From Wikipedia, the free encyclopedia
Greziar mitologian, Artemisa[1] edo Artemis (antzinako grezieraz: Ἄρτεμις, ártemis) olinpiar jainko-jainkosa nagusietariko bat izan zen.
Artemisa baso eta muinoen; birjintasun eta ugalkortasunaren; ehiza eta beste abarren jainkosa helenistikoa izan zen.
Artemisa gero Selene titana, Diana erromatarra, Artume etruskoa, Cynthia dea[2] edo Zintiako jainkosa eta Hekate kariar jainkosa bilakatu zen[3].
Arku eta geziak aldean, ninfak lagun dituela, gauez oihanetan barrena abiatu ohi da basapiztiak atzeman beharrez. Artemisaren izaera kontraesanez betea ageri da: birjina izanik, erditzekotan zeuden emakumeen babeslea zen, nahiz eta zenbaitetan, apetak emanik, hil egiten zituen geziak jaurtikiz. Mendekatzailea eta ankerra, Akteon, Orion eta Kalisto hil zituen eta Apolori lagundu zion Niobek egindako laidoa mendekatzen. Agamemnonekin haserreturik, Ifigenia hil zezan agindu zion. Arkadian bereziki ohoratua izan zen. Efeson eta Epidauron berari eskainitako tenpluak zeuden.
Animalia basatien babesle gisa, piztiez eta txoriz inguratua irudikatu zuten. VI. mendean tunika luzez jantzia ageri da, geziak jaurtikitzeko jarreran, eta Apolo anaiari lagunduz askotan. Aro klasikoan eta helenistikoan jantzi motzez irudikatu zuten, ibilian bezala, arkua eta gezi zorroa aldean eta orein eme bat edo zakurrak atzean zituela.
Artemis izenak etimologia ezezaguna duen arren,[3] jatorri ezberdin ugari proposatu dira. Haien artean izenak sustratu preheleniko edo jatorri pre-grekoa izatea;[4] R. S. P. Beekes adituaren arabera, e/i puntu trukagarriek hipotesi prehelenikoaren alde frogatzen dute.[5] Georgios Babiniotis linguistak, hipotesi bera onartzen du, baina Artemis izenaren testigantza dagoeneko Mizenastar grezieran eman zela adieraziz.[6] Horrez gain, Hewitt-ek aipatzen du garai helenistikoko Lidian, jainkosa Artimus bezala ohoretzen zela; grezierako -mis, arameraren´rtmwš inskripzioekin ordezkatuz, eta jatorriz lidierazkoak ez ziren izenetan bezala, i soinua e/a soinuengatik ordezkatuz.[7]
Beste proposamen baten arabera, izena grezierako hartz edo árktos (PIE *h₂ŕ̥tḱos eratorria) hitzetik dator. Hipotesi honen alde, Atikako Brauron hirian ospaturiko festak (brauroniak)[8] eta Kretako Arkoudiotissa kobazuloan jainkosari egiten zitzaion hartz-gurtza ditugu.[9] Hartzen kultu hauek, kultura indoeuropar ezberdinetan partekatzen ziren praktika xamaniko eta totemiko bidez eman ziren. Gainera, antzinako greziako gune batzuetan, Kalisto Artemisaren epiteto moduan erabiltzen zen (Artemis Kalliste, Ἄρτεμις Καλλίστη)[10]. Kalistoren kondairak, ninfa (eta beraz, jainkosa) hartz handiaren (Ursa major) konstelazioaren jatorrian kokatzen duelarik.[11]
J. T. Jablonski hezitzaileak Artemis izenaren jatorri Frigiarra proposatu zuen, izena Artemas Xenofonte.[12][13][14] Charles Anthon-ek ordea, izenaren erroak persiar jatorria zuela defendatzen zuen; arta, art edo arte hitzek "bikain, santu" esan nahi dute, Artemis izena "Naturaren amarekin parekatuz, Efestosen gurtzen den arren".[15] Platonek, bere Cratylus lanean, berrinterpretazio etimologia bidez jainkosa artemḗs (grezieraz: ἀρτεμής) "seguru, zauriezin, kaltetu ezin, puru, dontzeila orbangabe" kontzeptuarekin erlazionatzen du. Beste idazle greko batzuek eta aditu modernoek Artemis, greziera dorikoan Artamis, artamos (grezieraz: ἄρταμος) edo "harakina"-rekin lotzen dute.[14]
Anton Goebel-ek "astintze" (grezieraz: στρατ edo ῥατ) erroa proposatzen du, Artemis izenari "dardo jaurtitzaile" edo "ehiztari"-aren esanahia atxikituz.[15]
Artemisaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat bere birjintasuna da; seguruenik bere ehizaren jainkosa eginkizunarekin erlazionaturik dagoena, ehiztariek harreman sexualak ekiditen zituztelako ehizaren aurretik, purutasuna mantentzeko eta harrapakinak ez uxatzeko erritual moduan. Aldi berean, erditzearekin erlazionatzen den jainkosetako bat da.[16]
Gainera, antzinaroan birjintasunak zuen ikuspegia (non, emakume batek birjina izan behar zuen ezkondu aurretik, eta behin ezkonduta, gizonaren menpeko bilakatzen zen)[17] kontuan izanik, Artemisen birjintasun iraunkorrak independentzia eta boterea adierazten zuten.[18] Izan liteke birjintasunak bere jarraitzaileen artean zabaldu zitekeen emankortasun kontzentrazioa islatzea, aurretiaz beste ama jainkosek egin zuten bezala.[19]
Halaber, idazle batzuek Artemisaren birjintasuna bere asexualitasunaren adierazpen moduan interpretatu zuten, eta Artemisa bera Afrodita jainkosaren aurkakotzat.[19] Ideia honen alde, Himno Homerikoetan (5, Afroditarentzat) egiten den aipamena erabiltzen da, non Afroditak ez duen indar edo botererik Artemisa, Hestia eta Atena jainkosa asexualen gain.[18]
Birjina izan arren, antzinako zein aro modernoan adituek, Hera eta Demeter jainkosa olinpiarrekin batera,[4] Artemisa ama jainkosaren arketipoarekin lotu dute.[20] Hain zuzen ere, usadioz jainkosa ugalkortasunarekin erlazionatu da, emakumeek laguntza eskatzen ziotelarik erditze garaian.[21] Herodotoren arabera, Eskilo antzerki-idazleak Artemisa Persefonerekin (Demeterren alaba) parekatzen zuen; bere Arkadiako jarraitzaileek ere Demeter eta Persefonerekin erlazionatzen zuten.
Asia txikian ere, jatorrizko ama jainkosekin (Zibele eta Anahita Iranen adibidez) erlazionatu zen. Greziarrek Anatoliako ama jainkosa hauek adoptatu zituzten (K. a. VII. mendea) ekialdeko ohiturak zabaltzen ziren bitartean. Baina ama jainkosa baten figura ez zetorrenez bat greziar panteoiarekin, bere ezaugarri eta gurtza ohiturak jainkosa ezberdinen artean (Artemisa eta Afrodita, esaterako) banatu ziren.[22]
Antzinako greziarrek Efesoko herrian (egungo Esmirna hiritik gertu, Turkian), Artemisaren tenplua, Artemision edo Dianaren tenplua (grezieraz: Ἀρτεμίσιον; turkieraz: Artemis Tapınağı) eraiki zuten. Artemisaren bigarren tenplu ezagunena bilakatu zen, Delosekoaz gain.[23][24]
Brontze Arotik temenos edo gune sakratu bezala erabili zen; Kalimakoren hitzetan, hasierako tenplua amazonek eraiki zutelarik.[25][26] Baina K. a. VII. mendean jazotako uholde baten ondorioz tenplua desegin, eta K.a. 550. urtean eraikin berri bat sortu zuten,[27] Munduko zazpi mirarietako bat kontsideratu zena.[28] Tenplua kristauek V. mendean itxi zuten, geroztik hondarrak eta tenpluaren 121 zutabeetako bat baino ez direlarik geratzen.[29][30][31]
Joniarrek tenplu honetan gurtzen zuten jainkosa arkaiko eta pre-helenikoa, Zibele jainkosa frigiarraren parekoa, Artemisaren erlazionatu zuten Interpretatio graeca bidez. Jainkosaren jainkoaizuna "Efesoko anderea" bezala ezagutzen zen; normalean egurrez eginiko gurtza-irudi (xoanon) bat,[32] anbarezko bihi handi askorekin apaindua. Jainkosaren ezaugarriak ekialde hurbileko eta egiptoar jainkoen estiloan irudikatzen ziren: gorputz eta hankak kandela edo zutabe itxurako terme batean biltzen ziren, bertatik oinak nabarmenduz. Horrez gain, Efeson eginiko txanponetan jainkosak horma itxurako koroa bat (polos) darama,[33] Zibelerengandik eskuraturiko hiri-babesle izaeragatik. [34][22][35]
Apostoluen Eginetan, Efesoko metal-errementariek Paulo Tarsokoaren kristautasun-sermoiengatik mehatxatuak sentitu ostean, jainkosaren defentsan istiluak eratu zituzten.[36]
