Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ludwig van Beethoven (Bonn, Alemania, 1770eko abenduaren 16a[oh 1] - Viena, Austria, 1827ko martxoaren 26a) alemaniar musikagilea, orkestra zuzendaria eta piano-jotzaile birtuosoa izan zen, klasizismotik erromantizismorako aldaketaren aitzindari nagusietakoa. Haren lanen artean, nabarmentzekoa da Bederatzigarren Sinfonia, Europar Batasunak ereserkitzat hartua.
Ludwig van Beethoven | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bonn, 1770eko abenduaren 16a |
Herrialdea | Electorate of Cologne 1794) Austriar Inperioa (1822 - |
Bizilekua | Beethoven House (en) |
Talde etnikoa | alemaniarra Flandriarra |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Viena, 1827ko martxoaren 26a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Vienna Central Cemetery (en) Q38103979 |
Heriotza modua | berezko heriotza: zirrosia |
Familia | |
Aita | Johann van Beethoven |
Ama | Maria Magdalena van Beethoven |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Christian Gottlob Neefe Joseph Haydn Antonio Salieri Johann Baptist Schenk Johann Georg Albrechtsberger Gilles van den Eeden Muzio Clementi |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, piano-jotzailea, orkestra zuzendaria, musika-irakaslea, organista, Birtuosoa, improviser (en) , biolin-jotzailea eta idazlea |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Bonn Viena Mödling eta Baden |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Johan Joseph Fux, Johann Sebastian Bach, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozart |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Herbehereetako Errege Akademia |
Mugimendua | klasizismoa erromantizismoa |
Musika instrumentua | pianoa biolina |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
beethoven.de | |
| |
1770eko abenduaren 16an jaio zen[oh 1], Alemaniako Bonn hirian, familia apal batean. Aitona, Ludwig, 1733 inguruan joan zen Bonnera bizitzera, eta printzearen kaperako maisua izatera heldu zen. Gurasoek, Johann van Beethovenek eta Maria Magdalena Keverichek, zazpi ume izan zituzten, baina hiruk baizik ez zuten bizirik iraun.
Beethovenen jaiotze datak eztabaida asko eragin ditu musikologo eta historialarien artean. Batzuen ustez 15ean izan zen, eta beste batzuen ustez, 16an. 16aren alde egin da bataioa 17an izan zelako, eta umeak jaio ondorengo egunean bataiatzea zen ohitura hiri hartan. Alta, Beethovenek berak 15ean jaio zela uste zuen.
Aita, Johann, izan zuen bere lehen maisua, Koloniako printze hauteslearen kantari baitzen Bonnen. Ludwig gazteak musikarako gaitasun ukaezina erakutsi zuen, eta aitak, semearen trebetasunari etekinak atera nahirik, zortzi urterekin lehenengo piano kontzertua ematera bultzatu zuen (1778) eta bira bat egin zuten Herbehereetan zehar (1781). Maximiliano Franz hautesleak, nobleziako gizon aberats eta boteretsuak, babespean hartu eta lana eman zion, ordezko organista gisa. Lanpostuak ahalegin handia eskatzen zion Ludwigi eta haurtzaro eta gaztaro osoak musikari eman zizkion, jolasik eta adiskiderik gabe, etengabeko zaintzapean eta familia giro ezin txarragoan. Horrek guztiak eragin handia izango zuen bere izaera hezigaitz eta erromantikoan.
Hamaika urte besterik ez zuela, Beethoven bazen antzerki orkestra txiki baten biolinista. Garai hartan, Christian Gottlob Neefe organo-jotzailearen eragina guztiz onuragarria gertatu zitzaion, hari esker hasi baitzen Johann Sebastian Bachen eta Carl Philipp Emanuel Bachen artea ikasten. Neeferen laguntzaile bilakaturik, 1782an —hamabi urte zituela— maisuaren lekua hartu zuen hauteslearen kaperako organoan eta urte bete geroago gorteko klabean. Orduan ezagutu zituen Beethoven gazteak Frantziako eta Italiako musika liriko, bai eta Mozart ere (1784). Argitaratu zuen lehen lana M. Dresleren martxa baten bariazioak klaberako izan zen (1782).
1787an, 17 urte zituela, familiaren presioari ihes egiteko bidea aurkitu zuen Beethovenek, bere babesleak bultzatuta Vienara, Austriako hiriburura, joateko aukera izan baitzuen. Bidaia hartan, Beethovenek kolpe gogorra jasan behar izan zuen, alde egin eta aste gutxira bere ama gosez hil zen. Bonnera itzuli behar izan zuenean, panorama ezin ilunagoa aurkitu zuen jaioterrian: aita langabezian, alkoholismoak jota, eta ez zen seme-alabak zaintzeko gauza. Ludwig gazteak bere gain hartu behar izan zuen Johann eta Karl anaia gazteen heziketaren ardura, eta familia mantendu behar izan zuen bost urtez, orkestra batean biolina joz eta piano eskolak emanez.
