Baltikoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Baltikoa edo Itsaso Baltikoa[1][2] Europaren ipar-ekialdean kokaturik dagoen itsasoa da. Kattegat eta Skagerrak itsasarteek lotzen dute Ozeano Atlantikoarekin eta bi golko nagusi ditu, Botniako golkoa eta Finlandiako golkoa. Guztira 377.000 km2-ko azalera hartzen du eta ur gazikara dauka.
Baltikoa | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | mediterranean sea (en) , itsaso marjinal eta inland sea (en) |
Azalera | 377.000 km² |
Sakonera | 459 m 57 m |
Eponimoa | ekialde mendebalde |
Geografia | |
Koordenatuak | 58°N 20°E |
Honen parte da | Ipar Ozeano Atlantikoa munduko ozeano |
Hidrografia | |
Betebidea | |
Arro hidrografikoa | Baltic Sea basin (en) |
Baltikoaren ertzetan bederatzi herrialde kokatzen dira, erlojuaren orratzen norantza hartuz honako hau da herrialdeen hurrenkera: Suedia, Finlandia, Errusia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Alemania eta Danimarka[3]. Itsaso oso berria da, duela 4.000 urte agertu baitzen, eta sakonera txikia du, 57 metrotakoa batazbeste. Munduko anbar metaketa handienetakoa du barnean. Gaur egun kutsadura maila handia du itsasoak eta azken hamarkadetan neurriak hartzen hasi dira inguruko herrialdetako gobernuak.
Erromatar inperioa ez zen bertaraino iritsi, baina historiagile eta geografoek mundu ezaguneko mapak egiten zituzten eta izen desberdinak erabili zituzten itsaso hau izendatzeko, beti ere ingurua populatzen zuten leinuak aintzat hartuta. I. mendearen amaieran Kornelio Tazitok Mare Suebicum izena eman zion ("sueboen itsasoa") eta Klaudio Ptolomeok II. mendearen hasieran Mare Sarmaticum ("sarmaziarren itsasoa"). VI. mendean Jordanesek Mare Germanicum izena erabili zuen.
"Baltiko" izenaren aurreneko aipamena Adam Bremengoak egin zuen XI. mendean, Mare Balticum deitu zion itsasoari. Izenaren jatorria eztabaidagai da oraindik ere baina badirudi belt hitz germanikotik datorrela, ondoren balteus bezala latinizatu zena. "Belt" hitzak "itsasartea" esan nahi du eta itsasoaren itxura luzeari egiten dio erreferentzia[4].
Erdi Aroan izen desberdin ugari erabili izan ziren baina 1600 urtearen ondoren Baltikoa nagusitu zen hizkuntza gehienetan. Itsasertzean dauden lurraldeei "herrialde baltikoak" deitzeko ohitura XIX. mendekoa da, dena dela gaur egun Herrialde Baltikoak esaterakoan Estonia, Letonia eta Lituania hartzen dira kontutan bakarrik[5].
Gaur egungo hizkuntzetan hiru izen erabiltzen dira:
Eskandinaviarrek Erdi Aroan merkataritza bideak ireki zituzten Baltikoan zehar. Merkataritza sare hori kontrolatzeko hegoaldean zeuden bendoak garaitu behar izan zituzten[6]. Itsasotik haratago Errusiako ibaietan zehar bidaiatuz Errusia hegoaldera eta Itsaso Beltzera ere iritsi ziren. Eskandinaviarren nagusitasun garai hau Bikingoen Aroa izenaz ezagutzen da. Bikingoek Austmarr ("Ekialdeko aintzira") izena ematen zioten Baltikoari.
XII. mendetik aurrera anbarra ustiatzen hasi ziren Poloniako, Errusiako eta Lituaniako itsasertzetan batez ere[7]. Gainerako herrialdeetan zura, mundruna, lihoa eta kalamua esportatzen zen Baltikoko merkatal bideetan zehar. Suediak burdin eta zilar meategi ugari zituen eta Poloniak gatza ere ekoizten zuen.
Europan zehar kristautasuna barreiatu bazen ere iparraldera nekez iristen zen eta Baltikoko ekialdeko ertzak izan ziren kristautasuna onartzen azkenak. XII. mendean suediarrek Finlandia menperatu zutenean eraman zuten kristautasuna bertara eta XIII. mendetik aurrera Ordena Teutonikoak Livonia konkistatu eta estatu kristau bat eratu zuen, 1525 artean iraun zuena. Ordena Teutonikoaren Estatua izenaz ezagutu zen[8].
