From Wikipedia, the free encyclopedia
Sasizientzia edo pseudozientzia (“zientzia faltsua” edo “gezurrezko zientzia”) ebidentzia-zientifikorik ez duen, edo metodo zientifiko onargarririk ez duen baieztapen, iritzi edo praktika da, fidagarritzat hartu ezin dena eta estatus zientifikorik gabekoa[1]. Baieztapen hutsalak, kontrajarriak, gehiegizkoak edo faltsutu ezin daitezkeenak izan ohi dira. Gainera, proba zehatzak bilatu baino baieztapenen bila aritzen dira eta orokorrean jarraibide sistematikoen falta ematen da teoria arrazionalak garatzeko.
Sasizientzia terminoa askotan gutxiesgarritzat hartzen da, hitzak berak aditzera ematen duena delako zerbait faltsuki zientzia moduan aurkezten dela, benetan hala ez denean (sasi-zientzia). Horregatik, sasizientzia moduan identifikatzen ditugun praktikak garatzen dituzten pertsonei ez zaie termino honen erabilera gustatzen.[2]
Zientzia eta sasizientziaren arteko bereizketak arazoak ekartzen ditu politika eta filosofia arloetan, baita arazo zientifikoak ere.[3] Ondorio praktikoak ere suposatzen ditu asistentzia medikoaren kasuan, azterlan judizialean, ingurumen politikan eta zientzien hezkuntzan.[2] Heziketa eta alfabetizatze zientifikoaren zati bat da gertakizun eta teoria zientifikoak sineste pseudozientifikoetatik bereizten ikastea; astrologian, alkimian, medikuntza alternatiboan, okultismoan edo kreazioaren zientzian egon daitezkeenak, adibidez.[4]
Gune, praktika, gorputz edo jakintza bat sasizientifikoa dela esan dezakegu ikerketa zientifikoa aurrera eramateko jarraibideak teorikoki betetzen dituela esan, baina praktikan betetzen ez dituenean. Errebelazio, teologia eta espiritualitateagatik bereizten da errealitatearen ulerkera jakintzaren ikerketa eta esperimentazio enpirikoen bidez ematen baitu. Kontuz ibili behar da zientziaren eta sasizientziaren arteko desberdintasunak ez baitira edonorentzat argiak: sinesmen sasizientifiko batzuk oso errotuak daude, baita kazetari eta zientzia irakasle batzuen artean ere.
Sasizientzia kontzeptua negatiboki ulertzen da orokorrean, zientziatzat aurkezten duelako hau ez den zerbait, batzuetan baita nahita ere; eta ondorioz sasizientzia moduan izendatutako jarraitzaileek ez dute euren burua bertan kokatzen eta jarritako etiketa baztertzen dute. Baina bestetik, badaude komunitate zientifikoko kideak zantzu negatiboa alboratzen dutenak eta teoria, tesi zein ikerketa berrietarako balio dutela esaten dutenak.
Sasizientzia terminoa[5], erdarazko pseudociencia edo seudociencia, neologismo bat da, grekerazko pseudo, «faltsua» eta latineko ciencia, «jakintza» hitzak batuaz. Nahiz eta terminoa bere horretan XVIII. mende amaieratik erabiltzen hasi zen, XIX. mende erdialdetik aurrera uste zen bazegoela zientzia errealetik bereizi beharreko termino moduan. Sasizientzia hitzaren lehenengotariko erabilera bat 1844ko Northern Journal of Medicine-tik dator, eta 1843an, François Magendie fisiologo frantsesaren obretann ere agertzen da.
Nahiz eta jakintza, metodologia edo praktika bat zientifikoa den esateko printzipioak alda daitezkeen eremuaren arabera, hainbat zehaztu daitezke komunitate zientifikoa ados egon daitekeena orokorrean.[6] Hau da oinarrizko nozioa: Emaitza esperimental guztiak erreproduzitzeko gai eta beste ikerlari batzuek frogatzeko gai izan behar dira. Egoera berdinean dauden esperimentuak eginez jakingo da fenomenoaren hipotesia edo teoria egokia eta fidagarria den. Metodo zientifikoa aplikatuko zaio esperimentuari eta bildutako datu guztiak dokumentatuak zein erabiltzeko moduan egon beharko dute ondoren egingo zaizkien errebisioetarako.
Orokorrean, metodologia zientifikoak froga enpiriko zehatz eta gogorrak egitea behartzen ditu teoriak; eta, aldiz, sasizientzian ezingo dira bazterketa sistemak aplikatu edo aldekoak teoria babestuko dute baztertu ahal izateko frogak egin gabe.
