ozeano From Wikipedia, the free encyclopedia
Ozeano Atlantikoa[1] bost ozeanoen artean bigarren handiena da, 86.133.000 kilometro karraturekin. Gutxi gorabehera Lurraren %17 estaltzen du, eta uraren gainazalaren %24. Esplorazioen Aroan "Mundu Zaharra" (Afrika, Europa eta Asia) eta "Mundu Berria" (Amerika) bereizteagatik zen ezaguna.
Ozeano Atlantikoa | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | ozeano |
Zabalera | 5.000 km |
Azalera | 106.460.000 km² |
Sakonera | 8.605 m 3.646 m |
Bolumena | 305.811.900 km³ |
Eponimoa | Atlas |
Geografia | |
Koordenatuak | 0°N 30°W |
Honen parte da | munduko ozeano |
Lurraldeko administrazio-erakunde | Itsas zabal |
Hidrografia | |
Ibaiadarrak |
Europa, Afrika eta Asia Amerikatik bereiztean, Ozeano Atlantikoak funtsezko eginkizuna izan du giza-garapenean, globalizazioan eta nazio askoren historian. Eskandinaviarrak izan ziren Atlantikoa zeharkatu zuten lehen gizaki ezagunak, baina Kristobal Kolonen espedizioak izan zuen eraginik handiena 1492an. Kolonen espedizioak Europako potentziek batez ere Portugalek, Espainiak, Frantziak eta Erresuma Batuak Amerikak esploratu eta kolonizatzeko aro baten hasiera ekarri zuen. XVI. eta XIX. mendeen artean, Ozeano Atlantikoa izan zen esklaboen merkataritzaren eta kolondar trukearen erdigunea, eta, aldi berean, itsas guduak izan zituen noizbehinka. Itsas bataila horiek eta Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil bezalako potentzia amerikarren merkataritza gero eta handiagoak XX. mendearen hasieran gora egin zuten, eta gaur egun Atlantikoan gatazka militar handirik izan ez den arren, ozeanoa merkataritzaren osagai nagusia da oraindik mundu osoan.
Ozeano Atlantikoak S formako arro luzanga bat hartzen du, Europa eta Afrikaren artean luzetara hedatzen dena, eta Ameriketatik mendebaldera. Munduko Ozeanoa interkonektatuaren osagai gisa, Ozeano Artikoarekin iparraldean, Ozeano Barearekin hego-mendebaldean, Indiako Ozeanoarekin hego-ekialdean, eta Ozeano Antartikoarekin hegoaldean (beste definizio batzuen arabera, Atlantikoa hegoalderantz hedatzen da Antartidaraino) konektatuta dago. Ozeano Atlantikoa bi zatitan banatuta dago: Ipar Atlantikoa eta Hego Atlantikoa, ekuatorearen alde bietan.
Atlantiko hitzaren aipamen ezagunik zaharrena Estesikorok egin zuen K.a. VI. mendean (Sch. A. R. 1. 211): Atlantikôi pelágei (antzinako grezieraz: Ἀτλαντικῷ πελάγει; Atlasen itsasoa)[2] eta Herodotoren Historiak lanean (K.a. 450; Hdt. 1.202.4) Atlantis thalassa gisa agertzen da (antzinako grezieraz: Ἀτλαντὶς θάλασσα)[3], "Herkulesen zutabeen ondoren", eta esaten du lur guztia inguratzen zuen itsasoa zela. Bi erabilera hauetan Atlasi egiten dio erreferentzia, greziar mitologiako Titan bat, zeruak eusten dituena. Atlas Erdi Aroko mapetan agertu ohi da, alboak irudikatzen, eta horregatik deitzen zaie horrela atlasei. Bestalde, Antzinako Greziako marinelentzat, zein Iliada eta Odisea lanetan, lur guztia inguratzen duen ozeanoari Ozeano deitzen zaio, mundua inguratzen duen ibai erraldoi, greziarrek ondo ezagutzen zituzten Mediterraneoa eta Itsaso Beltzarekin kontrajarrita[4]. Atlantikoa Atlas mendien mendebaldean zeuden, Marokon, Gibraltarko itsasartea behin igarota[5].
XIX. mendearen erdialdera arte, Hego Atlantikoari Etiopiako Itsasoa izena ematen zitzaion, Etiopiari erreferentzia egiten dion izena[6]. Esplorazioen Aroan Atlantikoa maiz agertzen zen mapetan Mendebaldeko Ozeano Handia izenarekin[7].
