Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ur geza disolbaturiko gatz gutxi duen ura da eta lurreko uraren % 3 besterik ez da. Ibai, laku, zingira, lurpeko ur, izotz zein atmosferan aurki daiteke. Organismo bizidun guztien biziraupenerako, ura funtsezkoa da: organismo batzuek ur gazian aurrera egin dezakete, baina gehienek ur geza behar dute bizitzeko. Ur geza ez da beti edangarria tratamendurik gabe eta giza jarduerengatik erraz kutsa daiteke.
Numerikoki ur geza honela defini daiteke: 500 parte milioiko (ppm) baino disolbatutako gatz gutxiago duen ura, edo bestela esanda, <% 0,05-ko gazitasuna duena. Beste iturri batzuen arabera, ur geza muga altuagoen arabera definitzen da, hala nola, 1000 ppm [1].
Gizakiok ur geza nahitaezkoa dugu hazi eta garatzeko. Hala ere, Lurraren ur guztiaren % 3 besterik ez da. Guztira 1.400 milioi km³ ur dago. Lurraren gainazalaren % 71 inguru urez estalita badago ere, gehiengoa ozeanoetako ur gazia da (% 97 inguru). Ur gezaren gehiengoa izotz forman aurkitzen da izotz-geruza eta glaziarretan (% 68,7) edo lurpeko ur bezala (% 30,1). Gainontzeko uraren (ur gezaren % 1,2) gehiengoa lurreko izotz edo permafrostan (% 69) eta lakuetan (% 20,9) aurkitzen da [3]. Gainontzeko ur geza lurrazaleko hezetasunean (ur gezaren % 0,05), zingiretan (ur gezaren % 0,03), ibai eta erreketan (ur gezaren % 0,006) eta bizidunetan (ur gezaren % 0,003) aurkitzen da. Ur gezaren % 0,04 atmosferan dago. Beraz, Samuel Coleridge poetak esan zuen bezala, “ura, ura edonon; baina tantarik ez edateko” [4].
Lurreko ur guztiaren % 0,007 bakarrik dago giza kontsumorako modu seguru eta berehalakoan eskuragarri, baina kopuru txiki horren banaketa ez da uniformea. Brasil ur geza erreserba handienak dituen lurraldea da (8.233 km³, erreserben % 12)[5]. Bigarrena Errusia da (4.067 km³: ur geza gehiena, hots, % 90, Baikal lakuan dago). Kanadak 3.300 km³ ur geza ditu (munduko erreserben % 7) eta Estatu Batuek 3.069 km³, baina populazioa kontuan hartzen badugu, desberdintasuna nabarmena da: Kanadak 80.423 m³ ditu per capita eta Estatu Batuek 8.850 m³ [6]. Txinak 2.840 km³-rekin bostgarren lekua du, baina haren populazio dentsitate altua dela eta, biztanleko ur kantitatea baxua da (2.060 m³ pertsonako).
Iturri nagusia prezipitazioa denez, ur geza ibai, aintzira, iturburu eta urmaeletatik lortzen dugu[7].
Ur geza bizitzarako beharrezkoa den ondarea da. Gizakion edari ezinbestekoa izateaz gain, ur gezak erabilera ugari ditu: janaria prestatzeko, bainatzeko, soroak ureztatzeko, garbitzeko... Ur gezako habitatek lurraren azaleraren % 1 baino gutxiago hartzen badute ere, ezagutzen diren espezie ornodunen heren bat eta espezie guztien % 10 jasotzen dute[8]. Giza espeziea ere estuki loturik dago habitat horietara eta ur gezatik hainbat ekosistemen zerbitzu jasotzen ditu[9].
Ur gezak gizakiari eskaintzen dizkion zerbitzu nagusiak hauek dira[9]:
Hornidura zerbitzuak:
Erregulazio zerbitzuak:
Zerbitzu kulturalak:
Euskarri zerbitzuak:
Aurreko mendean, ia zortzi bider handitu zen ur gezaren erabilera planetan populazio hazkundearen, garapen ekonomikoaren zein kontsumo-eredu aldakorren ondorioz[10]. Munduko ur beharrak hazten segitzea espero da eta 2050ean ur gezaren erabilera 2019koa baino % 20-30 handiagoa izatea aurreikusten da[11].
