euskal idazle From Wikipedia, the free encyclopedia
Joseba Intxausti Rekondo (Segura, Gipuzkoa, 1936ko uztailaren 29a – Donostia, 2023ko abuztuaren 18a) fraide frantziskotarra (1942tik 1990eraino), idazlea, historialaria, irakaslea, ikertzailea eta euskaltzalea izan zen. Iturriotz'tar Iñaki eta Joanes Goia izengoitiak erabili zituen batzuetan, hasieran. Euskara eta euskal kultura modernizatzeko lanean aritu zen: idazten, ikertzen eta, batez ere, eragiten. 'Jakin' aldizkariaren birfundatzaileetako bat izan zen (zuzendaria izan zen 1958tik 1964raino),eta UZEIren sorrera bultzatu zuen (lehen zuzendaria izan zen 1977tik 1982raino). Aitzindaria izan zen euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan. [1][2][3][4]
Joseba Intxausti | |
---|---|
Joseba Intxausti (1993) Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotza | Segura, 1936ko uztailaren 29a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2023ko abuztuaren 18a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bartzelonako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania latina greziera frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, historialaria eta unibertsitateko irakaslea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Jakin |
jakin.eus | |
Egindako ikasketengatik historialaria bazen ere, historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu zen. aitzindaria izan zen historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan, oso gazte zela Jakin aldizkari sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zenean euskara batua sortu beharra aldarrikatuz, edota UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuenean.[5]
Euskaltzain urgazlea izendatu zuten 25 urterekin aditzari buruz aditua zelako. Lan ugari bideratu zituen Euskaltzaindiarekin eta 2004an euskaltzain ohorezko izendatu zuten.[6]
Espainiako gerra zibila piztu berritan jaio zen. Ama, Dolores Rekondo Mujika, justu erreketeak herrian sartu eta handik bost egunera erditu zen Josebaz eta anaia bikiaz. Ama Emakume Abertzale Batzaren inguruan ibilitakoa zen. Hark irakatsi zion euskaraz idazten eta abertzale izaten.[7][8]
Haurtzaroan eskola, eliz mundua, dotrina, eta pilota izan zituen protagonista. Zaletasun handia nuen pilotarako. Baina haur gaixo bat izan zen 6-7 urtetatik kasik 16 urtetaraino.[8]
Hamabi urte zituenerako garbi zuen fraide izan nahi zuela eta, horretarako, Arantzazura joan nahi zuela.
Frantziskotarren santutegiko seminario txikian hasi zen, 1948an, 12 urterekin. Handik hiru urtera Forura jo zuen, Imanol Berriatua zuzendari zuen apaiz-ikastetxera. Han beste hiru urte egin ondoren, Zarauzko nobizio-etxean egin zuen urtebete.
Orduan gainditu zuen osasun-arazoak. Lehenagoko bi urtetan etxera itzuli behar izan zuen osasunagatik. Arantzazura joan eta urtebetera, udan, bizpahiru hilabete egon zen etxean gaixorik. Geroago ere, 14-15 urte zituela, etxera joan behar izan zuen, martxotik abenduraino. Baina Zarautza nobiziatura joan eta orduantxe gainditu zuen dena. Hortik aurrera ez zuen osasun-arazorik izan. [8]
1955ean iritsi zen Erriberriko seminario nagusira, filosofia ikasketak egitera. Euskalgintzan egin zuen ibilbide luzeko lehen pausoak Erriberrin eman zituen, artean ikasle zela ikaskideei alfabetatze eskolak emanez, batetik, eta ikasleek urtean behin argitaratzen zuten Gure izarra aldizkarian hainbat lan argitaratuz, bestetik. Kepa Enbeita, Joxe Azurmendi, eta Juanito Laskibar izan zituen lagun aldizkariko kontuetan.[5][8]
1958an Arantzazura itzuli zen, teologia-ikasketei ekitera. Jakin aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen orduan. Euskaltzaindiak 1961ean izendatu zuen euskaltzain urgazle.[9][10]
« | Gurean, erabat harturik, iragan mendeko 60ko hamarkadaren distirak itzali egin du 50eko hamarkadako literatur ekoizpena. Hamarkada haren garrantzia begiz jotzen aurrendari Joseba Intxausti izan genuen. 70eko hamarkadaren amaiera aldera bi artikulu esanguratsu idatzi baitzituen Euzko-gogoa aldizkariaz, eta hori lehen mugarria jartzea bezala izan zen hamarkada haren berreskurapenean. | » |
Teologia ikasketak burututa eta apaiz frantziskotar bihurturik, Foruko apaiz ikastegian irakasle aritu zen bi urtez, 1962tik 1964ra.[9] Filosofia eta Teologia bukatuta, Forura joatea mundu berri batean sartzea zen Intxaustirentzat: literaturaren eta hizkuntzaren munduan. Alfabetatze munduan esperientzia lehendik zekarren, baina literatura irakastea, hori berria zuen. Gogoz ibili zen. Zorte handia ere izan zuen, ikasturte batean edo bestean oso ikasle onak izan baitzituen: Iñaki Beristain, Lontxo Oiartzabal, Migel Loinaz...[8]
Ondoren, Kataluniara jo zuen, Bartzelonako Unibertsitatean ikasketak osatzera: historia garaikide eta modernoko lizentziatura egin zuen.
