztelakoa eta Alfontso II.a Aragoikoa batzartu ziren, baina ez zuten akordiorik lortu.[14] Berehala azkartu zuen aita santuak erasoaldi diplomatikoa, eta bi bulda atera zituen oso denbora gutxian. Bietan kristautasunaren etsaiekin bat egin izana aurpegiratzen zion Antso Azkarrari, eta Hispaniako beste errege kristauekin aliantza egitea proposatzen; bigarren buldan errege titulua onartu zion Antsori (1134tik duke titulua besterik ez zieten aitortzen aita santuek nafar erregei).[17]
Aita santuaren diplomaziak, oso neketan, ezarritako bake hauskorra 1197an apurtu zen. Gaztelak Nafarroari egotzi zion su-etena hautsi izana, eta aita santuaren ordezkariak, Gregorio kardinalak, Antso Azkarra eskumikatu zuen. 1198an, Inozentzio III.a aita santu izendatu berriak beste ordezkari bat bidali zuen Antso Azkarraren aurkako akusazioak aztertzera; alabaina, luze gabe Alfontso VIII.a Gaztelakoak alde batera utzi zituen erlijiozko aitzakiak, eta Nafarroa erasotzeko aliatuak bilatzen hasi zen.[14] 1198ko maiatzean, Calatayudeko Ituna sinatu zuen Petri II.a Aragoikoarekin nafar erresuma zatitzeko eta banatzeko.[17] Erasoaldia udaberri hartan bertan jo zuten: gaztelarrek Arabatik sartu eta Miranda Arga eta Inzura hartu zituzten; aragoiarrek, Zangozako merindadean barneraturik, Oibar eta Burgi berenganatu zituzten.[16] Kanpaina uztailean amaitu arren, agerian gelditu zen Nafarroako Erresumaren ahulezia. Petri Aragoikoak onartu zuen Antso Azkarrarekin negoziatzea, baina Alfontso Gaztelakoa mendebaldeko Euskal Herriko lurren inbasioa prestatzen hasi zen. Horiek horrela, gerra finantzatzeko baliabideak biltzeaz gain, Antso Azkarrak Donostiako tenentzia sortu zuen, Gipuzkoaren defentsa hobetzeko.[14]
1199ko udaberrian, Gaztelak berriz ere eraso egin zion Nafarroako Erresumaren hego-mendebaldeko mugari. Pancorbotik Miranda Ebrora jo zuen, eta handik Arabara, Durangaldera era Gipuzkoara. Arabako lautadan, Trebiñuko eta Zabalateko gazteluek gogor egin zieten aurre. Ekain hasieran, gaztelarrek Gasteiz setiatu zuten; gasteiztarrek, Martin Txipia buru, suharki defenditu zuten hiria, eta zortzi hilabetez eutsi zioten Alfontso VIII.aren armadari.[14] Bizkitartean, Antso Azkarrak musulmanen lurraldera bidaiatu zuen, almohadeen laguntza eskatzera, baina ez zuen lortu.[14] Artean Nafarroara itzuli gabe zegoela, Iruñeko apezpiku Gartzea Errandoitz harengana joan zen, gasteiztarren egoera negargarriaren berri ematera. Erregeak Gasteiz errenditzeko agindua eman zuen, eta 1200eko urtarrilaren amaieran gaztelarrak hirian sartu ziren.[14] Ordurako Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa gaztelarren eskuetan zeuden, Arabako Errioxako lur batzuk izan ezik (Guardia, Labraza, Bernedo); ezbaian dago erresistentziarik izan zen edo ez mendebaldeko Euskal Herriko lurralde horietan.[17] 1201eko martxoa baino lehen, su-etena sinatu zen; Nafarroak Trebiñuko eta Zabalateko gotorlekuak eman zizkion Gaztelari, Miranda eta Inzuraren truke.[14]
1199-1200eko kanpainan, lurraldearen % 30 galdu zuen Nafarroako Erresumak, eta baita itsasorako irteera ere.[18] Hurrengo urteetan, ezinbestekoa gertatu zen Nafarroako mendebaldeko muga berriko gaztelu-lerroa gotortzea eta aduana postuak ezartzea. Gaztelaren aurkako gatazka ez zen erabat baketua, eta 1201ean berpiztu ziren borrokak, Didako II.a Lopitz Harokoa, Bizkaiko jauna, Alfontso VIII.a Gaztelakoarekin etsaitu eta Lizarran erbesteratu zelarik.[19] 1202ko irailean Gaztelako eta Leongo erregeek Lizarra setiatu arren, ezin izan zuten hartu. Urte hartan bertan elkartu ziren Alfaron Gaztela, Leon, Nafarroa eta Aragoiko erregeak Nafarroaren eta Gaztelaren arteko su-etena berrezartzeko. 1207an, beste su-eten bat sinatu zen Guadalajaran. Nafarroak ez zuen onartu mendebaldeko lurraldeen galera, baina denbora igaro ahala gaztelar okupazioa egonkortu zen.[14]
