Itsaso Beltza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Itsaso Beltza, antzinako izena Ponto Euxino[1] (antzinako grezieraz: Πόντος Εὔξεινος, Pontos Euxinos; latinez: Pontus Euxinus) Europaren, Kaukasiaren eta Anatoliaren artean dago. Danubio, Dnieper eta Don ibaiek elikatzen dute batez ere, eta antzinako Paratetis itsaso edo ozeanoaren itxieratik dator. Iparraldean estepa pontikoa du muga, Krimean; ekialdean eta hegoaldean, alpetar orogeniak sortutako kateak: Krimeako mendiak, Kaukasia eta kate pontikoa, hurrenez hurren. Itsasertzean herrialde hauek ditu, erlojuaren orratzen noranzkoan: Errusia ipar-ekialdean; Georgia ekialdean; Turkia hegoaldean; Bulgaria eta Errumania mendebaldean; eta Ukraina ipar-mendebaldean. 1.175 km luze da mendebaldetik ekialdera, Burgasen (Bulgaria) hasi eta Kobouletiraino (Georgia), eta 600 km zabal iparraldetik hegoaldera, Kobleven (Ukraina) hasi eta Akçakocaraino (Turkia). Guztira, 436.402 km² du azalera.
Remove ads
Itsaso hau hego-mendebaldean Bosforo itsasartetik Marmara itsasoarekin komunikatzen da, azken hori Dardaneloen itsasarteak Mediterraneo itsasoarekin lotzen duelarik. Mendebaldeko eta iparraldeko ertzetan, liman edo urmael nabigagarri ugarirekin komunikatzen da; urtaroaren arabera gazitasuna eta uhertasuna aldatzen dutenez arrain askoren errun leku izan ohi dira. Ipar-ekialdean, Azoveko itsasoa da, Kertxeko itsasartearen bidez lotua, liman guztien artean handiena. Klima espezifiko leun eta hezea du, tarteko urtaroetan laino lodiekin, eta eragin mediterraneoak ditu hego-mendebaldean eta udan (beroa, lehorra eta eguzkitsua), kontinentalak iparraldean eta neguan (hotz glaziala, itsasoa izoztu egin daiteke, elurteak ohikoak dira), eta subtropikalak hego-ekialdean. Ekaitzetan, batez ere neguan, uhinak laburrak dira, baina garaiak, eta norabide askotatik etor daitezke aldi berean, nabigazioa zailduz.
1996az geroztik, Itsaso Beltza babesteko nazioarteko eguna da urriaren 31.[2]
Remove ads
Mugak

Nazioarteko Erakunde Hidrografikoak honela azaltzen ditu Itsaso Beltzaren mugak:[3]
- hego-mendebaldean: lerro bat elkartzen dituena Rumelifeneri (41°14′02″N 29°06′58″E), Europako Turkian, eta Anadolufeneri (41°13′06″N 29°09′05″E), Asiako Turkian;
- Kertxeko itsasartean: lerro bat elkartzen dituena Takil lurmuturra (45°06′00″N 36°27′14″E), Kertxeko penintsularen hego-ekialdeko muturra, Krimean, ekialderantz Panaghia lurmuturreraino (45°08′26″N 36°37′59″E), Taman penintsularen hego-mendebaldeko muturrean.
Remove ads
Ezaugarriak
Itsaso Beltzak 436.402 km² arteko azalera du, eta 547.000 km3 arteko ur bolumena.
Datu horietan ez da kontuan hartzen Azoveko itsasoa, 37.600 km2 azalera duena.[4]
Historia naturala

Geologia
Itsaso Beltzaren arroak gehienez 2.252 m sakonera du. Haren eraketari buruzko bi hipotesi daude:
- lehen hipotesiaren arabera, Tetis ozeanoaren (Paleozenora bitarte Eurasia eta Gondwana banatzen zituena) aztarna tektoniko bat litzateke, himalai-alpetar orogeniak isolatua; geologo gehienen iritzia da hori, ikusirik hondoan Kretazeoan sortutako lurrazal ozeaniko bat dagoela;
- bigarren hipotesiaren arabera, lehenik lurrazal tetiko hori altxatu egingo zen, eta arro pontikoa kolapso prozesu berriago baten (Miozeno) ondorio izango zen; hipotesi hori oinarritzen da arroaren ingurabidean dagoen faila eta subdukzio zanga sistema batean.
