From Wikipedia, the free encyclopedia
Faxismoa mugimendu politiko autoritario ultranazionalista izan zen. Faxismoaren beste ezaugarri batzuk antikomunismoa, antiliberalismoa, agintaritza bakar eta absolutua, demokraziaren aurkakoa eta populista aldi berean, eta indarkeriaren erabilera sistematikoa ere izan ziren. XX. mendean garatu zen, Lehen Mundu Gerratik Bigarren Mundu Gerrara bitartean eta Europan bereziki, non Benito Mussoliniren agintaritzapeko Italia eta Hirugarren Reich Alemanian izan ziren erregimen politiko faxista nagusiak. Hain zuzen, erregimen faxista horiek izan ziren Bigarren Mundu Gerraren eragile nagusiak eta milioika pertsonaren heriotzenak, zuzenean. Hori dela eta, faxista hitza adiera gaitzesgarrian eta irain politiko moduan ere erabiltzen da egun, aurkari politikoak agintekeriaz jokatzen duela eta indarkeria helburu politikoekin erabiltzen duela adierazteko, faxismoaren adiera hertsi eta jatorrizkoari itzuri eginez.[1][2][3] Hain zuzen, bi mundu gerren arteko aldi historikora mugatuta, jarraipenik gabeko fenomeno politikotzat jo da; hala eta guztiz ere, geroztik faxismoaren ideologia jasotzen duten alderdi eta mugimenduak izan dira, baina aurreko mugimendu nagusitik bereizteko, neofaxismo izenpean bildu dira.
Mugimendu faxistak 1920ko hamarraldian agertu ziren eta ezaugarri nagusien artean hauek zituzten: gobernu-sistema diktatoriala izatea; substratu populista izatea (hau da, herriaren ordezkaria dela dio, eta herriaren maila apalenen aldeko politika populistez zilegitzen da); komunismoaren eta kapitalismoaren aurkakoa dela adierazi arren, sistema kapitalista finkatzen du; berehalako helburutzat du langileen iraultzari aurka egitea. Alabaina, ez da kontrairaultzako mugimendu huts bat, ez da langileen iraultzaren kontrako erantzun bat soilik eta herri xehearen behar batzuei behetik erantzuna ematen die.
Faxismoa masa-mugimendu bat da. Eskuindar tradizionalak, boterea eskuratzeko, estatu-kolpearen bidea aukeratzen du, eta masak desmobilizatuz mantentzen da bertan. Faxismoak, berriz, masa-mobilizazioa bera erabiltzen du boterea eskuratzeko, masak alderdi faxistan bilduz eta ondoren egitura politiko-militarretan integratuz.
Faxismoa itxura erradikal eta iraultzaileko mugimendua da, finkatutako botereari mehatxu-itxura egiten diona. Baina boterera heldu eta gero, zeharo iraultzaren kontrako ageri da, lehengo botereekiko loturak estuagotuz, eta inoiz ez dio ekingo sistema zalantzan jartzen zuten mehatxu haiek gauzatzeari; oso bestela, lehengo egoera finkatuko du, eta eraldatu nahi omen zuen sistema sozio-ekonomikoa sendotuko du.
Gizarte-talde heterogeneo eta batzuetan elkarren kontrakoak biltzen dira faxismoan. Talde horiek ez dute modurik sistema aldatzeko alternatiba orokor eta baturik prestatzeko, eta, hala, faxismoak ezin dio egiaz kapitalismoari aurre egin, ez baita gai. Bigarren Industria Iraultzak ekarritako joera sozio-ekonomikoek zenbait gizarte-klase baztertuko ditu. Funtsean klase ez-proletarioak dira, baina krisialdi ekonomikoen eraginez ere beren burua kaltetuta ikusten dutenak, eta roletario bihurtzen direnak. Nekazariak dira, negozio txikien jabeak, lehiakorrak ez diren lanbideetan ari direnak, irakaskuntzaren beheko mailetakoak, etab. Erdi-mailako klaseen mugimendua da, eta zabaltzen duen mezua, funtsean, behe-mailako burgesiarena. Horrela, faxismoa ez da halako une batean izandako krisi baten emaitza, XIX. mendearen amaieraz geroztik sistemak izandako garapen sozio-ekonomikoak sorrarazitako ondorioa baizik.
