From Wikipedia, the free encyclopedia
Antisemitismoa juduen aurkako aurreiritzi, etsaitasun edo diskriminazioa da,[1] juduak erlijio-, etnia-, nahiz arraza-talde gisa ulerturik. Antisemitismoak hainbat forma hartzen ditu eta hartu ditu historian zehar, gizabanakoen gorrotoa eta erakundeetatik ezarritako jazarpena eta bereizkeria barne. Antisemitismoa arrazakeria mota bat da.[2]
Semita hitzak antisemitismoa «semita» guztien aurka zuzentzen dela ematen du, adibidez, arabiarrak, asiriarrak eta aramearrak. Termino hau, berez, hizkuntzalaritzatik hartutako adigaia da eta Arabiako penintsulatik datozen hizkuntzak izendatzeko erabiltzen da: arabiera, hebreera, feniziera, aramera, amharera, eta beste. Honen eraginez, hizkuntza hauetan mintzo diren giza-taldeak «herri semitak» moduan sailkatuak izan dira, juduak horien adar bat izanik. Hala ere, gaur egun termino hau zaharkitua dago eta ez da erabiltzen hizkuntzalaritzatik kanpo.[3][4]
Dena dela, Antisemitismus («antisemitismo») hitz konposatua 1879an erabili zen lehen aldiz Alemanian,[5] Judenhass («judu-gorrotoa») ordezkatzeko itxura zientifikoko termino gisa,[6][7][8][9][10] eta hauxe da ordutik hona izan duen erabilera.[1][6][11]
Terminologia «antisemiten» jatorria Moritz Steinschneider-ek Ernest Renan-en iritziei emandako erantzunetan dago. Alex Bein-ek honela dio: «Badirudi anti-semitismo hitz-elkartea Steinschneiderrek erabili zuela lehenik, Renani desafio egin baitzion bere "aurreiritzi antisemitengatik" [hau da, «semitei» arraza gisa egindako mespretxua]».[5] Avner Falk-ek ere honela dio: «Antisemitisch alemanezko hitza 1860an erabili zuen lehen aldiz Moritz Steinschneider (1816-1907) austriar jakintsu juduak antisemitische Vorurteile (aurreiritzi antisemitak) esaldian. Steinschneiderrek esaldi hori erabili zuen Ernest Renan filosofo frantsesaren ideia faltsuak adierazteko, "arraza semitak" "arraza ariarrak" baino gutxiago zirela esanez».[12]
Arrazari, zibilizazioari eta «aurrerabideari» buruzko teoria sasizientifikoak nahiko zabalduak zeuden Europan XIX. mendearen bigarren erdialdean, batez ere Heinrich von Treitschke historialari nazionalista prusiarrak arrazakeria mota hori asko bultzatu zuelako. «Juduak dira gure zoritxarra» esaldia sortu zuen, gerora naziek asko erabiliko zutena.[13] Avner Falken arabera, Treitschkek «semita» terminoa «judua» terminoarekin ia sinonimoki erabiltzen du. Renanek, ordea, herri multzo desberdinei erreferentzia egiteko erabiltzen zuen,[12] normalean irizpide linguistikoetan oinarrituta.[14]
Jonathan M. Hess-en arabera, «beren "antisemitismoaren" eta lehengo juduekiko eta judaismoarekiko antagonismo formen arteko desberdintasun erradikala nabarmentzeko erabili zuten hasiera batean autoreek terminoa».[15]
1879an, Wilhelm Marr kazetari alemaniarrak panfleto bat argitaratu zuen, «Sieg des Judenthums über das Germanenthum. Vom nicht confessionellen Standpunkt aus betrachtet« (Espiritu juduaren garaipena espiritu germaniarren gainean. Ikuspegi ez-erlijioso batetik behatua), non Semitismus hitza Judentum hitzarekin batera erabiltzen zuen, juduak kolektibo gisa zein judutasuna (judu izatearen nolakotasuna edo judu izpiritua) izendatzeko.[16][17][18]
Bere hurrengo panfletoak, Der Weg zum Siege des Germanenthums über das Judenthum (Germaniar izpirituak juduen izpiritua garaitzeko bidea, 1880), Marren ideien garapen bat aurkezten du, eta Antisemitismus («antisemitismo») alemanezko hitzaren lehen erabilera argitaratua izan daiteke. Panfletoa oso ezaguna egin zen, eta urte berean Marrek Antisemiten-Liga (Antisemiten Liga) sortu zuen.[19] Liga hura Alemaniako lehen erakundea izan zen, juduek Alemaniari eta kultura alemaniarrari egindako ustezko mehatxuari eta haien eraginari aurre egiteko eta herrialdetik indarrez aldentzearen alde egiteko konpromisoa hartu zuena.
