From Wikipedia, the free encyclopedia
Itzulpengintza lehen hizkuntza batean (sorburu hizkuntza) idatzitako testu bat (iturri edo jatorrizko testua) aztertzean eta bigarren hizkuntza batean (xede hizkuntza) birsortzean (helburu testua) datzan prozesua da.
Itzulpengintza betidanik egokitu izan zaio gizakiari, azkenaldian bai ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI euskarazko sigletan eta CAT ingelesezkotan), bai itzulpen automatikoa (IA euskaraz eta MT ingelesez) asko garatu badira ere.
Itzulpegintza aztertzeaz arduratzen den zientzia itzulpen ikasketak dira.
Oro har, bi korronte nagusi daude hitzaren etimologiari dagokionez. Hizkuntza askok, esate baterako ingelesezko "translation", frantsesezko "traduction" eta gaztelaniazko "traducción" hitzek[1], latinezko translātiō eta traductĭo, -ōnis hitzak dituzte oinarri eta "toki batetik bestera eramatea" edo "zeharkatuaraztea" esan nahi dute; kasu honetan, testu bat hizkuntza batetik bestera eramatea[2].
Aldiz, beste hizkuntza askotan —euskaraz, eslaviar hizkuntza batzuetan eta germaniar hizkuntza batzuetan kasu— latinezko kontzeptuen kalkoa egin, esanahia mantendu eta nork bere hizkuntzara ekarri du terminoa, adibidez alemanez "übersetzen" (beste ertzera pasatzea). Antzinako grezieraz bazeuden itzulpengintzari erreferentzia egiteko zenbait termino, μεταφορά (metaforá), μετάθεσις (metáthesis) eta μετάφρασις (metáfrasis), baina beste esanahi batzuk dituzte gaur egun.
Itzulpengintzaren helburu nagusia iturri edo jatorrizko testua eta xede testuaren artean harreman bat sortzea da, betiere hizkuntzen arteko desberdintasunak kontuan izanda. Hau da, amaieran testu biek, funtsean, mezu berbera izatea. Esan bezala, kontuan izan behar da hizkuntza bakoitzaren testuingurua, sorburu hizkuntzaren gramatika arauak, idazkera, esaerak, etab. Itzulpengintza eta interpretazioa bereizteko desberdintasun nagusia komunikazio motan datza. Itzulpengintza idazketari atxikitzen zaio; interpretazioa, berriz, hizketari (ahozkotasunari) edo keinuei. Bestela esanda, itzulpengintzak idatzizko ideiak itzultzen ditu hizkuntza batetik bestera, baina interpretazioak esandako ideiak edo keinuak (keinu hizkuntza) transferitzen ditu hizkuntza batetik bestera. Interpretazioa[3] itzulpengintzaren azpi mailatzat har daitekeen arren, praktikan oso desberdinak dira.
Idatzizko itzulpena jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuaren esanahia interpretatzea eta xede-hizkuntzan esanahi bera transmitituko duen baliokide bat sortzea da. Itzultzean, kontuan hartu behar dira, besteak beste, testuinguru kulturala, bi hizkuntzen arteko desberdintasun sistemikoak, alfabeto eta idazkera sistema desberdinak, esapideak, etab. Martín Lutero itzultzailearen garaitik aldarrikatzen da egokiagoa dela "hobeto dakizun hizkuntzara" itzultzea eta, aldi berean, hizkuntza jakitea ez dela itzulpen ona egin ahal izateko gaitasun nahikoa, hizkuntzaz gain itzultzen ere jakin behar dela.
Testu idatziak hizkuntza naturalean itzultzea gizakiak egin izan ohi duen jarduera da. Hala ere, gaur egun, prozesu hori automatizatzeko ahaleginak egiten ari dira, itzulpen automatikoaren bidez, edo gizakiak egindako itzulpenak tresna informatikoak erabiliz (ordenagailuz lagundutako itzulpena - CAT) osatu egiten dira.
Ikus: hizkuntza-interpretazio artikulua.
Interpretazioaren historia[4] luzea eta emankorra da, funtsean ahozkoa izan baitzen itzulpengintzan landu zen lehen alorra. Interpretazioaren mugarriei erreparatzen badiegu, oso entzutetsua izan zen Nurembergeko epaiketetako interpretazioa[5] eta gaur egun Europar Batasunean egiten den interpretazioa erreferente handia da.
Aldibereko interpretazioan, interpreteak ahal bezain laster itzultzen du mezua sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara. Bitartean, hizlariak jatorrizko hizkuntza horretan hitz egiten jarraitzen du. Ahozko interpreteak bere lana kabina intsonorizatu batean egiten du eta bertatik hizlaria ikusten du, baita entzungailuen bitartez entzun ere. Halaber, mikrofono bat du eskura mezua helarazteko. Hartzaileek entzungailuen bitartez jasotzen dute interpretazioa xede hizkuntzan. Keinu hizkuntzetako interpreteak, aldiz, hizlariaren albo batean egon ohi dira zutik eta beltzez edo kolore lauez jantzita, hartzaileak aldi berean hizlaria eta interpretea ikusi ahal izateko. Aldibereko interpretazioa da keinu hizkuntzako interpreteek gehien erabiltzen duten interpretazio modua. Aldi bereko interpreteek hizkuntza konbinazio bera duten bikoteetan lan egiten dute eta txandakatu egiten dira adostutako denbora tarte baten ondoren lanean jardun ondoren.
