musikagile errusiarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Piotr Ilitx Txaikovski[1] —errusieraz: Пётр Ильич Чайкoвский— ⓘ (Votkinsk, Errusiar Inperioa, 1840ko maiatzaren 7agreg. – San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1893ko azaroaren 6a) errusiar musikagile bat izan zen, Erromantizismo garaikoa. Balleterako egin zituen lanak dira ezagunenak (Beltxargen aintzira, Loti Ederra eta Intxaur hauskailua). Halaber, opera, orkestrarako musika eta zazpi sinfonia landu zituen.
Piotr Ilitx Txaikovski | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Votkinsk, 1840ko apirilaren 25a (juliotar egutegia) | ||
Herrialdea | Errusiar Inperioa | ||
Bizilekua | San Petersburgo Mosku Votkinsk Mosku Alapayevsk (en) San Petersburgo Clarens (en) Florentzia Erroma Mosku Klin (en) Klin (en) Europa | ||
Lehen hizkuntza | errusiera | ||
Heriotza | Malaya Morskaya Street, 13 (en) eta San Petersburgo, 1893ko urriaren 25a (juliotar egutegia) (53 urte) | ||
Hobiratze lekua | Tikhvin hilerria | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: kolera | ||
Familia | |||
Aita | Ilya Petrovich Tchaikovsky | ||
Ama | Aleksandra Tchaikovskaya | ||
Ezkontidea(k) | Antonina Miliukova (1877ko uztaila - 1877ko iraila) | ||
Haurrideak | |||
Hezkuntza | |||
Heziketa | San Petersburgoko Musika Kontserbatorioa 1865) Imperial School of Jurisprudence (en) (1850 - 1859ko maiatzaren 12a (juliotar egutegia)) | ||
Hezkuntza-maila | Doctor of Music (en) | ||
Hizkuntzak | errusiera frantsesa alemana | ||
Irakaslea(k) | Nikolai Zaremba Anton Rubinstein | ||
Ikaslea(k) | |||
Jarduerak | |||
Jarduerak | musikagilea, libretista, orkestra zuzendaria, koreografoa, musika-irakaslea, piano-jotzailea, autobiografialaria, musika-kritikaria, eguneroko-idazlea, itzultzailea eta unibertsitateko irakaslea | ||
Lantokia(k) | San Petersburgo eta Mosku | ||
Enplegatzailea(k) | Washingtongo Unibertsitatea Moskuko kontserbatorioa (1866 - | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Jasotako sariak | |||
Genero artistikoa | sinfonia opera ballet (en) musika klasikoa erromantizismoa | ||
Musika instrumentua | pianoa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | kristautasun ortodoxoa | ||
| |||
Klase ertaineko familia batean jaioa, Txaikovskik jaso zuen heziketa funtzionario gisa prestatzera bideratua zegoen, txikitatik musikarekiko erakutsi zuen goiztiartasuna gorabehera. Bere familiaren nahien aurkara musika ikasketak egitea erabaki zuelarik, 1862an San Petersburgoko Musika Kontserbatorioan sartu zen, eta 1865ean graduatu zen. Bertan jaso zuen hezierak ―oso formala eta mendebaldeko musika estilora zuzendua― aldendu egin zuen Bosten Taldea izenaz ezagutzen zen mugimendu garaikide nazionalistaren lerrotik. Talde hori errusiar konpositore gazte batzuek osatu zuten; Txaikovskik harreman profesional eta adiskidetasun handia izan zuen haiekin bere ibilbidean zehar.
Bere estiloa garatzen zuen bitartean, Txaikovskik zenbait genero eta formatan idatzi zuen musika, sinfonia, opera, balleta, musika instrumentala, ganbera musika eta abestia, besteak beste. Batzuetan arrakasta izan zuen arren, ez zuen inoiz konfiantza edo segurtasun handirik izan bere buruaz, eta krisi pertsonalak edo depresio aldiak ugari izan zituen bizitzan zehar. Nortasun zaurgarri horretan agian lagundu zuten faktoreen artean aipa daitezke homosexualitate erreprimitua, bere izaeraren berri jakingo ote zen etengabeko beldurra, ezkontza zentzugabe eta ezin kaltegarriagoa, eta helduaroan izan zuen harreman iraunkor bakarraren bat-bateko amaiera: 13 urtez Nadezhda von Meck alargun aberatsarekin izan zuen lotura. Bizitza pertsonal aztoratu horren erdian, Txaikovskiren ospeak gora egin zuen; tsarraren aldetik ohoreak jaso zituen, biziarteko pentsio bat lortu zuen eta mundu osoko kontzertu aretoetan goraipatua izan zen. 53 urte zituela bat-batean hil zen; kolerari egotzi ohi zaio heriotza, baina historialari batzuek bere buruz beste egin zuela uste dute.[2][3]
Mundu osoko musika aretoetan ezaguna izan arren, Txaikovskik hitz gogorrak jaso zituen batzuetan kritikari eta konpositoreen aldetik. Zernahi gisaz, konpositore gisa duen ospea eztabaida guztien gainetik dago gaur egun, eta erabat desagertu da XX. mendearen hasieran eta erdialdean Mendebaldeko kritikari askoren ustea, haren musika arrunta eta pentsamendu gutxikotzat jotzen baitzuten.[4]
Txaikovski[oh 1] Votkinsken (Errusia) jaio zen, lehenago Errusiar Inperioko Viatka probintziaren parte izandako hiri txiki batean, Uraletan. Aita ukrainar meatze ingeniari bat izan zuen eta ama haren bigarren emazte Aleksandra Andreievna Assier, frantziar jatorri nobleko emakumea, San Petersburgon jaioa 1812an.[oh 2] Aurrekari poloniarrak, kosakoak eta alemaniarrak aurki daitezke haren arbasoen artean.[7]
Senar-emazteen zazpi seme-alabetatik hirugarrena izan zen Piotr Ilitx: Iekaterina, zaharrena, 1836an jaioa baina bizitzako lehen urteetan hila; Nikolai (1838); konpositorearen ondoren, Aleksandra arreba estimatua (1842); Ippolit (1843); eta, azkenik, Modesto (musikariaren lehen biografoa) eta Anatoli bikiak (1850). Anai-arrebez gain, arrebaorde bat izan zuen, Zinaida (1829), aitak aurreko ezkontza batetik izan zuena. Arrebaorde honek «paper negatiboa» izan zuen Txaikovskiren haurtzaroan.[8][9] Anai-arrebekiko lotura oso handia izan zuen beti, bereziki Aleksandrarekin eta Modestorekin.
