Ondarroa
Bizkaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Bizkaiko udalerria From Wikipedia, the free encyclopedia
Ondarroa (Ondarru bertako hizkeran[erreferentzia behar]) Bizkaiko ipar-ekialdeko ertzean dagoen kostaldeko udalerria da, Lea-Artibai eskualdekoa. Bilbotik 65 kilometrora dago, eta Bizkaiko udalerririk ekialdekoena da, Gipuzkoarekiko mugan. 8.617 biztanle zituen 2016. urtean. Arrantzaren inguruan eraiki dute herriko ekonomia, batez ere azken mendeetan.
Ondarroa | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Ondarroa | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Lea-Artibai | ||||||||||
Izen ofiziala | Ondarroa | ||||||||||
Alkatea | Urtza Alkorta (EH Bildu) | ||||||||||
Posta kodea | 48700 | ||||||||||
INE kodea | 48073 | ||||||||||
Herritarra | ondarroar (ondarrutar) | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°19′19″N 2°25′10″W | ||||||||||
Azalera | 3,6 km² | ||||||||||
Garaiera | 1 metro | ||||||||||
Distantzia | 65 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 8.179 (2023) −67 (2023)/(2022)/(2021)/(2020)/(2019)/(2018)/(2017ko urtarrilaren 1a)/(2016)/(2015)/(2014)/(2013)/(2012)/(2011)/(2010)/(2009)/(2008)/(2007)/(2006)/(2005)/(2004)/(2002)/(2001) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 2.458,89 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | -% 11 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 19,43 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 31,37 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 73,32 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 1,92 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 10,76 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 75,9 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 70.5 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1327 irailaren 28 hiri gutuna. urtea | ||||||||||
Webgunea | http://www.ondarroa.eus |
Batzuen arabera, Ondarroa izena 'hondar ahoa' hitzetatik eratorria da. Hala ere, 'aho' hitza, amaierako 'a'-rik gabe, Ugao, Sestao eta Bilbao udalerrietan balizkoa baldin bada ere, Ondarroan 'oha' itxuraz dugu, eta ez 'aho'. Hortaz, jatorrizko izena "Ondarraoa" izango litzateke, eta horren arrastorik ez dago inon ere. Beste bide batetik jota, berriz, Ondarrola hitzetik eratorria izan litekeela ere esan izan da, "-ola" atzizkia ugaritasun esanguraz euskal toponimian maiz azaltzen baita: Urkiola, Aretxola, Pagola, Artola etab. Azken kasu honetan herriaren izenak 'hondartza' edo 'hondar piloa' esan nahiko luke.
Ondarroak Berriatuako udalerriarekin egiten du muga (mendebal eta hegoaldean), eta Mutrikurekin ekialdean. Berriatua 1974tik 1983ra Ondarroako auzo izan zen[4], anexio baten ondorioz.
Ondarroa, kostaldeko beste herri asko bezala, (Mutriku esaterako), oso malkartsua da. Artibai errekaren bokalean kokaturik, eremu oso estuan hedatzen da. Herri inguruko mendiak honakoak dira: Arrigorri (158 m), Santa Gurutz (336 m), Arrikuntzalde (400 m), Pertika, Kalamendi (314 m) Urtzelai (212 m) eta Mustutxuru (147 m).
Udalerriak herrigune bat du. Bertan kokatzen dira etxerik gehienak, eta baita portua ere. Hiru nekazal-auzo ere baditu: Errenteria, ibaiaren alboan, Berriatuara joateko bidean. Goimendia auzoa, kostaldean. Eta Gorozika auzoa, Gipuzkoarekin muga egiten. Azken auzo honetan San Juan ermita dago (egun horretan ospatzen da auzoko jaia), eta baita baserri historikoak ere. Adibidez, Goxizkoa baserria. Gorozikako erdigunetik kanpo, badago beste ermita bat ere: Santa Gurutz, lurrez Berriatua dena baina Ondarroa gainean dagoena.
Ondarroako Iparragirre kalean Erromatar Inperio garaiko zeramika zatiak topatu dira. Ikerlarien aburuz, zeramikazko ontzi hauek itsas garraioarekin eta arrantzarekin lotuta egongo lirateke.[5]
Ondarroa 1327ko irailaren 28an sortu zen Maria Diaz Harokoak emandako hiri-gutunaren bitartez. Logroñoko forua eman zitzaion. Alfontso XI.a Gaztelakoa erregeak Artibai ibaian zegoen zerratokia ustiatzeko baimena eman zuen, gaur egun zubi zaharra den tokian. Ondoren, Errenteria auzoa batu zitzaion Ondarroari, "Amalloko Errenteria" izenez ezagutzen zena.
Zortzi urte beranduago, Bizkaiko jaun‑andreek dohaintza hori berretsi eta hobetu egin zuten, hiribilduari probestu‑eskubidea eman baitzioten, ondarroarrak segurtasun handiagoz bizi zitezen, udalerria harresiz inguratuta.
