Trebiñu
Trebiñun dagoen Burgoseko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Trebiñun dagoen Burgoseko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Trebiñu[1] (ofizialki Condado de Treviño) Burgos probintziako (Gaztela eta Leon, Espainia) ipar-ekialdeko udalerri bat da, Gasteizen hegoaldera dagoena. Udalak zenbaitetan izenaren balizko bertsio elebiduna —Condado de Treviño/Trebiñuko Konderria— erabiltzen du;[2] baina Euskaltzaindiak Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehaztu du.[1]
Trebiñu Trebiñu | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Espainiako udalerria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatu burujabe | Espainia | ||||||||||
Autonomia | Gaztela eta Leon | ||||||||||
Probintzia | Burgosko probintzia | ||||||||||
Alkatea | Adolfo Estavillo Musitu (Treviño Dia a Dia) | ||||||||||
Izen ofiziala | Condado de Treviño | ||||||||||
Jatorrizko izena | Trebiñu | ||||||||||
Posta kodea | 09215, 09216, 09217 eta 09294 | ||||||||||
INEk ezarritako kodea | 09109 | ||||||||||
Herriburua | Trebiñu | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°44′05″N 2°44′50″W | ||||||||||
Azalera | 260,71 km² | ||||||||||
Altuera | 552 m | ||||||||||
Mugakideak | Argantzon, Iruña Oka, Gasteiz, Bernedo, Lagran, Urizaharra, Zanbrana, Berantevilla, Armiñon, Erriberabeitia eta Erriberagoitia | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 1.479 (2023) 51 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 6 bizt/km² | ||||||||||
Matrikula | BU | ||||||||||
condadodetreviño.es |
260,71 kilometro koadro[3] eta 1.479 biztanle ditu (2023)[4], hainbat herrixkatan banaturik. Geografikoki Araban egon arren eta bere biztanle gehienek Arabako parte izatearen aldarria hainbatetan azaldu arren, administratiboki Burgosko parte da. Argantzonekin batera Trebiñuko barrendegia osatzen du. Udalerri burua izen bereko herria da.
Trebiñu izenaren jatorriari buruzko hainbat teoria daude, baina onartuena —Julio Caro Barojarena— erromatarren garaiko trifinium (hiru muga) hitzetik datorrela da, bertan kokatzen baitzen barduliar, karistiar eta autrigoi tribuen arteko muga. Hala ere, toponimo hori herria bera deitzeko erabiltzen zen hasieran, eta ondoren hedatu zen eskualde osora. Hori baino lehen, eskualdearen izena Uda zen[5].
Trebiñuko erliebeak ez du garaiera handiko mendirik, baina oso gorabeheratsua da ia udalerri osoan. Ihuda ibaiaren arroaren goiko aldean egonik, mendilerroz inguraturik dago mendebaldean eta hego-mendebaldean izan ezik. Erliebea berdintzen den toki nagusia Añastro inguruak dira, ipar-mendebaldean, Argantzonekin muga egiten duen tokian.
Udalerriko tontorra Butxisolo mendia da (1.146 m),[6] Kapilduiren mendigunean, ipar-ekialdean. Punturik baxuena, berriz, udalerriko mendebaldeko ertzean Zadorra ibaiak muga egiten duen tokian dago, Erriberabeitia udalerriko Manzanos eta Trebiñuko Burgeta herrien artean (470 metro).
Mendilerro nagusia Gasteizko mendiak dira: iparraldeko muga ia modu perfektuan markatzen dute. Garaiera txikiagoa du mendebaldean; ekialderantz joz gero, mendi apur bat garaiagoak daude. Bertako mendi nagusietako batzuk hauek dira, mendebaldetik ekialdera: Iruña Oka, Gasteiz, Trebiñu eta Argantzon arteko muga laukotzetik gertuko San Migel (943 m),[7] Bustuko gana (978 m),[8] Zaldiaran (978 m),[9] Arrieta (1.000 m),[10] El Puerto (922 m),[11] Landarraga (963 m),[12] Escalera (1.000 m),[13] Pagogan (1.029 m),[14] Gasteiz, Bernedo eta Trebiñu elkartzen diren lekutik ez oso urruneko Zalbizkar (1.046 m)[15] eta Butxisolo.
Udalerriaren ekialdean, Ihuda ibaiaren lehen ibaiadarrak Bernedoko udalerriaren baitan daude, nahiz eta geografikoki Trebiñuko haran berean egon. Izartza, Okina, Urarte, Markiz eta Arluzea herrien lurrak dira. Eskualde horretako hegoaldean, aldiz, Trebiñuko udalerria Izki ibaiaren bailaran sartzen da, hain zuzen Obekuri eta Baxauri herrien inguruan.