Bost urte zituela hasi zen pianoa ikasten, Maria Markovna Paltxikova izeneko zerbitzari izandako batekin. Garai goiztiar hartan agertu zen musikarako joera eta umearen sentiberatasuna, hainbesteraino non Fanny Dürbach etxe irakaslea bera ere kezkatu baitzen, geroago Modesto musikariaren anaiari azalduko zionez.[10] Musika ikasketak 1848an jarraitu zituen Filippov izeneko piano jotzaile batekin.1850. urtean, lehen aldiz, amarekin opera ikuskizun batean izan zen: Mikhaïl Glinkaren Bizia tsarraren alde. Opera hura eta Mozarten Don Giovanni beti izango ziren mugarri bat konpositorearentzat.
1850ean, San Petersburgoko Jurisprudentzia Eskolan onartua izateko azterketa gainditu zuen Txaikovskik. Bertan, hurrengo bederatzi urteetan ikasi zuen, funtzionario izateko xedez, noblezia apaleko mutil gazteen artean oso ohikoa baitzen; anaiek ere ikasiko zuten. Jurisprudentzia eskolan erdipurdiko emaitzak lortu zituen,[11] baina bizitzan zehar gordeko zituen adiskideak egin zituen, eta giza bizitzaren alde gordinagoekin ere harremana ukan zuen, besteak beste alkoholarekin eta tabakoarekin; handik aitzina, beti izango zen tabako erretzaile porrokatua eta edale zaletua.
Komunitate itxi guztietan ohikoa den giroan, non haur txikiak mutikoekin eta nerabeekin nahasten baitziren, lehen esperientzia homosexualak izan zituen. Aleksei Apukhtin poeta izango zenarekin egin zuen adiskidantza azpimarratu behar da, Txaikovski gaztearengan berebiziko eragina izango baitzuen.[12] Adiskidetasun haietako asko, maitasunaren osagaia alde batera utzita, garrantzitsuak izan ziren Txaikovskirentzat, babesa eta ereduak aurkitu baitzituen. Jurisprudentzia Eskolako urteetan zehar, Txaikovskik opera, balleta eta antzerkia ikusteko aukera izan zuen, bere izar ospetsuak miresteko, etorkizunean baliagarria izango zitzaion oinarri bat hartuta. Koru kantuko lezioak ere hartu zituen, ahots ederra baitzuen, eta Fyodor Becker instrumentu egile entzutetsuaren gidaritzapean pianoa jotzen ikasten hasi zen berriro.[13]
Hamasei urte zituela entzun zuen lehen aldiz Wolfgang Amadeus Mozarten Don Giovanni opera: esperientzia hura bere musikagile etorkizuna erabakitzeko errebelazio bat izan zen: «Mozarti zor diot musikari eskainitako bizitza».[oh 3] 1855etik aurrera, pianoa ikasi zuen Rudolf Vassilievitx Küdinger (1832-1913) garaiko maisu ospetsuarekin, graduazioa lortu arte. Ikasketak amaitu ondoren, 1859an, Justizia Ministerioan hasi zen lanean; Txaikovskik garrantzi askorik eman gabe, nahiz eta bere promozioko emaitza onenetako bat izan. Jurisprudentzia Eskolan egindako azken urtea aberatsa izan zen Txaikovskirentzat eta eskergarria gizarte harremanen alderditik begiratuta, esparru horretan arrakasta ugari lortu baitzituen, baita nesken artean ere, eta mundu guztiarentzat atsegina gertatzen baitzen.[16]
1854ko ekainean, ezusteko lazgarri bat ukan zuen Txaikovski gazteak: ama kolera epidemia baten ondorioz hil zen. Hain jota geratu zen, ezen ez baitzion Fanny Dürbach etxe irakasle izandakoari albistea eman bi urte igaro arte. Aita ere gaixotu zen koleraz, hiletaren biharamunean, baina sendatu ahal izan zuen. Musikariak hala idatzi zuen 1878an: «Egun beldurgarri hartako une bakoitza iltzatuta daukat, atzo gertatu izan balitz bezala».[17][18][19] Konpositorea eritasun berak jota hil zen, garai hartan kolera endemikoa baitzen Errusian.[20]
