Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) (gaztelaniaz: Acción Nacionalista Vasca) 1930eko azaroaren 30ean[1] sortutako Hego Euskal Herriko alderdi abertzale eta sozialista izan zen. 2008tik legez kanpo dago, Espainiako auzitegiek Batasunarekin zerikusia duela egotziz.[2] Bere sorrerako agiria San Andresko manifestua izan zen, 1930eko azaroaren 30ean argitaratua. Alderdiko kideei ekintzale deitzen zitzaien.
Eusko Abertzale Ekintza Acción Nacionalista Vasca (EAE-ANV) | |
---|---|
Sorrera | 1930eko azaroaren 30a[1] 1977 (legeztapena) |
Desegitea | 2008 (legez kanporatzea) |
Egoitza nagusia | Barakaldo (itxita) |
Ideologia politikoa | abertzalea, sozialista eta independentista |
Emakumeen atala | Eusko Emakume Ekintza |
Agerkaria | Acción Nacionalista (1932-1933) Tierra Vasca-Eusko Lurra (1933-1940, 1956-1976) Eusko Ekintza (2005-2008) |
2008ko otsailaren 8tik "jarduera etenda" epaile aginduz 2008ko irailaren 16tik legez kanpo "Batasunaren ondorengo izateagatik" |
Historia
Aurrekariak
Alderdi honen aurrekari garbia da Euzkotar Erkal Abertzale Alderdia, 1911n sortua.[3] Ez zuen luzaro iraun. Pedro Sarasketa, Segundo Ispizua, Francisco Ulazia, Francisco Zubitarte eta Victor Gabirondo izan ziren alderdi hartako kide nabarmenetako batzuk.
Sorrera eta hastapenak
1930ko azaroaren 30ean, San Andres egunez sortu zen Eusko Abertzale Ekintza. Egun hartan, zenbait militante abertzalek Bilbon San Andresko Manifestua plazaratu zuten. "Behin-behineko Batzordeak" eman zioten izena beraien buruari lehendabiziko ekintzale horiek. Abertzaletasunaren norabide aldaketa bat bilatzen zuen jende multzoa zen eta azaroaren 1tik prestatzen ari ziren alderdi berriaren plazaratzea.
Alderdiaren fundatzaileen artean Anakleto Ortueta, Luis Urrengoetxea, Tomas Bilbao, Jose Manuel Izpizua, Claudio Ibañez de Aldekoa, Julian Arrien, Jose Ignacio Arana eta Jose Maria Belaustegigoitia zeuden, besteren artean. Alderdiaren zenbait sortzailek, Anakleto Ortuetak esaterako, urte gutxi eman zuten alderdi berrian, bereziki EAEko joera ezkertiarrak areagotu ziren heinean.
Eusko Abertzale Ekintzaren jaiotzak EAJren nazionalismoarekiko berritasun nabaria eta etena suposatu zuen, bere burua akonfesional, errepublikazale eta aurrerakoi bezala definitu baitzuen. Aldi berean, Euskal Herriaren izaera nazionala bertako herritarren borondateak definitzen zuen, burujabetzaren bidean (autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz), eta ez, EAJren tradizio politikoan bezala, arrazan, historian edota Foraltasunatik zetorren legitimitatean. Horrela, EAEk abertzaletasunaren ateak ireki zizkien etorkinei eta hauen seme-alabei, militante abertzalea izateko abizen euskaldunak izateko araua kendu baitzuen alderdi berriak.
Orohar, alderdiaren lehendabiziko urteetan, ordura arteko abertzaletasun eskubizale eta elizkoia berritzen ahalegindu ziren. Gero etorriko zen ezkerreko ideologia bereganatzea.
1933. urtean, Tierra Vasca-Eusko Lurra egunkaria argitaratu zuten, baina arazo ekonomikoak zirela eta, itxi egin behar izan zuten. Tierra Vasca egunkaria atzera berriz atera zuten 1936. urtean, gerra betean eta Bilbon, baina Bizkaiko hiriburua frankisten eskuetan erortzean berriro itxi zuten.
1936ko gerraren aurreko urteak
36ko gerraren aurreko urteetan, oraindik erabat ideologia finkatu gabe egonda, barneko krisia, aldaketa eta eztabaida ideologiko ugari izan ziren alderdi barnean.