Iparraldeko mugari dagokionez, Antso Azkarra Nafarroa Beherean bere agintea sendotzen saiatu zen; 1196an, Arnaud Raymondek, Tartasko bizkonde eta Amikuze eta Oztibarreko jaunak, leialtasun zina egina zion, eta handik laster inguruko beste zenbait jaunek gauza bera egin zuten: Bibian Agaramontekoak 1203an, eta Arnaud Lukuzekoak 1227an.[20] Bestalde, Antso Azkarrak Petri II.a Aragoikoari 1209an eta 1212an mailegu handiak eman zizkion; Aragoiko monarkak ez zion dirua itzuli eta, ordainetan, Escó, Peña, Petilla, Gallur eta Trasmoz herriak bereganatu zituen nafarrak.[21] 1212an, Antso Azkarrak laguntza erabakigarria eman zion Gaztelako erregeari almohadeen aurkako Navas de Tolosako guduan. Horren ostean, 1198-1200 bitartean hartutako gotorleku batzuk itzuli zizkion Alfontso Gaztelakoak Antsori, hala nola Buradon, Toloño (Labastida), Toro (Laguardia) eta Marañón.[14] 1213-1223 bitartean, Antso Azkarra bere finantza-ahalmenaz baliatu zen herri gehiago eskuratzeko, bai Tuteraldean (Buñuel, Cintruénigo, Cadreita, Urzante), bai erresumaren mugetan (Lazagurria, Xabier, Cárcar, Resa).[22]
1231ko otsailaren 2an Tuteran egindako bilkura batean, Antso Azkarrak eta Jakue I.a Aragoikoak elkar umeordetzea erabaki zuten.[16] Horren arabera, bi sinatzaileetako bat hilko balitz, besteak hartuko zituen oinordetzan hildakoak utzitako lurralde guztiak.[23] 1234an, Antso hil zenean, Nafarroako Gorteek ez zuten horrelakorik onartu, eta Tibalt Xanpainakoa aukeratu zuten errege, Zuria Nafarroakoaren semea eta Antso Jakitunaren biloba, 1234ko apirilean koroatua izan zena. Jakue Aragoikoak berehala okupatu zituen Gallur, Escó, Zalatamor eta Trasmozko gazteluak, baina Tibaltek konfrontazioa saihestu eta aragoiarraren esku zituen gotorleku horiek; Fernando III.a Gaztelakoarekin ere adiskidantza akordio bat sinatu zuen.[24]
Tibalt I.a laster itzuli zen Xanpainako lurretara, eta han igaro zuen denbora gehiena, Nafarroako gobernua seneskalen gain utzirik. Tibaltentzat arrotzak ziren bere mendekoen hizkuntza eta ohiturak, eta horrek ezinegona eragin zuen jauntxoen eta elizgizonen artean; Obanosko Infantzoien Biltzarrak nabarmendu ziren bereziki lege zaharren defentsan. Hori zela-eta, erregea infantzoien biltzarrak desegiten saiatu zen.[25] Tentsioa baretzeko, Foru Zaharra deiturikoa idatzarazi zuen 1238an, erresumako oinarri konstituzionalak finkatu zituena,[24] eta Antso Fernandez Monteagudokoa nafarra izendatu zuen seneskal 1244an. Tibaltek harreman onak izan zituen hiribilduekin, hango frankoekin batez ere, Tuterako biztanleekin arazo batzuk izan zituen arren, eta auzi luze bat izan zuen Petri Ximenez Gatzolatzekoa Iruñeko apezpikuarekin (1242-1253), elizak beretzat nahi baitzuen Iruñeko hiriaren gobernua.[26] Bortuz bestaldeko merindadean indartu zen Nafarroaren indarra, Zuberoako bizkondeak eta Lapurdiko jaun batzuek basailu zina egin baitzioten. Beste alor batzuei dagokienez, gobernua eta zerga sistema berrantolatu zituen, erresuma merindadetan banatu zuen,[24] eta Leireko monasterioan zistertar erreforma ezartzen saiatu zen.[27]