1854an bertan sortu zuen Txaikovskik gordetzeko duintzat jo zuen bere lehen lana: Anastasie-Valse, Anastassia Petrovna gobernariari eskainia; 1913an argitaratu zen.[21] Aurrez, haur kantu bat belarriz «konposatua» zeukan: Gure ama San Petersburgon 1844an[22] eta 1854 inguruan opera bat konposatzeko ametsetan ibili zen.[23]
1861ean, teoria musikaleko eskoletan parte hartu, zuen Errusiako Musika Elkarteak antolatuta, Nikolai Zaremba irakaslearekin. Urte bat geroago, Zaremba irakaslearekin jarraitzeagatik San Petersburgoko Kontserbatorio berrian sartu zen. Txaikovskik ez zuen ministerioan bere lekua utzi nahi, «funtzionario izan ordez musikari izateko destinatuta nagoela ziur jakin arte».[24] 1862tik 1865era harmonia, kontrapuntua eta fuga ikasi zituen Zarembarekin, eta Anton Rubinstein kontserbatorioko zuzendari eta fundatzaileak instrumentazioa eta konposizioa irakatsi zizkion.[25][26] 1863an, azkenik, funtzionario karrera utzi eta musika ikasteari ekin zion, denbora osoz, 1865eko abenduan graduatu zen arte. Rubinstein txundituta zegoen Txaikovskiren talentu musikalarekin, baina, hala ere, gorabeherak izan zituen Txaikovski, bai Rubinsteinekin, bai Zarembarekin, graduazioaren ondoren idatzitako Lehen sinfonia zela eta, irakurketa arretatsu bat egiteko bidali zienean. Sinfonia Moskun interpretatu zen lehenengoz osorik, 1868ko otsailean, eta harrera ona izan zuen.[27]
Rubinstein mendebaldeko musikaren aldera lerratu zenean, Bosten Taldea musika talde nazionalistaren oposizioa izan zuen. Rubinsteinen ikaslerik ezagunena izaki, kritikaren jomuga erraza izan zen Txaikovski, bereziki kanoi haragi gisa Cesar Cui musikariak egindakoak.[28] Jarrera hori zertxobait aldatu zen Rubinsteinek 1867an San Petersburgoko giro musikala utzi zuenean. 1869. urtean Txaikovskik Bosten buru Mili Balakirev konpositorearekin lan harremana hasi zuen. Horren emaitza izan zen Txaikovskiren lehen maisulanaren aitortza, Romeo eta Julieta lan fantasiatsua, Bostek baldintzarik gabe goraipatu zutena.[29] Nahiz Moskuko Kontserbatorioa oso adeitsua izan zen Bostekin, Txaikovskik ez zuen inoiz haiekin harreman esturik izan, haien musika anbibalentea iruditzen zitzaiolako; haien helburuak eta estilo estetikoa ez ziren bereak.[30] Haiekiko eta San Petersburgoko Kontserbatorioko talde kontserbadorearekiko independentzia musikala gorde zuen beti, eta jarrera horrek Moskuko Kontserbatorioko irakasle gisa onartzea erraztu zion, Nikolai Rubinsteinek eskaini baitzion.[31]
Txaikovski bidaiari nekaezin bat izan zen bizitza osoan, ez bakarrik eginkizun profesionalek hartara behartuta, baizik plazer hutsagatik eta monotoniatik ihes egiteagatik ere, edo egoera nahiz pertsona «desatseginetatik» ihes egiteko, askotan anai-arrebek edo adiskideek lagunduta. Hala ere, bidaietan ez zuen albo batera uzten bere lurraren oroimina, kezka emozionaletik asko zeukan jarrera. 1861ean, udako lehen bidaia egin zuen atzerrira, Alemania, Belgika, Paris eta Londres bisitatzeko, hango operak eta kontzertuak entzutera.