Azkenik, 1936ko ekainean, 1935eko Eibarko batzarra egin eta gero, kongresu berezi batean, Eusko Abertzale Ekintzak abertzaletasunean oso berritzailea zen programa bat onartu zuen, sozialismoan, Euskal Herriko lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarritzen zena.
Hala eta guztiz, EAEko barneko tirabirak ez ziren guztiz desagertu. 1936an Luis Urkullu buru zutela EAEn zatiketa bat egon zen eta izen berri bat eman zioten "EAE autonomoa" (ANV autónoma) Arrazoia izan zen Barakaldoko afiliatuek uko egin ziotela EAEren Bizkaiko korronte ofizialak jarraitutako ildo politikoari, hots, Bizkaiko Fronte Popularrean sartzeari, 1936ko hauteskundeei begira ezkertiarrekin hauteskunde itun bat eginez. Neurri horien aurka agertu ziren Barakaldoko afiliatu gehienak, EAJrekin bat egitearen aldekoak. EAEren Batzorde Nazionalak Barakaldoko Udal Batzordea kanporatu zuen, eta haren ordez beste bat jarri zuen, Luis Ruiz de Agirre buru zuena. Batzorde horrek Burtzeña-Gurutzeta, Retuerto, El Regato eta herriko erdiguneko Eusko Etxeak kontrolatu zituen, eta kanporatuek planteatutako zatiketa errefusatu zuten. Hauek EAJrekin akordioak babestu zituzten mila militante inguru eraman zituzten, uztailean alderdi berri bat sortuz: Eusko Abertzale Ekintza Autonomoa. Gerra hasi zenean, ANV autonomoko edo Barakaldoko EAEko talde independenteko gizonek Sabin Etxean egindako guardietan parte hartu zuten, eta EAJ alderdiko konpaini batzuetan txertatu ziren, Elgezabal eta Gordexolan, besteak beste[4].
EAEk bere burua Euskal Herrian izan den ezkerreko lehen alderdi politiko abertzaletzat jotzen du, eta baita Euskal Herriko ezker abertzalearen sortzailetzat ere.
EAE-ANV 1936ko gerran
Gerra garaian alderdiak 4 batailoi sortu zituen Errepublikaren alde egiteko. Donostian esaterako, altxamendu militarraren aurkako erasoetan parte hartu zuten EAEko gudariek[5]. Mario Salegi idazle eta ekintzale politiko ezagunak borroka haietan parte hartu zuen eta gero gerra guztia Eusko Indarra EAE-ANVko batailoian egin zuen. Legutio aldeko guduetan eta Bizkargiko Guduan ere parte hartu zuten. Bataloi bakoitzak 800 gizon inguru zituen. Bataloien izenak hauek ziren: Olabarri (gehienak gipuzkoarrak), Euzko Indarra (gehienak bizkaitarrak), EAE 3 eta izenik ez zuen zapadore bataloi bat.
EAE-ANV Frankismoaren urteetan
Alderdiak 550 militante galdu zituen 36ko gerran, eta horregatik bere egitura oso kalteturik geratu zen. Frankismoan klandestinitatean jardun zuen alderdiak. Haren aktibitateen artean, atzerriko Eusko Jaurlaritzan aritzea (Gonzalo Nardizek Jose Antonio Agirreren gobernuko sailburua izaten jarraitu zuen, gerrako jaurlaritzan bezala) eta Argentinako Buenos Airestik Eusko Lurra-Tierra Vasca aldizkaria argitaratzea. Atzerriko euskal diasporan banatzeaz gainera, aldizkaria Hego Euskal Herrian sartzen zuten isilpean.
1977tik aurrera
1977ko hauteskundeetan Gipuzkoan eta Bizkaian soilik aurkeztu zen, bozen %1 baino gutxiago ateratzeko. 1978an EAEk Euskal Sozialista Biltzarrearekin (ESB) bat egin zuen, horrela EAE-ESE (Euskal Sozialista Ekintza) sortuz. Formula horrek, halere, gutxi iraun zuen, eta azkenik Herri Batasunan sartu ziren bi alderdietako jarraitzaileak, denbora aurrera joanda Batasuna alderdian bilakatuko zena.
Eusko Abertzale Ekintza Herri Batasunaren parte izan zen koalizioaren sortze beretik, Mahai Nazionalean eserleku bat EAErena izanik. 2001ean, EAEk Batasuna prozesuan parte ez hartzea erabaki zuen, alderdi bezala berezko egitura mantendu nahi baitzuen, ezker abertzalearen erreferente historiko gisa.
