euskararen barietate estandarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskara batua Euskaltzaindiak proposatutako euskara eredu batua da,[1][2] 1968ko urriaren 3tik 5era Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) abiatu zen batasun aurrerabidetik sortua. Gabriel Aresti, Txillardegi, Koldo Mitxelena eta Luis Villasante euskara batuaren bultzatzaile nagusiak izan ziren. Euskalkien artean elkar ulertzearen arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko sortu zen.
Euskal literaturaren hasieratik, idazleek betidanik nabaritu dute euskaldunen arteko ezin ulertzearen arazoa eta literaturarako hizkuntza batuaren beharra. Haren hasieran, euskararen batasunaz kezkatu ziren idazleak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoak izan ziren. Hegoaldean, ordea, ekoizpena urria izan zen, eta ez zen batasunaren kezka handirik ageri.
Iparraldean, Joanes Leizarragak 1571n argitara emandako Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berrian arazo horren berri ematen zuen Heuscalduney atarikoan. Leizarragak, bere lankideek lagunduta, itzulpena egiteko euskara batu bat osatu zuen, testua Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskaldunentzat ahalik eta ulertzeko errazena izan zedin. Lan horrek, gainera, amaieran hiztegi txiki bat zekarren, zuberotarrentzat egina. Kalbinismoa Euskal Herrian hedatzeko asmoak porrot egin zuenez, haren hizkuntza ereduak ez zuen jarraipenik izan. Horren ordez, Iparraldean Lapurdiko euskara "kostatarra" bihurtu zen XVII. mendeko idazleen eredu, batez ere Axular era Sarako Eskolaren lanak lortutako ospeari esker. XVIII. mendean, Joanes Etxeberri lapurtarrak Axularren euskara proposatu zuen euskara idatzirako eredu, egokiena baitzeritzon.
Nafarroan, Juan Beriainek 1621ean argitaratutako Tratado de cómo se a de oyr misa, escrito en romance y bascuence liburuan hizkuntzaren gaiaz jardun zuen. Haren ustez, nahiz eta eskualde batzuetan hitz egiteko molde desberdinak egon, Nafarroako Erresumako euskaldun gehienek erabiltzen zuten euskara Iruñekoa zen, bai eta leku guztietan hobekien ulertzen zena ere.
Oihenart izan zen ortografia arau zehatzak proposatzen lehena, gaur egun ere zentzuzkoak diruditen zenbait lege emanez; ch, v eta y baztertu eta x, b eta i erabiltzea, adibidez. Bustidurak egiteko, tileta erabiltzea ere proposatu zuen.
Garai horietan, Iparraldeko euskal literaturaren gainbehera gertatu zen, Frantziako Iraultzaren eta ekonomia krisien ondorioz. Aldiz, Hegoaldean egoera aldatzen ari zen, bertan jende jantzia euskaraz idazten hasi eta ereduak sortu beharraz kezkatua baitzen.
XVIII. mendean, giputz euskara, gehienbat Beterriko hizkeraren ezaugarriak biltzen zituena, literatur hizkuntza gisan nagusitu zen, baita nafar eta bizkaitarren artean ere. Manuel Larramendi jesuitaren pizgarri-lanak giputz euskararen ospeari lagundu zion. Larramendik Gipuzkoako euskara zerabilen, baina bakoitzak berea erabiltzea proposatzen zuen, beti ere besteen euskalkiak ezagutu eta haiekin norberarena osatuz. Izan ere, Larramendiren lexikoa euskalki guztietara zabaltzen zen, euskalki batean falta zen hitza (erderetatik mailegatua zelakoan) beste euskalki batetik hartzen baitzuen. Ortografiari dagokionez, v alboratu zuen b letraren mesedetan, zenbait kasutan h letra erabiltzea aholkatu zuen. Mendiburu eta Kardaberaz izan ziren haren ereduaren jarraitzaileak, nor bere modura, euskalkien arteko ulergarritasuna eta homogeneitatea bultzatzen aritu ziren.
