alpinista medikua bidaiaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Trini Cornellana Puigarnau (Sant Ramon, Lleida 1950eko martxoaren 6a) alpinista eta medikua da. 1970 eta 1980ko hamarkadetan antolatu ziren lehen espedizioetan hartu zuen parte. Eskalada horietan espedizioko mediku lanak ere egiten zituen. Shakhaur mendia (Afganistan, 7.116 metro) igo zuen lehen emakumea izan zen, eta igoera batean 7.000 metrotik gora egin zuen estatuko bigarrena. Gainera, euskal espedizio batek igo zuen lehen zazpi milakoa izan zen. Euskal Herriko mendizaletasunaren historian hizki larriz idatzita dago haren izena.
Trini Cornellana Puigarnau | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sant Ramon, 1950eko martxoaren 6a (74 urte) |
Herrialdea | Katalan Herriak |
Bizilekua | Oiartzun |
Hezkuntza | |
Heziketa | Nafarroako Unibertsitatea medikuntza |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua eta mendigoizalea |
Lleidako herri txiki batean jaioa, txikitatik naturarekiko zaletasun handia izan zuen. Herritik gertu zeuden Cadi Moixero izeneko mendiak eta haiei begira egoten zen txikitan. Orduan ez zegoen mendira joateko zaletasunik. Oinez bai, asko ibiltzen ziren garai hartan. Zuhaitzetara igotzea zaletasuna bihurtu zen harentzat, eta gauean zerura begira ere orduak pasatzen zituen. 1966an, oso gazterik, Iruñara ikastera etorri zen, lehendabizi Unibertsitate aurreko ikasketak (PREU izenarekin ezaguna) egitera eta gero Medikuntza burutzera.
Mojen eskola batzuetan zegoen mendi talde batean hasi zen irteerak egiten astero, edo bi astetik behin. Emakumeak bakarrik joaten ziren irteera haietara, eta isil-isilik joaten ziren. Harentzat izugarria zen, mendia deskubritu zuelako bete-betean. Iruñako lehen neguan, Ergako Trinidadera (Irurtzun, Nafarroa, 1.094 metro) buruturiko txangoan, elurtuta erabat, bertako leku batzuetatik jaisteko, Nafarroako mendizale batzuekin geldituta zeuden, eta handik jaisten lagundu zieten soka batzuekin. Nola nahi ere, 1972. urtera arte ez zen bete-betean mendian sartu.
Medikuntza ikasketak egiten ari zela, Jabier Garaioa gelakidearekin batera hasi zen eskalatzen, Etxaurin [Nafarroa]. Gerora kateatuta gelditu zen txikitan hain urrutira ikusten zituen mendi haiekin. 1972an eskalada-bideak eginez hasi zen Iruña inguruan, Etxaurin, eta Pirinioetan, Ansabereko orratzetan, esate baterako. Eta neguan Pirinioetako gailurrak eta mendiko eskia deskubritu zituen.
1975ean, Medikuntzako karrera amaitu ondoren, Xabier Garaioa eta beste ikaskide batzuekin Chamonixeko Alpeetan Mont Blanc (4809 m), Mont Blanc de Tacull (4247 m) Dolomitasen, Lavaredoko Tontor Handia (3004 m), Cristallo (3154 m) Tofana de Rozes (3237 m) igo zituen.
1976an, Shakhaur mendia (7.116 m) igo zuen Nafarroako espedizio batekin, ipar-ekialdeko ertzetik. Lehenengo zazpi milakoa izan zen euskal alpinismoaren historian. Trinik ez zeukan eskarmentu handirik eskaladan, baina espedizioan sartu zen medikua izateagatik, Garaioaren emaztea zelako, eta aldi berean haien eskalada-lagun zelako. Espedizio handian, Trinirekin batera mendizale hauek parte hartu zuten: Gregorio Ariz, Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa, Javier Pastor, Julián Lasterra, Abel Albira, Julián Ayúcar, Leandro Arbeloa eta Gerardo Plaza.
Espedizioa oso berezia izan zen. Iruñetik ekainaren 15ean abiatu ziren. Land Roverez lehenik Europa zeharkatu zuten, eta, ondoren, Afganistanera iritsi ziren hamasei egun pasatu eta gero. Kabul hiriburutik oinarrizko kanpalekura beste bi egun behar izan zituzten.[1]
Mendian bi astez lanean aritu ondoren, gailurrerako saiakera iritsi zen. Bost egun behar izan zituzten oinarrizko kanpalekutik gailurrera ailegatzeko. Tamalez, jaitsieran Leandro Arbeloa hil eta Gerardo Plaza zauritu zen. Espediziokide batzuk, poloniar alpinista batzuen laguntza handiarekin, lortu zuten Gerardo Plaza onik jaistea menditik.[2][3]
Trini gailurrera bigarren taldean iritsi zen. Hortaz, lehenengo 7000koa izan zen euskaldunentzat eta lehen emakumea gailur horretan eta 7000 metrotik gora igo zen estatuko bigarren emakumea.[4][5]
1977an, Aljeriako hegoaldera joan zen Hoggar mendigunera, Assekrem, Illamane, Souinam, Taridalt, Teulags, Aoukenet, Garet el Djenoun... mendi bolkanikoetan eskalatzera.