Faxismoak ez du eskuinaren ohiko bidetik jotzen. Are gehiago, hasieran, eskuin tradizionalak halako mesfidantza batez ikusten du. Masa-mugimenduaren indarrez heldu nahi du boterera, guztia biltzeko, integratzeko eginkizuna beteko duen alderdi batez betiere, ez baitago faxismorik alderdi faxistarik gabe.
Mugimendu elitista eta hierarkikoa da. Oinarrian, zelula paramilitarrak daude, eta ezinbesteko elementua da diziplina. Eginkizun nagusia buruzagiarena da; hark sortzen eta interpretatzen du nazioaren doktrina (parlamentua duten sistemetan, berriz, parlamentuak betetzen du eginkizun hori), eta haren erabakiak eztabaidaezinak dira. Hala, Italian Mussolini, Ducea, eta Alemanian Hitler, Führerra, figura gorenak dira, supergizakiak. Probidentziak jarri ditu herriaren aitzindaritzan, eta herriak obedientzia erabatekoa eskaini behar die.
Propaganda politikoaren erabilera masiboa egiten da faxismoan, horma-irudiak buruzagien aurpegiak erakutsiz nonnahi eta herri-bilkura jendetsuak antolatuz.
Faxismoak bere proiektuaren aurkako elementu oro suntsitzen ahaleginduko da, eta idealarekin bat ez datorrena edo arraza- eta nazio-definizio ofizialari egokitzen ez zaiona aienaraziko du.
Faxismoan ez da lan teoriko landurik aurkituko; are gehiago, faxismoaren argudioetan hutsunea da, argudiorik eza alegia, alderdirik deigarriena. Edonola ere, ideologiaren anbiguotasun horretxek emango dio, nonbait, arrakastarako aukera. Ideologiaren ezaugarri nagusia eduki positiborik eza da, zeren gauza guztien kontra azaltzen baita funtsean: antiliberala da, antikapitalista, antikomunista, antisozialista eta antiparlamentarista.
Lema nagusiak horiexek ditu, eta behin eta berriz adierazten ditu. Eta jarrera landuagorik ez izatean, mugimendu berean bil daitezke oso sektore desberdinak, lotura bakarra baitute, hain justu Bigarren Industria Iraultzak ekarritako bilakaera sozio-ekonomikoak gaizki tratatu dituela uste izatea. Mussolinik esan zuen bezala, “faxismoa estilo bat da”.
Faxismoa, batez ere, nazionalismo erradikalaren, maila oroz gaindikoaren adierazpena da. Ukatu egiten du nazioa borondate indibidualen mendean egotea. Italiako kasuan, hain zuzen, Italia liberala gutxiengo burges baten obra dela dio faxismoak, “herriaren batasuna eratzeko ezgai” den talde baten egina inolaz ere.
Nazionalismo faxistan “Herria” da guztiaren giltza; eta lurra, odola, arraza (italiarrak arraza ariokoak dira faxisten ustez) dira herri horren osagarriak. Elementu irrazionalak baliatzen ditu faxismoak, ikuspegi erlijioso edo mistiko batez. Herria baita garrantzitsua, arraza eta komunitate nagusi bateko kide izatea alegia, eta horren guztiaren azpitik dago gizabanakoa.
Horren adierazgarri da 1921ean alderdi nazional faxistak bere programan adierazia: “Nazioa ez da bizi diren gizabanakoen batura, ezta alderdiek bere helburuak lortzeko duten tresna ere; nazioa organismo bat da, belaunez belaun dirauena, eta gizabanakoak elementu iragankorrak dira, ez besterik. Nazioa da arrazaren balio material eta espiritual guztien sintesi gorena. Eta nazioaren gauzatze juridikoa estatua da”.