Hala ere, Bizkaian eredu berezia sortu zen XIX. mendeko azken hamarkadetan. Mendebaleko idazleek bi idazle bereziki izan zituzten maisu: Pedro Antonio Añibarro, Arratiako euskaraz idazten zuena, eta Joan Antonio Mogel, Markinakoa zerabilena. Bi eredu horiek izan dira denbora luzez bizkaitar literatur euskalkiaren bi aldaera nagusiak, Frai Bartolome ahaztuago geratu bada ere.
Iparraldean, hizkuntza eredu bateratu bat garatu ez bazen ere, pausoak eman ziren ortografia arauen alorrean. Martin Duhaldek eta gero Darrigolek frantses ortografiatik urrundu eta euskarari erosoago zitzaion ortografia baten proposamenak plazaratu zituzten. Proposamen horiek jarraitu eta sakondu zituen A. Xahok ere.
XIX. mende bukaeran, EAJren sorrerak izan zituen ondorioak eredu estandarraren sorreran. Batetik, Sabino Arana eta beste askok ukatu egiten zuten euskara batu baten beharra, euskalkiak hobetsiz. Bestetik, hizkuntza "garbitu" nahian berrikuntzak sartzen saiatu ziren. Hala ere, ortografia bateratua aldarrikatu eta bultzatu zuten. Garai hartan bereziki Iparraldean garaturiko ortografia arauak Hegoaldera zabaldu ziren, eta tileta arrakastatsu suertatu zen.
1919an Hegoaldeko lau lurraldeetako aldundien babesean sortu zen Euskalzaindia, euskara babestu eta zaintzeko xedeaz eta zazpi lurraldeetako ordezkariekin. Hizkuntza komuna helburu eduki zuen Euskaltzaindiak erakundearen sorreratik bertatik. 1920ko Euskaltzaindiaren Sortarauak agiriko 6. artikuluak honako hauxe zioen:
« | Ekingo du euskalgi oroen odolez azitako euskal-eredu bat gertutzen, itzez, itz-yoskeraz ta idazkeraz albait erabatetsuena, euskaldun guziak idatz-irakurketan erabiltzekoa. | » |
Hala ere, estandarizazioaren garrantziari edo moldeari buruzko iritzi desberdintasun handiak zeuden Euskaltzainen artean, eta estandarizazioaren aldeko pausoak motelak izan ziren hasieran.
1930eko hamarkadan, Resurreccion Maria Azkue lekeitiarrak gipuzkera oinarritzat hartzea proposatu zuen, beste euskalkien ekarpenekin osatuz eta aberastuz. Eredu horri «gipuzkera osotua» deitu zion, eta Ardi Galdua izeneko kontakizunean horren lehen adibide praktikoa eman zuen.
Hegoaldean «gipuzkera osatua» erabiltzen hasi zen bezala, Iparraldean «nafar-lapurtera literarioa» sortu zen hango idazleen eredu gisan, batez ere «Eskualduna» eta «Herria» agerkarietan idatzi zutenen artean. Eredu hori Piarres Lafitte luhusotar euskalariak zehaztu eta arautu zuen 1940ko hamarkadan, Grammaire basque (Navarro-labourdin littéraire) gramatikan. Hizkuntza batu horretarako oinarritzat, behe-nafarrera eta lapurtarren eguneroko mintzoa hartu zen gehienbat, eta ez hainbeste XVI. mendeaz geroztik Iparraldean garatu zen literatura tradizioa.
Espainiako Gerra Zibila eta ondorengo garai latzak igaro eta gero, gaiari berriro helduta, Federiko Krutwig getxotarrak Joanes Leizarragaren XVII. mendeko «lapurtera klasikoa» aurkeztu zuen hartu beharreko eredu bezala, eta Luis Villasante eredu horren alde mintzatu zen 1951n Euskaltzaindiko bere sarrera hitzaldian. Krutwigen ustez, euskararen batasuna XVI. mendean dagoeneko lortua zen, eta Leizarragak egin zuen. Hasieran idazle eta euskalari asko eredu horren alde egon ziren, haien artean Luis Villasante, Jon Mirande eta Gabriel Aresti. Urteen joan-etorrian, ordea, asmo hori alde batera uzten joan zen, hiztunen hizkuntzatik urrunegi zegoela eta. Hala ere, Krutwigek eredu hori defendatzen eta erabiltzen segitu zuen bere bizitza osoan.