1351n, Plentzia, Lekeitio eta Bilborekin, Ingalaterraren aurkako ligan parte hartu zuen, ingelesek Biarritz eta Baiona okupatu eta gero. XV. mendean zehar, Bandoen arteko borroka odoltsuek Ondarroa elkortu zuten. Horretaz guztiaz izango lukete zer esanik etxe boteretsuetako jauntxoek (Arantzibia, Yarza, Ganboa); eta, agian, 1462an hiribildua kiskali zuen suteaz ere bai.
Ondarroaren hiri gutunak gatazkak ekarri zituen Ondarroa eta Berriatuaren artean. Gatazka horretan sartuta zegoen Arantzibia etxea ere. Arazoa hauxe zen: Ondarroako hiri gutunak Ondarroa eta Berriatua arteko lur asko erabilera komunerako uzten zituela. Puntu hauen inguruan sortu ziren eztabaidak: Ondarroako zubia, Errenteriako mugak, Zaldu, Iramategi, Alliri eta Arriaga baserriak, Gorozikako Allenda etxea... Hurrengo mendeetan eztabaida asko izan ziren, akordioen eta epai bidez konpontzen joan zirenak.[6]
Mende hauetan Artibai ibaian 23 burdinola ere egon ziren, eta hango burdin asko Ondarroako portutik ateratzen zen txalupetan. Hala ere, ibaiak sakonera gutxi zuenez, txaluparik handienek ezin zuten portura sartu, eta horrek asko mugatu zuen Ondarroako itsas-merkataritzaren garapena (garai hartan hondoa jotako txalupa askoren testigantza asko daude). Hala ere, Ondarroako txalupen presentzia dokumentatuta dago Flandesen, Sizilian, Ingalaterran, Portugalen edota Ekialde Ertainean. Bidaia hauek Aro Berrira arte iraun zuten, eta orduan krisian sartu ziren.[7]
Gaur egun Santa Klara ermita dagoen lekuan su handiak egiten ziren gauetan eta ekaitz gogorretan, txalupak portura ezin sartuta zebiltzanean hauek gidatzeko. Ondarroako Santa Klararen lehen aipamena 1487koa da, baina ezin da esan ordurako ermitarik bazegoenik. Agian kultu hutsa izango zen, edo santuaren irudi bat kapera txiki batean.[8]
Henao historiagileak Averiguaciones de las antigüedades de Cantabria liburuan Filipe II.a Espainiakoaren garaian Ondarroan hirurogei itsasontzi handi bazirela dio, Frantziako, Portugalgo eta Andaluziako portu urrunetara joaten zirenak. Izan ere, XVI. mendean, ontziola garrantzitsuak zeuden herrian eta, 2014an Ondarroako Historia Zaleak elkarteak zabaldu zuenez[9], Domingo Apallua bertako armadoreak agindu zuen Victoria itsasontzia egitea segur aski herrian bertan[10]. Victoria izan zen mundu bira egindako lehena.
1624ko apirilaren 17an Bizkaiko Jaurerriko Batzar Orokorrak erabaki zuen kostaldeko herriak gotortzea, holandar txalupen eraso baten beldur zelako. Sebastian de Arancibia izendatu zuten Ondarroa eta Berriatuako kapitain. 1681ean Ondarroak bi artilleria pieza zeuzkan. Eta 1703an bi talaia eraiki zituzten herrian, erasoetatik babesteko, Bizkaiko Diputazioaren aginduz. 1721ean Marsellatik zabaldu zen epidemia baten ondorioz, Bizkaiko Jaurerriak lau guardia ipini zituen Ondarroan, Gipuzkoako muga zaintzen. 1779an Ondarroan bi kainoi omen zeuden, baina egoera txarrean.[11]
Mahastiek presentzia handia eduki zuten Aro Berrian. Maria Diaz de Harok emandako herri gutunean ere aipatzen dira mahasti hauek[12]. Herriko lur-jabeek txakolina egiten zuten mahats horrekin, eta herriko kontzejuan zuten boterea aprobetxatzen zuten euren aldeko arauak onartzeko. XVIII. mendean, adibidez, kanpoko ardo merkeagoa ekartzea debekatu zuten, herrian egindako txakolin garestiagoa amaitu arte. Horrek arrantzaleen protestak eragin zituen, arrantzara joateko ardo merkeagoa nahi izaten zutelako. Izan ere, Aro Berrian zehar herriko politika gero eta oligarkikoagoa bihurtuko zen, eta boterea familia jakin batzuen artean banatuko zen: Aranzibia, Urunaga, Aranza...[13]
Urteekin, mahastiak desagertuz joan ziren, eta euren lekua sagastiek hartu zuten. Agustin Zubikarai ikerlariaren esanetan, XX. mendean 26 sagardotegi ere egon ziren herrian. Sagardoa kanpora ere saltzen zen, balandren bidez (itsasoz merkantziak garraiatzen zituzten txalupak).[12]
Erdi Arotik XVI. mende amaierara arte herriko arrain transformazio industriak gaziketa egiten zuen. XVI. mendetik XIX. mendera arte eskabetxea egin zen nagusi. Arlo hau Kofradiak erregulatzen zuen. XVIII. mendean, sektorearen (eta arrantzaren) krisia zela eta, Kofradiak berak sortu zituen bere eskabetxe-lantegi propioak.[7]
Ondarroako historiako gertakaririk lazgarrienetako bat 1794ko abuztuaren 28an gertatu zen: konbentzioko gerratearen borrokak zeuden garai hartan eta frantses armada herrian sartu eta su eman zion, eta arpilatu. Ondarroa modu lazgarri horretan sartu zen aro garaikidera.
