Remove ads
azpikontinente From Wikipedia, the free encyclopedia
Hego Amerika Mendebaldeko hemisferioan eta batez ere Hego hemisferioan dagoen kontinente bat da, zati txiki bat Ipar hemisferioan dagoen arren. Ameriken azpi-kontinentetzat ere hartzen da, bereziki Ameriketako espainiera eta portugesa hitz egiten den eremuetan ikusten den bezala[2][3]. Hego Amerikari buruzko aipamenak ugaritu dira azken hamarkadetan, Latinoamerika edo Hego Konoari egindako aipamenen gainetik, bereziki Brasilgo ekonomiaren hazkuntza dela eta[4].
Azalera | 17.840.000 km² |
---|---|
Biztanleria | 420.458.044 bizt (2015)[1] |
Biztanle-dentsitatea | 21,4 bizt./km² |
Jentilizio | hegoamerikar |
Herrialdeak | 12 |
Dependentziak | 4 |
Hizkuntzak | portuges, gaztelania, ingeles, nederlandera, frantses, kreole |
Ordu-eremuak | UTC-2-UTC-5 |
Hiri nagusiak | São Paulo, Buenos Aires, Rio de Janeiro, Bogota, Lima |
Ozeano Bareak mugatzen du mendebaldean eta iparraldean zein ekialdean Ozeano Atlantikoak; Ipar Amerika eta Karibea bere ipar-mendebaldea daude. Hamabi estatu burujabe daude (Argentina, Bolivia, Brasil, Ekuador, Guyana, Kolonbia, Paraguai, Peru, Surinam, Txile, Uruguai ea Venezuela), Frantziaren zati bat (Guyana Frantsesa) ea lurralde ez-burujabe bat (Falklandak, Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldea, Argentinak dispuatua). Gainera, Herbehereetako Erresumako ABC uharteak, Trinidad eta Tobago eta Panama ere Hego Amerikaren zatitzat har litezke.
Hego Amerikak 17.840.000 kilometro koadro ditu, munduko lur lehorraren %13 eta Amerikaren %42,9[5]. 2016a 420 milioi biztanle inguru zituen, munduko biztanleen %6,5[6]. Hego Amerika da laugarren kontinenterik handiena (Asia, Afrika eta Ipar Amerikaren ondoren) eta bosgarrena populazioari dagokionez (Asia, Afrika, Europa eta Ipar Amerikaren ondoren). Brasil da, nabarmen, Hego Amerikako herrialdeen artean biztanle gehien dituena, kontinentearen biztanleriaren erdiarekin; ondoren datoz Kolonbia, Argentina, Venezuela eta Peru. Azken hamarkadetan Brasilek ere bildu du eskualdearen BPGaren erdia, eta eskualdeko herrialderik boteretsuena da[4].
Kontinenteko biztanle gehienak mendebaldeko eta ekialdeko kostaldeetan bizi dira, barnealdea eta hegoaldeko puntan inor gutxi bizi den bitartean. Hego Amerikako geografian nabarmen dira Andeak; kontrastean, ekialdeko aldean goi-ordokiak zein lautada handiak dira nagusi, Amazonas, Orinoco eta Paraná ibaien ibilguan zehar. Kontinentearen zatirik handiena tropikoen barruan dago.
Kontinentaren gaur egungo itxura etniko eta kulturalaren oinarria europarrek Amerikaren aurkikuntza egin eta Amerindiarrekin elkarrekintza izaten hasi zirenean egituratu zen. Ondoren, migrazioek eta, maila lokalean, esklabotzak eragin nabarmena izan zuten. Kolonialismoaren eraginez Hego Amerikako herritarren gehiengoak portugesa edo espainiera hitz egiten du, baita Amerikaren deskolonizazioaren ondotik, eta Mendebaldeko kultura islatzen duten gizartea eta estatuak dituzte.
Hego Amerikak okupatzen du Ameriketako hegoaldeko eremua. Normalki kontinentearen muga ipar-mendebaldean Kolonbia eta Panamaren mugan dagoen Darién eskualdean ezartzen da, nahiz eta beste batzuek Panamako kanalean kokatzen duten. Geopolitikoki eta geografikoki[7] Panama osoa, baita kanalaren ekialdera geratzen den istmoaren zatia Ipar Amerikan sailkatzen da[8][9][10] eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan[11][12]. Ia Hego Amerika osoak Hego Amerikako plakaren gainean datza.