Bereizten dituen kulturak antzekoak izanda, maiz bere benetako tamaina gutxiesten duten terminoak erabiltzen dira, hala nola AEBn eta Ingalaterran the pond[8] eta Espainian eta Hego Amerikan el charco[9], biak putzua esan nahi dutenak.
14.700 km luze eta 106.400.000 km² inguru ditu (munduko bigarrena Ozeano Barearen ondotik). Muga hauexek ditu: Ozeano Artikoa, iparraldean; Ozeano Antartikoa, hegoaldean. Itsaso garrantzitsuak ageri dira haren ondoan, luzakin gisa: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa, Karibe Itsasoa.
Ozeano Atlantikoak «S« luze eta zabal baten itxura du, antzina elkarturik zeuden Amerika eta Afrika bereizi ondoren sortu bide zena. Iparretik hegoaldera hedatzen den urpeko mendilerro batek (Atlantikoko bizkarra) sakonune handiak ezkutatzen dituzten bi aldeetan banatzen du ezkerretik eskuinera Ozeano Atlantikoa.
Mendilerro horretako alde bolkaniko batzuk uraren gainetik ageri dira uharteak osatuz (Azore uharteak, Tristan da Cunha, Asuncion, Santa Helena,…). Beste uharte batzuk kontinenteko plataformetatik bereizitako guneak dira: Britainiar uharteak (Ingalaterra, Gales, Eskozia, Irlanda), Antillak, Kanariar uharteak. Atlantiko aldera doazen ur lasterren artean, oso ibai handiak ageri dira, Afrikan eta Ameriketan batez ere: Amazonas, Rio de la Plata, Mississippi, Orinoko, San Laurendi, Kongo, Gabon, Niger eta Europakoak (txikiagoak eskuarki).
Uraren gazitasuna % 35etik beherakoa da. Sakonera, 3.900 m batez beste, 9.200 m-ra iristen da Puerto Ricoko sakongunean. Ozeano Atlantikoan era askotako mugimenduak sortzen dira: itsasaldi bizienak badia eta itsasertzetan gertatzen dira. Urte osoan zehar egon ohi diren goi-presioek etengabeko haize boladak eragiten dituzte: alisioak. Ur laster hotzei (Benguela, Kanariar uharteak, Labrador eta Groenlandiakoa) eta beroei (Brasil, Ekuador, Ginea eta, batez ere, Golkokoa) esker, latitude berean dauden ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzetako lurraldeetan oso klima desberdina da.
Arrain kopuru handiko ura da: Ipar Itsasoa, Ternua-Kanada eta Afrika ipar-mendebaldea, nahiz hego-mendebaldeetakoak izan emankorrenak. Itsas nahiz airebide ugarik zeharkatzen dituzte ozeanoko bazter guztiak, Ipar Atlantikoan batez ere: iparraldeko bi aldeetan sortu dira munduko porturik garrantzitsuenak (Rotterdam, New York, Londres, Anberes, etab.).
Itsasorik handienak hauek dira:[10][11][12]
Ozeano Atlantikoaren batimetrian Erdialdeko Atlantikoko dortsala dago, ipar-hegoalde guztiz zeharkatzen duen ozeano dortsal luzea. Ipar Polotik 300 kilometrora hasten da, 87°N latitudean eta Bouvet uhartean amaitzen da, 54°S latitudean. Atlantikoko batimetria aztertzeko lehenengo azterketak Challenger espedizioa eta Alemaniako Meteor espedizioa izan ziren. Askoz beranduago, Columbia Unibertsitateko Lamont-Doherty Lurraren Behatokiak eta AEBko Navy Hydrographic Officek ikerketa oso zehatzak egin dituzte[13].
Erdialdeko Atlantikoko dortsalak Atlantikoa bi zatitan erdibitzen du bere luzeran. Bi arroetako bakoitza faila transbertsalek mugatzen dituzte, bigarren mailako arroak sortuz. Dortsalak ia Atlantikoaren luzera osoa hartzen ud, baina bi faila transformakor ditu bi lekutan: Romanche fosa ekuatoretik gertu eta Gibbsen Haustura Zona 53°N latitudean. Hondoan dagoen urarentzat harresi handi bat da dortsala, baina bi leku hauetan ura alde batetik bestera igaro daiteke, korronte sakonen bidez[14].
Dortsala inguruko hondo abisaletik 2-3 kilometro inguru altxatzen da, eta rift bailara luze bat da, Ipar Amerikako plaka eta Eurasiako plaka bereizten dituena Ipar Atlantikoan eta Hego Amerikako plaka eta Afrikako plaka Hego Atlantikoan. Dortsalak sumendi basaltikoak sortzen ditu Islandian, Eyjafjallajökull kasu, kuxin-labak ur sakonetan[15]. Uraren sakonera dortsalaren goiko aldean 2.700 metro ingurukoa da[16].