Bortxaren arrazoia argudio metafisikoetan aurkitzen du, berriro ere. Inongo planteamendu arrazionalik gabe, indarraren erabilera zilegitzen du, nazioa eta arraza babesteko eta garbitzeko. Hau da, ideologiaren elementu bat da bortxa. Hitlerrek bere Mein Kampf lanean azaldu zuenez, “mundua gizaki indartsuena da, irtenbide erabatekoak erabiltzen dituztenena, eta ez neurriaren mendean jokatzen duten ahulena”. Gizarte-darwinismo arriskutsua, inondik ere.
Esan den bezala, faxismoa ukazioz definitzen da. Parlamentarismoak, alderdi-sistemak eta prentsa-askatasunak nazioaren indarra ahultzen dute, eta beraz, kendu egin behar dira. Boltxebikeen kontra, sozialismoaren kontra, kapitalismoaren kontra agertzen da. Estatu korporatiboa proposatzen du, totalitarismoa alegia.
Gizarte talde batzuk beldur dira gizarte-ordena desegingo ote den, eta talde sakabanatu horiek bildu behar ditu faxismoak. Horretarako, elementu berezi batzuk behar ditu, eta etsai komun bat bilatzen du, baita aurkitu ere, boltxebikeak hain zuzen. Hala, erdi-mailako klase faxistak, burges txikiak, burgesia handiarekin batera aritu ahal izango dira borrokan. Langileen iraultza sozialistaren aurkako borroka da horiek guztiak biltzen dituen elementua. Elementu hori beti-beti aurkitzen da mugimendu faxistan, eta talde paramilitar faxisten helburu behinena borroka horretan aritzea da.
Ideologia-elementu honek ez du ia garapenik izan, ez teorian, are gutxiago praktikan. Nazien garaiko Alemanian garrantzitsuagoa zen, Mussoliniren Italia faxistan baino. Aldarrikapen antikapitalistak gizarte-kapitalistaren joera sozio-ekonomiko batzuen zuzenketa proposatzen du, ez besterik, eta burgesia txikiaren edo garapen kapitalistaren mehatxua jasaten duten nekazarien ikuspegitik betiere. Aniztasun politikoak eta klaseen arteko desberdintasunek ez dute zentzurik.
Hala ere, ez du gizarte-antolaketarako inolako proposamen zehatzik egiten. Estatu korporatiboak izan behar zuen ideia horien guztien adierazpen instituzionala, baina faxistak, boterera heldu zirenean, ez ziren inondik ere saiatu halako estaturik bideratzen.
Estatu korporatiboa ez zen gauza berria, zeren XIX. mendeko nazionalismo erromantikoan dagoeneko jasota baitzegoen (Hegel). Haren arabera, estatua herritarren batura hutsa baino gehiago da, eta bizitza organiko berezkoa du. Halaber, “demokrazia mekaniko” (pertsona bat boto bat) deitzen zutenari faxismoak egindako kritika bera ere tradizionalismoan dago.
Alabaina, faxismoak berrikuntza bat eragiten die ideia horiei, zeren eta erabilgarritasun berri bat ematen baitie, gizarte-kontrolerako tresnatzat hartuz. Estatu korporatiboak berekin dakar parlamenturik eza, eta haren ordez “demokrazia organikoa” izango da, sindikatu bertikal integratzaileetan oinarritua; sindikatu horiek, bere aldetik, totalitarismoaren zerbitzuan jarriko dira.