Artemis ilargiaren jainkosatzat hartzen zen, Selene jainkosarekin erlazionatua eta ilargiaren pertsonifikazioa.[37][38][39] Bi jainkosen sinkretismoaren aztarnak Iliadan aurkitu daitezke, non Artemis eta Heraren arteko liskar batean Artemisak ilargia interpretatzen zuelarik, Heraren aire lurtarraren aurka.[40][41][42] Gainera, Eskilo antzerki-idazleak Selene edo ilargia Letoren alaba bezala deskribatu zuen.[42] Halaber, Artemisen argia sortzeko gaitasuna (Diana Lucifera) geroago eratu zen. Eta Plutarkok Salaminako guduari buruz idatzi zuenean, Artemisak habilidade hau ateniarrak ilargi betean garaipenera gidatu zituela zioen.[37][43][44]
Genealogia kontuan izanik, jainkosa Apolo eguzkiaren jainkoaren arreba da, zentzuzkoa dirudi ilargiarekin erlazionatzea. Eta Estrabon-ek, eguzki eta ilargi argizagien zein jainko-jainkosen harremanak airearen tenperatura aldatzea eta gaixotasun infekzioso zein bat-bateko heriotzak garatzea eragin zezaketen. [37][45] Bestalde, Artemisak erditze eta emakumeekin zuen harremana zela eta, menstruazio zikloarekin ere erlazionatu zuten, eta denborarekin ilargiari. Erditzeak ilargi betean errazagoak zirela uste zen, bi ilargi eta erditze jainkosak aldi berean ikus zitezkeelarik.[44][46][47]
Artemisak bere bere aitari eskatu zizkion arku eta geziak eta ziklopearengandik eskuratu zituen.[48][49]Himno homerikoen arabera, Artemisak urrezko arku eta geziak zituen eta arkularitza gustoko zuen. Bere epitetoak Khryselakatos ("urrezko azkona duena") eta Iokheira ("geziz zaparratua") ziren.[50][51] Artemisaren geziek berebiziko heriotza eta gaixotasunak (emakume eta nesketan) sortzen zituzten eta bere arkua Kalistoren birjinitate zinaren lekuko izan zen.[52]
Oreina Artemisarentzat sakratua den animalia bakarra da;[54] zezen bat baino handiagoa eta adar urreduna zen oreinak ikusi ostean haiekin maitemindu zelarik, sakratutzat hartuz. Ikusi zituen bost oreinetatik lau harrapatu eta bere gurdia gidatzeko erabili zituen.[48] Kasu batean, bere burua (kasu batzuetan Kalisto bezala izendatua) orein batean bilakatu zuen.[55][56] Heraklesen hamabi lanetan, hirugarren zeregina Euristeok bidali zuen. Lana Zeriniako oreina (Grezieraz: Κερυνῖτις ἔλαφος Kerynitis elaphos, Latinez: Elaphus Cerynitis) atzematea zen, Artemisari ihes egin zion oreina. Jainkosa oreina zauritu zutela konturatzean haserretu zen arren, beharrekoa zela azaldu ostean Herakles barkatu zuen. Halabaina, bere haserrea lasaitzeko Euristeoren aurka jo zuen.[48][57][58]
Artemis askotan bere ehiza zakurrekin irudikatzen da, Panengandik eskuratu zituenak Arkadia basoan.[59] Panek lehoiak ehizatzeko gai ziren bi zakur zuri-beltz, hiru ilegorri eta orbandun bat eman zizkion jainkosari. Eta arkadiar arrazako txakur eme onenak. Halaber, Artemisak soilik zazpi zakur erabiltzen zituen ehizatzera ateratzen zen bakoitzean.[48][60]
Kalimakok Artemisa urrezko gurdi bat gidatzen deskribatzen du, ehizan harrapatu eta urrezko adarrak zituzten lau orein arrek gidatua. Deskribapen honetan gurdiaren bridak ere urrezkoak dira.[48] Beste hainbat idazle zein olerkilarik ere deskribatzen dute Artemisaren urrezko gurdia, haien artean himno homerikoek[61] eta Euripides drama grekoan.[62][63]
Ohikoa ez den arren, kasu batzuetan (bere Aetolako gurtzan, adibidez) Artemisa xabalina edo lantza batekin errepresentatu da.[62] Horrez gain, Oviden Metamorfosian lantzaren deskribapena aurkitu daiteke.[64] Bitartean, arrantzaren jainkosa bezala jasotako kultuan, lantza beharrean, arpoiarekin irudikatu da.[63] Bestalde, dontzeilen dantza eta abestien jainkosa bezala, askotan Artemisa lira batekin erakusten da antzinako artelanetan.[65][66]