Beste bi dortsal perpendikularki elkartzen dira dortsalarekin: Azores-Gibraltar Faila Transformakorra, Afrikako plakaren eta Eurasiako plakaren arteko muga dena, Azoresko Puntu Hirukoitzean batzen dira, Azores mikroplakaren inguruan. Beste egitura lausoago bat, izenik gabekoa, Hego eta Ipar Amerikako plaken arteko loturan dago, Hamabost-Hogei Haustura Zonatik gertu elkartzen dena, 16°N inguruan[17].
1870ean Challenger espedizioak gaur egun dortsal gisa ezagutzen dugunaren atalak aurkitu zituen:
« | Uraren gainazaletik 1.900 fathom (3.500 metro) inguruko sakonerara altxatzen den mendilerro altxatu batek Ipar eta Hego Atlantikoko arroak zeharkatzen ditu hegoalderako norabide batean Farewell lurmuturretik, ziurrenik Gough uhartea bezain hegoaldera, gutxi gorabehera Mundu Zahar eta Berriaren kostaldeak markatuz.[18] | » |
Dortsalaren gainontzeko eremuak 1920ko hamarkadan aurkitu zituen Alemaniako Meteor espedizioa sonar moduko tresneriaren bidez. 1950ko hamarkadan egindako ikerketek itsas hondoaren hedapena eta plaken tektonika teoria nagusi gisa finkatzen lagundu zuten.
Dortsalaren zatirik handiena ur azpian badago ere, badaude hainbat sumendi uharte gisa azaleratzen direnak. Horietatik bederatzi Gizateriaren Ondare izendatu dira, euren balio geologikoagatik, eta lauk "Balio Unibertsal Paregabea" dutela esaten da, bere ezaugarri kultural eta naturalen ondorioz: Þingvellir, Islandia; Pico Uharteko mahastien kulturaren paisaia, Portugalen; Gough uhartea, Erresuma Batua; eta Brasilek Atlantikoan dituen Fernando de Noronha eta Atol das Rocas erreserbak.
Atlantikoko plataforma kontinentalak zabalak dira Ternuaren, Hego Amerikako hegoaldeko muturraren eta Europako ipar-ekialdearen aurrean. Mendebaldeko Atlantikoan, karbonatodun plataformak nagusi dira eremu handietan, adibidez, Blakeko goi-ordokia eta Bermudetako goragunea. Atlantikoa ertz pasiboz inguratuta dago, ertz aktiboek hobi sakonak osatzen dituzten leku gutxi batzuetan izan ezik: Puerto Ricoko hobia (-8.376 m) mendebaldeko Atlantikoan eta Hegoaldeko Sandwicheko hobia (-8.264 m) Hego Atlantikoan. Itsaspeko arroila ugari daude Ipar Amerikako ipar-ekialdean, Europako mendebaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean. Arroila horietako batzuk goragune kontinentaletan zehar hedatzen dira, eta lautada abisaletan barneratzen dira, ur sakonetako kanal gisa[19].
1922an une historikoa izan zen kartografian eta ozeanografian. USS Stewartek Itsas Armadaren sonar bat erabili zuen Atlantikoaren hondoaren mapa jarraitua egiteko. Ez zen aieru askorik egin behar izan, sonarraren ideia sinplea baita: itsasontzitik ozeanoaren hondoan errebotatu eta itsasontzira itzultzen diren bulkadak bidaltzen dira. Uste da hondo ozeanikoa nahiko laua dela, noizbehinkako sakontasunekin, lautada abisalekin, hobiekin, urpeko mendiekin, arroekin, ordokiekin, arroilekin eta guyot batzuekin. Kontinenteen ertzetan dauden plataforma batzuek hondoaren topografiaren % 11 inguru osatzen dute, eta kanal sakon gutxi batzuek zeharkatzen dute goragune kontinentala.
60º N eta 60º S arteko batez besteko sakonera 3.730 m-koa da, hau da, munduko ozeanoaren batez bestekotik gertu dago, eta 4.000-5.000 m-ko sakonera modala du. Hego Atlantikoan, Walvis dortsalak eta Rio Grandeko goraguneak hesiak eratzen dituzte itsaslasterren aurrean. Laurendiar amildegia Kanadako ekialdeko kostaldearen parean dago.