XIX. mendean, korporatibismoaren eginkizuna ordena tradizionalaren defentsa zen. Gizarte kapitalista berrian, aldiz, gizarte-elkartasunerako bidea da korporatibismoa. Hala eta guztiz ere, ez da ezinbesteko elementua faxismoaren ideologian, are gehiago, aitzakia bat da, parlamentarismoari alternatiba moduko bat aurkezteko. Azken batean, totalitarismoa finkatzeko tresna bat besterik ez zen izan.
Faxismoaren sorrera eta arrakasta testuinguru historiko jakin batean gertatzen da. Lehenbizi, Italia eta Alemania faxismoaren gune nagusiak izanik, biak estatu berriak zirela aipatu behar da, Europan eratutako azkenetakoak hain zuzen, trinko egituratu gabeak, eta nazio-integrazio ahulekoak. Bigarren Industria Iraultzak ere eragin handia izan zuen mugimenduaren garapenean, burgesia txikia desagertzeko joera ekarri baitzuen. Alemanian eta Italian oso traumatikoa izan zela industrializazio-prozesua, berandu eta izugarri bizkor burutua. 1918ko eta 1929ko krisialdi ekonomikoek ere eragina izan zuten. Faktore guzti horiek antiliberalismoa indartu zuten gizartean, eta ultranazionalismoa eta irrazionalismoaren aldeko jarrerak bultzatu. Beste joera ideologiko batzuek, inhibizioz, laguntzaz edo ahuleziaz, faxismoari lekua utzi ziotela ere hartu behar da kontuan.
Alemanian kultura-planteamendu berriek ez zioten aurre egin behar ideologia nazionalista nagusiari, dagoeneko bazutelako ideologia-egitura bat, planteamendu horiek bere barnean hartzeko gai zena: nazionalismo erromantiko alemaniarra zen, gogo biziz arbuiatzen baitzuen liberalismo burges ortodoxoa. Eta alemaniar kulturaren gailentasunaren ideia ordurako sartuta zegoen nazionalismo germaniarrean; orain, ideia hori autonomo bihurtzea izan zen hurrengo pausoa. Horretarako, teoria arrazista bat landu zuen, gizarte darwinismo batean eta antisemitismoan oinarrituta. Haren funtsezko ideiak hauek ziren: arraza arioaren gailentasunarena eta indarraren eta bortxaren gorespena. Alemanian, antisemitismoak aukera eman zion faxismoari kapitalismoaren kontrakotzat agertzeko, industrializazioak ekarritako gaitz guztiak juduen kapitalismoaren ondorioa direla baieztatuz (edonola ere, XIX. mendeko nazionalismo askotan jasota dagoen ideia da). Faxismoa antisemitismoan oinarrituko da sozialismo iraultzaileari aurre egiteko, iraultza sozialista juduen iraultza dela adieraziz; beraz, langileen iraultzaren kontrako agertuko da faxismoa.
Italian, ordea, bestelakoak izan ziren kontuak. Faxismoa ekarri zuten aurreko ideien sorrera nazionalismo erradikalak eta sindikalismo iraultzaileak bat egitean gertatu zen; hala, elementu proletario batzuk eta industrializazioaren aurreko sektoreei lotuta zeuden burgesia txikiko beste batzuk elkartu ziren. Alemanian, faxismo aurreko ideia horiek klase zuzendariak landuko zituen, antisemitismoaz baliatuz. Eta propaganda eta fraseologia antikapitalista baliatu zuen, langile-sektoreak eta erdi-mailakoak proiektu berean biltzearren, aldi berean amets inperialista pangermaniko bat planteatuz, inondik ere, alemaniar nazioarentzako biziespazioaren aitzakian.
Faxismoaren arrakastan, zeresan handia izan zuten beste joera ideologiko batzuek, zeren eta inhibizioz, laguntzaz edo ahuleziaz, tokia utzi baitzioten hari.
Esate baterako, 1929ko krisia funtsezkoa izan zen naziak boterera heltzeko, baina, hala ere, ezin lot daitezke faxismoa eta krisia, ezin esan daiteke faxismoa eta krisia gauza bera direnik. Eta, bestetik, Lehen Mundu Gerrak Alemanian eta Italian izandako ondorio bertsuak ere oso gogoan izatekoak dira.
