euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Gabriel Aresti Segurola (Bilbo, Bizkaia, 1933ko urriaren 14a - Bilbo, 1975eko ekainaren 5a) euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat. Txillardegi eta Saizarbitoriarekin batera, euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa izan zen, bai formaren, bai edukien aldetik. 1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko.
Gabriel Aresti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Gabriel María Aresti Segurola |
Jaiotza | Bilbo, 1933ko urriaren 14a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1974ko ekainaren 5a (40 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta eta itzultzailea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Euskaltzaindia |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Gurasoak baserritar jatorriko "euskaldun galduak" zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”. 1954an, 21 urte zituela, argitaratu zituen lehen poemak eta hamar urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena, Zarauzko Itxaropena argitaletxearekin: Harri eta Herri. La Tertulia de la Concordia deituriko bilgunean Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poetak izan zituen solaskide eta bere poesiagintzan erreferentzia nagusi bihurtu ziren, Espainiako Antonio Machado bezalakoekin batera, eta eragin horiek poesia sozialaren bideak harrarazi zizkioten: Arestirentzat, literatura oro da soziala. Poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria dela eta literatura gizartea aldatzeko gai den uste osoa zuen: «Esanen dute / hau / poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela» ("Poesia", 1963).
Literaturako genero guztiak idatzi zituen: poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal antzerki berriaren aita ponteko izan zen.
Itzultzaile bikaina zen. Literatura unibertsaleko hainbat lan euskarara itzuli zituen, besteak beste T.S. Elliot, Boccaccio, James Joyce eta Bertolt Brecht. Galiziar intelektual batzuen lagun mina zen eta hartu-eman estuak izan zituen Bilboko galiziar komunitatearekin, hango Centro Gallego-ko ohiko bezeroa izaki. Hori zela eta, Federico García Lorcak galizieraz idatzitako poemak, Castelaoren Nós albuma eta Valle-Inclánen gaztelaniazko Divinas Palabras euskaratu zituen. Guardia Zibilak, haren etxean egindako miaketa batean, James Joyceren Ulises eleberri erraldoiaren itzulpen eskuizkribua konfiskatu omen zion; paper-sorta hartaz ez da ezer gehiago jakin.
1957an Euskaltzaindiako langile izendatu zuten. Aldi berri baten barruan, euskara batuaren gurasoen artean koka dezakegu, Koldo Mitxelena, Luis Villasante eta Txillardegi euskalariekin batera. Hasiera haietan euskal idazleek erabili zuten Euskara Batuaren Kutxa bezalako lanen egilea izan zen, eta batasunaren hastapenetan hiztegi eta morfologia batu bat proposatu zituen. Garai hartako eztabaida gogorretan parte hartu zuen euskara batuaren aurka zein alde zeudenekin. 1960an Bilboko idazleak Maldan behera poema kaleratu zuen, eta garaiko euskaltzain batzuen ildoari jarraikiz, erdialdeko euskarak eredu hartuta idatzi zuen, gerora euskara batua izango zenaren molde oso antzekoan. Ibon Sarasolaren aburuz:[1]
« | [...] Gabriel Arestiren eragina aipatu behar dut puntu honetan. Bere Maldan behera, 1960an, hau da Euskaltzaindiaren batzarra baino zortzi urte lehenago publikatu zena hain zuzen, euskara batuan idatzia dagoela esan daiteke, xehetasunen bat gorabehera. "Profeta" lan hori bere liburu ospetsuarekin, lau urte geroago argitaratu zen Harri eta Herrirekin biribildu zuen". Harri eta Herri izan zen euskara batua eraiki genuen belaunaldiko idazle askok euskara irakurri genuen lehen liburua. Gure lehen euskal liburua, h-a normal erabiltzen zen liburu bat izan zen. Liburu hori 1964an argitaratu zen, Baionako Biltzarreko proposamenak baino urtebete lehenago. | » |
Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta gaztetan EAJ/EGIren inguruan[2] egon ondoren Euskadiko Alderdi Komunistatik gertu ibili omen zen. Edonola ere, ez zen inoiz inongo alderdi politikotako militante izan eta jende askorentzat deserosoa zen pentsaera independente eta polemikoa mantendu zuen heriotzara arte. Ezin eraman zezakeen Bilboko burges jeltzale erdaldunen itxurakeria eta langile maketoen giroan askoz gusturago sentitu zen. Beti unibertsalismoa eta bertako euskal sentimendua uztartu nahian, kritikak eta erasoak alde guztietatik jasan behar izan zituen: Ezkerretik "burges txikitzat" hartzen zuten bitartean, euskal nazionalista batzuek espainolista zelako zurrumurrua zabaldu zuten. Garai hartan eladioak deituraz ezagunek, ELA sindikatuko sektoreek, boikoterako deialdiak egin zituzten Arestik eta Oskorri taldeak elkarlanean egiten zituzten musika-saioen aurka. Artikulu eta gutunen bitartez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako euskal herritar intelektual nagusi guztiekin izan zuen iskanbila dialektikoren bat edo beste.