Hegoaldeko mugetan Zabalateko mendilerroa eta Jaundengo mendilerroa osatzen duten zenbait mendi daude. Horrela, hego-mendebaldean, muga politikoak eta arroaren mugak bat egiten duten aldean, bi mendi nagusi daude Zabalateko mendietan: Urizar (836 m, Berantevilla, Trebiñu eta Zanbrana udalerrien arteko muga hirukoitzetik hurbil)[16] eta Moratza (1.058 m, Zanbrana, Trebiñu eta Urizaharra elkartzen diren puntutik gertu)[17]. Ekialderantz, geografikoki Ihuda ibaiaren arroaren zati diren, baina aldi betean Urizaharreko udalerrikoak diren hiru herri daude Zumentu, Baroja eta Faidu. Zonalde horretan muga politikoaren inguruneak itxuratzen duten hainbat muino daude: Zabala (794 m),[18] Bigarramendi (725 m),[19] Krutzia (787 m),[20] Los Valletes (877 m)[21] eta Urkiza (846 m),[22] besteak beste. Jarraian, Trebiñu eta Arabako mendialdearen arteko muga politikoa Jaundengo mendilerroak osatzen duen muga topografikora hurbiltzen da berriz. Hor, La Rasa (977 m),[23] Jaunden (1.035 m)[24] eta Avellano (964 m)[25] mendiak daude.
Udalerriko mendebaldean beste bi mendilerro daude, Ihuda ibaiaren bi alboetan, ibaia udalerritik irteten den ingurunean. Ibaiaren ipar-mendebaldean San Formerioko mendilerroa dago: gailurra San Formerio (752 m)[26] mendia da, hain zuzen udalerriaren patroia denaren baseliza dagoen tokia; eta hego-ekialdean Cogollako mendilerroa dago, Cerro (901 m)[27], La Culebra (885 m)[28] eta La Cogolla (874 m)[29] muinoekin.
Ihuda ibaia Bernedo udalerrian, Izartza eta Okina herriak kokatutako ibarrean jaiotzen da,[30] eta azken herri hori iparraldetik hegoaldera zeharkatu ondoren,[31][32] berehala Trebiñun sartzen da Saseta paretik. Segidan, hegoalderantz doa eta Urarten,[33] Arluzea eta Markizko Molino errekaren[34] urak jasotzen dituen lekuan, mendebalderantz egiten du.
Ondoren, udalerria zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera, hurrengo herrietatik oso gertu: Paritza, Albaita, Fuidio, Samiano, Torre, Argote, Franku, Trebiñu. Azkenik, Burgeta parean udalerritik irten eta Berantevillan sartzen da.
Trebiñu herria bera Ihuda ibaiaren ertzean dago, muino baten pean. Ibaiaren adar nagusiak, Trebiñuko udalerriaren barruan, hauek dira: iparraldetik Saratsu, Ibia, Askartza eta Arrieta ibaiak; hegoaldetik Barruntia eta Riorrojo ibaiak.
Mendebaldeko muturrean, Zadorra ibaiak muga egiten du Trebiñu eta Erriberagoitia eta Erriberabeitia artean.
Trebiñun urtegi nagusi bat dago, Arrietako urtegia, batez ere nekazaritza lurrak ureztatzeko erabiltzen dena. Bertako urak muinoetan estrategikoki kokatutako erregulazio baltsen bidez banatzen da nekazarien artean.
Trebiñuko landaredia hiru faktore nagusik baldintzatzen dute:
Trebiñuko mendilerroak ekialdetik mendebaldera luzatzen dira, nagusiki ipar-mendebaldekoak diren haizeen aurrean hesi modura jokatuz. Hori dela eta, itsasotiko euri-fronteek euria mendien ipar isurialdean uzten dituzte gehienbat, eta hegoaldeko mazeletara prezipitazio gutxiago iristen da, Foehn efektuaren ondorioz. Horren eraginez, mendietako iparraldean hezetasun gehiago behar dituzten basoak daude: pagadiak eta hariztiak, eta hegoaldean, artadiak, karraskalak eta erkameztiak. Baxauri eta Obekuri inguruetan ameztiak daude, alboko Izkiko natura parkean bezala.
Ihuda ibaiaren eta bere adarren ibarretako lurrak nekazaritzarako luberritu ziren, eta orain udalerriaren azalera gehienean laboreak ereiten dira. Hala ere, XX. mendeko nekazaritza krisiaren eraginez, lursail asko, batez ere gune malkartsuetan daudenak, utzi egin dira. Toki horietan landaredia leheneratzen hasi da, eta ipurudiak, sastrakadiak eta txilardiak sortu dira. Beste toki batzuetan, udalerriko muino askotan adibidez, mota bereko landaredia dago, baina kasu horietan higaduraren eraginez da.