Bitxikeri moduan, herrialde horiek aurkako aldeetan izan ziren borrokan, baina gero antzeko aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak ezagutu zituzten. Izan ere, antz handiak zeuden bien artean.
Adibidez, estatu berriak ziren biak (Europan eratutako azkenetakoak hain zuzen), trinko egituratu gabeak, eta nazio-integrazio ahulekoak, eta gainera ez zen denbora luzea bat eginda zeudenetik. Horretaz guztiaz gainera, inondik ere, epe luzeko eragile bat ere aipatu behar da, Bigarren Industria Iraultza, kapitalismo txikia eta burgesia txikia desagertzeko joera ekarri baitzuen. Azaldutako egoera horrek sorrarazi zituen faxismoari, eta bide batez bortxan oinarritutako politikari, indarra eta itxura eman zioten elementuak, hala nola ultranazionalismoa, nazio, herri eta arraza kontzeptua, eta irrazionalismoa (1900 inguruan dagoeneko ageri zen elementu hori, esparru txiki zenbaitetan). Gainera, eta egoerari buruzko ikuspegia osatzeko, Alemanian eta Italian oso traumatikoa izan zen industrializazio-prozesua, berandu eta izugarri bizkor burutua.
Alemaniaren eta Italia ildo beretik abiatutako bilakaera izan arren, Alemanian kultura-planteamendu berriek ez zioten aurre egin behar ideologia nazionalista nagusiari, dagoeneko bazutelako ideologia-egitura bat, planteamendu horiek bere barnean hartzeko gai zena: nazionalismo erromantiko alemaniarra zen, gogo biziz arbuiatzen baitzuen liberalismo burges ortodoxoa. Eta alemaniar kulturaren gailentasunaren ideia ordurako sartuta zegoen nazionalismo germaniarrean; orain, ideia hori autonomo bihurtzea izan zen hurrengo pausoa, eta antisemitismora jotzea. Aldaketa hori erabakigarria izan zen Alemaniako nazionalismoan.
Egiten hasitako bideari jarraituz, teoria arrazista bat landu zuen, “gizarte-darwinismo” deitzeko moduko eskema batez. Haren funtsezko ideiak hauek ziren: indarraren gorespena, eta senarena, bortxa selektiboarena eta arraza arioaren gailentasunarena.
Eta antisemitismoa ez zen izan bazterreko kontu bat. Betekizun erabakigarriak zituen. Alde batetik, nazionalismo erradikalari aukera eman zion kapitalismoaren kontrakotzat agertzeko, industrializazioak ekarritako gaitz guztiak juduen kapitalismoaren ondorioa direla esanez (hala eta guztiz, XIX. mendeko nazionalismo askotan jasota dagoen ideia da); hau da, akats eta gaitz hitzen sinonimotzat hartu zuen judu izatea, eta halatan, huraxe izango zen kontu guztietarako biktimarik egokiena. Eta bestetik, aukera ultranazionalista antisemitismoan oinarritu zen sozialismo iraultzaileari aurre egiteko, iraultza hori juduen iraultza omen zelako, teoria honen arabera; beraz, eta bide horretatik, iraultzaren kontrakotzat ere agertu zen faxismoa.
Italian, ordea, bestelakoak izan ziren kontuak. Faxismoa ekarri zuten aurreko ideien sorrera nazionalismo erradikalak eta sindikalismo iraultzaileak bat egitean gertatu zen; hala, elementu proletario batzuk eta industrializazioaren aurreko sektoreei lotuta zeuden burgesia txikiko beste batzuk elkartu ziren. Alemanian, faxismo aurreko ideia horiek klase zuzendariak landuko zituen, antisemitismoaz baliatuz. Eta fraseologia antikapitalista baliatu zuen, langile-sektoreak eta erdi-mailakoak proiektu berean biltzearren, aldi berean amets inperialista pangermaniko bat planteatuz, inondik ere, alemaniar nazioarentzako biziespazioaren aitzakian.
