Karlomagno

Frankoen Erresumako erregea eta Inperio Karolingioko enperadorea From Wikipedia, the free encyclopedia

Karlomagno

Karlomagno edo Karlos I.a Handia[1] (latinez: Carolus edo Karolus Magnus; 742, 747 edo 748, Akisgran, 814ko urtarrilaren 28a) Carlos I.a gisa frankoen erregea izan zen 768-814 artean, lombardiarren errege izendatua 774-814 artean eta Mendebaldeko enperadorea (Imperator Romanum gubernans Imperium)[Oh 1] 800-814 artean, hil artean. Mendebaldeko eta erdialdeko Europako ia lurralde kristau guztiak batu zituen, eta, Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren (gutxi gorabehera hiru mende lehenago) mendebaldeko Europa gobernatu zuen lehen enperadorea izan zen[2].​ Karlomagnok sortu zuen Estatu franko hedatua Inperio Karolingioa izan zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren historiako lehen fasetzat jotzen dena. Pascual III.a antipapak kanonizatu zuen —geroago baliogabetzat jo zena—, eta batzuek, Eliza katolikoan, beatifikatutzat daukate (santutasunerako bidean urrats bat dena). Tradizioz, Eliza katolikoak dohatsu gisa gurtzen du urtarrilaren 28an. Eliza ortodoxoak ez zuen hain begi onez ikusten Karlomagno Filioque klausulari emandako babesagatik eta aita santuak Bizantziar Inperioko lehen emakume monarkaren aurrean, Irene Atenaskoa, enperadore gisa erakutsi zuen lehentasunagatik. Liskar horiek eta beste batzuek ekarri zuten Erroma eta Konstantinoplaren arteko puskatzea 1054ko Zisma Handia[3]. Karlomagno Karolingiar dinastiaren sortzaile izan zen.

Datu azkarrak Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea, Frankoen erregea ...
Karlomagno


Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea

800ko abenduaren 25a - 814ko urtarrilaren 28a
baliorik ez - Luis Errukitsua
Frankoen erregea

768ko urriaren 9a - 814ko urtarrilaren 28a
Pepin Laburra, Karloman I.a - Luis Errukitsua
Lombardiarren erregea

814ko urtarrilaren 28a
Desiderius - Bernard of Italy (en)
Bavariako dukea

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKarlus
JaiotzaFrankoen Erresuma, Lieja eta Akisgran, 740(e)ko hamarkada
HerrialdeaFrankoen Erresuma
HeriotzaAkisgran, 814ko urtarrilaren 28a (64/74 urte)
Hobiratze lekuaKapera Palatinoa
Heriotza modua: eritasuna
Familia
AitaPepin Laburra
AmaBetrada Laongoa
Ezkontidea(k)Himiltrude (en)
Desiderata of the Lombards (en)  (770, 770 (egutegi gregorianoa) -  771)
Hildegard of Vinzgouw (en)  (771, 772 (egutegi gregorianoa) -  783)
Fastrada (en)  (783, 784 (egutegi gregorianoa) -
Luitgard (en)  (794, 794 (egutegi gregorianoa) -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaKarolingiar leinua
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
greziera
Frankish (en)
Jarduerak
Jarduerakmonarka eta subiranoa
Altuera1,84 metro
Santutegia
Urtarrilaren 18
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
kristautasuna

Itxi

Pepin Laburra erregearen eta Bertrada Laongoaren semea, bere aitaren ondorengo izan zen, eta bere anaia Karloman I.arekin batera izan zuen erregeordetza. Bien arteko harremanak tirabiratsu bihurtu baziren ere, Karlomanen bat-bateko heriotzak gerra ekidin zuen. Aitak aita santuarekin izandako harreman adiskidetsuak sendotu zituen, eta haren babesle bihurtu zen lombardiarrak Italian garaitu ondoren. Iberiar penintsulan bere jabetzak mehatxatzen zituzten musulmanen aurka borrokatu zen, eta lurraldea bereganatzen saiatu zen, nahiz eta atzera egin behar izan zuen, eta, baskoien eraso baten ondorioz, bere atzegoardia osoa galdu zuen, Roldan barne, Orreagako haitzartean[4][5][6][7][8][9].​ Herri eslaviarren aurka borrokatu zen. Kanpaina luze baten ondoren, saxoniarrak menperatzea lortu zuen, kristau bihurtzera behartuz eta bere erreinuan integratuz; horrela, Saxoniako dinastiaren pean Erromatar Germaniar Inperio Santua ezartzeko bidea erraztu zuen

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Eginhardo-ren Vita Karoli Magni
Liburu osoa: Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak

.