Edonola ere, arroaren hondoan jalkitako sedimentuak Pleistozeno eta Holozeno garaikoak dira batez ere, izaeraz arroka detritikoa, sakonean ur gezaren eragin nabarmena izandakoa (glaziazio arteko urtzaldietan ibaiek egindako ekarpen garrantzitsuen testigantza), eta azalean itsas uraren eragina pairatutakoa (8.000 urte baino gutxiagoko sedimentuak). Sedimentu detritiko eta ur gezaren eraginekoak duela 5 milioi urte hasitako aro sarmatiko bati dagozkio, ur gezako barne itsaso batek estaltzen zituenean egungo Hungaria, Errumania, Itsaso Beltza, Ukrainaren itsasertza, Errusia hegoaldea, Kaspiar itsasoa eta erdialdeko Asia. Ur hedadura horren garaitasuna asko aldatu zen, eta Holozeno berrian (azken Würm glaziazioan), gaur egungo itsas maila baino 180 m beherago zegoen; beraz, arro sakon pontiko eta kaspiarrak baino ez zeuden oraindik ur azpian.[5][6][7]
Itsaso Beltzaren maila aldaketei buruzko eztabaidak
1960ko hamarkadan, karbono-14az aztertu zituztenean ur gezako maskorrak, Itsaso Beltzeko egungo itsas sedimentuen azpiko sedimentuen laginetatik hartuak, Bulgariako, Errumaniako eta Sobietar Batasuneko ikertzaileek aurkitu zuten egungo Itsaso Beltza ur gezako aintzira bat izan zela duela ia 8.000 urte («urmael pontikoa»), itsasoen maila orokorra baino 150 m beherago zegoena. Garai hartan, Bosforoa ez zen itsasarte bat, istmo bat baizik, urmael handi hura eta Marmara itsasoa bereizten zituena, itsaso hori bera ere Dardaneloen istmoak Egeo itsasotik isolatua. Altzairuzko oihala erori ondoren, eta Internet garatu zenean, 1997an, Walter Pitman et William Ryan estatubatuar geologoek bulgariar, errumaniar eta sobietar ikertzaileen argitalpenak aurkitu zituzten, Würm ondorengo urtzaldiaren ondorioak modelatuz; izan ere, Mediterraneo itsasoaren maila igo zirelarik, ur gaziak Marmara itsasora eta, ondoren, Itsaso Beltzera isuri ziren, baina fenomenoaren abiadurari buruzko iritzirik ez zuten eman, ez eta haren izaera errepikakor edo bakarrari buruz ere.[8]
Pitmanek eta Ryanek gertakari hauek lotu zituzten Noeren arkuaren mitoarekin, Sumer erresumako Gilgamexen kondairarekin, Deukalionen uholde handiarekin eta Antzinako Greziako Atlantidaren mitoarekin. Haien arabera, ur isuri hura bakarra, basatia eta katastrofikoa izan behar zen, ur jauzi erraldoi bat sortuko zen higadura hidraulikoz Bosforoko irteeran, eta Itsaso Beltzaren maila 180 m igoko zen aste gutxi batzuetan, haren ertzak egunean kilometro bat edo gehiago atzeratuz. Alabaina, aintzira horren bazterrak nekazariz josita zeuden ordurako, Anatolian eta Europa ekialdean nekazaritza oso goiz hasi baitzen. Ryanek eta Pitmanek uste dute nekazari haiek, uren gorakadak egotzita, Anatolian eta Mesopotamian barreiatuko zirela, uholdearen mitoa transmitituz.[9]
Pitman eta Ryanen hipotesiak, ordea, ez zituen ikerlari gehienak konbentzitu: 2007an argitaratutako ikerketa geologikoek isurketa katastrofiko bakarraren ideia errefusatu zuten, oszilazio batzuk modelatzeko Itsaso Beltzaren, Marmarako itsasoaren eta Egeoaren arroen mailan, isurketa anitz, mailakatu eta ez beti zentzu berekoekin.[10][11] Gaur egun, beraz, Itsaso Beltzaren historiaren berreraikitzeaz hiru hipotesi daude, oso ezberdinak: Pitmanen eta Ryanen hipotesi katastrofista, isurketa bakar baina geldo baten hipotesi gradualista, eta isurketa anitzen hipotesia, autore gehienen adostasuna jasotzen duena.[12]
