From Wikipedia, the free encyclopedia
Emakumea edo, Ipar Euskal Herrian, emaztea gizaki emea da. Bereziki emea heldua denean erabiltzen da terminoa[1] eta neska izaten da haurtzaro eta nerabezaroan erabiltzen den izena. Hala ere, batzuetan, emakume terminoa gizaki eme guztiak izendatzeko erabiltzen da, adibidez Emakumeen eskubideak esaten denean, edo Emakumearen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a. Emakumeari dagokiona femeninoa edo emakumezkoa dela esaten da. Emakumearen ezaugarrien multzoari, berriz, emetasun deritzo.
Normalean, emakumeek X kromosoma pare bat heredatzen dute, guraso bakoitzarengandik bat, eta haurdunaldirako eta erditzeko gai dira. Emakume transak euren burua emakumetzat daukaten gizaki arrak dira, eta emakume intersexualek emakumeen biologiaren ohiko nozioekin bat ez datozen sexu-ezaugarriak izan ditzakete.
Faktore biologikoak ez dira bakarrak erabakitzeko emakume bat (edo nork bere burua) halakotzat hartu behar ote den. Emakume batzuek anomalia hormonalak edo desberdintasun kromosomikoak izan ditzakete (adibidez, sortzetiko hiperplasia suprarrenala osorik edo partzialki, sentikortasun androgenikoaren sindromea edo beste egoera intersexual bat), eta emakume batzuk egon daitezke, bizitzako hasierako aldietan behintzat, emakumearen ohiko fisiologiarik gabe.
Emakume gehienek 46,XX kariotipoa dute, baina milatik batek 47,XXX du, eta 2.500 emakumeren artean batek 45,X. Gizonek 46,XY dute, eta Y kromosoma askoz laburragoa da X kromosoma baino. Horregatik, gaixotasun genetiko batzuk gizonek jasan ditzakete, eta emakumeak, berriz, eramaileak dira. X kromosoma errepikatuta edo Y kromosoma edukitzeak erabakitzen du sexu organo batzuen edo besteen garapena.
Biologiari dagokionez, emakumeen sexu organo primarioek (bagina) ugaltze aparatua osatzen dute; bigarren mailako sexu ezaugarriek (bularrak), berriz, beste funtzio batzuk dituzte, besteak beste, gizon bat erakartzea (obuluarentzat esperma lortzea) edo seme-alabak elikatzea.
Emakumeen ugalketa eta organoak aztertzen dituen zientziari ginekologia deitzen zaio.
Hilekoa hasten denean (menarkia), ugalketa funtzioei esker, emakume gehienek seme-alabak izan ditzakete. Emakumeak, oro har, berrogeita hamar urte inguruan iristen dira menopausiara, orobat obulutegiek estrogenoak erreproduzitzeari uzten dioten adinean.
Zenbait herrialdetan, bizi itxaropena eta garapena asko aldatzen dira gizonen eta emakumeen artean, betiere emakumeen kaltetan. Desberdintasun handieneko herrialdeak dira: Saudi Arabia, Txad, Mali, Iran eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.[2]
Oro har, emakumeen eta gizonen gaixotasunak berdina diren arren, badira zenbait gaixotasun espezifiko, emakumeengan maizago edo esklusiboki gertatzen direnak, eta, bestalde, badira emakumeek pairatzen ez dituzten gaixotasunak, hala nola hemofilia, gizonen gaitz esklusiboa baita.
Gehienetan, gizonek baino bolumen, neurri eta pisu apalagoa dute emakumeek. Faktore hormonalak direla eta, emakumeen hezurdurak pisu txikiagoa du. Emakumeak pelbisa zabalagoa du, izterrezurraren angelu zabalagoa eta lordosi lunbarra handiagoa gizonak baino. Emakumeengan eta gizonengan gantzaren banaketa desberdina izan ohi da: ipurmasailetan, bularretan, izterretan eta aldaketan gehiago biltzen da emakumeengan. Nerabezaroan, mutilek baino garaiera handiagoa dute neskek.
Emakumearen gorputza, tradizioz, hiru bihurgunetan neurtzen da, gizonezkoetan ez bezala: bularra, gerria eta aldakak. Neurriaren eta formaren arabera, oinarrizko lau gorputz mota eratzen dira:[3]
Espainiako Osasun Ministerioak, 2008an, mota horiek espainiar emakumeei egokitzea erabaki zuen, hiru emakume mota zeudela ezarriz: zilindroa, diaboloa eta kanpaia.
Edertasun fisikoari eusteko presioa handiagoa da emakumeen artean, gizonen artean baino. Presio sozial horrek eraginda, alde batetik, emakumeen irudiari trataera sexualizatuagoa ematen zaio artean eta publizitatean; eta, bestetik, elikadura nahasmenduak eta kosmetika kontsumo handiagoa agertzen da emakumeen artean.[4] Mugimendu feministaren kexak gorabehera, emakumeengan alderdi fisikoak aldagai diskriminatzailea izaten jarraitzen du lana aurkitzeko edo gizarte harremanak lortzeko eta mantentzeko orduan, gizonen artean baino maila handiagoan.