Frankoen erresumak hedatu zituen inperio bihurtu arte, zeinari mendebaldeko eta erdialdeko Europako zati handi bat gehitu baitzion. Italia konkistatu zuen, eta Leon III.a aita santuak Imperator Augustus koroatu zuen 800. urteko abenduaren 25ean, Erroman, Konstantino VI.aren kargu-uzteak eta emakume batek, Irenek, okupatutako tronu inperialaren hutsunetzat jotzen zen aukera baliatuz. Gertakari horiek gorte inperialaren haserrea eragin zuten, zeinak titulua aitortzeari uko egin baitzion. Karlomagnoren eta Ireneren arteko ezkontza planak zapuztu ondoren, gerra piztu zen. Azkenik, 812an, Mikel I.a Rangabek enperadoretzat onartu zuen Karlomagno (baina ez erromatarren enperadore).

Bere erregealdia Pizkunde karolingiarrarekin lotu izan da, hau da, Eliza katolikoak zuzenduriko [erreferentzia behar] kultura eta arte latinoen berpiztea Inperio karolingiarraren bidez eta identitate europar komuna ezarri zuena. Atzerrian egindako konkisten eta barne erreformen bidez, Karlomagnok Mendebaldeko Europa izango zeneko oinarriak ezarri zituen Erdi Aroan. Gaur egun, Karlomagno, Carlos I.a izendatua, ez da soilik Frantziako eta Alemaniako monarkien fundatzailetzat hartzen, baita «Europaren aitatzat» ere. Pierre Richék idatzi zuen:

« [...] Aparteko patua izan zuen, eta bere erregealdiaren norabideagatik, bere konkista, legegintza eta legendazko garaieragatik, sakonki markatu zuen Mendebaldeko Europaren historia[10]  »

.

Bere politika hedakorrak lombardiar erresumaren konkista eta anexioarekin jarraitu zuen, 774an frankoek aita santuarekin egindako aliantza baten bidez. Italia menderatuta, Karlomagnok Saxoniaren konkistan jarri zuen bere indarra. Haren menderatzea lortzeko, hemezortzi kanpaina egin behar izan zituen, bata bestearen atzetik, 772 eta 804 urteen artean. Karlomagnoren erresumaren hedadura geografikoa barne hartzen zuen gaur egun Frantzia, Suitza, Austria, Belgika, Holanda eta Luxenburgo diren guztiak, eta Alemania, Italia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Kroaziako zati gehienei. 800. urteko Eguberri egunean, Leon III.a aita santuak Karlomagno enperadore koroatu zuen, eta horrela hasi zen Germaniar Inperio berri bat, XIX. mendearen hasierara arte iraungo zuena.

Germaniar Inperio hori hiru mende lehenago desagertutako Mendebaldeko Erromatar Inperioaren jarraipentzat hartzea fikzio bat bazen ere, ideia inperialaren berrezartzeak esan nahi zuen erresuma ezberdinetako printzeen gainetik botere unibertsal bat lortzeko nahia, zeina izango baitzen aita santuak espiritualtasunean zuen nagusitasunaren aldi baterako kontrapartida. Enperadoreak aita santuarekin zuen aliantza eta osagarritasun berezi horrek ekarriko zuen bi botereen arteko nagusitasuna lortzeko borroka eta Erdi Aroan luzatuko zena. Gizarte-bizitzan nagusi zen indarkeria- eta anarkia-maila handia ezaugarri zituen garai batean, Inperio karolingioa ahalegin handia izan zen antolaketa politiko-administratiborako. Karolingiar dinastiak Inperioaren buru izaten jarraitu zuen X. mendearen hasierara arte, eta Frantziako tronuan, 987ra arte.