Antzina‑antzinatik Ondarroako portuak mugimendu handia eta marinel adoretsuak izan ditu. Marinel horiek Kantauri itsasoaren zangartasuna oso gertutik ezagutu dute: 1878ko martxoaren 20ko egun beltzean Euskal Kostaldean itsasoak eramandako hirurehun arrantzale haien artean hainbat ondarrutar galdu ziren. 1800 eta 1868 urteetan ere bi hondamendi handi gertatu ziren itsasoan, eta 19 lagun ito ziren bietan. 68 urte horietan, guztira, 67 ondarroar arrantzale hil ziren itsasoan.[6]
XIX. mendeko lehen lau hamarkadak zailak izan ziren arrantzarentzat. Urte horietan hainbat gerra gertatu ziren eta horrek eragin txarra eduki zuen arrantzan (Konbentzio gerra, Independentzia Gerra, Lehen gerra karlista).
1841an aduanak kostaldera eroan ziren, eta horrek garai berri bat zabaldu zion arrantzari. Urte horietan Bizkaiko Aldundiak zergak gutxitu zizkien arrantza manufakturaziorako kanpotik ekarritako produktuei. Horrek bultzatu egin zituen arraina transformatzeko industriak. Urte hauetan arrantzan bi berrikuntza tekniko ere sartu ziren: apareju horizontala (bisigu gehiago atrapatzen lagundu zuena) eta inguraketa-sareak. Aldaketa hauek ez zuten arrantza gehitzea ekarri hasiera batean, baina sektorea berrantolatu zuten etorkizunerako, eta arrantza handia (bisigua, legatza, hegaluzea) gutxitzen joan zen eta txikia (antxoa, sardina) gehitzen. 1849an arraina garbitzeko lekua eraiki zuen Mariano Jose Laskurainek kofradia azpian. Han garbitutako arraina penintsulako beste lekuetara saltzen zen, edo alboan zegoen fabrikara eroaten zen eskabetxea egiteko.
Bigarren gerra karlistak arrantzaren beherakada nabarmena ekarri zuen. Gobernuak debekatu egin zien karlistek hartutako herriei arrantza egitea. Baina gerra urte horiek kenduta, XIX. mendeko bigarren zatia baketsua izan zela esan dezakegu, eta horrek lagundu egin zuen.
1880. hamarkadatik aurrera arraina transformatzeko zentroak ugaritu ziren, eskabetxea, gazitzea eta kontserba egiten zutenak. Azken hau berrikuntza bat zen. Industria horiek egindako eskariek bigarren plano batera bidali zituzten lehen arrantzatzen ziren espezieak (bisigua, legatza... arrantzen laurden bat izatera jaitsi ziren), eta garrantzia eman zieten beste espezie batzuei (antxoa, txitxarroa, sardina, atuna). Ondorioz, txalupen kopurua ere handitu zen. Arrantzari lagundu zioten beste hiru arlo ere aipa ditzakegu: Bizkaiko azpiegituren hobekuntza (trenbideen eraikuntza, adibidez), arrainaren banaketan eta komertzializazioan lagundu zuena; 1550etik 1850era egondako garai glaziar txikiaren amaiera (espezie pelagikoei eragin ziena); eta Ondarroako portuan egindako hobekuntzak. 1803tik 1884ra Ondarroako arrantza %399 hazi zen.[7]
Bigarren gerra karlistan gobernu liberalak debekatu egin zien karlisten menpe zeuden herrietako txalupei arrantzan egitea, baina hala ere txalupak atera egiten ziren, eta gerraontzi liberalek atrapatzen zituzten. Ondarroako kofradiak konpentsazioak eman behar izan zizkien horrela atrapatutako 9 ontzitako jabe eta arrantzaleei. Bonbardaketak ere ohikoak izan ziren. 1874ko ekainaren 26an Ondarroako arrantzaleak Felixa txalupa liberala harrapatzen ahalegindu ziren. Ez zuten lortu, eta mendeku gisa hurrengo egunean ontzi liberalek Ondarroa bonbardatu zuten. Ekainaren 6an ere beste bonbardaketa bat jasan zuen herriak. 1974ko irailean agintari karlistek kanoia ipini zuten Artan.
