Felido handiak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Felido handi terminoak Panthera generoan sailkatzen diren bost animalia-talde hauei egiten die erreferentzia: tigrea, lehoia, jaguarra, lehoinabarra eta elur-lehoinabarra.[1] Elur-lehoinabarra izan ezik, beste espezie guztiek orro egiteko gaitasuna dute. Felido termino honen definizio zabalago batek Panthera generotik kanpo dauden puma, pantera lainotsua, Neofelis diardi pantera, gepardoa eta zenbait katamotz-espezie ere barne hartzen ditu, nahiz eta aipatutako espezie horiek orro egiten ez duten.[2]

Nahiz eta felido hauen artean tamaina-diferentzia handiak egon, zenbait espezie nahiko antzekoak dira gorputzaren egitura eta portaerari dagokienez. Horren salbuespena gepardoa da, beste felido handien eta txikien ezaugarriekin bat ez baitator. Felido guztiak karniboroak eta alfa harrapariak dira.[3] Haien ohiko banaketa geografikoari dagokionez, Amerikan, Afrikan eta Asian bizi direla esan behar da.
Orroa
Orro egiteko gaitasuna duten laringe espezializatu eta luzeari esker lortzen dute felido handiek, baita duten aparatu hioideari esker ere.[4] Biriketatik ateratzen den airea laringera bideratzen denean, bertako kartilagozko paretak dar-dar egiten du, eta soinua sortzen du. Lehoiaren laringea da luzeena, eta horrexegatik du orrorik indartsuena. Orroa baldintza egokietan 8-10 km-ra entzun daiteke.[5] Panthera generoko bost taldeek aipatutako hioide luzea dute, elur-lehoinabarrak izan ezik, zeinak bi desberdintasun dituen laringean, orro egiteko gaitasuna kentzen diotenak.
Arriskuak
Felido handiek dituzten arrisku nagusiak kokapen geografikoaren araberakoak dira: habitat-suntsipena eta isileko ehiza. Afrikan felido handi asko pastoralistek edo "animalia arriskutsuen kontroleko" gobernuko ofizialek ehizatzen dituzte. Badaude babestuta dauden zenbait eremu, zeinetan babesa ematen zaien Afrikako lehoinabar, lehoi eta gepardoen populazioei. Horien artean daude Botswanako Chobe parke naturala, Tanzaniako Serengeti parke nazionala eta Keniako Masai Mara erreserba. Eremu horietatik kanpo, karniboro handien arazo nagusia ehiza da.[6]
Estatu Batuetan 19 estatuk debekatu dute felido handien eta beste maskota exotiko arriskutsuen jabetza. Captive Wildlife Safety Act legeak animalia horien estatuen arteko salmenta eta garraioa debekatzen du.[7] Lehenengo Captive Wildlife Safety Act (CWSA) araudia 2003ko abenduaren 19an sinatu zen. Zenbait felido handiren espezieen merkataritzaren emendapenekin lotutako arazoei heltzeko, CWSA araudia gogortu zen 2007ko irailaren 17an sinatuko legearen bidez. Araudi horrek lehoiak, tigreak, lehoinabarrak, elur-lehoinabarrak, pantera lainotsua, gepardoa, jaguarra, puma eta espezie horien edozein hibrido (ligreak, tigonak, etab.) babesten ditu. Jabetza pribatua ez dago debekatuta, baina bai animalia horien garraioa, salmenta edo erosketa estatuen arteko edo atzerritar merkataritzan. Nahiz eta arau horiek felido handien komertzializazioaren inguruko lege-azpiegitura zorrotza ezartzen duten, zenbait nazioarteko erakundek, World Wildlife Fund (WWF) esaterako, Estatu Batuetako gobernua presionatu dute arauok are zorrotzago bihurtzeko. WWF erakundearen ustez, Estatu Batuetako araudiaren ahultasunak trigeen atalen merkatu beltza nahi gabe fabora dezake.[8]
Kontserbazioa
Animalia-santutegiek babesa eskaintzen diete animaliei, ingurumen babestu baten berezko bizitza naturala bizi dezaten. Normalean, animalia-santutegiak jabe pribatuek gehiago zaindu ezin dituzten katu handiei aterpea ematen dieten erakundeak dira. Dena dela, erakunde baten izenean santutegi hitzaren erabilerak ez du ziurtatzen benetako animalia-santutegi bat denik errefuxiatuen zentzuan. United States Fish and Wildlife Service-ek (FWS) onartutako animalia-santutegia izateko eta Captive Wildlife Safety Act (CWSA) araudiak babestutako katu handien estatu barneko mugimenduen debekutik desgrabazioak egiteko egokia izateko, erakundeek honako baldintza hauek bete behar dituzte:[9]
- Irabazirik eta Barne Zerga Publikoen Kodea 501(a) sekziopean zergarik gabeko entitatea izan behar da.