Poeta sozial eta iraultzaile gisa definitu dute, eta poeta hiritar ere bai. Sarritan esan izan da, Bilbo hiria euskararen mapan kokatzea Arestiri zor diogula. Hain zuzen ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Bilbo industrial hura biziki presente egon da haren lanean; bera bizi izandako langileen auzoak: Zorrotza eta Basurtu. Azken auzo horretakoa da Amelia Esteban haren emaztea, "Melitxu", Leondik etorritako familiakoa.
1975eko ekainaren 5ean hil zen, 41 urterekin, gibeleko eritasunak jota.
Jon Kortazar ikertzaileak 2022ko abenduan argitaratutako artikulu batean[3] azaldu zuen Arestiren ikasle garaitako bi soneto agertu zirela, 1952-1953 ikasturteko erlijio ikasliburu baten barruan. Dirudienez, liburua ikaskide bati utzi zion, eta, urte asko geroago, atera ziren argitara.[4]
Kortazarren iritziz, Arestik gaztetan gaztelaniaz idatzitako bi sonetoetan hizkera «apurtzaile eta jantzia» erakutsi zuen, baina berehala hartuko zuen euskaraz idazten hasteko erabakia: «...badirudi garai horretan sortu zitzaiola euskaraz idazteko gogoa, zeren 19 eta 21 urte bitartean aldatu zuen hizkuntza, 1954an idatzi baitzion Andima Ibiñagabeitiari euskaraz eta poema bi bidali Euzko Gogoa-n argitaratzeko».[3]
2024ko urrian Kortazarrek Arestiren argitaratu gabeko beste lan bat ezagutzera eman zuen, 1955ean idatzitako Errota gorria izeneko euskarazko poema. [5]
Bi aro bereiz daitezke haren lanean:
« | Arestiren poesia kitzikagarri handia izan zen alde askotatik. Arestik poemak idazten zituen, baina poesia soziala, hitzaren zentzu zabalenean. Bertan klase-borroka, hizkuntzaren bizi nahia, eta nazioaren sentimendu berri bat aurkitzen nuen, folkloretik urruntzen zena, eta euskarari garrantzi berezia ematen ziona. Bestalde, poema elebidunak zirenez, bi hizkuntzetan "agoantatzen zuen" poesia. Izan ere, banuen halako sentimendu bat, euskarazko poesia edo bertso batzuk itzulezinak zirela, edo hobeto esateko, itzuliz gero lotsagarri geratzen zirela. Arestirengan euskaltasun berri bat aurkitu nuen, baserritik hirirako jauzia egina zuena. | » |
Bernardo Atxagak adierazi zuenez, Arestiren funtsezko iturria Biblia da.[7]
Adituen iritzira, T. S. Eliot estatubatuar poetaren eragina nabaria da Arestiren lehen poeman. Gizaki modernoaren irudi triste eta zibilizazioaren deskalabruaren adierazpena bide da Maldan behera, gizakiak zibilizazioaren aurrean egiten duen ibilbidearen kontaketa sinbolikoa.
Bere lanen artean, kantetarako nahita egindako hitzak idatzi zituen, gehienak Oskorri taldearekin elkarlanean eginak. Talde horrek disko bat atera zuen Gabriel Arestiren Omenez izenarekin, idazlearen poema musikatuez osatua. Horietako asko herri-kantu bihurtu dira:
Edizioaren alorrean, Kriselu argitaletxea sortu zuen eta ondoren, eratutako Lur argitaletxearen sorreran parte hartu zuen.[9]
Bere omenez, Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa antolatzen du urtero.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.