1873ko urrian Ville de Bayonne txalupa Baionan zegoen. Karlistentzako armak garraiatu behar zituen. Aturri ibaian behera zihoala, su hartu zuen, eta ondorioz abandonatuta utzi zuten. Bost egun ibili zen noraezean, itsasoan. Ondarroako Dios txalupa izan zen hurbildu zitzaion lehenengoa, eta Andres Badiola ondarroarra sartu zen barrura, hutsik zegoela konprobatuz. Sei milara zegoen txalupa hura Ondarroara ekarri eta portuan deskargatu zuten.[14]
XX. mende hasieran hiru gertakarik arrantzaren eboluzioa baldintzatu zuten. Txalupetan baporea sartzea, arrasteko arrantza eta arraina gazitzen zuten italiarrak etortzea. Baporeari esker, txalupak ez zeuden elementu naturalen (haizearen) edo arraunen menpe, eta horri esker urrutirago joan ahal ziren, eta azkarrago. Baporezko galdarak garestiak ziren, eta kanpotik ekarri behar ziren. Horregatik, arrantzale dirudunek erosi ahal zituzten bakarrik (edo sektorez kanpoko kapitalak), eta arrantzaleen arteko desberdintasunak handitu ziren.
Arrasteak kontrako iritziak eduki zituen XX. mendeko lehen urteetan. Arrantza hau kono formadun sareak itsas-hondoan arrastatuz egiten da. Arrantza tradizionaleko kideek protesta egin zuten, arrantza eredu honek arraina hazteko lekuak pobretzen zituelakoan. 1901ean Ondarroako Kofradiak arrastearen kontrako mozio bat bultzatu zuen udalean. Eta hurrengo urteetan ere egin zituen halako ahaleginak.
Ondarroan 30eko hamarkadan hasi ziren arrasteko txalupa bikoteak azaltzen (bakoitzak sarearen alde bati eutsita arrantzan egiten zuten bikoteak). 1936an bost bikote zeuden. Hortik aurrera arrasteko txalupak asko hazi ziren Ondarroan: 1946an 28 ziren, 1950ean 64 eta 1960an 89. 1933 eta 1937 urteen artean Ondarroako portu berria egin zen eta han kokatu ziren arrasteko txalupak.
Hala, bi arrantza eredu sortu ziren herrian: bata, arrantza tradizionala, eliza azpiko portuan jarraitzen zuena, Kofradiaren inguruan antolatzen zena, jabetza familiarreko txalupekin eta arrantzale euskaldunekin; bestea, arrastea, itsasora joaten ez ziren txalupa-jabeekin (armadoreak), kanpoko arrantzale askorekin (galiziarrak, batez ere), eta antolaketa modu kapitalistarekin. 1947an Alturako armadoreen lehen elkartea sortu zuten.
Hurrengo hamarkadetan arrasteko txalupak gero eta urrutirago joan ziren arrantzara (Frantziako kostaldera, Gran Sol eta Irlandako Itsasora, Eskoziara... eta baita Gineako Golkora ere). Horrek espezie berriak porturatu zituen (oilarra, mazkarra, paneka, berruenda handia...), freskorako saltzen zirenak. Baxurako arrantzak espezie tradizionalak arrantzatuz jarraitzen zuen, batez ere kontserbetarako.
50ko hamarkadatik aurrera zabaldutako berrikuntzek are gehiago lagundu zuten arrantzaren hazkundean: nabigaziorako tresnak (radarrak, irrati-telefonoak...), arraina lokalizatzeko teknologia (sonarrak, ultrasondak...) edota txalupetan arraina izozteko sistemak (eta arrain hori garraiatzeko kamioi-izozkailuak). Hozkailuen presentziak arrain fresko gehiago saltzeko aukera sortu zuen, eta horrek kontserba-sektorearen garrantzia gutxitzea ekarri zuen. Azken industria honek arrantzatutakoaren %30a eraldatzen amaitu zuen.
1960an Bizkaiko arraste ontzien ia %93a Ondarroan zegoen. Eta XX. mende amaieran alturako arrain freskoaren arrantzako portu garrantzitsuena zen estatuan.[7] 1970eko hamarkadan itsas kooperatibak ere sortu ziren. Hasieran, arrantzaleen ekimenez; eta gero Arrasateko kooperatiben bultzadaz.
Europar Batasunean sartzeak kalteak eragin zizkion arrantzari. Kanpotik arrain merkeagoa sartzen hasi zelako eta Ondarroako txalupentzat ohikoak ziren zenbait kalatan sartzea galarazi zuelako. Horrek eragin zuzena eduki zuen Ondarroako txalupa kopuruan (%30 jaitsi ziren).