Lehen Mundu Gerran zehar sortu ziren Italina faxismoa sortu eta egituratzeko kondizioak. Gerran kontsentsurik gabe eta herritarren iritziaren kontra sartu ziren hartan, baina, edonola ere, faxismoaren arrakastaren gakoa gerrak berak eragindako tentsio ekonomikoak izan ziren, garaipenean parte hartuagatik inolako saririk ez izateagatik frustrazioarekin batera. Industrialari handiek estatu demokratiko liberala hartu zuten bere arazoen erruduntzat. Burges txikiek eta errentadunek bere aurrezki guztiak galdu zituzten (gogoan izan 1919ko urtarrilean % 471koa izan zela inflazioa), eta pobretzean proletario bihurtu ziren. Borrokan aritutakoen artean ere gauza bera gertatu zen, eta proletarizazio hori berdin-berdin heldu zitzaien armadako ofizialei; ekintza gogorren bat egiteko prest zirela, berehala sartu ziren alderdi faxistaren talde paramilitarretan. 1920rako klase ertain zati handi bat faxismoaren jarraitzailea zen.
Faxismo italiarra Benito Mussoliniri hertsiki loturik dago. Hau, Lehen Mundu Gerra amaitu aurretik, Italiako Alderdi Sozialistako kide zen. 1919an Alderdi Nazional Faxista sortu zuen, liberalismoaren zein alderdi komunistaren aurka eginez. 1921ean dagoeneko masa-alderdi bat zen, 700.000 militante ingururekin. Langileen ereba iraultzailea egiteko azken ahalegina 1922an izan zen, baina atarramentu txarrez amaitu zen, ez estatuaren ekintzengatik, baizik eta alderdi faxistaren eraso-eskoadren jardueragatik. Une horretatik aurrera, patronalak eta burgesiak bat egingo zuten alderdiarekin. 1922an faxistak indarturik zeuden, eta Italiako errege Victor Manuel III.a boterea Mussoliniren esku uztera behartu zuten (handik aurrera Duce -buruzagi- bihurtuz).
1922ko urriaren lehen egunetan, faxistek, alkandora beltz deitu haiek, milaka, Italiako hainbat eskualde hartu zituzten. Gobernuak setio egoera aldarrikatu nahi zuen, baina erregeak ez zuen sinatu nahi. Gobernuak dimisioa emanik, erregeak Mussoliniri eskatu zion gobernu berria eratzeko. 1924ko hauteskundeetan, faxistek bost milioi boto lortu zituzten, guztira ziren zazpietatik, baina faxismoaren aurkako erresistentziak gora egin zuen, hauteskunde-prozesuan izandako gorabeherengatik. Alderdi sozialistako idazkaria, Matteotti, hil egin zuten, eta oposizioak, protesta gisa, parlamentua utzi zuen. Erregeak ez zion Mussoliniri aurre egiten, eta italiar askok eta askok jo zuten erbestera (Parisen bakarrik, 300.000 baziren). Halatan, Mussolinik eskuratu zuen boterea, estatuaren eta alderdiaren aginte osoaz eskuratu ere. Erregimen totalitarioa jarri zuen, alderdi faxistaren eta Mussoliniren beraren kontrolpean.
Italiako faxismoak Erromatar Inperioaren aintza berreskuratu nahi izan zuen. Faxismo hitza italierazko "fascio" hitzetik dator: hots, aizkoraren inguruko makila sorta batez osaturiko ikurra da. Antzineko Erroman erabili zuten, eta autoritatearen ikurra zen. Erromatarren buruzagi militarren antzera, Mussolinik bere burua "Duce" izendatu zuen. Duce latinezko "dux" hitzetik dator eta gidaria esan nahi du. Agur egiteko modua ere, besoa altxatuta, latinezko antzinako Erromatik hartu zuten.