Testuinguru historikoa

Thumb
Frantziako Karlos VIII.aren Orduen Liburuaren miniatura, eskuizkribu argiztatua pergaminoan, XV. mendekoa, 13.atz. fol. Luis XII.a otoitzean eta bere atzean, zutik, Karlomagno irudikatzen du.

V. mendearen amaieran, frankoen kristautzea gertatu zen haien errege merovingiar Klovis I.aren konbertsioaren bidez. Merovingiarren erresuma, 507ko Vouillé-ko gudutik aurrera, boteretsuena bihurtu zen Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketaren ondoriozko erresumen artean. Hala ere, dinastiaren gainbehera nabaria izan zen Tertryko guduaren ondoren (687), eta, hortik aurrera, ez zen erregerik izan egoera konpontzen saiatuko zenik[11].​ Azkenik, gobernuaren botere guztiak ofizial nagusien edo Maior domus (maiordomo) delakoaren bidez gauzatuko lirateke, hau da, maiordomoaren bidez.

Pepin Heristalgoak, Austrasiako maiordomoak, errege frankoen eta haien maiordomoen arteko gatazka Tertryko garaipenarekin amaitu zuen, ondoren erresuma frankoaren agintari bakarra bihurtu zelarik. Pepin Heristalgoa Austrasiako erresumako bi pertsona garrantzitsuren biloba zen: Arnulfo Metzekoa eta Pepin Landengoa. Hil zenean, bere sasiko seme zen Karlos Martel «Mailua» izan zen haren oinordeko, eta ez zuen inoiz errege titulua hartu. Martelek bere bi semeak izan zituen oinordeko: Karloman eta Pepin Laburra, Karlomagnoren aita. Erresumaren periferian zegoen separatismoa geldiarazi asmoz, anaiek Txilderiko III.a, azken errege merovingiarra, kokatu zuten tronuan.

Karlomanek bere karguari uko egin ondoren, Pepinek Txilderiko kargutik kendu zuen Zacarias pontifizearen onespenarekin, zeinak, 751n, frankoen errege hautatu eta gantzutu zuen. 754an, Eztebe II.ak berriro gantzutu zituen Pepin eta bere seme-alabak Europa mendebaldeko eta erdialdeko gehiena hartzen zuen erresuma baten oinordekotzat. Horrela, merovingiar dinastia karolingiar dinastiak ordezkatu zuen.

Dinastia berri horren pean, erresuma frankoa Europako mendebaldeko lurralde gehienetara zabaldu zen. Garai hartako banaketa administratibo eraginkorra bat dator gaur egungo Frantzia eta Alemaniako herrialdeekin[12].​ Frantzia, geografikoki Europaren erdian kokatua, Europako mendebalde osoan utzi zuen bere arrastoa bilakaera erlijioso, politiko eta artistikoan.

Jaiotze data eta sorlekua

Oro har, jaioteguna, 743. urtean finkatu izan da. Hala ere, hainbat faktoreren ondorioz, adituek data hori berriz aztertu dute, izan ere, bere jaiotza hil zen urtetik aurrera kalkulatu baitzen, eta, Annales Petariensetan, beste data bat agertzen da, 747ko apirilaren 1a, Pazkoarekin bat datorrena. Kointzidentzia hori hain zen susmagarria, ezen hainbatetan jarri izan den zalantzan. Historialari modernoek diote data hori enperadorearen figura gorestera zuzendutako fartsa bat dela, eta urtebete beranduago jaio zela iradokitzen dute, 748an.

Gaur egun ezinezkoa da bere jaiotze data ziurtasunez jakitea. Hipotesi egingarrienak dira: 747ko apirilaren 1ekoa, urte horretako apirilaren 15ekoa edo 748ko apirilaren 1ekoa. Hipotesi gehienen arabera, Karlomagno Herstalen jaio zen, bere aitaren jaioterrian, karolingiar eta merovingiar dinastien jatorrizko hiriak eta gaur egungo Lieja (Belgika) hiriaren inguruan kokatuta. Zazpi urte zituenean, aitarekin Jupillera bizitzera joan zen, eta, hala, hiri hori bere jaioterri posibleetako bat bezala agertzen da ia historia liburu guztietan. Ingelheim, Prüm, Düren, Gauting eta Akisgran hiriak ere kontuan hartu izan dira haren jaioterritzat.