Bartzelonako euskal unibertsitario euskaldunekin ibiltzeko aukera ere izan nuen: gazteak, Euskal Herriaz kezkatuak, eta politikoagoak, inondik ere. Ikasle talde horretako ekimen kulturaletan hartu zuen parte, meza eta hitzaldietan esku hartuz, euskara klaseak emanez. Gero politikan ibili zen zenbait lagun han ezagutu zuen, Koldo Gorostiaga esate baterako,[8]
Irakasle ere izan zen bertan urtebetez, baina Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen 1970ean.[9][8]
1969an Jakin aldizkaria argitaratzeko debekua ezarri zuen administrazio frankistak, eta orduan 1970an bide berri bati ekin zion Jakinek, aldizkari izan gabe liburu monografikoak argitaratuko zituzten, dena Intxaustiren zuzendaritzapean eta hainbatekin lankidetzan (Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta atzerrian zeuden beste batzuk).[12] 1972tik aurrera Tolosako frantziskotarren etxean bildu ziren Jakin Taldeko kideak. 1973-1974 urteetan Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria ere izan zen Intxausti.[9]
Franko hil ondoren, 1977an Jakin aldizkaria berriro argitaratzen hasi ziren, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.[9]
Euskara batuaren aditza eta morfologia ondo finkatuta egon zenean terminologia modernoaren premia nabarmena zen. Euskararen terminologia arazoari irtenbidea ematen hasteko garaia zela eta, Natur Zientziak hiztegi txikia egitea erabaki zen Jakinen bertan. 1976an atera zuten berori, aurreko bi urteetan-edo landuta. Ez ez zuten Jakinekoek bakarrik egin. Haiek teologia edo filosofia ikasita zeuden, natur zientzietatik deus gutxi. Jesus Altuna eta Aranzadiko taldearengana jo zuten. Elkarrekin lan egin zuten, ikusi zen zer lan zaila zen, eta ikusi zen ezinezkoa zela hori ordura arte bezala eramatea, nahitaezkoa zela horretarako erakunderen bat edo elkarteren bat sortzea. Hortik sortu zen UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea), lantalde berezituak bildu eta terminologiak finkatzen lagun zezan.[8]
UZEIren sorrera bultzatu zuen Intxaustik. Hiru gauza behar zituzten terminologia tekniko baturako irtenbide egoki bat lortzeko: proiektu bat, hori finantzatuko zuten ongileak, eta proiektuan lan egingo zuten lankideak. Intxaustik idatzi zuen proiektua eta bera izan zen lehen zuzendaria. Finantzazio gehiena Lan Kide Aurrezkiak eman zuen. 1977ko abenduan Donostiako Alde Zaharreko Esterlines kalean ireki zuten UZEIren bulegoa, gaur egun Bilintx dagoen tokian. Oso denbora gutxian, bizpahiru urtetan, laurehun eta gehiago adituk parte hartu zuten UZEIren lanetan. [8]
Tamalez une hartan ezin izan zuten benetako euskarazko kulturgintza espezializatuaren eskola bat sortu. Hori zen UZEIko oinarrizko ideietako bat. Baina gauzak gaiztotu ziren Koldo Mitxelenak UZEIri buruzko oso artikulu kritikoa argitaratu zuenean, 1981ean. Mitxelenaren jarrera zen terminologiaren lana ez zuela UZEIk bideratu behar, baizik eta unibertsitateak, edo erakunde publikoek zuzenean egin behar zutela. Eztabaida handia izan zen gizarte mailan. Azkenean ondo neurtutako erabaki instituzionalek terminologiara bakarrik mugatu zuten UZEIren lana. Terminologia gizartean zabaltzeko alde soziala UZEItik kanpo geratu zen. Eskerrak, baina hiztegiak sortzeko lanide izan ziren irakasleek zulo hori bete zutela.[8]
Guztira hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari (1977-1982), eta ondorengoak langile.