Graduatu ondoren, musika ikasketekin jarraitu zuen, Justizia Ministerioan lan egiten zuen bitartean. Hiru bat urtez nagikeria handi samarrez lan egin zuen bertan, baina horrek mundu bizitzaz gozatzeko aukera ematen zion, Modesto anaiak gogoratzen duen bezala. Bidaia hartatik itzultzean, ministerioko lana utzi gabe oraindik, musikan hasi zen buru-belarri; bertan behera utzi zituen traba zitezkeen beste jarduerak.[32]
1859 baino lehenago, Errusian ez zegoen musika irakasteko eskola ofizialik, eta, are gehiago, musikari estatusa ez zen aitortua. Aristokraziako gazte batek opera eta kontzertuetara «joan behar» zuen, solfeoa jakin eta, agian, «piezaren bat» jotzen edo, are eta gehiago, konposatzen ere jakin, baina ezin zen ulertu kapare batek musika lanbide gisa hartzea. Artista gehienak atzerritarrak ziren, baita musikaren kasuan ere. Italiarrak ziren nagusi, nahiz eta bazegoen nolabaiteko tradizio lokal bat ere, erlijiosoa eta herrikoia gehienbat.[33]
1859an, Anton Rubinstein musikariaren ekimenez eta Elena Pavlovna (Alexandro II.a tsarraren izeba) dukesa handiaren mezenasgoari esker, Errusiako Musika Elkartea sortu zen, gerora (1862) Rubinsteinek berak zuzendutako kontserbatorio bihurtuta, irakasle entzutetsuekin.[34] Gertaera horrek markatutako bideari jarraituz, 1866an Kontserbatorioa zabaldu zuten Moskun, Anton Rubinsteinen anaia Nikolaik sortu eta zuzendu zuena.[oh 4] 1862an ere, San Petersburgon, Doako Musika Eskolaren ikastaroak hasi ziren, errusiar musikaren korronte erradikal eta aurrerakoia irudikatuz, Rubinsteinen Kontserbatorioan nagusi zen alemaniar eragineko akademizismoaren aurka zegoena, eta Mili Balakirevek zuzentzen zuena. Erakunde horretatik sortu zen Bosten Taldea.
San Petersburgoko Kontserbatorioko musika teoriako eskolen buruan bigarren mailako konpositore bat zegoen, Nikolai Zaremba (1821-1879): Txaikovski bere ikasle izan zen, Anton Rubinsteinekin konposizioa ikasi zuen eta 1863an, familiaren iritziaren kontra, ministerioko lana utzi zuen. Urte haietan, zenbait pieza txiki konposatu zituen, kanturako eta pianorako erromantzak, piano bakarrerako piezak, abesbatzarako pieza bat (Lo egin aurretik, hasieran a cappella eta gero orkestra gehituz berrikusia) eta sol maiorreko harientzako obra bat (Allegro ma non tanto). 1864. urtean Urakana: mi minorreko obertura bat konposatu zuen, hil ondoren argitaratu zena, Aleksandr Ostrovskiren izen bereko dramarako. Kontserbatorioko orkestra zuzendu zuen 1865ean, bere Fa maiorreko obertura orkestra txikirako (lehen bertsioa) obraren estreinaldian. Orkestra zuzendaritza beti izango zen arazo handi bat berarentzat, bere izaera lotsatiagatik, nahiz eta heldutasunean bere musikaren interprete saiatua izan.
Graduatu aurretik Nikolai Rubinsteinen eskaintza bat jaso zuen, Anton anaiaren iradokizunez, Moskuko Kontserbatorioan teoria musikaleko irakasgaiaren ardura hartzeko. 1866an amaitu zituen ikasketak San Petersburgoko Kontserbatorioan, 1861ean hasita. Alaitasunari obrarekin diplomatu zen, bakarlari, abesbatza eta orkestrarako, Schillerren testu baten gainean, gaia nahitaezkoa baitzen (Ludwig van Beethovenek bere bederatzigarren sinfoniaren amaierarako erabilitako testu bera). Urte hartan, teoriako eta harmoniako irakasle izendatu zuten, eta 1878ko irailera arte egon zen bertan.
1866. urtean, zalantza ugariren artean, 1. Sinfonia sol minorrean konposatu zuen, op. 13, Neguko ametsak izenburupean, behin baino gehiagotan berrikusiko zuena, musikariak bere obrekin maiz aski egiten zuen gisan. Gaztaroko obra bat dela esan daiteke, baina jada argi ageri dira beraren ezaugarriak. Hurrengo urtean estreinatu zuen bere lehen opera: Voievoda (errusieraz: Воевода) Ostrovskiren drama batean oinarritua. Arrakasta izan zuen, lau aldiz jokatu baitzen, baina ez zen beste antzezpenik egon, eta egileak partitura suntsitu egin zuen, nahiz eta zenbait pasartek bizirik iraun zuten, hurrengo operan (Opritchnik; errusieraz: Опричник) eta Beltxargen aintzira balletean txertatu baitzituen.[oh 5] Txaikovskiren izaera autokritiko latza erakusten du gertaera honek, bai obrak berrikusteko praktikari dagokionez, bai ekintza gogorragoei dagokienez, hala nola partituren suntsiketa.