Hizkuntza

Haren ama-hizkuntza eztabaida biziaren arrazoi izan da. Uste denez, amak garaiko frankoen artean ohikoa zen germaniar dialekto bat erabiltzen zuen; hala ere, hizkuntzalariak ez dira ados jartzen hizkuntzaren identitateari eta bilakaerari dagokienez. Are gehiago, baieztatu izan da jaiotzaren momentuan (742/747), franko zaharra dagoeneko desagertua zela. Antzinako franko hizkuntzaren egitura sintaktiko eta ortografikoa haren bilakaeraren bidez berreraiki da: behe frantzikoa, zeinak eragina izan zuen antzinako frantsesean eta, geroago, antzinako nederlandera sortu baitzuen. Hizkuntzalariek franko zaharrari buruz duten ezagutza urria dagokie tribu franko nagusien lege-kodexetan dauden esaldi eta hitzei[Oh 2], germaniar elementuak biltzen dituen latinez idatzitakoak[13].

Bere jaioterriak ez du lagundu bere ama-hizkuntza zehazteko. Historialari askok aldeztu dute ezen, aita bezala, Lieja inguruan jaioa zela; beste batzuek, berriz, diote Akisgranen jaio zela, aurreko hiritik 50 kilometrora. Arazoa korapilatu egiten da eskualde horretan hizkuntza-aniztasun handia dagoelako. 750. urteko Lieja hartuz gero, iparraldean eta ipar-mendebaldean behe frangikiera, hegoaldean eta hego-mendebaldean galo-erromantzea eta ekialdean goi-alemanaren dialektoak hitz egiten diren eskualdeekin egingo dugu topo. Galo-erromantzea alde batera utziz gero, Karlosek antzinako behe frantzikoa edo goi-alemanezko dialektoren bat hitz egingo zukeen, segur aski eragin franko handia zuena.

Bere ama-hizkuntzaz gain, bere hizkuntzaren antzeko jariotasunez hitz egiten zuen latinez, greziera pixka bat ulertzeaz gain:

« Grecam vero melius intellegere quam pronuntiare poterat.

(Greziera hobeto ulertzen zuen hitz egiten zuena baino).

 »

—Eginardo, Vita Karoli Magni, 25.

Karlomagnoren izenak

Thumb
Karlomagnoren estatua Versaillesko Jauregian
Thumb
Karlomagno zaldiaren gainean, Albert Termoteren eskultura, Nimegan

Inperioaren barruan hitz egiten ziren hizkuntzen kopurua eta Europa mailan izan zuen zabalkundearen ondorioz, Karlomagnoren izena forma ugaritan gorde izan da hainbat hizkuntzatan. Honezkero, bere hizkuntza, berez, ez da existitzen; eboluzionatu zuen hizkuntza frantziko edo frankoa bihurtu arte.

Karlos, bere jaiotze izena, bere aitona Karlos Martelengandik dator; izen hori, bestalde, Karletik dator, lexema germaniarra, gizakia edo gizon librea[14] esan nahi duena eta Churl ingelesarekin lotuta dagoena. Carolus edo Karolus izen latindarrak dira bere izenaren lehen formak.

Hainbat dialekto eslaviarretan, «errege» terminoa haren izen eslaviartutakoaren eratorpen bati dagokio[erreferentzia behar].

Germaniar jatorriko hizkuntzetan dauden aldaera modernoak hauek dira:

Germaniar izena latinizatu egin zen —Carolus Magnus— eta hizkuntza erromantze modernoetan gorde:

Germaniar eragineko dialekto eslaviarren aldaera modernoak honako hauek dira:

Beste hizkuntza batzuk:

  • Euskaraz: Karlomagno edo Karlos I.a Handia

Agintera igotzea

Lehengo urteak

Pepin Laburra-ren semea zen. Aitak ez bezala, oso ikasketa laburrak izan zituen. Hura hildakoan, erresuma banatu zen Karlomagno eta Karloman anaien artean. Karlomagnok Austrasia, Neustria eta Akitaniaren zati bat hartu zituen erregetzarako; Karlomanek, berriz, Akitaniaren gainerakoa, Alemania, Alsazia, Burgundia eta Septimania jaso zituen. 771ean, Karlomanen heriotzaren ostean, haren lurraldeen jabe egin zen, ilobak desjabetuta. Beraz, frankoen errege bakar bihurtu zen. Italian sartu, eta lombardiarren lurraldeak konkistaturik, 774an, frankoen eta lombardiarren errege izendatu zuen bere burua.

