Adonis
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Adonis[1] greziar mitologian (antzinako grezieraz: Ἄδωνις, ˈadɔːnis ahoskatua, Adōnis) kultu izaki konplexu bat izan zen. Fenizian du bere jatorria eta hortik Mediterraneo osora hedatu zen, nahiz eta beti ezaugarri semitikoak mantendu zituen. Paper ezberdinak izan zituen eta bere ezaugarri, esanahi eta helburuak oraindik eztabaidatuak dira greziar ikerlarien artean.
Adonis | |
---|---|
Antzinako Greziako erlijioa | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Domeinua | Edertasuna eta Desira |
Familia | |
Aita | Cinyras (en) , Theias (en) eta Phoenix (en) |
Ama | Myrrha (en) eta Alphesiboea (en) |
Bikotekidea(k) | Afrodita eta Pertsefone |
Seme-alabak | Beroe (en) eta Golgos (en) |
Anai-arrebak | Myrrha (en) , Braesia (en) , Laogore (en) eta Orsedice (en) |
Adōnis Adonai hitz semitikoaren bariazio bat zen, Itun Zaharran Yahweh izendatzeko erabiltzen zen izenetako bat. Siriako Adonis oso harremandua dago Txipreko Gauas (edo Aos) pertsonaiarekin, Egiptoko Osiris, Tammuz semitikoarekin da eta etruskoen Atunisekin. Frigiaren artean Attis izena zuen. Jainko guzti hauek berriro jaiotzearekin eta landarediarekin zeuden harremanduak. Mitologia germaniarrean hedatu zela uste dute aditu batzuek eta Baldur izena hartu zuela. Bere kultua emakumeen artean ematen zen eta Safon garatu zen, Lesbosen, K.a. VII. mendearen inguruan.
Mito guztietan bezala, istorioaren aldaera ugari daude. Iturri grekoetan (Esmirnako Bion, esaterako) eta beste erreferentzia erromatarretan (Ovidioren Metamorfosiak, adibidez) oinarrituta, honako kontakizun hau ezar daiteke Adonis eta Afroditaren historiari buruz:
Ziniras izeneko errege handi batek (iturri batzuetan Tias, Asiriako erregea bezala ezagutzen dena) Mirra izeneko alaba bat izan zuen, oso ederra zena. Erregea harro esaten zuen bere alaba Afrodita jainkosa baino ederragoa zela. Afroditak horren berri izan zuenean, haserretu egin zen eta Ziniras zigortzea erabaki zuen. Bere seme Eros erabili zuen, desioaren eta erakarpenaren jainkoa, Mirra bere aitaz maitemindu zedin, eta engainatu ere egin zuen intzestua egin zezan. Zinirasek trikimailuaz ohartu zenean, Mirra hilko zuela zin egin zuen, eta honek ihes egin zuen aitarengandik, haurdun zegoela konturatu ondoren. Mirraa lotsatuta eta damututa zegoen bere ekintza lazgarriaz, eta jainkoei eskatu zien babes zezatela. Haiek, Mirra zuhaitz bihurtu zuten beren eskaerari erantzunez.
Bederatzi hilabete geroago, mirraren zuhaitza zatitu eta Adonis jaio zen, amaren edertasuna heredatu zuena. Afroditak haurra ikusi zuenean, hain txundituta geratu zen haren edertasunarekin, ezen gainerako jainkosengandik ezkutatzea erabaki baitzuen, eta bere munduan gorde zezan agindu zion Persefoneri, azpimunduaren jainkosari. Persefone haurra zaintzen hasi zen; hazi ala, gero eta erakargarriagoa zen eta jainkosa hartaz maitemindu zen.
Orduan gatazka sortu zen Afrodita eta Persefoneren artean, Persefonek ez baitzion Adonis Afroditari itzuli nahi. Zeusek, jainkoen erregeak, esku hartu zuen eta agindu zuen Adonisek urteko lau hilabete eman zitzala Persefonerekin Hadesen, Azpimunduan, gero lau hilabete Afroditarekin, eta gainerako lau hilabeteak nahi zuen bezala. Adonis Afroditaren xarmaz hain liluratua zegoenez, lau hilabete libre ere berari eskaini zizkion.
Adonis ehiztari trebea zen eta Afqako basoan (Biblosetik gertu) ehizan ari zela, basurde batek eraso egin zion eta odolusten hasi zen Afroditaren besoetan. Jainkosak bere nektar magikoa bere zaurien gainera isuri zuen, eta Adonis hil zen arren, odola nektarrarekin nahastu eta lurrera isuri zen, eta leku horretan lore bat sortu zen. Bere usaina Afroditaren nektarraren berdina zen eta bere kolorea Adonisen odolarena zen, anemonaren lorearena. Odola ibaira iritsi eta ura gorriz tindatu zuen, eta ibaia Libanoko Afqa herrixkan dagoen "Adonis ibaia" izendatu zuten (gaur egun Nahr Ibrahim edo Abraham ibaia izenez ezagutzen dena)[2].
Adonisen mitoa oso lotuta dago landarediaren eta nekazaritza-zibilizazioen kontzeptuarekin, hala nola Mesopotamia edo kanaandarren lurraldeetako ziklo bioklimatikoarekin (historia Ekialde Hurbilean sortu baitzen). Negua malenkoniazko eta tristurazko urtaroa zen bertako biztanleentzat, udaberriak eta udak, kontrara, bizitza berri baten poza zekarkien[2].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.