sortze lan narratiboa marrazki eta irudietan oinarritua From Wikipedia, the free encyclopedia
Komikia kontakizun bat osatzen duen irudi-sorta bat da, testuen bidez lagun daitekeena. 'Txisteak', 'kontuak', 'tebeoak' eta 'ixtorioak' hitzak, besteak beste, erabili izan dira komiki adierazteko lagunarteko erregistroan[1]. Argitaratzeko modurik ohikoena komiki-tira edo ziri-marra da, egunkari eta aldizkarietan agertzen dena, baita liburuetan ere.
Haren lehen aztarnak Europan, XV. mendean daudeu, aurretik AEBetan beste balizko lekukotza batzuk egon arren.
Nazioartean, oso ezagunak dira René Goscinny eta Albert Uderzo («Asterix»), Hergé («Tintin») komikigile europarrak eta Quino argentinarra («Mafalda»); halaber, Jose Escobar («Zipi eta Zape») eta Francisco Ibáñez («Mortadelo eta Filemón») bartzelonarrak. Euskarazko egileen artean, Patxi Gallego nabari da, helduentzat egin dituen lanengatik.
Komikiaren historia azaltzea konplexua da, komikia zer den zehaztu behar baita. Irudi bidez kontatzeko sena gizakiak hasiera-hasieratik izan badu ere, eta askok historiaurreko leizeetako irudiak eta geroztikako irudi-segida guztiak komikigintzaren aitzindaritzat hartzen badituzte ere, adituek hiru irizpide darabiltzate komikia definitzeko: sekuentzia edo irudien segida ordenatu bat izatea, testuaren eta irudiaren arteko harremana, eta baliabide teknikoen bidez obra kopuru handietan kopiatu eta zabaldu ahal izateko gaitasuna.
Beste ikertzaile batzuek azpimarratzen dute komikiek Egiptoko hieroglifikoetan hasi zirela agertzen. Izan ere, kontuan izan behar da egiptoarrek istorioak marrazkien bitartez kontatzen zituztela. Halaber, hieroglifikoak papiroan eta muraletan margotzen zituzten. Hala ere, marrazki horiek beraien idazteko modua ziren; aitzitik, komikiak marrazkiak dira irudiekin.[2]
Bada komikiak Erroman jaio zirela aipatzen duenik ere. Izan ere, Trajanoren edo Marko Aurelioren oroitzapenezko hodietan ere aurki daitezke istorioak kontatzen dituzten irudien adibideak.[2]
XIX. mendearen amaiera ezinbestez azpimarratzeko garaia da. Bai Europan eta baita Estatu Batuetan ere egunkariak komikiak egiten hasi ziren. Beraien helburua irakurle asko erakartzea eta eskaera gehiago izatea ziren. Estatu Batuetan inprimatzeko sistemak modernizatu ziren; ondorioz, 1893an, kolorezko inprimakiak egiten ziren. 1895ean New York World egunkarian Richard F.Outcault-ek marrazki bat egin zuen. Hori oso erabakigarria izan zen komikiaren historian. Autore horrek sortu zuen pertsonaia TheYellowKid izan zen, biztanle txinatar bat. Badirudi pertsonaia hori oso ospetsua zela New Yorkeko auzoetan. Pertsonaia hori oso garrantzitsu bihurtu zen gaur egun komiki bezala ezagutzen dugun horretara asko hurbiltzen zelako.[2]
Espainiari dagokionez, komikia 1940. urteetan entretenitzeko modu nagusia bilakatu zen. Hala ere, bilakaera oso handia izan du urte horietatik gaur arte. Urte horietan zehar aldaketa handiak izan ditu bai eremu artistikoan eta baita merkataritza-eremuan ere. [3]
1940 eta 1950 urteetan nagusitu zen loraldia beherantz joaten hasi zen 1970 inguruan. Garai hartan diru gutxi zuzentzen zitzaion komikien industriari. Gainera, zentsura gero eta biziagoa bihurtzen hasi zen eta zenbait autorek ezin izan zituzten beraien lanak publikatu. 1970reko hamarkadaren amaieran, Nueva Frontera argitaletxeak aldizkari formatua asmatu zuen eta ospe izugarria izan zuen Italian eta Frantzian. Komiki tradizionala alde batera utzi eta izaera berri bat hartu zuen testuak, heldu-izaera hain zuzen ere. Nueva Frontera aldizkariarekin batera beste aldizkari batzuk ere hasi ziren komiki helduago bat egiten. Horrela, komikiak berriro jaso zuen aurretik hain esanguratsua zen ospea. [3]