1789an Bonngo unibertsitatean filosofia ikastaroetan esku hartu zuen eta, bere kabuz, Homero, Platon, Plutarko, Shakespeare eta bere garaiko idazle garrantzitsuenen idazlanak ezagutu zituen.
1792an, babesleak Vienarako beste bidaia bat ordaindu zion, eta geroztik ez zen hiri hartatik aldendu, bidaia labur batzuetarako izan ezik. Ondoko urtean Joseph Haydnekin hasi zen ikasten, eta hark Londresa joan behar izan zuenean, Johann Baptist Schenkekin kontrapuntoa, Johann Albrechtsbergerrekin fuga eta Antonio Salierirekin Italiako estiloko musika konposizioa sakondu zituen. Vienako goi-mailako gizarteak azkar onartu zuen, eta piano-jotzaile eta musikagile lanari ekin zion. Garai horretakoak dira Pianorako hiru trioak, Zenbait bariazio, Minue eta dantza aleman-ak, Hari kintetoa eta Lieder-ak. 1795ean arrakasta handia lortu zuen Vienako entzuleen aurrean aurkeztean, eta urtebete geroago Nurenbergen, Pragan, Dresdenen eta Berlinen eman zituen kontzertuetan, Frederiko Gilen I.a Brandeburgokoaren aurrean jo zuelarik azken horretan.
1796an gorreriaren lehen sintomak sumatu zituen. Eritasun hori areagotuz joan zitzaion, harik eta 1819an erabatekoa gertatu zen arte. Haren lagunen artean aipatzekoak dira Brunswick familia, Amenda eliz zuzendaria, Schuppanzigh biolin-jotzailea eta Schindler orkestra zuzendari eta geroago haren biografoa izango zena. Garai distiratsu hartan egin zituen bere lehen lan bikainak: Pianorako sonatak, Patetika deiturikoa horien artean dela (1799); Lehen sei hari kuartetoak (1800); Cuasi una fantasia edo Ilargi zuria sonata (1802); Piano eta biolinerako sonata edo Kreuzeri Sonata (1802). 1803an Bigarren Sinfonia argitsua egin zuen, Haydn eta Mozartengandik hain hurbil dena, eta jadanik Beethovenen izpiritua garbi erakusten duena.
Waldstein kondeak, zeinari eskaini baitzion Aurora izena duen 21. sonata, garai hartako Vienako jende hautatuen aurrean ezagutzera eman zuen. Hala, 1809an Rudolf artxidukeak, Lobkowitz dukeak eta Kinsky jaunak bizimodua ziurtatu zioten errenta baten bidez.
1802tik (Hirugarren Sinfonia) 1812ra (Zortzigarren Sinfonia) doazen hamar urteetan Beethovenen artea hedatu eta aberastu egin zen. Garai hartan, amodiozko adiskidetasunak argitua (Teresa eta Josefina von Brunswik, Maria von Erdödy, Bettina Brentano) eta etsipenak ilundua (Avalia von Sebald, Teresa Malfatti), lan bikain asko eman zuen argitara. Horietako zenbait: Piano, biolin eta biolontxelorako kontzertu hirukoitza (1804); Sonata op. 57, Appassionata deiturikoa (1804); Fidelio, Beethovenen opera bakarra eta arrakasta handirik gabe jokatua (1805); Laugarren Sinfonia (1806); Laugarren piano kontzertua (1806); Coriolan obertura (1807); Koru, orkestra eta pianorako fantasia (1808); Bosgarren eta Seigarren Sinfoniak, azken hau Pastorala ere deitua (1808); Sonata op. 81, Agurrak deitua (1809); Bosgarren piano kontzertua (1810); Egmont obertura (1810); Piano, biolin eta biolontxelorako trioa op. 97, Artxiduke ere deitua; Zazpigarren eta Zortzigarren Sinfoniak (1812).
Goetherekin elkartu zen 1812ko udan, eta topaketak etsita Maite hilezkor-ari gutun bitxia idatzi zion, eta isiltasun aldian sartu zen. Gaixorik, heriotzak kezkatua eta estutasunak pairatuz, anaia hiltzean Karl ilobaren heziketa hartu zuen bere gain (1815), eta eginbehar honek buruhausteak areagotu zizkion. Bitartean, arian-arian Vienako musikazaleen faborea Rossiniren eta, oro har, italiar musikaren alde lerratu zen. Aldizka etsipenean eroria bazirudien ere, aurrerantzean, bere lanean zuen fedea erakutsiz, etorkizuneko gizonentzat idatzi zuen musika.