UZEIko zuzendaria izan zen bitartean hiztegiak sortzeko lehenengo metodo informatikoak sortu zituen UZEIk, Intxaustik Klaudio Harluxet informatikari lapurtarrarekin lortu zuen lankidetzari esker.[13]
Urte horietan Intxausti Udako Euskal Unibertsitateko Historia sailean aritu zen sailburu (1978-1980) eta irakasle.[9] UZEIn erabakia zuten langileon orduetatik parte bat UEUrako emango zutela, UEUk eta UZEIk helburu berberak zituzten eta.[8] Aurretik UEUko lehenengo urtean "Ipar Euskal Herria 1870tik 1914rat" hitzaldia emana zuen Donibane Lohizunen 1973an. Sailburu izan zen urte haien inguruan hauek izan ziren bere ekarpenak Iruñean:[14]
Izenburua | Irakaslea(k) | Urtea | Ikastaroa/Hitzaldia |
---|---|---|---|
Historia ikastaldia | Joseba Intxausti | 1977 | Ikastaroa |
Historiako hiztegiaren aurkezpena | Joseba Intxausti | 1978 | Hitzaldia |
Historia Hiztegirako oinarriak | Joseba Intxausti | 1979 | Ikastaroa |
BUP-erako textu eta ariketak, gaiak | Joseba Agirreazkuenaga, Agustin Azkarate, Jazinto Fernandez, Joseba Intxausti | 1980 | Hitzaldia |
Izen propio historikoak | Joseba Agirreazkuenaga, Agustin Azkarate, Jazinto Fernandez, Joseba Intxausti | 1980 | Ikastaroa |
Terminologia historiko berezitua | Joseba Agirreazkuenaga, Agustin Azkarate, Jazinto Fernandez, Joseba Intxausti | 1980 | Ikastaroa |
Transkripzio arazo larrienak | Joseba Agirreazkuenaga, Agustin Azkarate, Kepa Fernandez de Larrinoa, Jazinto Fernandez, Joseba Intxausti | 1980 | Ikastaroa |
Histori lexikogintza | Joseba Intxausti | 1981 | Ikastaroa |
Nafarroako erdialde eta Ebro aldeko populaketaren azterketa | Joseba Intxausti | 1981 | Hitzaldia |
Lexiko historikoa ekonomia, artea eta historiaurrean | Joseba Intxausti | 1982 | Ikastaroa |
Batez ere Kulturgintzaren historia aztertu zuen bere idatzietan, bi arlo hauetan: euskararen historia soziala eta Euskal Herriko historia erlijiosoa.[16]
Horrela Euskal Herria lan entziklopediko elebiduna zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean. Jakin-ek argitaratu zuen, 120 adituk parte hartu zuten eta 12.000 ale banatu ziren. Mila Larrea eta Pili Larrea lankidetza garrantzitsua izan zen artikuluen testu-sorkuntzan [17][8]
Bidegileak bilduma asmatu eta zuzendu zuen hasierako urteetan.[18] Eusko Jaurlaritzako Mari karmen Garmendiak finantzatuta, euskalgintzan, euskal kulturgintzan nabarmendu diren dozenaka pertsonen biografia laburrak egitea zuen helburu. Bidegileak bildumako lehen hamahiruak Intxaustik berak egin zituen.[2][8]
Ikastolen historia idazteko deitu zutenean erantzun zien ikastolen historia osorik ez zegoela egiterik. Lanak falta zirelako eta dokumentazioa behar bezala ez zegoelako. Ondorioz Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen, Historia baten bila:euskal eskolaren iraganaz: EHIHren Proiektua, 1990).[19] Altxor ederra bildu zuten hainbat lekukoren testigantza jasota. Gero Eba Gaztañazpi historialari oriotarrak jarraitu zuen lan horrekin. Nafarroako ikastolekin antzeko lana egin zuen geroago Jesus Atxak.[8]
Egunkaria Sortzen taldeko 75 kideetako bat ere izan zen hasieran, 1990ean.[2]
1989 eta 1990ean Jakin-en egitura sekularizatu egin zen. Erabaki pertsonalak zirela medio. Torrealdaik, Azurmendik eta Intxaustik fraidetza utzi zuten. Ordura arte frantziskotarren zen aldizkaria Jakinkizunak elkarte laikora pasatu zen. Lehengo kideek jarraitu zuten, baina beste formula juridiko batekin eta lankidetza berri batzuk bilduz. Pauso naturala bezala izan zen, nolabait aldizkariari eta bertako eginkizunei beste testuinguru libreagoa emanda. Hortik sortu zen Jakinkizunak.[8]
