From Wikipedia, the free encyclopedia
Belakiak (Porifera) animalia filum bat dira. Animalia sinpleenen oinarrian daude, Diploblastoen ahizpa-taxoi gisa[1][2][3][4][5]. Organismo zelulaniztunak dira, poroz beteriko gorputzak dituztenak, euren barruan urak zirkulatzeko kanalak sortuz. Egituraz, mesohilo izeneko ehun likatsu bat dute, bi zelula geruzez inguratuta. Belakiak ikertzen dituen biologiaren adarra espongiologia da[6].
|
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. Oharra: Barne estekak jarri behar dira hainbat hitzetan, euskal wikipedian hitz horien kontzeptua azaltzeko ditugun artikuluetara jo ahal izateko (ikus Laguntza:Estekak eta Laguntza:Tutoriala (barne estekak). |
Belakiek beste mota bateko zelulatan bihurtu daitezkeen espezializatu gabeko zelulak dauzkate, eta normalean zelula nagusien geruzen eta mesohiloen artean mugitzen dira. Belakiek ez dute nerbio sistemarik, zirkulazio-aparaturik ez eta digestio aparaturik. Horren ordez, gehienek beraien gorputzean ur-fluxu konstante bat mantentzen dute elikagaiak eta oxigenoa lortzeko eta hondakinak iragazteko.
Animalia hauek aurrekanbriarrean bizi zirela ikusi da, nahiz eta XVIII. mende arte ez ziren sailkatuak izan. 1819. urtean landare gisa sailkatzen ziren, baina ondoren barnean dauden ur-lasterrak ikusita animalia direla ohartu ziren.
Belakia zuhaitz ebolutiboko azken arbaso komun unibertsaletik desberdindu zen lehen animalia adarra izan zen, beste animalia guztien ahizpa-taxoi bihurtuz [7].
Forma ugari daude, baina guztiek dute mugitzeko ezintasuna. Gaur egun 5.000 espezie baino gehiago daude katalogatuak munduan zehar, eta horietatik 150 inguru ur gezan bizi dira. Koloniak eratzen dituzte euren zuntzak elkartuz. Ura iragaziz elikatzen dira.
Belakiek beste animaliek dituzten hainbat ezaugarri dituzte; esaterako, zelulanitzak eta heterotrofoak dira, ez dute pareta zelularrik eta gametoak sortzen dituzte. Aitzitik, beste animaliek ez bezala, ez dituzte benetako ehun [8] eta organorik.[9]
Batzuk erradialki simetrikoak diren arren, gehienak asimetrikoak dira. Beraien gorputzen forma egokituta dago erdialdeko barrunbetik ahalik eta ur emari eraginkorrena igaro dadin. Bertan urak elikagaiak metatzen ditu eta ondoren ur hori “osculum” deituriko zulo batetik ateratzen da.
Belaki askok esponginazko barne eskeletoak edo/eta kaltzio karbonato edo silizio dioxidoko espikulak dauzkate[9]. Belaki guztiak uretako animalia sesilak dira, hau da, urpeko gainazal batean lotzen dira eta bertan mugitu gabe geratzen dira. Nahiz eta ur gezako espezieak dauden, gehienak ur gazikoak (itsastarrak) dira, habitata ur sakonera txikietan duten belakietatik hasita, 8.800m-ko sakonera dutenetara arte.
Ia 5.000-10.000 belaki espezie ezagunetako gehienak uretan dauden bakterio eta beste elikagai mikroskopikoez elikatzen diren arren, hainbatek mikroorganismo fotosintetiko batzuk endosinbionte bezala hartzen dituzte, eta harreman horiek sarritan kontsumitua izaten den baino elikagai eta oxigeno kantitate handiagoa sintetizatzen dute. Elikagai eskuragarritasun baxua den inguruetan bizi diren belaki espezie batzuk, karniboro moduan eboluzionatu dute (batez ere krustazeo txikiak janez)[10].
Espezie gehienak ugalketa sexualaren bitartez ugaltzen dira, gametoak uretara askatuz obuluak fertilizatzeko. Espezie batzuek gameto femeninoak ere askatu egiten dituzte, beste batzuek, ordea, amaren baitan mantentzen dituzte. Fertilizatutako arrautzak larba bihurtzen dira eta horiek finka daitezkeen lekuren baten bila egiten dute igeri [11].
Belakiak zati batzuetatik birsortzetik ezagunak dira, betiere zati horiek zelula mota jakin bat dutelarik. Inguruneko baldintzak belakientzat latzagoak bihurtzen direnean, adibidez tenperatura jaitsiera bat dagoenean, ur gezako espezie askok eta itsastar batzuek “gemula”k sortzen dituzte. Horiek espezializatu gabeko zelulak dira, baldintzak hobetu arte lozorroan mantentzen direnak. Baldintzak hobetzean, belaki berriak sor ditzakete edota beraien gurasoen eskeletoak birkolonizatu [12].
Belaki gehienetan, mesohiloak -barnealdeko matrize gelatinotsuak- endoeskeleto bezala funtzionatzen du, eta belaki bigunetan gogorrak diren gainazalak inguratzen dituen eskeleto bakarra da. Maiz, mesohiloa espikula mineral batzuen bidez edo espongina zuntzen bidez sendotua izaten da. Desmospongioen taldekoek espongina erabiltzen dute. Espezie askok silizio dioxidozko espikulak dituzte; beste espezie batzuek ordea, kaltzio karbonatozko eskeletoak.
Bestalde, Desmospongioak belaki espezie guztien %90a dira, ur gezako espezieak barne, eta habitaten hedadurarik zabalena dute. Belaki kalkareoak, kaltzio karbonatozko espikulak eta, espezie batzuetan, kaltzio karbonatozko exoeskeletoak dauzkatenak, erlatiboki sakonera txikiko itsas uretara mugatuta daude, kaltzio karbonatozko produkzioa errazena den lekura [13]. Aldiz, beirazko belakiak, silizio dioxidozko espikula “aldamio”ak dauzkatenak, zona polarretan eta ozeano sakonean daude, predatzaileak ohikoak ez diren lekuetan, hain zuzen ere. Mota horietako fosilak duela 580 milioi urteko arroketan aurkituak izan dira. Gainera, Arkaoideak orain belakitzat hartzen dira. Horien fosilak duela 530 eta 490 milioi urte bitarteko harkaitzetan aurki daitezke.