Segur aski, historiaurrean, zehar rolen bereizketa areagotu egin zen gizarte primitiboetan, lanaren espezializazioa eta jabetza pribatua ―herentziazko transmisioa barne― agertzen joan ziren heinean. Baldintza fisikoek eta amatasunak eragin handia zuten, gizarte mota hartan, gizonak baino ekoizpen ahalmen txikiagoa izateko emakumeek. Horrela, etxeko zerbitzari lanak egitera baztertu zuen, kide produktibo gisa izan zezakeen indarra murriztuta, nahiz ukaezina zen bararen garrantzia ama gisa, espeziearen biziraupena bermatzeko. Hain zuzen, giza eboluzioaren estadio horretan hasten da gizarte rolen bereizketa, hau da, sexismoaren hastapenak; nahiz funts guztiz praktikoa izan estadio hartan, taldearen edo tribuaren biziraupena ahalbidetzeko. Hala ere, erreprodukzio funtzioak eragiten duen ahultasun kronikoaren ondorioz, denboran zehar gizarte primitibo gehienak gizarte patriarkalak bihurtu ziren. Egoera hori semiten eta greko-erromatarren hedapenarekin finkatu finkatu egin bazen ere, erromatar emakumea kategoria juridiko garrantzitsuago bat hartzen joan zen, grekoen eta semiten aldean; horren erakusle da ezkontzak ukan zuen garrantzia erromatar zuzenbidean.
Kristautasunak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun nominal bat aldezteko itxurak eginda ere, emakumearen mendetasun printzipioari eutsi zion familiaren barruan, eta gizonak gizarte hierarkian duen nagusitasunari. Erdi Aroan zehar eta XIX. mendera arte, gizonen nagusitasuna mantendu egin zen, baita zabaldu ere: Erdi Aroko estamentuek ez zioten ia inolako paperik eman emakumeari mundu feudalean, gremioetan edo garai hartako politikoan, eta ez zioten goi mailako ikasketa ofizialetarako sarbiderik eman.
Askatasunen aldeko borrokaren lehen mugimendu orokorrek (Frantziako Iraultza, Ipar Amerikako independentzia) nolabaiteko liberazioa ekarri bazuten ere desberdintasun baldintza haietan, Napoleonen Kodeak ―ez da ahantzi behar guztizko eragina izan zuela Europako lege askotan, besteak beste kode zibiletan―, berretsi egin zituen emakume ezkonduaren muga tradizional gehienak, bai zuzenbide zibilari buruzko gaietan, bai zuzenbide prozesaleko kasu jakin batzuetan.
Industria iraultzak ateak ireki zizkion desberdintasun baldintzak ezabatzeari: emakumeak kontratatzen hasioi ziren lantegiak; jaiotza tasa beheratzen hasi zen eta amatasunak dakartzan zamak mugatzen; eta aurrerapen teknikoaren abantailak emakumearen egoera eboluzionatzea ahalbidetu zuten. Etxekoandrearen eginkizun tradizionalak albo batera utzita, emakumea aktiboki integratu zen ekoizpen sarean. Hala ere, gizartearen bilakaera hori ez zen, inola ere, legeriara iritsi. Juridikoki, gizarte aldaketak oso mantso islatu izan dira, eta, oro har, mugimendu politiko aurrerakoiek eragiten duten presioaren eta mugimendu feministen agerpenaren ondorioz gertatu izan dira. XIX. mendearen bigarren erditik aurrera.
Legeetan emakumeen eta gizonen egoera parekatzeko joera hori ez da beti errealitate bihurtu. Izan ere, neurri batean, eremu profesionalean eta lan arloan sexuen araberako diskriminazioak berdin jarraitzen du; beste horrenbeste politikan, zer esanik ez militarren eremuan edo, areago oraindik, erlijioaren esparruan..
Emakume baten identitate sexuala da pertsona baten sentimendua sexu jakin bateko kide izateko, biologikoki edo sozialki esleituta duen genero maskulinoa edo femeninoa edozein dela ere. Bat etor daiteke norbanakoaren generoarekin, emakume bat emakume sentitzen denean, edo ez, transexualitate eta intersexualitate kasuetan gertatzen den bezala. Zenbaitek uste du sexu identitatea gizarte jakin batek ezarritako edo, gutxienez, eragindako hezkuntza kontu bat baino ez dela.
Emakumeak ere rol sexuala sortu eta garatu dezake, bere kultura eta generoarekin bat datorren janzkera eta portaera sozialarekin.
