From Wikipedia, the free encyclopedia
Uholdea lur eremuak urez estaltzea da[1], ohiko lekuetatik gainezka egiten duenean, adibidez, euri jasen ondorioz ibaiek gainezka egitean edo tsunamiengatik itsas maila igotzean. Beste hainbat arrazoi ere daude, hala nola elur urtzea, urtegi baten haustura, maila freatikoaren igoera edo urakanak eragindako itsas mailaren igoera. Ez da nahastu behar ur-goraldi edo uraldiarekin: hor, ur kopurua erruz handitzen bada ere, ez du ibilgutik gainezka egiten.
Ibai-uholdeak aldizkako prozesu naturalak dira eta ibai-ordokien sortzaile nagusiak: horrek ibai-ertzeko lur emankorrek nekazaritza garatzea ahalbidetu du.Nilo ibaiaren harana eta Mesopotamia horien adibide garbiak dira.
Uholdea arrisku natural nagusietako bat da eta kalte gehien sortzen duen hondamen naturala. 1996-2005 aldian, hondamendi naturalen % 80 meteorologikoak edo hidrologikoak izan ziren. 1973 eta 1997 artean, uholdeek urtean batez beste 66 milioi pertsonari eragin zieten eta egoerak okerrera egin du kostaldeko herri askotan[2][3]: 136 metropoli nagusietan egindako ikerketa batean itsas mailaren goratzeak eragin lezaken kostua kalkulatzeko, uholdeek 1.000 milioi inguru kostua eragingo lukete urtero 2010etik 2050era, hiri horientzat bakarrik[4]. Euskal Herrian, klima-aldaketaren ondorioz euri-jasak % 10 ugarituko direla aurreikusten da eta uholdeak maizago gertatuko direla[5]. Azkenaldian eginiko kanalizazioek eta lurren artifizializazioak arriskua areagotu dute[5].
Uholde izena euskara batuaz erabili beharrekoa[1] da, baina beste hainbat aldaera ere daude: ugolde, ujolde, ujale, uriol, urjola, urolde, iholde, uheldo, usal, uxal, ufal[6]. Haren sinonimo batzuk hauexek dira: Iparraldeko pesia (ur kopuru handia)[7] eta zoperna (uholdea eta berau eragiten duen ekaitza)[8]. Zenbait testuingurutan, uraldi[9] sinonimotzat jotzen da, baina badirudi egokiagoa dela ur-goraldia adierazteko.
Uholdeak gerta daitezke eremu lau edo behekoetan euri-jasek (edo elur-urtzeak) ur gehiago hornitzen dutenean, infiltratu edo hustu daitekeena baino. Soberako ura bertan pilatzen da, batzuetan sakonera handiarekin. Lurra ase daiteke, eta infiltrazioa zaildu edo geldiarazi, batez ere maila freatikoa azalekoa bada, uholde-lautadetan bezala. Infiltrazioa txikia edo ezinezkoa da lur izoztuetan, harkaitzetan, hormigoian, zoladuran edo teilatuetan. Arro endorreikoetan uholdeak gertatzen dira prezipitazioa lurruntzea baino handiagoa bada[10].
Ibai edo erreka mota guztietan gerta daitezke uholdeak, eskualde hezeetako baserreka txikienetatik hasi eta klima idorretako uhar eta uadietaraino, baita munduko ibai handienetan ere. Uholde batzuk oztopoek eragindakoak edo areagotutakoak izan daitezke, hala nola, luiziek, izotz edo hondakin pilaketek edo kastoreen urtegiek.
Uholde batzuk geldoak izaten dira gehien bat arro hidrografiko zabalak dituzten ibai handietan. Emaria gutxika baina etengabe hazten da, euri-jasa luzeengatik, elur urtze lasterrengatik edo zikloi tropikalengatik.
Uholde azkarrak, maizago gertatzen dira ibai txikiagoetan, haran malkartsuetako ibaietan, ibilbidea batez ere eremu iragazgaitzetan igarotzen denean edo normalean ibilgu lehorrak dutenetan.