Jewish Encyclopedia-k dio: «1881eko otsailean, Allgemeine Zeitung des Judentumseko berriemaile batek "antisemitismoa" aipatzen du berriki erabili den izendapen gisa ("Allg. Zeit. d. Jud." 1881, 138 or.). 1882ko uztailaren 19an, editoreak dio: "Antisemitismo nahiko berri honek apenas ditu hiru urte"».[20]
«Antisemitismo» hitza dagoeneko XX. mendean erabiltzen zen euskaraz[21] eta 1997an sartu zen Euskaltzaindiaren Hiztegian.[22]
Hasieratik, «antisemitismo» terminoak arrazagatiko konnotazio bereziak zituen eta juduen aurkako aurreiritziei egiten zien erreferentzia espresuki.[6][11] Terminoa nahasgarria da, gaur egungo erabileran «semita» terminoak hizkuntza talde bat izendatzen baitu, ez arraza bat. Zentzu honetan, termino desegokia da, hizkuntza semitikoen hiztun asko baitaude (adibidez, arabiarrak, amharak eta aramearrak) aurreiritzi antisemitak pairatzen ez dituztenak; aldiz, judu asko daude hebreera, hizkuntza semitiko bat, hitz egiten ez dutenak. Nahiz eta «antisemitismoa» beste hizkuntza semitiko batzuk hitz egiten dituzten pertsonen aurkako aurreiritzitzat har daitekeen, orokorrean terminoa ez da horrela erabiltzen.[4][23][24][25]
Antisemitismoa era askotan agertzen da. René König-ek antisemitismo soziala, antisemitismo ekonomikoa, antisemitismo erlijiosoa eta antisemitismo politikoa aipatzen ditu adibide gisa. Königek adierazten du forma ezberdin hauek erakusten dutela «aurreiritzi antisemiten jatorriak aldi historiko ezberdinetan errotuta daudela». Königek dio aurreiritzi antisemita ezberdinek populazioaren segmentu ezberdinetan duten banaketa irregularrak «antisemitismo mota ezberdinak definitzeko zailtasun larriak» sortzen dituztela.[26]
Posible da zailtasun hauek taxonomia ezberdinak sortu izana antisemitismoaren formak kategorizatzeko. Identifikatutako formak, funtsean, berberak dira; bereizten dena, nagusiki, formen kopurua eta definizioak dira. Bernard Lazare-k hiru antisemitismo mota identifikatzen ditu: antisemitismo kristaua, antisemitismo ekonomikoa eta antisemitismo etnologikoa.[27] William Brustein-ek lau kategoria izendatzen ditu: erlijiosoa, arrazagatikoa, ekonomikoa eta politikoa.[14] Edward Flannery historialari katolikoak lau antisemitismo mota bereizi zituen:[28]