Mendiko gune batzuetan, Gasteiz mendietan, abeltzaintzarako erabiltzen diren larreak eta belardiak daude. Bestalde, Gasteiz mendietan eta Izki inguruko mendietan zura ekoizteko egin diren baso landaketak ikus daitezke.
Trebiñu klima ozeanikoaren eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio gunean dago, Araba gehiena bezala. Gehiago zehaztuz, Trebiñuko klima submediterraneoa da, alegia, klima epela baina iparralderago baino euri gutxiagorekin.
Udalerriaren garaieraren ondorioz, tenperaturak iparralderago eta hegoalderago baino apur bat baxuagoak dira oro har. Bestalde, itsasotik hurbil ez dagoenez, klimak ezaugarri kontinentalak edukitzea eragiten du, hau da, oszilazio termikoa itsasotik hurbilagoko eskualdeetan baino handiagoa da urtean zehar.
2008tik 2011ra (3 urte) Trebiñu herriko estazio meteorologikoan egin diren neurketen batez bestekoak hauek dira:
Datu klimatikoak (Trebiñu) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 4.04 | 5.04 | 7.47 | 10.85 | 13.34 | 16.39 | 19.02 | 19.09 | 15.7 | 12.01 | 7.9 | 4.1 | 11.2 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 83.5 | 80.6 | 55.8 | 80.7 | 73.2 | 80.3 | 25.0 | 8.1 | 60.7 | 117.9 | 110.0 | 136.4 | 912.2 |
Iturria: Gaztela eta Leongo Junta[35] |
Kontuan izan balio hauek ez direla oraindik esanguratsuak, normalean 30 urteko datuak erabiltzen baitira batez bestekoak kalkulatzeko. Prezipitazioari dagokionez, fidagarriagoa izan daiteke Gasteizko eta Miranda de Ebroko estazioen datuei erreparatzea, Trebiñun bien arteko balioa baitago. Gasteizen batez beste urtean 823 mm prezipitazio botatzen du, eta Mirandan 521 mm.
Trebiñuko udalerria Ihuda ibaiaren haranean dago, eta ibaiaren arroa izan da, hain zuzen, udalerriaren mugak hein handi batean baldintzatu dituenak.
Muga naturalak dira iparraldean, Gasteizko mendien mendilerroa, ekialdean, Izkiko mendien ingurua eta hegoaldean, Ihudaren arroa ixten duen Jaundengo mendilerroa. Trebiñutik iparraldera Gasteiz udalerria dago. Ekialdera berriz, Bernedo. Hegoaldean eta ekialdetik mendebaldera, Arabako Mendialdeko Lagran munizipioa, Urizaharra, Lagran eta Lañuko Arabako lur komunalak eta Urizaharra udalerria kokatzen dira.
Mendebaldean ere, udalerriaren muga, oro har, Zadorra ibaiak zehazten du. Ipar-mendebaldeko izkinean ordea, Argantzon udalerria kokatua dago, zeinek ibaiaren bi ertzak okupatzeaz gain, Trebiñuko lurrak eta Zadorra urruntzen ditu. Ibaiaren beste aldean, Añanako kuadrillako Erriberagoitia eta Erriberabeitia daude.
Hego-mendebalderantz, berriz, muga ez da horren naturala, Trebiñuk Zadorra eta Ihuda ibaien beheko atalaren arroetan kokaturik dauden Armiñon, Berantevilla eta Zanbrana udalerriekin muga egiten baitu.
Udalerriko lurretan Paleolito garaiko hondakinak aurkitu izan dira. Lañu herriko Mendiguri izeneko tokian Behe Paleolitoko Acheulear kulturako tresneria aurkitu da[36]. Torre herriko Murba aztarnategian, berriz, Erdi Paleolitoko Mousteriar kulturakoak diren hondarrak aurkitu dira[37]. Kasu honetan, aire zabaleko lantegi bat zen, harrizko tresnak egiteko erabiltzen zena.
Mesolitoan sartuta (duela 10.000 urte), Saseta inguruetan dagoen Mendandia aztarnategia aipatu behar da. Oso aztarnategi garrantzitsua, bertan harrizko tresnen 18.000 hondar eta zeramikako zatien 1.000 hondar aurkitu [38]. Toki honetan bi arotako aztarnak daude, zaharrenak Mesolitokoak eta berrienak Neolitokoak, orain dela 7.200-6.400 urte ingurukoak. Bigarren multzo honetan daude zeramikako piezak, datazioen arabera Iberiar penintsulako lehenak direnak.
Neolitokoak dira (duela 6.000 urtekoak) Sanmartinzar herriko San Quilez inguruan aurkitu diren aztarnak[39]. Kasu honetan hileta-tumuluak dira aurkitutakoak. Hileta-tumulu hauen egiturak eta inguruko lurretako (Arabako Lautada eta Errioxa) hileta-tumuluenak oso desberdinak dira, baina bi eskualde horien artean zegoen hutsune bat bete zuten. Halaber, zenbait ehorzketatako hondakinak eta etxeko hornidura gutxi batzuk ere berreskuratu ziren.