Gai honetaz ez dakitenek aldibereko itzulpengintza eta aldibereko itzultzailea terminoak erabiltzen dituzte aldibereko interpretazioa edo aldibereko interpretea erabili ordez, itzulpengintza terminoa idatzizko hizkuntza-bitartekotzari erreferentzia egiteko erabiltzen dela aintzat hartu gabe.
Esan ostekoan interpreteak idazketa-sistema berezi batean idazten du jaso berri duen diskurtsoa eta, ondoren, oharrak erabiltzen ditu hizlariaren hitzak xede hizkuntzan birsortzeko. Iraganean, interpretazio kontsekutiboa edo esan ostekoa zen interpretazio mota bakarra; orain, berriz, gero eta arraroagoa da, batez ere teknologia garatzeak aldi bereko interpretazioa (kabinan) hedatzea ahalbidetu baitu. Esan osteko interpretazioa ez da praktikoa bilera eleaniztunetan; izan ere, interprete bakoitzak bere denbora behar du jatorrizko testua xede hizkuntzan birsortzeko eta horrek berekin dakar bilera nabarmen luzatzea.
Esan osteko interprete profesionalek 10-20 minutuko diskurtsoak itzul ditzakete. Itzulpenak ezin du jatorrizkoa baino denbora gehiago hartu, ezta jatorrizkoaren iraupenaren % 75 baino gutxiago ere. Hain diskurtso luzeen erreprodukzio fidela, neurri handi batean, interpretearen aurretiko formazioaren eta trebetasunaren mende dago, baina baita sorburu testuaren egituraren mende ere.
Gaur egun, interpretazio kontsekutiboa edo esan osteko interpretazioa batez ere goi-mailako bileretan edo elkarrizketa konfidentzialetan erabiltzen da[6], interpretazio mota honetan interprete bakarrarekin aski baita eta aldi bereko interpretaziorako, aldiz, bi edo gehiago behar dira. Aldibereko interpretazioari eta esan osteko interpretazioari, batzuetan, hitzaldi interpretazioa (conference interpreting, ingelesez) deitzen zaio, baina gogoan izan behar da interpreteak hitzaldietan ez ezik beste egoera askotan ere interpretatzen duela.
Interpretazio xuxurlatuan (chuchotage, frantsesez), interpretea xede hizkuntzako entzuleria txiki baten ondoan eserita edo zutik geratzen da, eta hizketa-gaiaren aldibereko interpretazioa xuxurlatzen die. Interpretazio modalitate hau burutzeko ez da ekipamendu berezirik behar. Giza talde bateko zati handienak sorburu hizkuntza hitz egiten duenean erabiltzen da, eta soilik gutxiengo batek ez dakienean (3 pertsona baino gehiago ez izatea da egokiena).
Esan osteko interpretazioak hizlari bat eta hartzaile asko izatea eskatzen du. Loturazko interpretazioa, berriz, bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa batean esaten dena elkarri helaraztean datza. Hitzaldi labur baten ondoren egin daiteke, esan osteko forman edo chuchotage modalitatean (interpretazio xuxurlatua). Oharrak hartzeaz gain (eta hori ere ez da beti egiten), ez da ekipamendu berezirik behar.
Errele bidezko interpretazioa (relay interpreting, ingelesez) egiten da sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara zuzenean itzultzeko gai den interpreterik ez dagoenean baina bi hizkuntza horiek hirugarren hizkuntza batekin lotu ditzakeen interpreteren bat badagoenean. Kasu horretan, interpreteak mezua sorburu hizkuntzatik hirugarren hizkuntzara itzultzen du, eta, jarraian, beste interprete batek hirugarren hizkuntzako mezua xede hizkuntzara itzuliko du.
Sarri, hirugarren hizkuntza hori edo errele-hizkuntza komunikazio egoera gertatzen ari den tokiko hizkuntza izaten da. Adibidez, Italian egindako kongresu batean, baliteke alemanetik arabierarako interpreterik ez egotea, baina bai aleman-italiera eta italiera-arabiera hizkuntza konbinazioak dituzten interpreteak.
Ikusizko itzulpenean interpreteak ozenki irakurtzen du sorburu hizkuntzan idatzitako dokumentua, baina unean bertan itzultzen du xede hizkuntzara, xede hizkuntzan idatzita balego bezala. Ikusizko itzulpena ohikoa da osasun-arloan eta arlo judizialean.
Profesional onek ezaugarri hauek dituzte:
Itzultzaile ona eleanitza (gutxienez, elebiduna) izateaz gain, kulturanitza (gutxienez, bikulturala) ere bada. Izan ere, hizkuntza bat ez da perpausak sortzeko gramatika eta sintaxi arauen bilduma soila, baizik eta konnotazio eta erreferentzia kulturalen sistema interkonektatu bat ere bai. Guzti hori menperatzea, Mario Pei hizkuntzalariaren hitzetan, "ia-ia bizitza osoko lana da".