Ondarroako azken ontziola 1981ean itxi zen. Ontzi mota batzuetan (txalupak eta traineruak) gehiegi espezializatuta zegoen sektorea zen, eta horregatik ezin izan zion eutsi jarduerari.[7]
Ondarroako lehen Batzokia 1903an zabaldu zuten.[16] 1903ko azaroaren 8ko udal hauteskundeetan abertzaleek irabazi zuten, eta 1904ko urtarrilaren 1ean Ondarroak lehen alkate abertzalea eduki zuen.
1909ko maiatzaren 13an Santa Klara kofradiako hainbat kide atera egin ziren erakundetik, eta San Pedro Kofradia sortu zuten. Euren topalekua Kafe Atzean ezarri zuten. 1913an Santa Klara kofradiak 598 bazkide zituen, eta San Pedrok 302. Banaketaren atzean arrazoi administratiboak eta politikoak zeuden, Imanol Oruemazaga historialariaren ustez: Santa Klara Kofradiak ez zion kontratua berritu J.A. Garramiola botikariari, eta botikari hau udaleko zinegotzi tradizionalista zen, abertzaleen aurka gogor aritzen zena, alkatetza abertzaleena zen garai hartan. 1927an bi kofradiek berriro bat egin zuten.[17] Garai hartakoa izan daiteke herri kanta ezaguna, «txatxamatxalinatxu jaio zan urtian, herria eta kofradia hasarratu ziran». Kanta hori Bar Puerto diskoan agertzen da.
1923an Primo de Riveraren diktadura ezarri zen Espainian, eta 1924ko urtarrilaren 6an itxi egin zuten Ondarroako Batzokia.
II. Errepublikan abertzaleak ziren herriko indar nagusia. EAJk ekintza ugari antolatzen zituen Batzokian eta hauteskundeetan boto gehien lortzen zituen alderdia zen. Bigarren indarra tradizionalistak ziren, ideologia kristau eta espainiar-zalea zuten. Hirugarren indar politikoa ezkerra zen, URON alderdian batzen zena. Hiru indar politikoek herrian zuten pisua ikusteko, baliogarriak dira 1931ko apirilaren 23ko udal hauteskundeetako datu hauek: Jeltzaleek 1.278 boto, tradizionalistek 737 boto, errepublikarren 162 boto.[18]
Mugimendu abertzale jeltzaleak elkarte sare zabala sortu zuen Ondarroan. Euzkeltzale Bazkuna, euskara bultzatzeko helburua zuena, eta hitzaldiak, antzerkiak eta ikastaroak antolatzen zituena. Irrintzi mendigoizale taldea, mendira eta beste herrietako jai abertzaleetara joaten zen taldea (eta Simon Bolibarri omenaldiak ere egin zizkiona Bolibarren bertan), eta santa eskean ere ibiltzen zena. ELA sindikatua, 1931ko uztailaren 27an eratu zena. Emakume Abertzale Batza, aurretik ere bazegoen taldea, berrantolatu egin zen Errepublika garaian. Karitatea lantzen zuten, eta baita antzerkiak egin ere. Euzko Gastetxu Bazkuna ere sortu zuten. Eta, azkenik, Uri Buru Batzarra. 1933an zabaldu zuten berriro Ondarroako Batzokia. 1932an mugimendu jeltzaleak 800 afiliatu omen zeuzkan. Errepublikako urteetan jeltzaleek 107 ekitalditik gora antolatu zituzten herrian (hitzaldiak, jaiak, antzerkiak, irteerak...).[19]
1932an ELA sindikatuaren barruan Euzko Tostartekoen Bazkuna sortu zuten, arrantzaleen lan baldintzak hobetzeko. Urte horretan tostarteko bat egin zen lehenengo aldiz Santa Klara Kofradiako buru, Pedro Larrañaga.[20]
Herriko karlistek ere elkarteak sortu zituzten euren eragina zabaltzeko. Ekintza gehien egin zituen elkartea Margaritak izan ziren, ekintza benefikoak egiten zituzten. Ezpata-dantzariak ere bazituzten, eta gazte tradizionalisten elkarteak ere antolatzen zituen zenbait ekintza. Comunión Tradicionalista zen herriko tradizionalismoaren mugimendua gidatzen zuen erakundea. Círculo Tradicionalista zen euren batzeko lekua, eta Alameda ondoan zegoen. Bertan egiten zituzten antzerkiak, hitzaldiak, batzarrak... pianoa ere bazeukaten bertan. Tradizionalistek sindikatua ere sortu zuten. Azkenik, herrian erreketerik egon zen ez dago argi, nahiz eta ekitaldiren batean herritar batzuk errekete jantzita atera ziren.[18]
1932ko apirilaren 14an Ondarroako ezkertiarrek herriko Hotel Comercion afaria egin zuten errepublikaren urteurrena ospatzeko. Handik sortu zuten Unión Republicana Ondarresa. Ideologia desberdineko jendea batu zen bertan: EAE-ANVkoak, sozialista erradikalak, Indalezio Prietoren jarraitzaileak, UGTko sindikalistak, komunistak... Centro Republicano sortu zuten Astilleru auzoan.