Tibalt I.a 1253ko uztailaren 8an hil zen. Semea, Tibalt II.a, artean 14 urte besterik ez zuena, izan zuen ondorengo; adinez nagusi izan arte, ama, Margarita Borboikoa, izan zen erregeordea. Aitaren antzera, Tibalt II.a Xanpainako lurretan bizi izan zen, bost alditan bakarrik joan zen Nafarroara, eta Xanpainako bi seneskalen esku utzi zuen gobernua: Geofroi de Bourlemont, 1255-1257 bitartean, eta Clement de Launay, 1258-1269 bitartean.[28] Saiatu zen erregearen eskumena handiagotzen, baina aurka jarri zitzaizkion Infantzoien Biltzarreko kapareak. Nafarroako hirietako burgesek begi onez ikusi zituzten administrazioan bideratu zituen aldaketak, eta 1255ean hitzarmen bat sinatu zuen Iruñeko apezpikuarekin, Iruñeko gobernuari buruz, baina aita santuak ez zuen onartu hiriaren gobernua erregearen esku uztea. Kanpo arazoetan, Frantziako Koroari estu loturik ibili zen beti, eta harreman onak izan zituen aldameneko erresumekin (Gaztela, Aragoi, Ingalaterra); ez zen arduratu Nafarroako Erresumak mendebaldean galduta zituen lurraldeez. 1266an, arazo batzuk izan zituen Ingalaterrako Koroarekin, Bigorrako Konderria Nafarroako Erresumaren eraginpean geratu ondoren.[28][29]
Tibalt II.a Sizilian hil zen 1270eko abenduaren 4an, izurriak joa, Zortzigarren Gurutzadatik itzultzean. Seme-alabarik ez zuenez, anaia Henrike I.a izan zuen ondorengo. Hark ere egonaldi luzeak egin zituen Frantziako jabegoetan, Nafarroan Petri Antso Monteagudokoa ordezkari utzirik. Erresuma bakean egon zedin ahalegindu zen, eta Filipe Gaztelako printzeak Alfontso X.aren aurka egin nahi izan zuen saioan ez zion lagundu.[29] Garaiko kronikagileen arabera, haren erruz hautsi zen Iruñeko Nabarreria eta San Zernin auzoen arteko batasun hitzarmena. 1274ko uztailaren 22an hil zen, 25 urte besterik ez zuela.[30]
Henrike I.a Nafarroakoa 1274ko uztailaren 22an hil zen, alaba Joana oinordeko utzirik. Joanak 18 hilabete besterik ez zuenez, Zuria Artoiskoak bere gain hartu zuen alabaren erreginordetza. Zuriak deiturik egindako bilkura batean, aitoren semeek eta hiribilduen ordezkariek Petri Antso Monteagudokoa hautatu zuten gobernadore. Egoeraz baliaturik, Gaztelak eta Aragoik beren eraginpean ezarri nahi zuten Nafarroa, eta aliatuak ere bazituzten erresuman: Petri Antso Monteagudokoa eta Nafarroako Gorteak Jakue I.a Aragoikoaren aldekoak ziren; Gartzea Almoravit, Armingot apezpikua, kalonjeak eta Nabarreriako biztanleak, berriz, Alfontso X.a Gaztelakoaren aldekoak. Horiek horrela, irailean gaztelarrek Viana setiatu zuten eta Mendavia hartu. Eraso horren ondorioz, Gaztelaren aurkako jarrera zabaldu zen Nafarroan.[31] Erregina alargunak Frantziako gortera eraman zuen Joana, eta han Nafarroako erreginagaiaren eta Filipe infantearen arteko ezkontza hitzartu zuen; era horretan, Nafarroako Koroa eta Kapetar dinastia bateratu ziren.[2]
Lehendik aski txarra bazen ere, Iruñeko burguen arteko giroa gaiztotuz joan zen 1275eko hasieratik aurrera. Nabarreriakoek gerra-tresnak eraiki eta San Zernin eta San Nikolasen aurka zuzendu zituzten. Gobernadorea saiatu zen egoera bideratzen, baina alferrik izan zen, eta dimisioa eman behar izan zuen. Izan ere, Nabarreriakoak indartsu sentitzen ziren, Gartzea Almoraviten eta gaztelarren sostengua zutelako. 1276ko udaberrian, gobernadore berriak, Eustache de Beaumarchaisek, gerra-tresna eta gotorleku guztiak eraisteko agindu zuen, bai Nabarreriakoak, bai burguetakoak. Nabarreriakoek ez zuten agindua onartu eta eraso egin zieten beste burguei. Bere burua oso egoera larrian ikusirik, Beaumarchaisek laguntza eskatu zion Frantziako erregeari. Filipe III.a Frantziakoa bidalitako armada 1276ko irailean iritsi zen Iruñera. Egun gutxiren buruan amaiera tragikoa izan zuen Nabarreriako Gerrak: frantziar tropek Nabarreria suntsitu eta arpilatu zuten, eta bertako biztanleak sakailatu. Gaztelako erregeak bidalitako indarrak, berriz, Erreniegan gelditu ziren, Iruñera hurbildu gabe.[31]