Gabriel Aresti[5] Bilboko idazleak 1960an kaleratu zuen «Maldan behera» poema, eta garaiko euskaltzain batzuen ildoari jarraiki, erdialdeko euskarak eredu hartuz idatzi zuen, gerora euskara batua izan zenaren molde oso antzekoan. Ibon Sarasolaren aburuz, lan hori euskara batuan idatzita dagoela esan daiteke.
1963an, Baionan, euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen,[6] Hizkuntza Sail batekin, eta euskara batuaren arauak erabakitzeko lanean jardun zuten urtebetez, Txillardegiren gidaritzapean. Baionako Euskal Idazkaritza prozesuaren txinparta izan zen, ondoren etorri zen herri-mugimenduaren abiapuntua. Sail horretan, Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Idiart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi elkartzen ziren. Taldearen bultzatzailea Txillardegi bera izan zen, eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. Gainera, itzal handiko zenbait gizarte erakunderen babesa bilatu zuen: EAJrena, ETArena, Enbatarena eta Elizarena. 1964ko urrian, Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko, euskara idatziaren batasuna eraiki beharraz hitz egiteko... eta ideia pratikoak proposatu eta biltzeko asmoz. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen, hartu ziren erabakien berri emanez. Txostenak hiru atal zituen: ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuaren amaieran, h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri. Goitiko erabakirik eta onespen ofizialik gabe, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Pierres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren beren testuetan, aldi berean Euskaltzaindiari batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan eskatuz. Aldizkarien artean, «Jakin» izan zen lehena Baionako Biltzarraren erabakiak betearazten.[7][8]
Idazle gazte asko bide beretik abiatu ziren gomendioak onartu eta erabiliz, denbora laburrean ohitura bihurtuz. Horrela ulertu behar da handik lau urtera gauzatu zen Ermuko zina (1968ko ekainaren 28tik 30era); hor, Baionan proposaturiko irizpideak baliatzeko konpromiso tinkoa hartu zuten, alegia, euskara batua sortzearen aldekoa. Geroago, 1970ean, Batasunaren Kutxa liburuaren sarreran, Baionan eta Eibarren zina berretsi eta sinatutako hirurogeita hiru euskaltzale eta idazleen zerrenda argitaratu zen.[8][9]
1968an Euskaltzaindia Ermuan elkartu zen, eta Baionan lau urte lehenago batzartutakoek erakundeari erabaki ofiziala har zezan eskatu zioten. Artean eman zuen akademiak Arantzazuko biltzarrerako deialdia.[10] 1968an, Arantzazuko Batzarra izan baino lehen, idazle talde batek Ermuko Zina izenpetu zuen, euskara batuaren alde. Lehen urrats haien ondoren, 1968ko Arantzazuko Biltzarrean akademiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen, hizkuntza idatzian erabil beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoen (edo hizperrien) gainean. Horretarako, Koldo Mitxelenak aurkeztutako ponentzia[11] hartu zen abiaburutzat —hein handi batean, Gabriel Arestiren moldeetan eta Baionako taldearen erabakietan oinarritzen zen—. Euskararen batasunerako, nafarreraren eta gipuzkeraren aditza, hala nola erdialdeko euskalkietako aldaerak, hartu ziren oinarritzat, gainerako euskalkien berezitasunak eta aldaerak ere kontuan hartuta.
Batasun aurrerabidea ez da bat-batekoa izan, eta urtez urte Euskaltzaindia euskararen alorrei buruzko arauak eta gomendioak kaleratuz doa. Oraindik ere, morfologian eta aditzean batasuna ia erabatekoa den arren, hiztegian eta sintaxian aurrerabidea ez da erabat bukatu, eta hainbat alderdi finkatzeko daude. Hala ere, euskaldunen artean adostasun zabala dago euskara batuaren alde, ezinbesteko tresna izan baita frantsesaren eta gaztelaniaren bultzadari aurre eginda euskarak bizirik iraun dezan, eta kultura hizkuntza izan dadin.[12]
1968ko batzarrean parte hartu zutenen zerrenda:[16]
Lehen urteetan, jende asko batuaren aurka agertu zen arren, egun euskal jendartean oso sustraiturik dago, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan erabiltzen den euskara baita. Izan ere, nazio eremuko hedabideetan (EiTB, «Berria» edo «Argia», adibidez) eguneroko tresna da. Halaber, euskaldunen arteko komunikaziorako tresna egokia da, erdarara jo behar izan gabe.