Karl Popperrek XX. mendearen erdialdean faltsagarritasunaren kontzeptua sortu zuen zientzia eta ez-zientzia bereizteko.[7] Emaitza bat “faltsagarria” da okerra dela frogatzean, hau da, faltsua dela demostratzen duen esperimentu teoriko bat eraiki daitekeenean. Horrela, faltsagarriak diren baieztapenak zientziatzat har daitezke, eta, aldiz, faltsagarriak ez direnak ez-zientzia. Popperrek astrologia eta psikoanalisia erabili zituen sasizientziaren adibide moduan, eta Einsteinen erlatibitatearen teoria zientziaren adibidetzat. Larry Laudan zientziaren filosofoak sasizientziaren kontzeptuak esanahi zientifikoa duela eta hautemate subjektibo baten deskribapena esateko erabiltzen dela esan zuen.[8] Modu berean, kritiko batzuek katerik egiten ez duten denbora pasa moduan hartzen dute sasizientzia, baina Richard Feynman,[9] Richard Dawkins,[10] Carl Sagan,[11] Michael Shermer[12] y Mario Bunge[13] etab. bezalako beste batzuek, aldiz, uste dute sasizientziaren edozein adar kaltegarria dela, kalteak momentuan eragin edo ez.
Zientzia erreal eta sasi-zientziak bereizten dituzten autoreek hainbat ezaugarri zehazten dituzte, eta nahiz eta ez duten zertan denek atera behar, bereizketa egiten laguntzen dute:[14][15][16][17][18][19]
Pentsamendu sasizientifikoa psikologia y psikologia sozialaren terminoetan azaldu da. Gizakiaren joera bat da bazterkeria bilatu ordez baieztapena bilatzea, uste erosoetan geratzea eta orokortzea. Aipatutako hori hauek sasizientziaren ezaugarri moduan ere azaltzen zaizkigu. Beyerstein (1991) dioenaren arabera, gizakiak itxuraren araberako asoziazioak egiteko joera daukagu, eta askotan kausa-efektuaren pentsamenduan akatsak egiten ditugu.[21]
Filosofian falaziatzat jo daitezkeen hainbat argumentazio mota ontzat hartzen dira sasi-zientzietan. Gainera, psikologiak hainbat isuri kognitiboren ezagutza gehi ditzake azalpenetara. Gizakiok joera daukagu zenbait iturritatik jasotako informazioa sinesteko, sinesmen antzekoak dutenen taldeetan elkartzeko, norberaren sinesmenekin bat datozen informazio iturrietatik edateko, eta kontrako datuak eskaintzen dituzten informazioak baztertzeko (baieztatze alderako isuria), etab.
Paul Feyerabend filosofoak zioen zientziaren eta sasizientziaren arteko bereizketa ez dela ez posiblea ez nahigarria.[22] [23][24] Richard McNally, Harvardeko unibertsitateko Psikologiako katedradunak, zioen sasizientzia terminoa modazko hitz bat bihurtu dela etsaiei aurre egiteko modu bezala eta besteen baieztapenak edo tratamenduak zalantzan jarri eta sasizientifikoak direla esan ordez, galdera batzuk egin behar genituzkeela: nola dakigu tratamenduak funtzionatzen duen? Zein dira bere frogak?[25]
Metodo sendatzaileen merkatu handi bat dago eta askotan mekanismo sendatzaile hauek ikerketa batzuek balioztatzen dituzte; askotan metodo magiko tradizionalak deiturik. “Sasi-medikuntza” hauetako asko zabaldu egin dira egun interneten ondorioz eta kasu berezienetako bat (zabalpenagatik) homeopatia da: honen inkongruentzia bere sortzailea, Samuel Hahnemann, bizirik zegoela eman zen.[26]
Izaera sasizientifikoko hainbat tratamendu alternatiboak istripu larriak eragin ditzake, eta baita heriotza kasuren batzuetan ere. Baina, hala ere, onartzen da orokorrean osasunerako izan dezaketen arrisku handiena, eraginkorra ez den metodo batean konfiatuta, eraginkorragoak izan daitezkeen beste neurri batzuk ez hartzea da; hala nola, ohitura osasuntsuak edo frogatutako eraginkortasuna duen mediku baten tratamendua.
"Fecomagnetismo" izeneko "terapia alternatiboa" sortu zuten[27], behin, sasimedikuntzaren, sasizientziaren, trikimailuak erabiliz.
Sasizientzietan ohikoak diren trikimailuak erabili ziren: azalpen sasizientifiko korapilatsuak, terapiaren aurkitzaileen edo sortzaileen curriculum vitae landuak, zuzeneko testimonio harrigarriak, taulak datu zehatzekin, argazkiak, argitalpen itxurosoen aipuak[28], auto-aipuak...
