From Wikipedia, the free encyclopedia
Fernando II.a Aragoikoa[1] (Sause, Aragoiko koroa, 1452ko martxoaren 10a - Madrigalejo, Gaztelako koroa, 1516ko urtarrilaren 25a), Fernando Katolikoa edo Faltsutzailea ere deitua, Aragoi, Mallorca, Valentzia eta Sardinia (1479-1516), Gaztela (1474-1504, Fernando V.a izenarekin) eta Siziliako (1468-1516) erregea eta Bartzelonako kondea izan zen[2]. 1504an Napoliko errege bilakatu zen eta 1512an, konkistaren bitartez, Nafarroakoa.
Elisabet I.a Gaztelakoaren senarra zen eta, harekin batera, Errege-erregina katolikoak izenez ezagunak dira, Alexandro VI.a aita santuak honela izendatu zituenetik.
Joanes II.a Aragoikoaren eta honen bigarren emazte Joana Enrikezen semea zen. 1461ean, Karlos IV.a, Vianako printzea bere anaiordea hil zenean, Calatayudeko Gorteetan Aragoiko oinordeko gisa zin egin zuen. 1468an aitak Siziliako errege izendatu zuen. Gaztelako Elisabetekin ezkondu zen 1469an. 1474an, Henrike IV.a hil ondoren, Leon eta Gaztelako erregekide izendatu zuten, eta 1479an, aita hiltzean, Aragoi, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, Sardinia eta Sizilia geratu ziren bere esku. Gaztelako koroarekin bateratu zituen lurralde horiek guztiak, beren nortasuna gorde bazuten ere.
Bere lehen hizkuntza nafar-aragoiera omen zen[3], gaztelaniaz ere ondo zekien.
Elisabet eta Fernandok, Gaztelako erregetza zela eta, Portugalgo Alfontso V.aren laguntza zuen Joana Beltraneja menderatu ondoren, bakea jartzeari ekin zioten, eta nobleen aginpidea gutxitu zuten. 1492an Granada hartu eta musulmanek Iberiar penintsulan zuten azken erresumaz jabetu ziren. Urte berean, Ameriketako aurkikuntza gertatu zen, juduak Espainiatik bidali zituzten. Espainiako Inkisizioa eta Hermandade Handia sortarazi zituen. 1493an Rosselló eta Cerdanya berreskuratu zituen Aragoiko koroarentzat. 1497an Iparraldeko Afrikako Melilla hiria hartu zuen[4].
1504an, Elisabet hiltzean, Gaztelako erregeordea izan zen, Flandesen zeuden errege berriak (Joana Gaztelakoa eta Filipe Ederra) itzuli ziren arte[4]. 1505ean Bloisko bakea sinatu zuen Luis XII.a Frantziakoarekin. Horren arabera, Frantziak Aragoik Napoliko erresuma menderatzen zuela onartu zuen[5], eta Fernando Luisen iloba Germaine Foixekoarekin ezkondu zen. 1507an Filipe Ederra hil zenetik, Gaztelako erregeordea izan zen, Joanaren buruko gaixotasuna zela eta.
Nafarroa konkistatzeko helburuz, Fernandok beaumontarren babesa lortu zuen. 1512an Nafarroako erresuma inbaditu eta 1515ean Gaztelako Gorteek erresuma Gaztelako koroari lotu zekion onartu zuten.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.