« | Ikusi nuenean Eliza ofizialak apaiz bati eskatzen zizkion gauzetarako ni ez nintzela jada pertsonarik egokiena, erabaki nuen, Elizarekiko eta nire buruarekiko jatortasunez, lotura-mota instituzional haietatik kanpo neure gisarago ibili behar nuela, gauzak zuzen egiteko. Gero, praktikan, 1990etik hona, erlijiotasunaz, oro har, eta Elizaren historiaz askoz lan gehiago egin dut, aurreko 30 edo 40 urteetan baino. | » |
—Joseba Intxausti, sekularizazioaz[2] |
Entziklopediagintzan ere lan nabarmena egin zuen, 1992-1999 tartean Eusenor enpresan hurrengo urteetan funtsezko erreferentzia-lanak izango ziren argitalpen hauek sortu zituzten: Hiztegi entziklopedikoa, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa (8 tomo), Gazteen Entziklopedia,[20][15] eta Entzikloklik CD-ROMa.
Gazteen entziklopedia euskaraz sortutako lehen entziklopedia grafikoa izan zen. Lehenengo zenbakia 1992an argitaratu zuen EUSENOR Fundazioak, eta guztira 8 liburuki zituen.[21] guztira 750 artikulu argitaratu zituzten, artikulu bakoitzak orrialde oso bat hartzen zuen eta material grafiko ugarirekin batera azaltzen zen. Entziklopedia grafikoaren eredua Sven Lidman editore suediarraren zuzendaritzapean 1968an sortutako Combi Visuell entziklopedia ihartu zuten. Bestalde, azken liburukiak bukaeran 6.000 kontzepturen definizio labur-laburra zekarren, kontzeptu horietako bakoitza zein liburukitan eta zein artikulu nagusitan agertzen zen zehazteko.[22][23] Gazteen Entziklopediako bultzatzaile nagusiak Paulo Agirrebaltzategi eta Andoni Sagarna izan ziren. Intxaustiren funtzioa harremanena izan zen: proiektuaren berri eman erakundeetan, alderdi politikoei azaldu eta abar.[8]
Juan Zelaia enpresariaren eskutik sortutako Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko Idazkari Nagusia izan zen Intxausti, sorrera beretik 2016ra arte (1994-2016). Hainbat lanen sustatzaile izan zen handik.[2] Fundazioak aukera eman zion berak zituen euskal kezkak aurrera eramateko, eta egiten ez ziren gauza batzuk egiteko denbora eman zion. Alde horretatik, Fundazioaren idazkaritza daramadan aldi berean, beste lanetan ere ibili zen. Besteak beste 2001az geroztik Pamiela argitaletxearekin antolatutako Juan Zelaia Saiakera Saria, eta Eresbilekin antolatutako musika-beka bat.[8][24]
Azken urteetan bi ikerlerro nagusiri jarri zien arreta Intxaustik. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoa abian jarri eta jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez,[25] eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin zuen, lekukoa hartu nahi dionarentzat oinarriak jarriz.[5]
Hainbat obra kolektibo zuzendu, kudeatu eta editatu ditu Intxaustik.[2] Zenbait urtetan egon zen Euskaltzaindiarentzat lan egiten, euskararen historia sozialerako talde bat sortzen, Fundaziotik utzita. Hau da, Fundazioak lagundu zuen Intxaustiren lana Euskaltzaindian.[8]
Aurretik lan handia eginda zeukan Intxaustik euskararen historia sozialaren gaiaren inguruan, esaterako, Lur eta gizon: Euskal Herria (1974),[26] Euskararen liburu zuria (1978); Euskal Hitz (1987), Euskal Herria entziklopedia (1985), Arantzazu. Euskal santutegi bat XX. mendean (2001),[27] eta beste hainbat.
