Nobel Saria (suedieraz: Nobelpriset [nʊˈbɛ̂lːˌpriːsɛt]; norvegieraz: Nobelprisen) aurrerapen akademiko, kultural edo zientifikoak aitortzeko, Suediako eta Norvegiako erakundeek hainbat kategoriatan ematen duten nazioarteko sari multzoa da. Alfred Nobel kimikari, ingeniari eta industrial suediarraren nahiari esker bost Nobel sari jarri ziren martxan 1895ean, eta 1901ean eman ziren lehen aldiz Kimika, Literatura, Bakea, Fisika eta Fisiologia edo Medikuntzako sariak. [1][2][3] Mundu mailan onartuta dago eskuragarri dauden sari entzutetsuenak direla dagozkien alorretan.[4][5][6]

Thumb
Alfred Nobel

1968an, Sveriges Riksbank Suediako banku zentralak, Sveriges Riksbank Ekonomia Zientzien Saria ezarri zuen Alfred Nobelen oroimenean. Saria Nobel Fundazioak 1968an Sveriges Riksbanketik jaso zuen dohaintzan oinarritzen da, bankuaren 300. urteurrena zela eta. Ekonomia Zientzien lehen saria Ragnar Frischek eta Jan Tinbergenek jaso zuten 1969. urtean. Ekonomia Zientzien Saria Stockholmeko Suediako Zientzien Errege Akademiak eman zuen, 1901az geroztik Nobel Sariak ematen diren printzipio berberei jarraituz.[7]

Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako zein Fisikako Nobel Sariak eta Sveriges Riksbankek Zientzia Ekonomikoetan ematen dituzte, Alfred Nobelen oroimenean. Karolinka Institutuko Nobel Batzarrak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria, Suediako Akademiak Literaturako Nobel Saria, eta Norvegiako Nobel Batzordeak Bakearen Nobel Saria ematen dituzte.

1901 eta 2018 urteen artean, Nobel Sariak (eta Ekonomia Zientzietako Sariak, 1969tik aurrera) 590 aldiz eman ziren, 935 pertsona eta erakundeei.[1] Zenbait aldiz, behin baino gehiagotan jaso dute Nobel Saria, eta horrek 27 erakunde eta 908 pertsona biltzen ditu. Sari-zeremonia urtero egiten dute Stockholmen, Suedian (Noruegiakoa Oslon ospatzen den Bake Sariaren ekitaldia izan ezik).[1][8] Hartzaile bakoitzak ("laureatua" izenarekin ezagutzen dena) urrezko domina,[9] diploma eta Nobel Fundazioak erabakitzen duen diru kopuru bat jasotzen ditu. (2020. urteaz gero, sari bakoitzak 9.000.000 SEK balioko ditu, edo 935.366 dolar inguru, 848.678 euro edo 716.224 £).[10] 1980a baino lehen egindako dominak 23 kilateko urreaz eginda zeuden, eta ondorengoak 18 kilateko urre berdean, 24 kilateko urrezko estaldurarekin.

Saria ez da hil ostean ematen. Hala ere, pertsona bati saria ematen bazaio eta jaso aurretik hiltzen bada, saria oraindik aurkez daiteke.[11] Ezin da saririk banatu hiru pertsona baino gehiagori, nahiz eta Bakearen Nobel Saria hiru pertsona baino gehiagoko erakundeei ematerik badagoen.[12]

Thumb
Marie Curie, 1903an. Zientzietako bi Nobel Sari (Fisika eta Kimika) jaso dituen pertsona bakarra da. Eta soilik lau pertsonak jaso dute bi Nobel Sari.

Historia

Alfred Nobel 1833ko urriaren 21ean jaio zen Stockholmen, Suedian, ingeniarien familia baten. Kimikari, ingeniari eta asmatzailea izan zen.[13] 1894an, Nobelek Bofors burdina eta altzairu fabrika bat erosi zuen, armamentuen fabrikatzaile garrantzitsua bihurtuz. Nobelek balistita ere sortu zuen. Asmakizun hau kerik gabeko lehergailu militar askoren aitzindaria izan zen, batez ere hauts kordita britainiar ke gabekoa. Patenteen erreklamazioen ondorioz, Nobel korditari buruzko arau-hauste auzian parte hartu beharrean aurkitu zen. Bere bizitzan zehar Nobelek dirutza bildu zuen, aberastasun gehiena egin zituen 355 asmakizunetatik zetorkiola. Horien artean dinamita da ospetsuena.[13]

1888an, Nobel harrituta geratu zen Frantziako egunkari baten "Hiltzearen merkataria hil da"  izenburuko heriotza-oharra irakurtzerakoan. Alfreden anaia Ludvig zen hildakoa, eta heriotza-oharra zortzi urte goiztiarra izan zen. Dena den, oharrak Nobeli nahasmena sortu zion, kezkati geratuz ea nola izango zen gogoratua gerora. Horrek bere testamentua aldatzera bultzatu zuen.[14] 1896ko abenduaren 10ean, Alfred Nobel Italiako San Remon zuen txaletean zendu zen, burmuineko odoljario baten ondorioz, 63 urte zituenean.[15]

Nobelek hainbat testamentu idatzi zituen bere bizitzan. Hil baino urtebete lehenago egin zuen azkena, 1895eko azaroan Pariseko Suedia-Norvegiako Elkartean sinatuz.[15][16] Denen harridurarako, Nobelen azken borondateak zehazten zuen bere dirutza sari[17] sorta bat emateko erabiliko zela, "gizateriaren onura handiena" lortzen zutenentzat fisikan, kimikan, fisiologian edo medikuntzan, literaturan eta bakean.[18] Nobelek bere aktibo osoen % 94, 31 milioi SEK (186 milioi dolar 2008an, 150 milioi euro 2008an) utzi zuen bost Nobel Sariak ezartzeko.[19] Testamentuaren inguruko eszeptizismoa zela eta, Norvegiako Stortingek ez zuen onartu erabakia 1897ko apirila arte.[20] Testamentuaren exekutiboek, Ragnar Sohlmanek eta Rudolf Lilljequistek, Nobel Fundazioa eratzeaz arduratu ziren, fortuna zaintzeko eta sariak banatzeko.[21]

Nobelen aginduek Norvegiako Nobel Batzordea izendatu zuten Bakearen Saria emateko. Bertako kideek testamentua 1897ko apirilean onartu eta gutxira izendatuak izan ziren, handik lasterrera sarietako beste erakundeak izendatuz. Hauek Karolinka Institutua, Suediako Akademia, eta Suediako Zientzien Errege Akademia izan ziren.[22] Nobel Fundazioak sariak nola eman beharreko jarraibideei buruzko akordioa lortu zuen, et, 1900. urtean, Nobel Fundazioaren estatutu berriak Oskar II. erregearen aginduz promulgatu zituzten. 1905ean, Suedia eta Norvegiaren arteko batasun pertsonala desegin egin zen.[18]

Nobel Fundazioa

Fundazioaren eraketa

Thumb
Wilhelm Röntgenek jaso zuen 1901ean Fisikako lehen Nobel Saria, 1895ean X izpiak aurkitzeagatik.