Atikako Brauron hirian ospaturiko festetan (brauroniak),[8] Artemisen ohorean hartzak sakrifikatzen hasi ziren. Horrez gain, hiriko neska gazteak (5 eta 10 urte artekoak) azafrai togatan janzten ziren eta hartz moduan jokatu; izan ere, jainkosak hartz bat mantsotu zuen hiritarrekin batera bizitzeko, baina hartzarekin jolasten zegoen neska birjin batek animalia haserretu zuen, eta honek erasotu ostean, neskaren anaiek hartza hil zuten. Ondorioz, izurrite bat garatu zen eta orakuluak aitortu zuen zorigaitzarekin amaitzeko birjin batek hartz papera egin beharko zuela. Geroztik, ez zen neska birjinik ezkontzen ahalbidetu, honek ez bazuen aurretiaz hartz papera bete.[67]
Basurdea, orohar ehiztariekin erlazionaturiko animalia da, kultura ezberdinetan gudarien ezaugarriekin erlazionatua.[68] Partzialki, ehizatzeko edo otzantzeko duen zailtasunagatik preziatua zen, Artemisaren habilidadea ohoretzeko sakrifikatzen zelarik. Greziar mitologian heroi ugarik basurdeak ehizatu dituzte edo basurdeengatik hil dira.[69][70]
Haien artean, Oeneus eta Adonis Kalidoniako basurdeak edo Aetoliako basurdeak hil zituen. Animalia hau Artemisak bidali zuen Kalidon hiria suntsitzeko, bere erregeak (Oeneus) jainkosari opalkuntza bat ematea ahaztu zuelako.[71] Basurdea hiltzeko ehiza bat ospatu zen, (Kalidoniako basurdearen ehiza) non argonautek, Meleagrok (Oeneusen semea) eta Atalantak (Artemisak hezitako ehiztaria) parte hartu zuten. Amaieran, basurdea hiltzea lortu zuten, baina Meleagro borroka baten ondorioz hil zen eta jainkosak erregearen aurkako mendekua eskuratu zuen.[72][73][74]
Kaloniako basurdearen ehizaren ostean, hil berri zen Meleagroren ahizpak edo Meleagridak (Antzinako grezieraz: Μελεαγρίδες) anaiaren heriotza deitoratu zuten. Jainkosak printzesei errukia hartu zien eta pintadatan itxuraldatu zituen, bere animalia gustokoenetarikoak.[75]
Zapelatzak jainkoek faboretutako hegaztiak ziren, haien artean Apolo eta Artemisa.[76][77]
Artemisa, Targelion (egutegi atikoko 11. hilabetea, maiatza inguruan) hilabeteko seigarren egunean jaio zen, sakratu bilakatu zena, bere urtebetetzea bezala.[78][79]
Artemisak Zeus jainko eta Leto titanaren alaba zen eta Apolo jainkoa neba bikitzat zuen.[1][85]
Greziar mitologia klasikoan hainbat kontakizun ezberdin daude Artemis eta Apolo jainko bikien jaiotzen inguruan. Gurasoei dagokienez, kontakizun guztiak bat datoz Zeus olinpiar jainkoaren eta Leto titanaren seme-alabak direla. Informazio iturriaren arabera ordea, Artemis lehenago jaiotzen da, besteetan aldi berean eta batzuetan geroago.[86]
Artemis-en haurtzaroa ez dago egun arte iraun duen mitoetan deskribatua. Jainkosak uste zuen moirak aukeratu zutela emagina izateko; bereziki bere ama Leto, Apolo anai bikiaren erditzean lagundu ostean. Horregatik bere birjintasuna eta bere ingurukoena babesten zuen.[87]
Kalimatoren olerki batean imaginatzen da "Artemisak bere burua entretenitzen duela mendietan arkularitzarekin". Jasota dagoen eta ezaguna den gertakari bat; Herak astindu ostean, jainkosak negarrez bere aitari, belaunean eserita zegoela, hamar desira aitortzea eskatu zizkion:[48]
Kalimatok ere kotantzen du nola Artemisek ehiztaria izateko beharko zituen tresnak biltzen joan zen bere haurtzaroa; haien artean, Lipariko irlan Efasto eta Ziklopeak arku eta geziak egin zizkiotenean, Pan bisitatu eta bere ehiza zakurrak jaso zituenean edo arkularitza praktikatzen zuenean (lehenik zuhaitzekin, gero animalia basatiekin).[48]
Aktaion (/ækˈtiːən/; antzinako grezieraz: Ἀκταίων Aktaion) Tebaseko heroi famatua izan zen. Ovidio olerkilari erromatarraren arabera, eguna ehizatzen igaro ondoren etxera bueltatzean, Aktaionek Artemis eta bere ninfak bainatzen ikusi zituen Ziteron mendiko haitzulo batean. Jainkosak orein batean bilakatu zuen eta bere ehiza zakurrak jazartzeko bidali zituen, harrapatu zutenean jabea hil eta janez.[88][89][90]
Beste mitoaren bertsiotan detaile ezberdinak aldatzen doaz; batzuetan Aktaionek bizirautea lortzen du, edo bestetan, zakurrak bereak izan beharrean jainkosarenak dira.
