From Wikipedia, the free encyclopedia
Jaguarra (Panthera onca) Panthera generoko panterinoen subfamiliako felido handi haragijalea da,[1] genero honetako espezie guztietatik Amerikan bizi den bakarra. Amerikako felidorik handiena eta munduko hirugarren handiena da (Tigrea eta lehoiaren atzetik).[2][3][4] Katu handi honen hedapena Estatu Batuetako hegoaldetik Argentinako iparralderaino doa, Ertamerika osoa zeharkatuz. Arizonako populazio urri batzuk izan ezik, espezie hau 1900. urteko hamarkadatik Estatu Batuetatik desagertuta dago, eta Puma da Ipar Amerikan presentzia handia duen felido handi bakarra.[5][6]
Jaguar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Felidae |
Generoa | Panthera |
Espeziea | Panthera onca |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 99 egun |
Kolorea | beltz eta hori |
Elikadura iturri nagusia | Kapibara, Hartz inurrijalea, Blastocerus dichotomusa, Tamandua tetradactyla, Pecari tajacua, Dasyprocta fuliginosa, Dortoka eta Kaimana |
Masa | 800 g (pisua jaiotzean) |
Haginkadaren indarra | 137 |
Kumaldiaren tamaina | 4 |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Lehoinabarrarekin ahaidetasuna du, eta fisikoki oso antzekoak izan arren, jaguarra lehoinabarra baina handiagoa da eta bere habitata eta portaerari dagokionez tigrearekin lotura estuagoa du. Ohian berde eta hezeak (zingiratsuak) gogoko baditu ere, baso lehorrago eta irekiagoetara ere erraz molda daiteke. Felido honek urarekin harreman erosoa du, eta tigrearekin batera, igerilari aparta izateagatik ezagutu ohi da.
Felido bakartia da eta harrapakina zelatatu eta enboskadak eginez ehizatzen du, horretarako garezurrean edo lepoan hozkada bakar eta zehatz bat emanez (felidoen eraso mota ohikoena ere erabiltzen du bere hozkada bereziaz gain). Harrapari handia izanki, bizi den ekosistemetan organismo erregulatzaile papera betetzen du, belarjale handiak ehizatuz.
Jaguarra IUCN-ren arabera ia arriskuan dagoen espezie bezala sailkatuta dago,[7] bere kopuruak behera egiten jarraitzen duen bitartean. Horren guztiaren arrazoi nagusiak bere habitataren desagerpen azkarra eta legez kanpoko ehiza dira, animalia hau legez babestua izan arren, sarritan nekazari eta abeltzainen kontrako gatazketan tiroz hila eta ehizatua gertatzen baita.
Jaguar hitza Tupi-Guarani hitzetik eratorria izan daiteke, yaguara «bere harrapakina salto batez harrapatzen duen basapiztia» esan nahi duena[8][9]. Ipar Amerikan, hitza disilabikoa da /ˈdʒæɡwɑːr/, ingeles britainieraz, berriz, hiru silabakoa /ˈdʒæɡjuːər/ den bitartean[10][11]. Hitz hori beste animaliei ere aplikatzen zaienez, Guyanako indigenek jaguareté deitzen diote, eté atzizki erantsiarekin, benetako piztia esan nahi duelarik[12][13]. Onca portugesezko onça izenetik dator katamotz bat baino handiagoa den katu orbandun batena[14]; Pantera hitza latinezko pantera klasikotik dator, eta, bide batez, antzinako grezieratik πάνθηρ (pánther)[15].
1758an, Carl Linnaeusek Systema Naturae bere lanean deskribatu zuen jaguarra, eta Felis onca izen zientifikoa eman zion[16]. XIX. eta XX. mendeetan, jaguar motako zenbait ale izan ziren azpiespezieen deskribapenen oinarria[17]. 1939an, Reginald Innes Pocockek zortzi azpiespezie ezagutu zituen jatorri geografikoan eta garezurraren morfologian oinarrituta[18]. Pocockek, ordea, ez zuen haren egoera azpi-espezifikoa kritikoki ebaluatzeko adina ale zoologikorik eskuratu, baina hainbaten estatusari buruzko zalantzak azaldu zituen. Geroago, bere obrari buruzko kontsiderazioak hiru azpiespezie baino ez zirela kontuan hartu behar iradoki zen. P.o. Palustrisaren deskribapena burezur fosil batean oinarritzen zen[9].
2005ean, bederatzi azpiespezieen taxon jotzen ziren baliozkotzat[17].