Stockholmen 1896ko abenduaren 30ean irakurri zen bere borondatearen eta testamentuaren arabera, Alfred Nobelek eratutako fundazioak gizartearen zerbitzura lan egiten zutenak sarituko zituen. Nobel Saria Alfred Nobelen dirutza pertsonalak finantzatu zuen. Iturri ofizialek diotenez, Alfred Nobelek akzioen % 94a Nobel Fundazioari utzi zizkion, eta horiek dira sariaren egungo oinarri ekonomikoa.[13]

Nobel Fundazioa erakunde pribatu gisa sortu zen 1900eko ekainean. Bere eginkizuna Nobel Sarien finantzaketaz eta administrazioaz arduratzea da.[13] Testamentuaren arabera, Fundazioaren zeregin nagusia Nobelek utzitako fortuna kudeatzea da. Robert eta Ludvig Nobelek petrolioaren negozioan parte hartu zuten Azerbaijanen, eta E. Bargengren historialari suediarrak dioenez, Nobel familiako artxibategian aztertuz, "Bakunen Alfredek zuen dirua erretiratzea baimentzea izan zen faktore erabakigarria, horrek ahalbideratu zuelako Nobel Sariak ezartzea."[23] Nobel Fundazioaren beste zeregin garrantzitsu bat, sariak nazioartean merkaturatzea eta sariei lotutako administrazio informala gainbegiratzea da. Fundazioak ez du Nobel saridunak hautatzeko prozesuan parte hartzen.[24][25] Zentzu askotan, Nobel Fundazioa inbertsio konpainia baten antzekoa da, Nobelen dirua egoki inbertituz sariak eta administrazio jarduerak finantzatzeko oinarri sendoa lortzeko. Nobel Fundazioa Suedian (1946az geroztik) eta Estatu Batuetan inbertsio zergetatik (1953az geroztik) salbuetsita dago.[26] 1980ko hamarkadaz geroztik, Fundazioaren inbertsioak errentagarriagoak bilakatu ziren, eta 2007ko abenduaren 31an, Nobel Fundazioak kontrolatutako aktiboak 3.628 bilioi suediar kronak ziren (560 milioi dolar inguru).[27]

Estatutuen arabera, Fundazioa Suediako edo Norvegiako bost herritarrek osatutako batzordea zen, eta Stockholmen zuen egoitza. Kontseiluko presidentea Suediako erregeak izendatzen zuen, gainerako lau kideek sarien partaide ziren erakundeen patronatuek izendatuz. Kontseiluko kideen artean zuzendari exekutibo bat hautatzen zen, zuzendariorde bat erregeak izendatzen zuena, eta bi diputatu patronatuko kideek aukeratuta. Hala ere, 1995. urteaz geroztik batzordeko kide guztiak patronatuek aukeratu dituzte, eta baita  zuzendari exekutiboa eta zuzendariordea. Batzordeaz gain, Nobel Fundazioa sarian partaide diren erakundeek osatzen dute (Suediako Zientzia Akademiako Errege Akademia, Karolinka Institutuko Nobel Batzarra, Suediako Akademia eta Norvegiako Nobel Batzordea), erakunde horien patronatuak, eta ikuskariak.[27]

Fundazioaren kapitala eta kostua

Gaur egun Nobel Fundazioaren kapitalaren % 50 akzioetan inbertituta dago, % 20 bonuetan, eta % 30 beste inbertsio batzuetan (adibidez estaldura-fondoak edo higiezinak). Banaketa ehuneko 10 aldatu daiteke.[28] 2008ko hasieran, funtsen % 64 Amerikako eta Europako akzioetan inbertitu ziren, % 20 bonuetan, eta % 12 higiezinetan eta estaldura fondoetan.[29]

2011n urteko kostu osoa 120 milioi krona izan zen gutxi gorabehera, horietatik 50 milioi krona sarietara bideratuz. Sariak ematean ziharduten erakundeei eta pertsonei ordaintzeko gastuak 27,4 milioi krona izan ziren. Stockholmeko eta Osloko Nobel astean izandako ekitaldiak 20,2 milioi krona kosta ziren. Administrazioa, Nobel sinposioa, eta antzerako gaiak 22,4 milioi krona kosta ziren. Halaber, kontuan hartu behar da Ekonomia Zientzien sariaren 16,5 milioi krona Sveriges Riksbankek ordaindu zituela.[28]

Lehen sariak

Thumb
Bakearen Nobel Sariaren Dominaren aurrealdea eta atzealdea.

Nobel Fundazioa eta haren ildoak jarri zirenean, Nobel Batzordeak inaugurazioko sarietarako hautagaitzak biltzen hasi ziren. Ondorioz, aurretiazko hautagaien zerrenda bidali zuten erakunde saritzaileetara.

Nobel Batzordearen Fisika Sariko zerrendak, Wilhelm Röntgenen X izpien aurkikuntza eta Philipp Lenarden izpi katodikoen lana aipatu zituen.[30] Zientzien Akademiak Röntgen hautatu zuen saria jasotzeko.[31] Bestalde, hemeretzigarren mendearen azken hamarkadetan, kimikari askok ekarpen garrantzitsuak egin zituzten. Horrela, Kimika Sariarekin Akademian "zientzialari hauei saria zein ordenatan eman behar zitzaien erabakitzea eztabaidatu zuten".[32] Akademiak 20 izendapen jaso zituen, horietako hamaika Jacobus van 't Hoffentzat.[33] Eta ondorioz, Van 't Hoffi eman zioten saria termodinamika kimikoan egindako ekarpenengatik.[32][30]