XI. mendean germaniarren migrazioek hartu zuten hegoaldeko itsasertz guztia, Ostsiedlung izenez ezagutzen den prozesuaren baitan. Ondoren herbeheretarrak, daniarrak, eskoziarrak eta Poloniako eslaviarrak ere iritsi ziren baina germaniarrek beren kulturara asimilatu zituzten[6].
Garai hartan Danimarkako Erresumak indar handia hartu zuen eta itsasoa bere kontrolpean zeukan. Baltikoaren itsasertzean merkataritzari lotuta hiri indartsuak agertu ziren eta XIII. mendean Hansako liga eratu zuten[9]. Liga horretan Baltikoko eta Ipar itsasoko hiri garrantzitsuak zeuden, Lübeck zen denetan buru. 1227 urtean Bornhövedeko borrokan Hansa Ligak Valdemar II.a Danimarkakoaren itsas flota garaitu zuen[10] eta Europa iparraldearen gaineko nagusitasuna eskuratu zuen[11].
XVI. mendearte iraun zuen Hansa Ligak. Honen ondoren Poloniak, Danimarkak eta Suediak Baltikoaren kontrola eskuratzeko gerrak izan zituzten beren artean eta suediarrak nagusitu ziren. Itsasertz guztia konkistatzeari ekin zioten ondoren eta Mare Nostrum Balticum ("Gure itsaso Baltikoa") izendatzera iritsi ziren, erromatarren Mare Nostrum hari (Mediterraneoa) erreferentzia eginez. Halabaina garai hartako Europako hiri boteretsuena Amsterdam izanik herbeheretarrak izan ziren Baltikoko merkatal itsasbideen jabe XVII. mendean zehar[12].
XVII. mendean Errusiak eta Prusiak lortu zuten Baltikoaren kontrola. Iparraldeko Gerra Handian errusiarrek suediarrak garaitu zituzten eta Petri I.a Handia enperadoreak San Petersburgo hiriburua Finlandiako golkoaren barrenean eraiki zuen. Ingalaterra eta Herbehereekin merkatal harremanak sendotu zituen horrela[13].
1853. urtean Krimeako Gerra hasi zen eta bertan Frantziak, Britainia Handiak eta Otomandar Inperioak bat egin zuten Errusiaren aurka. Baltikoan ere izan zuen eraginik gerrak eta frantses eta britainiarrek Errusiaren gotorleku nagusiak bonbakatu zituzten[14]. 1871ean Alemaniaren bateratzea gertatu zenean Baltikoaren hegoaldearen gaineko kontrola eskuratu zuen. Gertaera hauek biek errusiarren kontrolaren amaiera ekarri zuten.
Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak Itsaso Baltikoan ere gertatu ziren. Bigarren Mundu Gerran alemaniar nazien eta Sobietar Batasunaren arteko gerra latza izan zen eta soldaduz eta errefuxiatuz beteriko hainbat itsasontzi urperatu zituzten alde bateko zein besteko torpedoek. Gertaera lazgarriena 1945eko urtarrilaren 30ean gertatu zen. Sobietar Batasuneko S-13 itsaspekoak MV Wilhelm Gustloff itsasontzia hondoratu zuen. 9.434 pertsona hil ziren, ia denak zibilak, Ekialdeko Prusiatik ihes egiten ari ziren alemaniarrak hain zuzen ere[15]. Gerra galtzearekin batera alemaniarrak eremu hauetatik kanporatuak izan ziren eta haien lekua poloniarrek eta errusiarrek hartu zuten. Poloniak Baltikoaren hegoaldeko itsasertz guztia bereganatu zuen eta Errusiak Königsberg hiria eskuratu zuen, ordutik aurrera Kaliningrad izenarekin ezagutzen dena. Ekialdeko kostalde guztia ere Sobietar Batasunaren eskutan gelditu zen.
Hurrengo hamarkadetan Sobietar Batasunak, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak arma kimikoak ezarri zituzten Itsaso Baltikoaren inguruan, eta Bigarren Mundu Gerran urperaturiko itsasontzi ugariek ere sustantzia toxikoak jariatzen dituztenez ingurumenaren kutsadura arrisku handia dago[16].
1991 urtean Estatu Baltikoek (Estonia, Letonia, Lituania) independentzia eskuratu zuten eta 2004an Europar Batasunean sartu zirenez, gaur egun Itsaso Baltikoaren gehiengoa Europar Batasunaren barnean dago, Kaliningrad eremua eta San Petersburgo ingurua izan ezik gainerako guztia hain zuzen ere.
