From Wikipedia, the free encyclopedia
Bizkaiko Forua Bizkaiko hainbat lur arautzen zituen legea zen. Foru Zaharra 1452an idatzi bazen ere, 1110etik zegoen indarrean. 1526an berriro berridatzi zuten.
Bizkaiko oinarrizko erakundea ibarra zen, eta erakunde horretara biltzen ziren baserriak. Goragoko mailan elizateak zeuden, baserri, auzo eta inguruko lurrak biltzen zituena. Elizateek gizonezko herritar guztiak biltzen ziren aholkularitzak zeuzkaten, eta ordezkariak bidaltzen zituzten Ibar-jaurerriko Batzar Nagusietara. Elizate bakoitzak fiel izeneko agintaria zuen (zenbaitetan bi, bata jabeek aukeratua eta bestea maizterrek). Ibar-jaurerriak eskualdeko elizateak biltzen zituen, eta Ibar-jaurerriko Batzar Nagusiak antolatzen zituen; bertan biltzen ziren elizateetako ordezkariak. Ibar-jaurerriaren buru ibar-jaun (merino gaztelaniaz) edo epaileak jarduten zuen. Batzar horietan aukeratzen ziren Gernikan egiten ziren Bizkaiko Batzar Nagusietarako ordezkariak. Bizkaitar guztiak ziren aitoren seme, eta lurjabe izateko eskubidea zuten, guztiak handiki ez baziren ere. Bizkaiko lehen Ibar-jaurerriak Uribe, Busturia, Markina, Bedia, Zornotza eta Arratia izan ziren. Durangaldea, Enkarterri eta Orozko geroago batu ziren. Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko, sua pizten zen Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Oiz eta Sollube mendi-gainetan, eta elizate eta hirietako ordezkariak biltzen ziren.
Elizateetako ordezkariak ahaide nagusiak ziren, eta hirietakoak ermandadeen ordezkariak izan ohi ziren, hirietako merkatarien ordezkariak XVI. mendetik aurrera. Jatorriz Ahaide Nagusien Batzarra bazen ere, bizkaitar orok zuen Batzarrean parte hartzeko eskubidea, ordezkari izanez gero. Batzar Nagusiak legegile ziren nagusiki. Jaunaren edo erregearen proposamen guztiek batzarkideen onespena jaso behar zuten, eta haien agindua onartu edo gaitzesteko eskubidea zuten batzarkideek (Foru baimena). Bestalde, Jaunak berretsi behar zuen Batzar Nagusiek erabakitakoa. Ahaide Nagusien arteko gudu eta liskarrak konpontzeko aitzakiaz, baina erregearen armada sendotzea xede zuela, Jaunak korrejidore bat izendatzen zuen; teniente nagusi bat zegoen Gernikan eta beste bi Enkarterri eta Durangaldean. Ibar-jaurerri bakoitzak zuen bere ibar-jauna (Uribek, Bilbo barnean hartuta, bi), eta ibar-jaun bakoitzak bere ordezkoak zituen.
XIV. eta XV. mendeetara luzatu ziren ahaide nagusien arteko gerrek (oinaztarren eta ganboarren arteko gatazkek) izugarri ahuldu zuten nobleen eragina Bizkaian eta, bitartean, hirietara bildu zen merkatari-burgesia Batzar Nagusiak kontrolatzen hasi zen, XVI. mendetik aurrera. Foru Zaharraren (1452) eta Foru Berriaren (1526) artean alde nabarmenik ez bada ere, Batzar Nagusien egitura aldatzen hasi zen. Hasieran hiriak ahaide nagusien mende zeuden arren, XIV. mendean itsas merkataritza bizkortu zenean, aurre egin zieten burgesek nobleei, eta Ameriketako konkista hasi zenerako hiriek kontrolatzen zituzten Batzar Nagusiak.
≪Bizkaitarrak, usadioz eta ohituraz, beti joan izan dira Bizkaiko Jaunak dei egin dienean, haren zerbitzuan jartzeko agindu dienean, batere soldata kobratu barik; hala egin dute Luxaondoko zuhaitz Malatoa dagoen lekuraino. Baina Jaunak (...) leku horretatik haraindi joateko aginduz gero, bi hilabeteko soldata ordaindu behar die mendietaraino joatea bada; eta mendiez bestaldera joatea bada hiru hilabeteko soldata; eta, beraz, soldata hori ordainduta (...) Jaunaren zerbitzuan edozein lekutara joaten ohitu dira. Baina leku horretara heldu eta soldatarik eman ezean, ez dira zuhaitz Malatotik harago joango.≫
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.