Koanoflagelatu zelulabakarrek belakien koanozitoen antza dute, alegia, belakien ur-fluxua ponpatzeko eta bazka harrapatzeko funtzioa duten zelulena. Molekula erribosomikoen ikerkuntza filogenetikoekin batera, horiek erabiliak izan dira belakiak beste animalia guztien arbasoak direla baieztatzeko ebidentzia gisa [14]. Ikerkerta batzuek erakutsi dute belakiek ez dutela talde monofiletiko bat eratzen, alegia, ez dituztela arbaso bakar baten ondorengo guztiak, eta ondorengo horiek bakarrik, biltzen. Analisi filogenetiko berriek ordea, erakutsi dute gainerako animalien arbasoak belakiak izan beharrean ktenoforo animalia diblastikoak direla [15][16][17][18]. Halere, datuen analisiak berrikustean, ikusi zen analisia egiteko erabilitako algoritmoak ktenoforo gene espezifiko batzuen presentziaren ondorioz nahasiak izan zirela. Espezie horien geneak beste espezietako geneen oso desberdinak ziren. Horrek belakiak gainerako animalien arbasoak direla edo arbaso parafiletiko gradu bat direla esan nahi du. [19][20]
Gizakiek guztiz eskeleto zuntzezkoak eta bigunak dituzten desmosongiae espezie gutxi batzuk erabili izan dituzte hainbat helburutarako, adibidez, garbitzeko mekanismo gisa. 1950ean, halere, espezie horien gehiegizko arrantzak industria ia kolapsatzea eragin zuen, eta gaur egun belaki material gehienak sintetikoak dira. Belakiak eta beraien endosinbionte mikroskopikoak mota askotako gaixotasunak sendatzeko sendagai iturri gisa ikertuak izaten ari dira. Izurdee esaterako, belakiak tresna moduan erabiltzen dituzte elikagaiak bilatzeko. [21]
Belakiak ura irensten duten eta koanozitoz gaineztatutako kanpo irekierak dauzkaten metazoo sesilak dira, Porifera filumekoak [22]. Halere, badira belaki karniboro batzuk ur-fluxu sistema hori eta koanozitoak galdu dituztenak [23][24]. Izaki bizidun guztiek beraien gorputzak alda ditzakete, izan ere, zelula mota gehienak beraien gorputzean zehar mugi daitezke eta zelula mota bat izatetik beste zelula mota bat izatera aldatu [24][25].
Nahiz eta belaki batzuk mukosa eratzeko gai izan, ez da mukosa geruza funtzional bat egiteko gai den belakirik aurkitu. Egitura horrek gainerako animalietan defentsa mikrobiano moduan jokatzen du. Mukosa geruza hori gabe, belakien ehunak mikrobio sinbionte batzuen bidez estalita daude, animalien masa garbiaren ia %40-50 izatera iris daitezkeenak. Belakiek ezin dutenez ekidin mikrobioak haien ehun porotsuetan sartzea, baliteke hori izatea anatomikoki konplexutasun maila handiagoa garatu ez izanaren arrazoia.[26]
Knidario eta ktenoforoak bezala eta beste metazoo batzuk ez bezala, belakien gorputzak bi zelula geruza nagusien artean dagoen masa gelatinotsu (mesohilo) bizigabeaz osatuta daude[27][28]. Knidario eta ktenoforoek nerbio sistema sinpleak dauzkate, eta beraien zelula geruzak elkarri lotuta daude barrualdeko lotura batzuen bidez[28]. Belakiek ez dute nerbio sistemarik eta beraien mesohiloak askotariko zelulak dauzka. Kanpoko geruzetako zelula mota batzuk tarteko geruzara mugi daitezke, beraien funtzioa aldatuz.[25]
Belakiak [25][27] | Knidarioak eta ktenoforak [28] | |
Nerbio sistema | Ez | Bai, sinplea |
Geruza bakoitzean zelula loturak | Ez. Homoscleromorphak oinaldeko xafla dauka. [29] | Bai: zelula arteko loturak; oinaldeko xaflak |
Erdiko geruza “jelatinotsu”ko zelula kopurua | Asko | Gutxi |
Zelulak kanpoko geruzetatik barrura mugi daitezke eta funtzioak aldatu | Bai | Ez |
Belakien gorputza barnehutsa da, eta mesohiloaren bidez eusten diote formari. Mesohiloa batez ere kolagenoz osatutako eta zuntzezko geruza kolagenotsu eta lodi baten bidez sendotutako substantzia gelatinotsu bat da. Koanozitoak lepo zilindriko edo konikoak dauzkaten zelulak dira eta beraien barne gainazalean ageri dira. Zelula horiek koanozito bakoitzeko flagelo bat gaineztatzen dute. Olatu moduko mugimenduak dituzten flageloek belakiaren gorputzean zehar ura garraiatzen dute. Belaki guztiek ostia dute, mesohiloen bidez barrura doazen kanalak, eta belaki gehienetan kanal horiek tubo itxurako porozitoez kontrolatuta daude, itxi daitezkeen sarrerak diren balbulak eratuz. Zelula zapalak diren pinakozitoek geruza bakar bat eratzen dute azalaren kanpoaldean; zehazki mesohiloko koanozitoz estalita ez dauden gainontzeko zatien gainean. Pianozitoek gainera, ostiara sartzeko handiegiak diren partikulak irensten dituzte[25][27]. Oinaldean daudenek ordea aingurapenaren erantzule dira.[27]
Mesohiloan bizi eta mugitzen diren beste zelula mota batzuk: [25][27]
Belaki larba askok neurona gabeko begiak dituzte, kriptokromoetan oinarrituta daudenak. Jarrera fototaxikoa bideratzen dute [30].
Hexactinellidek egitura desberdin bat daukate. Beraien silizio dioxidozko espikulek aldamio moduko sare bat osatzen dute. Bertan ehun bizidunak armiarma sare moduko batean egituratuta daude eta zelula mota gehienak dauzkate[25]. Ehun hau sinzito bat da, hein batean kanpo mintz bakan bat partekatzen duten zelulek bezala jokatzen duena. Beste batzuetan nukleo anitzeko zelulabakar bat bezala jokatzen du. Sinzitoaren zitoplasma, hau da, zelulen barrualdea betetzen duen fluidoa, nukleoak, organuluak eta beste substantzia batzuk garraiatzen dituen “ibai”etan antolatuta dago[31]. Koanozitoen ordez, sinzito gehiago dituzte, koanosinzito bezala ezagutzen direnak. Horiek kanpai itxurako kanal batzuk eratzen dituzte eta bertan ura sartzen da. Kanal horien barrualdea gorputz batzuen bidez gaineztatuta dago. Horietako bakoitzak lepo bat eta nukleo independiente gabeko flageloa dute. Flageloaren mugimenduak ura mugitzen du “armiarma sarearen” pasabideetan zehar eta kanpai itxurako kanalen bidez kanporatzen du.[25]
Zelula mota batzuek nukleo eta mintz bakarra dute, baina beste zelula nukleobakarretara eta sinzito nagusira “zubi” zitoplasmatiko batzuen bidez lotuta daude. Espikulak eratzen dituzten esklerozitoek nukleo asko dauzkate, eta hexactinellidetan zitoplasmako zubi horien bidez beste ehunetara lotuta daude. Orain arte, helduetan ez dituzte esklerozitoen arteko lotura horiek aurkitu; baina besterik gabe hain eskala txikiko egiturak aztertzearen zailtasunarengatik izan liteke. Zubiak substantzia batzuk igaro baina beste batzuk pasatzea ekiditen duten lotura batzuen bidez kontrolatuta daude. [31]
Belaki gehienek tximinia moduan funtzionatzen dute: azpitik ura hartzen dute eta oskulumetik, goiko aldetik, botatzen dute. Inguruneko korrenteak goiko aldean azkarragoak direnez, Bernoulliren printzipioak eragindako zurgatze efektuak ur garraioan laguntzen du. Belakiek ur emaria kontrola dezakete oskuluma eta ostia partzialki edo guztiz itxiz (poroak) eta flageloaren erritmoa aldatuz. Uretan hondar edo gatz kantitate handia baldin badago, ur-fluxua eten dezakete.[25]
Nahiz eta pinakozitoen eta koanozitoen geruzek animalia konplexuagoen epitelioen antza duten, ez daude zelularteko loturen bidez, ez eta oinaldeko xaflaren bidez lotuak. Geruza horien malgutasuna eta lofozitoen bidezko mesohiloaren birmoldaketak belakiak ur-fluxuaren abantaila ahalik eta handiena ateratzea ahalbidetzen diote animaliari. [31]
Belakien gorputz sinpleena “askonoide” deituriko tutu edo pitxer formako egitura bat da eta animaliaren tamaina asko baldintzatzen du. Askonoidea koanozitoz (geruza bakar batez) estalitako belakien barrunbe nagusia da. Handiagotzen bada, bolumenaren eta gainazalaren arteko erratioa handitzen da, gainazala luzeraren karratu moduan handitzen baita; bolumena kuboarekiko proportzionalki handitzen den bitartean. Bolumenak mugatzen du elikagaiak eta oxigenoa behar dituzten ehun zatia; baina elikagaiak eta oxigenoa hornitzen dituen ponpaketa ahalmena koanozitoek osatzen duten eskualdearen menpe dago. Belaki askonoideak 1mm handitzen dira diametroan.[25]
Belaki batzuk muga hori gainditzen dute “sikonoide” estruktura hartuz, zeinetan gorputzaren pareta tolestuta geratzen den. Tolesdura horien barrualdea koanozitoen bidez estalita dago, eta ostiaren bidez tolesduren kanpoaldera lotuta daude. Koanozito kopuruaren handipen horrek eta ponpaketa gaitasuna areagotzeak belaki sikonoideak diametroan zentimetro batzuk haztea ahalbidetzen ditu.