Lupo II.a, Baskoniako dukea menderatu, eta Akitaniako Erresuma sortu zuen. Abd ar-Rahman I.a Kordobako emirraren eta Zaragozako haren gobernadore baten arteko liskarrez baliatuz, musulmanen konkista geldiarazten saiatu zen. Horretarako, Nafarroan sartu zen, aldi berean beste gudaroste batekin Kataluniatik eraso egiten zuela. Zaragozarako bidean zihoala, Iruñeko harresiak suntsitu zituen. Baina, Zaragozan porrot egin ostean atzera zihoanean eta Pirinioak zeharkatzen ari zela, baskoiek Orreagan prestatutako segadan erori zen, eta Karlomagnoren iloba, Errolan, Bretainiako markako dukea, hil zen guduan. Ondorioz, 778ko abuztuaren 15ean, bere armadaren atzegoardia galdu zuen[15]. Gertakizun hori ezusteko handia izan zen frankoentzat, eta, hura estaltzearren, Errolanen kantua izeneko kantu epikoa asmatu zuen Turoldek. Eginhardo Karlomagnoren biografoak IX. mendean hurrengoa idatzi zuen:

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Eginhardo-ren Vita Karoli Magni
Liburu osoa: Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak
« Sajoien aurka etengabe, eta ia atsedenik gabe borrokatzen zen bitartean, mugako lekurik estrategikoenetan goarnizioak kokatu ondoren, Espainia-ra abiatu zen eskura zeuzkan indar guztiekin; eta, Pirinioak iragan eta gero eta aurkitu zituen gotorleku eta gaztelu guztiak menperatu zituenean, gudalosteak oso-osorik eta ukitugabe zeuzkala itzuli zen, salbuespen batekin: Auñamendien gailurrean bertan, itzulerako bidean jadanik, baskoinen zitalkeria bere larrutik ezagutu behar izan zuen, zeren eta armada lasai-lasai zihoanean, ilara luzean, pasabidearen estuasunak eskatzen zuen gisa, baskoinak, mendiaren gailurrean zelatan zeudelarik —pasabideko beste inon baino itxiagoa baita han basoa, eta aproposa, beraz, lekua tranpak jartzeko— eta goitik beherantz etorriz, sakanarantz bultzatu zuten azken-azkenean zihoan bagajea eta baita aurrekoen babes modura atzegoardian zihoazen tropak ere. Eta, behin batailan gurekin sartu zirenean, azkeneko gizona ere hil egin zuten, eta harrapakina lortu ondoren, gauaren iluna lagun, sakabanatu egin ziren bizkor-bizkor. Eginkizun honetan beren alde eduki zuten baskoinek ez bakarrik armamentuaren arintasuna, baita guztia gertatu zeneko lekuaren taiuera berezia ere: frankoei, aitzitik, kontra gertatu zitzaien —baskoinak baino askoz ere gutxiago eta ahulago izateraino— bai zeramaten armamentuaren astuntasunak, baita etsaiak baino beherago kokatuak egotea ere. Bataila honetan hil ziren Egiardo seneskala, Anselmo konte palatinoa eta Roldan, Bretainiako markako prefektua ere, beste askoren artean. Eta porrot honek ezin izan zuen berehala mendekatua izan, zeren eta etsaiak, erasoa burutu ondoren, halako moldez sakabanatu baitziren, ezen non bilatu eta aurkitu zitezkeen jakiteko aztarnarik ere ez zutela utzi.  »

[16]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Pirinioen hegoaldean, musulmanak gerarazteko segurtasun-eremua ezarri zuen, Hispaniako marka, eta Bretainian gauza bera egin zuen Iparraldeko herrien aurka, Bretainiako marka (789-790). Bavarian, manupekotasuna ezarri (787), Saxonia anexionatu (799), eta frisiarrak (785), Panoniako abaroak (791-796) eta saxoiak (804) garaitu eta kristautu zituen. Frankoen erresumaren zabaltze etengabeagatik, aita santuari eskaini zion babesagatik eta hark Bizantzioko enperadoreari kontrajartzeko Mendebaldean beste enperadore bat izateko zuen nahiagatik, 800. urtean, Gabon egunez, Leon III.a aita santuak Mendebaldeko enperadore koroatu zuen Karlomagno.