377.000 km2-ko azalera hartzen du[17] eta iparraldeko 53º-66º latitude artean eta ekialdeko 10º-30º longitude artean kokatzen da. 1.601 km-tako luzera maximoa du eta zabalera handieneko puntuan 193 km neurtzen ditu[9]. Guztira 8.000 km inguruko itsasertza du[18].
Baltikoa ez da itsaso sakona, batazbeste 55 metrotako sakonera baitu eta itsaso guztiaren heren batek 30 metroko sakonera baino txikiagoa du[3]. Baltikoko punturik sakonena 459 metrotaraino iristen da. Sakonera maximo hori Suediako itsasertzean dago, Gotland uhartearen eta Nyköping hiriaren artean[9]. Baltikoak 20.000 km3 ur hartzen ditu bere baitan.
Bost eremu bereizten zaizkio Baltikoari:
Eremua | Azalera
(km2) |
Ur bolumena
(km3) |
Sakonera
(gehienezkoa) |
Sakonera
(batazbeste) |
---|---|---|---|---|
Berezko Baltikoa | 211.609 | 13.045 | 459 m | 62.1 m |
Botniako golkoa | 115.516 | 6.389 | 230 m | 60.2 m |
Finlandiako golkoa | 29.600 | 1.100 | 123 m | 38.0 m |
Rigako golkoa | 16.300 | 424 | 60 m | 26.0 m |
Kattegat eta Belt itsasoa | 42.408 | 802 | 109 m | 18.9 m |
Baltikoan neguak luzeak eta hotzak izaten dira eta udak aldiz motzak eta epelak. Negu gorrian Botnia eta Finlandiako golkoetan -10 °C arteko tenperaturak aurkitzen dira[9] eta gazitasuna ere oso apala denez negu partean ohikoa izaten da Baltikoaren zati handi baten azala izoztea. Itsaso guztiaren azaleraren %45a ere izoztu izan da inoiz. Iparraldeko eremuak izaten dira izotzak estaltzen dituenak, Botniako golkoa, Finlandiakoa, Stockholmgo uhartedia eta Rigako golkoa. Hortik hegoaldera ez da normalean izotzik agertzen, sakonera txikiko badia itxiak ez badira behintzat. Otsailean eta martxoan izaten da izozte sasoi gorena. Izotzaren lodiera 70 cm-takoa izan daiteke Botniako golkoan, hegoalderantz jeitsi ahala izotzaren lodiera ere jeisten joaten da.
XVIII. mendeko William Derham historiagile ingelesak 1703 eta 1708ko negu gogorretan Baltikoa uharte daniarretaraino izoztu zela esan zuen[19]. 1720tik aurrera 20 aldiz izoztu da erabat, azkena eta gogorrena 1987an gertatu zen, Baltikoaren azaleraren %96a estali baitzuen izotzak[20]. 2011ean ere izozte gogorra izan zen, 2008an ordea iparraldean ere ez zen ia izotzik agertu[21].
Baltikoak bere arroan dauden ibaien urak hartzen ditu eta Danimarkako itsasarteetan zehar Ipar Itsasora askatzen ditu urak. Ur korronteen dinamika nahiko konplexua da izatez. Baltikoak Ipar itsasoarekin duen lotura hain estua izanik ur guztia berrizteko 30 urte inguru behar ditu[3].
940 km3 ur gazikara isurtzen ditu Baltikoak urtero Ipar Itsasora eta kontrako norabidean 475 km3 ur gazi sartzen da Baltikora. Ur gazi hau dentsoagoa izanik 40-70 metrotako sakoneratik behera kokatzen da eta iparralderantz jotzen du erlojuaren orratzen aurkako norantzan, hau da, ekialdeko itsasertzetik igotzen da eta mendebaldeko kostaldetik jeisten da. Ur kopuruen diferentzia hori orekatzeko 250 ibaitik gora dira ur geza Baltikora isurtzen dituztenak. Azkenik, klima hotza eta hezea izanik, prezipitazioak ugariagoak dira lurrundutako ura baino.