Urte haietan hurbildu zen, zuhurtasun handiz bada ere, Bosten Taldera, nahiz taldekide guztiekin ez izan harreman bera: Modest Musorgskiren aurka agertu zen bitartean, Romeo eta Julieta obertura taldearen sortzaile Mili Balakirevi eskaini zion.[30]
1868an harreman sentimental labur bat ukan zuen Désirée Artôt belgikar abeslariarekin: ezkontzaz hitz egin zen, baina abeslaria Mariano Padilla Ramos espainiar tenorearekin ezkondu zen azkenean. Adiskide izaten jarraitu zuten, aldian behin elkar ikusten eta elkarri idazten. Txaikovskik inspirazioa atera zuen maitasun platoniko hartatik, eta geroago andre harri eskaini zizkion Six Mélodies, op. 65 lana, 1888an.[37]
Pixkanaka, sormen lana areagotu egin zuen, hainbesteraino ezen, azkenean, hautua egin behar izan zuen, eta, ondorioz, kontserbatorioko irakaskuntza albo batera utzi. Gainera, 1872. urtetik aurrera musika kritikagintzan ere aritzen zen. 1869an sortutako Romeo eta Julieta fantasia obertura, 1880an goitik behera berrikusia, bere lanik onenetariko bat da, bai formaren aldetik, bai gaiaren aldetik. Txaikovskik 30 urte bete gabeak zituela konposatu zuen, bertan uztartu baitzituen inspirazio literarioko programa (William Shakespeare) eta esperientzia emozionalak, batez ere, biografo askoren arabera, garai hartan kontserbatorioko ikasle Eduard Zak izeneko bati zion maitasun ezkutua. Istorioak amaiera tragikoa izan zuen obraren osaketatik gutxira, 1873an zehazki, hemeretzi urteko gazteak bere buruaz beste egin baitzuen.[38]
Bi saiakera bertan behera utzi ondoren, 1870 eta 1872 artean beste opera bat konposatu zuen, (Opritchnik; errusieraz: Опричник), eta beste bat 1874an, Kuznets Vakula (Vakula forjaria; errusieraz: Кузнец Вакула) 1885ean berregin zuena Cherevichki izenburuarekin (Bota motzak; errusieraz: Черевички). Argi dago, beraz, musika dramatikoak erakarpen nabarmena izan zuela beti Txaikovskirengan, nahiz eta generoan bere izenburu ezagunenak Eugeni Onegin eta Pikovaia dama (Damako pika; errusieraz: Пиковая дама) izan. Musika kritikaren zati handi batek dio Txaikovskiren lanik onenak operak, azken hiru sinfoniak eta balletak direla.[39]
1872ko udan konposatu zuen Txaikovskik Bigarren sinfonia, eta 1874ko neguan ekin zion pianorako lehen kontzertua konposatzeari. 1875eko udan, Hirugarren sinfonia konposatu zuen.
Bestalde, urte bertsuetan kamerako obra batzuk argitara eman zituen, hiru hari laukote: Opus 11 re maiorrean (1871), Lev Tolstoiren arreta erakarri zuena; Opus 22 fa maiorrean (1874); eta Opus 30 mi bemol minorrean (1876).
Hogeita hamabost urte zituela, garai hartan gutxietsi ohi zen musika genero batean hasi zen, balleteko musikan, eta horri zor dio gerora bere ospearen zati handi bat. 1877. urtean estreinatu zuen Moskuko Bolxoi antzokiak Beltxargen aintzira Opus 20 balleta, aurreko bi urteetan konposatua eta bere arrebaren familiarekin eta ilobekin igarotako uda haietako batean sortua, musikariak sarritan bilatu izan zuen baretasun espiritualeko txokoan. Lan honek balio musikal handia du, osagai dramaturgiko-musikalak areagotzen duena; Txaikovskik leitmotiv eta tonalitateen erabilera estentsiboa egiten du bertan, instrumentazio bereziki zainduarekin.[40] 1876ko udaren eta udazkenaren artean, Francesca da Rimini Opus 32 fantasia sinfonikoa konposatu zuen, orkestra handirako bere obrarik ezagunenetako bat.
1876an, halaber, Georges Bizeten Carmen operaren antzezpen batean eta Richard Wagnerren Tetralogia (Nibelungoaren eraztuna) lanaren estreinaldian izan zen, eta, arrazoi desberdinengatik, lehen kasuan kemenerako eta bigarrenean kritikarako motiboak aurkitu zituen, nahiz eta garai hartako konposizioak, musikari alemaniarraren eraginpekoak izan, efektu instrumentalei dagokienez.[41]
Carmen operaren eragina urte batzuk geroago nabarituko da Pikovaia dama operan.[oh 6]
Nadezhda Filaretovna von Meck, 1831n jaioa eta, beraz, Txaikovski baino bederatzi urte zaharragoa, klase ertaineko dama errusiar bat zen, noblezia titulua lortu zuena Karl von Meck burdinbideetako ingeniari batekin ezkonduta.