Suediako Akademiak Sully Prudhomme poeta aukeratu zuen Literaturako lehen Nobel Saria emateko. 42 idazle, artista eta literatura kritikari suediarrek osatutako talde batek erabaki honen aurka protesta egin zuen, Leo Tolstoi saritzea espero zutelako.[32] Batzuek, Burton Feldman barne, sari hau kritikatu zuten Prudhomme poeta erdipurdikoa zela uste zutelako. Feldmanen azalpena izan zen Akademiako kide gehienek literatura victoriarra nahiago zutela, eta horregatik hautatu zutela poeta victoriar bat.[34] Lehenengolo fisiologia edo medikuntza saria Emil von Behring fisiologo eta mikrobiologo alemaniarrarentzat izan zen. 1890ko hamarkadan, von Behringek antitoxina garatu zuen, ordura arte milaka hildako sortzen zituen difteria tratatzeko.[35][36]

Bakearen lehen Nobel saria partekatua izan zen. Jean Henri Dunant suitzarrarengana joan zen, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Mugimendua sortu eta Genevako Hitzarmena abiarazteko eginkizunagatik, eta baita Frédéric Passy bakezale frantsesarengana, Bakearen Ligako sortzailea eta Dunantekin batera aktiboa izan zelako Ordena eta Zibilizazioaren Itunean.

Bigarren Mundu Gerra

1938an eta 1939an, Adolf Hitlerren Hirugarren Reichak hiru alemaniar sariduni (Richard Kuhn, Adolf Friedrich Johann Butenandt eta Gerhard Domagki) debekatu egin zien sariak onartzea.[32] Gerora gizon bakoitzak diploma eta domina jaso ahal izan zituen.[37] Suedia Bigarren Mundu Gerran ofizialki neutrala izan bazen ere, sariak era irregularrean eman ziren. 1939an, Bakearen Saria ez zen eman. 1940tik 1942ra ez zen saririk eman inongo kategoriatan, Alemaniak Norvegia okupatu zuelako. Hurrengo urtean, sari guztiak eman ziren, literaturako eta bakekoa izan ezik.[38]

Norvegia okupatuta zegoen bitartean, bertako Nobel Batzordeko hiru kidek erbestera ihes egin zuten. Gainerako kideek alemaniarren jazarpena saihestu zuten Nobel Fundazioak Osloko Batzordearen eraikinaren jabetza Suediakoa zela adierazi zuenean.[39] Horrela, Suedia gerran ez zegoenez, alemaniar militarren babesleku segurua zen. Kide horiek batzordearen lana aurrera eramaten jarraitzen zuten, baina urte horretan ez ziren saririk eman. 1944an, Nobel Fundazioak, erbestean zeuden hiru kideekin batera, Bakearen Sarirako hautagaitzak aurkeztuko zirela ziurtatu zuen, saria berriro ere emateko.[32]

Ekonomia Zientzietako saria

1968an, Sveriges Riksbank Suediako banku zentralak 300. urteurrena ospatu zuen, eta diru kopuru handia eman zion Nobel Fundazioari Alfred Nobelen omenez sari bat ezartzeko. Hurrengo urtean, Sveriges Riksbank Saria Ekonomia Zientzietan Alfred Nobelen Memorian eman zen lehen aldiz. Suediako Zientzien Errege Akademia sarituen hautaketaz arduratu zen. Ekonomia Sariaren lehen sarituak Jan Tinbergen eta Ragnar Frisch izan ziren, "prozesu ekonomikoak aztertzeko eredu dinamikoak garatu eta aplikatu zituztelako".[40][32] Bestalde, Nobel Fundazioaren Kontseiluak erabaki zuen gehikuntza horren ondoren, sari berririk ez onartzea.[32]

Adjudikazio prozesua

Adjudikazio prozesua Nobel Sari guztientzako antzerakoa da, desberdintasun nagusia izanik nork izendatzen dituen hautagaiak arlo bakoitzerako.[40]

Thumb
Marie Curie eta Albert Einstein 1913an.

Hautagaiak

Nobel Batzordeak hautagaitza orriak 3.000 pertsona ingururi bidaltzen dizkie, normalean sariak eman aurreko urteko irailean. Pertsona horiek, oro har, arlo garrantzitsu baten lan egiten duten akademiko nabarmenak dira. Bakearen Sariari dagokionez, kontsultak gobernuei, bakearen saridun ohiei, eta Norvegiako Nobel Batzordeko kideei edo kide ohiei ere bidaltzen zaizkie. Izendapen orriak itzultzeko epea sariketaren urteko urtarrilaren 31 da.[35][32] Nobel Batzordeak 300 hautagai inguru izendatzen ditu jasotako orrietatik.[19] Hautagaiek ez dira jendaurrean ezagutarazten, eta saria lortzeko hautagaiei ere ez zaie esaten. Saria jasotzeko hautagaien erregistro guztiak, saria eman zenetik 50 urtez zigilatzen dira.[35][41]

Hautaketa

Ondoren, Nobel Batzordeak txosten bat prestatzen du arlo garrantzitsuenetan adituak diren aholkuak islatuz. Hori, aurretiko hautagaien zerrendarekin batera, saritzen duten erakundeei aurkeztuko zaie.[35] Instituzioek batu egiten dira hautagaien artean sarituak aukeratzeko, bozketaren gehiengo osoarekin egingodutena. Bozketa egin eta berehala jakinarazten da haien erabakia, errekurritu ezin dena.[32] Gehienez hiru saritu eta bi lan desberdin aukeratu ahal izango dira sari bakoitzeko. Bakearen Saria izan ezik, instituzioei ematea badelako, sariak pertsonei soilik eman ahal izango zaizkie.[35][41]

Hilondoko izendapenak

Hilondoko izendapenak onartzen ez badira gaur egun, hasieran batzordearen erabakiaren eta sari banaketaren artean hil ziren zientzialariak, saria jasotzeko eskubidea izan zuten. Hori bi aldiz gertatu zen: 1931ko Literatura Saria Erik Axel Karlfeldti eman zitzaionean, eta 1961eko Bakearen saria Dag Hammarskjöld NBEko idazkari nagusiari emandakoan. 1974az geroztik, urrian sariak iragartzen direnean saritua bizirik egon behar da. William Vickrey hautagai bat egon zen, 1996an Ekonomiako saria jakinarazi ziotena, baina aurkeztu aurretik zendu egin zen.[42]

2011ko urrian, Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria lortzeko sarituak iragarri zirenean, batzordea ez zen ohartu sarituetako bat, Ralph M. Steinman, hiru egun lehenago zendu zela. Batzordea Steinmanen sariaren inguruan eztabaidatzen aritu zen, nahiz eta arauen arabera saria ez da ematen hil ondoren.[11] Batzordeak erabaki zuen Steinmani saria "fede onez" eman zitzaiola, eta aldaketarik gabe geratuko zela.[43]