1933ko apirilaren 10ean Manuel Azaña Espainiako gobernuburuak eta Indalecio Prieto eta Marcelino Domingo ministroek Ondarroara bisita egin zuten, portu berriaren obren lehen harria ipintzeko.[21] 1933an emakume bat aurkeztu zen lehen aldiz herriko udal hauteskundeetara, Julia Amilibia Bikandi, URON alderdiaren zerrendetan.[22] 30ko hamarkadara arte, Ondarroara kanpoko udatiar ezagunak etortzen ziren (Ricardo Bastida bilbotar arkitektuak, adibidez, txaleta zeukan badian). Badian etxeak egiteko proiektuak ere idatzi ziren. Baina hamarkada horretan badian portu berria egin zuten, eta horrek Ondarroaren etorkizuna arrantzara bideratu zuen nagusiki.
Frankistak 1936ko urriaren 4an sartu ziren Ondarroan, eta frontea 8 hilabetez egon zen Ondarroa eta Berriatua artean. Frankismoko lehen urtean depurazioak hasi ziren, udaleko langile abertzale, errepublikar eta ezkertiarrak kaleratzeko. Hurrengo urteetan kaleen izenak aldatu ziren, erregimen frankistaren aldekoak ipiniz: Nueva España, Mola kalea, Franco kalea... Mende hasieran alkate eta zinegotzi tradizionalista izandako Garramiolari ere eskaini zioten kale bat. Urtero, urriaren 4an, Ondarroako ‘liberazio’ eguna ospatzen zuen udalak, eta bizikleta lasterketa ere antolatzen zuen.[23]
50eko hamarkadan Larruskaindik Ondarroara ura ekartzeko obrak egin ziren. Izan ere, aurretiaz, lehorteak egoten ziren udan Zaldu, Munabe eta Aizkibel errekatxoetan, eta herriak ura handik hartzen zuenez, urik gabe geratzen zen udan.[24] Frankismoko azken urteetan azpiegitura garrantzitsu batzuk eraiki ziren herrian: kiroldegia, institutua, kultur etxea...
60eko hamarkadan frankismoaren kontrako mugimenduak indar handia hartu zuen herrian, batez ere ETAren inguruan. Mugimendu horren bultzatzaile nagusietako bat Andoni Arrizabalaga izan zen. Ondarroako beste ETAko ezagun bat Fran Aldanondo izan zen. Frankismo osteko amnistia legearekin (1977) kartzelatik atera zen azken ETAkoa izan zen. Ondoren Komando Autonomoetan jarraitu zuen. 1979ko urriaren 17an hil zen, Ibarran, guardia zibilekin edukitako enfrentamendu baten ondorioz.[25]
80ko hamarkadan gazte asko hil ziren drogaren ondorioz eta, beranduago, HIESaren ondorioz. Garai hartako alkatearen iritziz, droga helburu politikoekin sartu zen herrian: «Drogak hemen egundoko kaltea egin du, eta egiten ari da oraindik. 1977. urtean-edo sartu zen droga herrian, eta ez da kasualitatea... Ondarroa beti herri oso borrokalaria izan da, eta hori herri baten gazteria ahultzeko izan da, azken batean herriaren bizitza hondatzeko. Ez dira kasualitateak».[26]
Harrigarria bada ere, Ondarroa Berriatuko elizateko lur‑eremuan sortu zen, baina, urteak joanda, hazi (13.000 biztanle) eta 1974an Berriatua beretu zuen. Hala ere, 1983ko azaroaren 25ean, Berriatuko bi mila herritarrek haien herria Ondarroatik desanexionatzea lortu zuten.
1990eko hamarkadan hainbat azpiegitura egin ziren herrian: kanpoaldeko autobide berria egin zen, autoak herrigunetik igaro ez zitezen, eta Santiago Calatrava arkitektoak diseinatutako zubi berria eraiki zen, Itsas Aurre zubia.
Ondarroako Alde Zaharrak lau kale estu ditu, mendi‑mazelan gora egiten dutenak. Marinel‑etxeek multzo koloretsua osatzen dute, egurrezko balkoiak eta mentsula zabalak dituzte, hainbat kolorez margotuak, biztanle bakoitzaren gustuaren arabera. Kaleen antolaketa erdi arokoa da, baina etxe gehienak XIX. mendean egindakoak dira.
Antiguako Andra Mari ermitak, hiribilduaren zaindariari eskainiak, hiriguneko etxeak mendean hartzen ditu. Andra Mariaren irudia XII. mendeko ikono erromanikoa da, baina elizatxoaren eraikinean ez da ageri arkitektura‑estilo horren aztarnarik, 1750ean berreraiki baitzuten.