Hego Amerikan dago munduko ur-jauzirik altuena, Venezuelako Angel ur-jauzia; salto bakarrean ur gehien daraman ur-jauzia, Kaieteur ur-jauzia, Guyanan; emaririk handiena duen munduko ibaia, Amazonas; mendilerrorik luzeena, Andeak, zeinen punturik gorenak, Aconcaguak, 6.962 metro dituen; poloetatik kanpora dagoen munduko lekurik lehorrena, Atacamako basamortua[13][14]; munduko oihan-tropikalik zabalena, Amazonia; altuerarik handienean dagoen hiriburua, La Paz, Bolivian; nabigazio komertziala duen munduko lakurik altuena, Titicaca lakua; eta Antartikako ikerketa baseak kenduta, munduan biztanleria egonkorra duen hegoaldeenen dagoen herria, Puerto Toro, Txilen.
Hego Amerikako plaka Afrikako plakatik bereizten da eta mendebalderanzko mugimendu horretan dentsitate txikiagoa duen Nazcako plaka bere azpitik sartzen da, Andeak sortuz. Urtero 77 milimetro inguru mugitzen da mendebaldera[15]. Topografikoki, hiru eremutan banatzen da Hego Amerika: Andeetako mendilerroa, barnealdeko ordokiak eta ezkutu kontinentala[16]. Andeak munduko mendilerrorik luzeena eta gazteena da, eta Himalaiaren ostean altuena. Suaren Lurraldean hasten da eta Ozeano Barearekiko paraleloki hedatzen da iparralderantz, ahalik eta Panamako istmora eta Karibeko kostaldera doazen bi adarretan banatzen den arte. Andeak Argentina, Txile, Bolivia, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelatik pasatzen dira. 6.000 metro baino gehiago dituzten hainbat mendi daude bertan, adibidez Aconcagua (6.961)[17], Nevado Ojos del Salado (6.893), Nevado Huascarán (6.768), Nevado Sajama (6.542) edo Chimborazo (6.310)[oh 1]. Kolonbian, kontinentearen beste aldean, 5.300 metroko mendiak daude Sierra Nevada del Cocuyn edo Nevado del Ruizen. Bailara sakonak eratzen ditu bertan, adibidez Valle del Cauca, baita goi-ordokiak ere, Altiplanoa bezala, 3.000 metrotik gora[18] dagoen lautada lehorra Bolivia, Peru, Argentina eta Txile artean, Tibetetik kanpo munduan dagoen goi-ordokirik zabalena. Andeak, gainera, Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren parte dira, munduan sumendi eta lurrikara gehien dauden eremuetako bat; Nazcako plakaren subdukzioaren ondorio dira. Txile da Indonesiaren ostean sumendi gehien dituen herrialdea, 2.000 sumendirekin, horietatik 500 potentzialki aktiboak[19].
Lautadak hiru sistematan bereizten dira: Orinocoaren lautadak, Amazonasen lautada eta Chacopampear lautada. Lautada hauek kontinenteko hiru ibai sistema handiek sortu dituzte, mendien higaduraren ondorioz. Kolonbia, Ekuador eta Peruko kostan ere badaude lautada batzuk, eta Atlantikoan, Guyana, Surinam, Guyana Frantsesean eta Brasilen beste hainbeste. Argentinan dagoen Laguna del Carbón da kontinenteko punturik baxuena, itsas-mailatik 108 metro beherago[20][oh 2].
Hego Amerikako faunak isolamendu handia izan du denbora luzean zehar, eta horregatik bere biodibertsitatea eta bertan baino bizi ez diren animalien kopurua oso altua da. Isolamendu hori orain dela milioi urte gutxi batzuk amaitu zen, Piacenzar garaian[21], Panamako istmoa sortu zenean eta Amerikar elkartruke handia gertatu zenean[22]. Garai horretatik aurrera Ipar Amerika eta Hego Amerikako animalien arteko elkartrukea egon zen. Hego Amerika da hegazti espezie kopururik handiena duen kontinentea[23].
Gondwana Mesozoikoan apurtu zenean Hego Amerika isolatuta geratu zen, nahiz eta kontaktua izaten zuen Australiarekin Antartikatik pasaz[24][25]. Animalia hauetako gehienak desagertu dira jada[26], baina endemismo ugari mantendu dira, tartean martsupialak (tartean monito del monte izenekoa[27]), xenarthra ugari[28] eta Notoungulata. Monotremak ere bazeuden Hego Amerikan Paleozenoan[29]. Antartikako bidetik ere mugitu ziren Palaeoagnathae hegaztiak[30] eta beste batzuk, adibidez loroak.