Literaturaren arloan ere batua ezinbestekoa izan da azken hamarkadetan, horrek ahalbidetu baitu idazleek egindako ekoizpen handia, euskal literatura idatziak inoiz izan duen aberatsena.
Hirietako hainbat euskaldunek, euskalkien erreferentzia sendorik gabe, euskara batua ama-hizkuntzatzat ikasi du. Oraingo ikuspegitik, ezingo litzateke euskaraz bizi, euskara baturik gabe.
Ibon Sarasola euskaltzain osoaren «Euskara batuaren ajeak» (Alberdania, 1997) eta Koldo Zuazo euskaltzain urgazlearen «Euskararen sendabelarrak» (Alberdania, 2000) liburuek batasun bidean egindako zuzenak eta okerrak neurtzeko beharrari erantzuten diote. Biek azpimarratzen dute batuaren garrantzia eta, beste alde batetik, haren akatsak gainditzeko formulak proposatzen dituzte.
Ipar Euskal Herriko eremu askotan euskara estandarra ez da behar bezala ezagutzera eman eta, agian, horren arrazoietako bat erakunde publikoen gogo falta izan da. Ipar Euskal Herriko hedabideetan euskararen erabilera oso noizbehinkakoa denez gero, herritarrak ez dira euskara batura ohitu eta, askotan, Hegoaldean ere gertatzen den bezala, urrutiko hizkera xelebretzat hartzen dute. Iparraldeko hedabideetan eta literatura-sorkuntzan, "Iparraldeko batua" edo "subestandarra" erabiltzen da gehienbat. Zuberoan, herrialdearen urruntasun administratibo eta linguistikoagatik, zubereraren forma literarioa lantzen da, denboran eta gizartean sustrai sakonak dituena, nahiz eta hango euskaltzale gehienek euskara batua beharrezko tresna dela ulertu.
Hegoaldean ere, jende askok, batez ere adinekoak, arazoak ditu euskara batuan moldatzeko, baina apurka-apurka, herritarren eskolatzearekin eta hedabideen laguntzaz, gero eta euskaldun gehiago gai da euskara batua ulertu eta erabiltzeko. Euskal Herriko Mendebalean, hango euskalkiaren euskarri arautua erabili ohi da batuarekin batean, tokiko hedabideetan eta irakaskuntzan.
Hasierako urteetan, hizkuntzaren inguruko eztabaidak auzi politikoen isla bihurtu ziren eta, hein batean, auzi horiek estaltzeko aitzakia moduko bat ere bai. Euskal kulturaren munduko talde ohiturazaleak batasunaren aurka jarri ziren; aldiz, belaunaldi gazte eta berritzaileenak alde agertu ziren. Horren adibide dugu «h letraren auzia»: euskaltzale atzerakoienek h-aren aurka artikulu suharrak idatzi zituzten, hizki hori ezker burubideko idazle gazteek zerabiltela eta. Ohiturazale horietako askok ez zuten batasunaren beharra ikusten, ez baitzuten inola ere uste jakintzazko gaiak euskaraz lan zitezkeenik. Batasunaren aldekoek, berriz, euskararen noranahikoa lortu nahi zuten: Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, esparru guztietan euskara erabil zedin nahi zuten. Azkenean, Euskaltzaindiak h-a bere ortografia arauetan jaso zuen. Batasunaren aurkako euskaltzale gehienek —Euskerazaintza bezalako taldeetan bildu zirenek— urteen joan-etorriaz banan-banan beren jarduera amaitu egin dute, arrazoi naturalengatik.