Reginald Innes Pocockek Panthera generoan kokatu zuen jaguarra, eta ikusi zuen hainbat ezaugarri morfologiko partekatzen zituela lehoinabarrarekin (P. pardus), eta, beraz, elkarren artean lotura estuena dutela ondorioztatu zuen[18]. Ikerketa morfologiko eta genetikoen emaitzek populazioen arteko iparraldeko eta hegoaldeko aldakuntza adierazten dute, baina bereizketa azpiespezifikorako ebidentziarik gabe[19][20]. Hego Amerikako 84 jaguarren laginen DNA analisiek agerian utzi zuten Kolonbiako jaguar populazioen arteko gene-fluxua handia izan zela iraganean[21]. 2017tik, jaguarra taxon monotipikotzat hartzen da[22].
Jaguarra felido handien taldekidea da.[23] Katu handi honek gorputz sendoa du eta proportzionalki felido guztien artean indartsuena eta gihartsuena da (tigrea eta lehoiaren aurretik), baita hozkadarik indartsuena duena ere.[24] Animalia honek 360 kiloko zezen bat arrastaka eraman dezake ohian hostotsuenatik zehar, eta bera baino 4 aldiz astunagoak diren harrapakinak uretan garraiatu eta ur-ertzetako lurrezko horma naturalak harrapakinarekin igo ditzake, lehorrera eraman ahal izateko. Era berean, bera baino 3 bider pisutsuagoak diren harrapakinak zuhaitz baten goiko adar lodietara garraia ditzake (lehoinabarrak bezala, baina pisu handiagoarekin), nahiz eta lehoinabarrek ez bezala, jaguarrek hori egiteko beharrik ez izan (bere habitataren elikadura-katearen goiko partean dagoelako). 70 kilo inguruko jaguar aleak 35 kilo pisatzen zituzten itsas dortokak eta kaimanak ohian hostotsuetan 100 metro inguru garraiatzen ikusi dira.
Katu honen azala laranja-horixka kolorekoa da eta orban edo pikartadura beltz handi eta ugariez beteta dago, bere sabel ingurua eta lepoaren barnekaldea zuria da (baita orbanez edo pikartadurez betea ere). Melanismoa oso ezaugarri arrunta da jaguarretan, eta maiz jaguar beltzak ikusten dira ohianetan zehar, baita mundu osoko zoologikoetan ere. Albinismo kasu arraroagoak ere gertatzen dira (gainontzeko felidoetan bezala), pantera zuriak izenaz ezagutzen direnak gertatuz.
Bere tamaina arren kasuan 56 kg-tik 130 kg-rainokoa izan daiteke, eta emeak 10-20% txikiagoak dira. Aztertuta dago Brasilgo lur-zingiratsuenetako zonalde irekietan katu hauen tamaina handiena dela, bertako batez besteko pisua 100 kg-koa baita eta sarritan 130 kg-ra ere heltzen baitira (158 kg-ko arrak ere topatu dira), seguruenik harrapakin ugariko gunea delako azal daiteke hau dena, eta beraz, elikadura falta ez dutenez neurri handiagoa hartzen dute.[23][25]
Bere luezera 163-183 cm bitartekoa da, 75 cm-ko buztana alde batera utzirik, eta bere altuera sorbaldetaraino 67-76 cm artean izan ohi da.[26]
Felidoen artean ez ezik, munduko ugaztun guztien artean hozkadarik indartsuenetarikoa ere badu. Ikerketa batzuek ugaztunen artean bigarrena dela zehazten dute, hiena pikartaren atzetik, baina beste ikerketa batzuk hienen aurretik lehenengo postuan jartzen dute. Zehazki esatea zaila den arren, hiena pikartaren atzetik jartzen duen ikerketa fidagarriagoa da. Argi dagoena zera da, ugaztunen erreinuan hozkadarik indartsuena ematen duten bi animalien artean dagoela terminu absolutuetan, hienarekin batera (proportzionalki, hots, terminu erlatiboetan, Tasmaniako deabruak du hozkadarik indartsuena, hozkada indarra eta animaliaren pisua kontuan hartuz).
Emeak 12-24 hilabeteen tartean heltzen dira heldutasunera, arrek sexu-heldutasunera iristeko 24-36 hilabete artean itxaron behar duten bitartean. Emeak heldutasunera azkarrago heltzea ugaztun guztien ezaugarrienetako bat da. Ugalketa urte osoan zehar eman daiteke, baina urtaro euritsuan areagotzen dira erditzeen kopuruak, harrapakin ugariago dauden urtaroan. Emeen araldiak 6-17 egun artean dirau, eta emankor dagoela zarata eta usaingarriak diren txisa-marken bidezadierazten du. Gorteiatze garaian bai arrek bai emeek beraien lurraldea zabaltzen dute.
Ugaldu ondoren, bikoteak banatu ugiten dira berriro ere, eta emeak dira kumeen zaintzaz arduratzen diren bakarrak. Ernaldiak 93-105 egun artean irauten du eta 1-4 kume erditzen ditu, sarriena bikote bat izanik. Kumeen jaiotza ostean, emeak ez du jaguar arren presentziarik onartzen, kanibalismoa saiesteko bide bat izanda. Izan ere, arrek kumeak hiltzeko joera dute, emeak araldian sar daitezen (tigreek ere portaera hori erakusten dute).
