From Wikipedia, the free encyclopedia
Europako historia kontinente horretan gertatutakoa kontatzen duten kondaira da. Hutsuneak hutsune, Historiaurretik Aro Garaikidera arte ongi ikertutako historia da.
Europan aurkitutako lehenengo hominidoa Georgian aurkitutako Homo erectus georgicus izan zen, orain dela 1,8 milioi urte inguru bertan bizi zena[1]. Espainiako Atapuercan beste giza aztarna batzuk ere aurkitu dira, orain dela milioi urte ingurukoak. Aurkitzaileek Homo antecessor izena eman diete fosil hauei[2]. Neandertaleko gizakia Europan orain dela 230.000 urte inguru agertu zen[3], eta laster hedatu zen kontinente osoan zehar. Erregistro fosiletik orain dela 30.000 urte inguru desagertu ziren, Iberiar penintsulako hegoaldean[4]. Neanderthalek milaka urte eman zituzten Cro-Magnongo gizakiarekin, Europan orain dela 43.000 eta 40.000 urte artean agertu zena, tartean Isturitzen, Nafarroa Beherea[5][6].
Europako Neolitoa, nekazaritza eta abeltzaintza ekarri, herri-sedentarioen kopurua handitu eta eltzegintza ekarri zuen iraultza, orain dela 9.000 urte inguru hasi zen Grezian eta Balkanetan, ziurrenik Ekialde Hurbileko Anatoliatik eragina[7]. Balkanetatik hedatu zen Danubioan eta Rhinean zehar (Banda lineal zeramikaren kultura) eta Mediterraneoko kostan zehar (Kardial kultura). K.a. 4500 eta 3000 urteen artean Neolitoa mendebalderantz eta iparralderantz hedatu zen, kobrezko gailuak egiteko teknologia berria zabalduz. Mendebaldeko Europako Neolitoan ez ziren nekazaritza herri handiak garatu, baina bai itxiturak, tumuluak eta megalitoak[8]. Eltze kordadunen kultura Neolitoaren amaieran eta Kalkolitikoaren hasieran hedatu zen. Garai honetan tenplu megalitiko erraldoiak egin ziren, adibidez Maltako tenplu megalitikoak edo Stonehenge garai honetan eraiki ziren Europako mendebalde eta hegoaldean[9].
Brontze Aroa K.a. 3200.aren inguruan hasi zen Grezian, Kretako Minoar zibilizazioarekin, Europako lehen zibilizazio aurreratua[10]. Minoarren ostean Mizenastar zibilizazioa etorri zen, K.a. 1200 inguruan desagertu zena, Europako Burdin Aroa piztuz[11]. Burdin Aroko kolonizazio nagusiak greziarrek eta feniziarrek egin zituzten, Mediterraneoko hiriak sortuz. Italian eta Grezian K.a. VIII. mendearen inguruan sortu ziren hiriek Antzinaro Klasikoari bidea ireki zioten, askotan Antzinaroko Olinpiar Jokoen hasierarekin irekitzen dena, K.a. 776. urtean[12].
Antzinako Grezia Mendebaldeko zibilizazioaren sortzailea izan zen. Mendebaldeko demokraziak eta arrazionalismoa askotan egozten zaizkio Antzinako Greziari. Greziako hiri-estatua, polisa, Grezia klasikoko unitate politiko funtsezkoa zen[13]. K.a. 508. urtean Klistenes Atenaskoak munduko lehen gobernu sistema demokratikoa sortu zuen Atenasen[14]. Greziako ideal politikoak XVIII. mendeko filosofoek eta idealistek berraurkitu zituzten. Antzinako Greziaren ondare kulturala oso handia da: filosofia, humanismoa eta arrazionalismoa Aristoteles, Sokrates eta Platon; historian, Herodoto eta Tuzidides; bertso dramatiko eta narratiboan, Homeroren poema epikoak; draman Sofokles eta Euripidesekin, medikuntzan Hipokrates eta Galenorekin; eta zientzian Pitagoras, Euklides eta Arkimedes[15][16]. K.a. V. mendean Greziako hiri-estatuetako batzuek elkarrekin egin zioten aurre Akemenestar Inperioari Mediar Gerretan, munduaren historiako gertakari garrantzitsuenetako bat[17]. Ondoren, 50 urteko bake egonkorra egon zen, Periklesen Mendea deitzen zaion garaia, Mendebaldeko zibilizazioaren fundaziorako unerik garrantzitsuenetako bat.
Greziaren ostean Antzinako Erroma etorri zen, erromatar zuzenbidean, politikan, hizkuntzan, ingeniaritzan, arkitekturan, gobernuan eta mendebaldeko zibilizazioaren beste eremu askotan eragin zuzena izan zuena[13]. Italiatik abiatuta, K.a. III. mendetik aurrera erromatarrak hedatzen joan ziren, milurtekoaren aldaketarekin batera Europako mendebaldea eta Mediterraneo osoa kontrolpean izan arte. Erromako Errepublika K.a. 27. urtean amaitu zen, Zesar Augustok Erromako Inperioa aldarrikatu zuenean. Hurrengo bi mendeetan pax romana gisa ezagutzen dena hedatu zen, bake, oparotasun eta egonkortasun politiko handiko denbora, Europako leku gehienetan[18].