Bereziki bizkaieraren eremuan, euskara batuari buruzko jarrera kritikoak indartsu eta luze iraun zuen. Herri batzuetan bi ikastola eta bi euskaltegi izatera iritsi ziren: bata, euskara batuan irakasten zuena; bestea, euskalkian edo «erri izkeraz». Egungo egoera normalizatuagoa bada ere, oraindik ere eztabaidak bizirik dirau.
Kontrako iritzia eman dutenek bi alderdi azpimarratu dituzte bereziki: batetik, gipuzkerak, beren ustez, euskara batuan bereganatu zuen gehiegizko garrantzia; bestetik, hizkuntza batuak euskalkien aberastasunari ekarriko zizkion ustezko kalteak. Batasuna giputz euskaran zergatik oinarritu zen azaltzeko, arrazoi demografikoak ematen dira gehienetan. Egun ere, euskaldunen zati handi bat —herena inguru— giputza da. Gainera, antzinatik, Hegoaldeko euskal literaturan giputz ereduak itzal luzea izan du eta euskaltzainei zentzuzkoa iruditu zitzaien joera horri jarraitzea. Bestalde, erabakiak hartu behar direnean, euskal literaturaren tradizio osoa hartzen da kontuan, eta ez bakarrik Gipuzkoakoa. Lapurdin jaio zen literatura tradizioa ere oso kontuan hartzekoa da, guztietan zaharrena eta oparoena baita. Bigarren kritikari dagokionez, erantzuna begi-bistakoa da: eguneroko eskarmentuak behin eta berriz erakusten du euskalkien arerioa ez dela euskara batua, inguruko bi erdarak baizik.
« | «Zuk ez dakizu zergatik behar den euskara batua, bada nire ibilbideagatik. Lehenengo eta behin, erdara jakin gabe, erdal eskolan egon naiz ni hamalau urtera arte. Gero apur bat hirira, jendearengana eta liburuengana gerturatzen hasi, eta esku hutsik aurkitu naiz, bizkaieraz bakarrik nekielako, eta, gainera, bakarrik txoko bateko bizkaiera. Neuk bakarrik dakit zenbat lan eman didan alfabetatzeak. Gero, ikastolara joan behar lanera, eta euskaraz egiteko beldurra nuen. Eta beste arrazoi bat emango dizut: nola egingo ditugu Arabako, Bizkaiko edo Nafarroako ikastoletan erabiltzeko materialak, gipuzkeraz? Bizkaitarrok eta besteak kanpoan utzita? Euskara batuarena niretzat ibilbide naturala izan da. Niretik hitz egiten dizut, hau ez da ez politika ez ezer» | » |
Ibon Sarasolak 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan barna agertutako hainbat hitz eta esapide eztabaidagarri mahai gainean berriz paratzen ditu (irla, errenta-aitorpen, urpekuntzi, merkatalgune, nekazal turismo, soinketa eta beste), euskal literaturaren eta nazioarteko ereduen argitan konponbideak proposatuz (adigai horiek euskal idazle hoberenek eta Europako beste zenbait hizkuntzak nola adierazten dituzten ikertuz) eta Ipar-Hego Euskal Herrien arteko hartu-eman berdintsuagoa aldarrikatuz, bi erdaren morrontzatik aske. Liburuan ematen dituen ideietako bat honako hau da: espainiera eta frantsesa dira munduko hizkuntza guztietan "pedanteenak". Beraz, ez ginateke lotsatu behar euskaraz kontuak askoz modu errazagoan esaten ahal direnean.
Koldo Zuazoren iritziz, euskara batuaren eta euskalkien arteko oreka eta bizikidetza euskararen bizitasuna bermatzeko ezinbesteko baldintza da. Euskararen eritasunak sendatzeko "sendabelarrak" euskalkietan daudela defendatzen du[19]. Horrez gain, administrazio publikoan eta hedabideetan profesional askok darabilten hizkera-mordoiloa, berak «Marteko hizkuntza» deitzen duena, salatu nahi du. Euskaldunen artean izugarri zabaldu den hizkuntza horretan, hango eta hemengo euskalkietako hitzak eta formak elkarren ondoan pilatzen dira; gehienetan, ongi erabiltzen jakin gabe. «Marteko hizkuntzan» mintzo direnek, asko dakitela erakutsi nahian-edo, hitz errazekin esan zitekeena ahalik eta modurik korapilatuenenan esan ohi dute. Ezertarako balio ez duten hitzak asmatzeko ohitura handia dago. Marteko hizkuntzaren adibide bezala, Euskaldunon Egunkarian aurkitutako honako izenburu hau ematen du Zuazok: «Alta, jubilatuentzako egoitza berri bat eraikitzen ahal da igandean bildu sosagaz», alegia, alta, eraikitzen ahal da eta bildu sosa Iparraldeko hitz eta egiturak, Mendebaldeko -gaz atzizkiarekin batera nahasiak.