Hasieratik argi zegoen dena muntaia hutsa zela. Baina kontuak arrakasta izan omen zuen. Sinetsi nahi zuten batzuek edo sinesteko beharra zuten batzuek liburuen aurkezpenak edo liburuen aitzinsolasak egiteko eskatu zieten, hitzaldiak emateko deitu zieten, etab. Pertsona horietako batek ere ez zuen zalantzan jarri fecomagnetoterapiaren eraginkortasuna; inork ez zien eskatu frogak erakusteko.
Alkimia | Gaur egun kimika, metalurgia, astrologia eta fisikaz ezagutzen ditugun zientziak biltzen zituen praktika zen, nahiz eta orain ez den maiz erabiltzen. XIX. mendetik aurrera jarraitzaileak izateari utzi zion, astrologiaren kontrara. |
Astrologia[29] | Planeta, izar eta sateliteen posizio erlatiboaren eta pertsonen nortasun eta etorkizunaren arteko erlazioa bilatzen duen zientzia da. Nahiz eta antzinarotik tradizio luzea izan duen sinesmen sistema baten moduan, bere oinarriak zientzia moduan Errenazimentuan ezarri ziren. |
Bach loreak[30] | Lore jakin batzuk eguzkitan eseki eta gero ahalmen sendatzaileak dituztela uste duen zientzia da, baina ez da frogatu balio terapeutikorik duenik, plazebo efektutik haratago. Sendabidearen prestakuntzan, hainbat lore uretan eta eguzkitan uzten dira, uretan geratzen dena ondoren iragaziaz. Hau, ordea, ez dago frogatua inongo mekanismo fisiko-kimiko zehatzik eragiten duenik. |
Feng shui | Chia bezalako energietan sinesten duen zientzia da. Zalantzakorra da, ez bakarrik energia bat ezin delako jakin negatiboa edo positiboa den, baizik eta ezin delako frogatu gizakiongan eragina izan dezakeenik. Ondorioz, ezin da esan balore terapeutikorik duenik. |
Fisiognomia | Antzinaroan asmakuntza arte bat bezala garatu zen, aurpegiko ezaugarrien bidez patua asmatzen zuena. Lavater, XVIII. mendea amaieran horrela deitu zion pertsona baten izaera ezagutzeko bere aurpegiko ezaugarriei eta kopetaren formari begiratzen zion zientziari. Azken hau XX. mendeko lehen erdialdean berreskuratu zuen arrazismo sasizientifikoak juduen eta esklaboen aurka aritzeko. |
Frenologia[31] | Pertsona baten izaera eta nortasuna burezurraren formak zehaztu dezakeela baieztatzen duen teoria izan zen. Uste zen jarrera desberdinak izateak garunaren leku desberdinek kontrolatzen zutela. Ez da craniometría edo fisonomíarekin nahastu behar, azken hauek burezurreko hezurrak eta aurpegiko ezaugarriak aztertzen baitituzte nortasunaren inguruko informaziorik bilatu gabe. |
Grafologia[32] | Idazkera eta pertsonaren nortasunaren erlazioan sinisten duen zientzia da. Ez da kaligrafia forensearekin nahastu behar, hau justizian teknika osagarri bezala erabiltzen baita idatzi bat pertsona zehatz batena den zehazteko. |
Holokaustoaren negazionismoa | Holokaustoaren negazionismoa sasizientzia bezala hartzen da (historiako arloan) ez errebisionista delako, metodo zientifikoaren printzipio guztiak ezeztatzen dituelako baizik; ez dira jada badauden proba eta lekukoetan oinarritzen. Negazionista hauek beraien gustuko teoriak elaboratzen dituzte eta historia berridazten dute, falazietan oinarrituz. Honen ondorioz, historiatzaileek idazki hauek guztiak txarto daudela eta fidagarriak ez direla diote. |
Homeopatia | Alkimiatik datorren praktika dela uste da. Zientifikoek, homeopatiaren aurka egiteko, plazebo efektuarekin erlazionatzen dute. Teoria honek onartzen du urak modu batean edo bestean noizbait berarekin kontaktuan egon diren propietate kimikoak “gogoratu” egiten dituela, baina ez dago ikerketa enpirikorik uraren memoriaren hipotesia baieztatzen duenik. |
Kreazionismoa | Eboluzioaren teoria ukatu eta hipotesi ezberdinak dituen zientzia da. Katolikoek, adibidez, Jainkoak bizitza sortu zuela uste dute. Egun indarrean (eta kreazionismoaren aurka) dagoen izaki bizidunen jatorriaren inguruko teoria eboluzioarena da. |
Kiropraktika[33] | Kiropraktika David D. Palmer magnetoterapeutak sortu zuen Iowan XIX. mendearen amaieran. Honen arabera, gaixotasunak ornoen subfluxazioek eragindako berezko inteligentziaren fluxu oker baten ondorioa dira. Garbi dago medikuntzak ez datorrela bat honekin. Gaixotasun hauek tratatzeko, presio edo giro gogorrak aplikatzen dira bizkarrezurraren puntu desberdinetan.