Emetasuna edo feminitate desberdinak eraikuntza politiko eta soziokultural estereotipatuak dira, eta ezaugarri estetiko, psikologiko, rol sozial eta portaerazkoak ematen dizkiete emakumeei edo emakumeen generoari. Sexualitatea eta gizartea ulertzeko ikuspegi hori, duala, maskulino/femenino ardatzean bezala, gizarte androzentriko eta patriarkalaren berezko ezaugarri bat da ia beti, gizonezkoa baino gutxiagotzat hartzen baitu emakumea.[5]
Emakume bat ikur batekin irudikatzeko, Venusen ispiluaren estilizazioa erabiltzen da.[6]
Erregimen matriarkaleko gizarte primitibo batzuk alde batera utzita, emakumea diskriminatua izan da gizonen aldean, denboran zehar, funtzio eta rol sozialen garapenari dagokionez. Rol bereizketa horren erroa bi sexuen arteko desberdintasun biologiko eta anatomikoetan bilatu behar da: emakumeen eraketa anatomiko ahulagoa eta amatasunak ezarritako mugak.
Talcott Parsonsen arabera, muturreko bi egoera daude herrialde garatuetan: batean, gizarte rolaren eta generoaren arteko bereizketa maximoa da; eta, bestean, gutxienekoa.[7] Hala, bereizketa gailentzen den ereduetan, eskolan hezkuntza bereiziaren alde egiten da: gizonek urte gehiago ikastea lehenesten da; izan ere, gizarte horietan gizonek familia mantentzeko eta etxetik kanpo lan egiteko eginkizuna dute; emakumeen lana, berriz, osagarria da, halakorik dagoenean. Berdintasunezko eredu batean, aldiz, hezkuntzan ez da sexuaren araberako bereizketarik egiten, eta denak hezkuntza maila gorenera iristeko aukera izatearen alde egiten da; oro har, edo legearen arabera behintzat, ez dago sexuaren araberako bereizketarik lanbideen artean eta ez dago soldata bereizkeriarik. Eredu bereizian, emakumeak etxearen eta haurren zaintza du eginkizun nagusia; eredu berdinzalean, eginkizun horiek partekatu egiten dira, eta erabaki garrantzitsuak etxeko kide guztien artean hartzea hobesten da.
Sakontzeko: Ideologia matxista eta heteropatriarkatua
Emakumeenganako diskriminazioa da matxismoa. Mikromatxismoa sozialki onartutako matxismoa da. Lesbianek bereizketa matxista bikoitza jasaten dute: emakume izateagatik eta beren sexu orientazioagatik. Zenbait gizarte eta kultura patriarkalek, gizonen menderakuntzakoak eta, beraz, androzentrikok, nahastu egiten dute emakumeenganako jarrera paternalista ―mikromatxismoaren beste agerbide bat― autopertzepzio «berdintasunezko» edo «feminista» batekin. Bereizkeria horren adibide dira lanaren sexu banaketa, sexuen araberako hezkuntza bereizia, soldata diskriminazioa eta emakumeen gaineko zerga.
Feminismoak bizitza publikoan emakumeen eta gizonen balioa parekatu nahi du. Mugimendu matxista eta antifeministen arabera, feminaziak dira. Postfeminismoak, diferentziaren feminismoak eta genero azterketak aldezten dutenez, pertsona guztiek balio eta eskubide berberak dituzte, eta pertsona bakoitza nahi bezalakoa da, estereotipoetan eta gizon/emakume genero binarismoetan nahitaez sartu beharrik izan gabe.
Sakontzeko: Genero berdintasuna.
Emakumeak politikan duen garrantzia urtetik urtera aldatzen da, eta, mendebaldeko herrialdeetan bezala ekialdekoetan ere, ohikoa da gaur egun kargu politikoak betetzen dituzten emakumeak aurkitzea. Nahiz eta oraindik aurreiritzi asko dauden muga kulturalen ondorioz, emakume batzuek goi-karguak lortu dituzte beren herrialdeetako gobernuetan, eta kasu batzuetan estatuburu izatera iritsi dira.
Emakumeak literaturan duen presentziak islatzen du, neurri handi batean, kultura eta gizarte bakoitzak esleitzen dion genero rola (feminitatea). Gizonezkoak idatzitako obretan pertsonaia femeninoak idealizatuak egon ohi dira, estilizazioak edo estereotipoak izan ohi dira; izan ere, gizarte androzentriko eta patriarkaletan, emakumeak berdintzat ikusten ez dituzten gizonek idealizatu egiten dituzte, eta, hala, objektu eder bihurtzen dituzte, musak diren bezala.[8]
Adibidez, gizonek sortutako anitz lan, emakumea da sexu ikur nagusia, gizonak lortu behar duen saria: horrela agertzen da Helena Troiakoa Homeroren lanetan, maitagarrien ipuinen printzesa edo trobadoreen poematan eta zalduntza kontakizunen eme aingerua. Emakumearen funtzioa pasiboa da, edo ez da agertzen parte hartzen duen pertsonaia gisa, edo bere birjintasuna defendatzea da bere xede bakarra (Samuel Richardsonen Pamela eleberrian bezala). Izan daiteke, baita ere, gizonak erreskatatu behar izatea, herensugeak bahitutako printzesak bezala, arriskuan dagoen damatxoaren estereotipoaren adibide. Ezkondu ondoren, senarraren ohorearen parte da, drama barrokoetan ikusten den bezala.
