From Wikipedia, the free encyclopedia
Komikiaren historia azaltzea konplexua da, berez komikia zer den araberakoa. Irudi bidez kontatzeko sena gizadiak hasiera-hasieratik izan badu ere, eta askok historiaurreko leizeetako irudiak eta geroztikako irudi-segida guztiak hartzen baditu ere komikigintzaren aitzindaritzat, adituek hiru irizpide aipatzen dituzte komikia definitzeko : sekuentzia edo irudien segida ordenatu bat izatea, testuaren eta irudiaren arteko harremana, eta baliabide teknikoen bidez obra kopuru handietan kopiatu eta zabaldu ahal izateko gaitasuna.
Rodolphe Topffer (1799-1846) Genevako idazle eta marrazkilaria da "bitariko" izatea duen adierazpide honetan lehen urratsak egin zituena. 1833tik 1846ra zazpi komiki liburuki argitaratu zituen, bere garaian arrakasta handia izan zutenak.
1865ean Wilhelm Busch alemanak (1832- 1908) Max und Moritz pertsonaiak sortu zituen, ume bihurri batzuk. Komiki horrek oraindik ez zuen globorik, testua irudien azpian zegoen, baina haren irudi bidezko loturen bizitasunak urrats handia egin zuen komikigintzan. 1889an, Christophe-k (1856- 1945) Le Petit Français illustré haurrentzako aldizkarian argitaratutako La Famille Fenouillard-en eta beste komiki batzuetan aurkikuntza handiak egin zituen alor grafikoan.
Komikiak Europan eginak zituen urratsei bultzada handia eta benetako sorrera eman zitzaion New Yorken 1896. urteaz geroztik. Bi prentsa-jabe handiren arteko lehiak Joseph Pulitzer, New York World egunkariko zuzendaria, eta William Randolph Hearst, The New York Journal egunkariaren jabea eta Orson Welles filmegileak Citizen Kane film ospetsurako erabili zuen eredua- abiarazi zuen komikigintza, bai urrun eta ezin geldituzko bizitasunaz abiarazi ere.
Irakurle gehiago erakartzeko, bi gizon horiek berebiziko ahaleginak egin zituzten : kolorezko gehigarriak atera, elkarri marrazkilariak lapurtu, batak bestearen pertsonaiak kopiatu...
1896an argitaratu zen gai aitzindari haietako lehenengo komikia, komikiaren beraren aurreneko pertsonaiatzat hartzen dena : The Yellow Kid (Mutiko horia). Outcault-ek sorturiko txinatar mutiko honek alkandoran zeuzkan idatzita komikiko hizketak. Sekuentzia moduan aurkeztu ziren bineta batzuk, testu batzuekin, pertsonaia haren anekdota bat kontatzeko. Ordutik aurrera, ikusgarri garatu ziren bazter oro komikiak eta ohiz kanpoko ospea jaso zuten berehala: prentsa-holding handi guztiek langu eta ezagutaraziko zituzten molde horretako komikiak beren eranskinetan, autoreak kontratatu eta gero.
1897an Rudolph Dirks-ek The Katzenjammer Kids sortu zituen. 1905eko urrian Winsor McCay komikigilea Little Nemo (Nemo txikia) argitaratzen hasi zen New York Herald egunkarian. Mutiko baten ametsak kontatzen zituen komiki honek ezin bikainago landu zituen eta muturreraino eraman ziaten komikiaren baliabideak. Arrakasta handia izan zuen berehala, zazpi hizkuntzetara itzuli zen, eta eragin handia izan zuen. Asko dira garai hartan sortu ziren komikiak, hesteak beste : Bringing Up Father (George McManus), The Kin-der-Kids (Lyonel Feininger), Felix the Cat (Pat Sullivan), Krazy Kat (George Herriman).
1912tik aurrera Estatu Batuetan sortu ziren egile eskubideak erosteko eta komikiak banatzeko agentziek. Komikiak Estatu Batuetako egunkarietara banatzen zituzten hasieran, ingelesez mintzo ziren herrialde guztietara gero, eta 1929an, azkenik, mundu osora. Hearst 's International Feature Service izan zen lehena, eta, geroztik, King Features Syndicate bihurtu zelarik, hura izan zen mundu osoko agentzia nagusia. Izan ere, Estatu Batuetako garai hartako komikiak prentsarako berariaz eginak izaten ziren.