Gainazaleko uren tenperaturak aldatu egiten dira latitudearekin, korronte-sistemekin eta estazioarekin, eta eguzki-energiaren banaketa latitudinala islatzen dute; -2 °C baino gutxiago eta 30 °C artean egon ohi dira. Tenperatura maximoak ekuatorearen iparraldean izango dira, eta balio minimoak eskualde polarretan izango dira. Latitude ertainetan, tenperatura-aldaketa maximoko eremuan, balioak 7-8 °C bitartean alda daitezke[20].
Coriolis efektuaren ondorioz Ipar Atlantikoko ura erloju-orratzen noranzkoan zirkularazten du, eta Hego Atlantikoko ura, berriz, kontrako noranzkoan. Ozeano Atlantikoan, hegoaldeko mareak erdizka izaten dira; hau da, bi marea gora izaten dira 24 orduan behin. Ipar 40°-tik gorako latitudeetan, ekialde-mendebalde oszilazio jakin bat gertatzen da, Ipar Atlantikoko oszilazio gisa ezagutzen dena.
Batez beste, Atlantikoa da ozeano nagusi gaziena; itsaso zabaleko azaleko uraren gazitasuna milako 33 eta 37 partekoa da (% 3,3-3,7) masan, eta latitudearen eta urtaroaren arabera aldatzen da. Lurruntzeak, prezipitazioek, ibaien etorrerak eta itsasoko izotzaren urtzeak eragina dute azaleko gazitasun-balioetan. Gazitasun-balio txikienak ekuatorearen iparraldean daude (prezipitazio tropikal handien ondorioz), baina, oro har, balio txikienak latitude altuetan eta ibai handiak sartzen diren kostaldeetan daude. Gazitasun-balio maximoak 25°-ra izaten dira iparraldean eta hegoaldean, prezipitazio gutxi eta lurruntze handia duten eskualde subtropikaletan.
Atlantikoaren azaleko gazitasun handia, zeinaren mende baitago zirkulazio termohalino atlantikoa, bi prozesuri esker mantentzen da: Agulhasko ihesa/eraztunak, Indiako ozeanoko ur gaziak Hego Atlantikoan sartzen dituena, eta «zubi atmosferikoa», ur atlantiko subtropikalak lurrundu eta Ozeano Barera esportatzen dituena[21].
2018an UEUk antolatzen duen Txiotesia lehiaketa irabazleak (Naima El Beni) sei txiotan azaldu zuen "Ipar Atlantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz" izenburuko tesia.[22][23][24]
Ipar Atlantikoko Birak, ur berokoa eta erlojuaren noranzkokoa, Ipar Atlantikoa hartzen du, eta Hego Atlantikoko Birak ur berokoa eta erlojuaren aurkako noranzkokoa, Hego Atlantikoan agertzen da.
Ipar Atlantikoan, azaleko zirkulazioan elkarri konektatutako hiru korronte nagusi daude: Golkoko itsaslasterra, Ipar Amerikako kostaldetik ipar-ekialderantz doana, Cabo Hatterasen; Ipar Atlantikoko itsaslasterra, Golkoko itsaslasterraren adar bat, Ternuako Banku Handietatik iparralderantz doana; eta Fronte Subpolarra, Ipar Atlantikoko itsaslasterraren hedadura zabala. Korronte-sistema horrek ur beroa garraiatzen du Ipar Atlantikorantz, eta, hori gabe, Ipar Atlantikoko eta Europako tenperaturak izugarri jaitsiko lirateke[25].
Ipar Atlantikoko Biraren iparraldean, Ipar Atlantikoko biraketa subpolar ziklonikoak funtsezko zeregina du klima-aldakortasunean. Bazterreko itsasoen korronte ozeanikoek eta eskualdeko topografiak gidatzen dute, haizeak gidatu beharrean, ozeano sakonean zein itsas mailan[26]. Biraketa subpolarra zirkulazio termohalino globalaren zati garrantzitsua da. Ekialdeko zatian Ipar Atlantikoko korrontearen zurrunbiloak daude, eta ur bero eta gaziak garraiatzen dituzte eremu subtropikaletatik ipar-ekialdeko Atlantikoraino. Han, ur hori hoztu egiten da neguan, eta itzulera-korronteak eratzen ditu, Groenlandiako ekialdeko ezponda kontinentalean bat egiten dutenak; han, korronte bizia (40-50 Sv) eratzen dute, eta Labrador itsasoaren ertz kontinentalen inguruan isurtzen da. Ur horren heren bat Ipar Atlantikoko Ur Sakonaren (NADW) zati sakon bihurtzen da. NADWak, berriz, hegoaldeko zirkulazio baskulagarria (MOC) elikatzen du, eta haren beroa iparralderantz garraiatzea mehatxatzen du klima-aldaketa antropogenikoak. Ipar Atlantikoaren oszilazioarekin lotuta, hamarkada/mende eskalan biraketa subpolarraren aldaketa handiak bereziki nabarmenak dira Labrador itsasoko uretan, MOCaren goiko geruzetan[27].