Gizonek sortutako literaturan, emakumearen beste rol tradizional bat amarena da. Protagonistek ama idealizatuz gogoratzen dute maiz, babes eta maitasun ikurtzat hartuta, haurtzaroa inozentzia garai gisa hartuz. Ama galtzea, gainera, zoriontasun galeraren sinonimotzat jotzen da, hala nola Oliver Twist edo Errauskine ipuinetan. Ama ezezaguna izateak nortasun jokoak egiteko arketipo bat da (normalean, mutil edo neska pobre bat nobleen seme-alaba gisa agertzen da), edo Edipo bezalako tragediak sortzeko bide bat.
Alderantziz, Evaren eredu biblikoari jarraitzen dioten emakume tentagarriak erabili izan dira, maiz, vagina dentata edo emakume sexualki indartsu suntsitzailearen mitoa sortzeko. Emakume heroiak eta gerlariak (adibidez, Greziako amazona zaldunak) haien ezaugarrien oinordeko dira. Femme fatale kontzepzio beraren aldaera bat da.
Gizonek idatzitako literaturaren maitasun erromantikoan, gizarte zailtasunak edo pizgarri edo traba dira bikotearentzat, Romeo eta Julieta draman bezala. Eredu hartatik sortu zen erromantizismoaren ideala: gizonen narrazioen arabera, emakumearen bizitzaren erdigunean maitasuna dago, hura gabe ez baitu zoriontasunik lortzen (Madame Bovary). Idealizatutako maitasun horren kontrapuntu, XVIII. mendean, ezkontzaren eleberriak agertzen hasi ziren, eta emakumearen kokapen zaila, behin eta berriz tratatu izan zena hiru mendetan zehar: zorigaiztoko ezkontzak dituzten protagonistak dira, irtenbideak adulterioan edo komenentziako aliantzatan bilatzen dituztenak. Ikuspegi ezkor hori ez dator bat antzerkiak berezkoak dituen amodiozko intrigarekin.[9]
Emakumearen dilema pertsonalak, bikote batekin izan dezakeen harremanak alde batera utzita, ez dira gizonezkoen literaturan agertzen XIX. mendearen erdialdera arte, eta XX. mendearen amaieran areagotzen dira, feminismoaren eta emakumearen rol sozialaren gorakadarekin batera. Mende horietan sortu ziren, batez ere, emakumeen protagonista independenteak, kulturaren hasieratik emakumeek idatzitako literaturan agertzen zirenak.
Pertsonaia gisa duen paperaz gain, badira emakumeentzako generotzat jotzen direnak ere. Eleberri sentimentalak edo «arrosa» eta ingelesez chick-lit deitzen dena emakumeentzat berariaz sortutako narrazioen bi adibide dira (klasikoa eta garaikidea), nahiz eta emakumeak diren, oro har, literatura guztiaren irakurle gehienak, oinarrizko hezkuntza orokortu zenetik.[10]
Emakumeek egindako literaturari dagokionez, antzina, emakumeak bere maitasuna adierazten zuen lirikan, bai herrikoian (lagun kantak), bai kultuan (Saforen poemak). Emakumeek idatzitako literatura mota guztiak egon dira, poemak zein prosa, kultua edo herrikoia, fikziozkoa bezala ez-fikziozkoa, erlijiosoa eta paganoa, entseguak, ikerketa zientifikoak eta abar, Erdi Arotik hasi eta gaur egun arte. Gainera, XXI. mendean, ez dira emakume gutxi antzerki munduan, testu dramatikoak idazten dituztenak edo antzerki zuzendari direnak.
Emakumeek ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote zientziari betidanik. Generoa eta zientzia aztertu duten historialariek nabarmendu izan dituzte emakumeek zientziaren azterketan eta lorpenetan egindako ekarpenak, aurre egin behar izandako oztopoak eta beren lanak izen handiko argitalpen zientifikoetan eta bestetan onartuak izateko erabili behar izan dituzten estrategiak. Arazo horien azterketa historikoa, kritikoa eta soziologikoa diziplina akademiko bat bihurtu da berez.[11]
Emakumeak medikuntzaren arloan izan duen inplikazioa nabarmena izan da antzinako zibilizazio askotan, eta antzinako Greziako filosofia naturalaren azterketa irekia zegoen emakumeentzat. Emakumeek alkimiaren aurrerapenean lagundu zuten Kristo ondorengo lehen mendeetan. Erdi Aroan, komentuak emakumeentzako hezkuntzarako leku garrantzitsu izan ziren, eta komunitate erlijioso batzuek ikerketa akademikoan laguntzeko aukera eman zieten emakumeei. Lehenengo unibertsitateak sortu zirenean, emakumeak, oro har, unibertsitate hezkuntzatik kanpo utzi zituzten.[12] Itxura denez, Italian jarrera liberalagoa izan zen emakumeek medikuntza ikasketak egin zitzaten, beste leku batzuetako baino. Zientziaren alorrean unibertsitate katedra bat lortu zuen lehen emakumea Laura Bassi izan zen, XVIII. mendeko zientzialari bat.