Faxismo italiarrak nazismoaren eraginez bereganatu zuen arrazismoa.
« |
Jakin behar duzu faxistak, eta batez ere milizianoak, ez duela betirako bakean sinetsi behar. Espetxeko egunak ongi merezitakoak dira beti. Aberriari mesede egiten dio baita gasolina-ontzi bat zaintzen ari denak ere. Zure kideak anaiak dira. Lehenenik, zurekin bizi direlako, eta gero, zuk bezala pentsatzen dutelako. Mosketoia, kartutxoentzako uhala, etab. ez zaizkizu eman astialdian hondatzeko, baizik eta gerrarako gordetzeko. Sekula ez duzu esango «Gobernuak ordaintzen badu!», zu zeu zarelako ordaintzaile, zuk nahi zenuen gobernua duzulako eta zuk babesten duzun gobernua delako. Diziplina da armadaren eguzkia: diziplinarik ezean, ez dago soldadurik, nahasmendua eta hondamena baizik. Mussolinik beti dauka arrazoia. Boluntarioak ez du aitzakiarik, eta beti betetzen du agindua. Gauza bat preziatu behar duzu ororen gainetik: Ducearen bizia. |
» |
—Faxista gazteen 1928ko dekalogotik ateratako aipamena. |
Lehen Mundu Gerra Alemania inbaditua izan gabe amaitu zen, frontea erortzean errendizioa heldu baitzen. Armadaren barneko sektore indartsu batzuk ez zetozen bat erabaki horrekin, artean irabazteko aukera bazutela uste baitzuten; traizio politiko baten biktima izan zirela uste izan zuten. Horrekin batera, hiri nagusietan hainbat ahalegin izan zen iraultza sozialista gauzatzeko, monarkia erbestean zen, eta Weimar Errepublika demokratikoa sortu zuten, oso ahula hasieratik. Erdi-mailako klaseak oso bizkor pobretu ziren 1921etik 1923rako epean, Italian baino pobretze latzagoa izan zen gainera, eta inflazio-puntuak milaka kontatu behar ziren, hilean. 1924tik aurrera, ekonomiak suspertu egin zen, Estatu Batuetatik heldutako maileguei esker batez ere, baina 1929ko krisialdiak izugarri laztu zituen Estatu Batuekiko mendekotasun horren ondorioak, eta langabetuak milioika ziren. Iraultza proletarioa gertatuko ote zen beldurra zabaldu zen.
Gauzak horrela, faxismoa, Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistan gorpuztuta eta Adolf Hitlerren lidergopean, sendotzen joan zen. Horren kide eta jarraitzaileei nazi zeritzen. Alderdi naziak Italiako faxismoaren ezaugarri nagusiak atxikitzen zituen, baina arrazismoa eta antisemitismoa ere bazituen lerro ideologiko nagusitzat. Ideologiaren horren funtsa Hitlerrek 1925 urtean plazaratu zuen Mein Kampf (Nire Borroka) liburuan azaltzen da. Alemaniako faxismoaren ezaugarri berezi horiek direla eta, nazismo izen berezia erabiltzen da hango faxismoa adierazteko. Alderdi naziak 1931n eskuratu zuen boto-kopururik handiena. Hortik aurrera ospatu ziren hauteskundeetan boto gutxiago eskuratu arren, Hitler agintera heldu zen 1933 urtean, eskuineko sektore batzuen laguntzarekin. Berehala diktadura ezarri eta demokrazia arrasto oro aienatu zuen. Berehala oposizioa zeharo desegin zuten naziek; horretarako, Gestapo izeneko polizia politikoa sortu zuten. 1934ko hauteskundeetan kandidatura bakarra izan zen, erresistentzia-mota guztiek errepresio latza pairatu zuten, eta estatua erabat zentralizatu zen. Hurrengo urtean, 1935ean, lege berriak iritsi ziren, “alemaniar odola eta ohorea babesteko”. Horixe izan zen juduak kontzentrazio-esparruetan jasandako errepresio eta sarraski edo erabateko suntsitze-politikaren abiapuntua. Nazismoaren ezaugarri berezietako bat pangermanismoa ere bazen. Horrela, 1939ko irailean, Polonia inbaditu zuen, eta Ingalaterra eta Frantzia haren kontrako gerran sartu ziren. Ekainean dagoeneko mendean zuen Frantzia. 1941eko otsailean, Errusiaren inbasioa abiatu zen. 1943an aldatu egin zen gerraren martxa. 1945eko maiatzean, estatubatuarrak, ingelesak eta errusiarrak Berlinen sartu ziren. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen maiatzaren 8an, eta Alemaniaren errendizioa heldu zen.