Baltikoa lurrazal kontinentalaren gainean dagoen munduko itsaso gazikara handiena da[22]. Uraren gazitasuna %3.5-ekoa da batazbeste, sakonera txikiaren eta ibaiek isurtzen duten ur kopuru handien eraginez du halako gazitasun maila txikia. Itsasoaren azaleko ura ia geza da, %0.3-0.9 baino ez baitu, eta ur gaziagoa sakonera handiagoan kokatzen da. Honek haloklina sortarazten du, oxigeno eta elikagaien difusioa eteten duena, eta ingurune ekologiko erabat desberdin bi aurkitzen dira. Bestalde, daniar itsasartetan gazitasuna handiagoa da Baltikoaren barneko eremuetan baino[23].
Ibaia | Isuria
(m3/s) |
Luzera
(km) |
Arroa
(km2) |
Arroa
(Estatuak) |
---|---|---|---|---|
Neva | 2.500 | 74 | 281.000 | Errusia, Finlandia |
Vistula | 1.080 | 1.047 | 194.424 | Polonia, Bielorrusia, Ukraina, Eslovakia |
Daugava | 678 | 1.020 | 87.900 | Errusia, Bielorrusia, Letonia |
Neman | 678 | 937 | 98.200 | Bielorrusia, Lituania, Errusia |
Kemijoki | 556 | 550 | 51.127 | Finlandia, Norvegia |
Oder | 540 | 866 | 118.861 | Txekiar Errepublika, Polonia, Alemania |
Lule | 506 | 461 | 25.240 | Suedia |
Narva | 415 | 77 | 56.200 | Errusia, Estonia |
Torne | 388 | 520 | 40.131 | Norvegia, Suedia, Finlandia |
Baltikoan bost uhartedi nagusi aurkitzen dira. Finlandian Åland, Kvarken eta Uhartediaren itsasoa, Suedian Stockholmgo uhartedia eta Estonian Moonsund Uhartedia. Uharte handienak berriz honako hauek dira:
Baltikoa inguratzen duten herrialdeak bederatzi dira:
Baltikoaren Arroa beste bost herrialdek ere osatzen dute:
# | Hiria | Populazioa | Metropoli eremua | Irudia |
---|---|---|---|---|
1 | San Petersburgo | 4.700.000 | 6.000.000 | |
2 | Estokolmo | 962.154 | 2.315.612 | |
3 | Riga | 696.567 | 842.000 | |
4 | Helsinki | 650.058 | 1.495.271 | |
5 | Kopenhage | 559.440 | 1.950.522 | |
6 | Gdańsk | 462.700 | 1.041.000 | |
7 | Tallinn | 435.245 | 542.983 | |
8 | Kaliningrad | 431.500 | 431.500 | |
9 | Malmö | 318.107 | 687.481 | |
10 | Szczecin | 413.600 | 778.000 | |
11 | Gdynia | 255.600 | 1.041.000 | |
12 | Espoo | 257.195 | 1.495.271 |
Itsaso Baltikoak arro hidrografiko baten itxura du, bi ibaiadar dituena, Botniako golkoa eta Finlandiako golkoa. Ikerketa geologikoek erakutsi dute Pleistozenoaren aurretik itsaso Baltikoa dagoen lekuan lautada handi bat izan zela Eridanos izena eman dioten ibai handi batek zeharkatzen zuena[24]. Pleistozenoko glaziazioek ibai arroa itsaso hondo bihurtu zuten. Itsasoa baino ibai ugari hartzen dituen estuario erraldoi gisa ikus daiteke gaur egun.
Glaziazioetan pilaturiko izotzaren pisuak lurrazala hondoratu egin zuen. Izotza dagoeneko desagertu egin da itsasoa bihurtuz, baina ura arinagoa denez lurrazala gorantz mugitzen ari da. Prozesu honi isostasia deritzo[25]. Honen ondorioz itsasoaren sakonera txikitzen ari da, batazbeste 8 milimetro igotzen baita lurrazala urteko.
Prozesu guzti hauen eraginez Itsaso Baltikoak azken milurtekoetan aldaketa nabarmenak izan ditu, Ipar Itsasoarekiko loturak eratuz eta desagertuz itsasoak eta aintzirak tartekatu baitira.