Genero rolak XVIII. mendean argi eta garbi zehaztuta zeuden arren, emakumeek aurrerapen handiak egin zituzten zientzian. XIX. mendean, emakumeak hezkuntza zientifiko formal gehienetatik kanpo zeuden, baina garai hartan hasi ziren onartzen eremu landuetan. Mendearen amaieran, emakumeentzako unibertsitateak sortu zirelarik, unibertsitate mailako lana eduki ahal izan zuten eta hezkuntzarako aukerak ere bai. Marie Curie 1903an Nobel sari bat, fisikakoa, irabazi zuen lehen emakumea izan zen, eta 1911n bigarren sari bat lortu zuen, kimikakoa, biak erradioaktibitateari buruzko ikerketengatik. Guztira, 40 emakumek lortu zuten Nobel saria 1901 eta 2010 artean; 16 emakumek lortu zuten Nobel saria fisikan, kimikan, fisiologian edo medikuntzan.[13]
Munduko erlijio handienek ―islamak, kristautasunak, judaismoak eta budismoak― emakumeak gizonezkoen mende ipintzen dituzte, oro har, eta, erabat baztertzen ez badituzte, bigarren mailako eginkizunak aitortzen dizkiete.
Diskriminazio egoera hori halakoa izanik ere, munduko herrialdeko askotan erlijio sinesmenak eta praktikak zabalduagoak daude emakumeen artean gizonen artean baino.[14]
Oro har, antzinatik kultura ezberdinetako sinismenek emakumearen tokia gizonezkoen menpe jarri izan dute, jainkoek hala nahi izango balute bezala, gauza naturala eta arautua bihurtuz:[15] tratu txar onartuak, ezkontzera behartuta, senarraren baimena eduki behar gauza asko egiteko, haren jabetzakoa izatea…
Zibilizazio guztietan historian zehar emakumeak ahaztuak izan dira, zientzia eta kulturatik baztertuak. Alde batetik haien gaitasunak eta interesak aurrera eramateko oztopo itzelak izan dituztelako, eta bestetik lortu izan duten gutxiak liburu eta entziklopedietatik baztertuak izan direlako.
Zenbait tokitan emakumeen eskubideen alde denbora asko borrokatzen ari badira ere, gaur egun emakumeek emakumeak izateagatik munduko kultura guztietan nahiz eta maila desberdinetan izan, diskriminazio, injustizia eta ezberdintasuna jasan behar izaten dute.[16]
Antzinako Grezian emakumeen egoera ez zen oso ona. Aristotelesek, adibidez, esaten zuen gizon ez-osatua zela, ahul eta naturako akatsa. Honek Erdi-Aroan eragin handia izan zuen. Osatu-gabeko gizakitzat hartzen zuten, zaindu, babestu eta gidatu beharrekoa. Guzti honek gizonarenganako menpekotasuna suposatzen zuen.
Erromatar emakumeek grekoek baina askatasun pixka bat gehiago izaten zuten, baina politikan eta hirietako partaidetza debekatuta izaten zuten. Heziketa jasotzen bazuten, aurrekoak bezala, emazte onak izatera bideraturik zeuden.
Erdi Aroan nagusiki nekazari, abeltzain, gaixo eta seme-alaben zaintzaren lana egiten zuten. Aro Garaikideak aldaketa garrantzitsuak suposatu bazuen ere, emakumeek zapalduta jarraitu zuten: ezin ziren unibertsitatera joan, ondasunik ez zuten jasotzen, eta familiako esparrura baztertu zituzten. Hirietan oso emakume gutxik lan egiten zuen eta esplotazio ekonomiko eta sexuala pairatu behar izaten zuten haien jabeengandik.
XIX. mendean idei ekonomiko eta gizarte esparruetan aldaketa sakonak izan ziren, emakumeengan biziki eragina izan zutenak. Emakume askok neskame eta prostituta moduan lan egiten zuten bizi ahal izateko. Mende honen erdian erizain lanbidea sortu zen. Finlandian 1878. urtean nekazari ziren emakumeen propietatearen erdiaren eskubidea onartu zen, hala nola ondasunarena. Espainian eta Frantzian, aldiz, ezkonduta zeuden emakumeek ez zuten autonomiarik eta beraien ondasunak eta dirua senarrek kudeatzen zituzten.
XIX.mendeko mugimendu feministak botoa lortzearen alde zuzendu ziren. 1920. urtean Estatu Batuetan emakumeen botoaren eskubidea lortu zuten, eta pixkanaka Errusia eta Europako herrialde guztiak atxiki ziren, Espainian 1931ean izan zelarik.
XX. mendearen ezaugarririk nabarmena lan munduan emakumeak sartzea izan zen, munduko bi gerrak eragile handienak izanik. Haurtzaindegiak sortu ziren eta langileen sindikatuetan emakumeek parte hartu ahal izan zuten. Orokorrean bigarren munduko gerra bitarte eta beranduago, Frantzian eta Espainian emakumeek ezin izan zuten azterketa bat egitera aurkeztu, lanbide batean aritu, banku etxe batean kontua ireki, gidabaimen edo pasaportea eskatu... senarraren baimenik gabe. Pixkanaka emakumeek lan kualifikatuagoa eta hobe ordainduta izatea lortzen hasi ziren.