Alargun geratu zelarik 1876an, dirutza handi baten jabe zenez, eta emakume adimentsu eta arteen maitale, mezenasgo ekintzetan murgildu zen, bere garaiko Errusian antzekorik izan ez zuena. Pianorako eta biolinerako errepertorioan lagunduko zion biolinista gazte bat bilatzen ari zela ezagutu zuen Txaikovski, orduan kontserbatorioko irakasle baitzen, eta hari obrak enkargatzen hasi zitzaion. Damak musikariari bidalitako lehen gutunean, 1876ko abenduaren 30ean, honela aitortu zion: «Mesedez, sinetsi behar didazu zure musikarekin nire bizitza errazagoa eta atseginagoa gertatu dela».[44]
Harreman oso berezi baten hasiera izan zen hura, konfidentziaz eta gainulertuez betea, elkarrekiko menpekotasun espiritual batera iristeraino, musikariaren biografoek xehetasun grinatsuz aztertua baina oraindik ere liluraz betea. Von Meck izan zen konpositorearen diru iturri nagusia, urteko 6.000 errubloko diru esleipen garrantzitsu bat esleitu baitzion, hilero zatika ordaintzen ziona. Benetako mezenasgoa zen, alde batetik, von Meckerentzat huskeria bat baitzen diru kopuru hura —haren aberastasun neurrigabea kontuan hartuta—; eta, bestetik, konpositoreak ez baitzuen batere eskrupulurik izan laguntza onartzeko eta maiz «madamerengana» jotzeko. Babes horri esker, Txaikovskik kontserbatorioa utzi ahal izan zuen, konposizioan murgiltzeko erabat.[45]
Isilmandatari pribilegiatu bat izan zen harentzat, harreman epistolar leial bati esker: 1877 eta 1890 artean, gutxienez egunean behin idatzi zioten elkarri, batzuetan maizago ere bai, guztira hamabi mila gutun arte. Halako harreman estu batean sinesgaitza badirudi ere, ez zuten inoiz aurrez aurre elkar ikusi. Von Meck emakume sutsua zen, eta harreman ezohiko horrek iraun zuen urteetan izaera hori argi adierazi zuen, betiere alderdi «platoniko» batean Txaikovskiri «nire altxorra», «nire estimatua» eta «nire jaun eta maisu» izendatuz zuzentzen zitzaionean. Musikariak, bere aldetik, adiskidetasun hori hurbilketa ukigarritik urrun mantentzen zuela ziurtatu zuen beti.[46]
Txaikovskiren eta von Mecken familiak bat egin zuten musikariaren eta haren mezenasen artean adostutako ezkontza bati esker, andrearen seme bat eta Txaikovskiren arrebaren alaba bat, Alexandra Davídova, ezkondu baitziren. Ezkontza horretatik jaio zen Galina N. von Meck (1891-1985), familiari buruzko memoriak gorde eta idatzi zituena.[47]
Bat-batean, 1890ean, von Meckek amaiera eman zion Txaikovskiren pentsio ekonomikoari. Osasun arazoen ondorioz zail zuen idaztea; familiaren presioak eta zailtasun ekonomikoak ere izan ziren, Vladimir semeak familiaren ondarea oker kudeatu zuelako.[48] Haustura zerbitzari leial batek eramandako gutun batekin jakinarazi zion Txaikovskiri, ohiko posta zerbitzuaren ordez. Gutunean, inoiz ez ahazteko eskatzen zion, eta urtebeteko aurrerakinaren ordainketa egiten zion, porrot ekonomikoa arrazoi gisa argudiatuz.
Txaikovski serioski sinetsita zegoen edozein gertaera, bereziki bere bizitzako gorabeherak, Adurraren ondorio zirela —letra larriz idatzita: 1868an Adur izeneko poema sinfonikoa idatzia zuen—. Von Meckekiko harremana ikuspegi horren pean begiratzen zuen, baina ez hori bakarrik: «bizi filosofia» hura bere estetikan eta lan zehatzetan islatu zuen.[49] Azken hiru sinfonien «zikloak» hiruko diskurtsoan garatzen du gai hori. Horrek lekuko nabarmena da bere Laugarren sinfoniaren sarrera gaia, «nire lagun onenari» eskainia —hau da, von Meck—, zeinari konpositoreak berak azaldu baitzion: «Patuaren indarrak eragozten digu zoriontsu izatea. […] Gure bizitza osoa errealitate penagarrien eta amets iragankorren segida bat da […] ezerezak xurgatuak garen arte».[50]
Egun haietan, Antonina Ivanovna Miliukova izeneko ikasle ohi batek, Txaikovskik ia gogoan ere ez zuen arren, maitasun aitorpen bat idatzi zion. Errealitatearen eta artearen arteko lotura, bizitzaren eta idealaren artekoa, berehalakoa izan zen musikariarentzat; hainbesteraino, non, oso konbentzituta ez egon arren, eta lagunen zein ahaideen iritziaren kontra, bat-bateko ezkontza baten alde egin baitzuen.