Hego Atlantikoan hegoaldeko bira subtropikal antiziklonikoa da nagusi. Hego Atlantikoko ur zentrala bira horretan sortzen da, eta bitarteko ur antartikoa, berriz, eskualde zirkunpolarreko goiko geruzetan, Drake pasabidetik eta Malvina uharteetatik gertu. Bi korronteek Indiako ozeanoaren nolabaiteko ekarpena jasotzen dute. Afrikako ekialdeko kostaldean, Angolako biraketa zikloniko txikia, biraketa subtropikal handian txertatuta dago. Hegoaldeko biraketa subtropikala haizeak eragindako Ekman geruza batek estaltzen du partzialki[28]. Biraketaren iraupena 4,4-8,5 urtekoa da. Ipar Atlantikoko ur sakona hegoalderantz doa, bira subtropikalaren termoklinaren azpitik[29].
Sargazoen itsasoa, mendebaldeko Ipar Atlantikoan, bi Sargassum espeziek (S. fluitans eta natans) flotatzen duten eremua da, 4.000 km-ko zabalerakoa, Golkoko itsaslasterrak, Ipar Atlantikoko Birak eta Iparraldeko Korronte Ekuatorialak inguratua. Alga-populazio hori, ziurrenik, tertziarioko arbasoetatik sortu zen antzinako Tetis ozeanoko Europako kostetan, eta, hala izatekotan, hazkunde begetatiboz mantendu da, milioika urtez ozeanoan flotatuz[30].
Sargazo itsasoko beste espezie endemiko batzuk sargazo arraina da, algen antzeko apendizeak dituen harraparia, sargazo artean geldirik flotatzen duena. Antzerako arrainen fosilak aurkitu dira antzinako Tetis ozeanoko badia fosiletan, gaur egun Karpatoen eskualdea den horretan, Sargazoen itsasokoen antzekoak zirenak. Baliteke Sargazo itsasoko populazioa Atlantikora migratu izana, Tetis arroa Miozenoaren amaieran itxi zenean, 17 Ma inguruan. Sargazoen fauna eta floraren jatorria enigmatikoa izaten jarraitu zuen mendeetan zehar. XX. mendearen erdialdean Karpatoetan aurkitutako fosilek azkenean frogatu zuten talde hori Karpatoen arroan sortu zela, eta handik Siziliara migratu zuela erdialdeko Atlantikoraino, non eboluzionatu zuen Sargazoen itsasoko espezie moderno bilakatzeraino[31].
Europako aingiraren errute-eremuaren kokapena ezezaguna izan zen hainbat hamarkadatan. XIX. mendearen hasieran jakin zen Sargazoen Itsasoaren hegoaldea aingira europarraren eta amerikarraren errute-eremua dela, eta lehenengoek 5.000 km baino gehiago migratzen dutela eta bigarrenek 2.000 km. Itsaslasterrek, Golkoko itsaslasterrak esaterako, angulak garraiatzen dituzte Sargazoen Itsasotik Ipar Amerikako, Europako eta Afrika iparraldeko elikadura eremuetara[32].
Bikingoek ezagutzen bazuten ere, XVI. mendearen hasiera arte, Ozeano Atlantikoa ez zen behar bezala esploratzen hasi. Kolonen aurkikundearen ondoren (1492), Ameriketara joateari ekin zioten espainiarrek eta portugaldarrek, Atlantikoaren bazter berriak arakatuz.
Ameriketako konkistan, espainiarren banderapean, parte hartu zuten hego euskaldunek eta lehen ekintza horietatik kanpo geratu ziren ipar euskaldunek [erreferentzia behar] Ipar Atlantikoko urak jorratuak bide zituzten Kolonen aurkikundearen aurretik Ternua eta Labradorren bidean (dena den, alde hartako egiazko arrantza industria XVI. mendearen hasieratik aurrera garatu zuten euskaldunek).
Aurkikunde garaietatik aurrera, mendeetan luzatu ziren emigrazio oldeak txandakatu ziren etenik gabe Europatik Ameriketara, itsasoa zeharkatuz. XX. mendearen lehen hamarkadetan egin ziren Atlantikoa airez zeharkatzeko lehen saioak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.