Antzinatik emakume txinatarrak haien aita, anaia, senar eta semeen menpe egon dira. Haien ezkontzak antolatuak ziren, bere eginbehar nagusia seme-alaben eta senarraren zaintza izan da.
Historian zehar emakume txinatarrek ez dute eskubide eta pribilegiorik izan, esklabo, ohaide eta prostituta moduan trataturik izan dira.
1949. urtean Mao Zedongek boterea hartu zuenean emakumeen eskubideen aldeko hainbat lege ezarri zituen. Hala ere,emakumearen egoerak oso latza izaten jarraitzen du.
1995. urtean Shanxin poliziak 200 emakume bahituak eta neskazaleei emazte bezala salduak izatetik askatu zituen. Urte honen hasieran ere Sichuanen urtean 10000 emakume eta haur salduak zirela argitaratu zen.
Berri asko argitaratzen dira gaur egun matxismoaren ondorioz emakumea kaltetua dela esaten dutenak. Gobernua emakumearen eskubideen alde aldaketak egiten saiatu izan da, baina ez du arrakasta handirik izan. 1988an argitaratu zenez emakumearen egoera munduko 132. postuan aurkitzen da.
Esapide popular bat dago Txinan “zisneak heztea alabak izatea baino hobea” dela esaten duena. Esapide hori zaharra den arren, gaur egun ere erabilia da.
Emakumearen diskriminazioa jaio baino lehenago hasten da. Familia bakoitza seme-alaba bat izatera mugatzen da. Hori dela eta familiak semeak izatea nahiago du. 113 mutil daude 100 neskatoko. Neska asko jaiotzen direnean ez dira erregistratzen edo bestela haurdunaldian neska izango dela jakitean abortatzea erabakitzen dute. Txinan emakumea etxetiar, fisiko eta sexual biolentziara menderatuak dira. Honi aurre egiteko 1992an lege berri bat sortu zen emakumeen eskubideak onartzea oinarri duena. Pen Peiyunek, Txinako gobernuan zegoen mandatari batek dioenez, emakumea askotan jasan behar dituen gehiegikerietatik babestu nahi zen, baita neska bat erditzea txarra ez den ideia zabaldu nahi zuen.
Hala ere bortizkeriak eta dibortzio kasu kopuruak handitzen jarraitzen dute. 1994ko martxoan, 2100 familiari egindako galdetegi baten emaitzetan ikusi zuten dibortzioa % 15,2 igo zela 1990. urtean eta 19 portzentura jaitsi zela 1993an. Urte horretan gizon bat sei urtez kartzelatu zuten emakume bat jipoitzeagatik. Lehen kasua da Txinan gizon batek emakume baten kontra bortizkeria erabili eta kartzela zigorra jasotzen dena. Emakume bahiketak eta salerosketak gertatzen dira gaur egun ere.
Gizon populazioa emakumeena baino askoz handiagoa denez, emaztea bilatzeko modu desberdina erabiltzen dute han. Errazagoa da emakumea erosi eta ezkongai izatea haientzat.
Afrikan kultura asko aurki ditzakegu, bakoitzak ohitura desberdinak dituelarik. Afrikako kultura, beraz, lau multzo nagusitan bereiz dezakegu: arabiar kultura, beltzaran kultura, kultura europarra eta Egiptoko kultura.
Afrikan emakumearen ezberdintasun eta mozketak gizonarekiko oso nabarmenak dira. Afrikan emakume gehienak bere familiak eta komunitateak mantentzen dituzte. Gainera elkarbizitza sozialaren oinarriak dira. Hala ere, osasun eta ikasketa munduari eta jakinduriak emango dien botereari lorbidea ukatzen zaie; zer izan nahi duten, bere familia eta herrialdearentzako zer bilatzen duten erabakitzeko gai izango zirelako beldur.
Astakeriarik nagusiena klitoriaren ebakidura da. Hau Afrikan ez ezik,ekialde erdian ere gertatzen da. Somalian emakumeen % 98 sexualki moztuak dira. Egipton, berriz, % 97 aurkitzen da egoera horretan, Eritrea eta Etiopian ordea, emakumeen % 90ek hori pairatu behar izaten du.
Urtean bi milioi neskatok operazio larri honi aurre egin behar diote, honek egunean 6000 kasu ematen direla esan nahi du; bost haur segundo bakoitzeko. 130 milioi emakume eta neskatori gizonak duen oso oinarrizko eskubidea ukatzen zaie, sexuarena hain zuzen.
Afrikarren artean mina azaltzea ahultasun adierazgarritzat hartzen denez, ebakuntza hau jasan behar duten neskak erakutsiak dira hori ez egiteko eta ondoren ebakuntzara eramaten dituzte. Esterilizatu gabeko laban edo harri zorrotz bat dira erabiltzen dituzten tresnak. Anestesiarik ez dute erabiltzen ohi. Neska ezin da kexatu bere familiaren ohorea galduko delakoan.