1990retik aurrera autogestio saiakerak hasi ziren eta teknologiaren eta inprentaren hobekuntzek komikien eboluzioan lagundu zuten. Autogestioan hasi ziren argitaletxe txikiak nagusitzen hasi ziren eta hainbat berrikuntza egin zituzten. Horien artean zegoen formatu tradizionaletik album formatura pasatzearena.[3]
XXI. mendean komikia modu desberdinean hautematen hasi zen gizartean. Manga nagusitzen hasi zen. Horrela, komikiak irakurle berriak eta irakurtzeko modu berriak bereganatu zituen. Komikiak egunkari ia guztietan agertzen hasi ziren. Komikietako superheroiak zinemara eramaten hasi ziren. Ondorioz, atzerriko komikiak garrantzitsu bihurtzen hasi ziren.[3]
Gertaera jakin bat irudi segida baten bidez irudikatzea gizadiak hasiera-hasieratik erabili izan badu ere adierazpide gisa, komikia esaten zaion horrek bere ezaugarri, teknika, hizkuntza eta baliabide bereziak ditu; ez da literatura, ez da zinema, ez da pintura, baina badu literaturarekin, zinemarekin eta pinturarekin harremanik eta bai orobat haien eraginik.
Komikiak narrazio gisa hartu daitezke. Hala ere, komikietako narrazioa oso gutxi aztertu izan da. Komikiek jakin-mina pizten dute irakurlearengan, baina ezaugarri hori gutxi aztertu izan dute ikertzaileek. Era berean, komikiak irudiz josita daude. Hori horrela izanik, irudiek atentzioa ematen diote irakurleari. Ezin dira komikiak ulertu irudirik gabe.[4]
Komikiak ez zuen bere tankera eta eginbide berezia hartu, harik eta masa hedabide handiek indarra hartu ez zuten arte, eta, bereziki, Estatu Batuetan, XX. mendearen hasieran, prentsa jabe handiek beren egunkarietako igandetako gehigarri koloredunen bidez izan zuten lehia biziak bultzada erran eta irakurle masa handi batera iristeko aukera eman zion arte.
Komikiak etengabeko bilakaera izan du bai bere egituran, bai bere irakurleengan, eta bai bere pertsonaia eta heroietan. Zinemarekin batera, eta telebista sortu ere baino lehen, eragin handia izan du irudiaren zibilizazio bat sortzen. XX. mende osoko joera estetiko eta sozial guztiak bereganatu eta adierazi ondoren, gaur egun komikiak aztarna utzia du sorkuntzaren eta komunikazioaren alor guztietan : prentsa, publizitate, pintura, zineman.
Komikiaren hizkuntza kode linguistikoaren (hitzak) eta ikonikoaren (irudiak) arteko konbinazioa da. Horrela, irakurleak interpretazio-gaitasunak eta hitzak ulertzeko gaitasunak landu behar ditu. Komikietan alde artistikoa (irudiak) eta literarioa (hitzak) berdin konbinatzen dira. Denbora eta toki berean hitzak irakurtzea eta irudiak interpretatzea da komikien egitekoa. Komikiek kode asko erabiltzen dituzte. Hori horrela. hainbat informazio transmititzeko gaitasuna eskaintzen dute. [5]
Gehienetan komikiek errepikatutako irudiak eta zeinu-sistema zabala erabiltzen dituzte. Irudi eta zeinu horiek behin eta berriz errepikatzen dira. Ondorioz, antzeko ideiei buruz aritzen dira komikiak gehienetan, hau da, komiki-irakurleek errez identifikatu ditzakete sinboloak eta zeinuak. Horiek guztiak unibertsalki ospetsuak dira. Komikiek askotan zinemako hizkuntza ere erabiltzen du narrazioa azaltzeko. Gainera, figura erretorikoak oso ohikoak dira komikietan. [5]
Hitzezko adierazpenak bunbuiloen barruan ematen dira komikian, eta horiek pertsonaien ahotik, eta objektuen barrualdetik ateratzen dira. Irudiak ez du hitza argitzen edo apaintzen, biak maila berean daude, eta, noski, askotan komikiak ez du hitzik, zarata besterik ez du, edo mutua izaten da, besterik gabe.