Mendebaldeko Inperioa izenez baino ez zen ordea, Erromako Inperioaren jarraipena, batasunik ez baitzuen izan; moldez askotarikoa zen, frankoa gehienbat, eta kristautasunean (Karlomagnok «Jainkoak koroatua» izendatu zuen bere buruari) eta Europako indar orekan zituen bi oinarriak. Konkista aldia buruturik, bere mendeko lurraldeak, Hispaniako markatik Danubio eta Elba ibaietaraino eta Italiar penintsulatik Danimarkaraino, antolatzen ahalegindu zen. Errege absolutua izan zen, zaldun frankoen arteko aholkulari batzar bat baldin bazuen ere; berak izendatzen zituen apezpikuak eta abadeak; berak deituta bildu ziren kontzilioak, eta berarenganako fideltasuna zin egitea inposatu zien pertsona libre guztiei. Konkista leku bakoitzean, konderria antolatu zuen, eta legeak araudi batean bildu zituen.

Bestalde, Karolingiar pizkundea deitutako berpizkunde kultural garrantzitsuaren bultzatzaile izan zen. Izan ere, bere jauregian, eskola bat sortu zuen; monasterioetan, arte-lantegiak ugaldu zituen, eta garaiko jakintsuak biltzen ahalegindu zen: Alkuino Yorkekoa, Petri Pisakoa, Paulo Diakonoa, Eginhardo... Nekazaritza, industria eta merkataritza sustatu zituen. Hala, bada, alde batetik kristautasuna hedatu zuen; bestetik, Ekialdearekin merkataritza harremanak berrabiarazi zituen. Hil aurretik, 813an, Ludoviko Pio semea koroatu zuen. Eginhardok idatzi zuen Karlomagnoren biografia.

Heriotza

Thumb
Pertsefoneren sarkofagoa, non Karlomagnoren gorpuzkiak omen zeuden.

813an, Karlomagnok bere gortera deitu zuen Luis I.a Errukitsua, Akitaniako errege eta bizirik zuen seme bakarra. Behin bere aurrean, bere eskuez koenperadore koroatu zuen, gero, berriro Akitaniara itzultzeko. Ondoren, udazkena ehizan igaro zuen azaroaren 1ean Akisgranera itzuli aurretik. 814ko urtarrilean, pleuritisak jota gaixotu zen (Eginardo 59), eta, 21ean, koman erori zen. Eginardok kontatzen duenez:

« Urtarrilaren hogeita zortzian hil zen, oheratu zenetik, zazpigarren egunean, goizeko bederatzietan, eukaristian parte hartu ondoren, hirurogeita hamabi urte zituela eta bere erregealdiko berrogeita zazpigarrenean.  »

Karlomagno bere heriotzaren egun berean ehortzi zuten Akisgraneko katedralean, nahiz eta eguraldi hotzak eta bere gaixotasunaren izaerak ez zioten inolako estutasunik ezartzen hiletari. Oton III.aren garaian, Akisgraneko jauregiko konde zen Oto Lomelloren kontakizun batek adierazten zuen berak eta Oton enperadoreak Karlomagnoren hilobia aurkitu zutela; bi gizon horiek tronu batean eseri zuten enperadorea, koroa eta ospakizun-zetro bat jarri, eta gorputz usteldu gabea arropa arranditsuz jantzi zuten. 1165ean, Frederiko I.a enperadoreak berriro ireki zuen hilobia, eta gorpua sarkofago batera eraman zuen, eta sarkofagoa katedralaren zoruaren azpian jarri zuen[17]. 1215ean, Frederiko II.ak urrezko eta zilarrezko hilkutxa batean sartu zuen berriro.