Beste edozein itsasorekin konparatuz gero espezie kopuru txikia ageri da Baltikoan, gazitasun maila txikiaren erruz eta itsaso itxia izateagatik bereziki, baina aldi berean baldintza hauetan espero zitekeena baino nabarmen handiagoa da espezieen kopurua. 2.700 espezie makroskopiko zerrendatu dira. Izaki bizidun taldeen arabera honakoa da espezie kopuruaren hurrenkera (2012 HELCOM)[26]:
Itsaso Baltiko osoan ez da biodibertsitate bera azaltzen, izan ere Danimarkatik Botniako golkora espezieen aniztasuna jeisten doa, gazitasun maila jaisten den era berean[27]. Sjaeland eta Bronholm uharteen inguruan 600 bizidun espezie aurkitu dira (ornogabeak, arrainak, uretako ugaztunak, hegaztiak eta landareak) eta Baltikoaren iparraldean 400 baino ez. Salbuespen gisa Finlandiako golkoak 750 espezie zenbatu dira. Ipar Itsasoarekin lotzen duen Kattegat itsasartean 1.600 espezie aurkitu dira konparazio batera[3][28].
Baltikoko itsas faunan ur gezatako eta ur gazitako espezieak elkartzen dira. Itsasoko arrainen artean bakailaoa, sardinzarra, legatza, platuxa leuna, platuxa latza, krabarroka eta erreboiloa ugariak dira eta ur gezatako arrainen artean perka, lutxoa eta errutiloa. Estokolmoko Unibertsitateko Sture Hannson ekologoak Baltikoan arrantzaren inpaktoa zenbatekoa den ikertzerakoan ikusi du gizakiek 700.000 tona arrain hartzen dutela urtero, hegaztiek 100.000 tona eta itsas txakurrek ere 100.000 tona[29]. Bestalde ikusi du 100 urte dela 100.000 itsas taxkur zeudela Baltikoan baina ehizak 1970. hamarkadarako itsas txakurren kopurua 20.000 aletara jeitsi zuen. Gaur egun 4.000 baino ez dira mantentzen[29].
Ipar Itsasotik sartzen diren zetazeo aniztasuna ere aipatzekoa da Baltikoan; izurde albozuria[30], Minke balea[31], izurde botilamuturra[32], beluga[33], orka[34] eta moko-balea, besteak beste. Azken urteetan zereak[35] eta xibartak[36] ere azaldu dira.
Baltikoaren eremuan 340 hegazti espezie zerrendatu dira, gehienak itsastarrak, esate baterako: ubarroi handia, kurlinta handia, eiderra, basahatea, arrano arrantzalea eta kaio mokohoria. Basoetan beste hegazti batzuk ere ikusten dira, hontz handia adibidez[37].
Baltikoa itsaso berria denez alga espezie endemiko gutxi agertzen da itsaso hondoan, bi baino ez, Fucus radicans eta Platichthys solemdali[38]. Parvicardium hauniense muskuilua ere endemikoa zela uste zen baina Mediterraneoan aurkitu da oraintsu[39]. Bestalde glaziazio garaiko espezie erlikia batzuek irauten dute Baltikoan, glaziarren aintziretan mantendu direnak hain zuzen ere.
2001eko uztailean ateratako satelite irudiak fitoplanktonaren hazkuntza izugarria erakutsi zuen, Baltikoaren 377.000 km2-ak estaltzerainokoa. Alemanian, Polonian eta Finlandian uda guztieran gertatzen den fenomenoa da, nekazal eremuetako ongarriek uren eutrofizazioa sortarazten baitute[40]. Honen ondorioz itsas hondoaren 100.000 km2 inguruko azalera sasoiaren arabera hilik aurkitzen da. Ur gazia hondo horretan pilatzen da dentsitate handiagoa baitu eta sortzen den haloklinak oxigeno trukea eragozten du. Bakterio anaerobioek materia organiko ugariaren hartzidura egiten dute eta hidrogeno sulfuroa askatzen dute[3].
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemania desarmatu beharra zegoen eta munizio kopuru izugarriak urperatu ziren Baltikoan eta Ipar itsasoan. Horren ondorioz sustantzia toxikoak askatzen hasi dira, izaki bizidunentzat eta gizakientzat kaltegarriak izan daitezkenak[41].
Gaur egun Baltikoa da Errusiaren petrolioa esportatzeko merkatal bide nagusia. Honek asko kezkatzen ditu inguruko herrialdeak, istripu bat gertatuko balitz desastre handia izango baitzen, Baltikoko urak arazteko duen gaitasuna oso murritza baita. Petrolio orbain horiek kalte handa egiten diete hegaztiei, eta kalkulatzen denez 100.000 eta 500.000 ahate, martin eta beste hainbat espezietako ale hiltzen dira urtero orbain horien erruz. Baltikoan dauden itsas hegaztien %12ak petrolioa agertzen du bere lumetan[42].