2008an ilegalizatuak izan arte, alderdiak urtero omentzen zituen Albertian EAEko eta, oro har, faxismoaren aurkako gudariak.
2002tik aurrera
2002ko ekainaren 1ean, Barakaldon, EAEk X. Kongresua burutu zuen, 29 kidez osaturiko nazio zuzendaritza berria izendatuz: Kepa Bereziartua presidente izendatu zuten, Antxon Gomez idazkari nagusi eta Seber Ormaza Komite Historikoko buru[6].
2003an, hamarkada batzuk hauteskunde batzuetara ofizialki aurkeztu gabe egon eta gero, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Hauteskunde Batzetan ordezkariak aurkeztu zituen, foru eta herri hauteskundeetan parte hartzeko asmoz, nahiz eta azkenean ez zen bozketetara aurkeztu.
2005eko uztailean Eusko Ekintza aldizkaria berrargitaratzen hasi ziren. Urtero, 1936ko Gerran hildako EAEko gudariei omenaldia egiten die alderdiak, lehenik Legution eta, azkenaldian, Oiartzunen.
2007ko apirilaren 12an foru hauteskundeetara aurkeztu zen eta hautes zerrendak ere aukeztu zituen[7]. Zerrenda horietatik 133 (tartean Gasteiz, Bilbo eta Donostiakoak eta Nafarroako Parlamentukoa) hautes lehiatik kanporatzeko eskatu zuen Estatuko Fiskaltzak, EAE-ANVko zerrenda horiek Batasuneko kideek kontrolatzen zituztela argudiatuta. Eskaera hori Epaitegi Gorenak, lehenago, eta Epaitegi Konstituzionalak, ondoren, baieztatu zuten, maiatzaren 11ko gauean 133 hautes zerrenden inpugnazioa berretsiz[8]. EAE-ANVk, baina, hautes eremu orotan zerrendak mantentzeko borondatea agertu zuen.
Maiatzaren 13an Batasunak, bere aldetik, EAE-ANVrentzat eskatu zuen botoa Hego Euskal Herriko instituzio guztietan, berak bultzatutako Abertzale Sozialistak tokiko plataformak hautes lehian parte hartzea debekatu ondoren[9]. EAE-ANVk 187.000 bat boto -baliogabekoak barne- eta hainbat hautetsi eskuratu zituen hauteskunde horietan [10] (Ikus "EAE-ANV erakundeetan").
2010eko otsailaren 9an, Seber Ormaza bermeotarra, Eusko Abertzale Ekintzaren militante historikoa zendu zen, bere azken urtetan osasun arazoak zirela eta, politika aktibotik kanpo izan eta gero. Alderdiaren lehendakaria, Herri Batasunaren mahaikidea, Bizkaiko Batzar Orokorretan batzarkidea eta EAE-ANVren Batzar Historikoaren lehendakaria izan zen.[11]
Erakundeetan, legez kanporatu zuten arte
Udalak
2007ko maiatzaren 27an egindako udal eta foru hauteskundeetan, Eusko Abertzale Ekintzak 719 zinegotzi eskuratu zituen Hego Euskal Herrian, horietatik 282 (baliogabetutako zerrendei zegozkienak) baliorik gabeak kontsideratu baziren ere[12]. Gipuzkoan, horrela, zinegotzi kopurutan lehenengo alderdia izango zen, baliogabetutako hautes zerrendak kontuan hartuz gero. Legezko zerrendak bakarrik aintzakotzat hartuz,berriz, EAE-ANVk 193 zinegotzi lortu zituen (EAJk baino zazpi hautetsi gutxiago) [13]. EAE-ANV hainbat udaletako alderdi bozkatuena izan zen, besteak beste: Lezo, Orexa, Lizartza (legez kanpo), Legorreta, Ikaztegieta, Anoeta, Billabona, Alegia, Aduna, Zizurkil (legez kanpo), Ibarra (legez kanpo), Urretxu, Legazpi, Eskoriatza, Antzuola, Aretxabaleta (legez kanpo), Itsasondo, Aizarnazabal, Zestoa, Hernani, Bergara, Oiartzun, Arrasate, Soraluze, Ordizia (legez kanpo), Pasaia, Usurbil, Ondarroa (legez kanpo), Elorrio, Aramaio, Arbizu eta Beran.