Kumeak erabat itsu jaiotzen dira, eta amaren zaintzaren beharra dute. Poliki-poliki ikusmena garatzen hasten dira eta 3 hilabeteren buruan amak titiak kentzen dizkie haragia apurka jaten hasteko. 5-6 hilabetetan jada amarekin ehizara joaten dira, gutxinaka trebatu eta ehizatzeko behar diren doaiak bereganatzen joateko.
Bizitza askean 11-12 urtez bizi dira, gatibutasunean 25 urtez bizi daitezke eta 32 urtez bizi zen eme baten erregistroak daude, felidoen artean bizitza luzeenetarikoa duenen artean sailkatuz.
Katu honi, tigreei gertatzen zaien moduan, ura asko gustatzen zaio eta bere bizitzaren hazkundea ur gune handiei esker ematen da, uretan bizi diren harrapakin askok osatzen baitute bere elikadura, eta beraz, bere habitat gehienak lur-zingiratsuek osatzen dituzte, urez beteta daudenak (Amazonaseko baso tropikaletan ale ugari daude), arrazoi horien guztiengatik igerilari aparta da, tigrea bezalaxe.
Jaguarra Amerika kontinenteko erdialdetik ia hegoalde osora hedatuta dagoen felidoa da, katu hau Ertain-amerikako habitat lehorragoetara (beti ere ur-gune nahikoa badaude) zein Hego-amerikako zonalde eta habitat heze eta basotsu zein ureztatuenetara (lur-zingiratsuz beterikoak adibidez) moldatuta dago.[7][27]
Katu hau bere hozkada bortitzaz baliatzen da bere harrapakin ugariak ehizatzeko, normalean, beste katu handiek egiten ez duten bezala (lepoan edo muturrean hozkada egin harrapakina aire eta odol fluxurik gabe uzteko) katu honek sarritan buruan hozkada indartsu batekin hiltzen ditu bere harrapakinak, buruezurra eta burmuina zulatuz. Kaimanen, dortoken eta armadiloen azal gogorra edota oskola zulatu eta apurtzeko gai dira, arazo handiegirik gabe. Aipagarria da bere izenak "jauzi batez hiltzen duena" esan nahi duela bertoko tribuen hizkeraz.
Bere elikadura osatzen duten 80 harrapakin espezie ezberdin ehizatu ditzake, igeletatik hasita eta zerbido handi, basurde, kapibara, tapir, pekari eta kaiman edota anakonda suge erraldoietaraino, hegazti (arrano handiak barne) eta narrasti mota guztietatik igarota. Hori dela eta, kate trofikoko goreneko mailan egoten da bizi den ekosistemetan, eta elikadura malgua duenez, erregulatzaile papera betetzen du.
Bere habitat guztien superharraparia da, beraz berebiziko garrantzia duen animalia da, kate trofikoan eta bere biziguneen zikloetan. Animalia honek, bere habitateko kate trofikoan erregulatzaile papera du, belarjale ororen (batez ere ertain eta handien) populazioak orekatzeko ardura ekologikoa baitu. Harrapari honen desagerpenarekin, bere habitataren oreka eta habitat bera desagertuko litzateke, kate bateko oinarrizko osagaia kenduko bailitzateke. Harrapari handirik gabe, belarjaleak neurririk gabe ugaldu, biderkatu eta ohianean kalte larriak eragin litzakete, oreka guztiz aldatuz.
Felido miresgarri honen populazioak beherantz doaz etengabe, animalia hau ia arrisku egoeran dela deritzo IUCN erakundeak, baina bere kopuru eta populazioen beherakada dela eta, laster arrisku ahulean sailkatuko dutela iragarri du (ia arriskuan baino postu bat larriago). Hau animalia honen aldeko babes neurriak areagotzeko arrazoi ona izan daitekeela diote, arriskuan sailkatuta ez dauden animaliek babes-neurri eskasagoak (batzuetan neurririk ez) eta arreta gutxiagoa izaten dutelako.
Aurreko hamarkadetan bortitzki ehizatua izan zen felidoa da, batez ere bere larruagatik. 1960. urteko hamarkadan 15.000 jaguar hil zituzten bere larruagatik bakarrik, hori dela eta bere hedapenaren %37 galdu zuen. Handik aurrera neurriak hartu ziren eta animalia babestutzat jota bere lurraldea eta kopurua berreskuratzen joan da. Datu baikor bat aipatzearren, egungo biziraupen probabilitate ikerketek, jaguarrak etorkizunean bizirauteko %70 probabilitateko aukerak dituela diote. Horretarako, ezinbestekoa da bere habitata babestea eta legez kanpoko ehiza guztiak etetea, baita abeltzainen arteko gatazkei irtenbide bat ematea ere.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.