Remove ads
Nafarroa Garaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Arantza[4] ([aɾants̻a]) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortzirikoa Baztan Bidasoa eskualdean. Nafarroako hiriburu Iruñetik 66 kilometrora dago, eta 629 biztanle zituzten 2014. urtean.
Arantza | |
---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |
Arantzako herriaren ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Nafarroa Garaia |
Merindadea | Iruñea |
Eskualdea | Bortziriak |
Administrazioa | |
Estatua | Espainia |
Erkidegoa | Nafarroa |
Izen ofiziala | Arantza |
Alkatea | Juan Miguel Almandoz (EH Bildu) |
Posta kodea | 31790 |
INE kodea | 31022 |
Herritarra | aranaztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°11′46″N 1°43′29″W |
Azalera | 31,2 km² |
Garaiera | 275 metro |
Distantzia | 66 km (Iruñetik) |
Demografia | |
Biztanleria | 609 (2023: 18) |
Dentsitatea | 1,95 bizt/km² |
Zahartzea[1] | % 28,05 |
Ugalkortasuna[1] | ‰ 87,3 |
Ekonomia | |
Jarduera[1] | % 73,42 (2011) |
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) |
Langabezia[1] | % 4,73 (2013) |
Euskara | |
Euskaldunak[2][3] | % 96,20 (2018: %1,32) |
Datu gehigarriak | |
Webgunea | http://www.arantza.eu |
Arantza 1995etik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da.
Herritarrei aranaztar esaten zaie (Aranaz da herriaren gaztelaniazko toponimoa)[5].
Bortzirietako hegoaldeko udalerria da Arantza.
Herrigune nagusi bat du, Arantza, eta lau kontzeju dauzka, Eguzkialdea, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea.
Arantza Iruñeko merindadeko iparraldeko muturrean dago. Herrira heltzeko, N-121-A hartu behar da Sunbilla-Berako norabidean, ondoren Berrizaunera heldutakoan NA-4020 errepidea hartu behar da. Arantzak, Lesaka eta Igantzirekin egiten du muga iparraldean, Goizuetarekin mendebaldean, eta Zubieta eta Iturenekin hegoaldean.
Herria Adarra errekaren ertzean dago eta Ekaitza (Mendaur) mendiaren iparraldeko magalean. Udalerria mendi garaiez inguratuta dago. mendiak honakoak direrala: iparraldean Unanua (650 metro) Apaola (681 metro); ekialdean Ekaitza mendia (1034 metro) eta Artikutza (1042 metro); hegoaldean Araña (1037 metro), Mendaur (1.131 m)[1][2], Loitzate (1.048 m), Ekaitza (1.046 m) eta Mendieder (1074 metro); eta mendebaldean Beltzuntza (912 metro) eta Izu (828 metro) mendiak.
Bailarako hegoaldeko muturrean Putzubeltz ur-jauzia dago, bailara zeharkatzen duen Latsako errekaren sorburutik gertu, Mendaur mendiaren magalean ipar-mendebaldeko isurialdean.
Arantzako klima ozeaniko hezea da. Euri ugari egiten du urte osoan (2.000 mm inguru), Nafarroa Garaiko iparraldeko herri askotan bezala. Neguak leunak izaten dira, eta udak nahiko epelak, kontraste handiko tenperatura aldaketarik gabe.
Hosto erorkorreko hainbat zuhaitz espezie geratzen dira Arantzako mendietan, haritzak (Quercus robur) udalerriko beheko guneetan, pagoak (Fagus sylvatica) Arantzako gunerik garaienetan, eta gaztainondoak tarteko eremuetan. Jatorrizko basoez gain, birlandatutako pinuen azalerak ere badu bere garrantzia. Insignis pinua eta Japoniatik ekarritako Alertze pinua Arantzako basoen azaleraren erdia zen XX. mendearen amaieran.
Arantzan aurkitutako lehen giza aztarnak kristo aurreko 2000. urtekoak dira. Hainbat hilobi eta trikuharri aurkitu dira. Garai hartan bizi ziren ehiztari eta artzain moduan aritzen ziren biztanleen froga. Hildakoen ondoan, objektu ezberdinak lurperatzen zituzten, geziak, eta bestelako apaingarriak. Abelburuentzako larreak sortzeko asmoarekin, zuhaitzak bota zituzten eta artzaintza garatu zen.
Arantza, XIII. mendean sortu zuten Nafarroako erregeek. Ibaiaren indarra aprobetxatzeko asmoarekin, burdinola bat eraiki zen, eta herriko etxe zaharrenen izenak, bertatik datoz, Aranibar, Ola eta Ibarrola besteak beste. Burdinolez gain, ikazkintza ere garatu zen. XVII. mendean, Amerikatik etorritako hainbat produktuek, herriko nekazaritzako laborantzak aberastu zituzten. Artoaren landaketarekin batera, taloa egiten hasi ziren herriko biztanleek, denbora laburrean gainera, artoa elikaduraren oinarrietako bat bihurtu zen.