Itsaso Beltzaren fisika, kimika eta ekologia


Gazi bihurtu zenean, Itsaso Beltza, Mediterraneo itsasoarekin lotuta, berezi izaten jarraitu zuen: aintziretako biotopoaren heriotzak ur sakonak eta azaleko urak bereizi zituen, eta gazitasuna munduko batez bestekoaren oso azpitik geratu zen: litro bakoitzeko 12-16 g gatz, beste itsasoetan egon ohi den 35 g-ren ordez. Hori dela eta, ur gaziko korronte bat sakonean isurtzen da beti Bosforon zehar (itsas uraren «ur jauzia» ez da inoiz gelditu), eta ur azalean, berriz, Itsaso Beltzeko ur ez hain gaziak Marmara itsasorantz isurtzen dira. Gazitasun apalaren eta klima kontinentalaren ondorioz, ipar-mendebaldeko ur gazienak maiz izozten dira negu hotzetan, Odesako portura iritsi ahal izateko izotz hauslea ezinbesteko delarik urtarrilean eta otsailean.[13]
Itsaso honen urak, 200 m sakoneratik behera, anoxikoak dira, hau da, disolbatutako oxigenorik gabeak. Ur sakonak hidrogeno sulfuro (H2S) toxiko nahikoa kontzentratzen du, mesedegarri hondoratutako itsasontzien egurrak, larruak eta ehunak bakterioen ekintzatik babesteko. Kaspiar itsasoan, Baltikoan eta Tanganyika aintziran ere ageri da fenomeno hori, «euxinismo» izenekoa.[14]
2005etik 2009ra, Europako Hermes proiektuak[15][16] itsas ekosistemak esploratu zituen 15.000 kilometroko itsasertz kontinental sakonean, batez ere Itsaso Beltzean eta Baltikoan, metanoaren formak neurtzeko. Horrek lagundu dezake hobeki ulertzen mikrobio ekosistema anoxikoak, haien balantze energetikoak eta karbono nahiz BEG hustuleku edo iturriei dagokienez.Itsaso Beltza ingurune biologikoki pobrea da, 200 m sakoneratik behera dagoen uraren anoxia dela eta, oxigeno urriak bizitza aerobikoa goi geruzetara mugatzen baitu. Guztira 167 arrain espezie ditu; horietatik, 37 ur gezako espezie dira eta 27 ur gaziko espezie.
Horrela, aztertu ahal izan dira bentosa (tamaina ertainekoa, hau da, 1 mm-tik 63 µm-ra edo 0,063 mm-ra bitarte) eta metano gasa nahiz H2S toxikoa modu naturalean ekoizteko eremu aktibo bateko espezieak, baita haien bariazioak ere (-182 m-tik −252 m-ra, Dnieper itsaspeko arroilan, Itsaso Beltzaren ipar-mendebaldean).[17] Bentosa, funtsean, nematodoak eta foraminiferoek (Ciliophora, bereziki) osatzen zuten, poliketoekin batera bizi zirenak, baina baita bibalbioak, gasteropodoak, anfipodoak edo akaroak ere.[18][19] Sedimentuetan kopepodo eta kladozero gazte estadioak ere aurkitu dira, ziur aski jatorri planktonikokoak. Bentosaren ugaritasuna aldatzen zen metro karratu bakoitzeko 2.397 izakitik 52.593 izakietaraino (ugariagoak azaleko sedimentu geruzan H2S eremu iraunkor bateko nematodo eta foraminiferoetan, 220-250 m-ko sakoneran). Bentos kontzentrazio handi hori metano jario gogorren sektore batean aurkitu zen, biogeruza mikrobiar metanotrofo edo metano oxidatzaile bati lotuta. Ikerketak iradokitzen duenez, metanoak eta haren oxidazio mikrobiarreko produktuek azalduko lukete muturreko ingurune horretara egokitutako espezie bentoniko askoren biziraupena eta bioproduktibitate handia, oso sulfuratuak dauden eremuetan. Kontrako korrelazioa aurkitu izan da meiofaunaren dentsitatearen eta sedimentuen azaleko geruzen metano tasen artean. Ikertzaileek uste dute metanoz aberastutako eremuetako nematodoen eta foraminiferoen tasa konpromiso bat dela, alde batetik, organismo horien eskakizun ekologikoen eta elikadura beharren; eta, bestetik, hidrogeno sulfuroak toxiko bihurtutako ingurunera egiten dituzten egokitzapenen artean.[20]