1974an Baltikoaren kutsadura mailaz ohartuta garai hartan itsasoa inguratzen zuten 7 herrialdeak Helsinkin elkartu ziren eta Baltikoa babesteko ituna adostu zuten, Helsinkiko ituna izenaz ezagutzen dena. 1980ko maiatzaren 3an aplikatu zen[43].
1992an ingurugiroaren zuzenbidean eta itsas nazioarteko zuzenbidean gertaturiko aldaketak barneratu asmoz eta herrialde berriak sortu zirela ikusita Helsinkiko ituna berriztu zuten itsasoa inguratzen zuten herrialdeek eta Europar Batasunak, herrialde hauetako batzuk Europar Batasunaren kide baitziren dagoeneko. 2000. urteko urtarrilaren 17an aplikatu zen ituna[43].
Itun honek Baltikoaren arro guztia hartzen du, itsasoa, itsaso hondoa eta inguruan dauden barneko aintzirak ere bai, eta ibai arroak babestearen garrantzia ere kontutan hartzen du. HELCOM elkartea (Helsinkiko komisioa) da itunaren aplikazioa kudeatzen duen organismoa[44]. Lau jarduera eremutan egiten du lan: eutrofizazioa, sustantzia arriskutsuak, biodibertsitatea eta itsas jarduerak[3].
1997an Belt Handiko zubia eraiki zen eta 1999an Øresund zubi-tunela eta hauei esker Danimarka eta Suedia elkarlotuta gelditu ziren. Azpiegitura hauek ez dute oztopatu ordea itsasontzi handiak Baltikora sartu eta ateratzea.
Bi ubide artifizial ere eraiki dira. Itsaso Zuria-Baltiko ubidea 1933 urtean egin zen eta Baltikoa Itsaso Zuriarekin lotzen du. 227 kilometrotako luzera du eta ibilbidean zehar Ladoga eta Onega aintzira errusiarrak zeharkatzen ditu[45]. Bigarrena Kielgo ubidea da. 98 kilometrotako luzera du eta 1948an eraiki zen. Alemania iparraldeko lurretan zehar eraiki zen, Kiel hiria zeharkatuz, eta Baltikoa eta Ipar Itsasoa elkartzen ditu[46].
Ferri sistema zabala ere badago hiri handienen artean. Hala ere negu gorrian izotzaren erruz Estokolmo eta Finlandia arteko ibilaldiak etetea ohikoa izaten da[9].
Errusiako petrolio-ontziez gain merkataritza itsasontzi erraldoiek zeharkatzen dute Baltikoa. Itsasontzi horiek eraikitzeko ontziola handiak daude Baltikoaren ertzetako hirietan; Polonian (Gdańsk, Gdynia eta Szczecin), Alemanian (Kiel), Suedian (Karlskrona eta Malmö), Finlandian (Rauma, Turku eta Helsinki), Letonian (Riga, Ventspils eta Liepāja), Lituanian (Klaipeda) eta Errusian (San Petersburgo).
Baltikoko anbarra duela 45 milioi urte inguru sortu zen. Izatez pinu zuhaitzen erretxina fosildua da, Paleolito garaitik bitxi eta txanpon gisa erabili izan dena. Baltikoan munduko anbar gordailu handienetakoak daude eta erromatarrek dagoeneko bazuten horren berri. Merkatal bideak ireki zituzten anbarra eskuratzeko, hainbat gaixotasun sendatzeko propietateak zituela uste baitzuten, hala nola eztarri, belarri, begi eta urdaileko minak besteak beste. Lehen Mundu Gerran vodkarekin nahasten zen potentzia sexuala handitzeko eta Bigarren Mundu Gerran soldadu naziek haginetako mina kentzeko erabiltzen zuten[47]. Kalkulatzen da Baltikoan 100.000 tona anbar dagoela[47].
Gaur egun munduko anbar ekoizpenaren %90a Kaliningrad ondoko Sambia penintsulan kokaturik dago[48], Errusian. Itsasoaren hondoan aurkitzen da eta olatuek itsasertzera ekartzen dute etengabe, baina gaur egun meategietan ustiatzen da[48].
Herrialde baltikoen ekonomian eragin handia duen jarduera da turismoa. Mundu mailan ezagunak diren hiri handiez gain (Estokolmo, San Petersburgo, Tallinn, Riga...) badira hainbat turismogune garrantzitsu ere. Hona hemen aipagarrienak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.