Inperioa oraindik gehiago hedatu zen, Antonio Pio eta Marko Aurelio enperadoreen gobernupean, denbora luzez iparraldeko mugan zeuden germaniar, pikto eta eskoziarren aurka[19]. Inperioaren gainbehera III. mendean hasi zen, bereziki mendebaldean. Konstantino I.ak Kristautasuna legaleztatu zuen 313. urtean, hiru mendetako jazarpenaren ondoren. Konstantinok hiriburua Erromatik Bizantziora mugitu zuen, 330etik aurrera Konstantinopla izena hartu zuen hiria. Kristautasuna erlijio ofizial bakarra bilakatu zen 380ean, eta 391-392an Teodosiok paganismoa debekatu zuen[20]. Autore batzuek Antzinaroa une horretan amaitzen dela uste dute; alternatiba gisa, 476. urtean Mendebaldeko Erromako Inperioaren erorketan ezarri ohi da garaiaren amaiera gisa, 529an Atenasko Akademiaren itxieran[21] edo Islamaren sorreran VII. mendean.
Mendebaldean germaniar inbaditzaileek sortutako erresumek Inperioaren tokia hartu zuten. Haien artean borrokatu ziren nagusitasuna nork zeukan. Horretan arrakastatsuena frankoena izan zen. 732an (733an), Karlosek, 'Martel' gero deituak, aurre egin zion omeiatarren espedizio bati Poitiersen eta, bertan, bere agindupeko gudarosteei "europar" deitzen zaie, historian lehendabiziko aldiz. Karlos Handiaren aginpean, erromatarren titulua berriro hartzeko gai sentitu ziren, eta Inperioa sortu zen berriz Mendebaldeko Europan (800). Nolanahi ere, inbasio berriak etorri ziren (Migrazio Garaia): vikingoak, avararrak, hungariarrak eta arabiarrak.
X. mendean, hala ere, herri migratzaile horiek geldiarazita edo finkatuta zeuden. Hiriak berriro garatu ziren Europa osoan zehar, eta populazioaren gorakadak ez zuen aurrekaririk. Feudalismoaren arabera egituratu ziren gizarteak, Eliza Katoliko Erromatarraren agindu moralaren azpian. Ekialdean, musulmanen presiopean Bizantziar Inperioa gero eta ahulago zegoen. Lurralde Santuak berreskuratzeko asmoz, Gurutzadak burutu ziren. Azkenean, Lurralde Santuak eta Inperioa bera (1456an) musulmanen indarraren azpian geratu ziren.
XIV. mendeko krisialdiaren ostean (Ehun Urteko Gerra eta Izurrite Beltza dira horren isla), erregeen boterea handituz joan zen.
Martin Lutherrek hasitako Erreforma Protestanteari esker, Eliza Katolikoaren nagusitasuna kolokan jarri zen. Garai berri horri Pizkundea deitu zitzaion, Antzinateko jakinduria eta estetika berreskuratu zirelako.
Aldi berean, Atlantikoko hainbat herrialdek (Portugalek, Espainiak, Ingalaterrak eta Frantziak, geroago Herbehereek) Europatik kanpo hedatu nahi zituzten bere agindupeko lurraldeak. Amerika 1492an aurkitu zenetik, erresuma horiek saiatu ziren bere kontrolpean ahalik eta lurralde gehien ezartzen. Afrika eta Asia ere europarren helburu militarra izan ziren.
Europan barnan ere borrokak ohikoak izan ziren, XVI. eta XVII. mendeetan erlijio kontuengatik batez ere. Hogeita Hamar Urteko Gerra horietako garrantzitsuena izan zen. Pixkanaka, besteak beste Rene Descartes eta Isaac Newtonen lanei esker, arrazionalismoa eta ilustrazioa (Europak beretzat dituen beste bi ikur) zabaldu ziren, eta, garaiko egoera politikoa irauli zen. Lehendabiziko iraultza Ingalaterrakoa izan zen, baina, eraginengatik, askoz inportanteagoa Frantziakoa izan zen. Horretan, luze iraun zuen feudalismoari amaiera ofiziala eman zitzaion. Ideia berri horiek hedatzeko, Napoleondar Gerrek Europa osoa suntsitu zuten berriro.
Batzeko ahalegin horien aurka, nazionalismoa sortu zen Europan XIX. mendean. Horren harira, Alemania eta Italia batu ziren, eta Balkanetan gatazkek etengabeak ziruditen, zenbait herrik independentzia aldarrikatzen baitzuten. Aldi berean, Erresuma Batuan sortutako Industria Iraultza iparraldeko Europan zehar hedatu zen XIX. mendean, une horiek arte ezagutu zen egoera ekonomikoa guztiz irauliz. Bidegabekeria sozialari bukaera eman nahian, Karl Marxek bere teoriak plazaratu zituen, zeinek eragin sakonak izatekoak ziren hurrengo urteetan.
Munduaren jabeak, Europako estatu gehienak, nazionalismoak akuilatuta, nagusitasuna nork zeukan ikusteko borrokatu ziren berriro XX. mendearen hasieran. Lehen Mundu Gerra latz horrek Europako inperioen amaiera ekarri zuen, baita Errusiar Iraultzaren eskutik munduko lehen estatu sozialistaren sorrera ere. Alemaniaren porrotaren eta 1929ko krakaren ondorioz, Adolf Hitlerrek boterea eskuratu zuen Berlinen. Benito Mussoliniren Italian bezala, faxismoa edo, behintzat, autoritarismoa, Europa osoan zehar zabaldu zen.
Faxismoaren aurkako borroka Bigarren Mundu Gerra izan zen. Orduko horren ondorioa Europa bi taldetan (komunista eta kapitalista) banantzea izan zen. Nolanahi ere, Mendebaldeko Europan, horrenbeste elkarren kontrako borroken ondoren, batzeko prozesua hasi zen Europako Batasunaren inguruan. Prozesu hau, komunismoaren erorketaren ostean (1991), ekialdera ere zabaldu da, eta, gaur egun, 28 estatuk osatzen dute.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.