Nabarreria ezereztu ondoren, gainerako erresitentzia guneak ere azpiratu zituen frantziar armadak: San Kristobalgo gaztelua, Mendavia, Punicastro, Lizarra eta Garaño.[32] Frantziak eta Gaztelak su-etena sinatu bazuten ere, Gaztelaren aldeko nafar nobleen ondasunak konfiskatuak izan ziren. Nabarreriari dagokionez, 1324 arte ez zuen Frantziako erregeak onartu etxebizitzak eraiki zitezen.[31] Joana erregina 1284an ezkondu zen Filipe Ederrarekin. Parisen bizi zen, eta ordezkari batzuez baliatu zen Nafarroa gobernatzeko. Gobernadoreen utzikeria eta aginpide desmasiak areagotu zirenez gero, infantzoien eta hiribilduen bilkurak berpiztu ziren.[2][31]
Joana erregina 1304an hil zen. Nafarroako hiribilduek, aitoren semeek eta elizgizonek Luis infantea lehen baino lehen erregetzeko galdatu zuen, baina Filipe Ederra luzamendutan ibili zen. Nafarrek oso jarrera irmoa agertu zuten, eta Luisek foruak zin egin arte ez zutela gobernadorerik onartuko jakinarazi zioten Frantziako erregeari. Nafarroatik iristen ziren berriek asaldatu zuten Frantziako gortea; izan ere, nafarrek Fortun Almoravid errege izendatzekotan zeudelako hotsa zabaldu zen. Azkenik, 1307ko urrian koroatu zuten Luis Hutin Iruñeko katedralean. Luis Hutinek laster desagerrarazi zituen nafarren itxaropenak: konfiantzazko gizonak ezarri zituen erresumako kargu nagusietan, frantsesak guztiak, eta erresistentziako kideak atxilotu eta gogorki zigortu zituen; horren ondoren, ez zen Nafarroara itzuli, 1316an hil zen arte.[31] Filipe II.a (1316-1322) izan zen haren ondorengoa, Joana ilobari erregetza usurpatu baitzion; Parisen koroatua izan zen, eta hark ere gobernadoreen bitartez erreinatu zuen, erresuma zapaldu gabe.[33] Egonezinak Karlos Burusoilarekin (1322-1328) egin zuen gainezka, foruei zinik ere egin gabe, “gogo onez baino gehiago indarrez” nafarrak mendean hartuta eduki baitzituen.[2]
Karlos I.a Nafarroakoa hil zenean, frantses gobernaria bere kargutik bota eta handikiek eta Hiri Onen ordezkariek, Garesen elkarturik, Luis Hutinen alaba Joanari eman zioten koroa; Joana Filipe Evreuxkoarekin ezkondurik zegoenez, dinastia berri bati eman zitzaion hasiera. 1329an koroatu zituzten errege-erregina berriak, Iruñeko katedralean, Nafarroako Gorteekin Larrasoañan elkartu ondoren; foruak “hobetzeko erabakiak” hartu eta beren jatorriko lurraldeetara itzuli ziren.
Karlos II.a Gaiztoaren erregealdian (1349-1387), nahasmendu politikoak eta gerrak izan ziren nagusi; horrek guztiak gainbehera amildu zuen ekonomia. Izurri beltzaren hasiera eta berehalaxe hartu zuen oinordetzan erregetza. Kalkuluen arabera, izurri beltzaren aurreko urteetan 200.000 pertsona inguru bizi ziren Nafarroan, XIX. mendera arte berriro lortuko ez zen kopurua. 1347tik 1349rako tartean biztanleen erdia galdu zela kalkulatzen da, izurriaren eraginez, batik-bat; migrazioen eta gosearen eraginez beste asko[34]. Zergaren oinarrian zeuden petxeroak, etxe kopuruaren arabera neurtu ohi zirenak, asko murriztu zituen izurriaren hurrengo olatuek, baina zergak ez ziren murriztu: gutxiagok gehiago ordain behar zuten. Honela, protesta giroa nagusi zen, askok ezin zutelako ordaindu eta nahiago zutelako etxea utzi eta eskale bizitza hartu[35]. Nafarroako Gorteek koroaren alde agindutako laguntza ekonomikoengatik protestan ari ziren handiki eta nekazariak gogorki zigortuz hasi zuen agintaldia. Iruñeko Ibarreko eta Arakilgo jaunen ordezkariak eta Infantzoien Biltzarreko beste buruzagi batzuk hilarazi zituen; Infantzoien Biltzarra handik aurrera ez zen gehiago bildu.[2]
1360ko hamarkada lehorte handiarekin hasi zen, gosetea piztuz. Urte batzuk lehenago, 1355an, Karlos II.ak Frantziara alde egin zuen, eta erabaki zuen txanponek euren balio nominalarekin jarraituko zutela, baina zilar eta urre kopurua murriztuz. Honek inflazioa handitu zuen, eta herritarrak pobretu. Oinarrizko elikagaien prezioa bikoiztu zen 1360 eta 1363 artean, eta tarte horretan berriro ere itzuli zen izurri beltza[36].