Modelo “leukonoideak” ponpaketa ahalmena are gehiago areagotzen du belakiaren barnealdea ia guztiz mesohiloz betez. Mesohio horrek koanozitoz estalitako eta elkarri konektatuta dauden kanalak ditu, uraren sartu-irteerei tuboen bidez lotuta daudenak. Belaki leukonoideen diametroa 1m-ra arte hazi daiteke, eta edozein zentzuetan hazita koanozito kanalen kopurua handiagotzen denez, belakiek askotariko formak har ditzakete. Esaterako “gaineztatutako” belakiak, atxikituta dauden gainazalaren forma dutenak. Ur gezako belaki guztiek eta sakonera gutxiko belaki itsastarrek gorputz leukonideoa daukate. Hexactinellidetan ura igarotzeko dauden sareak egitura leukonidoaren antzekoak dira[25].
Hiru egitura motetan, koanozitoz gaineztatutako zeharkako sekzioa askoz ere handiagoa da ur sarrera-irteerak dauden kanalak baino. Horrek eragiten du koanozitoen inguruan dagoen ur-fluxua mantsoagoa izatea eta beraz janari partikulak hartzea errazagoa izatea[25]. Adibidez, Leukonian, 10cm-ko altuera eta 1cm-ko diametroa duen belaki batean, ura 80.000 ahorakin kanaletan 6cm minutuko abiaduran sartzen da. Halere, leukonian, ura kanaletan 3,6cm orduko abiadurara mantsotzen da, koanozitoentzat elikagaiak hartzea errazago bihurtuz, izan ere, 2 milioi kanal flagelatu dauzka, eta haien diametro konbinatua kanalena baina askoz ere handiagoa baita. Ur guztia oskulum bakar baten bidez kanporatzen da 8,5cm segunduko abiaduraz, produktuak urrunera garraiatzeko abiadura nahikoaz. [32]
Zoologian, eskeletoa animalia baten nahiko zurruna den egitura bat da; kontuan hartu gabe ea loturak dauzkan ala ez eta biomineralizatua dagoen ala ez. Mesohiloak endoeskeleto bezala jokatzen du belaki gehienetan. Aitzitik, belaki bigunetan arroka moduko gainazal gogorrak estaltzen dituen eskeleto bakarra da. Askotan mesohiloa espikula mineral batzuen, espongina piruen edo bien bidez sendotuta dago. Espikulak espezie gehienetan daude [33] eta silizio dioxido edo kaltzio karbonatoz osatuta daude. Haien formari dagokionez, mota askotakoak izan daitezke, itxura sinpleetatik hasita, 6 erradioko “izar” tridimentsionaletaraino. Esklerozitoek sortzen dituzte espikulak [25], eta separatuak, loturen bidez lotuta, edo fusionatuta egon daitezke.[24]
Belaki batzuek beraien konposatu organikoen guztiz kanpoaldean dauden exoeskeletoak jariatzen dituzte. Adibidez esklerobelakiek (“belaki gogorrak”) kaltzio karbonatozko exoeskeleto handiak dituzte, zeinaren inguruan materia organikoak koanozito kanalezko geruza fin bat eratzen duten. Exoeskeleto horiek belakien azala osatzen duten pinazozitoek jariatzen dituzte.[25]
Nahiz eta belaki helduak batez ere sesilak diiren, espezie itsastar eta ur gezatako espezie batzuk itsas-hondoan zehar mugi daitezke 1-4mm eguneko abiaduran, ameba moduko mugimendua duten pinazozitoen eta beste zelulen eraginez. Espezie gutxi batzuek beraien gorputz osoa uzkurtu dezakete, eta batzuek beraien oskulum-a eta ostia itxi ditzakete. Gazteek libreki egiten dute igeri eta helduak geldoak dira. [25]
Belakiek ez dituzte zirkulazio, arnasketa, digestio eta iraizketa aparatu zehatzik. Funtzio horiek guztiak ur-fluxuaren sistemak betetzen ditu. Elikagai partikulak filtratzen dituzte uretatik kanpo. 50µm baino handiagoak diren partikulak ezin dira ostiara sartu eta pinazozitoek kontsumitzen dituzte fagozitosi bidez. 0.5 μm-tik 50 μm-ra bitartean neurtzen duten partikulak ostian harrapatuta geratzen dira, kanpotik barrura estutzen doana. Pinazozito edo arkeozitoek partikula horiek kontsumitzen dituzte, burua ostiatik kanpo aterata. Bakteria tamainako partikulak, 0,5µm baino gutxiagokoak, ostien paretetik zehar igarotzen dira eta koanozitoek harrapatu eta kontsumitzen dituzte[25]. Partikula txikienak ugarienak direnez, koanozitoek normalean belaki baten elikagai beharren %80a harrapatzen dute[34]. Arkeozitoek elikagaiak paketatu eta besikuletan garraiatzen dituzte; zuzenean elikagaiak digeritzen dituzten zeluletatik, zuzenean elikagaiak digeritzen ez dituztenetara. Gutxienez belaki espezie batek, nutrienteak garraiatzen dituzten arkeozitoentzat arrasto gisa jarduten duten barnealdeko piruak dauzka[25], eta arrasto horiek objektu hilak mugi ditzakete.[27]
Esan izan da Hexactinellidak uretan disolbatutako nutrienteetan bizi litezkeela eta lokatzarekiko aurkakoak dira[35]. Halere, 2007ko ikerketa batek ez zuen horren ebidentziarik topatu eta ondorioztatu zuten espezie horrek bakterioak eta beste mikroorganismo batzuk erauzten dituztela uretatik oso modu efizientean (%79). Gainera, esekita dauden sedimentu pikorrak prozesatzen dituzte presa horiek erauzteko[36]. “Collar bodies” deituriko gorputzek janaria irensten dute eta bilduta jariatzen dute dineina proteina motorearen bidez garraiatuak diren besikuletan.[25]
Belakien zelulek uretatik oxigenoa har dezakete difusio bidez; urak gorputzean zehar garraiatuz, zeinetan karbono dioxido eta beste hondakin produktu solugarri batzuk, amoniakoa esaterako, disolba daitezkeen. Arkeozitoek ostia blokeatu dezaketen partikula mineralak erauzi ditzakete, mesohiloan zehar garraiatu eta kanpora dihoan ur korrontean depositatu. Halere, espezie batzuk partikula horiek beraien eskeletoan barneratzen dituzte.