Goi Brontze Aroan (Kristo aurreko 1.000 urte inguruan) eskualdera lehen tribu indoeuroparrak iritsi ziren, eta haiekin batera, metalurgia iritsi zen[5]. Talde nagusia zeltak izan ziren, K. a. 800. urte inguruan. Kultura honen bereizgarri diren kastroak eraiki zituzten Santuste (Ozilla) eta San Formerio (Pangua) bezalako gune garaietan, babes modura.
Erromatarrak iritsi zirenerako, dirudienez Trebiñuko populazioan bi kultura bizi ziren elkarrekin: jatorrizkoa, glaziazioen ondoren kantauriar kostaldetik bertaratu zena; eta indoeuropar jatorrikoa, herrixketan bizi zena, kultura material aurreratuagoa zuena, eta jatorrizko populazioaren gainean nolabaiteko nagusitasuna zuena[5].
Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Argoten eta Uralden[40]. Sasoi hartan Trebiñu Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren eta inguruko hiri handiena zen Veleiaren eraginaren pean zegoen, eta bertan asentamendu erromatar txikiagoak sortu ziren. Dirudienez, sasoi hartakoa da Trebiñu toponimoaren jatorria izan daitekeen trifinium hitza, baina orduan bailarako herri nagusia deitzeko soilik erabiltzen zen, ez bailara osoa. Trifinium hitzak eskualdean hiru tribuk (karistiarrek, barduliarrek eta autrigoiek) muga egiten zutela esan nahi du, itxura batean.
Argoten K.o. I. mendetik V. mendera arte egon zen erromatarren presentzia. Etxeko tresnen hondarrak aurkitzeaz gain, dolium eta amphora izeneko edukiontziak, eta eraikuntzarako materialak aurkitu ziren. Horrez gain, aldare-harri bat ere aurkitu da. Urarten, bestalde, zenbait hondakindegi aurkitu ziren, nekazaritzara dedikatutako establezimendu nahiko handi batenak izan daitezkeenak, I. mendetik V. mendera arte okupatuta egon omen zena. Etxeko hornidurak, eraikuntzarako materialak, animalien hondarrak, etab. aurkitu ziren bertan.
Goi Erdi Aroan datatutako aztarnategien artean, ezagunena Lañuko Las Gobas eta Santorkaria izeneko guneetan existitzen diren koben multzoa da. Herri honetako haitz labarretan gizakiak eginiko koba batzuk existitzen dira, eta bere jatorriari buruzko hipotesi tradizionala Erdi Aroan sortutako mugimendu zenobitikoaren ondorioz ermitauen bizileku zirela izan da. Agustin Azkaratek 2007an gidatutako lanetan, hala ere, beste hipotesi batzuk indar gehiago zutela ondorioztatu zuen[41]. Alde batetik, kokagunearen sorrera VII. mendean omen dago, eta hainbat mendez erabili zen, IX. mendearen amaieran utzi egin ziren arte. Harrian egindako koba hauen inguruetan beste eraikin batzuen aztarnak aurkitu dira, mendi mazeletan. IX. mendetik aurrera kobak bizileku modura utzi eta hilerri gisa erabiltzen hasi ziren. Bertako bizilagunak Lañu herria sortu zutenak izango omen ziren. Beren funtzioari dagokionez, ez da baztertzen haietako koba batzuk ermitauen bizileku izatea, baina kasu gehienetan baserritarren asentamenduak zirela ondorioztatu da. XVI. mendean berriro okupatu ziren, orduan nekazaritzarako erabilera emateko.
Udalerriaren mendebaldeko beste herri batzuetan eta ingurukoetan ere sasoi honetan okupatuta egon ziren koba artifizialak aurkitu dira: Faidun, Sarratxon, Urarten eta Markizen[42].