Aitorpenaren atzerapena

Nobelen testamentuak zioen "aurreko urtean zehar egindako aurkikuntzak aitortzeko" sariak emango zituela. Hasieran, sariek normalean azken aurkikuntzak hartzen zituzten aintzat.[44] Hala ere, aurkikuntza goiztiar horietako batzuk geroago gutxietsita geratu ziren. Adibidez, Johannes Fibigerek 1926ko saria jaso zuen Fisiologian edo Medikuntzan, minbizia eragiten zuen ustezko parasitoa aurkitzeagatik.[27] Lotsa hori ez errepikatzeko, sariek gero eta onarpen handiagoak izan zituzten aurkikuntza zientifikoek denboraren proba gainditzen zutenean.[19][45][46] Ralf Petterssonek, Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria Batzordeko presidente ohiaren arabera, "aurreko urtea" irizpidea Nobel Batzordearen interpretazioan, aurkikuntzaren eragin osoa agerian geratu den urtea da.[45]

Aitortzen den saria eta burutzen den tartea, diziplina batetik bestera aldatu egiten da. Literatura Saria normalean lorpen bakar bat baino gehiago izateagatik, bizitzako lan metatua aitortzeko ematen da.[47][48] Bakearen Saria ere bizitza osoaren lanaren truke eman daiteke. Adibidez, 2008ko Martti Ahtisaari saritua izan zen nazioarteko gatazkak konpontzeko lanagatik.[49][50] Dena den, gertakari jakin batzuengatik ere sarituak izan daitezke.[51] Adibidez, Kofi Annanek 2001eko Bakearen Saria jaso zuen, lau urte besterik ez zeramatzala Nazio Batuen Idazkari Nagusi bezala. Era berean, Yasser Arafatek, Yitzhak Rabinek eta Shimon Peresek, Osloko Itunak arrakasta handiz amaitu eta urtebetera 1994ko saria jaso zuten.[52]

Fisika, kimika eta medikuntzako sariak normalean lorpena oso onartua izan ondoren ematen dute. Batzuetan, urte asko izaten dira, Subrahmanyan Chandrasekharen kasuan bezala. 1983ko Fisika Saria partekatu zuen 1930eko hamarkadan izarren egitura eta bilakaerari buruz egindako lanengatik.[53][54] Baina zientzialari guztiek ez dira nahiko denbora bizi izaten beren lana aitortzeko. Ondorioz, izan dira saritu ezinezko aurkikuntzak, aurkitzailea zendu ondoren izan dutelako eragina.[55][56][57]

Sarien zeremoniak

Thumb
Fritz Haberren 1918ko diploma.

Bakearen Saria izan ezik, Nobel Sariak Stockholmen (Suedian) ematen dira urteroko sari zeremonian, abenduaren 10ean, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean. Hartzaileen hitzaldiak sari banaketaren aurreko egunetan izaten dira normalean.[58][59] Bakearen saria eta hartzaileen hitzaldiak urteko sari banaketaren zeremonian egiten dira Oslon, Norvegian, eskuarki abenduaren 10ean baita. Sari-zeremonia eta lotutako banketeak nazioarteko ohizko ekitaldi garrantzitsuak izaten dira. Suediako zeremoniak Stockholmeko kontzertu aretoan egiten dira, eta ondorengo Nobel banketea Stockholmen udaletxeko areto nagusian. Bakearen Nobel Sariaren zeremonia Norvegiako Nobel Institutuan eta Osloko Unibertsitateko auditorioan egin izan ziren lehen, eta 1990tik hona Osloko udaletxeko areto nagusian.[32]

Stockholmeko Nobel Sarien zeremoniako une nagusia Nobel saridun bakoitza Suediako erregearen eskutik saria jasotzeko urratsak ematen dituenean gertatzen da. Eta Oslon, Norvegiako Nobel Batzordearen presidenteak Bakearen Nobel Saria aurkezten duenean Norvegiako erregearen aurrean.[59][60] Hala ere, hasieran Oscar II.a erregeak ez zuen onartzen atzerritarrei hain sari handiak ematea. Baina Suediak lortzen zuen publizitatea ikusita, iritzia aldatu omen zuen.[61]

Nobel banketea

Suediako sari banaketaren ondoren, banketea ospatzen da Stockholmeko udaleko areto urdinean, Suediako Errege Familiak eta 1.300 gonbidatu inguruk parte hartzen dutela. Bakearen Nobel sariaren banketea Osloko Grand Hotelean ospatzen da, sari banaketaren ostean. Sarituaz gain, gonbidatuen artean Stortingeko presidentea, Suediako lehen ministroa, eta 2006tik hona Norvegiako erregea eta erregina daude. Guztira, 250 gonbidatu inguru joaten dira.

Nobel hitzaldia

Nobel Fundazioaren estatutuen arabera, saritu bakoitzak hitzaldi publikoa eman behar du sariaren gaiarekin lotutako arlo bati buruz.[62] Nobel hitzaldiak genero erretoriko gisa, hamarkadak behar izan dituzte gaur egungo formatura iristeko.[63] Hitzaldi hauek Nobel astean izaten dira normalean (zeremoniaren eta oturuntzaren aurreko astea, sarituak Stockholmera iristen direnetik, Nobel banketea amaitzen den arte), baina ez da derrigorrezkoa. Saria jaso eta sei hilabeteko epean ematera behartuta dago, baina batzuk beranduago eman izan dute. Adibidez, Theodore Roosevelt AEBetako presidenteak Bakearen Saria 1906an jaso zuen, baina hitzaldia 1910ean eman zuen, kargua utzi ondoren.[19] Hitzaldiak, sarituak aukeratu dituen elkarte berak antolatuak daude.[64]

Sariak

Thumb
James Joyce, Literatura Sariaren omisio eztabaidatuetako bat.