Gizonek esaten dutenez, modu honetan emakumearen sexu nahia murrizten da eta bakarrik haien sarketa jasaten dute, izan ere emakumearen baginaren ezpain handiak elkarren artean josten dituzte. Gizonak ez ezik, emakumeak ere hau egitera bultzatzen dituzte haien kideak; honen bidez haien familia harrotuko dutelako. Ondorioz, ekintza hau emakumeari egiten zaion eraso bat da. Hau asko izango ez balitz bezala,badaude ebakidura mota desberdinak: zirkunzisioa, klitoridektomia, eszisioa eta infibulazioa. Haurrek ondorio latzak jasotzen dituzte hau sufritzeaz gain. Batetik sexurako grina kentzen zaie, larrua jotzean min handia jasan behar izaten dute, infekzio pelbikoak sortzen dira ere. Hori gutxi ez balitz badaude odoltze handien ondorioz hiltzen direnak ere.
Psikologikoki depresioan sartzen dira emakume hauen edota antsietatea edo beldur atakeak izaten dituzte. Hau emakumea zapaltzeko bide bat da, sexualitatea deuseztatu eta gizonena handitzen baita. Gaur egun, hau ezagutza falta handiaren ondorioz gertatzen dela ondorioztatu dute GKE askok eta emakume nahiz gizonei gaiari buruzko informazioa emanez ebakuntza honen aurka borroka egiten saiatzen dira.
Ekintza hau praktikatzen den lekuetan debekatuta dago hori egitea baina jendeak egiten jarraitzen du; honek haien emakumea birjina dela adierazten baitu.
Afrikako herrialde askotan informazioa emateaz gain, bideoak ere jartzen dizkiete beren alabei zer gerta dakiokeen ikus dezaten. Bikote batzuk hau ikusi ondoren haien alabei ablazioa ez egitea erabakitzen dute. Neurri hauek Burkina Faso bezalako herrialdeetan ematen ari dira.
Musulman herrialdeetan ekintza hau Koranak bidaltzen duelako ustean egiten dute. Hori horrela ez denez,eskolak ireki dituzte liburu sakratua ondorioztatzen irakasteko. Argi dago guzti hau ohitura eta kulturaren barnean dagoela eta beraz zaila dela aldaketa nabarmenak izatea denbora gutxian. Hala ere aditu askok diote hiru belaunaldi pasa behar direla oraindik hau gertatzen ez jarraitzeko. Nelson Mandelak, Hegoafrikako lehendakari ohi izan zenak dioenez, askatasuna ezin da lortu emakume guztiak zapalkuntzatik aske dauden arte.
Emakumearen diskriminazioa Arabian etxeetatik hasten da.[17] Ezberdintasun handiak daude seme eta alaben artean. Familia askok haien semea eskola pribatuetara eramaten dute eta alaba, berriz, estatuko eskoletara joan behar izaten dute. Horrela semeek hezkuntza hobeago bat izango dute. Semea bere etorkizunean nahi duena izateko prestatzen da alaba ordea, emazte ama eta amona izatera bideratua dago. Hainbat eskoletan neska eta mutilak bereizita daude. Eskola estataletan normalean hezkuntzak esanekoak izatera bideratzen ditu emakumeak eta izan ditzaketen pentsamenduen prebentzioa gizonezkoekin dutenaren bikoitza da.
Desberdintasunak daude ere lanean, emakumean neskame izaten da etxetik kanpo eta etxera bueltatzean kozinatu eta seme-alabak zaindu behar izaten ditu. Dirudun emakumeak izan ezik, hauek neskameak dituzte aurretik aipatutako eginbeharrak burutzen. Lanbide lege gehienak ez dituzte emakumearen eskubideak errespetatzen.
Haien elizgizonek ere zerikusi handia dute emakumea gizartean aurkitzen den egoerarekin. Esaten dutenez, emakumea haurdunalditik ezpurua da eta gainera ez da perfektua ez pentsamendu ez erlijioari dagokionez. Emakumea ahula dela eta bere emozioek gidatzen dutela ere esaten dute, baina gazteria hezteko ardura dauka. Emakumea tentazioa dela eta haien boterea Satanasena baino handiago dela diote. Emakumeak mugatua eta arduratsua izaten ez dakiela esaten dute ere.
Hala ere, haien liburu sakratuko Aixa profetak 9 urterekin ezkondua izan zen eta armada oso bat gidatu eta guda historiko bat sortzeko gai izan zen; «Ganbeluaren guda» izenarekin ezagutua da guda hau.
Honek emakumeak hasi zen zikloa deuseztatzen du baina gaur egun ere bekari bat bezala ikusten da eta gizona baina maila baxuago batean dago.
Gizonak emakume bat jipoitu edo bortxatzen badu ez da ezer gertatzen, dena erlijioak justifikatzen duelako.[18]
Gainera bertako emakumea gizon batena denez, burka edota beste motako zapiekin estali behar du bere gorputza;soilik bere senarrak ikusi dezan.