Legezko balioa edo baliozkotzea eskatzen duten titulu, dokumentu, ziurtagiri eta abarren itzulpen ofiziala egiten duten profesionalak dira. Zinpeko itzulpenaren helburua hizkuntza desberdinetan idatzitako bi dokumenturen legezko baliokidetasuna lortzea da. Tokiko araudiek horretarako baimendutako pertsonek (hots zinpeko itzultzaileek) soilik egin dezakete itzulpen mota hau eta herrialde batetik bestera asko aldatzen dira zinpeko itzultzaile bilakatzeko betebeharrak. Herrialde batzuek autoaitortutako ahalmena baimentzen dute, baina gehien-gehienetan itzultzailea Estatuak ofizialki izendatu behar du.
Batzuetan, interpreteek historia bera balditzatu dute. Adibide horietako bat Malintxe da, Malintzin, Malinalli eta Marina izenez ere ezagutzen dena, Mexikoko Golkoko kostaldeko XVI. mende hasierako emakume nahua. Neskatoa zenean, Xikalangoko maia-esklaboen trafikatzaileei saldu edo entregatu zitzaien eta esplotatzaileen hizkuntza ikasi zuen. Hori dela eta, etxetik zekarren nahuatl hizkuntzaz gain yukatango maia ikasi zuen gaztetan. Urte batzuen buruan, 1519an, Mexikoko konkista abiarazi zuen Centlako gudua galdu ostean, Tabascoko maiek 19 emakume eman zizkieten espainiar inbaditzaileei, tartean Malintxe bera, urrezko pieza batzuekin eta estalki batzuekin batera. Espainiarrek Mexiko konkistatzerakoan funtsezko rola jokatu zuen Malintxek, hasiera batean bereziki Hernán Cortés inbasore espainiarraren interprete gisa egindako lanagatik. Malintxek nahuatl eta yukatango maia hizkuntzen artean egiten zituen itzulpenak eta gero Jerónimo de Aguilarrek (espainiar konkistatzailea, Karibe itsasoan hondoratu eta bizirik iraun ondoren zortzi urtez maien artean bizi izan zena, eta gero Cortések Cozumel uhartean aurkitu zuena) yukatango maia hizkuntzaren eta espainieraren arteko itzulpena egiten zuen. Hala, hiru hizkuntza eta bi interprete erabilita, espainiarren eta mexiken arteko kontaktu guztiak egin ziren, Malintxek berak gaztelania ere ikasi zuen arte, orduan berak bakarrik egiten baitzuen hiru hizkuntzen arteko interprete lana. Interprete gisa egin zuen zerbitzuaz harago, Malintxe espainiarren aholkulari eta bitartekari aritu zen eta bertakoen ohitura sozial eta militarrei buruzko informazioak berebiziko garrantzia izan zuen inteligentzia eta diplomazia lanetarako eta, hedaduraz, Mexikoren konkistaren lehen zatirako. Gainera, Cortések ezkontide aukeratu zuen eta elkarrekin izan zuten semea, Martin, lehen mestizotzat hartu ohi da.
Interprete hauek fisikoki presente, in situ, daudenak dira. Komunikazio egoeran parte hartzen duten alderdi guztiak leku berean daudenean interpreteak ahalbidetu egiten du dagokion hizkuntza konbinazioaren arteko komunikazioa. Interprete hauek, gehien gehienetan, zerbitzu publikoetan, diplomazian, akademian eta hitzaldietan egiten dute lan. Zeinu hizkuntzetako interpreteak ere aurrez aurreko interpreteak dira gehienetan.
Video Remote Interpreting (VRI) edo Video Relay Service (VRS), hau da bideo bidezko interpretazioa, oso ohikoa da zeinu hizkuntzetako interpreteen egunerokoan. Ahozko hizkuntza baten eta zeinu hizkuntza baten arteko interpretazioa egiteko erabili daiteke (adibidez, osasun edo justizia alorrean euskara eta LSEaren arteko komunikazioa ahalbidetzeko) edo bi zeinu hizkuntza desberdinen arteko zubi lana egin dezake interpreteak (LSE eta ASL zeinu hizkuntzen artean, esate baterako).
"Telefono bidezko interpretazioa" edo "teleinterpretazioa" izenez ere ezagutzen da interprete hauen lana. Telefono bidezko interpretazioa ingurune komunitarioetan zein hitzaldi edo konferentzietan erabil daiteke aurrez aurreko interpretazioaren ordez, hain zuzen ere, zerbitzua behar den tokian interpreterik ez dagoenean.
Testu zuzentzaileek, historikoki, testuak berrikusi eta akats tipografiko, estilistiko zein linguistikoak identifikatzen eta zuzentzen jardun dute. Gaur egun ere hori da zuzentzaileen egiteko nagusia eta azken hamarkadetan tresna ugari garatu dira lanbide honetako zenbait zeregin automatizatzeko (esate baterako, testu editoreek duten zuzentzaile ortografikoa). Askorentzat lanbide ezezaguna bada ere, oso ohikoa da itzulpena egin ondoren testua zuzentzailearen esku uztea ahalik eta helburu testu egokiena lortzeko[7]. Ingelesez proof-reading deitzen zaio zuzenketa prozesuari eta proof-reader zuzentzaileari.