Elikagai partikula gutxi dauden uretan bizi diren espezie gutxi batzuk krustazeoetaz eta beste animalia txiki batzuetaz elikatzen dira. Orain arte 137 espezie aurkitu dira[37]. Gehienak Cladorhizidae familiakoak dira, baina Guitarridae eta Esperiopsidae familiatako batzuk ere haragijaleak dira[38]. Kasu gehienetan presa harrapatzeko duten modua ezezaguna da, nahiz eta uste den espezie batzuk hari itsaskor batzuk eta gantxo forma duten espikulak erabiltzen dituztela[38][39]. Belaki haragijale gehienak ur sakonetan bizi dira, 8.840m-ko sakonerararte[40], eta ozeanoaren ikerketaren hobekuntzarekin gehiago aurkitzea espero da[25][38]. Halere, mediterraneo kobazuloetan 17-23m-ko sakoneran aurkitu da espezie bat, filtrazio bidez elikatutako belakiekin batera. Kobazuloetan bizi diren predatzaileek 1mm baino gutxiago neurtzen duten krustazeoak harrapatzen dituzte, hari finekin inguratuz. Egun batzuk igarotakoan egiten duten hariaz bilduta irensten dituzte, eta gero beraien ohiko formara itzultzen dira. Ez dago pozoia erabiltzen dutenaren ebidentziarik.[40]
Belaki haragijale gehienek guztiz galdu dute beraien ur emari sistema eta baita koanozitoak ere. Halere, chondrocladia generoak oso modifikatutako ur emari sistema daukate, presak harrapatzeko erabiltzen diren globo itxurako egiturak puztutzeko.[38][41]
Ur gezako belakiek sarritan alga berdeak endosinbionte moduan dauzkate arkeozitoetan eta beste zeluletan, eta algak sortutako nutrienteetatik onura ateratzen dute. Itsasoko espezie askok beste organismo fotosintetikoak hartzen dituzte (itsasoko espezie asko beste organismo fotosintetikoen ostalari dira), batez ere zianobakterioak, nahiz eta kasu batzuetan dinoflagellatuak izan. Zianobakterio sinbiotikoak belaki batzuen ehun bizidunaren masa totalaren heren bat izango lirateke, eta belaki batzuek mikroorganismo hauetatik %48 eta %80ra arte handitzen dute beraien energia eskuragarritasuna[25]. 2008an Stuttgarteko unibertsitateko talde batek silizio dioxidozko espikulak argia mesohilora garraiatzen dutela ikusi zuen, non endosinbionte fotosintetizatzaileak bizi diren[42]. Organismo fotosintetizatzaileen ostalariak diren belakiak ugariagoak dira elikagai partikula gutxi dagoen uretan, eta askotan hosto itxurako formak dauzkate, hartzen duten eguzkiaren kopurua maximizatzen dutenak.[27]
Belakiek ez dute beste animalia gehienek duten sistema inmunitarioa. Halere, beste espezie batzuetako txertaketak ez dituzte onartzen, baina bai beraien espeziekoenak. Itsas espezie batzuetan “zelula grisak” dira kanpoko material horien deuseztapenaren erantzule. Inbadituak izaten direnean, substantzia kimiko bat sortzen dute, eragindako gunean dauden beste zelulen mugimendua geldiarazten duena. Horrela, inbaditzaileak ezin du belakiaren barne garraio sistema erabili. Intrusioak jarraitzen badu, “zelula grisak” arean metatzen dira eta areako zelula guztiak hiltzen dituzten toxinak askatzen dituzte. Sistema “inmunitarioa” egoera aktibo horretan mantendu daiteke hiru aste arte. [27]
Belakiak ugalketa asexualaren bidez ugaltzen dira: gemazio bidez zatitu eta gemulak eratuz. Belaki zatiak korrenteen edo olatuen ondorioz erauziak izan daitezke. Beraien pinazozitoen eta koanozitoen mugimendua eta mesohiloen birmoldapena erabiltzen dute burua gainazal egoki batera lotzeko. Egun batzuk igaro eta gero, berriro eratu daitezke belaki txiki funtzional moduan[43]. Belaki zati bat, bai mesohiloa eratzeko kolenzitoak, bai eta beste zelula mota guztiak eratzeko arkeozitoak baldin badauzka soilik birsortu daiteke[34]. Oso espezie gutxi ugaltzen dira garapen fase goiztiar batean.[44]
Gemulak itsas espezie gutxi batzuk eta ur gezako espezie askok hilzorian daudenean sortzen dituzten kapsula modukoak dira. Ur gezako espezie batzuk askotan udazkenean sortzen dituzte. Espongozitoek gemulak sortzen dituzte espongina oskol zatiak bilduz, zeinak askotan espikulen bidez indartzen diren[45]. Ur gezako gemulek sinbionte fotosintetikoak ere eduki ditzakete[46]. Gemulak latente bilakatzen dira eta egoera horretan hotzari, oxigeno faltari, lehortzeari eta gazitasunaren aldaketa bortitzei aurre egin diezaiokete[25]. Halere, ur gezako gemulak tenperatura hilabete batzuetan zehar hotz egon eta gero ia “normala” den tenperatura batera itzuli arte ez dira berriro aktibatzen[46]. Gemulak hozitzen direnean, arkeozitoek taldearen kanpoaldea inguratzen dute, pinazozitoetan transformatuz, oskola puskatuen poro baten gainean dagoen mintz bat. Zelula taldea poliki azaleratzen da, eta geratzen diren arkeozito gehienak beste motatako zelulatan bihurtzen dira, belaki funtzional bat sortzeko beharrarengatik. Espezie bereko baina banako desberdinetako gemulak elkar daitezke belaki bakar bat eratzeko[47]. Gemula batzuk belaki gurasoarekin geratzen dira eta udaberrian ez da erraza izaten ea belaki zahar bat “berpiztu” den ala bere gemula propioek “birkolonizatu” duten jakitea.[46]
Nahiz eta belakiek ez daukaten gonadarik (ugalketa organorik) gehienak hermafroditak dira , hau da, bi sexu bezala funtzionatzen dute aldi beran. Espermatozoideak koanozitoen edo mesohiloan barneratzen diren eta kiste espermatikoak sortzen dituzten koanozito kanal osoen bidez eratuak dira. Obuluak ordea, arkeozitoen edo espezie batzuetan koanozitoen eraldaketaren bidez eratuak dira. Obuluak sortzeko prozesuan, espermatozoideak kisteetatik ateratzen dira eta oskulumaren bidez kanporatuak izaten dira. Espezie bereko beste belakiekin topo egiten badute, ur-fluxuak, koanozitoetara garraiatzen ditu. Koanozito horiek, belakiak irentsi ordez ameba forma batera metamorfizatu eta espermatozoidea mesohilotik obulura garraiatzen dituzte. [48]