Bestalde, Normandia, Frantzia eta Gaztelako hainbat gerratan ere nahasi zuen Nafarroa, herritarren egoera are gehiago okertuz. Normandiako gerrari eusteko, Nafarroako hainbat eta hainbat oste eraman zituen itsasoz lurralde haietara; han ordea garaitu egin zuten 1364ko Cocherelgo guduan. Gaztelako erregetza zela-eta Enrike Trastamarakoak eta Petri I.a Ankerrak izan zituzten gatazketan, honi lagunduko ziola agindu zion, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak eta Errioxako beste zenbait herri itzultzen bazizkion; agintzak ez ziren bete, ordea, Petri 1369an hil baitzen, eta lur haiek bereganatzen saiatu zenean ezer gutxi eta denbora gutxirako lortu zuen. Gerra finantzatu ahal izateko zerga bereziak jarri zitzaizkien nekazariei, baina hauek ezin zituzten ordaindu. Nafarroaren egoera ekonomikoa kinka-larrian zegoen[37].
Karlos II.ak bakea sinatu zuen Henrike II.a Gaztelakoarekin, eta hori berresteko Karlos premua eta Leonor Trastamarakoa ezkondu ziren. Horren ondoren, alabaina, Karlos Nafarroakoak azpikeriaz jabetu nahi izan zuen Logroñoz; horren ondorioz, Gaztelak Nafarroako Erresuma inbaditu eta Iruñea setiatu zuen; 1379an nafar erregeak Brionesko itun lotsagarria sinatu eta garrantzi handiko hiriak eman behar izan zizkion ordainez Gaztelakoari. Garai hartan Luis infantea buru zuen nafar gudaroste bat abiatu zen Albaniarantz. Luis infantea, erregearen anaia, Joana Siziliakoa Durazzoko Dukerriko oinordekoarekin ezkondurik zegoen; nafarrak Durazzo hiriaz jabetu ziren 1375ean. Infantea hil zenean, Greziako lurraldeetan zehar jarraitu zuten Jerusalemgo San Joan Ordenaren buruzagi nagusiaren zerbitzuan.[2]
Karlos III.a Noblearen erregealdiak (1387-1425) funtsezko aldaketak ekarri zituen politikan. Errege bakezale eta eskuzabala izan zen, harreman onak izan zituena beste erregeekin, eta baita bere mendekoekin ere; inguruan kortesano talde bat izan zuen, horietako asko bortuez bestaldekoak. Iruñeko hiru udaletako biztanleak baketu zituen 1423an emandako Batasun Pribilegioaren bitartez. Barruti eta handiki titulu berriak sortu zituen, horietako batzuk errege familiako sasi-oinordekoentzat: Muruzabal eta Erroibarreko bizkonderriak bere anaiorde Leonel Nafarroakoarentzat (1407) eta Beltran Ezpeletakoarentzat (1408), Cortesko Konderriko Godofre sasiko semearentzat (1412), eta Leringo Konderria Joana alabarentzat, hau Luis Beaumontekoarekin 1424an ezkondu zenean. Goratutako leinu hauetako batzuek garrantzi handiko eginkizunak bete zituzten erreinuaren etorkizun politikoan.[2]
Hiri On tituluak ere eman zizkien mendebaldeko mugan zeuden Burunda-Arakil, Aguilar eta Bortzirietako hainbat herriri. Herritar guztien kaparetasuna aitortzea, zerga salbuespenak izatea eta merkatu eta azokez baliatzeko ahalmena ekarri ohi zuten titulu horiek. Aldi berean, nekazaritzak gainbehera nabarmena izan zuen erregealdian, eta krisialdi demografiko larria ere izan zen gertatu zen. Frantziaren eragina nabarmena izan zen arkitekturan, eskulturan, pinturan eta arte xumeagoetan; aipamen berezia merezi dute Iruñeko katedraleko klaustroak, Karlos Noblea eta Leonor errege-erreginen hilobiak, eta Erriberriko Errege Jauregiak, Tafallakoarekin batera Errege Noblearen sortze lanik aipagarrienak. Frantziaren eragina beste bide batetik ere iritsi zen, batez ere Parisko, Tolosako eta Montpellierko unibertsitateetan ikasten aritutako hainbat nafarren bidez, alegia.[2]
Karlos III.a hil zenean, haren alaba Zuriari egokitu zitzaion koroa; Zuria Aragoiko Joan infantearen emaztea eta Karlos, Zuria eta Leonorren ama zen. Joan Aragoikoak, errege ezkontideak, Nafarroa nahasi zuen Gaztelako barne gatazketan; horren ondorioa izan zen 1430ean Biasteri galtzea. 1441ean, erregina hiltzean, Joanek erregetza ostu zion Karlos premuari, batez ere, 1447an Joana Enrikezekin bigarren aldikoz ezkontzean erregetzaren gozamen eskubidea galdu ondoren. Karlos Vianako printzearekin batera Joana Enrikez erregina kide izendatu zutenean, gerra piztu zen Karlosen eskubideen aldeko beaumontarren eta tronu usurpatzailearen aldeko agaramontarren artean. Borroka hauetako taldeak ez ziren banatu eremu geografikoen arabera. Hala ere, agaramontarrak nagusi izan ziren Erriberan, Lizarran eta Erronkarin, eta beaumondarrak, aldiz, Iruñean eta Iruñeko merindadean, Erriberrin eta Leringo Konderriko hirietan. Batzuen eta besteen arteko etsaigoak XVII. mendera arte iraun zuen.[2]