Adonisen istorioaren bertsio batzuetan, jainkosa baino ehiztari hobea zela esan ostean, Artemisak basurde basati bat bidali zuen, Adonis bere harropuzkeriagatik hiltzeko.[74][91][92][93][94] Beste kontaera batean, Artemisak Adonis mendeku bezala hil zuen; Afrodita Hipolitoren (jainkosa birjinaren jarraitzaile sutsua) heriotzaren erruduna zenez, Artemisak Adonis (Afroditaren begikoa) mendekatu zuen.[95]
Beste istorio baten arabera, Adonis Aresek hil zuen (ez Artemisek), Afrodita zigortzeko haserraldi jeloskor batean.[63]
Orion (antzinako grezieraz: Ὠρίων edo Ὠαρίων; latinez: Orion) ehiztari erraldoia zen eta jainkosaren ehiza-kidea. Oenopion bilatzeari eten ondoren, jainkosa eta bere ama ezagutu zituen, haiekin ehizatzera elkartuz. Baina planetako edozein pizti ehizatzeko gai zela bezalako ahoberokeriak esan zituenean, Gaiak entzun zuen eta eskorpioi erraldoi bat bidali zuen Orion ziztatzeko. Hil ostean, Artemisek izarretara bidali zuen Orionen konstelazio moduan.[42][97][98][99][100][101] Beste kontaldi batean, Orion Leto eskorpioi baten bidetik baztertzean hil zen.[102]
Istros idazleak jainkosa Orionekin maitemintzen zela zioen. Maite izan zuen pertsona bakarra zen, elkar ezkondu nahi zutelarik; baina Apolok Artemis engainatu zuen, Orion itsaso urrunean igerian zegoen bitartean arrebarekin apustu bat eginez. Apustuaren arabera, jainkosak desberdindu ezin zen puntu bat (Orion igerian) jo beharko zuen bere geziekin. Artemisa ehizaren jainkosa izanik, bere itua jo eta Orion hi zuen, gerora izarretara igoz.[100]
Beste idazle batzuek Artemisak Orion hil zuela diote; bere jarraitzaileetako bat (Opis)[103] edo jainkosa bera bortxatzeagatik.[55][58] Edota, Aratoren arabera, jainkosari toga kentzean honek autodefentsa moduan hil zuen.[48][63]
Homeroren Iliadan, Eos jainkosak Orion limurtu zuen, jainkoak haserretuz eta Artemisak ehiztaria hil zuen.[71]
Panopoliseko Nonnusen Dionysiaca olerkian, Aura titan eta jainkosa Artemisen laguntzailea da. Ehizaren jainkosarekin atera zen egun batean, bere gorputza emakumezkoegia delakoan jainkosaren birjintasuna dudan jartzen du. Mendeku bezala Artemisek Nemesisi laguntza eskatzen dio eta azpikeria bidez Aurari bere birjintasuna kentzen diote. Nemesisek Eros konbentzitzen du Dionisio engainatu eta Aurarekin maitemintzeko, jainkoak Aura intoxikatu eta bortxatzen du. Gertakizun hauen ondoren, Aura hitzaile zoroa bilakatzen da; haurdun geratu eta bikiak eduki zituenean, bat jan zuelarik (bestea, Iako, Artemisak salbatu zuen).[63]
Polifonte etxetik alde egin nahi zuen neska gazte bat zen. Bere bizitza Antoninus Liberalisen Metamorfosis liburuan azaltzen da, bertan sio Afrodita gurtzen zuten gazteek ez bezala, emazte eta ama izateari uko egin eta askatasun birjinala eskuratu nahi zuela Artemisarekin batera. Hori dela eta, Afroditak hartz baten kumeak izatera zigortu zuen. Kume horiek (Agrius eta Oreius)[104] Zeusen gorrotoa pizten zuten pizti kanibalak ziren, amaieran Ares eta Hermesek Polifonte eta bere familia guztia hegazti ezberdinetan bihurtu zituzten.[105][106][107]