Itzulpengintza oso jarduera zaharra da[8]. Idatzizko itzulpengintzako lehen ebidentzia idatzietako bat Rossetta Harria da, non testu bera egiptoar hieroglifiko, egiptoera demotiko eta grezieraz ematen den. Itzulpenak hieroglifiko egiptoarren esanahia argitzeko balio izan zuen.
1976an hasi eta 1980ko urrira bitarteko epean, hau da, Donostiako Itzultzaile Eskolak bere ateak zabaldu arte, bost ikastaldi antolatu ziren euskal Herriaren gune desberdinetan (Arrasate-Ustaritz-Arantzazu-Iruñea) itzulpengintzaren inguruan kontzientzia sortzeko eta lehen ezagupen teorikoak eskaintzeko. Xabier Mendigurenek, gerora, SENEZ aldizkarian horrela deskribatu zituen ikastaldiok:
1979 urtearen azken aldera, Euskaltzaindiak, Juan San Martin, bere jagon-sailburuaren bitartez, Xabier Mendigureni eskatu zion Itzultzaile Eskola bat sortzeko aurre txosten bat presta zezala. 1980ko martxoaren 28an jarri zuen eskaturiko aurre proiektua Euskaltzaindiaren eskuetan. "Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola" zuen izenburua eta hiru atal nagusitan banaturik zegoen:
Hasiera hartan Itzultzaile Eskolaren jardun eremua itzulpen arruntak egiten irakastera, hau da, itzulpen espezializatuak aurresuposatuko lukeen kultura orokor mailako itzultzaile prestakuntza eskaintzera mugatu zen, eta honela geratu zen finkaturik ElOPE (Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola) deituaren helburu nagusia: "Euskara eta gaztelaniazko hizkuntz ezagupenak eta literatur historiak, autoreen obrak aztertu eta testu pragmatiko eta literario orokorrak bi zentzutan idatziz itzultzeko gaitasuna ikasleei eskuratzea".
1980an sortu zen Donostiako Itzultzaile Eskola, aurre proiektua aurkeztu eta berehala eman baitzuen ontzat Euskaltzaindiak Eskola abiaraztea. Urte horretan, beraz, ireki zituen ateak Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak behin-behinean Arbideko Dorreetan utzi zizkion geletan. Hona hemen 30 pertsonetako lehen ikaslego hark lau irakasleren eskutik ikasi zituen ikasgaien zerrenda:
Lehen promozioaren prestakuntzarako bi ikasturte programatu ziren (1980-1982) eta lehen urtearen ondoren ikaslegoaren banaketa bat egin zen bakoitzak erakusten zuen gaitasun-mailaren arabera; bigarren urtean itzulpen-praktika soila egitera mugatu ziren bi taldeok. Bi urteotako lanen ebaluazioa eginik, gutxienezko gaitasun-mailara iritsi zirenei agiri bat eskuratu zien Eskolak; bere garaian Eusko Jaurlaritzak sortuko zuen Diplomaz baliokidetuko den agiria.
Lehen promozio honetako ikaslegoa aski heterogenoa geratu zen bai adinez, jatorriz eta aurre-prestakuntza mailaz, nahiz eta sarrerako baldintza gisa denei Euskaltzaindiaren D titulua (garai bateko EGA edo C1) eta C.O.U. ikasketa-maila eskatu. Bestalde, irakaslegoarentzat ere urte esperimentala gertatu zen, Euskal Herrian ez baitzegoen era honetako irakaskuntzak beharrezkoak dituen baldintzak eta teknikak bil zitzakeen beste esperientziarik, arestian aipatutako ikastaldi laburren jarraibideaz aparte.
Ikasgai desberdinen programei zegokienez, lehen urteko behin behinekotasuna gaindituz, edukiak hobeki egitarautu eta dosifikatu ziren maila guztietan. Ahalegin honen fruitu dira 1983-1984 ikasturterako argitaratuko diren hiru liburuak:
Oro har, azken bi ikasturteek izaera akademiko trinkoagoa izan zuten, bai klaseetako jardunean, bai urtean zehar burutu ziren lan eta azterketetan. Horretarako garrantzizkoa izan zen Eskolako Liburutegiaren laguntza eta irakaslegoaren gero eta dedikazio osoagoa (aurrekontu mugatuak eskaintzen zituen ahalbideen barruan). Garai hartan itzulpen lanetan ari zirenak izan ziren eskola hartako irakasle eta gerora euskal itzultzaile ospetsuak izango ziren batzuk eskola horretan aritu ziren ikasle, nahiz eta bazegoen bere kasa trebaturiko anitz ere.
1982ko lehen hiruhilekoan "Birprestakuntza-Ikastaldiak" jarri ziren martxan. Eguneroko ikasketa formalak burutzeko aukerarik ez zuten itzultzaile profesional eta irakasle askok eskatzen zituzten beren lanarekin uztargarriak izan zitezkeen ikasketak eta Itzultzaile Eskolak, garrantzi handikoa zeritzon eskari horri erantzuri nahirik, bataz beste 50 orduko iraupena zuten jardunaldi teoriko-praktikoak antolatu zituen UZEI-rekin lankidetzan. Ikastaldi hauek itzulpen tekniko eta literarioari buruzkoak izan ziren eta partaidetza handia izan zuten. Bestalde, Itzultzaile Eskolak parez-pare antolatu zituen ingelesetik euskararako itzulpen-mintegiak ere eta bi urtetan parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak IRALEren bitartez bere eskumenean zeuden irakasleentzako antolatzen zituen Birprestakuntzarako Ikastaldietan.