Haren ustez, horrelako esaldi xelebreek euskaldun zaharrak euskara idatzitik uxatzen dituzte. Horrek, azkenean, jendea euskara batuarekin ez identifikatzera darama, eta bide horretatik joanez gero, egunez egun, euskaldunen eguneroko hizkera eta idatziz ageri dena, elkarrengandik gero eta urrunago geratuko dira.
Horietaz gain, beste egile batzuek azken urteotan lan berriak argitaratu dituzte, prozesua bizirik dagoela erakutsiz. Egun bizirik dirauen gaietako bat Euskaltzaindiaren Hiztegia bide dugu. Kasu horretan, batzorde arduradunak hitz bakoitza banan-banan eztabaidatu eta hitz edo aldaera egokiena aukeratu behar du, hainbat alorretan dirauten hiztegi arazoak konpondu eta Iparraldeko eta Hegoaldeko ohiturak hurbiltzeko.
Italiera (1861) eta alemana (1876) bezalako hizkuntza indartsuek euren batasun prozesuak abiatu zituzten XIX. mende amaieran, euskarak egin baino mende bete lehenago. Kasu horietan, hizkuntzaren batasuna bi nazio-estatuen sorrerarekin batera ageri da. Denbora horri esker eta begi-bistako faktoreak direla-eta, mintzaira horiek sendotzea lortu da, baina euren dialektoen bizirautea kolokan dago. Alemanezko idazleek Martin Lutheren Bibliaren itzulpenean aurkitu zuten beren eredua, katoliko nahiz protestanteek. Italiera batuak, berriz, Toskana eskualdean jatorria duen literatura-hizkuntzan du oinarria, hau da, Dante Alighierik, Francesco Petrarcak, Giovanni Boccacciok, Nikolas Makiavelok eta Francesco Guicciardinik, besteak beste, zerabilten italieran.
1982tik aurrera, galizieradunek batasun ekimenak hasi zituzten, urtetik urterako hainbat berrikuspenekin. Euskaldunen antzeko inguru soziolinguistikoa daukate eta, oro har, batzeko prozesua ere antzekoa izan dute. Hala ere, han talde bakoitzak bere eredua defendatzen segitu du: ofizialistek gaztelaniaren antzeko sistema ortografikoa darabilte (NOMIGAL ofiziala); erreintegrazionistak, berriz, portugesaren arauetara hurbiltzearen alde daude, hizkuntza berbera, galego-portugesa, dutela argudiatuta. Zatiketa hori, esaterako, hots sabaikariak idaztean ageri da: Carballo eta Miño idazten dute ofizialistek, Carvalho eta Minho erreintegrazionistek. Galiziako erakunde publikoek sistema ofiziala (NOMIGAL-VOLGA) erabiltzen dute.
Azkenik, aragoieraren kasua oso esanguratsua da: hizkuntza horrek ez du ofizialtasunik, ez eredu estandar finkorik. Azken urteotan, hizkuntza batua sortzeko ekimenak ezinbestekotzat jo izan dituzte aragoieraren aldeko kulturgileek, mintzairaren erabilera behin betiko itzal ez dadin. Prozesuak, hala ere, ez du erabateko batasunik lortu, eta zailtasun horri aurre egin behar izango diote. Antzeko kasu batean, erromantxerarenean, esan dezakegu mintzaira ofiziala eta batua izan arren, hiztunen galera oraindik ere etengabekoa dela eta bestelako faktoreek eragin handiagoa daukatela.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.