Komikian testua eta irudia ezin hautsizko moduan daude elkarri lotuta, elkarren osagarriak dira eta bakoitzak bere zeregina du kontakizunean. Hitzak eta zeinuak eskuz marraztuta behar dute, neurriz, itxuraz eta idazkeraz adierazgarriak izan daitezen. Laukian duten kokalekuagatik, tamainagatik, estilo grafikoagatik, bunbuiloek erritmo jakin bat ematen diote irakurketari: isiluneak, zalantzak, bat-bateko azelerazioak definitzen dituzte, irudietan zehar eta orrialdean zehar mugitzen lagunduz begiari.
Hitzak kode ideografiko jakin bat du komikian: bunbuiloek pertsonaien hitzezko adierazpenak ematen dituzte; letren loditasunak edo handi-txikiak ahotsaren indarra, doinuaren goratasuna adierazten dute bunbuiloaren barnean zeinu jakin batzuk sartuz (hodei beltzak, burezurrak, labanak, loreak ...) oinarrizko sentimenduak adierazten dira: haserrea, goxotasuna, maitasuna, tristura... Askotan, tamainaren, formaren, eta irudian duen kokalekuaren bidez testuaren tankerak testuaren edukiak bezainbat adierazten du: letrak puztu egiten dira, mehetu edo bihurritu, bunbuiloetatik gainezka egiten dute, irudia inbaditzen dute, onomatopeia huts bihurtzen dira.
Kontakizuna plano segida batez adieraztea du komikiak ezaugarri berezkoenetako bat ; marrazki zerrenda bat da beraz, eta segidaren eta kontatzearen aipu hori du hizkuntza askotan komikiari eman zaion izenak : comic strip ingelesez umorezko zerrenda esan nahi du-, historietas gaztelaniaz ―istoriotxoak edo―, bande dessinée frantsesez ―zerrenda marraztua―, manga japonieraz ―irudi ugaritasuna―, fumetto italieraz ―pertsonaien ahotik ateratzen diren bunbuiloen aipuz. Hala ere, ingelesezko comic hitza nagusitu da mundu osoan ―baita euskaraz ere, egokitzapen grafikoaz, komiki―, nahiz komikiak aspaldi utzi zion soil-soilik umorezko izateari.
Komikia zinemarekin lotu izan da askotan, eta, egia esan, harreman handia dute.
Baina komikiak baditu berezitasun eta kontatzeko modu jakin batzuk zinemaren oso bestelakoak: laukia -espazio-denboraren mugatzaile-, orrialdea, testuaren eta irudiaren anteko harremana ―pertsonaien hizketak bere baitan hartzen dituzten bunbuiloak―, mugimendua eta hotsa adierazteko modua...
Laukia da komikiaren gutxieneko banakoa eta bere mintzairaren oinarria. Laukia ez da bere horretan osotasun bat, kontakizuna banatzeko zati bat baizik, sekuentziaren edo orrialde osoaren testuinguru zabalagoaren puska bat, gertaera baten aldi adierazgarrienak aukeratzen eta kateatzen baititu. Lauki jakin bat ez dago bakartuta, beste laukien eragina du eta besteekin dago harremanetan, aurrekoaren eta hurrengoaren arteko kate maila bat da, eta haien arteko tirabiran eta tenkan oinarritzen da komikia bere kontatzeko modu berezia sortzeko.
Gertaera bat banatzeko moduak baldintzatzen du sekuentzia edo segida jakin baten antolamendua. Bizkortasunak eta bizitasunak dakar kontakizun baten une erabakigarrienak aukeratzeko premia. Eta horrek berak indartzen du elipsiaren garrantzia: lauki arteko zuriuneek gauza asko adierazten dituzte, inoiz marraztu ez diren gertaerak begietaratzeko ahalmena dute.
Biktoriano Iraola euskal komikigintzaren aitzindaria izan zen. Iraola arte adar zenbaitetan aritu zen: antzerkia, ipuina, eleberria zein poesia. Legazpi kaleko inprimategian aldizkari bat argitaratzen zuen, El Thun Thun, Semanario Koskhero deiturikoa. Iraola oso marrazkilari trebea zen. El Thun Thun aldizkariaren zenbaki guztietan, idazle, bertsolari edo pertsona ezagun baten gorputz osoko erretratua argitaratzen zuen. Beste aldizkarietan, pertsonaia ezagun askoren erretratuak ere argitaratu zituen.