Goi Erdi Aroaren hasieratik, Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, jadanik ez da antzinako tribuez hitz egiten kronika zaharretan, eta Trebiñu eta Araban bizi den jendeari buruz aritzean, baskoiez hitz egiten da. Aro honetan eskualde osoa bazterreko kokapenean geratu zen, iparraldean bizi ziren frankoen eta hegoaldean zeuden bisigodoen artean, eta euskararen presentzia asko indartu zen. Donemiliagako goldea agirian ageri den Trebiñuko herrien izenetan ikusten denez, XI. mendean Trebiñuko herri askoren izenek euskal jatorria zuten, batez ere udalerriaren ekialdekoek[43]. Trebiñuko aipamena (eskualdeak Rigo de Ivita, egungo euskaran "Ihuda ibaia", izena dauka dokumentu horretan) hauxe da:
« | Rigo de Ivita, XXXV regas: Prango et Prango, duas regas. Armendihi una rega. Atazaval; una rega. Betruz, una rega. Argote, una rega. Sancti Meiano, una rega. Torre, una rega. Sancti Martini, una rega. Galbari, una rega. Cimentu, una rega. Barolha, una rega. Loza, una rega. Alma, una rega. Paldu, una rega. Mesanza, una rega. Savastian, una rega. Bergilgona, una rega. Langu, una rega. Guzkiano, una rega. Guzkiano de suso, una rega. Bustia, una rega. Gogate, una rega. Agellu, una rega. Pudio, una rega. Barizahaza, una rega. Sagassaheta, una rega. Orzalzan, una rega. Uarte, una rega. Marquina de iuso, una rega. Carrelucea, una rega. Marquina de Suso, una rega. Bassahuri, una rega. Hobecori, una rega. Hassarte, una regga. | » |
XI. eta XII. mendeetan Udako lurraldea Nafarroako erresumaren mende egon zen. 1161. urtean Antso Jakituna Nafarroakoak eman omen zion hiribildu titulua. Hala izatekotan, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke[44]. Aipatutako muinoaren gailurrean, gaur egun telekomunikazio-antena andana jasotzen dituen horretan, Nafarroako Erresumaren gaztelu bat zegoen, 1199. urteko eraso gaztelarrak konkistatu ezin izan zuena[45]. Fundazio hau Nafarroaren eta Gaztelako Erresumaren arteko tirabiretan ulertu behar da, sasoi hartan eskualdea mugako tokian baitzegoen.
1200an Gaztelako Alfonso VIII.ak Nafarroako mendebaldean sartu eta Gipuzkoa eta Araba anexionatu zituen. Trebiñuren kasuan, erasoa pairatu zuen, baina gaztelauek ez zuten lortu hura konkistatzerik. Orduan Antso VII.a Nafarroakoak eta Gaztelako erregeak ituna egin zuten, eta Trebiñu Gaztelaren esku geratu zen Nafarroak Miranda Arga, Mendavia, Larraga eta beste herri batzuk mantentzearen truke.
1366ko apirilaren 8an Henrike II.a Gaztelakoak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zizkion dohaintzan Udako lurraldeak, jaurerri gisa goberna zezan. 1453an Pedro Manriqueren birbiloba batek, Diego Gómez Manriquek, Trebiñuko konde izendapena jaso zuen Gaztelako erregearengandik.
1417an Trebiñuk, Gasteizek eta Agurainek ermandade baten sorrera sustatu zuten, nobleziaren gehiegikerien eta gaizkileen aurka egiteko. Arabako lehen ermandadea izan zen hau. Hala ere, batasun honek ez zuen iraun eta laster desegin zen. Arabako Ermandadea sortzeko behin betiko saialdia 1458an izan zen, baina orduan Trebiñuk ez zuen parte hartu eta, horrela, gaur egungo Arabako probintziaren ernamuina izan zenetik kanpo geratu zen.
XIX. mendearen lehen erdialdean Trebiñu Burgosko probintzian sartu zuten. Sasoi horretan probintziak sortzeko hainbat saio egin ziren Espainian[46]. Azkenik, 1833. urtean gaur arteko banaketa administratiboa izango zena egin zen, eta horretan Trebiñuko konderria, Argantzonekin batera, Burgosko probintziaren mende geratu zen.
XIX. mendean Trebiñu Gerra Karlisten jokaleku izan zen bi aldiz. Lehen Gerra Karlistan, Zumalakarregik Trebiñu hartzeko setioa antolatu eta bi eguneko erasoen ondoren menderatu zuen, 1835eko maiatzaren 11n. Hirugarren Gerra Karlistan, 1875eko uztailaren 7an, Trebiñuko gudua deitu zena izan zen, oso ospetsua egin zena zalditeriaren oldarraldiagatik[47].
Espainiako Gerra Zibilean Trebiñu nazionalen aldean geratu zen, Araba bezala, eta frontetik urruti. Horren ondorioz, ez zituen zuzenean pairatu guduak. Hala ere, nazionalen errepresioa jasan behar izan zuten errepublikaren aldeko trebiñarrek.
Añastron 3 lagun hil zituzten, besteak beste herriko medikua eta maisua (Godofredo Colina, Antonio Paredes eta Luis Velasco). Dordonizen 4 lagun hil zituzten 1936ko abuztuan: Angel Corcuera Puelles, Gregorio Corcuera Echevarria, Jeronimo Ortiz eta Jesús Velasco. Trebiñu herrian sei izan ziren hildakoak: Ricardo Landa, Alejandro Landa, Fortunato Arrieta, Fausto Arrieta, Moises Ruiz Monje eta Vicente López Moraza[48].