Louis Harap-ek bereizi egiten du «antisemitismo ekonomikoa» eta batu egiten ditu «antisemitismo politikoa» eta «nazionalista», «antisemitismo ideologikoa» terminoan. Harapek «antisemitismo sozial» kategoria bat ere gehitzen du. Hauek dira Harapek azaldutako antisemitismo formak:[29]
Louis Harapek honela definitzen du antisemitismo kulturala: «antisemitismo mota bat, zeinak juduei kultura jakin bat galbideratzea eta kultura hobetsia kultura uniforme, gordin eta "judu" batez ordezkatu edo ordezkatzen saiatzea leporatzen diena».[29] Era bertsuan, Eric Kandel-en arabera, antisemitismo kulturalak «judutasuna» ulertzen du «tradizio erlijioso edo kulturala ikaskuntzaren, tradizio bereizgarrien eta hezkuntzaren bidez lortzen dena» moduan. Kandelen arabera, antisemitismo mota honek juduek «akulturazioaren bidez lortzen dituzten ezaugarri psikologiko eta sozial ez oso erakargarriak» dituztela berresten du.[30] Niewyk eta Nikosiaren arabera, antisemitismo kulturalaren ezaugarria da «juduek bizi diren gizarteekiko duten urruntasunean» arreta ipini eta hau gaitzesten duela.[31]
Antisemitismo kulturalaren ezaugarri garrantzitsu bat da judaismoaren ezaugarri negatiboak hezkuntzaren edo konbertsio erlijiosoaren bitartez libre geratu daitezkeela.[30]
Antisemitismo erlijiosoa, antijudaismo ere esaten zaiona, juduekiko antipatia da, haien erlijio-sinesmenengatik. Teorian, antisemitismoa eta banakako juduen aurkako erasoak gelditu egingo lirateke juduek judaismoa praktikatzeari utziko baliote edo beren fede publikoa aldatuko balute, batez ere erlijio ofizial edo zuzenera bihurtuz. Hala ere, kasu batzuetan, bereizkeriak jarraitu egiten du konbertsioaren ondoren, hala nola XV. mendearen amaieran eta XVI. mendean Iberiar penintsulako judeo-konbertsoen kasuan, kristau zaharrek judaismoa edo ohitura juduak ezkutuan praktikatzen zituztela uste baitzuten.[28]
Zenbait kristauk, hala nola Ernest Jouin apaiz katolikoak, Siongo jakintsuen protokoloak liburuaren lehen itzulpen frantsesa argitaratu zuenak, antisemitismo erlijiosoa eta arrazagatikoa konbinatu zituen, haren adierazpen honetan ikus daitekeen moduan: «arraza, nazionalitate eta erlijioaren ikuspuntu hirukoitzetik, judua gizateriaren etsai bihurtu da».[32] Dreyfus aferaren garaian Frantzian gehien irakurtzen zen idazle katolikoetako baten, Édouard Drumont-en, antisemitismo birulentuak, antisemitismo erlijiosoa eta arrazagatikoa konbinatu zituen baita ere.[14][33][34] Drumontek Frantziako Liga Antisemita sortu zuen.