Marokon, berriz, Atlas mendikatean, Toubkal tontorra (4167 m) igo zuen .
Udan, berriz ere Alpeetan, 4000eko Zeharkaldia egin zuen; Mont Blanc (4809 m), Mont Maudit (4465 m), Mont Blanc de Tacul (4247 m), Erraldoiaren Hortza (4013 m), Aiguille de Midi-Aiguille du Plan Zeharkaldia, Tour Ronde (3792 m) eta Aiguille de Midiko Kosmikoen Ertza ere burutu zituen.
1978an, Pariseko Cochin-Port Royaleko Medikuntza Fakultatean bere formazioa osatzen ari zela-eta, Fontainebleauko boulder eskaladako zonaldean ibili zen. Era berean, udan ez zen geldirik egon eta Italiako Dolomitasen Campanile Altuan, Brenta Baxuan, Espígolo Divonan… eskalatzen ibili zen.
Hurrengo urtean, Nafarroa Garaiko espedizio bat abiatu zen Iruñetik, Dhaulagirira (8.167 m) igotzeko asmoz, ipar-ekialdeko ertzetik. Trinik mediku eta alpinista gisa parte hartu zuen beste mendizale hauekin batera: Mari Abrego, Pitxi Egillor, Agustin Setuain, Javier Garreta, Jose Ignacio Ariz, Angel Irigoien, Angel Martinez, Pilar Ganuza, Javier Sorozabal, Ramon Bramona, Joan Massons, Jordi Colomer, Gregorio Ariz, Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa, Gerardo Plaza eta Jordi Pons[6].
1979ko maiatzaren 12an tontorrera heldu ziren azken lau mendizaleak Ang Rita xerparekin batera, lehen zortzi milako euskalduna lortu zutelarik[7].Trinik bigarren saiakeran parte hartu zuen eta laugarren kanpamenduraino igo zen (7.180 m.), beste hiru kiderekin batera[8]. Halabaina, eguraldi txarragatik behera egin zuten espedizio buruak aginduta.[9]
Urte horretan ere Chamonixen izan zen berriro eta han igo zituen: L 'Aiguille de Bionnassay (4052 m), Rocheforteko Ertza (4015 m), Forbes a l´Aguille du Chardonet ertza (3824 m) eta les Courtesen NE aurpegia (3856 m).
1980an, Peruko Andeetara joan zen. Han, mendikate Zurian Pisco Nevado (5752 m), Chopicalqui (6354 m) eta Hego Huascaran (6768 m) mendi ezagunak igo zituen.
Urtebete beranduago, 1981ean, berriz, Frantziako Écrins mendigunean La Meije gailurra (3984 m), Le Râteau (3809 m), La Grande Ruine (3765 m), la Barre des Écrins (4102 m) igo zituen. Eta 1982an, Kantauri zeharkaldia burutu zuen.
1983an, Pili Ganuza nafarrarekin Baltoro glaziarraren ibilbidea egin zuen Aragoiko espedizio batekin Gasherbrum 1era, Hidden Peakera, eta K2 mendiaren oinarrizko kanpamenduraino joan ziren, han baitzegoen Nafarroako espedizioa.
G1eko oinarrizko kanpamenduan zegoela, arazo mediko batengatik mediku lanak egitera joan zen K2ra, Al filo de lo imposible izeneko programako arduradunek deituta. Han Juanjo San Sebastian mendizale bizkaitarra ezagutu zuen.
Hurrengo urtean, 1984an, Pirinio mendien zeharkaldia burutu zuen, Kantauritik Mediterraneora bitarte. Amaitutakoan, «Pirinioetako zeharkaldia. Gida grafikoa» izeneko gida-liburua idatzi zuen Juan Manuel Errea, Juan Mari Eguillor eta Eduardo Ezkurra mendizaleekin batera. Iruñako Anaitasuna SCDRko Mendi Saila arduratu zen edizio lanez. Ordurarte eginak ziren gidaliburuetan egileak frantziarrak izateaz gain, ibilbideen bertsioak ere frantziarrak zirela ohartuta zeuden. Gainera, etapa bakoitzeko profil grafiko bat ere erantsi zuten, eguneko ibilbidearen berezitasunak laster eta argiro ikusteko.[10]
Juanjo San Sebastian mendizalearen bitartez parte hartu zuen espedizio honetan, mediku eta alpinista gisa. Oraingoan Pitxi Eguillor eta biak "Al filo de lo imposible" ekipoan parte hartu zutelarik. Urte hartan, oinarrizko kanpamenduan bi espedizio zeuden: bata, haiena eta Txekoslovakiakoa, bestea. Espedizioak Everest mendia iparraldeko ertzetik igotzeko saiakera egin bazuen ere ez zuen gailurra zapaldu, eguraldi txarra zela-eta.[11][12] Gauza bera gertatu zitzaien txekoslovakiarrei ere.