Hitlerren arrazialismoa darwinismoaren gizarte interpretazio batetik eratortzen da, gizarte-darwinismotik hain zuzen ere. Haren politikaren oinarri nagusiak borroka (Kampf-ek «borroka» baino askoz ere esanahi gogorragoa dauka), arraza eta desberdintasuna dira –bakezaletasunari, nazioartekotasunari eta demokraziari kontrajarririk–. Arrazialismoa ideia berria ez bazen ere, nazionalsozialismoan, Mein Kampf ageri den moduan, edo Alfred Rosenbergek XX. mendeko mitoa obran azaldu zuen moduan, berezia zen: «Beren arrazaren garbitasunari uko egiten dioten herriak beren arimaren batasunari ere uko egiten diote aldi berean… Odol-garbitasunaren galerak barne-zoriona deuseztatzen du, betiko gutxiesten du gizona, eta galera horrek betiko aztarnak uzten ditu gorputzean zein moralean». Ideologia horrek ario arraza garbikotzat hartzen ez zirenak sistematikoki jazarri eta erailtzea ekarri zuen 1945era arte, milioka hildako eraginez judu eta ijitoen artean.
Nazionalsozialismoaren beste ideia bat, pangermanismoaren oinarri bilakatu zena, «bizi-eremua» (Lebensraun) zen, zeinaren arabera, herriaren eta arrazaren ideiarekin loturik, alemaniar herriak, organismo bizia izaki, bizitzeko eremua behar du. Baina Hitlerren pangermanismoa ez dator 1914 aurreko urteetako pangermanismoarekin bat. Gilen II.a Alemaniakoaren garaiko Alemanian, pangermanismoaren helburua merkatu berriak eta salgaientzako irteerak bilatzea zen, ekonomia nazionalen arteko lehia bizia zela eta. Hitlerren pangermanismoa, aldiz, ez dago errealitate ekonomikoen azterketa sakonean oinarriturik; politikoa da ekonomikoa baino gehiago, autarkikoa da, eta ez du zabalkundea ekonomiaren bidez bilatzen. Hitlerrek 1932an adierazi zuenez, mundua ez da ekonomiaren bidez konkistatzen; estatuaren boterea da merkataritzarako baldintzak ezartzen dituena, eta ez merkataritza zabalkunde politikoa bideratzen duena. Bizi-eremuaren doktrina politiko, militar, mistiko eta antiekonomikoa da nazismoan: Hirugarren Reichean bildu nahi ditu haren parte izan behar duten kide guztiak, baita pobreak badira ere, nahiz eta norberaren bizi-mailak behera egin dezakeen horren eraginez; horretan kopurua garrantzizkoagoa da ongizatea baino, eta boterea aberastasuna baino. Ideia hori Hirugarren Reicharen estrategia militarrean gidalerroa izan zen, inguruko lurraldeak indarrez bereganatuz. Hura izan zen, finean, Bigarren Mundu Gerra piztuko zuena.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.