Artemisak Troiako gudan paper garrantzitsua izan zuen, bere ama eta anaiak bezala Troiaren alde egin zuen. Greziarren Troiaranzko bidaiaren hasieran, jainkosak itsasoa lasaitu zuen, bidaia geldituz. Baina orakulu baten aholkua jarraituz, greziarrek Agamemnonen alaba (Ifigenia, bere "gauza" kuttunena) sakrifikatu zuten, Agamemnonek jainkosari eginiko promesa betez eta bere mesedea eskuratuz.[108][109][110] Higinoren Fabulaen, Ifigenia ez da sarifikatzen, beste iturri batzuen arabera Artemisak Taureara eraman zuen[111] eta Hesiodoren Emakumeen Katalogoan, Artemisek Hekate gaueko, sorginkeriako eta infernuko jainkosan transformatu zuen.[112][113]
Iliadan greziar eta troiarren arteko gatazka eman zenean, Artemis eta Hera ere kolpetara heldu ziren. Herak bere gezitokiarekin belarrietan jotzean, geziak erori ziren. Artemisa negarrez joan zen bere aitarengana (Zeus) eta amak (Leto) atzetik jardun zion, gezi eta arkuak jasotzen.[71][41]
Artemisa askotan antzeko ezaugarriak dituzten edo antzeko funtzioak betetzen dituzten jainkosa atzerritarrekin parekatuta aurkitzen da.[114]
Bastet, Baset, Bast edo Bastis, katu itxurako jainkosa egiptoarra da, gutxienez Egiptoko II. dinastiatik (2890 BCE) gurtua Behe Egiptoko Bubastis hirian.[115] Eguzkiaren jainkosa bezala ezaguna zen, Behe Egipto eta erregearen defendatzaile bezala; eta ondorioz, Ra eguzkiaren jainkoarekin erlazionatua, Ra-ren begiaren ordezkaritzat hartu zen.[116] Hasiera batean lehoi-gudari baten itxurarekin irudikatzen zen, baina katu bezala amaitu zuen.[117] Katu etxekotuarekin zuen lotura zela eta, modu sekundarioan haurdunaldi eta erditzearen jainkosatzat ere jardun zuen.[118] Horrez gain, gaixotasun infekzioso eta espiritu gaiztoen aurkako defentsaren jainkosa bezala gurtu zen.[115]
Ptolomeotar dinastian buruzagi egiptoarrak greziarrengatik ordezkatuak izan ziren 300 urtez, eta denbora hartan greziarrek Artemisa eta Bastet jainkosak parekatu zituzten. Hori dela eta, Bastet-ek ilargiaren gurtza eta honekin hartu zituen, kasu batzuetan "ilargiaren begia" izendatzen zutelarik.[118][119]
Anahita, edo bere forma zaharrean Arədvī Sūrā Anāhitā, "Ur-en" (avesteraz: āpas; persieraz: Ābān) jainkosa indo-iraniarra da; emankortasunarekin, sendakuntzarekin eta ezagutzarekin erlazionatua.[120][121]
Zaldien jainkosa eta hipostasis zoroastrista da, bere izenak "zaldi sendoekin" esan nahi du.[120]
Etruriar mitologian, jatorri neolitikoko gau, ilargia, heriotza, baso, animalia eta natura, emankortasun, batzar zein ehizaren jainkosa da.[122] Ostera, etruriarrek Artume Artemisa jainkosa greziarrarengatik ordezkatu zuten.[123] Egungo Aritimino eta Arezzo (Aritie izenpean) herri italiarrak, etruriarrek eraiki zuten jainkosaren izenean.[124]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.