Nahiz eta espezie gehienek oskolatik atera baino lehen arrautzak mantentzen dituzten, espezie gutxi batzuk fertilizatutako obuluak uretara askatzen dituzte. Lau larba mota daude, baina denak haien flageloa edo zilioak larba mugitzea ahalbidetzen duen kanpo geruza bat duten zelula bolak dira. Egun batzuetan igeri egin eta gero, larba hondoratu eta igerian ibiltzen da bizitzeko leku bat topatu arte. Zelula gehienak arkeozitoetan eta ondoren belaki heldu batean betetzen duten lekurako aproposak diren zeluletan eraldatzen dira. [48]
Hexactinelliden enbrioiak zelula desberdinetan zatitzen hasten dira, baina behin 32 zelula eratuta, oso azkar larban transformatzen dira. Larba horiek kanpotik oboideoak dira, erdialdea zilio banda baten bidez inguratuta dautenak, mugimendurako. Baina barrutik Hexactinelliden ohiko baten egitura daukate; hau da, espikulak eta armiarma sare moduko sinzitoak. Larbak gero beraien gurasoen gorputzetik alde egiten du.[49]
Klima epeletan bizi diren belakiak gehienez urte gutxi batzuk bizi dira, baina espezie tropikal batzuk eta ozeano-sakonetako batzuk 200 urtez edo gehiagoz bizi daitezke. Kaltzifikatutako desmospongiae batzuk soilik 0,2mm hazten dira urteko, eta ratioa konstantea bada, zabaleran 1m neurtzen duen banako batek 5.000 urte izango lituzke. Belaki batzuek ugalketa sexuala soilik aste batzuk dituztenean erabiltzen hasten dira; beste batzuek ordea urte batzuk dauzkatenean hasten dira modu horretara ugaltzen.[25]
Belaki zaharrek ez dituzte ez neuronarik ez nerbio ehunik. Halere, espezie gehienak gai dira beraien gorputz osoan koordinatuak diren mugimenduak egiteko. Esaterako, pinazozitoen uzkurdura; ur kanalak estutzen dira eta horrela blokeoak sor lezaketen gehiegizko sedimentuak erauzten dira. Espezie batzuk oskuluma uzkurtu dezakete gorputzeko gainerako ataletatik erabat modu independentean. Belakiak ere uzkurtu daitezke predatzaileengandik babesteko, zaurgarria den eremua murriztuz. Bi belaki fusionatzen diren kasuetan, adibidez kusku handi baina oraindik separatugabea dagoen kasuetan, uzkurdurak “biki siames” bietan koordinatzen dira. Ez da koordinaketa mekanismo hori ezagutzen, baina neurotransmisoreen moduko substantzia kimikoak izan daitezke[50]. Halere, Hexactinellidek seinale elektrikoa azkar transmititzen dute sinzitoetan zehar, egitura hori beraien flageloaren mugimendua geldiarazteko erabiliz. Adibidez sartzen den urak toxinak edo gehiegizko sedimentuak baldin badauzka[25]. Miozitoak dira oskuluma istearen erantzule, bai eta gorputzeko zati desberdinen artean seinaleak transmititzearena.[27]
Belakiek post-synaptic density-rako “errezeta” duten oso gene antzekoak dauzkate, gainerako animalien neuronetan oso garrantzitsua den seinale hartzaile egitura. Halere, belakien gene hauek larbetan dauden eta igeri egitean gaitasun sensoriala eman diezaieketen “flask cells”etan aktibatuak dira. Honek zalantzan jartzen du ea flask cellsek neuronen benetazko antzindaria diren edo belakien antzindariak neuronak zituela baina bizimodu geldora adpatatu zirenez galdu zituztela.[51]
Belakiak mundu osoan bizi dira, ozeanoko habitat desberdin askotan. Horien artean gune polarrak eta tropikalak[34]. Gehienak ur lasai eta garbietan bizi dira, olatuen ondorioz mugitutako sedimentuek beraien poroak blokea baititzakete, elikatzeko eta arnasteko zailtasunak eraginez[35]. Belaki gehienak gainazal irmo, sendoetan daude, arroketan esaterako. Baina belaki batzuk sedimentu bigunetara lotu daitezke. [52]
Ur epeletan, belakiak ugariagoak dira baina ez dira ur tropikaletan bezain dibertsoak. Horren arrazoia izan daiteke belakien predatzaile gehiago daudelako ur tropikaletan[53]. Hexactinellidak ur polarretan eta ur epel eta tropikalen hondoetan dira nagusi; izan ere, dauzkaten poroen bidez elikagai eskuragarritasun urria duten ur horietatik elikagaiak hartu ditzakete esfortzu oso txikia eginez. Desmoespongiae eta calcarea belakiak berriz ez-polarrak diren uretan ageri dira, sakonera gutxian.[54]
Habitat hedadura desberdinetan bizi diren belaki klase desberdinak:
Ur mota[27] | Sakonera[27] | Gainazal mota[27] | |
Calcarea | Itsastarra | 100m baino gutxiago | Gogorra |
Hexactinelliden | Itsastarra | Sakona | Biguna edo sedimentu sendoa |
Desmoespongiae | Itsastarra, gazia; eta 150 bat ur gezako espezie[25] | Marearteko zonatik ordoki abisalera[27]. Desmoespongiae haragijale bat 8840m-ra aurkitu da. [40] | Edozein |
Endosinbionte fotosintetizatzaileak dituzten belakiek kontsumitzen duten oxigenoa baino hiru aldiz gehiago ekoizten dute, baita kontsumitzen dutena baino materia organiko gehiago. Kontribuzio horiek Australiako Koral Hesi Handian nabarmenak dira, baina Kariben ez horrenbeste.[34]
Belaki askok espikulak galtzen dituzte, metro batzuetako sakoneran kapa lodi bat eratuz. Horrek belakiak ekinodermoetatik babesten ditu, beraien presa baitira[34]. Gainera, toxinak ekoizten dituzte eta horrela beste organismo sesilak, briozoak eta aszidiak esaterako, ezin dira inguruan hazi. Horrek belakiak oso lehiakide eraginkor bihurtzen ditu bizitzeko lekua bilatzeko orduan. Adibideetako bat ageliferin substantzia kimikoa da.