Dominak

Nobel Fundazioak 2012ko maiatzean jakinarazi zuen Svenska Medalj AB enpresarekin, Suediako bost Nobel Sarien dominak ekoizteko kontratua sinatu zuela. 1902 eta 2010 artean, Nobel saridunen dominak Myntverket moneta etxeak egiten zituen, Suediako konpainia zaharrenak, baina 2011an ateak utzi zituen 107 urteren ondoren. Bestalde, 2011n Kongsbergen kokatutako Norvegiako moneta etxeak egin zituen dominak. Nobelaren dominak Nobel Fundazioaren marka erregistratuak dira.[65]

Domina bakoitzean Alfred Nobelen irudia ageri da ezkerreko profilarekin aurrealdean. Fisikaren, kimikaren, fisiologiaren edo medikuntzaren eta literaturaren dominek aurrealde berdinak dituzte, Alfred Nobelen irudia eta bere jaiotze eta heriotzaren urteak erakutsiz. Nobeleren erretratua Bakearen Sariaren eta Ekonomia Sariaren dominetan ere agertzen da, baina diseinu apur bat ezberdinarekin. Adibidez, saridunaren izena Ekonomia dominaren ertzean dago grabatuta.[40] Dominaren atzealdeko irudia, saria ematen duen erakundearen arabera aldatzen da. Kimikaren eta fisikaren dominen atzealdeak diseinu bera dute.[66]

1980 baino lehen egindako domina guztiak 23 kilateko urrean eginda zeuden. Harrez gero, 18 kilateko urre berdean daude eginda, 24 kilateko urrezko estaldurarekin. Domina bakoitzaren pisua urrearen balioaren arabera aldatzen da, baina batez beste 175 gramo izaten da. Diametroa 66 milimetrokoa da , eta lodiera 5,2 milimetro eta 2,4 milimetroen artekoa da.[67] Euren urrezko edukiagatik, eta erakusleihoan egoteko joera handia dutenez, Nobel dominak lapurreten menpe daude.[68][69][70] Bigarren Mundu Gerran, Max von Laue eta James Franck zientzialari alemaniarren dominak Kopenhagenera bidali zituzten hobeto zaintzeko. Alemaniak Danimarka inbaditu zuenean, Hungariako George de Hevesy kimikariak (eta Nobel saridunak bera ere) aqua regian disolbatu zituen (azido nitrokloridrikoa) Alemania Naziak konfiskatzea saihesteko, eta titularrei arazo legalak ekiditeko. Gerra ostean, urrea disoluziotik berreskuratu zen, dominak berriro moldekatzeko.[40]

Diplomak

Nobel saridunek diploma bat jasotzen dute Suediako erregearen eskutik, edo bakearen sariaren kasuan, Norvegiako Nobel Batzordeko presidentearen eskutik.[30] Banatzen dituzten erakundeek diploma saritu bakoitzari bereziki diseinatzen dio berea. Diplomak Suediako irudi eta testuak ditu, eta bertan, saria jasotzen duenaren izena doa, eta eskuarki saria zergatik jaso duen aipatzen da. Bakearen Nobel saridunetako diplomak ez dute inolako aipamenik egiten.[71][72]

Sariaren dirua

Irabazleei saria jasotzen dutenean agiri bat ematen zaie, diru kopuruaren zenbatekoa baieztatzen duena.[30] Sariaren diru kopurua Nobel Fundazioak urtero duen diruaren araberakoa da. Poltsa handitu egin da 1980ko hamarkadaz geroztik. Orduan sari bakoitzaren kopurua 880.000 SEK ziren (2,6 milioi SEK guztira, gaur egungo 350.000 dolar). 2009an, diru-saria 10 milioi SEKekoa izan zen (1,4 milioi dolar).[73][74] Eta 2012ko ekainean, 8 milioi SEKera jaitsi zen.[75] Bi saridunek kategoria batean saria partekatzen badute, saria banatu egiten da hartzaileen artean. Hiru badira, batzorde esleitzaileak aukera du berdin banatzeko hirurei, edo erdia esleitzeko bati eta laurdena beste biei.[19][76][76] Ohikoa da hartzaileek sariaren dirua ematea, jarduera zientifiko, kultural edo humanitarioei laguntzeko.[77][78]

Eztabaidak eta kritikak

Hartzaile eztabaidagarriak

Beste kritika batzuen artean, Nobel Batzordeei agenda politikoa izatea leporatu zaie, eta merezitako hautagai batzuk alde batera uztea. Eurozentrismoz ere salatuak izan dira, batez ere Literatura sariarengatik.[19][34][79]

Bakearen saria

Thumb
Rabindranath Tagore anfitrioi lanetan Mahatma Gandhi eta emaztea Kasturbarekin, Santiniketan 1940an. Tagoreri 1913an eman zioten Literatura Nobel Saria, baina Gandhik, Bakearen Sarirako hainbatetan hautagai izan arren, ez zuen saririk jaso.

Bakearen Nobel Sariagatik gehien kritikatuak izan zirenen artean Henry Kissinger eta Lê Đức Thọ zeuden. Honek Norvegiako Nobel Batzordeko bi kideren dimisioa ekarri zuen. Kissingerrek eta Thọk saria jaso zuten Ipar Vietnam eta Estatu Batuen arteko su-etena negoziatzeagatik 1973. urtarrilean.[80] Hala ere, saria iragarri zenean, bi aldeek oraindik ere borrokan ari ziren.[19] Ipar Vietnamen aldekoek ziotenez Kissinger ez zen bakegilea, baizik eta kontrakoa, gerra zabaltzeko arduraduna. Etsaiek ostera, negoziazioetan bere praktikak iruzurrean oinarritzen zirela leporatu zioten Lê Đức Thọri, baina ez zuten kritikatzeko aukerarik izan, saria errefusatu egin zuelako.[40][19]

Yasser Arafatek, Shimon Peresek eta Yitzhak Rabinek 1994an Bakearen Saria jaso zuten, Israelen eta Palestinaren artean bakea egiteagatik.[40][32] Saria iragarri eta berehala, Norvegiako Nobel Batzordeko bost kideetako batek Arafat terrorista gisa salatu ondoren, dimisioa eman zuen.[40] Halaber, Arafati buruzko zalantzak hainbat egunkarietan agertu ziren.[71]

Bakearen beste Sari eztabaidatu bat Barack Obamak 2009an jaso zuena izan zen.[81] Hautagaitza guztiak Obamak Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuenetik hamaika egunetara itxi ziren, baina benetako ebaluazioa hurrengo zortzi hilabetetan egin zen.[82] Obamak berak adierazi zuen ez zuela saria merezi, ez eta horrek kokatuko zuen konpainiaren aldamenean egotea ere.[83][84] Bakearen aurreko saridunak banatuta zeuden, batzuk Obamak saria merezi zuela esanez, eta beste batzuen ustez, oraindik ez zuela lorpenik ziurtatu halako sari bat merezitzeko. Obamaren sariak, Jimmy Carter eta Al Goreren aurreko Bake Sariekin batera, ezkerreko joera salaketak bultzatu zituen.[85]