Horrela, adibidez, oraindik Franko bizi zela, arteaz, geografiaz eta Euskal Herriaz 1974an "Lur eta Gizon: Euskal Herria" erakusketa prestatu zuen. Gero Jakin-ek Arantzazun liburu bat argitaratu zuen egile hauekin: A. Arana Martija, J. M. Barandiatan, R. Bozas-Urrutia, J. M. Eizagirre-Garaikoa, J. Intxausti, A. Irigoyen, P. Lafitte, J. I. Linazasoro, J. L. Lizundia, J. San Martin, J. M. Satrustegi, M. Ugalde, L. Villasante.[28][26]
1978an Euskaltzaindiak sortu zuen Euskararen liburu zuria liburuan parte hartu zuen. Koldo Mitxelenaren "Sarrera" garrantzitsua barne zelarik, guztira hamasei laguneko espezialista-talde batek idatzia izan zen bere osotasunean (Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola, Joseba Intxausti Rekondo, Luis Villasante, Juan Mari Lekuona, Koldo Larrañaga, Joxe Migel Barandiaran, Jose Maria Satrustegi, Gregorio Monreal, Margarita Rica, Jose Urrutia, Jose Manuel Castells, Jose Antonio Obieta, Jose Luis Alvarez, Maria Jose Azurmendi).[29]
« | Ez dago zalantzarik: Euskaltzaindiaren ia mende beteko iraganean Euskararen liburu zuria da euskarak historian izan dituen baldintza etno-kultural, ekonomiko, sozial, legal, politiko, administratibo, literario, erlijioso eta abar argitara ekartzen egindako ahaleginik serio eta aberatsena. Geroztik, Akademiak ez du tamaina bereko beste saiorik egin, edo, behintzat, eten bat egon da hor. | » |
—Joseba Intxausti, Euskera, 2007 |
Euskal Hitz erakusketa prestatu zuen euskarari buruz, 1987an Jaurlaritzako Mari karmen Garmendiak eskatuta.[30] II. Euskal Mundu Biltzarraren estreinaldikoan (Donostia,1987) aurkeztu zen "Euskal Hitz, Euskararen Erakusketa Orokorra" izenburuarekin, eta gero bi urtez ibili zen Euskal Herri osoan, herriz herri. ikus-entzunezko metodoen bitartez euskararen historia azaltzen zuen (Axularren edizioa, Leizarragaren edizio bat, begira Larramendiren gramatika...).[31][32][2][8] Ondoren bi erakusketa antolatu zituzten Nafarroaz: Euskara Denona (1989-1990) eta Euskararen iraupena Nafarroako gazteleran (1991)[8]
Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektua antolatu zuen Intxaustik 2007an Euskararen historia soziala lantzeko, eta proiektuaren zuzendaria izan zen 2010ean Mikel Zalbide euskaltzainak ardura hori hartu zuen arte.
Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu azken urteetan erlijioaren historiaz. adibidez hauek:[33]
Institutu erlijiosoei buruz Arantzazun egindako kongresua Fundaziotik egina da Intxaustiren lanari zegokion neurrian. Hor argitara eman diren liburu marduletan Fundazioak esku zuzena izan zuen.