- Ezin da katu-espezieen komertzializazioan parte hartu, ezta haien kume, atal edo haiekin egindako produktuen merkaturatzean ere.
- Ezin dira katuak gurutzatu.
- Ezin da baimendu katu handien arteko zein katu handien eta publikoaren arteko kontaktu zuzenik.
- Katuen trantsakzioak erregistratu behar dira.
- Zerbitzuari instalazioak, erregistroak eta animaliak ikuskatzen utzi behar zaio ordu onargarrietan.
Espezieak
Felidae familia
- Panthera generoa
- Tigrea, Panthera tigris Asia
- Lehoia, Panthera leo (Sub-Sahara Afrikan, Gir Forest Indian; Europako hegoekialdean, Europako ekialdean, Asia gehienean iraungia eta Ipar Amerikan)
- Jaguar, Panthera onca (Amerika; Estatu Batuetako iparraldetik Ipar Argentinaraino)
- Lehoinabarra, Panthera pardus (Asia, Afrika eta Errusia europarra)[10]
- Elur-lehoinabarra, Panthera uncia (Uncia uncia - Asia zentraleko eta hegoaldeko mendietan)
- Acinonyx generoa
- Gepardoa, Acinonyx jubatus (Sub-Sahara Afrika eta Iran; Eurasiako bere ohiko banaketa geografikoko toki gehienetatik erauzia)
- Puma generoa
- Puma, Puma concolor (Ipar eta Hego Amerika)
Eboluzioa
Estimatu da katu handi gehienen arbasoak Felinae subfamiliatik banandu zirela duela 6,37 milioi urte.[11] Felinae subfamilia tamaina txikiko eta ertaineko katuak dira, etxeko katuak barne, baina baita tamaina handiagoko puma eta gepardoa ere.[12] Molecular Phylogenetics and Evolution aldizkarian 2010ean argitaratutako ikerketa batek katu handien arteko erlazio ebolutiboari buruzko ondorioak plazaratu zituen.[13] Ikerketaren arabera, alde batetik, elur-lehoinabarra eta tigrea espezie ahaideak dira eta, bestetik, lehoiaren, lehoinabarraren eta jaguarraren arteko erlazioa estua da. Tigrea eta elur-lehoinabarra antzinako katu handietatik dibergitu ziren duela 3,9 milioi urte (Mu). Orduan, tigreak espezie desberdinetan eboluzionatu zuen Pliozenoaren amaieran, duela 3,2 milioi urte. Lehoiaren, lehoinabarraren eta jaguarraren arbasoa gainontzeko katu handietatik desberdindu zen duela 4,3-3,8 milioi urte. Orain dela 3,6-2,5 milioi urte jaguarra bere arbasoak diren lehoitik eta lehoinabarretatik dibergitu zen. Lehoiak eta lehoinabarrak elkarrekiko banandu ziren duela 2 milioi urte gutxi gorabehera.[14] Katu handien fosilik zaharrena Panthera blytheae espeziearena da, Tibeteko hego-ekialdean aurkitu zena eta 4,1-5,95 milioi urte dituena.[15]
3.9 Mu |
| ||||||||||||||||||||||||
Pisu-tartea
Felido handien espezieek duten pisu-tartea zabala da. Elur-lehoinabarrak pisu txikiena dutenak dira, normalean 22-55 kg-koa. Hala ere, badaude salbuespenak 75 kg[16][17] izatera hel baitaitezke. Gepardoen ohiko pisua 21-72 kg artekoa da.[18]
Lehoi arren ohiko pisua 150-249,5 kg artekoa da eta, emeena, ordea, 110-182 kg[19] artekoa. Tigre arrek 100-306 kg-ko pisua dute, baina emeena 75-167 kg-koa[20] da. Naturan aske bizi diren lehoi eta tigre ar batzuk 306 kg[21] [22]izatera ere heldu dira, eta gatibutasunean bizi direnak 450 kg izateraino.[21][23]
Ligrea bere guraso-espezieak diren lehoia eta tigrea baino handiagoa izatera heldu daiteke. Zehazki, “Nook” esaten zaion ligreak 550 kg inguru izatera heldu daiteke.[24][25]
Galeria
Espezieak
- Tigrea
- Lehoia
- Jaguarra
- Lehoinabarra
- Elur-lehoinabarra
- Puma
Hibridoak
- Ligrea
- Tigona
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.