Trebiñu nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako eskualdea izan da tradizionalki. Gaur egun sektore horren garrantzia gero eta txikiagoa da, eta beste fenomeno bat sortu da ekonomiari dagokionez: gero eta trebiñar gehiagok udalerritik kanpo egiten dute lan, batez ere Gasteizen. Barrendegi osoko langileen % 73k Gasteizen egiten du lan, %22k barrendegian, % 2k EAEko beste toki batzuetan eta % 2k Burgosko beste toki batzuetan[49], batez ere Miranda de Ebron.
1999ko nekazaritza zentsuaren arabera[50], Trebiñun 212 nekazari eta abeltzain ziren. Horietatik, gazteak (34 urte arte), 28 ziren soilik. Nekazariak langile guztien % 14 dira, langile arruntak % 21 dira eta enplegatuak % 33 dira[49].
Trebiñarren lan jarduera honela zegoen banaturik 2007ko ikerketa baten arabera[51]:
Jarduera | Ehunekoa |
---|---|
Bere kabuz lanean | % 21 |
Besteren kontura | % 45 |
Langabe | % 4 |
Etxeko lanak | % 5 |
Ikaslea | % 11 |
Erretiratua | % 14 |
Trebiñu udalerriaren barnean hainbat herri edo biztanlegune dago[52].
|
Baita hainbat herri desagertu ere:
Bere kokapen geografikoagatik, Trebiñu beti izan da eskualde ia erabat nekazaria. Hala ere, XX. mendeko industrializazio prozesuak ez ziren oharkabean igaro biztanleriari dagokionez, baina ez zentzu positiboan, negatiboan baizik: Trebiñuko herrixketako jende asko garapen lekuetara —besteak beste, Gasteiza— aldatu zen lan hobearen bila. Despopulazio prozesu honetan eragina izan zuen, baita ere, nekazaritzaren munduan XX. mendearen erdialdean gertatu zen iraultzak, eta batez ere mekanizazioak, lehen eskulan asko behar zen tokian langileak soberan egotera igaro baitzen.
XX. mendetik eta XXI.era bitarteko aldaketaren bueltan, Miranda de Ebrorekin eta batez ere Gasteizekin lotzen zituen errepideak hobetzean, Gasteizko etxebizitzen prezioak neurrigabeki haztean eta automobil pribatua ugaritzean, Trebiñu biztanleria erakartzen hasi zen. Hala ere, biztanle berri horietako gehienek ez zuten bertan lan egiten, eta nahiz eta Trebiñuko erroldan egon, bizia (lana, haurren eskola, erosketak, aisialdia...) udalerritik kanpo egiten zuten.
Trebiñuko biztanleria |
---|
Beraz, Trebiñuko udalerrian, barrendegi osoan bezala, jendeen hiru multzo aski desberdin bereiz daitezke[51]:
1995an PPko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.[60]
1998ko apirilean, Ernesto Argote alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen, urte bereko martxoaren 8an Trebiñuko auziari buruzko kontsulta bat antolatu eta egin ondoren, bere alderdiak egin zizkion kritikengatik. Alkatearekin batera, udalbatzarrean PPk zituen beste hiru zinegotziek ere beraien postuak utzi zituzten.[61][62]
Horren ondorioz, hiru zinegotzi independenteetako bat, Javier Villareal, jarduneko alkate bilakatu zen.[63][64]
1999ko ekainaren 13ko hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutuaren ondorioz Juan Carlos Aguillo izendatu zuten alkate. Trebiñu Araban sartzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente (AEI) elkartearen lau botoekin atera zen garaile.[65][66][67] Alderdi Popularrak 3 zinegotzi lortu zituen.[68]
2003ko udal hauteskundeetan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente Condado de Treviño (AEICT) hautes-elkarteak 5 zinegotzi lortu zituen eta PPk 4. Beraz, Juan Carlos Aguillok Alkate segitu zuen.[69][67]
2007an PPk 4 zinegotzi eskuratu zituen, AEICT taldeak 3 eta PSOEk eta EAEk bana. Hori zela eta, PPko Inmaculada Ranedo atera zen alkate.[70]
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PPk 3 zinegotzi lortu zituen, Agrupación Ciudadanos Condado de Treviño (ACUDE) taldeak 2 zinegotzi, AEICT elkarteak beste 2 zinegotzi, EAJk eta Bilduk zinegotzi bana.[71] Aurreko alkateak legegintzaldiaren hasieran ACUDE elkartearekin gobernu akordio bat lortzea nahi izan zuen arren,[72] talde honen alkatetza lortzeko eskaerak ez zuen aukera hau posible egin. Beraz, PPko Inmaculada Ranedok jarraitu zuen alkate, bere partiduaren botoei esker.