Pixkanaka, burdinolek garrantzia galdu, eta desagertuz joan ziren, Euskal Herri osoan gertatu bezala. XIX. mendean herrian hiru errota zeuden, eta mendietatik landutako ikatza inguruko herrietako industrializazioaren hastapenek sorturiko lantegietara eramaten zuten. XX. mendean zentral elektriko eta zerrategiak zabaldu ziren, 1913. urtean "Electra Aranaz" konpainia esaterako. Garapen industrial horri lotuta, biztanleria haziz joan zen, 1950eko hamarkadaren hasierara arte, Arantzak 1.200 biztanle lortuz.
Bigarren Mundu Gerran, istripu bat gertatu zen Izu mendiaren magalean: Alemaniar hegazkin batek talka izan zuen bertan, eta 10 tripulatzaileak hil ziren. 1943ko abenduaren 29an izan zen.[6]
Denboran aitzinera, XX. menderen bigarren erditik aurrera, joera aldatu eta herriko biztanleek inguruko herri handiagoetara jo zuten lana topatzeko, eta baita Ameriketara bertan artzain moduan aritzeko. Gaur egun, herriko jarduera ekonomiko nagusia industria eta zerbitzuak dira, eta arantzatar gehienek, Lesaka eta Berako industrialdetan egiten dute lan. Hortaz, nekazaritzak garrantzia galdu du.
Aipatzekoa da bertzela 2015eko abenduan, aurreko udazkenaren lehortearen ostean eta hego haizearen hauspoturik, piztutako sutea. Azken 30 urteotako pairatutako handiena izan da, 230 hektarea inguru erre zuelarik.[7]
Arantzako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, ez da Espainiaz kanpoko etorkinik bizi Arantzan.
Arantzako euskara[10] Nafarreraren barne Ipar-Sartaldeko azpieuskalkian[11] dago kokaturik, Bortzirietako euskara[12] da zehazki bertan hitz egiten dena. Ipar-sartaldeko azpieuskalkia Bortzirietan, Malerrekan, Bertizaranan eta euren ondoko beste herri batzuetan egiten da: Baztango Oronoz-Mugairin eta Basaburu Txikiko Beintza-Labaienen, Goizuetan eta Saldiasen. Berrikuntza nafar zenbait ez dira alderdi honetara heldu Zuazoren arabera eta, bestetik, nabarmena da Gipuzkoako euskararen eragina. Gainera, Ipar Euskal Herriaren gertutasuna ere sumatzen da hizkera hauetan. 1999an Mikel Muezek egindako erreportaje baten arabera, herri honetan Euskal Herriko azken euskaldun elebakarretarikoak bizi ziren[13].
Arantzako Joakin Berauren[8] testigantza jasota dago Ahotsak[9][10] proiektuan. Ahotsak.eus atarian Arantzako hizkeraz beste bi elkarrizketa jasota daude 29 pasartetan banatuta.[14]
UEMAn dauden eta egon litezkeen herriak. (Iturria: Berria)
Udalerri mailan euskara gizarte-bizitzaren alor guztietara hedatu nahi duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da Arantza.[6]
Udalerri euskalduntzat jotzen dituzte euskal hiztunen portzentajea %70etik gorakoa duten herriak egon daitezke UEMA Mankomunitatean. Baldintza hori betetzen duten herri guztiak sartuko balira guztira 200.000 biztanle inguruko ingurunea litzateke. [7]
Arantzako alkatea "Arantza Aitzinera" (AA) herri ekimeneko Ainara Maia Almandotz atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 12 izan ziren (emandako guztien %2,40) eta 9 boto zuri izan ziren (botoen %1,84). Abstentzioa %15,80koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Arantza Aitzinera | 276 | 4 |
EAJ | 204 | 3 |
2011n Bildu izan zen zerrenda bakarra; 330 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Jaime Iturria) erdietsi zituen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Bildu | 330 | 7 |
2007-2011 | Ainara Maia Almandotz | Arantza Aitzinera |
2011-2015 | Jaime Iturria Mitxelena | Bildu |
2015-2019 | Juan M. Almandotz Mitxelena | EH Bildu |
Udaletxea Herriko plazan dago, eta lau solairu dauzka. Beheko solairuan lau arkutan eutsitako ataria dago, eta eraikinaren kanpoaldeko hormak zarpeatuta eta margotuta daude. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Arantzako udaleko idazkaria Igantziko idazkari ere bada.
Arantzako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Ama Birjinetan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.