Fauna eta flora
Itsaso Beltzean bizi diren animalia eta landare espezie gehienak jatorriz Mediterraneokoak dira jatorriz. 150 espezie baino ez dira «autoktonotzat» jotzen, hau da, Bosforoko azken transgresioa gertatu baino lehen bertan zeudenak, hura izan baitzen berriro ere Mediterraneoranzko ur trukeak ahalbidetu zituena. Jatorri mediterraneoa duten espezieetatik, gazitasun apala jasaten dutenak bakarrik moldatu ahal izan dira.[13]
Itsaso Beltza ingurune biologikoki pobrea da, 200 m sakoneratik behera dagoen uraren anoxia dela eta, oxigeno urriak bizitza aerobikoa goi geruzetara mugatzen baitu. Guztira 167 arrain espezie ditu; horietatik, 37 ur gezako espezie dira eta 27 ur gaziko espezie.[13]
Itsaso Beltzean planetako biodibertsitate eremu sentibera bat dago, besteak beste 42 anfipodo espezie bentikorekin.[21] Eremu horretan espezie berriak aurkitzen dira oraindik,[22] baina kutsadurak eta espezie inbaditzaileek oso arriskuan jartzen dute.[23]
- Belaki urdina
Porifera - Marmoka
Rhizostoma pulmo - Diogenidae
Diogenes pugilator - Mielga pikarta
Squalus acanthias - Itsas txakur fraide naturalizatuak (Monachus monachus albiventer), Itsaso Beltzeko azpiespeziea,1940an desagertua
Klima




Itsaso Beltzaren inguruaren ezaugarri nagusia da klima endemiko bat, klima pontiko izena hartzen duena; beraz, ekoeskualde bat eratzen du. Klima epelaren aldaera trantsizional bat da, ezaugarri mediterraneoak dituena, baina baita iparraldean kontinentalak («klima drosopontikoa», udan mediterraneoa eta neguan kontinentala) eta hegoaldean klima subtropikal hezea («klima eupontikoa»).[24] Klima drosopontikoa nahiko freskoa eta lehorra da Bulgarian, Errumanian, Ukrainan eta Krimeako ipar-mendebaldean; klima eupontikoa leunagoa eta hezeagoa da Krimeako hego-ekialdean (Kertx penintsula), Errusiako Sotxi inguruan, Abkhazian, Kolkidan (Georgia) eta, batez ere, Turkiako eskualde pontikoan.[25] Klima pontiko hori oso egokia da landare ekoizpen handi bat izateko, eta, horregatik, K.a. VIII.-VII. mendeetatik aurrera Itsaso Beltzeko inguruak antzinako greziarrek modu trinkoan kolonizatuta egon ziren; eskualdea greziar hirien gari ganbara bihurtu zen, zerealen laborantzarako egokia zen zati drosopontikoan, eta greziar itsas armadaren zur erreserba bere zati eupontikoan, neurri handi batean basoz estalia baitzegoen, egun oraindik nahiko ongi kontserbatuta dagoena.[25] Baso ugaritasun horrek antzinako greziarrak hainbeste txunditu zituen ezen izendatu baitzituzten «Amarante», edo, hitzez hitz, «usteldu ez daitekeena».[26]
Remove ads
Kutsadura
Itsaso Beltza kutsatzen duten poluitzaileen ―besteak beste, bifenilo polikloratua― ingurumen zinetika hobeto modelizatu nahi da, hiru dimentsioko eredu digitalen bidez.[27]
Biztanleria
XXI. mendearen hasieran, 11 milioi biztanle inguru bizi ziren Itsaso Beltzaren ertzetik kilometro bat baino gutxiagora, kopuruaren hurrenkeran, turkiarrak, ukrainarrak, errusiarrak, bulgariarrak, errumaniarrak, georgiarrak edo abkhaziarrak, bereziki hiri hauetan:
- Abkhazia: Sokhumi
- Bulgaria: Burgas · Nesebar · Varna
- Errumania: Konstantza · Mangalia · Sulina
- Errusia: Anapa · Jeisk · Novorosiisk · Sotxi · Temriuk (Taman penintsula) · Tuapse