Nekazaritza-erabilerak (ureztatzea, abeltzaintza eta akuikultura barne) dira ur gehien kontsumitzen dutenak: mundu mailako urteko erabaileraren % 70. Industria eta energia-ekoizpenerako ur gezaren % 19 erabiltzen da eta etxeko erabileretarako % 11[10]. Nekazaritzari dagokiola, elikagaiak ekoizteko beharrezkoa den ur kantitatea asko aldatzen da elikagai batetik bestera. Orokorrean, haragia ekoizteko barazkiak ekoizteko baino ur gehiago behar da[12]. Behikia ekoizteko behar da ur gehien (> 15.000 l/kg), txerrikia (5.988 l/kg) eta oilaskoarekin (4.325 l/kg) konparatuta. Kilo bat soja ekoizteko, 2.145 litro behar dira bataz beste, eta kilo bat patata lortzeko, 287 litro[12].
Etxean erabiltzen den ur gezaren kopurua asko aldatzen da herrialde batetik bestera. Malin, adibidez, 2 m³ ur kontsumitzen dira urteko eta pertsonako; Nepalen, 12; Indonesian, 21; Marokon, 38; Finlandian, 51; Frantzian, 97; Espainian, 112; Estatu Batuetan, 209; eta Australian, 487[13].
Gaur egun, ur geza kopuruarekin, kalitatearekin eta bizidunekin lotutako hainbat arazo ditugu eskuartean; beraz, ur krisialdi batean gaude[14].
Goian azaltzen den bezala, ur geza oso baliabide mugatua da, baina baliabide mugatu honek etengabe hazten doan populazioa mantendu behar du. 1960. urtetik ur geza erabilgarriaren kantitatea % 55ean murriztu da[15], eta 2030erako ur eskaria % 50ean haztea aurreikusten da[16]. Gaur egun dagoeneko munduko populazioaren % 40k ur eskasia pairatzen du[17], eta 2050erako 2,3 bilioi pertsona gehiagok pairatuko dute[18].
Nekazaritzak ur gezaren %70 erabiltzen duela eta janari eskaria 2050erako % 70 haziko dela kontuan hartzen badugu[19], arazoaren larritasuna agerikoa da. Dagoeneko nekazaritzarako ur ustiaketek hainbat akuifero, ibai eta laku lehortu edo kritikoki txikitu dituzte, hala nola, Txad lakua Afrika erdialdean (% 95eko murrizketa izan zuen 1963 eta 2001 artean) eta Aral itsasoa (% 90eko murrizketa)[20], edo Australiako Murray Ibaia, Txinako Ibai Horia eta Estatu Batuetako eta Mexikoko Colorado Ibaia[21]. Milaka pertsona eta espezie laku eta ibai garrantzitsu horiei guztiz loturik daude biziraupenerako; beraz, horrelako murrizketen ondorio ekologiko, sozial eta ekonomikoak latzak dira.
Aldaketa klimatikoak ur gezaren eskuragarritasunean eragingo duela aurreikusi dute adituek. Beroketa globalaren gradu bakoitzeko, gutxienez munduko populazioaren % 7k ur geza erabilgarriaren eskuragarritasunean % 20ko murrizketa jasango du[22]. Oro har, latitude ertaineko eta lehorreko eskualde subtropikal askotan baliabide hidrikoak gutxitzea aurreikusten da, eta latitude altuetan eta latitude ertain hezeko eskualde askotan handitzea. Azken horietan, ordea, baliteke epe laburrera eskasia izatea (fluxu aldakorrak, elur eta izotzaren murrizketa, etab.)[22].
Ur geza oso baliabide preziatua eta mugatua den arren, munduan erauzten den ur geza guztiaren % 30 fugen ondorioz galtzen dela estimatu da[23].
Gero eta ur geza gutxiago eskuragarri egoteaz gain, eskuragarri dagoena gero eta kutsatuago dagoenez, ez da erabilgarria. Kalitatearekin erlazionatutako hainbat mehatxu eta arazo daude.