Karlomagnoren heriotzak sakonki eragin zien bere gortesau askori, batez ere Akisgranen enperadorearen ondoko kamarilla literario moduko bat osatzen zutenei. Horrela atsekabetzen da Bobbioko monje anonimo bat:

« Eguzkia altxatzen den lurretatik mendebaldeko hondartzetaraino jendeak negar egiten du eta kexatu egiten da... frankoak, erromatarrak eta kristau guztiak kezkaz beterik daude... gazte eta zahar, noble ospetsu, guztiek deitoratzen dute beren Zesarren galera... munduak Karlomagnoren heriotza deitoratzen du... Kristo, zeruak gobernatzen dituzun horrek, emaiozu Karlomagnori leku lasai bat zure erreinuan. Nire zoritxarrerako.[18]  »

Bere seme Luis I.a Errukitsuak ordezkatu zuen, aurreko urtean koroatua izan zena. Karlomagnoren inperioak, bere hartan, beste belaunaldi batez iraun zuen; historiografiak dio Luisen semeen arteko banaketa efektiboak bide eman ziola Frantzia eta Alemaniako estatu modernoen eraketari.

Ondorengoak

Karlomagnoren 10 emazte eta ohelagun ezagutzen dira; haietako zortzirekin 20 seme-alaba izan zituen.

Thumb
Karlomagno, Albrecht Düreren margolana, 1512, Germanisches Nationalmuseum, Nuremberg
Informazio gehiago Data, Bikotekidea ...
Data Bikotekidea Seme-alabak
768 Himiltrude (ohelaguna edo emaztea)
769 Désirée Lombardiakoa (emaztea)
771 Hildegarde Vinzgaukoa (emaztea)
  • Karlos Gaztea (772 aldean–811)
  • Adelaida (774an hila)
  • Rotrude (775 aldean–810eko ekainaren 6a), Rorgon I.a Mainekoarekin ezkondua
  • Pepin (777-810), Italiako erregea
  • Luis Errukitsua (778-840), Mendebaldeko enperadorea
  • Lotario (778-779), Luisen anaia bikia
  • Berta (779 aldean– 823), Saint-Riquierko abade Angilbertoren emaztea
  • Gisela (781–814 ondoan)
  • Hildegarda (782-783)
783 Fastrada Frankoniakoa (emaztea)
  • Théodrada (785 aldean–853 aldean), Argenteuilgo abadesa
  • Hiltruda (787 aldean jaioa), Faremoutiersko abadesa
794 aldean Luitgarda Alemaniakoa (emaztea)
 ? Madelgarda (ohelaguna)
  • Rothilda 790 aldean–852), Faremoutiersko abadesa
 ?  ? (ohelaguna)
  • Rothaida (784 aldean–814 ondoan)
 ? Gerswinda Saxoniakoa (ohelaguna)
  • Adeltruda
800 aldean Regina
  • Drogon (801-855), Metzeko apezpikua
  • Hugues (802-844), Luis Errukitsua-ren kantzeler-ordea
806 aldean Adelinda
  • Thierry edo Teodoriko (807–818 ondoan)
Itxi

Karlomagno euskal literaturan

Arturo Canpionek Orreaga izeneko balada bat idatzi zuen euskaraz, diotenez euskaraz ikasten hasi eta zortzi hilabetera hain zuzen[19]

« I.-Gaberdia da. Errege Carlomagno Espinal-en dago bere ekerzitoarequin. Ceru illunean ez da agueri ez illargui, tá ez izarric; urrutira su-gar andiac distiatzen dute menditartean; Frantsesac cantatzen ari dira errian; Altabizcarco inguruetan senti oi dirá otsoaren izugarrizco marruac, eta Euskaldunac zorrotzen dituzte bitartean beren dardo ta aizcorac Ibañetaco aitz eta arrietan. (sic)  »

Oharrak

  1. latinetik itzulita: Erromatar Inperioa gobernatzen duen enperadorea.
  2. Los francos salios y los francos ripuarios.

Erreferentziak

Bibliografia

Kanpo estekak

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.