- Georgia: Batumi · Poti
- Krimeako penintsula: Alushta · Alupka · Balaklava · Eupatoria · Feodosia · Gurzuf · Kertx · Sebastopol · Sudak · Jalta · Xcholkine
- Turkia: Amasra · Giresun · Istanbul · Kastamonu · Ordu · Samsun · Sinope · Şile · Trabzon · Zonguldak
- Ukraina: Berdiansk · Mariupol · Odesa · Skadovsk
Remove ads
Erabilera militarra eta ekonomikoa

Itsaso Beltza, historikoki, espazio geoestrategiko handien mugakidea izan da: iparraldean, estepa pontikoko nomadak (zimeriarrak, eszitiarrak, sarmaziarrak, erroxolanak, hunoak, abaroak, onogurak, khazariarrak, bulgariarrak, hungariarrak, alanoak, petxenegoak, kumandarrak, mongoliarrak, tartaroak); hegoaldean, erresuma eta inperio antolatuak (hititak, persiarrak, helenoak, erromatarrak, bizantziarrak, otomandarrak...); mendebaldean eta ekialdean, bi mundu horien arteko «gune indargetzaileak» (Danubioren delta, Szitia minor, Kaukasia) betidanik izan dira lehiatuak, eta, aldi berean, galtzaileen babeslekuak, beraz, multietnikoak. Hori izan zen baita ere Krimearen kasua.

XV, mendean, otomandarra ez ziren itsasontziek Konstantinoplako sultanaren baimena behar zuten Itsaso Beltzean sartu edo ateratzeko. XVI. mendean, guztiz debekatu zitzaien atzerriko ontziei bertan sartzea.[28] Küçük Kaynarcako ituna sinatu behar izan zen, 1774an, itsasarteak zabaltzeko nazioarteko nabigazioan.[29] Aro modernoan, Montreuxeko hitzarmenak (1936) arautzen du nabigazioa itsasarteetatik Itsaso Beltzera.[30]
Geroago, iparraldean SESBen eta haren sateliteen, eta hegoaldean NATOko kide Turkiaren arteko harreman gunea izan zen Itsaso Beltza; altzairuzko oihalak zeharkatzen zuen, beraz. XXI. mende hasieran, Europar Batasunaren ekialdeeneko ertza ukitzen zuen, Errusiaren eta Turkiaren aurrean. Krimeako base militarrak estrategikoak dira Errusiarentzat, eta 2014tik daude haren administrazio zuzenaren pean. Penintsula eta bere lurralde urak de iure Ukrainari dagozkio, baina de facto Errusiari, zeinak, Ukraina ekialdetik eta hegoaldetik duen kontrol eta okupazioaren bidez, Danubioko ahoen inguruetaraino, izatezko kontrola egiten baitio Ukrainako itsas eremuari.[31]
Ekonomiaren ikuspuntutik, aleek, zurak, arrain lehorrak, Itsaso Beltzaren eretzeetako esklaboek, Asiako espeziak eta zetak, hona erakarri zituzten kolono greziarrak lehenik, eta, ondoren, persiarrak, erromatarrak, baregoak, errusiarrak, veneziarrak eta haien arerio genoarrak, mongoliarrak eta Tamerlan. Aro garaikidean,Ukrainako uretako petrolio plataformen hidrokarburo hobiek tentsioak eta gatazkak piztu izan dituzte, Ukrainak bere flotaren zati handi bat hondamendira eraman dutenak.[32] 2022ko otsailean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenean, Vasil Bodnar Ukrainaren enbaxadoreak Turkian, Turkiako gobernuari eskatu zion «ixteko Bosforoko eta Dardaneloetako itsasarteak Errusiako gerra armadari».[32]

1992az geroztik, Itsaso Beltzeko Lankidetza Ekonomikorako Erakundeak eskualdeko herrialdeen arteko harreman eta lankidetza politiko, ekonomiko nahiz komertziala sustatzen du.[33]
Remove ads
Historia eta kultura
Hurrengo taulak erakusten du Itsaso Beltzaren izena itsas ertzean diren hizkuntzetan; itzulpenik ez dagoenetan, izenak «itsaso beltza» besterik ez du esan nahi.[34]
Remove ads
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads