From Wikipedia, the free encyclopedia
Drama antzerkiaren generoa da, Antzinako Greziatik datorrena. Halaber, literatura eta zinemarena ere bada. Tragediako eta komediako elementuz osatzen da, baina antzerkia bera izendatzeko ere erabili ohi da.
Dramak, berez, lotura handia du ahozko literaturarekin, eta testu dramatiko idatziaren eta antzerki-emanaldiaren arteko harremanak finkatzea ez da beti gauza erraza. K.a. V. mendeko Greziako dramagileen testuetatik, ondorengo kopiatzaileek bildutako laburpenak besterik ez dira iritsi. Beraz, esateko edo abesteko hitzen eta antzerkiko gainerako elementuen (mugimendu, agertoki, jantzi, musikaren) arteko harremanak zehaztea zaila da. Dramagilearen idazkeran oinarrituta, zenbait datu lor daitezke, baina, gehienetan, bestelako ikerketak egin behar dira osagai horietaz zerbait jakiteko.
Ingalaterrako Errenazimentu garaiko drametan ez zen hasieran testurik argitaratzen, baina lanen garrantzia areagotu ahala hasi ziren drama-liburuak kaleratzen. XIX. mendetik aurrera batez ere, testu idatziaren ondoan, agertokiaz, antzezleen mugimenduez eta antzezleen itxuraz oharrak idazten hasi ziren. Testu horiek literatura-lan nagusi bilakatu ziren zenbaitetan: Oresteren zikloa, Lear Erregea, Peer Gynt. Hala ere, erraz ahazten da idazkera-mota hori zenbait ahotsentzat egina dela, eta ekintzak adierazteko gainera.
Greziarren drametan, itzulpenak direnean batez ere, maiz falta dira koruek eta antzezleek abestu behar zituzten zatiak. Gauza bera gerta daiteke, galduak egotea alegia, mugimenduekin eta antzezleen arteko harremanekin zerikusia duten oharrekin. Esandakoaren arabera, ahozko literaturak eta dramak zerikusi handia dute, baina, hala ere, literatura dramatikoaren barruan sartuak daude drama nagusiak.
Dramari eta epikari dagozkion berezitasun dialektikoak aztertu ditu Patrice Pavisek, antzertiaren teorialari frantsesak, hpnako puntuak nabarmenduz.[1]
Draman, ekintza ikuslearen aurrean gertatzen da, orainaldian, eta epikan berriz, gertaera, narrazioaren bidez moldatzen da, iraganaldian.
Dramako ekintza, halaber, krisi, pasio, une berezitara mugatzen da; non eta epikan gertaera garrantzitsuen posotasuna erakusten den.
Draman ekintza aurrez aurre ageri zaio ikusleari multzo ezin hautsian, osotasun baten moduan. Aldiz, epikako kontalaria ez dago ekintzen menpe eta askatasun osoa dauka iruzkinak egiteko eta sartzeko testuan.
Drama liturgikoa Europan X.-XII. mendeetan hasten da sortzen, elizako jaien inguruko antzezpenak sortu zirelarik, herriaren libertimendu izateko helburuz. Denborarekin elizkzunetan Itun Zahar eta Berriko agerraldiak eransten joan ziren, baina erabilitako hizkuntza jada ez delarik latina, baizik eta frantsesa, gaztelania, edota erromantzeren bat. Horren ondorio izango dira XIV.-XV. mendeko misterioak, mirakuluak eta geroagoko zuberotar pastoralak.[1]
Operaren edo antzerti kantatuaren ordaintzat hartu izan ohi da drama lirikoa. Ekintza bizitasunetik aldentzen da eredu hau, batik bat bere mugimendu eskasagatik; ordez, testuari berari ematen zaio garrantzia eta lirikotasuna. Lehen drama lirikotzat jotzen da Claudio Monteverdiren Orfeo antzerkia (1607). Ondoren, Europan zehar barreiatu ziren hainbat eratan musika eta letra batzen zituzten antzeko ikuskizunak. Halaber, Montverdiren L’incoronazione di Poppea izeneko lanak (1642) komediaren eta tragediaren sentimenduak elkartuz, melodrama eta opera modernoa iragarri zituen nolabait.
Gotthold Ephraim Lessing ilustrazio alemaneko 18. mendeko idazleak drama modernoari tragedia klasikoaren goi arnasa erantsi nahi izan zion, herri teatroa eta Shakespeare eredutzat hartuz, ikusle alemanei lehen drama burgesa hitz lauz eskaini zielarik: Miss Sarah Sampson (1755). Bestalde, drama burgesaren aldekoak ziren frantses antzerkigile batzuk ere (Voltaire, Diderot, Nivelle de la Chaussée...)
19. mendean Victor Hugoren Cromwell izeneko obrak bezala, Hernani (1830) izenekoak ere izugarrizko arrakasta izan zuen, eta korronte bat zabaldu zuen Europako literaturetan, zeinak bereziki Espainian jarraitzaile ugari sortu zituen:, Rivasko dukea (Ángel de Saavedra y Ramírez de Baquedano), Antonio García Gutiérrez, José Zorrilla eta Juan Eugenio Hartzenbusch izan ziren bide hori jorratu zuten gaztelerazko autoreetako batzuk.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.