Hasieran 9tik 12ra bitarteko lauki koloredun argitaratzen zituzten egunkarietako igandetako gehigarrietan (sunday page) ; 1907an egunero argitaratzen hasi ziren, lau irudiko segidak zuri beltzean (daily strip). 1936an komikia argitaratzeko eta banatzeko modu berri bat sortu zen, comic-book, historia oso bat zeukan liburukia, izugarrizko arrakasta izan zuena.
1930etik aurrera gainbeheran hasi ziren umorezko komiki sailak. Zinema ahostun egin zen garai berean, komikia errealistago bihurtu zen eta abenturara emanago. Alex Raymond (1909-1956) izan zen garai hartako komikigilerik nagusietako bat. Hiru komiki sail desberdin egiten zituen aldi berean : Jungle Jim, Secret Agent X-9 (Dashiell Hammett idazleak idatzi zituen sail horretako lehenengo gertakizunak) eta batez ere Flash Gordon, zientzia fikziozko kontakizun bikain bezain arrakasta handikoa ; Alex Raymondek marrazten zituen emakume eder eta ikusgarriak irakurle asko erakarri zituen. Asko dira garai honetako komikilariak, bikainak denak eta komikiaren mintzaira maisutasunez landu zutenak, garai hartako zinemaren pare, komikiaren klasikoak, alegia ; besteak beste : Milton Caniff eta haren zuri-beltz garbia, haren ikuspuntu ausartak, eta eremu-sakonera bitxiak Terry and the Pirates, Steve Canyon; Chester Gould eta haren komiki beltz baina irudi garbi-garbikoa (Dick Tracy, Lee Falk eta Phil Davis (Mandrake the Magician) ; E. C. Segar (Popeye) ; Will Eisner (The Spirit) argi-itzalen eta orriaren antolamenduaren maisua, gaur egun ere sormen eta zabaltze lanetan diharduena ; Burne Hogarth (Tarzan) eta Harold Foster (Prince Valiant), beren klasikotasunean marrazkilari birtuosoak, baina ilustraziora emanagoak komikiaren berezko ezaugarrietara baino. Eguneroko komiki horien ondoren, 1935etik aurrera comic books edo komiki liburuak» hasi ziren nagusitzen. 1938an sortu zen lehenengo superheroia, Superman (Shuster eta Siegel), eta, geroxeago, Bahean (Batman). Bi komiki horiek D.C. (Detective Comics) argitaletxeak argitaratu zituen, eta arrakasta itzela izan zuten berehala, gaurdaino iraun duena. Superheroiena genero bihurtu zen komikiaren munduan, genero oparo, arrakastatsu eta gaitzetsia bezain miretsia. Beste etxe batek, Marvel argitaletxeak, beste heroi garaiezin batzuk ere argitaratu zituen ; komikizale askorentzat bi argitaletxe horietan gorpuztu da urte askoan komikia bera. Komiki mota horri kontakizuna axalekoa, marrazkia sinplea eta pentsaera atzerakoia izatea egotzi izan dio askok, baina ezin ukatuzkoa da haien arrakasta, harrera eta irauteko ahalmena.
Bigarren Mundu gerra bitartean, Koreako gerran eta Vietnamen superheroiak gogotik ari izan ziren Estatu Batuetako soldaduei laguntzen eta haien etsaiak jipoitzen.