Gorreria eta bakartasunaren horma bikoitzaren barnean, azken urteetan musikaren historian idatzi diren lan miresgarrienetako batzuk egin zituen, XIX. mendeko musikaren bilakaera bideratu zutenak. Beethovenen aro honi dagozkion lanik nabarmenenak: azkeneko bost sonatak, Sonata Handia op. 106, Hammerklavier (1818) tartekoa delarik; Missa Solemnis (1822); Diabelliren bals bati buruzko 33 bariazioak (1823); Bederatzigarren Sinfonia (1824) eta azken sei kuartetoak (1824-1826). Estuasunek larritua eta osasun aldetik arras eroria, azken urtea tragiko izan zen Beethovenentzat. 1827ko martxoaren 26an hil zen; Vienak hileta ikusgarriak eskaini zizkion.
Beethoven historiako musikagile handienetakotzat hartzen da. "Hiru B-ak" taldeko partaide bezala ere aipatu ohi da, Bach eta Brahms-ekin batera, musikaren historian hirukote honek izandako garrantzia dela eta. Haren lanaren bilduma handia 137 opus zenbatuek eta zenbakirik eman gabeko beste 205 lanek osatzen dute. Ohiko estetikak darabiltzan kanonen arabera, Beethovenen lana sailkaezina da: ez da klasikoa, ez eta erromantikoa ere. Hala, interpretazio orori ihes eginik, lan horrek formen etengabeko eztabaida baten lekukotza ematen du; hizkuntzari buruzko galdera beti irekia izanik, erantzuna behin-behinekoa baizik ezin izan daiteke. Indar moral menderagaitzaren adierazpidea, aldizka borondatearen, heroismoaren eta arraitasunaren garaipena kantatzen du, askatasunaren bidean barna abiaturiko gizonaren ideia baikorra hedatzen baitu.
Wilhelm von Lenz idazle errusiarraren arabera, Beethovenen ibilbide musikala hiru alditan bana daiteke: goiztiarra, erdia eta berantiarra. Aldi goiztiarrak gutxi gorabehera 1802. urtera arte iraun zuen; erdiak 1803tik 1814ra arte, eta berantiarrak 1815tik konpositorearen beraren heriotzara arte. Lenz-ek Beethoven et ses trois styles (1852) liburuan azaltzen duen zatiketa hau zabalki erabilia izan da harrezkero hainbat musikologoren eskutik.
Beethovenen aldi goiztiarrean, bere aurrekoek (Joseph Haydnek eta Wolfgang Amadeus Mozartek batez ere) izugarrizko eragina izan zuten haren musikan. Hala ere, norabide berriak ere esploratu zituen eta pixkanaka bere lanaren esparrua eta anbizioa zabaldu zituen. Garai honetan bere Lehenengo eta Bigarren Sinfoniak, Op. 18ko sei hari kuartetoak, pianorako lehen bi kontzertuak eta pianorako lehen hamabost sonatak (Op. 13 Sonata "Patetikoa" eta Op. 27ko 2.a "Ilargi zuri" Sonata ospetsuak barne) nabarmendu daitezke.
Erdiko aldia, heroikoa ere deitua, konpositorearen gorreriak eragindako krisi pertsonalarekin batera hasi zen. Garai honetan, Beethovenek eskala handiko obrak idatzi zituen, guda eta heroitasun kutsu handi bat zutenak (bere hirugarren sinfonia "Heroikoa" Napoleoni eskaini zion). Bere hurrengo sei sinfoniak kokatzen dira aldi honetan (3.a, 4.a, 5.a, 6.a, 7.a eta 8.a), baita pianorako azken hiru kontzertuak, kontzertu hirukoitza, biolin kontzertua, bost hari kuarteto (7.etik 11.era), pianorako hainbat sonata (Op. 53 "Waldstein" eta Op. 57 "Appassionata" ezagunak barne), bibolinerako Kreutzer Sonata eta bere opera bakarra, Fidelio, ere.
Aldi berantiarra 1815 inguruan hasi zen. Garai honetako lanek karga intelektual sakona, berrikuntza formalak eta intentsitate eta espresio sakon eta pertsonala dute ezaugarri. Honen eredu dira, besteak beste, bere 14. hari kuartetoa, zazpi mugimenduz osatua; eta bere 9. sinfonia, koru bat duen historiako lehen sinfonia. Missa Solemnis-a, azken bost soka kuartetoak ("Große fuge"-a barne) eta pianorako azken bost sonatak dira aldi honetako beste lan esanguratsu batzuk.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.