Literatura Saria

2004ko Literatura Saria Elfriede Jelineki emateak, Suediako Akademia-kide Knut Ahnlunden protesta ekarri zuen. Ahnlundek dimisioa eman zuen salatuz Jelinek hautatzeak "indar aurrerakoi guztiei kalte konponezina" eragin ziola, eta literaturaren ikuspegi orokorra arte gisa, nahastu egiten zuela.[86][87] Bere ustez, Jelineken lanak "egitura artistikorik gabe eginiko testu multzo bat" ziren. Herta Müllerren 2009ko Literatura Sariak ere kritika sortu zuen. The Washington Posten arabera, AEBetako literatur kritikari eta irakasle askok ez zuten bere lana ezagutzen.[88] Kritiko horientzat, sariak eurozentrikoak ziren.[89]

Zientzia sariak

1949an, António Egas Moniz neurologoak Fisiologia edo Medikuntza Saria leukotomia prefrontala garatzeagatik jaso zuen. Aurreko urtean, Walter Freeman doktoreak prozeduraren bertsio bat garatua zuen, azkarrago eta errazago burutzeko. Jatorrizko prozeduraren inguruko publizitatearen zati bat zela eta, Freemanen prozedura etika mediko modernoa behar bezala kontutan hartu gabe geratu zen. Sariaren ondorioz, eta The New England Journal of Medicine bezalako itzal handiko argitalpenak babestuta, leukotomia edo "lobotomia" hain ezaguna egin zen, non 5.000 lobotomia inguru burutu zirela Estatu Batuetan Monizek saria jaso ondorengo hiru urtetan.[40][90]

Lorpenak ahaztu

Norvegiako Nobel Batzordeak baieztatu egin zuen Mahatma Gandhi Bakearen Sarirako hautagai izan zela 1937-39, 1947an, eta 1948ko urtarrilean erail zuten egun batzuk lehenago.[24] Ondoren, Norvegiako Nobel Batzordeko kideek deitoratu egin zuten saria ez zitzaiolako eman.[91] Geir Lundestad, 2006ko Norvegiako Nobel Batzordeko idazkariak esan zuenez, "Gure 106 urteko historiaren omisiorik handiena da, zalantzarik gabe, Mahatma Gandhik ez zuela inoiz Bakearen Nobel saria jaso. Gandhi Bakearen Nobel saririk gabe egon zitekeen. Galdera da ea Nobel Batzordea Gandhi gabe egon daitekeen ala ez."[92] 1948an, Gandhiren heriotzaren urtea, Nobel Batzordeak saria emateari uko egin zion urte hartan "ez zegoela bizi zen hautagai egokirik" esanaz.[91][71] Geroago, 14. Dalai Lamari Bakearen Saria eman ziotenean 1989an, batzordeko presidenteak hitzaldian gaineratu zuen "neurri batean, Mahatma Gandhiren memoriari egindako omenaldia" izan zela.[93] Bakearen Saria lortzeko oso ezagunak ziren beste pertsona batzuk, baina jaso ez zutenak, honakoak ziren Atzerri Politika aldizkariaren iritziz: Eleanor Roosevelt, Václav Havel, Ken Saro-Wiwa, Sari Nusseibeh eta Corazon Aquino. Aldizkariak zioen "inoiz irabazi ez zuten, baina izan beharko luketen pertsonak" zirela.[94]

Thumb
Frances Arnoldek 2018ko Kimika Saria jaso zuen, "entzimen eboluzio zuzenduengatik".

1965ean Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi U Thanti Norvegiako ordezkari iraunkorrak jakinarazi zion urte hartan saria brari emango zitzaiola, galdetuz onartuko zuen ala ez. Enplegatuekin kontsultatu ondoren, baietz erantzun zuen. Aldi berean, Bakearen Nobel sariko Gunnar Jahn presidenteak, gogor egin zuen U Thanti saria ematearen aurka, eta azken unean UNICEFi eman zitzaion. Gainontzeko batzordekideek saria U Thanti ematea nahi zuten, Kubako misilen krisia baretzeko egin zuen lanagatik, Kongoko gerra amaitzen lagundu zuelako, eta Vietnamgo gerra amaitzeko bitartekaritza lanak egin zituelako. Desadostasunak hiru urte iraun zuten, eta 1966an zein 1967an ez zen saririk eman, Gunnar Jahnek U Thantiren hautagaitzari betoa jarri ziolako modu eraginkorrean.[95][96]

Literatura Sariak baditu ere hutsegite eztabaidagarriak. Adam Kirschek iradoki zuenez, idazle aipagarri askok galdu zuten saria arrazoi politikoengatik edo literaturaz kanpokoengatik. Era berean, Europako eta Suediako egileengan jarritako arreta handia kritikatua izan da.[97][98] Sariaren joera eurozentrikoa Peter Englund Suediako Akademiako 2009ko idazkari iraunkorrak aitortu zuen, gaineratuz hori arazoa zela.[99] Dena den, Europarekiko joera horrek idazle aipagarri batzuk ere Literatura Saritik baztertuak utzi zituen, besteak beste, Leo Tolstoi, Anton Chekhov, JRR Tolkien, Émile Zola, Marcel Proust, Vladimir Nabokov, James Joyce, August Strindberg, Simon Vestdijk edo Karel Čapek. Eta mundu mailan, Jorge Luis Borges, Ezra Pound, John Updike, Arthur Miller, Mark Twain eta Afrikako Chinua Achebe.[100]

Hautagaiek urte berean hainbat hautagaitza jaso ditzakete. Gaston Ramonek 155 izendapen jaso zituen fisiologian edo medikuntzan 1930etik 1953ra bitartean.[101] 1963an hil zen, saria jaso gabe. Pierre Paul Émile Rouxek 115 izendapen[102] jaso zituen fisiologian edo medikuntzan, eta Arnold Sommerfeldek 84 jaso zituen fisikan.[103] 2016an argitaratutako datuen arabera, horiek izan ziren saririk gabeko hiru zientzialari izendatuak.[104] Bestalde, Otto Sternek 1925 eta 1943 bitartean, 79 hautagaitza jaso zituen fisikan,[105] azkenean 1943an saria lortuz.[106]