Lehen promozio honen prestakuntzak derrigor izan zituen muga eta hutsuneak ikasle-irakasleen arteko harreman estu eta lankidekorrari esker gainditu ziren neurri handi batean, denek kontzientzia argia baitzuten beren pausoen aitzindari-balioaz. Balantzea positiboa izanik, bigarren promozio bati begira zenbait aldakuntza eginbeharra nabarmendu zen eta, batez ere, hirugarren urte batera ikasketak hedatzea, bi urte gutxiegitzat jo baitziren beharrezko azpiegitura linguistikoz ikaslea hornitzeko.
1981-1984 bitartean aritu zen bigarren promozioa formatzen. Aurreko urtean bildutako esperientziaren gainean eta nabarmendu ziren hutsuneak bete nahirik, ikasturte berrirako Eskolaren estatusa sendotzea eta bere ekintza hedatzea eta Sakontzea erabaki zen. Eskolak nahitaezkoa zuen egoitza iraunkorra eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako gestioei esker, Martuteneko Lanbide Hezkuntzako Ikastetxean lortu zuen kokalekua.
Aldi berean, Itzultzaile Eskolaren irakaskuntza unibertsitate mailan jartzeak zituen zailtasunak kontuan harturik, Lanbide Heziketako FP2-ren marko barruan legezko nortasuna bilatzeari ekin zitzaion eta 1982-1983 ikasturtean lortu zen Itzultzaile Eskola "arautu gabeko irakas-zentro" gisa onartua izatea.
1984an SENEZ aldizkaria sortzea erabaki zen. Eduki akademikoari dagokionez, gero eta ikaslego tipikoagoa etorriko zela aurrikusiz —eta halaxe gertatu zen— azpiegitura linguistikoaren ahultasuna indartu beharrak eraginik, prestakuntza epea bi urtekoa izan ordez hirukoa izatea erabaki zen. Honela, bada, hobeki dosifikatu ahal izan ziren hiru urtetan zehar hasieran bi urtetan bakarrik ikasten ziren ezagupen teoriko-praktikoak. Gaztelania eta euskaraz gainera, hirugarren hizkuntza baten irakaskuntza ezartzea ere beharrezkotzat jo zen eta horrela sartu zen ingelesa hiru ikasturterako. Ingelesaren ezagupen maila egokia zutenentzat zuzenean ingelesetik euskarara itzulpenak burutzeko mintegi bat ere antolatu zen.
1989-1990 ikasturte amaieran itxi zituen ateak Donostiako Itzultzaile Eskolak. Dena den, aipatzekoa da beste eskola bat ere izan zela, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren ekimenez sortua eta Donostiakoak adina urtez jardun zuena; eskola hartan hainbat itzultzaile juridiko-administratibo prestatu zen.
1987an sortu zen Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, EIZIE. Donostiako Itzultzaile Eskolako irakasleak izan ziren abiarazle nagusiak eta bi helburu nagusi zituzten: batetik, profesionalen eskubide eta interesak kolektiboki babesteko elkargunea sortzea eta, bestetik, indarrak pilatzea gizartean aintzat hartu zedin sektorean egindako lana.
1988an Elkartearen osaera-biltzarra egin zen eta 60 itzultzaile inguru bildu ziren. Bertan elkartearen estatutuak onartu zituzten, sorrera-helburuak oinarri harturik:
Itzultzaileen babes juridikoari dagokionez, literatura lanen itzultzaileena bereziki, EIZIEk lehenengo unetik bertatik onartu zituen 1976ko UNESCOren Batzar Orokorrak itzultzaileen babes juridikorari buruz egin zituen gomendioak, alegia: jabetza intelektualaren eskubidea, testuen aldaezintasuna, itzultzailearen publizitatea egilearenaren proportzionala izatea eta honenarekin bat etortzea, etab. Gure artean oraindik konponbiderik eman ez zaien arazoak ditugu horiek, ordea.
1990. urtetik aurrera, hau da euskal itzultzaileentzako formazio arauturik egon ez zen urte horietan, EIZIE saiatu zen lanean ziharduten itzultzaileen prestakuntza teorikoaren hutsuneak nolabait betetzen. Horretarako ikastaroak eta mintegiak antolatu zituen, eguneroko lanarekin zerikusia zuten era askotako gaiak aztergai harturik. Ikastarook, Elkartearen gainerako jarduerak bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta beranduago CEDROk (Centro Español de Derechos Reprográficos gaztelaniaz edo Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa euskaraz), urtero emandako diru-laguntzen bidez finantzatu ziren.