Karibeko suan dauden Tedania generoko espezie batzuk legena eragiten dute ukitzen dituzten gizakiengan[25]. Dortokak eta arrain batzuk belakiez bakarrik elikatzen dira. Esaten da belakiek predatzaile horien aurkako defentsa kimikoak eratzen dituztela. Halere, esperimentuetan ezin izan da ikusi belakiek sortutako kimikoen toxizidadearen eta arrainek hartzen duten zaporearen arteko loturarik. Horrek defentsa kimikoen freno gaitasunaren erabilgarritasuna murriztuko luke. Arrainen bidezko predatzeak belakiak zabaltzen lagunduko luke, zatiak askatuz[27]. Halere, ikerketa batzuek erakutsi dute arrainek nahiago dituztela kimikoki defendatzen ez diren belakiak, [55] eta beste ikerketa batek erakutsi zuen koral predazio handia egoteak kimikoki defendatutako espeziak zeudela iragarri ahal zuela.[56]
Hexactinellidek ez dituzte kimiko toxikorik sortzen, eta oso ur sakonetan bizi dira, zeinetan predatzaile gutxi dauden.[35]
Neuroptera eta Sisyridae moduko animaliak ur gezako belakien predatzaile bereziak dira. Emeak bere arrautzak begetazioaren gainean uzten ditu, ura isuriz. Larba oskolatik atera eta uretara joaten da bertan elikatzeko belakiak bilatuz. Belakiek beraien ahoko egitura luzatuak erabiltzen dituzte belakiak zulatzeko eta haien fluidoak zurrupatzeko. Espezie batzuen larba belakiaren gainazalera itsasten da; beste batzuena aldiz belakiaren barrunbeetan egoten da. Guztiz heldua den larbak uretatik alde egiten du eta krisalida bihurtzeko lekua duen kusku bat birarazten du. [57]
Chondrilla nucula belakiak koral polipoak hiltzen dituen toxinak askatzen ditu, belakiak koralen eskeletoen gainean haz daitezen ahalbidetuz. Beste batzuk, bereziki Clionidae familian, beraien arkeozitoek jariatutako substantzia korrosiboak erabiltzen dituzte, arroketan, koraletan eta hildako moluskuen oskoletan hondeatzeko[25]. Belakiak arrezifeetatik urtean 1m erauzi daitezke, marea baxua denean ilara nabarmen bat sortuz.[34]
Aplysina generoko belaki karibetarrek Aplysina banda gorriaren sindromea pairatzen dute. Horrek Aplypsina kolore oxido batean edo gehiagotako bandetan garatzea eragiten du, batzuetan ehun nekrotikoaren bandekin batera. Lesio horiek belakiaren atalak guztiz inguratu ditzakete. Gaixotasuna kutsakorra da eta Bahamako arrezifeetako belakien ia %10a kutsatzen du[58]. Kolore oxido bandak zianobakterio baten bidez sortzen dira, baina ez dakite ea hori den gaixotasuna sortzen duen organismoa.[58][59]
Endosinbionte fotosintetizatzaileetaz gain,[25] belakiak beste organismoekin elkarlanean aritzeaz ezagunak dira. Lissodendoryx colombiensis gainazal arrokatsuetan ageri da batez ere, baina itsaspeko larreetan ere ageri da, larreetako belakiez inguratuta egonik. Azken horiek itsas izar lokalarentzat zaporegabeak dira, eta beraz Lissodendoryx beraiengandik babesten du.[60]
Synalpheus generoko ganbek belakietan koloniak eratzen dituzte, eta ganba espezie bakoitza belaki espezie desberdin batean bizi da; horrenbestez Synalpheus krustazeo genero dibertsoenetarikoa da. Bereziki Synalpheus regalisek belakia elikagai iturri ez ezik, beste ganba eta predatzaileen aurka egiteko ere erabiltzen du.[61] 16.000 belaki banako Spheciospongia vesparium bakarrean egon daitezke, bere burua elikatzeko ozeanoa filtratzen duenean jasotzen dituen partikula handiez elikatuz.[62]
Belaki gehienak materia organikoko partikulak eta itsas mikroorganismoak iragazten dituzten detritiboroak dira. Bereziki, belakiak garrantzitsuak dira koralezko arrezifeetako elikadura sareetan duten jokabide detritiboroarengatik. Detritoa maila trofiko gorako batetik birzkilatzen dute.[63]
Diagraman erakusten den bezala, koral arrezifeetako belakiek koral jatorriko materia organikoa haiekin lotutako detritiboroei transferitzeko ekintzan laguntzen dutenaren hipotesia egin da. Hori belaki detritua ekoiztearen bidez egiten dute. Belaki espezie asko koraletik eratorritako disolbatutako materia organikoa belaki detritura bihurtzeko gai dira[64][63]. Gainera, koralek ekoitzitako materia organikoa elikadura saretik haratago transferitu dezakete. Koralek materia organikoa disolbatutako mukosa edo partikuladun mukosa bezala askatzen dute[65][66][67][68], baita material zelularra ere, kanporatutako Symbiodiniuma esaterako[69][70][71]
Materia organikoa koraletatik belakietara bidezidor horiek guztien bidez transferitua izan daiteke, baina gehienetan disolbatutako materia organiko moduan ematen da. Izan ere, koral mukosa gehiena (%56tik %80raino) ur zutabean disolbatzen da;[68] eta Symbiodinium-aren isurketaren ondorioz finkatutako karbonoaren koral galera arbuiagarria izan ohi da (%0,01)[70] mukosaren askapenarekin konparatuta (%40ra arte)[72][73]. Koraletatik eratorritako materia organikoa ere belakiei transferitua izan daiteke modu ez zuzen batean, bakterioen bidez esaterako, koralen mukosak kontsumi ditzakenak.[68][72][73][74]
Banan-banako sinbiosi erlazio batez gain, ostalariak mikrobio talde batekin sinbiosia mantendu dezake. Belakiak komunitate oso espezifikoak izan daitezkeen mikrobio komunitate ugariren ostalariak izan daitezke. Belakiarekin harreman sinbiotiko bat mantentzen duten komunitate mikrobianoak bere ostalariaren biomasaren %35a izatera iritsi daitezke[75]. Mikrobio taldea ostalariarekin parekatzen den harreman sinbiotiko zehatz honetarako terminoa harreman holobiotikoa da. Belakiak eta harekin erlazionatutako mikrobio komunitateak bigarren mailako metabolitoak eratuko dituzte belakia predatzaileengandik babesteko, defentsa kimikoaz esaterako.[76]
Erlazio horietako batzuk, bakteriozito zelulen barnean dauden endosinbionteak dira, baita pinakodermiko geruzaren azpian aurkitutako zianobakterioak edo mikroalgak ere, non fototrofia egiteko erabiltzen den argi kopuru handiena jaso dezaketen. 50 mikrobio filum desberdin baino gehiagoren ostalariak izan daitezke, Alphaprotoebacteria, Actinobacteria, Chloroflexi, Nitrospirae, Cyanobacteria, the taxa Gamma-, the candidate phylum Poribacteria eta Thaumarchaea kasu.[77]
Linnaeusek, animalia sesil gehienak sailkatu zituenak, Spongia generoa landare bezala Algaren ordenaren barruan gaizki identifikatu zuen[78]. Orduztik denbora luzaroan, belakiak Parazoa izeneko aparteko azpierreinu batean sailkatuta egon ziren, gainerako Animalia erreinua eratzen duten Eumetazoetatik at[79][82]. Filum parafiletiko moduan definituak izan dira, zeinetan goiko animaliek eboluzionatu duten[80]. Beste ikerketa batzuk Porifera monofiletikoa dela diote.[81]
70.hamarkadan, kaltzio karbonatozko eskeleto handiak zeuzkaten belakiak, Sclerospongiae deituriko aparteko klase batean sailkatuak izan ziren. [82]. Halere, 80.hamarkadan aurkitu zen horiek denak Calcarea edo Desmospongiae espeziekoak zirela.[83]
Orain arte ikerketa zientifikoek 9000 espezie porifero identifikatu dituzte[34]. Horietatik: 400 bat Hexactinellidak dira; 500 bat calcareo espezieak dira; eta gainerakoak despomspongiaeak dira[25]. Halere, habitat mota batzuk, esaterako arroka bertikalak eta kobazulo paretak eta galeriak arroketan eta koral arroketan, oso gutxi aztertuak izan dira.[34]
Belakiak antzina hiru klaseetan banatuak ziren: belaki kalkareoak (calcarea), hexaktinelidoak (Hexactinellida) eta desmospongiak (desmospongiae). Halere, ikerketek erakutsi dute Homoscleromorpha, ustez Desmospongiae taldekoa zena, filogenetikoki modu egokian separatuta dagoela. Beraz, laugarren belaki klase bezala identifikatuak izan dira.[84][85]
Belakiak batez ere beraien eskeletoaren konposizioaren arabera sailkatuak dira[27]. Azpian erakutsitako moduan (goitik behera handitzen da eboluzio maila).