Hiru pertsona baino gehiagori saria ematearen aurkako arau zorrotza ere eztabaidagarria izan da.[32] Sari bateko lorpena hiru kide baino gehiagok osatutako talde bati aitortzen zaionean, norbait saritik kanpo geratu behar da. Adibidez, 2002an Kimikako saria Koichi Tanaka eta John Fenni eman zitzaien proteinen kimikan masa espektrometria garatzeagatik, baina sariak ez zituen aitortu Franz Hillenkampek eta Michael Karasek Frankfurt Unibertsitateko Kimika Fisiko eta Teorikoko Institutuan egindako lorpenak.[107][108] Carl Hagen fisikako sarirako hautagaiaren arabera, hiru pertsonen mugak saria kendu zien 2013an berari eta taldeko beste bi kideri, Gerald Guraln eta Tom Kibblem. 1964an artikulu bat argitaratu zuten, kosmosaren hasierari erantzunak emanaz, Baina 2013ko Fisika Saria Peter Higgsek eta François Englertek lortu zuten, 1964an gai berari buruz argitaratutako artikuluagatik. Bost fisikariak ondorio berdinera iritsi ziren, angelu desberdinetatik abiatuta. Hagenek salatzen zuen konponbide zuzena izango zela hiru pertsonen muga alde batera uztea, edo lortutako aurkikuntza berdinerako, saritzeko denbora bi urtera zabaltzea.[109]

Martin Luther King Jr. 1964an Bakearen Nobel Saria jaso ondoren,Herbehereetan egindako elkarrizketan hitz egiten.

Era berean, hil ondoren saririk ez emateko arauak, berdin pertsona bakarra denean edo talde bateko partaidea, ez dizkio errekonozitzen egindako lorpenak. Ekonomia Saria 1997an partekatua izan zen, eta Robert C. Mertoni, akzioen balorazioaren garapenean aitzindaria, eta Myron Scholesi, aukera-prezioetan egindako lanarengatik, eman zitzaien. Baina azken honen taldekidea izan zen Fischer Blackek ezin izan zuen jaso, 1995ean zendu zelako. Urte horretako saria iragarri zuenean, Nobel batzordeak Blackem izena ere esan zuen, berea funtsezko ekarpena izan zelako.

Azpijan politikoek ere, hautagaiak merezitako aitorpena ukatu dezakete. Lise Meitnerek eta Fritz Strassmannek fisio nuklearra aurkitu zuten Otto Hahnekin batera, baina Hahnenen 1944ko Kimikako Nobel Sariaren zati bat ukatu egin zitzaien, naziek boterera iritsi zirenean ihes egin zutelako.[110] Meitner eta Strassmannen ikerketen ekarpenak ez ziren guztiz aitortu urte batzuetara arte, Hahnekin batera 1966ko Enrico Fermi saria jaso zutenean.

Enfasia aurkikuntzan asmakizunean baino

Alfred Nobelek bere dirutza utzi zuen sariak finantzatzeko "aurreko urtean gizateriari onura handiena erantsi diotenei" emateko.[111] Fisikako Nobel Sariak "fisikaren esparruan" aurkikuntza "edo" asmakizun "garrantzitsuena egin duenari" eman behar zaizkiola, esan zuen. Alfred Nobelek ez zituen aurkikuntzak azpimarratu, baina historikoki Nobel Sarien Batzordeek errespetu handiagoarekin hartu dituzte asmakizunak baino: Fisikako Sarien %77 aurkikuntzei eman zaizkie, eta asmakizunei %23 baino ez. Christoph Bartneckek eta Matthias Rauterbergek, Nature and Technoetic Arts aldizkarietan argitaratutako artikuluetan diote, aurkikuntzei emandako gaineko garrantziak, Nobel saria gizartearen ekarpenik handiena saritzeko asmoaren jatorritik aldendu egin dela.[112][113]

Genero desberdintasuna

STEM arloetan (Science, Technology, Engineering, Mathematics) saririk entzutetsuenei dagokionez, proportzio txikia soilik eman zaie emakumezkoei. Fisikako 210 sarituetatik, kimikako 181tik eta medikuntzako 216tik, 1901 eta 2018 urteen artean, hiru emakumezko saritu besterik ez ziren fisikan, bost kimikan eta 12 medikuntzan.[114][115][116][117] Datu hauen eta gutxi gorabeherako berdintasunezko sexu-ratioaren arteko desadostasunean, hainbat alderdik laguntzen dute, hala nola, hautagaitza zapuztuak; dagokien arloetan gizonak baino emakume gutxiago aritzeak, Nobel Sariak normalean ikerketa egin ondoren hamarkada batzuetara ematen direla (generoaren aldea arlo garrantzitsuetan handiagoa zen garaia islatzen da), atzerapen handiagoa emakumeei bere lorpenengatik saritzeko, bizitza-luzera faktore garrantzitsuagoa bihurtuz (sariak ez direlako ematen hil ostean), eta elkartutako saridunen artean emakumeak ezabatzeko joera.[118][119][120][121][122][123] Faktore horiek gorabehera, Marie Curie orain arte bi zientzia desberdinetan Nobel Sariak jaso dituen pertsona bakarra da (Fisika 1903an eta Kimika 1911an), bera izanik zientzietan bi Nobel sari jaso dituzten hiru pertsonetatik bat.

Bereziki nabarmendutako sarituak

Askotariko sarituak

Lau pertsonek bi Nobel Sari jaso dituzte. Marie Curiek Fisika Saria jaso zuen 1903an erradioaktibitateari buruzko aurkikuntzengatik, eta 1911an Kimika Saria erradio purua isolatzeagatik. Bi zientzia desberdinetan Nobel saria lortu duen pertsona bakarra da.[124] Linus Paulingi 1954ko Kimika Saria eman zioten, lotura kimikoen eta bere aplikazioengatik substantzia konplexuen egituretan. Paulingek Bake Saria ere jaso zuen 1962an, arma nuklearren aurkako aktibismoagatik, partekatu gabeko bi sari jaso duen bakarra izanik. John Bardeenek Fisika Saria bi aldiz jaso zuen: 1956an transistorea asmatu zuelako eta 1972an supereroankortasun teoriagatik.[25] Frederick Sangerrek bi aldiz jaso zuen saria Kimikan: 1958an, intsulina molekularen egitura zehazteagatik, eta 1980an DNAren oinarri sekuentziak zehazteko metodoa asmatzeagatik.[125][25]

Thumb
Marie Curie eta Irene alaba laborategian lanean, 1925ean. Mariek eta Pierre Curie senarrak 1903an jaso zuten Fisikako Nobel Saria. Irene Joliot-Curie eta Frédéric Joliot-Curie senarrak 1935an, Fisikan baita ere.