Erasoak hasi zirenean, Vianako printzea garaitu eta preso hartu zuten Oibarko guduan (1451). Hura preso zegoela jaio zen Sausen haren anaiorde Fernando, gero “Errege Katolikoa” izan zena. Askatu zutenean, Italiara joan zen. 1460an, Zaragozara itzuli zenean, oso abegi ona egin zioten, eta jendearen berotasun horretaz inguraturik hil zen 1463an. Haren arreba Zuria, Orthezen atxilotua, hurrengo urtean hil zen pozoituta, erregetzarako oinordekotza Gaston Foixkoarekin ezkondurik zegoen Leonor printzesari utzirik. Agaramontarrek eta beaumondarrek, noiz batzuek, noiz besteek, lagundu zioten Leonorri, eta Iruñeko apezpiku Nikolas Etxabarriren laguntza ere izan zuen, baina hura Tafallan hil zuten 1468an Pierres Peraltakoaren gizonek. Joan erregeak heriotzera arte gorde zuen erregetza; orduan Leonorrek hartu zuen kargua: 1479ko urtarrilaren 19an Gorteetan erregin zina egin, eta urte bereko otsailaren 12an hil zen. Anarkian nahasirik eta talde batzuen eta besteen arteko gatazkek ahuldurik eta odolusturik utzi zien erreinua Frantzisko eta Katalina bilobei.[2]
1486an, Katalina Joanes Albretekoarekin ezkondu zen eta, Pirinioez iparraldean jarauntsitako lurralde zabalak gorde ahal izateko, Luis XI.a Frantziakoarekin bakean egotera beharturik aurkitu zen. Bien bitartean, Aragoi eta Gaztela baturik zeuden Errege-erregina Katolikoen ezkontzaren bitartez, eta erresuma txikia Fernando II.a Aragoikoaren hedapen asmoen mehatxupean zegoen. Katalina eta Joan saiatu ziren beren herria zuzentzen eta gobernatzen, baina Fernando, bere koinatu Luis Beaumontekoaren bitartez, barne liskarrak pizten eta konkista militarra prestatzen jarraitu zuen.[2] 1507an, Luis Beaumontekoa errege-erreginen aurka altxa zen Vianan eta beste herri hurbil batzuetan; oraingoan, baina, Nafarroako koroak irmo jokatu zuen, errebolta zapalduz. Barne liskargileak baztertuta, ia lau urteko barealdia hasi zen erresuma barnean; ez, ordea, kanpoan.
Nafarrek, 1512ko uztailaren 18an Luis XII.arekin Bloisko Ituna sinatuz, neutral jarraitzeko borondate sendoa azaldu zuten. Baina egun horretarako mugan zain zeuden Albako dukearen gaztelar gudarosteek eta aragoiarrek eraso egin, eta urte erdia baino lehen, Nafarroako Erresuma menderatu zuten. 1512ko udazkenean bertan, Nafarroako errege-erregina legitimoek kontraerasoa jo zuten; hala ere, porrot egin zuten. 1515ean, Gaztelako Koroari atxiki eta harekin batu zuten. 1516an, berriz oldartu ziren Pirinioez hegoaldera Nafarroa Beheretik eta ingurutik, Biarnoko tropak lagun zituztela. Zutabe nagusia, Petri Nafarroako mariskala buru zuela, Erronkarira jaitsi zen, baina gaztelarrek inguratu eta amore eman beste aukerarik ez zuten izan. Mariskala atxilotua izan zen.
Birkonkistarako hurrengo espedizio handia 1521ean gertatu zen. Nafar-gaskoiek, Henrike II.a buruzagi zutela, aurrerakada handia jo zuten, Gaztelako indarrak sakabanatuta eta politikoki banatuta baitzeuden. Nafarrak beren errege-erreginen alde altxa ziren, baina komuneroen errebolta zapalduta, gaztelarrek indarrez jo zuten atzera. Logroñotik, Iruñera aurreratu zuten, eta baita mendean hartu ere, Noaingo bataila erabakigarriaren ondoren.
Hurrengo kontraerasoa 1522ko udazkenean eman zuen errege nafarrak, eta Nafarroa Garaiko iparraldearen eta Hondarribiaren kontrola hartu zuen. Aldi berean, Henrike II.ak Nafarroako Gorteak deitu zituen Donapaleun. Nafar legitimistek gogor egin zieten espainiarrei Amaiurko gazteluan, baina amore eman behar izan zuten. Harrezkero, Hondarribia setiatuak bakarrik iraun zuen nafarrek eta frantsesek kontrolatuta; 1524ko apirilera arte defendatu zuten hiribildua. Karlos V.ak barkamen partzialak eman zituen nafar eliteak otzandu eta espainiar ordena inperial berrian txertatzeko.