Ikertzaile batzuen iritziz, Iraola izan zen Euskal Herriko komikigintzaren aitzindari; Jexux Zubiaurrek honela idatzi zuen:
« | Euskal Herriko komikiaren lehen aztarnak XIX. mende amaierakoak ditugu. Euskarazko lehen lanen erreferentzia aurkitzeko, ordea, 1907. urtera jo behar dugu, Baserritarra aldizkarira. Victoriano Iraola izan zen proiektu haren bultzatzailea eta bertan, baserri giroko testu eta istorioen artean, hainbat komiki plazaratu zituen. Egundaino oso gustuko izan dugun umorea jorratu zuen, herrietako aldrebeskeria eta pasarte dibertigarriak moldatuz, betiere garaiko euskara herritarra islatuaz. On Kosmerentzat istorioa horren adibide garbia da.[6] | » |
Beste batzuen iritziz, komikigintza landutako marrazkilarien artean, Espainian lehenengoetako bat izan zen Iraola, nahiz XIX. mendeko aldizkari ilustratuen irudi tradizioan kokatzen duten, komikigintza modernoaren beste ezaugarri batzuk oraindik ez direlako ageri.[7]
Iraolak egindako marrazkietatik, biñeta edo ziri-marratan banatuta, istorio bat azaltzen duten komiki edo banda marraztu bi besterik ez dira gordetzen, Baserritarra aldizkarian argitaratutakoak 1907an «On Kosmerentzat»[8] eta 1908an «Biaje bat».[9]
Gai irrigarri batekin, marrazkiz eta testuz osatutako istorio laburrak landu zituen Iraolak, izkirimiri izen generikoaz; gehienetan, marrazki edo biñeta bakarrekoak, gehienez bikoak, eta askotan elkarrizketa moduan osatutakoak.
Izkirimiri gehienetan herritar arruntak azaltzen ditu Iraolak, eguneroko bizitzari lotuta gaiez (dirua, lana, maitasuna, gosea, osasuna, pobrezia, engainua eta antzekoak).
El Thun Thun, El Aurresku, La Galerna eta Baserritarra aldizkarietan argitaratu zituen Iraolak izkirimiriak, bai euskaraz, bai gaztelaniaz 40 bat hizkuntza bakoitzeko.[10]
Marrazkietan eta izkirimirietan emakumeen gaineko ikuspegi androzentriko markatu bat erakusten du Iraolak.[11]
Euskal Herrian, komikigintzaren elementu berritzaile argi eta garbiak XX. mendeko bigarren hamarkadan argitaratu ziren, Euzko Deyan. Hamabostekari honetan komiki modernoaren ezaugarriekin zinta ugari agertuko ziren. «Artazi» ezizeneko egile batek zenbait zinta argitaratu zituen. Azkenik, 1918. urtean Teles eta Niko izeneko serieari hasiera eman zion marrazkilari anonimo batek. Lehenengo aldiz euskal komikigintzaren pertsonaiak agertu ziren.
1927an, «txikitxoen aldizkingi polita» argitaratu zen Argia astekariko orrialdeetan, eta Txistu izenburuaz sei ale argitaratu ostean, arazo ekonomikoak zirela eta, desagertu egin zen.
Bitartean aldizkari ugaritan irudi eta komiki istoriotxoak ohikoak egin ziren, batez ere, Donostian argitaratzen zen Argia astekari berrizalean. Jon Zabalo «Txiki» marrazkilari oparoa izan zen nabarmenena. Txiki eta bere estiloa, gerra aurreko baina baita osteko euskal ilustrazioaren erreferente klasikoa, bere ilustrazioak makina bat aldiz berrinprimatuak izan dira. Donostiako Txikiren eskola berekoa izan zen haren arreba, Ignacia Zabalo, «Nor-nai», euskal komikigintzaren historian lehen emakumea. Duela gutxira arte ezezaguna zen emakumea, bere irudiak haren neba Jon Zabalorenak zirela uste zen.
1955-56 urteetan Bilboko Erribera kaleko 6. zenbakian, Euskaltzaindiaren egoitzan argitaratu zen Anaitasuna hilabetekaria. Bat-batean, urte biko epe honetan, Estatu Batuetan jatorria zuen komikiz bete zen aldizkaria. Alfontso Irigoien hartu zuten aldizkariaren zuzendari, eta jende gaztea hasi zen bertan idazten, horien artean Gabriel Aresti. Gaien aldetik aldizkaria «sekulartu» egin zen, baina, zoritxarrez, haize berritzaile hura aldizkariaren jabeei gehiegi gustatu ez eta Arantzazuko ikasle gazteen eskuetara igaro zen aldizkariaren ardura. Aldaketa horrekin batera bukatu ziren komikiak aldizkarian.