« | Ez naiz fedearen eta fedeak sustatzeko historialaria. Informatu egin dezaket, neurritxoren batean, betiere gizarte sekularizatu bateko aniztasun erlijiosoak onar dezakeen moduan. Hori nahiko nuke, behintzat. Horretarako idazketa pertsonalaren ondoan talde-lana sustatzen ahalegindu naiz. "Euskal Herriko Erlijiosoen Historian" ikus daiteke hori. | » |
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961eko abuztuaren 25ean eta ohorezko, 2004ko azaroaren 26an. Euskaltzaindiko hainbat batzordetan aritu izan da: Aditza (1970), Argitalpena (1971, 1978), Alfabetatzea (1972), Gramatika (1976), Gipuzkoako ordezkaritza (1979), Joanes Etxeberri egitasmoa (2007tik) eta Euskera agerkaria (2009tik).[35]
Jakin taldean Intxausti maisua eta gidaria izan zen hizkuntzaren gaineko afera guztietan Jakinen eta, ezaguna ez den arren, Txillardegirekin estuki jardun zuela batasunaren borrokan.[7]
1964an, euskara batua sortzeko bidean zinezko detonagailua izan zen Baionako Euskal Idazkaritzak emandako gomendioak direla eta, aipamen berezia merezi du Jakin aldizkariko zuzendaritza gazteak izandako portaera. Izan ere, biltzarrera zuzendaritzako Joseba Intxausti bidali zuten ordezkari, adierazita ezen Baionan erabakiko zena, aldez aurretik onartutzat emango zuela Jakin aldizkariak. Esan eta egin, 1965eko urtarrileko zenbakian argi eta garbi zioen: «Jakinek erabaki hauek guztiak onartu egin ditu, eta bete egingo ditu».[37] Artikuluen artetik, aipagarria da Jakin jaio berri hartan 1959an argitaratu zuen «Illobira bultzaka» artikulua.[36] Garbizalekeriaren kontra idatzitako testu funtsezkoa izan zen, hain zuzen artikulu horrekin garbitu zelako batuaren bidearen sasitza.[7] Garai hartan euskal letretan nagusi zen jatorrismoak euskara itoko ote zuen kezkatuta zegoen ordurako Intxausti, eredu harekin ezinezko ikusten baitzuen euskaraz arlo guztiei buruz aritzea, besteak beste zientziari eta teknika modernoei buruz irakurleek ulertzeko moduan idaztea. 1959an Jakinen argitaratutako «Illobira bultzaka» artikulua da Intxaustik arlo horretan izandako aitzindaritzaren lekuko.[5][8]
« | Gaurko Zazpikatueta-ren etorkizuna nahiko ilun ikusten da. Hildako idazleek ez dute sepulturetatik jeiki nahi; Baosadi oraindik ere ibar-behera doa eta zubiak beharko dira Laukatuetatik Hirukatueta-ra pasatzeko, eta, anitzek uste duenez, arbasoen mihauera ikastea baino samurrago izango da kondaira zehar jaio den gaurko mihauera bateratua ikastea. | » |
—Joseba Intxaustik eztabaida giroan idatzia, hizkuntza nazional batua nahitaezkoa zela adierazteko.[38][39] |
Ez dago zalantzarik Joseba Intxausti aitzindari arrakastatsuetako bat dela. Euskara batuaren oinarriak 1966an sortu zirenean, euskara batu horrekin hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo bat sortu behar izan zenean, Intxausti erronka hori gainditzeko aitzindari arrakastatsuetako bat izan zen (Jose Ramon Etxebarria,, Xabier Kintana, Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, Luis Bandres, Joseba Intxausti, Klaudio Harluxet, Jose Antonio Aduriz, Martxel Aizpurua, Lore Azkarate, Andres Urrutia...).[40]
Euskara irakasteko oso material idatzi gutxi zegoen garaian 1959 eta 1965 urteen artean hiru liburu argitaratu zituen euskal aditzari buruz. 1959koan taula batzuk baino ez zeuden.[41] 1960koan, Euskal-aditza liburua,[42] ehun bat taula agertzen ziren aditz-paradigma guztiak finkatzeko, bizkaieraz eta gipuzkeraz. Handik bost urtera, berriz, aurreko lana osatzera zetorren beste argitalpen bat plazaratu zuen: Las siete lecciones del Euskal-aditza.[43][39][44]
Imanol Berriatuarengadik jasotako ondarea izan zen aditzarena: hark grinatu zuen Intxausti horretan, eta berehala, Erriberritik hasita, Intxaustiren artisau-lana egin ahal izan zuen, lehenik beretzat eta aldi berean ikas-lagunentzat ikastaroak emanez.[8] Argitalpena berez etorri zen: lehendabizi, Omaetxebarriari lagundu zion Euskera aldizkariaren edizio bat prestatzen, eta gero berea egin zuen elizaren ikastetxeetarako batez ere. Tresna praktiko bat, gehiago gabe, baina batzuei lagundu izan ziena. Euskaltzaindikoa besterik da: 1961ean izendatu zuten urgazle, eta 1962-1964etako Batzarretan parte hartu zuen. Gero 1964-1970 urteetan Bartzelonan historia ikasi eta gero, itzultzean, 1970ean, jardun zuen aditz batuarenean. Bere ekarpena funtsezkoa izan zen aditz batua finkatzeko orduan.[39]