1589az geroztik, Nafarroako Henrike III.a Frantziako Henrike IV.a bihurtu zen, eta bi erresumok lotura pertsonal bitartez elkartu zituen. Harrezkero, erregeek jarraiki "Frantzia eta Nafarroako Errege" titulua eraman zuten. Hala ere erresuma biak ez zituzten uztartu 1620ko urriaren 20an Luis II.ak aldebakarrez "Frantziako koroari Nafarroa, Bearno, Andorra eta Donezanen batze agiria"[38] plazaratu zuen arte. Aldiz, Nafarroako Estatu Orokorrek ez zuten bi erresumen batasuna onetsi erreinuko funtsezko legeei buruzko erabakiak aurretik Nafarroako Estatu Orokorren ezinbesteko onarpen ofiziala izan behar zutela argudiatuz[39]. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Erresumako foruak, instituzioak, moneta eta erregeen subiranotasuna eraginkor izaten jarraitu zuten[40].
1700.ean Espainian piztutako Ondorengotza Gerraren ondorioz Nafarroa eta Frantziako Luis III.aren (Frantziako XIV.aren) erregearen biloba, Felipe Anjouseko dukea, Borboi etxearen lehenbiziko Espainiako erregea bilakatu zen.
1789tik aurrera, Frantziako Iraultzak Nafarroako Luis V.aren (Frantziako XVI.aren) monarkia menperatu eta 1790eko martxoaren 4an iraultzaileek Nafarroa Pirinio Apalak izeneko departamenduan barneratu zuten, haren erresuma estatusa ezeztatuz[41].
Erdi Aroko instituzio molde feudalak nagusitu ziren Nafarroan beste euskal herrialdeetan ez bezala. Berezitasun handiak zituzten, ordea, Nafarroako instituzioek, beste erresuma feudal askoren aldera. Erregeak edo erreginak Foruari zin egin behar zion aldez aurretik, nafarren eskubideak errespetatuko zituelako berme gisa. Erregeaz gainera, Nafarroako Gorteak ziren instituzio nagusia. Politika eta gizarte arazoez arduratzen ziren Gorteak batez ere, eta bertara biltzen ziren hiru estatuak (beso dio Nafarroako terminologiak):[42]
Kapareen edo behe mailako aitoren semeen ordezkariak, nobleen eta, baita ere, hirugarren estatuko burgesen artean egoten ziren. Hiru estatu hauetatik kanpora zeuden laborari petxeroak, eta ordenamendu hartatik bereiz zeuden mairuak eta juduak. Hamabi ziren Iruñeko Erresumaren hasieran aitoren semeen ordezkariak, antzinateko hamabi klanen ordezkariak, baina IX. mendetik aurrera sarrera egin zitzaien zaldun militarrei ere. Nolanahi ere, XIV. mendera arte ez ziren erabat finkatu Nafarroako Gorteak.[42]
Hiri bakoitzak, eta zenbaitetan hiri bakar bateko auzoek (Iruñean adibidez), bere alkatea zuen eta haren mendeko zinegotzi eta almiranteak. Administrazio eta justizia alorreko aginpide maila zuten alkateek. Hirietatik kanpo, ibarrak osatzen zituzten herri txikiek eta etxeek, eta batzarretara biltzen ziren etxeko nagusi guztiak beren kargudunak aukeratzeko. Nafarroako Errege Kontseilua zen instituzio gorena administrazio eta justizia mailan. Errege Gortea zen justizia egiteko zuzeneko instituzioa Nafarroa osoan; alkateek, notarioek, fiskalak eta Gorteko funtzionarioek osatzen zuten.[42]
Nafarroako lurraldea merindadeetan banatu zen, sei guztira. Merioak errege gizonak ziren eta zergak biltzeaz, administrazio mailako zereginez eta gaizkileen errepresioaz arduratzen ziren. Baileak, probestuak eta almiranteak zituen agindupeko merioak bere egitekoak egiteko. 1364. urtean sortu zen Kontuen Ganbera, Nafarroako Erresumako ogasun instituzio nagusia. Politika fiskalaz eta zergen jasotzeaz arduratzen zen eta kontu-hartzaile bana zuen merindadeetan.[42]
Gaztelaren menpeko Nafarroa Garaian, Gorteek funtzionatzen jarraitu zuten, eta erresuma titulua ere gorde zuen lurraldeak, betiere monarka Gaztela edo Espainiakoa izango zelako derrigortasunarekin.
Erdi Aroko konposizioa bere esentzian mantenduz, Fernando Katolikoak eta bere ondorengoek Gorteen hiru estamentuak nabarmen birmoldatzeari ekin zioten. Elizako estamentua murriztu egin zen Iruñeko kalonjeak eta atzerriko prelatuak desagertu zirenean (Calahorra, Tarazona, Baiona eta Akizeko gotzainak; eta Montearagongo abadea): kontrola ere estutu zuen Gaztelak horrela. Elizako kideen kopuruaren murrizketa hein batean orekatuta geratu zen Nafarroako Bikario Nagusiaren presentzia handiagoarekin, Marcillako administratzailearen ondorengo integrazioarekin (1626)[43].