Hala ere, Zeruko Argia aldizkariaren inguruan bazebilen martxan proiektu berri bat: Pan-pin umeentzako komiki-hilabetekaria Zeruko Argiaren eranskina bezala sortu zen, 1960 urteko otsailean. Eragilea nagusia Joseph Camino arnegiarra izan zen, garai hartan Euskualzaleen Biltzarreko idazkaria eta L’Enfance du Pays Basqueko kapilaua zena. Iparraldean euskal umeei zuzendutako haur aldizkari bat sortzeko ahaleginean huts egin ondoren, Piarres Xarritonen laguntzaren bila joan, eta hura Bonifacio de Beizama Hondarribiko Kaputxinoen komentuko buruarekin harremanetan jarri zen. Garai hartan Bonifacio Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria zen eta proiektua gogoz hartu zuen. Bonifacio eta Joseph Camino izan ziran, beraz, Pan-pin proiektuaren lehen eragile eta zuzendariak.
Ia 10 urtez iraun zuen komiki aldizkariak. Oztopo politiko ugariak eragozpen ekonomikoekin nahasten ziren, eta, batez ere, euskaraz irakurtzeko umeen ohitura falta aipatzen zuen Agustin Ezeizak, Pan-pineko zuzendariak.
Dudarik gabe, 1980ko hamarkada euskal komikigintzarentzat benetako urrezko aroa izan zen. Erakundeek lagundutako komikiez gainera, Ikusager, Ttarttalo, Antxeta edo Erein bezalako argitaletxe ugari loratu ziren, kalitatezko komikia eginez. Erein argitaletxean Antton Olariagak, Hamaseigarrenean aidanez, Anjel Lertxundiren eleberri ospetsua binetetara eraman zuen. Gaur egun hainbatetan aipatzen den eleberri grafikoaren parametroetara ezin baino hobeto egokitzen da lana.
Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 1986ko Euskararen Foru Legeak euskararen ofizialtasunari ezartzen dizkion mugak salatzeko, euskal komikigintzaren historian izan den komiki fanzine interesgarrienetariko bat sortu zen: Napartheid. Ale bakoitzean aktualitatezko gai bat jorratzen zuen, beti ikuspuntu kritikoarekin.[12]
1990eko hamarkadak berriro ere gure komikigintza betiko muga apaletara eraman zuen.[13]
XXI. mendean eleberri grafikoaren agerpenak aire berriak ekarri zituen. Euskarazko aldizkarientzat aukera berria sortu zen Xabiroi aldizkariarekin eta euskal autoreek epealdi pozgarrian hasi ziren.[13]
Komikiaren mundua oso maskulinoa da, garrantzitsua da emakume komikigileetako batzuk ezagutzera ematea. Hona hemen emakume komikigileen zerrenda.
(Ingelesez) Emakume komikigile zerrenda
Manga japonierazko hitza da, nazioartean Japonian egindako komikiak oro har izendatzeko erabilia, kontzeptua zabalegia izanda hainbat genero barne hartzen baditu ere. Hitzez hitz, "marrazki xelebreak" edo "zirriborroak" esan nahi du. Katsushika Hokusai ukiyo-earen egileak honela sortu zuen manga terminoa: informalaren (漫 man) eta marrazkiaren (画 ga) kanjiak batuta. Mangaren egilea mangaka izenaz ezagutzen da, eta irakurle zaletua, akiba-kei edo otaku izenez (azken hori erabiliagoa da, baina esanahi negatiboagoa du). Manga ukiyo-earen eta mendebaldeko marrazki estiloaren arteko nahasketa moduko batetik sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerratik gerora hasi zen bihurtzen, pixkanaka-pixkanaka, egun den fenomenoa.
Korean egindako komikiei manhwa (hangul idazkeraz: 만화; hanja idazkeraz,: 漫畵) esaten zaie. Mendebaldeko liburuak bezala irakurtzenj dira: horizontalki, ezkerretik eskuinera eta goitik behera.
Txinakoei manhua deritze (tradiziozko txineraz, 漫畫; txinera sinplifikatuaz, 漫画, pinyinez, mànhuà, "bat-bateko zirriborroa", alegia): Txinako Herri Errepublikan bertikalki irakurtzen dira, ezkerretik eskuinera, baina Taiwanen eta Hong Kongen, bertikalki eta eskuinetik ezkerretara, japoniar mangak bezala.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.