Ezkontza 1877ko uztailaren 18an egin zuten. Emaitza tamalgarria izan zen, eta Txaikovskiren egoeran ondorioak suntsitzaileak izan zituen: emaztearenganako nazka sentimendu batek etengabe itota, Moskova ibaira bota zuen bere burua, baina hotzeri soil bat hartzea besterik ez zuen lortu.[51]
Fisikoki bere onera etorri bazen ere, gertakari larriak nerbio krisi batera eraman zuen, eta laguntza jaso behar izan zuen senideen, lagunen eta von Meck beraren aldetik; asken hori hasieran jeloskor agertu bazen ere, ezkontzaren porrotak baretu zuela esan zitekeen.[oh 7]
Ezkontza tradizional baten aukera, homosexual batentzat irtenbide guztiz zalantzagarria izan badateke ere, Txaikovskiren kasuan ezaugarri horrek bultzatu zuen, hain zuzen ere. Modesto anaiari, homosexuala bera ere, 1876ko udazkenean idatzi zion senideengatik pentsatzen zutela ezkontzaz, ez hainbeste berarengatik, gizartean berari buruz entzun zitezkeen zurrumurruak jasan beharraren mina saihesteko.[54]
Alabaina, zenbait kritikariren ustez «bakartze» horrek, «ezberdintasun» horrek eraman zuen musikaria benetako pathos edo adurrez zipriztindutako musika konposatzera.[oh 8]
Antonina Ivanovna Miliukova benetako zauria izan zen Txaikovskirentzat, bere bizitza osoan zehar irekia, izan ere, izatezko banaketaren ondoren —dibortzioa ezinezkoa zen orduan, edo, gutxienez, desegokia, zurrumurruengatik—, diru eskaerekin eta mehatxuekin oldartu baitzitzaion, nahiz eta gero haur batzuk izan zituen, zenbait harremanen ondorioz. Burua galduta, 1917an hil zen eroetxean.[56]
Indarberrituta, Txaikovskik esker onez idatzi zion Nadezhda von Mecki: «Hemendik aurrera, nire lumatik aterako den nota bakoitza zuri eskainia izango da!».[57]
1880. urtearen inguruan, Txaikovskiren ospea nabarmen indartu zen Errusian, eta bere izena atzerrian ezagutzen hasi zen, berak egiaztatu ahal izan zuen bezala, urte hartan bertan Europan zehar egindako bidaia baten ondorioz. Bidaia hartan arrakasta garrantzitsuak bildu zituen eta bere garaiko konpositore handiak ezagutu zituen: Johannes Brahms, Antonín Dvořák eta abar. Italia obra batzuen inspirazio iturri gertatu zitzaion, besteak beste Capriccio Italien. Harizko Serenata eta 1812 Obertura ere 1880koak dira. Urtebete geroago hil zen Nikolai Rubinstein bere lagun handia. Zeharo atsekabetuta, Txhaikovskik Pianorako hirukote bikaina konposatu zuen, hildako lagunari eskainitako pieza. Jarraian konposatu zituen Manfred (1885), Bosgarren sinfonia (1888), Loti ederra (1889) bere bigarren balleta, arrakasta handia izan zuena, baita Pikovaia dama opera ere, Puixkinen eleberri laburrean oinarrituta.
1890. urtean, Nadezhda von Meck bere babesleak ez zion pentsiorik ordaindu, finantza arazoak argudiatuta Beharbada, benetako arrazoia izan zen von Meck musikagilearen homosexualitateaz jabetu zela; eragin sakona jasan zuen, eta harreman epistolarra eta babes ekonomikoa hautsi zituen bat-batean. Litekeena da, halaber, bere alabetako bat musikagilearekin ezkondu nahi zuela, baina musikariaren sexualitatearekin bateraezina zenez, asmoa alboratu behar izan zuela.[58] Gertaerak, zernahi gisaz, gogor jo zuen Txaikovski.
Ezkontzaren gorabeherak amaituta, lasaitasun aro bat ukan zuen Txaikovskik, neurri handi batean von Meck babesleak eta beraren arreba Aleksandrak erraztuta: pixkanaka baina etengabe, konpositorearen berpizkunde espiritual eta artistikoa azaleratuz joan ziren. Ordutik aurrera konposatutako lanak, kantitatean ez ezik, kalitatean ere gora egingo zuen, Errusian zein atzerrian arrakasta lortuta. Bilakaera hori, izatez, ez zen etengo musikariaren heriotza gertatu arte. Aditu askoren ustez, Txaikovski luzaroago bizi izan balitz, musika asko konposatuko zukeen oraindik, eta irtenbide berritzaile eta modernoak ekarriko zituzkeen: Loti ederra, Intxaur hauskailua, Iolanta edo Seigarren sinfonia dira horren lekuko, besteak beste.[60]
Garai hartatik aurrera estreinatu zituen ia obra guztiak ospetsuak izan ziren berehala. Horien artean, 4. Sinfonia, opus 36 nabarmendu behar da, Eugeni Onegin opera, 1. Suitea re minorrean, opus 43, eta Florentzian, von Meckek gonbidatuta, hainbeste estimatzen zuen Italian, beste opera bat konposatu zuen: Orleanskaja deva (errusieraz: Орлеанская дева; Orleanseko damatxoa).
Jarraian etorriko ziren 1880ko urtarrilean Erroman hasitako Capriccio Italien, Harizko Serenata do maiorrean eta Ouverture Solennelle 1812. Hain zen handia Txaikovskiren ospea, ezen, 1881ean Nikolai Rubinstein hil zenean, Moskuko Kontserbatorioko zuzendaritza eskaini baitzioten, baina uko egin zion karguari. Urte haren amaieran estreinatu zuen Biolin eta orkestrarako kontzertua re maiorrean, opus 35, Eduard Hanslick austriar musikologoaren kritika suntsitzailea jaso zuena, baina gaur egun haren lanik aitortuenetakoa. Nikolai Rubinsteinen oroimenari eskaini zion Hirukotea la minorrean, opus 50, piano, biolin eta biolontxelorako, «Artista handi baten oroimenez» izenburupean. 1882. urtean estreinatu zen Pianorako 2. kontzertua sol maiorrean, opus 44.