2012ko abenduan AEICT, Ciudadanos del Condado (CDC) eta Bilduren zinegotziek zentsura mozioa aurkeztu zuten alkatearen kontra, eta haren ondorioz,[73][74] AEICT taldeko Ignacio Portilla hautatu zuten alkate.[74][75] AEICT, CDC eta Bildu Trebiñu Araban integratzearen aldekoak dira, eta arrazoi hori izan zen ekimenaren arrazoi nagusietako bat. Alkate berriak Trebiñu Arabara batzeko prozesua hasiko zuela esan zuen lehen adierazpenetan.[74][76][77]
Horrela, 2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko eskatu zuen udalbatzak, aldeko 6 botorekin eta 3 abstentziorekin.[78][79]
2014ko otsailaren 6an Eusko Legebiltzarran Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Kongresura eramateko eskaera onartu zen, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko eta PPren aurkako bozkekin.[80] 2014ko abenduaren 27an, berriz, PPko bi zinegotzik dimisioa eman zuten Trebiñun.[81][82]
2015eko udal hauteskundeetan zazpi talde aurkeztu ziren: 2011n alkatetza lortzen saiatu ziren guztiak (PP, AEICT, CDC, PSOE eta EAJ), gehi EH Bildu (Bilduren ordez) eta Condado para Todos (CPT) izeneko berri bat. Inmaculada Ranedok (PP), Ignacio Portillak (AEICT) eta Ernesto Argotek (CDC) beren alderdien buru izaten segitu zuten. Aldi berean, PSOEren izenean Javier Mardones[83] eta EH Bilduren partez Iker Garcia de Eulate aurkeztu ziren lehen aldiz goiko postuan. Azkenik, aurreko hauteskundeetan EAJren zinegotzia izandako Roberto Bajos CPT elkarte berriaren buru gisa agertu zen. Horren ondorioz, EAJko lehen postua Enrique Barbadillok bete zuen.[84]
Alderdi Popularrak botoen erdia eta zinegotzi bat galdu zituen, bi lortuz, herritarren hautes-elkarteen onurarako. CDC eta AEICT alderdiei dagokienez, bakoitzak beste bi zinegotzi lortu zituen. Bestalde, EAJ, EH Bildu eta CPT alderdiek eserleku bakarra lortu zuten. CDC elkarteko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.[85]
Hala ere, 2016ko abenduan, Ernesto Argote alkateak bere postua utzi zuen, Arabako eta Burgosko aldundiek hasitako elkarrizketetan ez zelako lurraldetasunaren gaia eztabaidatuko, eta gai hori barrendegiko alderdientzat funtsezkoa zelako.[62][86] Egun batzuk geroago udalbatzarreko AEICT talde independenteko burua zena, Ignacio Portilla, alkatearen salaketari batu zitzaion, bere dimisioa aurkeztuz.[87] Hori zela eta, CDC alderdiko Elena Ramirezek hartu zuen kargua.[88][89]
2019ko hauteskundeetara zazpi talde aurkeztu ziren berriro, 2015ean aurkeztutako guztiak, PSOE izan ezik, gehi beste berri bat. Lehenengo aldiz Trebiñuko udalerrian Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's) aurkeztu zen. Aurreko udal hauteskundeekin konparatuz, ia zerrenda guztietako buruak aldatu ziren. Horrela, Adolfo Estavillo (CDC), Maria Eugenia Galarreta (AEICT), Enrique Barbadillo (EAJ), Oscar Arbaizar (PP), Ritxar Astegieta (EH Bildu), Roberto Bajos (CPT) eta Jose Maria Ruiz (C's) izan ziren bere alderdien zerrendetako lehenak.[90]
EAJ alderdiak botoak irabazi zituen eta berdinketa hirukoitza gertatu zen CDC, AEICT eta EAJ taldeen artean. Bi zinegotzi lortu zituen alderdi bakoitzak. Alderdi Popularrak zinegotzi bat galdu zuen eta EH Bilduk eta CPT elkarteak bereei eutsi zieten. EAJ alderdiko Enrique Barbadillok eskuratu zuen alkatetza, AEICT hautes-elkartearen eta Bildu alderdiaren botoei esker.[91][92]
2023ko hauteskundeen ondorengo Trebiñuko udalbatza | |||||
Alderdia |
2023ko maiatzak 28 | ||||
Zinegotziak | Boto kopurua | ||||
Treviño Dia a Dia (TDD) | 3 / 9 |
||||
Agrupacion Independiente Condado de Treviño (AICT) | 2 / 9 |
||||
Alderdi Popularra (PP) | 2 / 9 |
||||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 1 / 9 |
||||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 1 / 9 |
||||
Condado Para Todos (CPT) | 0 / 9 |
||||
Herritarrak-Herritarron Alderdia (C's) | 0 / 9 |
||||
Vox (Vox) | 0 / 9 |
||||