Orain 40 milioi urte (Eozenoan) karraskariak iritsi ziren Hego Amerikara[31][32][33], ziurrenik Afrikatik[34][35], litekeenez ozeanoko korronteen eraginez[36], urak garraiatutako landareen gainean flotatuz. Karraskariak tamainaz handitu ziren, gaur egungo kapibara bezala, baina baita handiagoak ere[37]. Bide beretik iritsi ziren, beranduago, primateak. Hego Amerikako primate guztiak Platyrrhini kladokoak dira, orain dela 36 milioi urte iritsi[38] baina askoz beranduago erradiatu zen taldea[39]. Flotazioz iritsitako bi talde hauek lehenago bertan bizi ziren espezieak baino askoz gehiago dira gaur egun[40]. Bide antzekotik, baina hegan egiteko aukerarekin, iritsi ziren garai paretsuan saguzarrak, nahiz eta Antartikatik pasa izana ere posible den[41]. Dortokak ere flotazioz iritsi zirela pentsatzen da[42], beste narrasti batzuekin batera[43].
Panamako istmoa itxi zenean Ipar eta Hego Amerikaren arteko animalien trukea hasi zen. Hortik datoz Hego Amerikako felinoak (puma edo jaguarra), kamelidoak (llama, alpaka, bikuina eta guanakoa), hainbat karraskari eta beste animalia ugari iritsi ziren.
Hego Amerikan ingurune tropikaletan 23 hegazti familia eta 600 bat espezie daude[44]. Boak, anakondak edo iguanak ere bizi dira Hego Amerikan, eta Amazonas zein Orinoco ibaietan arrainen aniztasuna oso handia da[45].
Herrialdea | Azalera (km²) | Biztanleria[I] | GGI | Agintaria (2019) | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|
Brasil | 8 515 767 | 208 (24) | 0,759 | Jair Bolsonaro | |||
Argentina | 2 780 400[II] | 44,5 (16) | 0,827 | Mauricio Macri | |||
Peru | 1 286 216 | 32,2 (25) | 0,750 | Martín Vizcarra (Pedro Pablo Kuczynskik kargua utzi eta gero) | |||
Kolonbia | 1 141 748 | 49,9 (44) | 0,747 | Iván Duque Márquez | |||
Bolivia | 1 098 581 | 11,2 (10) | 0,662 | Evo Morales | |||
Venezuela | 916 445[III] | 31,8 (35) | 0,762 | Nicolás Maduro[IV] | |||
Txile | 756 102[V] | 17,8 (24) | 0,843 | Sebastián Piñera | |||
Paraguai | 406 752 | 7 (17) | 0,702 | Mario Abdo Benítez | |||
Ekuador | 283 561 | 16,8 (59) | 0,752 | Lenín Moreno | |||
Guyana | 214 970 | 0,8 (4) | 0,638 | David Granger | |||
Uruguai | 176 215 | 3,5 (20) | 0,804 | Tabaré Vázquez | |||
Surinam | 163 820 | 0,5 (3) | 0,714 | Dési Bouterse | |||
Trinidad eta Tobago | 5128 | 1,3 (269) | 0,774 | Paula-Mae Weekes | |||
| |||||||
Dependentziak eta beste lurralde batzuk | |||||||
Aruba [VI] | 180 | 0,1 | 0,895 | Evelyn Wever-Croes[VII] Willem-Alexander Herbehereetakoa[VIII] | |||
Bonaire [IX] | 288 | 0,02 | Mark Rutte[X] Willem-Alexander Herbehereetakoa[VIII] | ||||
Curaçao Curaçao[XI] | 444 | 0,2 | 0,890 | Daniel Hodge[XII] Willem-Alexander Herbehereetakoa[VIII] | |||
Guyana Frantsesa[XIII] | 83.534 | 0,3 | (10) | Rodolphe Alexandre[XIV] Emmanuel Macron[XV] | |||
Falklandak[XVI] | 12.173 | 0,003 | Nigel Phillips[XVII] Elizabeth II.a Erresuma Batukoa[XVIII] | ||||
Hegoaldeko Georgiak eta Hegoaldeko Sandwichak [XVI] | 3903 | (>1) | |||||
Guztira | 17.846.227 | ||||||
|
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.