Komikietako heroiek alemanen eta japoniarren aurka borrokatu ziren Bigarren Mundu gerra bitartean, eta gerrarako prest iraun zuten gerra hotzak iraun zuen bitartean. Gerra ondoko kezkak eta estuasunak ahazteko, melodrama izan zuen irakurle askok irtenbide egokia ; Juliette Jones, 1953, Stan Drake ; Ben Bolt, John Cullen Murphy. Komiki asko Estatu Batuetako gobernuak zuzenean kontratatuak ziren, pentsamolde nazionalista, kontserbadorea eta intolerantea adieraz zezaten. McCarthysmoak ez zuen komikia salbuetsi. 1954an Comics Code Authority legedia eman zuten, argitaratzaile guztiek nahitaez bete beharrekoa. Haren arabera emakumezkoen irudiak neurritsuak izan behar zuten janzkeraz eta gorpuzkeraz, debekatua zegoen erlijioari edo estatuari erasotzea, eta ongiak gaizkia garaitu behar zuen beti. Debeku horiek guztiak gorabehera, Marvel etxeak ekinean jarraitu zuen, eta haren eragina ez zen areagotu baizik egin.
Baina 1950eko hamarraldian sortu zen bestelako komiki joerarik ere : Peanuts (Charles Monroe Schulz), Snoopy txakurraren, Charlie Brown eta bere lagunen abenturek, haien esanek eta ateraldiek berebiziko arrakasta izan zuten, bi milatik gora egunkarietan argitaratu ziren, gero liburuetan bildu, eta mundu guztira zabaldu ziren. Haren grafismo minimalistak eta umore sofistikatuak irakurle intelektualagoak erakarri zituen, eta haren atzetik tankera horretako beste komiki batzuk sortu ziren hamarraldi hartan eta hurrengoan : Jules Feiffer-en satira politikoak, Walt Kelly-ren Pogo, Johnny Hart-en B.C., Quino argentinarraren Mafalda geroago...
Europa aldean komikigintza geldiago ari zen bere bidea urratzen. 1925ean argitaratu zen Europako lehen komiki globoduna : Zig et Puce (Alain Saint-Ogan).
1929ko urtarrilean Hergék (Georges Remi, 1907-1983) Tintin pertsonaia sortu zuen Le Petit vingtième gazteentzako aldizkari katoliko eta kontserbadorean. Kazetari gazte ile matazadun baten eta Milu bere txakurraren abenturak kontatzen zituen. Lehenengo lau abenturetan Hergék landu gabe eta findu gabe zituen oraindik bere baliabideak : marrazkia trakets samarra zen, kontakizuna ez zen gag zaharkitu samarren segida bat baizik, Tintinek bisitatzen zituen herrialdeen irudia topikoz beterik zegoen, kazeta haren ideologia atzerakoiaren ispilu zuzenez.
Baina Loto Urdina zeritzan abenturak aldaketa handia ekarri zuen ; Hergé dokumentatzeko premiaz jabetu zen, eta bere lanaren alderdi guztiak hobetu zituen : kontakizunak hari eta batasun bat zeukan aurrenekoz, eta bere marrazki errealista findu eta dotoretu zuen, gerora jarraitzaile asko izango zituen. Aurki beste zenbait pertsonaia sortu zituen, indar handikoak eta nortasun finkokoak, Tintinen xalotasunari kontrajarririk, eta askotan Tintini berari gailentzen zaizkionak : Haddock kapitaina, Tournesol irakaslea, Dupond eta Dupond poliziak, Bianca Castafiore kantaria... Tintin guztiz ere gertaera harrigarria da. Berrogei bat hizkuntzara itzuli da, 170 milioitik gora ale saldu ditu, eta irakurle kopurua, ume nahiz heldu, gehituz doa belaunaldiz belaunaldi.
Tintinen arrakastak belgikar komikiaren loraldia ekarri zuen ; Spirou eta Tintin astekarien bidez hura nagusitu baitzen luzaroan Europako merkatuan. Eskuineko aldizkariak ziren biak, eskauten ideologia gorpuzten zutenak, baina komikilari bikain askoren sorburu izan ziren bata zein bestea. Spirou Frantzian argitaratu zen 1947. urteaz geroztik. Spirou et Fantasio (Franquin), Lucky Luke (Morris) izan zituen beste askoren artean pertsonaia ezagunenak. Tintin astekaria 1948an sortu zen, Hergéren gidaritzapean . Haren estiloaren jarraitzaile ospetsu asko bildu zuen bere inguruan : Edgar P. Jacobs (Les aventures de Blake et Mortimer), Willy Vandersteen (Bob et Bobette), Jacques Martin (Alix, Lefranc).