1988an, Kataluniako emakumeen espedizio batek Cho Oyura [Nepal, Himalaia, 8.201 metro] joateko gonbita egin bazion ere, ezezkoa eman zuen ordurako bere bizitza profesionalari lehentasuna ematea erabakia hartuta baitzuen.
Urte horretan, Laponiako zeharkaldia burutu zuen, fondoko eski eta lerarekin. Finlandiako Laponiako ipar-ekialdean dagoen Näätämö herritik abiatuta 21 egunez Norvegiako kostaldean dagoen Storslettera iritsi zen.
Urte berean, Txumarrak zuzendutako Iruñako Anaitasuna SCDR elkarteko Mendi Sailak Pirinioetako Zeharkaldia antolatzeko ardura hartu zuen, urteetan zehar mantendu den zeharkaldi enblematikoa. Ibilbidea eta azpiegitura planifikatzeko, mendizale talde txiki bati laguntza eskatu zion, tartean Trini Cornellanari.
1989an, Trinik Done Jakue bidea bakarka burutu zuen, Candanchutik Finisterreraino.
Mendi zeharkaldiak egiten jarraitu zuen Trinik: 2003an, Korsika; 2007an, Cavalls de Vent; 2009 eta 2010ean, Tour del Mont Blanc; 2011n, Carros de Foc; 2014an, Queyras; 2015ean, Aosta bailara.
Beste leku batzuetara egindako bidaietan, Eskozia, Italia, Islandia... beti bilatu izan du bidean aurkitzen zituen mendietan ibiltzea.
1990ean, Iruñatik Oiartzungo Lataborda baserrira etorri zen bizitzera. Han bizi zen Jon Mikel Orkolaga, urte horretatik bere bikotea izan zena.
Pirinioetako irteerak mantentzeaz gain, Azore uhartetik Mallorcara eta Bartzelonatik Atenasera belaontzian egindako zeharkaldien ondoren, yateko patroi titulua atera zuen eta horrek 1994tik 2011ra bitartean bere bizitzari zaletasun berri bat ekarri zion: nabigazioa.
Urte horietan zehar Kantauri itsasoan Galizaraino nabigatu zuen, mendebaldera; eta Bretainiara, iparraldera. Era berean, Balear Uharteetan eta Korsikan ere nabigatu zuen.
2005. urtea berezia izan zen Trinirentzat: Txileko hegoaldean dagoen Puerto Williamsetik abiatuta Antartika penintsulara nabigatu zuen, itsaso haietarako prestatutako belaontzi batean, Le Sourire, Hugo, Mari Paul eta 11 eta 9 urteko Mari Lou eta Theo seme-alabekin, patroi eskarmentuaz baliaturik. Ahaztu ezineko bidaia izan zela gogoratzen du Trinik, pribilegio hutsa.
2010ean, belaontzi eta patroi berberekin Malvina Uharteetatik Hegoaldeko Georgia Uharteetara nabigatu zuen.
45 urte igaro ondoren, Luis Arrieta, Daniel Burgui eta Jesus Iriarte nafarrek 1976an nafar espedizio batek 7116 metroko garaiera duen Afganistango Shakhaur mendira egindako espedizioaren ingurukoak biltzen dituen dokumentala burutu zuten, "Mendiak 1976" hain zuzen ere. [13]Hari esker, poloniarrekin elkartu ziren espedizioko partaideak. Dokumentala BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalean aurkeztu zuten eta ikusleen eta mendiko film onenaren sariak jaso zituen. Adiskidetasunaren eta elkartasunaren istorio unibertsala jasotzen du dokumentalak. Gainera, filmaren estreinaldiak, 45 urteren ondoren, Nafarroako eskalatzaileak poloniar gazteekin lehen aldiz elkartzeko balio izan zuen.[14][15]
Aipatzekoa da dokumentalak beste sari ugari jaso dituela hainbat mendi festibaletan, hala nola: Mountain Ukerdi Film Festen gidoi onenari.[16]
Urteek aurrera egin ahala, bidezidorretatik ibiltzen jarraitzen du, eta mendi txikiagoak mantxoago igotzen. Zorionekoa sentitzen da bere bizitza mendiarekin eta naturarekin hain lotuta egoteagatik eta beti lagun onekin partekatu izanagatik. Mendian bizi da, edo hobeto esanda, Aiako Harria mendi handiaren magalean. Beraz, oraindik ere hunkitu egiten da mendi eta gau izartsuak ikusten dituenean.
2024ko urtarrilean Gailurretan izan gaitun erakusketa zabaldu zuten Iruñeko Planetarioan 1924tik bidea urratu duten Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei buruzkoa.[17]Hala adierazi zuen Cornellanak erakusketaren aurkezpenean:
«Poz handia da hemen egotea, jabetzea, neurri batean, katebegi bat garela, historian arrastoa uzten ari garela, ez garela aurrenekoak, gure aurretik asko izan direla eta ez garela azkenak, asko datozela atzetik jarduera askotarikoak egiten. Pribilegiatuak izan gara, emakume guztiek ez baitute guk izan dugun aukera izan».
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.