Indiako konstituzioak bi generoen berdintasunak biltzen ditu bere 14, 15 eta 16. artikuluetan. Hala ere egunero emakumeak jasan behar duen errealitatea konstituzioak esaten duenetik oso urrun dago.
Indian oso ehuneko handi bat txiroa d, biztanleriaren %50a baino askoz gehiago. Txirotasun horretan bizi direnen artean (biztanleriaren % 34) 0,80 eurorekin bizi da egunero. Hortik dator familia askok beren alabak oraindik haurrak direla ezkontzearen beharra. Emakumearen papera gizartean, beraz, bigarren maila batera pasatzen da. Hasiera batean aitarena izango da ondoren anaiarena eta gero senarrarena. Senarrarekin ezkonduta dagoela hau hil egiten bada, hiru aukeren aurrean aurkituko da emakumea. Batetik senarrarekin bizirik erretzea aukeratu dezake edo bestela senarraren anai txikiarekin ezkondu daiteke. Azkeneko aukera Ashrama batean sartzea da. Ashrama honetan sartzea erabakitzen badu, emakumea sozialki hilko da. Indian alargunak oso gaizki ikusiak daude. Alargun gelditzean, jantzi txuriz jantzita egon beharko dira eta ilea moztu beharko dute; prostitutak izatera behartuak badira izan ezik. Alargunek dirua lortzeko bi modu dituzte,batetik eskari lana egitez edo bestetik prostituzioaren bidez.
Familia batek bere alaba beste familia bati ematean dirua ordaindu behar izaten du,edo bestela baliotsua den zerbaiten truke emango dio neska. Txiroak direnez,familia asko ez dira gai ordaindu behar dutena emateko eta beraz neska jaso berri duten familia horiek neskari ondorioak jartzen dizkiote. Jipoitu egiten dute, bortxatu edota metro karratu bateko gelan sartzen dute egun batzuez. Askok ere prostituta izatera behartzen dituzte, zor dieten dirua itzultzeko helburuarekin. Emakume batzuk egunean 50 bezero izatera iristen dira. Zoritxarrez asko ere hil egiten dituzte dirua ez emateagatik.
Indiako emakume txiroek ez dituzte ikasketarik eta morroi edota prostituta izatera bideratzen dituzte familiak.
Amerikako emakumea familiako ardatza eta zutabe nagusia izan da. Hala eta guztiz ere, milaka emakumek bortizkeria mota asko jasotzen dute, eta eskubideak lortu badira ere, bazterkeria handia dago.
Hego Amerikako emakumea borrokalari handia izan da eta bere eskubide eta gizartearen eskubideen alde lan handia egin du.
Txilen emakumeen % 50ek biolentzia jasan behar izaten du bere senarrarengandik. Estatu Batuetan 9 segundoan behin emakume bat jipoitua da gizon batengatik, bai laguna, senarra,aita edo anaia izanik.
Emakume asko bortxaketa baten aurrean uko egiten saiatzeagatik bortxatu eta gero hil egiten dituzte.[19]
Historian zehar izan dira hainbat herri non emakumezkoek gizonezkoek baino botere eta askatasun handiago izan duten. Naturarekin harreman zuzena izan duten gizarteek zintzotasunez eta berdintasunez jokatzen dute, adibidez Amazonian.
Kultura zeltan neska eta mutilak elkarrekin hezten ziren, lanbide berdinak har zitzaketen, beren bikotea aukeratzeko eskubidea zuten. Ezkontza urte bete pasa ondoren berrikus zitekeen, eta bereizketa gerta zitekeen ondasunak berdintasunez banatuz eta emakumeek ezkondu baino lehen zituztenak mantenduz. Emakumea bere ondasunen jabea zen.
Mugimendu feminista emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna onartzeko borroka bat da. Aitorpen hori lortzeko zailtasuna faktore historikoen mende egon da, gizartearen usadio eta tradizioekin batera. Hamarkada luzetan mugimendu feministak egindako ahaleginari esker, herrialde gehienetan emakumeek prestakuntza eta lan ibilbide propioak dituzte, etxekoandre izatetik haratago. Eta, nahiz eta oraindik ere emakumeenganako diskriminazio handia egon, bai lanean bai familian, esan daiteke, oro har, emakumeen baldintzak hobetu egin direla.
Gizonezkoak baino emakume gutxiago jaio arren (proportzioa e 1/ g 1,05 inguruan dago), emakume gehiago dago helduen artean (e 1,04 / g 1 inguruan). Emakumeen heriotza tasa txikiagoa da gizonena baino, umetokitik hasita, eta batez beste bost urte gehiago bizi dira, faktore konbinazio baten ondorioz: genetika (emakumeen sexu kromosomek gene erredundanteak eta askotarikoak dituzte); soziologia (estatu gehienetan ez dute zerbitzu militarrik egin behar); osasuna (ehuneko txikiagoa suizidioan eta tabakoaren eta alkoholaren kontsumoan, nahiz eta mendebaldeko joera aldatzen ari den).[20]
XXI. mende hasieran, 2001. urtean, munduko populazio osotik, 100 emakumeko 101,3 gizon zeuden.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.