Datuen iturria: Junta Electoral Central (Gaztelaniaz) |
Hauek izan dira Trebiñuko azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[93] | |
Alfredo Gonzalo Ochoa[93][94] / Alfredo Gonzalez Ochoa[95] | 1979 | 1983 | Zentro Demokratikoaren Batasuna | |
Abel Oraá Bajos[93] | 1983 | 1987 | Independenteak | |
Jesus Dulanto Martinez[93][94] | 1987 | 1991 | Agrupacion Independiente Condado de Treviño[96] | |
Ernesto Argote Roa[93][94] | 1991 | 1995 | Alderdi Popularra | |
Ernesto Argote Roa[93][60] | 1995 | 1998 a[61][62] | Alderdi Popularra | |
Javier Villareal[61][63][64](Jarduneko alkatea) | 1998 | 1999 | Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño[97] | |
Juan Carlos Aguillo Ramirez[93][65][66][68][67] | 1999 | 2003 | Agrupacion Electoral Independiente[98] | |
Juan Carlos Aguillo Ramirez[93][69][67] | 2003 | 2007 | Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño[99] | |
Inmaculada Ranedo Gomez[93][70] | 2007 | 2011 | Alderdi Popularra | |
Inmaculada Ranedo Gomez[93] | 2011 | 2012 b[73][74][75] | Alderdi Popularra | |
Ignacio Portilla Moraza[93][74][76][77][84] | 2012 | 2015 | Agrupacion Independiente Condado de Treviño[100] | |
Ernesto Argote Roa[93] | 2015 | 2016 c[62][86][87] | Ciudadanos del Condado[101] | |
Elena Ramirez Izquierdo[93][88][89] | 2016 | 2019 | Ciudadanos del Condado | |
Enrique Barbadillo Ayala[93][91][92] | 2019 | 2022 d[102][103][104][105] | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Adolfo Estavillo Musitu[93][106][107][108] | 2022 | 2023 | Ciudadanos del Condado[109] | |
Adolfo Estavillo Musitu[110][111][112][113][114] | 2023 | Jardunean | Treviño Dia a Dia[115] |
a 1998ko apirilean Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen.
b 2012ko abenduan zentsura-mozio batek Inmaculada Ranedo Gómez alkatetzatik bota zuten.
c 2016ko abenduan Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
d 2022ko uztailean Enrique Barbadillo Ayala alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
Araba Bus sareko eta lineek ematen diote zerbitzua herri honi:
|
Gainera, Eskualdeko Garraioa sareak lau linea ditu udalerrian:
|
Trebiñun garraiorako modu nagusia automobil pribatua da. Bi errepide nagusik zeharkatzen dute udalerria, gurutze bat osatuz:
Bi errepide horiek bat egiten dute Armentia Trebiñu herrian, hain zuzen Ventas de Armentia ("Armentiako bentak") izeneko tokian.
Horrez gain, garrantzi gutxiagoko errepideak daude:
Barrendegiko 2007ko datuen arabera, haurren laurdenak (% 25) besterik ez zuen barrendegian bertan ikasten. Gainerakoetatik, gehienek (% 67k) Gasteizen ikasten zuten, % 5ek Mirandan, eta % 2k beste zenbait lekutan.
Bi eskola daude Trebiñun. Bata 0 eta 3 urte arteko haurtzaindegia da eta Armentiako urbanizazio batean dago. Hezkuntza elebiduna eskaintzen du (gaztelania-euskara). Bestea Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da (3 urtetik 12 urtera artekoa), Trebiñu herrian bertan dago eta hezkuntza elebiduna (gaztelania-ingelesa) eskaintzen du.
Bigarren Hezkuntza jasotzeko, Trebiñuko gazteek Gasteizera edo Mirandara jo behar dute.
Trebiñu herrian osasun zentroa dago, baita farmazia bat ere. Azken urteetan hitzarmenak sinatu dira Arabaren eta Trebiñuren artean, Trebiñuko barrendegiko biztanleek Arabako ospitaleetan eta, oro har, EAEko osasun sisteman artatuak izan daitezen.
2012ko azterketa soziolinguistikoaren arabera[116], Trebiñuko biztanleen % 21,5 elebidunak ziren urte horretan eta % 16 elebidun hartzaileak. Elebiduntasunaren joera goranzkoa da, 2007an[51], % 14,5 elebidun eta % 12 elebidun hartzaile baitziren, hurrenez hurren. Aurreko azterketak, 2002an egindakoak, zehaztu zuen orduan Trebiñuko enklabeko herritarren % 10ek soilik hitz egiten zekiela euskaraz, eta % 8 zela elebidun hartzailea.
Datu eta joera horiek bat datoz Araban gertatzen ari den berreuskalduntzearekin.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.