Unibertsitateen estamentua ere aldatu egin zen zenbait hiribilduren gehikuntzaren ondorioz: 1513 eta 1572 artean Urrotz, Doneztebe, Etxarri Aranatz, Lesaka, Zuñiga, Valtierra, Esprontzeda, Atarrabia, Lakuntza, Oibar eta Cascante sartu ziren. Cintruenigok 1572an egin zuen lehen aldiz, Arguedasek 1608an, Etxalarrek 1630ean eta Milagrok 1687an. Guztira 38 unibertsitate Los Arcosen sarrera kontatzen bada, 1753an Nafarroara itzuli ondoren. Guztiaren, lurralde ordezkapena mugatua zen, eta hala geratu zen agerian 1565ean, eskaera egin zutenean Iruñea, Lizarra eta Zangozako merindadeetako ibar bakoitzak eserlekua izateko Gorteetan. Estamentu honetarako ordezkari edo prokuradoreak, oro har, kontzeju irekietan hautatzen zituzten, edo herri handieagoetan errejimentuak izendatzen zituzten (Zangozan, adibidez, 1642 arte, gobernu-ofizioetan egondakoek zuten hautatzekom eskubideak). Nahiz eta prokuradore bat baino gehiago bidali herri bakoitzak (inoiz sei lagun ere) hiribildu edo hiri bakoitzak boto bakarra zuen[43].
Estamentu militar edo noblean, Gaztelako erregeek kontrola indartu zuten halaber. Gorteetan eta botere egituretan, nobleziaren pribilejio eta botereak garrantzia izaten jarraitu zuen, eta bereziki oinetxe jauregien instituzioa handitu zen kopuruan. Orube edo oinetxe jakin bati lotutako titulu hau, jada finkatua Erresuma independentearen garaian, segitu zuen hazten, Gaztelako Koroari dirua ordainduz lortzen zelarik titulua[44].
Oinetxe jauregien jabeek pribilegioak zituzten, bai ohorezkoak, bai fiskalak, eta beste onura ugari ere bai, esate baterako Gorteetan eserlekua, baina ez hau ez zelarik jabetza pertsonala, baizik eta jauregi edo jabetzari lotua[45].
1500. urte inguruan 119 oinetxe jauregi zeuden, horietarik 26 Bortuez bestaldeko merindadean. Foru instituzioak eta Gorteak 19. mendean desagertu aurretik, bikoiztua zegoen kopurua Nafarroa Garaian, non eta Nafarroa Beherean instituzioak esanahia askoz lehenago galdua zuen. 1799. urteko datuak azaltzen du parentesi artean orduan zenbatutako jauregi kopuru osoak, horietarik batzuk bakarrik zutelarik oinetxe jauregi kalitatea[44].
Merindadea | 1500 | 1637 | 1723 | 1799 |
---|---|---|---|---|
Iruñea | 50 | 72 | 70 | 83 (128) |
Zangoza | 40 | 72 | 46 | 58 (79) |
Lizarra | 15 | 33 | 24 | 31 (46) |
Erriberri | 10 | 16 | 14 | 14 (23) |
Tutera | 4 | 4 | -- | 6 (9) |
Bortuez bestaldekoa | 31 | |||
Guztira | 119 | 197 | 154 | 192 (285) |
Erdi Aroan erabiltzen ziren hizkuntzei dagokionez, euskara izan zen hedatuena. Biztanle gehienek euskaraz hitz egiten zuten, Iruñeko Elizbarrutian batez ere; nekazarien artean, hiriburukoak barne, ez zen besterik hitz egiten. Elebitasuna edo ele aniztasuna handikien, burgesen eta elizgizonen gauza izan zen, nahiz eta herritarrekin ama hizkuntza erabili, Rodrigo Semenez Arradakoa artzapezpikuak edota Luis Beaumontekoa, Leringo kondeak berak euskaraz hitz egiten baitzuten.[2]
Baina euskara idazkerarik gabeko hizkuntza zenez, agiri ofizialetan hizkuntza “landuak” (latina, arabiera, hebreera) erabili ziren, Pirinioez bestaldeko hiritarrak zituzten hirietan okzitaniera, eta Leire, Aragoi ibai eta Erriberan, berriz, nafar-aragoiera zen hizkuntza nagusia. Erdi Aroaren bukaeratik, gaztelerak hartu zuen horien guztien lekua.[2] XV. mendetik, buhame edo ijitoak aipatzen dira Nafarroan, Euskal Herriko beste hainbat bazterretan bezala. Buhameek euskarazko hizkuntza eskuratu zuten, baina beren hizkuntzarekin nahastu eta erromintxela sortu zuten.[47]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.