Era berean, ofizialki Burgosko lurraldea diren Trebiñun eta Argantzunen, zinegotzi bana eskuratu zuen EAE-ANVk.
Alkatetzak
Gipuzkoan 24 udaletako alkatetzak lortu zituen 2007ko hauteskundeetan:
- Aduna
- Aizarnazabal
- Alegia
- Anoeta
- Antzuola
- Arrasate
- Azpeitia (2009ko urtarriletik 2011rarte, EAJk izan zuen alkatetza)
- Bergara
- Eskoriatza
- Hernani
- Ikaztegieta
- Itsasondo
- Legazpi
- Legorreta
- Lezo
- Oiartzun
- Orexa
- Pasaia
- Soraluze
- Urretxu
- Usurbil
- Villabona
- Zestoa
Bizkaian 9 alkatetza lortu zituen:
- Elorrio
- Igorre
- Atxondo
- Aulesti
- Gautegiz-Arteaga
- Mallabia
- Ubide
- Ajangiz
- Izurtza
- Busturia (2 urtez EAk eduki eta gero) [14]
Araban alkatzetza bakarra lortu zuen:
Nafarroan 9 alkatetza lortu zituen:
Foru aldundiak eta Nafarroako Parlamentua
- Arabako Foru Aldundian, EAE-ANVk 4 hautetsi lortu zituen. Baliogabetutako botoak kontuan hartuz gero, ordezkaritza hori bostekoa izango zatekeen, EAE-ANVren zerrenda legez kanporatua izan baitzen Aiarako hautes barrutian.
- Bizkaiko Foru Aldundian, hautetsi bat lortu zuen Enkarterriko hautes eremuan legalki aurkeztu ondoren. Gainontzeko hautes eremuetan beste lau hautetsi lortu zituen, baliogabeko botoen arabera.
- Gipuzkoako foru instituziora ezin izan zen aurkeztu, baina baliogabeko botoak (72.880 boto, % 21,60) kontuan hartuta 12 hautetsi zegozkion, Gipuzkoako bigarren alderdia izango zen eta.
Hiru foru erakunde hauetan, EAE-ANVk 28.128 legezko boto lortu zituen.
- Nafarroako Parlamentuan EAE-ANVko hautes zerrendak legez kanporatu zituzten. Baliogabetutako boto guztiak ANVkoak izan balira, bi hautetsi zegozkion.
Legez kanporatzea
2006 eta 2007an, alderdiak hauteskundeetan aurkeztu eta errelebantzia mediatikoa lortu ostean, EAE-ANV legez kanporatzeko eskariak ugariak izan ziren Alderdi Popularraren (PP) aldetik. Behin ETA erakundeak 2006an aldarrikatutako su-etena apurtutzat eman ostean, PSOE alderdiak ere EAE-ANV legez kanporatzeko jarrera hartu zuen.
Testuinguru horretan, eta EAE-ANVk martxoaren 9an egin beharreko Espainiako hauteskunde orokorretara hautagaitzak aurkeztuak zituelarik, 2008ko otsailaren 8an, Espainiako Entzutegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak alderdiaren jarduera hiru urtez eteteko agindua eman zuen, EHAK alderdiarekin batera[15]. Auzitegi Gorenak, berriz, hauteskundeetan parte hartzea debekatu zion alderdi ekintzaileari, baina bere jarduera etetea "gehiegizkotzat" jo zuen.
2008ko Otsailaren 11n, Baltasar Garzon epailearen aginduz, EAE-ANVren Iruñea eta Barakaldoko egoitzak miatu eta itxi zituzten, eta alderdiko kide batzuk atxilotu, guztira hamalau lagunen atxiloketarekin amaitutako polizia operazio batean[16]. Apirilaren 30ean, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) EAE-ANVren alkatea kartzelan sartu zuten EAE-ANV alderdiaren jarduerak eteteko agindua urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta[17]. Epaile berak alderdiko gainontzeko kargu instituzionalei berdin gerta zitzaiekeela jakinarazi zuen. Maiatzaren 5ean, Garzon epailearen aginduz berriz ere, Espainiako Poliziak Portugaleteko EAE-ANVren egoitza miatu eta itxi zuen[18].
2008ko irailaren 16an, Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi zuen, alderdia desegin eta bere ondasunak bahitzeko agindua emanez.[19]
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.