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean euskararen aldeko mugimendua indartzen ari zen, eta irakaskuntza-sistema propioaren aldarrikapenarekin batera euskara arlo guztietara egokitzeko ahalegina azpiegitura linguistikoa finkatzera bideratuta zegoen. Une hartan proiektu ezin erakargarriago bat gidatu zuen Joseba Intxaustik: UZEI sortu zuen 1977an, hau da, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkartea.[46][37]
UZEIren lehenengo proiektu handia jakintza-arlo nagusietako hiztegi teknikoak
prestatzea izan zen, euskarazko terminologia-lanari bultzada emateko asmoz. UZEIk Jakinek 1976 argitaraturiko Natur Zientziak hiztegia hartu zuen eredutzat, eta arlo bakoitzeko aditu espezialista euskaldunak elkartu zituen lankidetzan beren arloko hiztegi teknikoak osatzeko, terminoak lau mailatan antolaturik: lehen mailan, arloko enborrezko atalei buruzko artikulu entziklopediko luzeak; bigarrenean, kontzeptu nagusiei buruzko azalpenezko artikulu konkretuak; hirugarrenean, arloko termino giltzarrien definizioak; eta laugarrenean arloko terminoen zerrenda eleaniztuna, euskarazko terminoarekin batera gaztelania, frantses eta ingelesezko termino baliokideak bilduz. Egitura berbera izan zuten hiztegi guztiek.[37]
Sortutako hiztegiok funtsezkoak izan ziren euskaldunen komunitate akademikoa sortu eta finkatzeko. Lankide-sareak sortu ziren espezialitate bakoitzean; emaitza ez zen izan izan hiztegiak egoitea besterik gabe, jendea trebatzea ere lortu zen. Fisika hiztegian, adibidez, egile guzti hauen artean sortu zen sare bat: I. Añon, L.M. Bandres, J.M. Bujanda, M.J. Erkizia, J.R. Etxebarria, X. Intxausti, J. Iturbe, X. Larrea, A. Sagarna, J. Sukia, I. Tapia, K. Zalbide eta M. Zalbide.[37]
Gerora, hasierako hiztegi haiek garatuz eta osatuz joan ziren, baita datu-base terminologiko bihurtuz ere. Fisikaren arloaren adibidearekin jarraituz, beste bi hiztegi sortu dira geroago: Energiaren hiztegi entziklopedikoa (2000)[47] eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (2009). Bigarren horretan berrehundik gora espezialistak hartu zuten parte, zientzia eta teknologiako 23.000 kontzeptu landuz eta 607 artikulu entziklopediko idatziz; bistan denez, hasierako UZEIko hiztegiek komunitate zientifiko euskalduna sortu ahal izateko hazia izan ziren.[37]
Hauek dira UZEIk sortutako hiztegi terminologiko horietako batzuk:
Joseba Intxaustik 1987ra arte lan egin zuen UZEIn. Ordura arte egindako hiztegi terminologiko guztiak batuta eta elektronikoki eskaini zituen UZEIk Euskalterm banku terminologikoan. Honela, 1986an Euskalterm terminologia-bankua sortu zen bere baitan.
Intxaustiren idazlanen zerrenda oso luzea da, Jakin-ek 2017an 526 dokumentu digitalizatu zituen:[48] eta www.jakin.eus/intxausti atarian jarri zituen denon eskura. Obra guztien datuen artean bilaketak egin daitezke, edo idazlanen zerrendak ere lortu daitezke: aurkibide osoa,[49] gaikako zerrenda[50] eta zerrenda osoa idazlan bakoitzaren bertsio digitalizatua ikusteko estekarekin.[51]
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako ekarpenak 106 dira.[52]
Intxaustiren obra nagusiak hauek dira: Izatea ta bere zentzua (1960), Euskal Aditza (1960), Las siete lecciones del Euskal aditza (1965) eta Iraultzaren ildotik (1972). Beste batzuekin batera, lan hauen egilea: Lur eta Gizon (1974) eta Euskal Idazleak Gaur (1977), Historia baten bila (1991), Euskal Herriko erlijiosoen historia (2004) eta Euskara eta hizkuntzak, gizartean (2014).
Obra guztiaren digitalizazioaren zenbait datu dira hauek:[53]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.