Bi erakundek bakearen saria behin baino gehiagotan jaso dute. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak hiru bider jaso zuen: 1917an eta 1944an mundu gerretan egindako lanagatik; eta 1963an, mendeurrena betetzen zuelako.[52] Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisariotzari bi aldiz eman zitzaion Bakearen saria errefuxiatuei laguntzeagatik: 1954an eta 1981ean.[25]

Senitarteko sarituak

Curie familia da sari gehien jaso dituena, lau sari bost pertsonen artean. Marie Curiek Fisikako (1903an) eta Kimikako (1911an) sariak jaso zituen. Pierre Curie senarrak 1903ko Fisika saria berarekin partekatu zuen.[126] Haien alaba Irène Joliot-Curiek 1935ean Kimika Saria jaso zuen, Frédéric Joliot-Curie senarrarekin batera. Horrez gain, Marie Curieren bigarren alabaren senarra, Henry Labouisse, UNICEFeko zuzendaria zen, 1965ean Bakearen Nobel Saria onartu zuenean erakunde horren izenean.[25]

Curie senitartekoaren erregistroarekin bat egin ez arren, hainbat familiak daude bi saridunekin. Gerty Cori eta Carl Ferdinand Cori senar-emazteek 1947an Fisiologia edo Medikuntzako saria partekatu zuten.[127] Eta baita May-Britt Moser eta Edvard Moser senar-emazteek 2014an, (John O'Keeferekin batera).[128] J. J. Thomsonek Fisika Saria jaso zuen 1906an elektroiak partikulak direla frogatzeagatik. Bere semea, George Paget Thomsonek, sari bera jaso zuen 1937an, uhinen propietateak ere badituztela aurkitzeagatik.[129] William Henry Bragg eta bere semea William Lawrence Braggek, Fisika Saria partekatu zuten 1915ean X izpien kristalografia asmatzeagatik.[130] Niels Bohrek Fisika saria jaso zuen 1922an, eta Aage Bohr bere semea 1975ean izan zen saritua .[100][131] Manne Siegbahnek 1924an Fisika Saria jaso zuen, eta bere semea Kai Siegbahnek 1981ean.[132]

Halaber, Hans von Euler-Chelpinek Kimika Saria jaso zuen 1929an, eta Ulf von Euler semeak Fisiologia edo Medikuntza Saria 1970ean.[100] CV Ramanek Fisika Saria lortu zuen 1930ean,  eta Subrahmanyan Chandrasekhar ilobak sari bera 1983. urtean.[133] Arthur Kornbergek Fisiologia edo Medikuntza Saria jaso zuen 1959an; eta Roger Kornberger semeak Kimika Saria 2006an.[134] Jan Tinbergenek 1969an lehen aldiz Ekonomian emandako Saria jaso zuen, eta bere anaia Nikolaas Tinbergenek 1973ko Fisiologia edo Medikuntza Saria.[100] Alva Myrdalek Bakearen Saria jaso zuen 1982an, eta Gunnar Myrdal senarrak Ekonomiakoa 1974an.[100] Paul Samuelson eta Kenneth Arrow Ekonomia saridunak koinatuak ziren. Frits Zernike 1953ko Fisika sariduna, Gerard 't Hooft fisikako 1999ko saridunaren osaba zen.[135] 2019an, Abhijit Banerjee eta Esther Duflo bikote ezkonduak Ekonomia Nobel Saria jaso zuten.[136]

Errefusak eta mugak

Thumb
Richard Kuhn, Kimikako Nobel Saria onartzea ukatu zion Hirugarren Reichak.

Bi saridunek beren borondatez errefusatu zuten Nobel Saria. 1964an Jean-Paul Sartreri Literatura Saria eman zioten, baina uko egin zion, esanaz "Idazle batek uko egin behar dio bere burua erakunde bihurtzen uzteari, nahiz eta forma ohoretsuenean izan."[137] Lê Đức Thọk, 1973ko Bake Saria jasotzeko Vietnamgo gerrako Pariseko Bake Akordioetan AEBkin egindako lanagatik aukeratu zuten, baina errefusatu egin zuen, Vietnamen benetako bakerik ez zegoelako.[138] George Bernard Shaw 1925eko Literatura Saria onartu ondoren, sariaren dirua errefusatzen saiatu zen. Azkenean, Anglo-Suediako Literatura Fundazioa sortzeko erabiltzea adostu zuten.[139]

Hirugarren Reicharen garaian, Adolf Hitlerrek Richard Kuhn, Adolf Butenandt eta Gerhard Domagkek sariak onartzea oztopatu egin zuen. Guztiei diploma eta urrezko dominak Bigarren Mundu Gerraren ostean eman zizkieten. 1958an, Boris Pasternak uko egin zion literatura sariari, Sobietar Batasuneko gobernuak egin lezakeen beldurragatik Stockholmera bidaiatuz gero saria onartzeko. Horren truke, Suediako Akademiak ezezkoa eman zion errefusa horri, esanez "ezezko honek, jakina, ez du inola ere sariaren baliozkotasuna aldatzen".[138] Akademiak deitoratu egin zuen Literatura Sariaren aurkezpena ezin zelako urte hartan ospatu, eta 1989an Pasternaken semeak saria bere izenean onartu zuen.[140][141]

Aung San Suu Kyiri 1991ko Bakearen Nobel Saria eman zioten, baina bere haurrek onartu behar izan zuten saria, Myanmaren etxean atxilotu zutelako. Suu Kyik bere hitzaldia bi hamarkada geroago eman zuen, 2012. urtean.[142] Liu Xiaobok Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2010ean, bera eta bere emaztea Txinan preso politiko gisa atxilotu zituzten bitartean, eta ezin izan zuen saria onartu bere bizitzan.

Eragin kulturala

Mundu mailan onar daitekeen lorpen zientifiko edo literarioaren ikurra izanik, Nobel saria fikzioan maiz agertzen da. Horrela egin izan dira "Saria" eta "Nobelen semea" filmak, fikziozko Nobel saridunei buruz. Eta baita sari errealen inguruko istorioen fikziozko kontuak, besteak beste, "Nobel korua", Rabindranath Tagoreren sariaren lapurretan oinarritutako filma.[143][144]

Dnipropetrovskeko Ekonomia eta Zuzenbide Unibertsitateko "Alfred Nobelen planeta" monumentua 2008an ireki zen. Mundua irudikatzen duen globoan, misil estrategiko militarren hondakinekin egindako aleazio bateko 802 Nobel sarituren erliebeak daude.[145] [146]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.