Badaude argitalpen zientifikoak, tratamendu hauek arterietan eragin duten presioaren ondorioz eman diren bihotzekoak erakusten dituztenak. Hala ere esan behar da, masaje moduan, bizkarreko minak arintzen dituztela epe laburrean. |
Kriptozoologia[34] | Kriptozoologia zoologia modernoarentzat ezezagunak diren animalia hipotetikoen azterketa da, orokorrean lekukoei elkarrizketak eginez edo edozein arrasto fisiko (aztarnak, gorozkiak, tximak, etab.) bilatuaz. |
Magnetoterapia | Imanen bidez gaixotasunak sendatzen dituen zientzia da. IHESaren kasuan, adibidez, uste zen barne patogenoek erregularizazioa galtzen zutela. Hala ere, ez dago ebidentziarik eta sortzailea iruzurra esan izanaz izan zen akusatua. Uste da minak gutxitu edo kendu ditzakeela, nahiz eta pertsonaren arabera emaitzak alda daitezkeen. |
Numerologia[35] | Mundua matematikoki soilik deszifratu daitekeela esaten du zientzia honek, Pitagorasek gaiaren inguruko lehen zertzelada batzuk eman zituelarik. Pitagorikoek defendatzen zuten Lurra, Eguzkia eta gainontzeko planeta ezagunek 1 zenbakiaren indarraren inguruan ematen zutela bira. |
Piramidologia[36] | Oinarri laukidun piramide forma duten objektuek hainbat fenomeno sor ditzaketenaren ustea. Adibidez: elikagaiak normala baino denbora gehiagoz fresko mantentzea. |
Poligrafia[37] | Poligrafoa hainbat ikerketa zientifikok kolokan jarri duten teknika da. Izan ere, ez omen da esistitzen gezurra esatearen eta patroi fisiologiko espezifiko baten arteko erlaziorik eta ez da efektu plazeboagandik bereizi. Hala ere, bere erabilera nahiko zabaldua dago polizien alorrean. |
Programazio neurolinguistikoa[38] | Jarrerak eraldatzea posiblea dela dio, eta baita pairamen mentalak sendatzea eta bizitzan lortu nahi diren metak lortzea. Nola? hitz egiteko zein espresatzeko moduak aldatuta. Baina, ez dago honen inguruko ebidentzia zientifiko ziurrik, ezta ikerketa psikologiko edo biologikorik hau konfirmatzen duenik. |
Psikoanalisia | Karl Popperrek XX. mendearen erdialdean faltsagarritasunaren kontzeptua sortu zuen zientzia eta ez-zientzia bereizteko. Popperrek astrologia eta psikoanalisia erabili zituen sasizientziaren adibide moduan, eta Einsteinen erlatibitatearen teoria zientziaren adibidetzat. Nahiz eta Popperrek psikoanalisia sasizientzia bezala izendatu, honek ez du esan nahi ez denik ez arrazionala ez baliotsua.
Mario Bunge epistemologoak ere psikoanalisia erabiltzen du zientziaren mugaketaren adibide gisa. Sasizientzia bat dela dio ez duelako kanpo oinarririk: diziplina zientifiko desberdinek euren arteko hartu-emanak dituzte alor teoriko zein enpirikoetan. Zientziaren filosofo zein ikertzaile batzuen ustez psikoanalisia iker daiteke zientifikoki, baina beste batzuen arabera, aldiz, ez. Aniztasun handia eta korronte asko daude gai honekiko, eta euren burua zientifikotzat dutenei direla esan beharko genieke sasizientzia egiten dutela. |
Sinergetika | Teoria hau Hermann Haken matematiko eta fisikoagatik izan zen ezarria. Bertako jarraitzaileek sendatze bioniko bat da, eta ez tratamendu mediku bat; eta horrela mendebaldeko medikuntzarekin izan ditzaketen liskarrak baztertzen dituzte. |
Ufologia | Objektu hegalari ezezagunen (OHE) ikerketa da; eta bertan uste da estralurtarren existentziaren froga direla. Gai honen dabiltzan ikerlariei aurpegiratu izan zaie naturaz gaindik argudioak, fikziozkoak zein erlijiosoak erabili izana, eta baita helburu komertzial (eta ez zientifiko) batzuengatik egin izana euren ikerketak. |
Zerealogia[39] | Soro-zirkuluak, gazteleraz pictogramas edo ingelesez crop circles ere deituak, laborantza lurretan agertzen diren marrazkiak dira, eta estralurtarrek sortu omen dituzte, nahiz eta ez dagoen ebidentzia enpirikorik. |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.