Bigarren Mundu Gerrak Estatu Batuen kanpoko merkatuak itxi zituen, eta horrek krisia sortu zuen argitaletxeetan, baina, aldi berean, bere komikiak sortzeko premia sortu zuen Europako merkatuan, Estatu Batuetako komikiak oso zabalduta baitzeuden, eta argitaletxe europarrek bertako egileengana jo behar izan zuten komikizaleen eskaria asetzeko. Horrek guztiak komikiaren loraldi bat ekarri zuen Europara eta baita Hego eta Erdiko Ameriketara ere -han hartu baitzuen babesa Europako marrazkilari askok, italiarrak gehienak-, eta hala sendotu zen herrialde bakoitzeko komikigintza.
Espainian ABC egunkariko Gente menuda gehigarria (1906) eta Dominguin aldizkaria izan zirenen lehenengoetako komikiak. Katalunian, berriz, 1904an hasi zen argitaratzen katalanez En Patufet komiki arrakastatsua. 1917an TBO komiki astekaria sortu zen, ia gure egunetaraino iraun duena eta sekulako eragina izan zuena ; hainbesterainoko arrakasta izan zuen astekari horrek, non komikiari gaztelaniaz tebeo esan izan zaion luzaroan, hasierako historieta eta geroztikako , comic hitzen ordez. Gerra zibila baino lehen Pulgarcito (1925), Aventurero eta Mickey (1935) izan ziren beste komiki batzuk. Gerra bitartean eta gerra ondoren frankismoaren eraginpeko komikia izan zen ia soil-soilik, eta Donostia zen horien argitaleku nagusia. Geroztik, Bartzelonako Bruguera argitaletxeak argitaratzen zituen astekari eta pertsonaiak izan ziren urte askoan Espainiako komikigintzaren eta komikigileen ia harrobi bakarra (Pulgarcito, TBO, Din-Dan, DDT astekariak ; Mortadelo y Filemon, Carpanta, Las Hermanas Gilda.... pertsonaiak).
Telebista Europan hedatzeak irudiaren kulturan hezi eta ohitutako belaunaldi berriak sortu zituen. Komiki pertsonaia asko, zineman ateratzeaz gainera, telebistan ere ateratzen ziren, eta horrek haien eragina eta erosteko premia bizkortzen zuen. Bizi maila hobetzeak eta komikira zaletutakoak erosteko a ballena iristeak handitu egin zuen komikigintzaren salerosteko ahalmena.
Bestalde, 1965ean Bordighera-n (Italia) egin zen I. Komikiaren Mundu Kongresuak intelektualak eta pentsalariak erakarri zituen pop art joerak pinturaren alorrean bizkortua eta eguneratua zuen adierazpide horretara. Kongresu harez gero, komikiari buruzko kritika eta azterketa liburuak argitaratu ziren, baita komikiari buruzko aldizkari espezializatuak ere. Horrek guztiak irakurle multzo aditu eta espezializatua sortu zuen, eta hala berehala harrera ona izan zuten helduentzat berariaz sortutako komiki batzuek, Valentina pertsonaiarekin (Guido Crepax, 1966), adibidez.
1959ko urrian gazteentzako aldizkari berri bat sortu zen Frantzian : Pilote. Idazle-marrazkilariak izan zituen sustatzaile : jean- Michel Charlier komiki idazlea, Albert Uderzo marrazkilaria, eta, batez ere, René Goscinny, erredakzio burua eta sen handiko komiki idazlea.
Tintinen ondoren Asterix galiarraren abenturak dira frantsesaren eremuko komikiak eman duen sailik bikain, oparo eta arrakasta handikoena. Nortasun handiko beste pertsonaia batzuk lagun (Obelix, Panoramix, Abraracourcix...), Asterixen abenturak Frantziaren epopeia txantxazko eta adar-jotzaile bat dira. Pilote aldizkarian epeka argitaratu ondoren albumetan argitaratu zuten, eta arrakasta itzela izan zuen bai Frantzian eta bai Europa osoan. Haren hitz joko etengabeak, eta gaur egungo gaien aipamen ironiaz beteek bestelako irakurle mota bat ere erakarri zuen komikira.