Jarduera horien artean aipagarriak dira Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian antolatzen dituen udako ikastaroen barruan itzulpengintzari buruz Elkarteak antolatu dituen hainbat ikastaro, Euskal Herriko zein Espainiako eta Europako profesional eta ikerlariek parte hartu izan baitute horietan, hala nola, Amparo Hurtado, Agustín García Calvo, Miguel Sáenz, Francesc Parcerisas, Marta Xirinachs, Antonio Argüeso, Eva Koberski, Zlatá Kufnerová, Radivoie Konstantinovic, etab. Lehenengo ikastaroa 1990. urtean antolatu zen “Itzulpengintza eta interpretaritza komunikazio eta normalkuntza tresna gisa” izenburupean; bigarrena handik bi urtera antolatu zen, eta “Literatura sorkuntza eta itzulpena” izan zen aztergai; hirugarrenaren izenburua, berriz, “Itzulpengintza Administrazioan eta Justizian” izan zen. Hiru ikastaro horietan aurkeztu diren txostenak eskuratu nahi dituenak, SENEZ aldizkarian aurkituko ditu argitaraturik jatorrizko hizkuntzetan.
Hona EIZIEren ekimenez argitaratutako material esanguratsuenen zerrenda kronologikoki antolatuta:
Aipatu behar da EIZIEk ikastaro eta mintegietan erabili duen material gehiena argitaratu duela eta webgunean duela.
Gaur egun 180 bazkide baino gehiago ditu EIZIEk eta sortu zenetik etengabe jardun du itzulpengintzaren eta itzultzaileen alde lanean. Bazkide gehienak Euskal Herriko administrazio erakundeetan aritzen dira lanean edo itzulpen enpresetan bestela, beren zerbitzuak bereziki Administrazioari edo, gero eta gehiago, era guztietako enpresei eskaintzen dizkietela. Horrez gainera, literatura itzultzaile talde txiki bat eta interprete talde are txikiago bat ere badaude. Bestalde, Elkarteak itzulpenari eta terminologiari buruzko SENEZ aldizkaria[10] argitaratzen du urtean behin. Hasieran Itzultzaile Eskolak argitaratzen zuen aldizkaria, baina hura itxi zenean Elkarteak hartu zuen bere gain aldizkariaren ardura.
Elkartearen historia labur bezain biziaren berri ematen duen liburuxka[11] argitaratu zuen EIZIEk 2002. urtean, CEATL (Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires frantsesez eta AISBL European Council of Literary Translators' Associations ingelesez) erakundearen urteko batzarra Donostian egin zela eta.
Aurretik aipatutako itzultzaile eskolak itxi egin ziren 90. hamarkadan eta ixteko bi arrazoi nagusi izan ziren: alde batetik, eskola horietan ematen ziren tituluak ezin homologa zitezkeen garai hartako inongo ikasketa arauturekin, eta beste alde batetik, bazirudien Euskal Herriko Unibertsitateak oso denbora gutxiren buruan jarriko zuela martxan Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura. Baina lizentziatura hori ez zen 2000-2001 ikasturtea arte sortu, eta Gasteizko Filologia Fakultatean ematen zen itzulpengintza masterrak bete zuen, nolabait, hutsune hori; baina, zoritzarrez, lizentziatura sortzearekin batera desagertu egin da masterra. Master horrek lehen aipatutako bi eskolek itzultzaileen formazioan utzitako hutsa bete zuen hasieran; unibertsitate pribatu batek ere, Deustuko Unibertsitateak hain zuzen ere, bi itzulpen master antolatu zituen (bat euskaraz eta ingelesez bestea), baina urte gutxira emateari utzi zitzaien. Gauzak horrela, beraz, euskarara eta euskaratik itzulpenak egiteko gai izango ziren lehenengo lizentziadunak ez ziren 2005. urtera arte iritsiko.
Aipatu bezala, euskarazko itzulpengintza eta interpretaritza lizentziatura ez zen 2000. urtera arte martxan jarri, alegia, Hego Euskal Herrian erakunde autonomikoak sortu zirenetik eta euskara koofizialtzat hartu eta administrazioan eta hezkuntzan erabiltzen hasi zenetik hogei urte igaro ziren arte. Atzerapen hori oso kezkagarria izan da, izan ere, euskarari koofizialtasuna ezagutzeak itzultzaile eskaera handia ekarri baitzuen berekin, eta eskaera hori, gainera, gizartearen beste alor askotara zabaldu da euskarak azken hamarkada hauetan bizi izan duen berreskuratze edo biziberritze prozesuaren[12] ondorioz.
Itzulpengintza ikasketek euskal itzulpengintzaren egoera goitik behera baldintzatzen ez badute ere, kontuan hartu behar da euskararen erabileraren normalizazio prozesua –zeinaren baitan Eusko Jaurlaritza, eta maila apalagoan Nafarroako Gobernua, ahalegin handiak egiten eta are milioi gehiago gastatzen ari den– itzulpenaren bidez burutu ahal izan eta izango dela maila handi batean. Beraz, nabarmena da, euskararen egoera soziolinguistikoa dela eta, itzultzaileen premia duela euskararen normalizazioak; horrez gainera, hizkuntzak berak bizi duen egokitze prozesu etengabeari aurre egiteko itzultzaile horiek beren lanen kalitatea bermatu behar dute eta hizkuntzaren normalizazio prozesuaren ezinbesteko tresna dira, gainera. Horregatik guztiagatik, EIZIEren iritziz "gure itzulpen lizentziaturak oso gogoan hartu behar ditu komunitate elebidun baten behar bereziak, hizkuntzetako bat lehen azaldu den mailako normalizazio prozesu batean sarturik dagoela kontuan harturik bereziki". Horrez gainera, ikasketak ezinbestekoa dira euskararen itzulpenean sortzen diren arazo bereziak era zientifikoan, bai hizkuntzalaritzaren ikuspegitik bai ikuspegi soziolinguistikotik, aztertuko dituzten espezialistak eta ikerlariak prestatzeko.