Antisemitismo ekonomikoaren azpian dagoen premisa da juduek jarduera ekonomiko kaltegarriak egiten dituztela edo jarduera ekonomikoak kaltegarri bihurtzen direla juduek egiten dituztenean.[35]
Juduak eta dirua elkartzeak gezur antisemita kaltegarri eta iraunkorrenak sostengatzen ditu.[36] Antisemitek diote juduek kontrolatzen dutela munduko finantzak, iruzurrezko Siongo jakintsuen protokoloak liburuan sustatutako teoria, eta geroago Henry Ford-ek eta bere The Dearborn Independent aldizkariak errepikatua. Aro modernoan, horrelako mitoak zabaltzen dira oraindik ere. Derek Penslar-ek dio bi osagai daudela ekonomiarekin zerikusia duten gezurretan:[xxx]
Abraham Foxman-ek gezur antisemiten sei alderdi deskribatzen ditu:[37]
Gerald Krefetz-ek honela laburbiltzen du mitoa: «[juduek] bankuak, diru eskaintza, ekonomia eta negozioak kontrolatzen dituzte, komunitatearenak, herrialdearenak, munduarenak».[erreferentzia behar] Krefetzek, ilustrazio gisa, irain eta atsotitz asko ematen ditu hainbat hizkuntzatan, juduak zuhurrak, diruzaleak, maltzurrak edo erasokorrak direla iradokitzen dutenak.[erreferentzia behar] XIX. mendean zehar, juduak «laidogarriak, ergelak eta zekenak» zirela esaten zen, baina Juduen burujabetzaren ondoren eta juduak Europako erdi edo goi klasera igo zirenean, «[munduko finantzak] dominatu nahi zituzten finantzari azkarrak, maltzurrak eta manipulatzaileak» zirela esaten zen.[erreferentzia behar]
Léon Poliakov-ek dio antisemitismo ekonomikoa ez dela antisemitismo mota ezberdin bat, antisemitismo teologikoaren agerpen bat baizik (zeren, antisemitismo ekonomikoaren kausa teologikorik gabe, ez bailitzateke antisemitismo ekonomikorik izango). Iritzi honen aurka, Derek Penslarrek dio aro modernoan antisemitismo ekonomikoa «ezberdina eta ia etengabea» dela, baina antisemitismo teologikoa «askotan ahula» dela.[erreferentzia behar]
Arrazagatiko antisemitismoa erlijio juduaren aurkako aurreiritzia beharrean, juduen aurkako aurreiritzia da, hauek talde etniko gisa ulertuta.[20] Arrazagatiko antisemitismoaren testuinguruan juduek ezin dute beren judutasunetik libratu.
Antisemita hauek juduak arraza semita baten parte bezala ikusten dituzte, eta beren jatorri eta kultura ez-europarra azpimarratzen dute. Juduak erredentziotik at ikusten zituzten, nahiz eta gehiengoaren erlijiora bihurtu.[38]
Arrazagatiko antisemitismoak judaismoaren gorrotoa juduen gorrotoarengatik ordezkatu zuen. Industria Iraultzaren testuinguruan, juduen burujabetzaren ondoren, juduak azkar urbanizatu eta gizarte-mugikortasun handiagoko garaia bizi izan zuten. Erlijioak bizitza publikoan zuen rol gero eta txikiagoarekin, antisemitismo erlijiosoa epelduz joan zen, eta nazionalismo handiagoaren, eugenesiaren gorakadaren eta juduen arrakasta sozio-ekonomikoarengatiko erresuminak antisemitismo berriago, bortitzago eta arrazistago bat sortu zuen.[39]
William Nichols-en arabera, antisemitismo erlijiosoa gaur egungo arrazan edo etnian oinarritutako antisemitismotik bereiz daiteke. Izan ere, hark dioenez, desberdintasun bat da antisemita erlijiosoen iritziz juduak judu izateari uzten diola bataioan. Arrazagatiko antisemitismoan, ordea "judu asimilatua oraindik judua zen, bataioaren ondoren ere... Ilustraziotik aurrera, jada ezin da juduenganako etsaigo-mota erlijiosoen eta arrazagatikoen arteko bereizketa garbirik egin... Juduak emantzipatu eta pentsamendu sekularra agertu ondoren, juduenganako etsaigo kristau zaharra atzean utzi gabe, antisemitismo termino berria ia saihestezina bihurtzen da, doktrina esplizituki arrazistak agertu aurretik ere."[40]