Zelula motak [27] | Espikulak [27] | Espongina fibrak [27] | Exoeskeleto handia [34] | Gorputzaren forma [27] | |
Hexactinellida | Batez ere sinzitioak espezie guztietan | Silizio dioxidoa, indibiduala edo fusionatuta | Inoiz ez | Inoiz ez | Leukonoidea |
Demospongiae | Nukleo bakarra, kanpo mintz bakarra | Silizio dioxidoa | Espezie batzuetan | Espezie batzuetan. Aragonitaz osatuta (balego)[24][34] | Leukonoidea |
Calcarea | Nukleo bakarra, kanpo mintz bakarra | kaltzita. Indibiduala edo masa handietan. | Inoiz ez | Ohikoa. Kaltzitaz osatuta (balego) | Askonoidea, sinkonoidea, leukonoidea edo solenoidea[86] |
Homoscleromorpha | Nukleo bakarra, kanpo mintz bakarra | Silizio dioxidoa | Espezie batzuetan | Inoiz ez | Silleibida edo leukonoidea |
Nahiz eta erloju molekularrek eta biomarkatzaileek belakiak Kanbriarreko leherketa baino lehen existitzen zirela adierazi, desmospongiaeko silizio dioxidozko espikulak ez dira ageri Kanbriar periodora arte[87]. Baieztatu gabeko agiri batean, duela 750 milioi urteko arroketan espikulak aurkitu direla jasotzen da[88]. Ondo kontserbatutako duela 580 milioi urteko Ediacarar periodoko belakien fosilak Doushantuoren eraketan aurkituak izan dira. Fosil horiek, espikulak barne, pinazozitoak, porozitoak, arkeozitoak, esklerozitoak eta barrunbeak desmospongiae bezala sailkatuak izan dira. Hexactinelliden fosilak duela 540 urteko Australia, Txina eta Mongoliako arroketan aurkitu dira[89]. Kiwetinokia generoko Mexikoko Kanbriar goiztiarreko belakiek espikula txikien espikulen fusioaren ebidentzia erakutsi zuten, espikula handi bakar bat eratzeko. Belaki calcareoen kaltzio karbonatozko espikulak Kanbriar Goiztiarreko arroketan arukituak izan dira, duela 530-523 bat milioi urte Australian[90]. Beste desmoespongiae batzuk Kanbriarreko Maotianshan Shales-en, duela 525-520 milioi urte.
Ur gezako belakiak askoz ere gazteagoak direla ematen du, izan ere, ezagutzen den lehen fosila Eozeno erdialdekoa da, duela 48-40 milioi urte [91]. Nahiz eta belaki modernoen %90a desmoespongiaeak diren, mota horretako fosil aztarnak beste motatakoenak baino urriagoak dira, beraien eskeletoak ondo fosilizatzen ez den espongina bigunez osatuta daudelako [92]. Ezagutzen diren belaki sinbionte zaharrenak Silurian goiztiarrekoak dira.[93]
24-isopropilkolestanoa markatzaile kimiko bat da, 24-isopropilkolesterolaren deribatu egonkor bat dena. Desmospongiaen bidez produzituak dira baina ez eumetazooen bidez. Koanoflagelatuak animalien ahaide gertukoenak direnez, zientzialari talde batek kaonoflagellatuen espezieen biokimika eta geneak aztertu zituzten. Espezie horiek 24-isopropilkolesterola ezin dutela ekoitzi adierazi zuten baina koanoflagellatu multzo handiago baten ikerketa beharrezkoa izango litzateke 24-isopropilkolesterol fosila desmospongiaen bidez soilik ekoiztua izan zela frogatzeko[94]. Nahiz eta aurreko argitalpen batek 24-isopropilkolestano arrastoak duela 1.800 milioi urteko arroketan aurkitu[99], duela gutxiko ikerkuntza batek, askoz ere zehatzagoa den arroka serie batean adierazi du biomarkatzaile horiek bakarrik Glaziazio Marinoana-ren amaiera baino lehenago azaltzen direla, hau da, duela 635 milioi urte[95]. “Belaki markatzaile” hori itsas algetatik sortua izan denaren eztabaidan, ikerketa berriek diote algek biomarkatzaile hori sortzeko duten ahalmena soilik Karboniferoan garatu zela; horren adibide dira Cryogenioko desmospongiae-en presentzia.[96][97][98]
Archaeocyathak, batzuek koralezko belaki bezala sailkatzen dutena, duela 530-520 milioi urteko Kanbriar Goiztiarreko arroketan dauden fosil ohikoak dira, baina dirudienez Kanbriar amaieran, duela 490 milioi urte hil ziren[94]. Esan izan da honako hauek ekoiztu zituztela: belakiak, knidarioak, algak, foraminiferoak; guztiz bestelakoa den animalia filuma, Archaepcyatha; edo baita guztiz separatutako bizi erreinu bat, Archaeata edo Inberibionta deitua. 1990etik, archaeocyathidak aparteko belaki talde moduan definituak izan dira.[81]
1996ko analisi batek adierazi zuen chancellorid scleritesak egitura zehatza duten lurrean dauden belakiei estuki lotuta daudela[99]. Halere, 2002ko beste analisi baten chancelloriidsak belakiak izan ordez, belakien eta konplexuagoak diren animalien bitartekoak izan daitezkela ondorioztatu zuen. Arrazoien artean, besteak beste, beraien azala belakiena baino lodiagoa delako eta lotura estuen bidez konektatuta dagoelako. [100] 2008an chancelloriids eskleritoen analisi batek halkieriidsen oso antzekoak zirela ondorioztatu zuen, hauek bare itxurako animali bilateria mugikorrak izanda (beraien fosilak Kanbriar oso hasierako arroketatik Kanbriar erdialderainoko arroketan aurkituak). Hori zuzena bada, dilema bat sortuko luke, oso arraroa baita inolako loturarik ez duten organismoek hain antzekoak diren eskleritoak modu independentean garatu izana. Gainera, beraien gorputzen egituren alde handiek zaila egiten dute beraien artean lotura estu bat dagoela ikustea.[101]
1990ean, belakiak talde monofiletiko moduan definituak izan ziren, horiek guztiak belakia zen arbaso komun batetik etorrita, eta gainerako metazoo guztien ahizpa-taxoi izanda. Bestetik, 90.hamarkadako ikerketa batzuk animaliaren senide ebolutibo gertuena koanoflagelatuak direnaren ideia berpiztu zuten. Horiek belakien koanozitoen oso antzekoak diren organismo zelulabakarrak dira. Hori hala balitz, Metazoa gehienak belakien antzeko antzindari batetik eboluzionau dutela eta beraz belakiak monofiletikoak ez direla ondorioztatu ahalko genuke. Belaki moduko arbaso horiek belaki modernoen eta belakiak ez diren Metazoako partaideen sorrera bultzatu ahal izan dute.[102]