Antiguako ermita 1462ra arte parrokia izan zen, egungo Andra Mari eliza egin zuten arte, hain zuzen. Artibai itsasadarraren ezkerraldeko badian egin zuten parrokia berria. Eliza egiteko, harrizko basamentu itzela eraiki behar izan zuten, inguruan dauden bost pisuko etxeen garaierakoa. Plataformaren gainean eraiki zuten eliza, hasieran estilo gotikoa zuena: leihateek eta karelek trazeria flamigeroa dute, eta badira gargolak, kapitelak eta eskulturak horma‑bularretan. Elizaren inguruan balkoi korritu bat egin zuten (korreta deitzen dena; eta goiko aldean ere badago balkoi antzeko bat, kortxela), eta eraikina kanpandorrerik gabe geratu zen, XIX. mendearen amaieran haren lekuan udaletxea egin baitzuten, toskanar estiloko portada dotore eta guzti. Gutxitan aurkituko ditugu botere espirituala eta mundutarra hain estu uztartuta.
Elizaren barrualdean egin zuten zoritxarrezko berritze baten ondorioz, harrizko erretaula gotiko bat ezkutatuta geratu zen.
Kale Handi izeneko bide nagusian Likona dorretxea gailentzen da, Ahaide Nagusiena. Han jaio zen (ustez) Marina Likonakoa, San Inazio Loiolakoaren ama. Zubi zaharra arkitektura‑multzo interesgarria da: Erdi Aroko zubia, bao ausartak dituena. 1953ko uholdeak suntsitu zuen Zubi Zaharra, baina berreraiki zuten. Haren zubi‑branka batek arrantzale‑kofradiarekin bat egiten du. Kofradia hori ere berezia da, harrizkoa, 1920an eraikia, Pedro Gimonek egindako planoen arabera.
Artibai ibaiaren eskuinaldean bazegoen ontziola bat, egurrezko ontzi lirainak uretaratu zituena.
Frankismoko urteetan herriak hazkunde urbanistiko handia eduki zuen. Garai hartan egindakoa da, adibidez, Kamiñazpi auzoa.
Nafarroako Zumarditik porturantz, Itsas Aurre zubia dugu, Santiago Calatravak egina 1990. hamarkadan. Txakur txiki, berriz, Artibai gaineko metalezko zubi birakaria da, 1920. hamarkadan eraikia. Izen hori dauka zeharkatzeko zentimo batzuk ordaindu behar zirelako. Gaur egun, kultura‑ondare izendatuta dago. Zubi hori Arrigorri hondartzara joateko bide zuzen eta erosoena da (bide batez aipatuko dugu Berriatuko udal‑barrutian zegoela lehen Arrigorri) eta Saturraranera eta Mutrikura oinez joateko lasterbidea (Harbide pasealekua) ere hortik abiatzen da.
Ondarroako portua bizia da, oso dinamikoa. 1930eko hamarkadan eraiki zuten. Aurretik txalupak Alde Zaharrean lotzen ziren, eliza azpian. Portuan ibiltzea, eta kai‑muturretik edo moiletatik begiratzea, besterik gabe, ikuskizun atsegina da.
Ondarroan honela banatzen dira sektore ekonomikoak (2016ko datuak): Lehen sektorea BEGaren %17,9; industria %7,6; zerbitzuak %69,5; eta eraikuntza %4,9. 2016an BNG per capita 21.688 eurokoa zen.[32]
Lehen sektorean arrantza da nagusi. Bizkaiko itsasertzaren 80 kilometroei begiratuta, Ondarroako portua maparen ekialdeko muturrean ageri zaigu, ontzidi handiena duen portua da eta arrantza bikainenak lortzen dituzte. Horrenbestez, esan beharrik ez dago Ondarroako giroaren eta gizartearen ardatza arrantza dela, nahiz eta azken urteetan gazteak lehorrean geratu diren lanean, inguruko fabriketan batez ere. Jarduera horren eguneroko protagonistak marinelak dira, baina beste ehunka pertsonak jarduten dute arrantzarekin zerikusia duten lanbideetan (sareak josten, arraina deskargatzen...).
1934an Ondarroako kanpo portu berriaren lanak hasi ziren. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, portu berri horri esker Ondarroako portuak hazkunde handia bizi izan zuen. 50. hamarkadatik aurrera arrantzak hazkunde handia eduki zuen, batez ere arrasteko arrantzari esker. Ondarroako arraste‑flotaren zati handi bat kala berrien bila joan zen urrutiko itsasoetara, eta arraste‑ontzi asko tretzaontzi bihurtu dira. Gainera, hainbat txalupa motordun daude —jubilatutako profesionalenak edota afizionatuenak— txipiroietara, krabarroketara edo harrapatzen dutenera joateko.
Ondarroako portuaren adar edo isatsa Artibai ibaiaren bokalea da. Itsasgoren eta itsasbeheren eragina ibaian nabari da, hiru kilometro ibaian gora ere; horrenbestez, txalupek ibaian gora egin dezakete Zubi Zaharra eta Errenteria auzoa igaro eta Berriatuko Arantzibia dorretxea ikusteraino. Hala ere, azken urteetan egindako zubiek bide hori oztopatu diete txalupa handiei.