XIX. mendearen hasieran, juduen burujabetza ahalbidetzen zuten zenbait lege aldarrikatu ziren Mendebaldeko Europako herrialdeetan.[41][42] Ghettoetara mugatzen zituzten lege zaharrak eta haien jabetza-eskubideak, gurtza- eta okupazio-eskubideak mugatzen zituzten lege asko indargabetu egin ziren. Hala eta guztiz ere, erlijio-arrazoiengatiko bereizkeria tradizionalak eta juduen aurkako etsaitasunak iraun egin zuten, eta arrazagatiko antisemitismoarekin osatu ziren, Joseph Arthur Gobineau bezalako arraza-teorialarien lanak bultzatuta eta, bereziki, 1853–1855eko Essay on the Inequality of the Human Race saiakerak bultzatuta. Etnizitatean oinarritutako agenda nazionalistek, nazionalismo etniko izenekoek, oro har, arraza arrotz gisa baztertzen zituzten komunitate nazionaleko juduak.[43] Horrekin batera, gizarte-darwinismoaren teoriak izan ziren, gizakien “goiko” eta “beheko” arrazen arteko gatazka nabarmendu zutenak. Teoria horiek, oro har iparraldeko europarrek planteatuak, zuri ariarrak judu semiten gainetik egotearen alde zeuden.[43]
William Brustein-en arabera, antisemitismo politikoa juduen aurkako etsaitasuna da, juduek botere nazionala edo mundu-boterea bilatzen dutenaren ustean oinarrituta. Yisrael Gutman-en iritziz antisemitismo politikoak juduei porrotak eta krisi ekonomiko politikoak leporatzen dizkie, eta "juduen influentziaren aurkakotasuna eta erresistentzia esplotatzen dituzte, alderdi politikoen plataformen elementu gisa".[44] Derek Penslarrek idatzi zuen: "Antisemitismo politikoak juduak identifikatu zituen modernitatea bereizten duten eta kezka sortzen duten gizarte-indarren erantzule gisa".[45]
Viktor Karády-ren arabera, antisemitismo politikoa orokortu egin zen juduen legezko burujabetzaren ondoren, eta burujabetza horren ondorioetako batzuk alderantzikatzen saiatu zen.[46]
Holokaustoaren ukapena eta juduen aurkako konspirazio-teoriak ere antisemitismo motatzat hartzen dira.[47][48][49]
1990eko hamarkadatik aurrera, zenbait adituk antisemitismo berriaren kontzeptua sustatu dute, aldi berean ezkerretik zein eskuinetik datorrena. Antisemitismo hau Israelgo Estatuan aberri judu bat sortzearen aurka dago,[50][51][24] eta argudiatzen dute antisionismoaren hizkera eta Israeli egindako kritika juduei eraso egiteko erabiltzen direla. Alde horretatik, kontzeptu berriaren aldekoek uste dute Israeli eta sionismoari egiten zaizkien kritikak neurriz kanpokoak eta bakarrak direla, eta antisemitismoari egozten dizkiote.[52]
Kontzeptuaren kritikarien ustez, honek antisemitismoaren esanahia arinki hartzen du eta antisemitismoa erabiltzen du eztabaida isilarazteko, Israelgo Estatuaren legezko kritikaren arreta desbideratzeko. Gainera, antisionismoa antisemitismoarekin elkartzean, Israelgo ekintza eta politikei aurka egiten dien edonor lausotzeko erabiltzen dute.[53][54]
Espainian, Errege-erregina Katolikoek milioika judu eta musulman egotzi zituzten penintsulatik XV. mende bukaeran. Gerorako, judu hauen ondorengoek "sefardi" izena hartu zuten diasporan, Sefarad, beren hizkuntzan Espainiari ematen zioten izena baitzen. Judu sefardiek, gainera, gaztelania bizirik gorde dute Mediterraneo itsasoan barna dituzten komunitateetan. Egun, sefardi gehienak Israelgo estatuan bizi dira. Espainiako legeen arabera, sefardi oro, espainiarren ondorengoa denez gero, espainiar naziotasuna eskatzeko eskubidearen jabe da. Musulmanez ez da ezer esaten.
XX. mendearen lehen erdialdearen bukaeran, aldiz, naziek egin zuten juduen aurkako krimenik handiena historia osoan, denbora laburrean egin ere: Lau urtetan 5 milioi gizon-emakume judu inguru hil zituzten Europan, beste gutxiengo etniko eta aurkari politikoekin batera. Zoritxarreko garai honek "Holokausto" izena hartu zuen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.