Kostaldean faktore ugarik sor dezakete uholdea, batez ere konbinatzen direnean: haizeak eta presio atmosferiko txikiak eragindako itsas mailaren igoerak, itsasgora handiak, olatu handiak (tsunamiak edo zikloi tropikalak kasu larrietan) eta abar. Gainera, estuario eta ibai-ahoetan aurreko faktoreak uholdeak sor ditzakete ibaiko emariarekin elkartzean.
Neolitoaren hasieratik, sedentarizazioa hasi zenetik eta, beraz, kostaldeko eremu lauak edo ibai-haranak okupatu zirenetik, gizakiak uholdeei aurre egiteko erronka izan du. Egipton eta Mesopotamian jada eraiki ziren ibai-babes garrantzitsuak, hala nola dikeak, urak desbideratzeko ubideak eta ibilguen hobetzeak hiriguneetan. Lan hidraulikoak Grezian eta Erroman ere egin ziren, bai edateko ura lortzeko, bai arriskuak saihesteko. Txinan, XII. mendean jada eraikitzen ziren ubide handiak ibaietan, eta montzoiek eragindako uraldiei aurre egiten saiatzen ziren.
Gaur egun, uholdeen aurkako babesak oso aurreratuak dira herrialde garatuetan. Babes-neurriak sistema askotan oinarritzen dira: dikeak, metalezko hesi mugikorrak, urtegi erregulatzaileak eta hustubideak. Egoera arriskutsuei aurre egiteko alerta-sistemak ere oso garatuta daude: eguraldi iragarpena, alerta hidrologikoa zehazten duten ibai-edukieren behaketa eta itsasikarak detektatzeko sistemak.
Itsasgorak eragindako itsas uholdeen aurkako babesa oso garatuta dago Herbehereetan, non dike sare batek barruko zein kanpoko urak erregulatzen dituen. Veneziak eta Londresek ere antzeko babesak dituzte (MOSE eta Thames Barrier hurrenez hurren). Urtegi erregulatzaileak oso ugariak dira klima mediterraneoko eskualdeetan, hala nola Kalifornian eta Hego Europan, eta lehorte-garaian ura biltzeko eta ibai-uraldiei eusteko balio dute. Beste ekintza batzuen helburua hirietatik arriskua urruntzea izan da, ibilgua desbideratuz eta, aldi berean, husteko gaitasun handiagoa emanez, hala nola Valentzian edo Sevillan. Ibaien kanalizazioa, hala nola Rhin ibaiarena, lan handiagoa da, eta arro osorako plana izan behar du berarekin (husteko gaitasuna handitzea, desbideratze puntualak, meandroak murriztea, urtegiak eraikitzea eta handitzea, etab.). Ekintza horietako batzuk eztabaidagarriak izan dira, sortzen dituzten efektuengatik. Adibidez, Rhin ibaiko meandroak kentzean, ur-goraldiko uhina lasterragoa da eta, beraz, indar handiagoa izan ohi du.
Legediak aurrerapen handia egin du, eraikuntzak debekatuz 100 urteko itzulera-denboran urpean gera daitezkeen eremuetan[erreferentzia behar]. Kartografia zabalari esker, arrisku-eremuak zein diren jakin ahal izan da, ondoren lursailetan eragin ahal izateko.
Unescoren arabera[11][12], uholde-arriskuaren kudeaketan funtsezko bederatzi arau bete beharko lirateke. Hauek dira:
Hustu beharreko ur kopuruaren eta ahalmen hidraulikoen artean desegokitasuna dagoenez, uholdeen kudeaketak honako helburu hauek ditu, beti ere Unescoren arauak betez[12], oro har ekintza erresiliente, ekonomiko eta ekologikoak izanik:
Udako montzoi haizeek sortutako eurite handiek hondamena ekartzen dute. Asia hegoaldeko eta hego-ekialdeko montzoien eraginpeko lurraldeetan udan egiten du urte osoko euri gehiena. Txinan, esaterako, 1000-2000 izaten dira urtean hegoaldeko ibai handien uholdeetan.
Bitarteko latitudeetan, goi troposferan aire masa hotzak zabaltzean sortzen diren konbekziozko ekaitzak dira euri eta ibai uholdeen eragileak. Estatu Batuetan uholde asko izaten dira, eta urtean 3.000 milioi dolarreko galerak sortzen dituzte; bereziki aipagarriak dira Missouri-Mississippi ibaien arroko uholdeak. Europan, berriz, udazkeneko euri jasak eta euri horien ondoriozko uholdeak dira arrisku gehien dakartenak; kalte handienak Mediterraneo mendebalean (Frantzia, Italia, Espainia) eta Afrika iparraldean izaten dira, euri bideetan eta ibai euri bideetan sortzen diren uholdeen eraginez.
Espainian euri uholdeak dira, lehorteekin batera, galera ekonomiko handienak eta, batez ere, hildako gehien eragiten dituen klimaren gertaera, batez ere irailean eta azaroan. Kantauri aldean, dena den, uda aldean izaten dira euri erauntsi larrienak (abuztuan batez ere), eta baita otsailean eta martxoan ere. Oso kontuan hartzekoak dira 1983ko abuztuan Nafarroan, Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren uholdeak, 80 hildako eta ekonomia kalte handiak sorrarazi baitzituzten.
Azpian mundu zabaleko uholde hilgarrienen zerrenda, 100.000 hildakotik gora:
Hildakoak | Gertaera | Lekua | Urtea |
---|---|---|---|
2.500.000–3.700.000[14] | 1931ko uholdeak | Txina | 1931 |
900.000–2.000.000 | 1887ko Ibai Urdineko uholdea | Txina | 1887 |
500.000–700.000 | 1938ko Ibai Urdineko uholdea | Txina | 1938 |
231.000 | Banqiao urtegiaren haustura, Nina tifoiaren eraginez. 86.000 ggb uholdeengatik eta 145.000 ondorengo izurriagatik. | Txina | 1975 |
230.000 | 2004ko Indiako ozeanoko tsunamia | Indonesia | 2004 |
145.000 | 1935ko Ibai Horiko uholdea | Txina | 1935 |
100.000+ | Sint-Felix uholdea, ekaitzak eraginda | Herbehereak | 1530 |
100,000 | Hanoi eta Ibai Gorriaren deltako uholdea | Ipar Vietnam | 1971 |
100.000 | 1911ko Ibai Horiko uholdea | Txina | 1911 |
1983ko uholdeak oso larriak izan ziren, Euskal Herrian eta bereziki Bizkaian kalte ugariak eragin zituztelako.
Mungian eta inguruko herrietan, Butroe ibaiak, eta Gobelak Getxon zein Berangon ere kalte handiak eragin dituzte azken urteetan.
2008ko ekainaren 1ean uholde larriak gertatu ziren Bizkaian, Getxo eta Berangon besteak beste.
2011ko azaroaren 5tik azaroaren 7ra Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako iparraldean (batez ere Baztan eskualdean) jazo ziren: horren ondorioz, Irunen pertsona bat hil zen eta Derion beste pertsona bat galdu.
2015eko urtarrilaren 13an zabaldu zenez, EAEko ehun tokik uholdeak jasateko arriskua dute[15].
Uholde Handiaren mitoak (zibilizazio-suntsitzaileak) kultura askotan hedatuta daude: Mesopotamiako uholde kontakizunak, manvantara-sandhya Hinduismoan, Gun-Yu txinatar mitologian, Deukalion eta Pirra greziar mitologian, Genesiko Uholde Handia, Bergelmir eskandinaviar mitologian, Polinesiako eskualde batzuetako kontakizunak, maia eta kitxeen ohiturak Erdialdeko Amerikan, eta Australiako zenbait tributan.
Erlijiozko testuetan, uholdeak jainkozko zigortzat jotzen dira sarritan. Adibide nagusia Genesi liburuko Uholde Handiaren kontakizuna da, rol nabarmena duena Judaismoan, Kristautasunean eta Islamean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.