2000. urtean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura sortu zuen eta gaur egun "Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua" eskaintzen du Gasteizeko campuseko Letren fakultatean. Ikasketok 4 ikasturteko iraupena dute eta 240 ECTS kreditu barne biltzen ditu ikasketa planak[13]. Proba baztertzaile bidez aukeratzen dira urtero eskainitako 60 plazak beteko dituzten ikasleak.
Hizkuntza batetik bestera itzulitako informazioaren kantitate eta kalitateak, neurri handi batean, baldintzatu egiten du hizkuntzen arteko trukea eta kultura arteko komunikazioaren intentsitatea. Horren gain, historiak erakutsi digu ideien zirkulazioak eta hedadurak ez duela lotura kuantitatibo zuzenik hiztun gehien duten hizkuntzekin.[14] Zehatzago esanda, hizkuntza baten hiztun kopurua ez da iragarle ona hizkuntza horretan sortutako (edo hizkuntza horretan zirkulatzen duen) mezu batek gero mundu osora zabaltzeko duen gaitasuna zenbaterainokoa izango den jakiteko. Horren haritik, David Crystal hizkuntzalariaren arabera, «hizkuntza bat hizkuntza global bilakatzeko arrazoiak zerikusi txikia du hizkuntza hori hitz egiten duen pertsona kopuruarekin; aitzitik, askoz ere lotura handiagoa du hiztun horien identitatearekin». Ikuspegi horretatik, beraz, elebidunen eta itzultzaileen sareak berebiziko garrantzia hartzen du informazioaren gizartean.
Luzaroan ezin izan da munduko hizkuntzen egoera erlatiboa aztertu horretarako daturik ez zegoelako eta, gaur egun ere, ez da batere erraza horrelako datuak lortzea. Hala ere, Mark Davisek berak (Unicode Partzuergoko presidentea eta sortzailea, hau da, idazketa erabiltzen duten konputagailu eta interfaze mugikor guztietarako karaktereak kodetzeko estandarrak sortzen dituen erakundearen burua) behin eta berriz adierazi du itzultzaile sarea ehuntzearen garrantzia. Duela gutxi arte ezin izan da, halaber, hizkuntzen arteko elkartrukeen sare globalaren egitura kuantitatiboki aztertu, baina hori errazagoa da gaur egun, bai Wikipedia edo Twitter bezalako elkartruke globalerako «espazioek» datu-base ireki handiak eratu dituztelako, baita Interneten hitz egindako hizkuntzen proportzioa hobeto ezagutu dezakegulako ere.[15]
XIX. mendetik aurrera gertatutako gizarte eraldaketa sakonek —eta itzulpengintzaren alorrerean, nagusiki globalizazioaren eta jabetza intelektualeko egile-eskubideen zein itzulpenenen inguruko araubideak eratzearen eraginez— ekarri dute, gaur egun, zenbait hizkuntza eta kultura «behar bezala» itzultzea, baina ordainetan beste hizkuntza askoren desagertze prozesua nabarmen bizkortu du eta, are gehiago, baita hizkuntza batzuk desagerrarazi ere.
Egile batzuen ustez larrialdi egoerari aurre egiteko moduetako bat informazio sare berriak eratzea eta hizkuntza trukerako nazioarteko sistemak sortzea da[16], ingelesa are nagusi eta zentralago bihurtu ez dadin[17]. Ingelesaren hegemonia kultural-linguistikoa poliki-poliki gainditzeko proposamenetako batzuk dira Interneten itzulpen automatikorako (IA) softwarea hobetu eta orokortzea edo editore sare kolektiboak sustatzea, adibidez Wikimediaren ikuspegi berritzaileak erakutsi baitu Wikipedian itzulpenak errazten dituela.
2014an, Estatu Batuetako eta Frantziako talde batek Sareen Zientzia erabilita mapak sortu zituen[18] munduan informazioak eta ideiek nola zirkulatzen zuten behatzeko. Jatorrizko mezuaren hizkuntzaren arabera, hizkuntza hori hitz egiten den herrialdeetako batez besteko BPGaren arabera[19], lehen itzulpenen hizkuntzaren arabera eta informazioa transmititzeko erabilitako medio edo hedabideen arabera (liburuak, Wikipedia, Twitter...) egin zen azterketa. «Mapa» hori sortzeko ikertzaileek, alde batetik, literatura-itzulpenari buruzko datuak aztertu zituzten (mila hizkuntzatan baino gehiagotan argitaratutako liburuen 2,2 milioi itzulpen oinarri hartuta) eta, bestetik, hizkuntzak trukatzeko munduko sare nagusiak aztertu zituzten, hots:
Horna azterketaren ondorio nagusiak:
Ezin da alde batera utzi aztelan honetan landutako idatzizko komunikazioaz gain kultura-transmisioak ahozko hizkuntza ere barne hartzen duela, bai tokian-tokian egindakoa bai urrutikoa (telefonoz edo Skype, Jitsi, Zoom edo dena delako medioaren bidez), eta horrek ideia eta informazio jakin batzuen hedapena bizkortu lezakeela.