Bidaietan errepertorio musikal garaikideaz asko ikasteko aukera ukan zuen, obra askoren iritzi idatzia utzi baitzuen bere gutunetan, partzialtasunagatik edo konformismoagatik harrigarri gerta daitezkeen iritziak; adibidez, Richard Wagnerren Tristan und Isolde opera izugarri luzea iruditu zitzaion, eta autore horren lanik egokiena Lohengrin dela aitortu zuen beti.[61]
1885. urtea arrakastaz hasi zuen. Hans von Bülow zuzendariak 3. Suitea sol maiorrean zuzendu zuen arrakasta izugarri batekin. Gainera, EugeniOnegin operaren antzezpen arrakastatsuarekin jarraitu zuten, tsarrarentzat eta haren gortearentzat. Hilabete gutxi batzuk lehenago, Txaikovskik gortean audientzia pertsonal baten hartua izateko ohorea izan zuen, goraipamena eta tsarraren beraren ahotik entzuteko aukera «errege familiako musikaritzat» jotzen zuela.[62]
Harreman horren ondorioz jaso zuen babes ofizialari esker, artistaren aldarte egonezinaren zauri batzuk arindu ziren, betiere haren atsekabe existentzial etengabeari aurre egin ziezaioketen baieztapen eta aitorpen ofizialen bila. Orduan Txaikovskik, lortutako arrakastaren froga gisa, landetxe bat erostea erabaki zuen, Mosku eta San Petersburgo arteko erdibidean, Klin herriaren ondoan.[63] Harrotasunez esan ahal izango zuen musikariak: «Ze poza nirea den etxean egotea... Orain ulertzen dut nire bizitza osoa errusiar landa inguruan igarotzeko ametsa ez dela kapritxo iragankor bat, baizik eta eskakizun natural eta sakon bat».[64]
1887ko urtarrilean egin zuen debuta Bolxoi Antzokiko zuzendari gonbidatu gisa, eta Txerevitxki bere operaren lehen hiru emanaldiak zuzendu zituen bertan.[oh 9] Urtebetean, Europa osotik eta Errusiatik ezin konta ahala eskaera jaso zituen, eta horrek bizitza osoan arrastaka eraman zuen beldur eszenikoa gainditzen lagundu zion, baita bere autosegurtasuna indartzen ere.[oh 10] Honela idatzi zion von Mecki: «Ez zenukete ezagutuko Europa osoan bidaiatzen duen musikari errusiar honengan duela urte batzuk bakarrik bizitza sozialetik aparte bizi zen gizona, beti giltzapetuta, dela atzerrian, dela etxean!!!».[69] 1888an Bosgarren sinfoniaren estreinaldia zuzendu zuen San Petersburgon, eta astebete geroago errepikatu zuen, Hamlet poema sinfonikoarekin batera. Bi lan horiek zinez gogotsu hartu zituen publikoak, kritika etsai agertu arren; adibidez, César Cui musikariak sinfonia errutinazkoa eta faltsua zela esan zuen.[70] Hala ere, Txaikovskik lan hori zuzentzen jarraitu zuen Errusian eta Europan.[71] Orkestra zuzendari gisa Ameriketako Estatu Batuetara joan zen 1891n, eta han New Yorkeko Musika Elkarteko Orkestra zuzendu zuen bere Marche slave si bemol minorrean, opus 31 Carnegie Halleko inaugurazio kontzertuan.
1892an, hirugarren balleta estreinatu zen, Intxaur hauskailua, bere partiturarik ederrenetako bat, baina ez zuen hasiera batean musikaren edertasunak espero zezakeen harrera aurkitu. Hamarkada batzuk beharko ziren Intxaur hauskailuak azkenean arrakasta lortzeko. Gaur egun, jendeak gehien interpretatzen eta estimatzen duen balletetako bat da. 1893an, Cambridgeko Unibertsitateak musikako doktorearen ohorezko titulua eman zion.[72]
1893ko azaroaren 6an, konpositorea emozionalki biluztu zen Seigarren sinfonia, Patetikoa, estreinatu eta bederatzi egunera, Txaikovski kolera gaitzaz hil zen, Nieva ibaiko ura esterilizatu gabe edan ondoren. Geroago egindako ikerketen argitara, Txaikovski bere buruaz beste egiteko erabakimena eduki zezakeen, noble errusiar baten ilobarekin zuen harremana argitara atera zenetik. Zernahi gisaz, estatu hiletak egin zizkioten, eta 8.000 pertsona inguru bertaratu ziren. San Petersburgoko Alexandro Nevski monasterioan lurperatu zuten.
Haren bizitzari buruz egindako ikerketen arabera, Txaikovski bere buruaz beste egitera behartu zuten, gazte noble errusiar batekin zuen harreman homosexuala ezagutzera eman ez zedin. Harekin batera, bere maitaleetako batek, Vladimir Gerard abokatuak, bere buruaz beste egin zuen.[73]
Bere gutun eta egunkarietan, maitale maskulino ugari izan zituela aitortu zuen Txaikovskik.[74] Moskuko Kontserbatorioko irakasle karguari esker, gazte asko ezagutu zituen, eta horietako bat, Aleksei Sofronov, 14 urte baino ez zituena, bere maitale izan zen. Biak elkarrekin bizi izan ziren Aleksei ballet konpositore bezala independizatu zen arte. Beste maitale batzuen artean, Kotek biolin jolea, Sapelnikov piano jotzailea eta Vladimir Davidov beraren iloba daude, azken horri eskaini baitzion bere Seigarren sinfonia; Havelock Ellis britainiar sexologoak Tragedia homosexuala esan zion konposizio horri.[75]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.