2001etik egindako analisiek ondorioztatu dute Eumetazoak (belakiak baino konplexuagoak) belaki talde zehatz batzuekin lotura handiagoa daukala gainerako belakiekin baino. Ondorio horiek esan nahi dute belakiak ez direla monofiletikoak, belaki guztien azkeneko arbaso komuna Eumetazoa-ren antzindari zuzena ere izango litzatekelako. 2001ean ikerketa bat egin zen, DNA erribosomikoen konparazioetan oinarrituta, eta ondorioztatu zuen belakien artean banaketa garrantzitsuena Hexacyinellid-ak eta gainerako belakiak bereiztea dela. Gainera, adierazi zuen Eumetazoa belaki calcareoei, kaltzio karbonato espikulak dituztenei, beste belaki espezieei baino lotuagoa dagoela[103]. 2007an RNAren konparazioetan eta espikulen konparazioetan oinarritutako ikerketa batek ondorioztatu zuen desmospongiae eta Hexacyinellid-ak beraien artean erlazionatuagoak daudela belaki calcareoekin baino.[92][104]
Beste ebidentzia anatomiko eta biokimiko batek Eumetazoa Homoscleromorpha-rekin (belakien azpitalde bat) lotzen du. DNA nuklearraren alderaketa batek, 2007an, Hexacyinellida eta ktenoforak kanpoan uztita, honako hau ondorioztatu zuen: Homoscleromorpha batez ere Eumetazoari lotuta dagoela; belaki calcareoak hurrengo gertukoenak direla; gainerako desmospongiae talde hauen “izeba” eboluzionarioak direla; eta chancelloriids-ak, beraien fosilak Kanbriarreko arroketan aurkitzen diren poltsa itxurako animaliak, belakiak izan litezkeela[105]. Homoscleromorphak Eumetazoarekin partekatzen duen espermak beste belaki horiek ez daukatena betetzen du. Bai Homoscleromorpha eta bai Eumetazoetan, zelula geruzak batez ere “4 motako” kolagenoz osatuta dagoen oinaldeko xafla bati lotuta elkartzen dira. Nahiz eta desmospongiae guztien mesohiloa indartzen duten espongina zuntzak “4 motako” kolagenoaren antzekoak izan, kolageno mota hori ez da beste belakietan ageri.[29]
Deskribatutako analisiak belakiak Metazoa guztien arbasoekiko gertukoenak direla ondorioztatzen du, animalia multizelular guztiena (belakiak eta beste talde konplexuagoak barne). Halere, 2008ko 21 generoko 150 geneen arteko beste alderaketa batek (onddoetatik hasita gizakietara baina bakarrik bi belaki espezie kontuan hartuz) ktenophorak laginean ageritako leinurik oinarrizkoena zirela proposatu zuen. Hori horrela bada, ktenophora modernoek beraien egitura konplexuak beste Metazooetatik independenteki garatu dituzte, edo belakien antzindariak konplexuagoak ziren eta ezagutzen diren belaki guztiak oso forma sinplifikatuak dira. Ikerketak anilisi sakonagoak gomendatu zituen, belaki hedadura handiago bat eta Placozoa bezalako Metazoa sinple batzuk erabilita[15]. 2009an argitaratutako ikerketa baten emaitzek adierazten dute ikuspegi hori justifikatuta egongo litzatekela. Eskuragarri dauden datuen (morfologikoak, garapenezkoak eta molekularrak) konbinazio guztiak erabilita eraikitako zuhaitz genealogikoek ondorioztatu zuten belakiak berez talde monofiletikoak direla, eta knidarioekin bilateren ahizpa taxoia eratzen dutela.[99][100][106][107][108]
2017an argitaratutako 1719 proteinen barne antolaketa indartsu batek erakutsi zuen: (i) belakiak -Homoscleromorpha, calcarea, hexactinellida eta desmospongiae espezieak- monofiletikoak direla; (ii) belakiak gainerako animalia zelulaniztunen ahizpa taxoia direla; (iii) ktenoforoak sortzen direla bigarren animalia leinu adarrik goiztiarrena bezala; eta (iv) placozoans hirugarren animalia leinua direla, bilaterien ahizpa taxoi knidarioez jarraituta.[109][110]
2021eko martxoan, Dublineko zientzialariek belakiak gainerako animalia guztien ahizpa taxoia direnaren ebidentzia handiagoa aurkitu zuten. [111]
• Céline Allewaert
• Patricia Bergquist
• James Scott Bowerbank
• Maurice Burton
• Henry John Carter
• Max Walker de Laubenfels
• Arthur Dendy
• Édouard Placide Duchassaing de Fontbressin
• Randolph Kirkpatrick
• Robert J. Lendlmayer von Lendenfeld
• Edward Alfred Minchin
• Giovanni Domenico Nardo
• Eduard Oscar Schmidt
• Émile Topsent
1997ko artikulu batek Tursiops generoko izurdeek Shark Bay-en belakiak tresna moduan erabiltzen dituztela deskribatu zuen. Izurde batek itsas belaki bat mokora eramango du, elikagaiak bilatzerako orduan babestua izateko erabilia izango dena ozeano lurrean[112][113]. Ekintza hori, sponging bezala ezagutua, leku horretan bakarrik ikusi da, eta ia soilik emeek egiten dute. 2005eko ikerketa batek ondorioztatu zuen amek beraien alabei erakusten dietela, eta belakiak erabiltzen dituzten guztiak estuki lotuta daudela.[21]
Belaki genero gehienen kaltzio karbonato edo silizio dioxidozko espikulek belakiak oso lakarrak bihurtzen dituzte erabilera gehienetarako. Baina bi generok, Hippospongia eta spongiak, bigunak eta zuntzezkoak diren eskeletoak dauzkate. [114] Europar goiztiarrek belaki bigunak hainbat helburutarako erabili zituzten, esaterako kaskoetako kuxinak, edateko tresna eramangarriak eta ur filtroak egiteko. Belaki sintetikoen asmakuntzara arte, garbitzeko tresna bezala erabiliak ziren, baita margoketarako, zeramikarako eta antisorgailuak egiteko ere. Halere, XX. mendeko erdialdean, gehiegizko arrantzak belakiak ia desagertzea eragin zuen[115] eta horren ondorioz haiekin lotutako industriak gainbehera egin zuen.
Belaki moduko beste testura batzuk orain poriferoetatik ez datozen substantziez eginda daude. Belaki sintetikoen adibideak sukaldeko espartzuak, bularreko inplanteak,[116] belaki antisorgailuak[117] eta abar dira. Erabilitako material ohikoak zelulosazko aparra, poliuretano aparra eta, ez hain maiz, silikonazko aparra dira.
Luffa “belakia”, sukaldean edo dutxetan erabilia dena, ez da animalia batetik eratorria baizik eta batez ere Luffa aegyptiaca belakiaren zuntzeko “eskeleto”-tik.[118]
Belakiek erabilera medikoak dauzkate euren propietateengatik eta birusak, bakterioak, tumoreak eta onddoak kontrolatzeko erabiltzen diren beraien sinbionte mikrobianoengatik.[119][120]
Belakiek, babesten ez dituzten oskolik ez dutenez, ohikoak ez diren konposatuak sintetizatzeko eboluzionatu dute. Horietako bat gantz azido oxidatuen deribatuak dire oxilipina da. Familia horretako kideek, dirudienez, ez dituzte minbiziaren, bakterioen eta onddoen aurkako propietaterik. Adibide bat Okinawan plakortis belakitik isolatutako Aplakoridina da, linfoma zelulekiko zitotoxina moduan potentziala duena. [121][122]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.