Ikus EIZIE Elkarteak euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteentzako zuzeneko estekekin egindako lan-tresna erabilgarrienen bilduma eta hizkuntza-baliabideen bilduma.[21]
Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI euskarazko sigletan) edo CAT (computer-assisted translation, ingelesez) gizaki batek helburu testu bat ordenagailu programa baten laguntzaz sortzen dueneko itzultzeko modua da. Modu horretan, makinak gizakiari laguntza baino ez dio ematen. Horrek itzultzaileari lagungarri zaizkion programak barneratzen ditu.[22][23]
Itzulpen automatikoa edo MT (Machine translation, ingelesez) hizkuntza teknologiaren garapenean zinez lagundu duen diziplina da. Martin Kay-ren esanetan: "Itzultzeko makinak lortzeko desioak hizkuntzalaritzako, filosogiako, matematikako nahiz informatikako zenbait aditu nagusiren arreta piztu du. Itzulpen automatikoak, gainera, anitz zaletu porrokatu modu liluragarrian erakartzen ditu".
Itzulpengintza automatikoa lehen hizkuntza batean idatzitako testu bat aztertu (iturri testua) eta beste hizkuntza batean idatzitako testu berbera (helburu testua) ordenagailuz sortzen duen itzultzeko modua da.
Hala ere, egia da itzulpen automatikoak giza laguntza behar duela, esaldiak aurrez eta ondoren editatzea behar baitu.
Biak funtsean ia berdinak izan arren, itzulpengintza automatikoa ezin da ordenagailu bidezko itzulpengintzarekin erratu. Automatikoan, makinak garrantzia du; bestean, ordea, itzultzaileak, berak hartzen baititu itzulpenari dagozkion erabaki guztiak.
Horren itzultzeko prozesua itzulpengintza arruntaren berbera da eta itzultzerakoan, arazo berak izaten ditu.
Itzulpengintzaren pausoak —hala idazkiak itzultzean nola hizketa interpretatzean— bi izaten dira, ordena honetan:
Itzultzaileak, lehenik, «itzulpen unitateak» identifikatu behar ditu (testuaren segmentuak). Itzulgaia hitz bat izan daiteke, esaldi bat edo gehiago. Ondoren, iturri testuaren esanahi osoa ulertzen du; itzultzaileak testuaren edo mintzaldiaren osagai guztiak interpretatu eta aztertu behar ditu. Gero, esanahi hori bera xede hizkuntzan eman behar du. Prozesu horretarako, nahitaezkoa da iturri eta xede hizkuntzen gramatika, semantika, sintaxia eta esaerak jakitea, bai eta hizkuntza bi horien erabiltzaileen kultura ere.
Itzulpengintza, berez, oso prozesu zaila da, eta horretaz gain, itzultzaileak are arazo gehiago aurki ditzake.
Hizkuntza batzuetan sarri agertzen dira beste hizkuntza batean baliokiderik ez duten hitzak, batzuetan bere horretan itzulezinak. Arazo horrek hitzak asmatzea dakar. Itzultzaile batek badaki ama bezalako hitzak zelan diren beste hizkuntzetan eta kasu horretan, hitz batetik bestera itzultzen du. Hala ere, sarri gertatzen da aurkakoa: hizkuntza bateko terminoak ez du baliokiderik eta beste hizkuntzakoa hartzen da, ingelesezko rafting edo jogging hitzekin gertatzen den moduan. Horren eragina hizkuntzak kutsatzea da. Adibidez, jatetxe frantses bateko ingelesezko menuan pâté de foie gras platera fat liver paste itzultzea ez da itzulpena, azalpen argia baino. Benetan, foie gras pâté jarri beharko litzateke.
Ez daukagu munduan itzulitako testu kopuruari buruzko estatistika zehatzik, bereziki literatura grisean egindako edo sare tradizionaletatik igaro gabe Internet bidez banatutako itzulpen geroz eta ugariagoei buruzko daturik. Hala ere, itzulpengitzari buruzko zenbait datu estatistiko lortzeko ondoko iturriak kontsultatu daitezke:
Munduan gehien itzulitako dokumentua Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala da Errekorren Guinness Liburuaren arabera, 1999an lortu zuen lehen izendapena 298 hizkuntzara itzulita zegoela frogatu zuelako, 2009an errekorra gainditu zuen 370 hizkuntzara itzuli ondoren eta 2016. urtean berriro ere gainditu zuen errekorra testua 501 hizkuntzara ekarrita[26]. 2022an GEEAUk 538 itzulpen zituen[27].
Munduan gehien itzuli diren liburuen artean honako hauek daude:
Kontinente eta herrialde bakoitzean itzulpen gehien dituen liburuen mapa[40] osatu zuen Preplyk 2021ean.
Frantzian, 2000-2010 urteetan, urteko 70.000 titulu ingurutik, % 10etik 13ra itzulpenak dira. Beraz, frankofonoek gutxi gorabehera 7.000 eta 9.100 atzerriko izenburu artean dituzte eskura, frantsesera itzulita eta urtero argitaratuta[41].
Ikus Wikipediako Itzultzaileak kategoria.
Ikus Wikipediako Euskal Herriko Itzultzaileak kategoria.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.