Aldizkari horrek iraun zuen hamabost urtetan kalitate handiko komikiak argitaratu zituen eta eragin handia izan zuen Europan : Achille Talon (Greg), Iznogoud (Goscinny-Tabary), Blueberry (Charlier-Giraud), Philémon (Fred).
Underground komikiak urrats handi bat egin zuen komikiaren bilakaeran. 1952an Harvey Kurtzmanek Mad aldizkari satirikoa sortu zuen. 1960 inguruan askoz erradikalago bihurtu zuten Robert Crumb-en (Fritz the Cat, Mister Natural) eta Gilbert Sheldon-en (FreakBrothers) obrek.
Ordu arte pentsaezinekoak ziren eduki politiko eta sexualak aipatzen zituzten grafismo zatarragoaz eta argotaren erabileraz, garai hartako kontrakulturaren baitan.
Hasieran Estatu Batuetan aldizkari haiek ale gehiegi saltzen ez bazuten ere, Europan eragin handia izan zuten. Frantzian umorezko komiki eskola sarkastiko bat sortu zen Hara-Kiri aldizkariaren inguruan : Cavanna, Jean-Marc Reiser, Wolinski, Copi...
Garai hartan izan zuen komiki erotikoak ere abialdia : Barbarell (Forest), Valentina, Histoire d'O (Guido Crepax italiar komikilariak orrialdearen antolamendu ausartaz egina).
1968. urteaz geroztik komikiak aldaketa handiak izan ditu bai argitaratzeko moduan, bai irakurletan, bai grafismoan eta bai edukietan. Prentsari atxikia egotetik, gaur egun liburuari lotuta dago gehienbat. Irakurle helduetara zabaldu da behinola haurrentzat bakarrik izan zena. Eremu berriak bereganatu ditu : erotismoa, politika, autobiografia ... Baina kolokan dago hamaika aldiz jorratutako bideen eta eremu zabal oraindik landu gabe batek eskaintzen dizkion aukeren artean. Orobat du zaletuen ghettora mugatuta egoteko arriskua, eta badirudi galduxea duela beste adierazpide batzuen aurrean ume eta gazteen harrobia.
1968ko higikundearen ondoren, komikilari askok bere aldizkariak sortzeko joera izan zuten, eta hala kazeta andana bat sortu zen.
1980 inguruan komikiak hats handiko kontakizunerako itzulera moduko bat izan zuen, eleberri gisako komikiak, bestelako komiki motak itzali ez baziren ere. Garai honetan izan zuen orobat Hergéren tankerako marra argia, estiloak goraldi bat Europan.
Azken garaietako ezaugarri berezia du komikigintzak manga edo japoniar komikiak Europan eta Estatu Batuetan izan duen arrakasta handia -bai telebistan eta zineman ere-. Japonian komikia edo manga oso zabaldua dago gizarte osoan, helduak nahiz haurrak ditu irakurle, era askotako gaiak lantzen ditu era askotako grafismoaz, ezin konta ahalakoak dira aldizkariak, eta argitalpen askok milioika ale saltzen dituzte. Mendebaldean, ordea, marrazki eta kontakizun soil, eskas eta indarkeriazale irizten dio askok, gazteengan izan duen arrakasta itzela gorabehera. Katsumiro Otomo-ren Akira da ezagunena, milaka eta milaka pertsonaien artean. Orobat izan du harrera ona Dragon Ball komiki eta telebista sailak.
XX. mendearen azken hogei urteetako eragin handiko autore batzuk aipatuko dira segidan azken joeren erakusgarri gisa : Hugo Pratt (Corto Maltese), Jacques Tardi (Ici Même ), Christin eta Bilal (Les Phalanges de l'Ordre noir), Francois Bourgeon (Les Passagers du vent), Moebius (Arzach, Incal), Mugoz eta Sampayo (Alack Sinner), Frank Miller (The Dark Night), Alberto Breccia (Perramus), Milo Manara (Clic), WilL Eisner (A Contract with God), Spiegelman (Maus).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.