Adibidez, giza jardueren ondorioz mantenugaiak ur ekosistemetan pilatzen direnean eutrofizazioa eragin dezakete. Honek algen hazkuntza areagotuz (alga toxikoak barne), oxigeno mailek behera egitea eragiten du, zeinak bizidun urtarren heriotza eragin dezakeen[24]. Mantenugaiek nekazaritzan (ongarriak, gorotzak…), industrian zein etxeetako hondakin uretan (detergenteak, ur beltzak) izan ohi dute jatorria. Eutrofizazioa pairatzen duten sistemen kopurua gero eta handiagoa da eta 2050erako alga toxikoen loraketak jasaten dituzten lakuen kopurua % 20an emendatzea espero da[25]. Ekoizten den elikagaiaren arabera eutrofizaziorako mehatxua asko aldatzen da. Behi-haragiaren kasuan, 100 g proteina ekoizteko 365 g fosfato isurtzen dira, txerriaren kasuan 76 g eta ilar berdeen edo tofuaren kasuan 7 eta 6 g, hurrenez hurren[26].
Mantenugaiez gain, giza jardueren ondorioz beste hainbat gai kimikok kutsatzen dute ur geza. Esaterako, industrien isurketa ez egokiek hainbat gai toxiko aska ditzakete uretara (adbz., merkurioa eta beruna), edota nekazaritza jardueren ondorioz pestizida toxikoak. Erregai fosilen industria ur geza gehien kutsatzen duenetako bat da eta kalteak askotarikoak dira[27]. Azken urteetan jantziak fabrikatzeko industriek sortutako kutsadura gero eta ageriagokoa bihurtzen ari da. Jantzien ekoizpenerako ur asko erabiltzeaz gain (esaterako, kotoizko elastiko bat egiteko 2.700 litro erabiltzen dira, hau da, gizaki bat hiru urtez mantentzeko behar den ur kantitatea), ekosistema urtarretara itzultzen duten ura hainbat gai kimikorekin kutsatuta egon ohi da[28].
Ur zikinen barruan ur beltz edo fekalak beste kutsadura iturri nagusia dira, materia organikoaz gain hainbat patogeno eta sendagai isurtzen baitituzte sistema urtarretara. Gainera, gizakia gai kutsatzaile berriak ari da sistema urtarretan sartzen. Gizakiek hartutako hainbat sendagai eta hormona artifizial (adibidez, pilula antisorgailua) sistema urtarretan bukatzen dute eta bertan hormona-nahasle gisa jardun dezakete, gizakiaren zein organismo urtarren osasuna kaltetuz[29]. Esaterako, ikerketa batean arrain populazio oso bat galdu zen estrogeno artifizialekin tratatutako laku esperimental batean [30].
Munduko lurralde gehienetan, uretara tratamendurik gabe isurtzen den ur zikinaren kopurua oso handia da. Herrialde txiroenetan % 92koa da; diru-sarrera ertaineko herrialdeetan, % 60-70ekoa; eta aberatsenetan, % 30ekoa. Egoera hobetzeko, sekulako inbertsio ekonomikoa beharrezkoa da[31].
Uraren kalitatearekin erlazionatutako arazo guzti hauek gure osasuna arriskuan jartzen dute. Ur kutsatuak urtero pertsona gehiago hiltzen ditu gerrek eta bestelako indarkeria mota guztiek baino[32].
Ur gezako sistemak izugarri aberatsak dira espezie aldetik. Lurraren azaleraren % 1 baino gutxiago estaltzen badute ere, habitat horiek ornodun espezieen heren bat, arrain espezieen % 40 eta espezie guztien % 10 jasotzen dute[33]. Baina ondare natural hori abiadura larrian galtzen ari da: WWF-en Naturako Planeta Biziaren Indizearen arabera, ur gezako ornodunen populazioa % 83 murriztu zen 1970 eta 2014 bitartean[34]. Galera lurreko eta itsasoko ekosistemetan baino askoz azkarrago gertatzen ari da. Adibidez, ur gezako ornodunen populazioen gainbehera lurreko edo ozeanoetako ornodunen galera baina bi aldiz azkarragoa da[34]. Hala ere, ur gezako biodibertsitate galerak ez du ekosistema lurtarrekoak bezain besteko arretarik jaso, eta kontserbazio-ikerketa gehienak espezie lurtarretan oinarritu ohi dira[35].
Galeraren arrazoi nagusiak sakonki aztertu dira, eta honakoak dira[36]:
Berriki beste ikerketa batean aurreko zerrenda garatu eta mehatxu berriak identifikatu eta gehitu dituzte[37]:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.