Itsasoarekin ditu lotuta herriak lan-jarduera nagusiak. Arrantza portua Euskal Herriko kairik garrantzitsuena da gaur egun alturakori dagokionez. Arrain-kontserbak, ontzigintza eta ontzi-konponketa eta mantenimendua ere azpimarratzekoak dira. Horrez gain, Ondarroa inguruan eremu industrial berriak atondu dira, bertan enpresa berri asko ezarri direla.
XIX. mende amaieratik aurrera Ondarroako jarduera tradizionalak, arrantzak, susperraldia izan zuen herrira etorritako familia siziliarrek inportaturiko gaziketa teknika berriei esker; horrek gaur egungo kontserba-industriaren oinarriak jarri zituen. Ondarroan arrantza sektorean garrantzia handia duten kontserba-enpresak kokatu dira, Ortiz esaterako.
2019an alturako 17 txalupa zeuden Ondarroan (EAEn ez zegoen besterik). Ondarroako portuan baxurak 20.000 tonatik gora arrain saldu zuen enkantean 2019an.[33] Baina ezin da ahaztu udaberrian eta udan (berdel, antxoa eta atun sasoian), Galizia, Asturias edo Kantabriako txalupak ere porturatzen direla Ondarroan, eta haien arrantza ere kontuan hartzen dela kalkulu hauek egiteko
Ondarroak 8.590 biztanle zituen 2019an. Horietatik %24,95ak 65 urte edo gehiago zeuzkan. Atzerrian jaiotakoen kopurua %10,13 zen[34].
XX. mendearen hasieran 3.619 biztanle baino ez zituen baina hamarkadek aurrera egin ahala, goraka joan zen kopurua, gorena 1981ean eskuratu zela, 12.150 biztanle. Ordutik, ordea, biztanleria beheraka joan da etengabe, eta urtero dozenaka biztanle galdu ditu. 1983an Berriatua desanexionatu zenean mila biztanle inguru galdu zituen.
50. hamarkadatik aurrera Espainiar estatuko beste lurraldeetatik jende asko etorri zen herrira: andaluziarrak, galiziarrak... azken hauen kasua aipagarria da. 1945ko biztanleen erroldan pare bat galiziar familia zeuden bakarrik. 1965ekoan, aldiz, Galizian jaiotako 312 pertsona zeuden, eta 1986koan 694. Urte hartan herritarren %7 inguru Galizian jaiotakoa zen. Gehienak Coruña eta Pontevedrako kostako herrietakoak ziren, eta arrantzan lan egitera etorri ziren[35].
Ondarroak daukan erliebe zailak etxebizitza berriak ezin eraikitzea dakar, eta horregatik, herriko biztanle asko inguruko herrietara bizitzera joan dira.
Azken hamarkadan, Espainiar Estatutik kanpoko etorkin ugari joan da Ondarroara. Herrialde askotakoak dira, baina batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak. 2002an herrian bizi ziren afrikarrak 156 ziren; 2018an 294. 2019an 82 marokoar zeuden herrian, eta 227 senegaldar. Etorkin afrikar horietako askok udalerriaren sektore tradizionalenean behar egiten dute: arrantzan. Ameriketatik etorritako etorkinen kopuruak ere nabarmen egin du gora: 2002an 89 ziren, eta 2018an 257. 2019an 199 hegoamerikar zeuden herrian. 47 ertamerikar. Eta 34 pertsona Antilletan jaiotakoak ziren[36].
Ondarroako biztanleria |
---|
Ondarroako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)* | 8 / 13 |
9 / 13 |
|||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 5 / 13 |
4 / 13 |
|||
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Ondarroako udalbatza | |||||
Alderdia |
2019ko maiatzak 26 | ||||
Zinegotziak | Boto kopurua | ||||
Euskal Herria Bildu (EH BILDU) | 7 / 13 |
||||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 6 / 13 |
||||
Datuen iturria: https://www.euskadi.eus/ab12aAREWar/resultado/maint |
Ondarroako euskara ezaguna da haren berezitasunengatik. Izatez, mendebaldeko euskararen aldaera bat da, sortaldekoa[51], Lea-Artibaiko euskaran[52][53] katalogaturikoa. Datuen arabera, euskaldunak %78,51 ziren herrian 2016an[54], eta euskararen erabilera %79,7koa zen urte horretan. Aipagarria da gazteen artean euskararen erabilera %92,9koa zela 2016an[55], eta sare sozialetan ere gazteek euskara erabiltzen zutela nagusiki 2020an (%85a euskaraz).[56]
Ondarroako euskarak itsasoarekin lotutako hitz eta esamolde asko sortu ditu.
Udalak urtero Augustin Zubikarai nobela saria antolatzen du Elkar fundazioarekin batera.[98]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.